Kontzertuak

BOS 03

Abonu Tematikoa "Zorionak Beethoven!"


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.


Beethovenen biolinerako kontzertua

Pablo González, zuzendaria.
Clara-Jumi Kang, biolina.


LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

Kontzertua biolin eta orkestrarako Re Maiorrean Op. 61

I. Allegro ma non troppo
II. Larghetto. (Attacca)
III. Rondo. Allegro

Clara-Jumi Kang, biolina.

4. sinfonia Si bemol Maiorrean Op. 60

. Adagio – Allegro vivace
II. Adagio
III. Allegro vivace – Trio (Un poco meno allegro)
IV. Allegro ma non troppo

Iraup.: 60’ (g.g.b.)

DATAK

  • 05 azaroa 2020       Euskalduna Jauregia      12:00 h.
  • 05 azaroa 2020       Euskalduna Jauregia      19:30 h.
  • 06 azaroa 2020       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak


Beethoven: beldar izatea amesten zuen krisalida

1806a prestigio iraunkorra lortzeko urtea izatera deitua zegoen. Behin betiko. Musikaren zera hori atsegin zuen Vienako jendea lekuko izan zen, 1805ean: Louis van Beethoven zelako batek Hirugarren sinfonia estreinatu zuen.

Eta berebiziko zalaparta sortu zen bertan. Guztiek zoragarri pasatu zuten: zenbait, uhurika eta mundu-amaiera aldarrikatzen; beste zenbait, belauniko erori eta nagiak atera berri zen mesiasa laudatzen. Sacre du printempsen modukoa, mende baten aurrerapenaz.

Beethoven (1770-1827), hamarkada bat lehenagotik, urrats sendoz zihoan lanbidearen bidean. Genero guztietako obrak konposatu zituen –piano-sonatak, kuartetoak, sinfoniak, opera bat…–, eta, gehienetan, txaloaren eta onarpenaren langa aise igaroa zeukan. Argitaratzen zen kritika orotan errietatxoak ere jasotzen zituen, baina txeraren eta itxarobide handiaren ondorio besterik ez ziren. «Zoragarri, motel; segi horrela. Baina jar iezaiozu arreta detailetxo honi eta beste honi; ziur nahi gabe izan direla, eta jakin ezazu hemen denok gaudela horiek ikus ditzazun laguntzeko. Aizu, baina, lasai, e!, a zer talentua duzuna! Gauza bakarra, kontuz ibili zure joeratxo destroyer horrekin, egunen batean lerroetatik kanpora margotuko duzu eta!».

Beethovenek pare bat aldiz arnasa sakon hartu, koloretako margoei heldu eta lerroetatik kanpora –oso-oso kanpora– margotu zuen. Eta marrazki arraroa geratu zitzaion, eta oso handia: 50 minutu