Kontzertuak

BOS 03

Zimmermann au Pays Basque


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Erik Nielsen, zuzendaria

Phillipe Gaubert (1879 – 1941): Au Pays Basque*
I. Au matin dans la montagne
II. Fete populaire a Saint Jean de Luz

Bohuslav Martinu (1770 – 1827): 1. kontzertua biolin eta orkestrarako Mi Maiorrean H. 226*
I. Allegro moderato
II. Andante
III. Allegretto

Antonin Dvorák (1841 – 1904): 7. sinfonia re minorrean Op. 70 B. 141
I. Allegro maestoso
II. Poco Agagio
III. Scherzo (Vivace)
IV. Finale (Allegro)

Frank Peter Zimmermann, biolina

* Lehenengo aldiz BOSek

DATAK

  • 18 urria 2018       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 19 urria 2018       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Zimmermannau Pays Basque

Philippe Gaubert konpositore frantziarrak Getarian egin ohi zituen udaldiak, eta horren abaroan idatzi zuen euskal kostaldeari eta bertako paisaiei buruzko ikuspegi musikal ederrenetako bat. Ez bakarrik Gaubertek, Zimmermann biolin-jotzaile ospetsuak ere oso gustuko du gure herria, eta hark joko ditu Martinúren kontzertua eta erromantizismo bohemiarreko beste obra handi bat, Dvoráken Zazpigarrena. Azken hori, txekiar herriaren askatasun-aldarritzat jo izan da estreinatu zen garaitik bertatik.

Lurraren babesean

XIX. mendearen erdialdean, halako independentzia-prozesu bati ekin zioten Europako hainbat herrialdetako musikariek, eta alde batera utzi zuten Italia, Frantzia eta Alemaniako ardatza; horren ordez, periferikotzat jo daitezkeen ekoizpen-zentroak abiatu ziren, eta eskola nazionalak sortu. Mugimendu horrekin batera abiatu zen musikaren historiaren atal berri eta garrantzitsu bat. Eskola nazional horiei, batetik, folklorea interesatzen zitzaien, eta, bestetik, beren identitate musikal propioak aurkitu nahi zituzten; hori dela-eta, konpositoreek musika herrikoiaren iturrira jo zuten material bila. Europako ekialdeko herrialdeetan piztu ziren eskola nazional nagusiak; hala ere, euskal kulturak berdin erakarri zituen Pirinioetako bi aldeetako etnomusikologoak, besteak beste, Charles Bordes frantziarra, Parisko Schola Cantorum delakoaren sortzaileetako bat, zeina, 1890eko hamarkadatik aurrera, buru-belarri ibili baitzen euskal melodia tradizionalak biltzen.

Euskal lurraldeetako hainbat txokotan ibili ondoren, kantutegiak argitaratu zituen han bildutakoekin, eta, besteak beste, lan horietara jo zuten, lehenik, Azkue eta Donostia folkloristek, eta, gerora, Guridi konpositoreak. Hark, hain zuzen ere, Douze chansons amoureuses du Pays Basque-Français kantuak hartu zituen oinarritzat bere euskal melodietako seigarrena egiteko. Philippe Gaubert konpositoreak, berriz, Bordesek bildutako beste sorta bat hartu zuen oinarri, Dix Danses, Marches et Cortèges Populaires izenekoa, eta handik tiraka sortu zuen Au pays basque izeneko diptikoa. Orkestra-zuzendari bikaina genuen Gaubert, eta, horrez gainera, hamaikatxo obra garrantzitsu idatzi zituen, haizezko musika-tresnekin jotzekoak, eta, bereziki, bere musika-tresnarekin jotzekoak: txirularekin. Gaubert, gainera, Parisko Kontserbatorioko Kontzertuen Elkarteko zuzendari aritu zen 1919tik 1938ra bitartean. Eta zergatik zegoen, bada, hain maitemindurik euskal lurrekin? Bada, Gerra Handiaren ostean, bertan igaro zituelako udaldiak, Donibane Lohizune eta Miarritzeren artean dagoen kostako herrian, Getarian. Hain zuzen ere, 1930eko udan osatu zuen Au pays basque, eta obra horretan itzel txertatu zituen berarengan eragina zuten bi korronte: lehen zatian, “Au matin dans la montagne” delakoan, zeinak gogora ekartzen baitigu egunsenti bat mendialdean, eragin inpresionistak erabili zituen, eta bigarren zatian, ordea, “Fête populaire à Siant-Jean-de-Luz” delakoan, eragin folkloristak erabili zituen, Donibane Lohizuneko jai herrikoiak deskribatuz. Handik urtebetera estreinatu zuen obra, Parisko Concerts Colonne aretoan, zeina garai hartan beste konpositore batek zuzentzen baitzuen, Gabriel Piernék, hain zuzen ere.

Urte hartan bertan, 1931n, Zientzien eta Arteen Txekiar Akademiako kide izendatu zuten Bohuslav Martinů konpositorea, Txekiako musika nazionalari egindako ekarpenagatik. Hark sortu zuen, adibidez, Txekiar rapsodia (1919), Txekoslovakiako Errepublika sortu zen garaitsuan. Edonola ere, Martinůk biak uztartu zituen beti: fidel eutsi zien sustraiei, baina berdin landu zuen halako gogo ireki eta kosmopolita bat; ondorioz, 1924an, Praga utzi zuen, iruditzen baitzitzaion zibilizazio erromantikoan ainguraturik zegoela oraindik, eta, Parisera joan zen, bere karrera bultzatu nahian. Han, Rousselekin ikasi zuen, eta zenbait obra sortu zituen, Stravinskiren Ballet Errusiarren abaroan. Gero, korronte neoklasikoarekin egin zuen bat, zeinak ordena eta oreka berriak bilatzen baitzituen, eta, horretarako, forma eta egitura argiagoak ezartzen zituen, sarritan iraganeko ereduei tira eginez.

Azken hurbilpen horren adibidea dugu 1. kontzertua biolinerako. Martinůk 1933an sortu zuen, baina handik hainbat hamarkadatara atera zen argitara: 1973an estreinatu zuten Josef Sukek eta George Soltik Chicagoko Orkestra Sinfonikoaren eskutik, hiri hartan bertan. Kontzertuan banatu zen oharrak hauxe zioen: batetik, azpimarragarria iruditzen zaio “XX. mendeko konpositore handi baten obra bat ezkutuan egon izana berrogei urtez, eskuizkribu batean bildurik”; bestetik, oharrak dioenez, Hans Moldenhauerren eskutik iritsi zitzaion partitura Chicagoko orkestrari, eta hark proposatu zion Suki obra Chicagon estreinatzeko, eta, ondoren, Pragan aurkezteko. XX. mendeko biolin-jotzaile bikain batentzat sortu zen obra, Samuel Dushkinentzat (Stravinskik ere obra bat egin zion sasoi hartan, Kontzertua biolinerako), eta hiru mugimendu tradizionalez osaturik dago: bi Allegro, eta, tartean, Andante bat. Mugimenduek bidea ematen diote jotzailearen birtuosismoari, baina ez dute bazter uzten garai hartan egiten zen musikaren ildoa, eta gogora dakarte aberritik urrun bizi denaren nostalgia. Chicagoko kritikariek estu hartu zuten obra, eta, besteak beste, halakoak esan zituzten: “konpositoreak, bizi zelarik, ez zuen sekula argitaratu bere obra, ez eta interpretatzailerik bilatu ere, eta obra entzun ostean, aise uler daiteke zergatik”. Edonola ere, kontzertuak bere bidea egin du, eta errepertorioan sartu da, Martinůren obra nagusietako baten gisan. Konpositorea, gerora, are gehiago urrundu zen jaioterritik: 1941ean, hain zuzen ere, New Yorkera joan zen bere garaiko beste konpositore europar garrantzitsuenak bezala (besteak beste, Schoenberg, Stravinski, Bartók, Hindemith eta Weill). Jakina, Dvorák bera AEBetara joana zen, eta huraxe zen XX. mendeko musikari txekiarren erreferentzia gorena.

Dvorák ez zen luzaroan egon New Yorken, baina egonaldiak eragin handia izan zuen hala konpositorearen beraren bizitzan nola musika estatubatuarrean. Dvorákek zuzendu zuen Kontserbatorio Nazionala 1892tik 1895era, eta bertako konpositoreei gomendatu zien erabil zitzatela beltzen gai folklorikoak, beraien ondare kulturala hauspotzeko asmoz; izan ere, berak halaxe egina zuen bere karreraren hastapenetan: Bohemiako melodia herrikoien klima eta intonazioa erabili zituen bere estiloa osatzeko. Halaxe laburbildu zuen León Plantingak: “Hirukoak dira Dvoráken melodia asko, kutsu modala dute, eta Jauzizko eskaletan oinarritzen dira zenbait molde melodiko: ezaugarri horiek denek musika herrikoian dute jatorria”.

Kontuak kontu, Bramhsekin topo egin zuenean baino ez zuen lortu nazioarteko arrakasta Dvorákek. Harengana jo zuen musikaren forma absolutuetan barneratzeko garaia iritsi zitzaionean (sinfoniak, kintetoak eta kuartetoak sortzen hasi zenean). Hala, tradizio alemanaren orbitan kokatu zen, eta, berrogei urte zituelarik, XIX. mendeko laurogeiko hamarkadan, sona handia lortu zuen Europan, baita Erresuma Batuan ere, non ez baitzen idolo musikal handirik egon Mendelssohnen garaiaz geroztik. Guztira, bederatzi aldiz joan zen Dvorák Erresuma Batura, eta lehenengo bidaian, 1884an, Londresko Royal Philharmonic Society elkarteko ohorezko kide izendatu zuten, bertako orkestra zuzendu zuen, eta enkargu bat egin zioten, zeinaren ondorioz sortu baitzuen 7. Sinfonia re minorrean. Handik urtebetera estreinatu zuen sinfonia hori, 1885ean, St. James’s Hall aretoan, Londresko Orkestra Filarmonikoaren eskutik. Toki berean estreinatu zuen bere obra garrantzitsuenetako bat: Kontzertua biolontxelorako (1896an).

Sasoi iluna bizi zuen Dvorákek: hil berriak zitzaizkion ama eta seme zaharra; hortaz, sinfonia sortzen hasi zenean, lur jota zegoen, “zalantzek, saminak, min isilak eta etsipenak” harturik. Horrez gainera, lanak zituen bere operak Vienara eramateko. Tragediak eta doluak eragin handia dute sinfonian, aberriak baino eragin handiagoa. Aberriaren gaia lauso samar geratzen da sinfoniaren egitura klasikoaren barruan: lau mugimendu, generoaren arau tradizionalek agindu moduan. Era berean, berrikuntza harmonikoa baino, melodia eta orkestra-efektu freskoak nabarmendu behar dira, maisuak berak baino urrunago eraman baitzituen Dvorákek. Alfred Einsteinen arabera, Dvorákek “beti heldu zion dantza folkloriko eslaviarraren arrastoari, Brahmsek musika alemanari heldu zion bezala; baina bazen alde bat bien artean: Dvoráken lanak guztiz freskoak eta ulergarriak ziren; Brahmsenak, berriz, gehiegizkoa zuten herrimina eta mistika”.

Hari grabeak jotzen du Allegro maestosoko lehen gaia, eta obraren kutsu iluna markatzen du; ondoren, orkestra osoa jotzen hastean, indar dramatikoak gora egiten du. Kontrara, bigarren gaia lasaiagoa eta lirikoagoa da, eta Brahmsen joera handia du, are, gogora ekartzen du bere pieza bateko biolontxeloaren bakarkakoa: Bigarren kontzertua piano eta orkestrarako laneko Andante mugimendukoa, hain zuzen. Bi gaiak etengabe garatzen eta elkar lotzen dira, eta, azkenean, hasierako melodia iluna guztiz desagertzen da.

Klarinetearen kantuak abiatzen du Poco Adagio delako zatia: horixe da sinfoniaren melodiaren bihotza, eta, askoren iritzian, horixe da Dvoráken sinfonia guztien muina. Gero, biolinen eta tronparen gaiak datoz, Wagnerren kutsu arin batekin (Dvoráken aspaldiko kuttuna da Wagner), eta, ondoren, zenbait esaldi larri. Azkenik, halako laburbilduma bat dator, gaiak alderantzizko ordenan aurkezten dira, eta hirurak amaitzen dira bake absolutuko sentipen magiko batekin. Scherzoak berezkoa du halako erritmo sinkopatu bat, eta bikain biltzen du furiant izeneko dantza herrikoi bohemiarraren muina; hala, sinfonia berriro murgiltzen da hasierako unibertso dramatikoan, eta hiruko nagusiak, berriz, giro bukolikoa berreskuratzen du. Amaiera aldera, energiaz beteriko Finale bat, sonata bat: bertan, Dvoráken irudimen melodiko indartsua agertzen zaigu berriro ere; oraingoan, ordea, giro ilun batean, non garapenek areagotu egiten baitute hurrenez hurren datozen gaien intentsitatea. Bigarren gaia martxa bat da, eta kutsu abertzalea dakarkio obrari. Bukatzeko, koda apoteosiko bat dator, bidean pilatutako tentsio guztien askatzaile.

Asier Vallejo Ugarte

FRANK PETER ZIMMERMANN – Biolina

Frank Peter Zimmermann: horra hor, askoren ustez, bere belaunaldiko biolin-jotzaile nagusietako bat. Hainbat kontzertu jo ditu mundu osoko areto eta musika-jaialdi garrantzitsuenetan, hala nola, Europan, Estatu Batuetan, Japonian, Hego Amerikan eta Australian.

2018/19 denboraldiari erreparatuta, hona hemen zenbait gertaera aipagarri: hainbat orkestra filarmonikorekin jo du Zimmermannek, besteak beste, Berlineko, New Yorkeko eta Stockholmeko orkestra filarmonikoekin; gainera, egonaldiak egin ditu Staatskapelle Dresdenen eta Christian Thielemannekin.

Zimmermann hirukoa osatzen dute Zimmermannek berak, Antoine Tamestitek eta Christian Poltérak. Lau disko argitaratu dituzte BIS Records etxearen eskutik: Beethovenek, Mozartek, Schubertek, Schoenbergek eta Hindemithek hari-hirukoteentzat sorturiko obrak bildu dituzte disko horietan.

Hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Sienako Academia Musicale Chigianaren saria, Rheinischer Kulturpreis saria, Duisburg hiriko Musikpreis saria, Alemaniako Errepublikaren 1. Mailako Merituaren Gurutzea, eta Hanau hiriko Paul-Hindemith-Preis saria.

1965ean jaio zen Zimmermann, Alemaniako Duisburg hirian, eta bost urte zituela hasi zen biolina jotzen. 10 urte zituela eman zuen lehen kontzertua orkestra batekin. Valery Gradov, Saschko Gawriloff eta Herman Krebbers irakasleekin ikasi zuen.

Antonio Stradivarik 1711n egindako “Lady Inchiquin” biolina jotzen du Zimmermannek. Musika-tresna hori adeitasunez utzi dio Düsseldorf hiriko Kunstsammlung Nordrhein-Westfalenek, “Kunst im Landesbesitz”.

ERIK NIELSEN – Zuzendaria

Erik Nielsen Bilbao Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra da 2015eko irailetik.

2016-2017 denboralditik, Basileako Antzokiko musika-zuzendaria ere bada.

Erik Nielsenek Filadelfiako Curtis Musika Institutuan ikasi zuen zuzendaritza, eta oboean eta harpan espezializatuta graduatu zen New Yorkeko Juilliard Schoolen.

Berlingo Orkestra Filarmonikoko Akademiako kidea izan zen, eta harpa jo zuen han.

2009ko irailean, zuzendaritzaren saria eta Solti Fundazioak Amerikako Estatu Batuetan ematen duen beka eskuratu zituen.

Opera-errepertorio zabala dauka, zenbait erakunderekin, hauekin, besteak beste: Frankfurteko Opera, English National Opera, Boston Lyric Opera, New Yorkeko Metropolitan Opera, Erromako Opera, Dresdengo Semper Opera, Hedelango Opera Jaialdia, Berlingo Deeriknielsnutscher Oper, Sao Carlosko Teatro Nazionala, Malmoko Operaren Antzokia, Zuricheko Operaren Antzokia, Bregenzeko Jaialdia, Eliseo Zelaietako Antzokia Parisen, ABAO, Hungariako Opera Nazionala eta Galesko Opera Nazionala.

Orkestraren esparruan, hauek zuzendu ditu, besteak beste: New World Symphony, Genevako Ganbera Orkestra, Frankfurteko eta Stuttgarteko irratietako orkestra sinfonikoak, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa, Lisboako Orkestra Sinfoniko Portugaldarra, Strasbourgeko Filarmonikoa, Luxemburgeko Filarmonikoa, Hego Westfaliako Filarmonikoa, Ensemble Moderm eta Erresuma Batuko Northern Sinfonia.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

27 - 28 - 29
Abe
2024
>Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro


0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.


Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
16 - 17
Urt
2025
>ONE eta Mahlerren “Titán”

ONE eta Mahlerren “Titán”

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”

Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
20
Urt
2025
>Ganbera 4

Ganbera 4

Lekua: Euskalduna Jauregia

B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin

M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
30 - 31
Urt
2025
>Mundu Berriko sinfonia

Mundu Berriko sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”

Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak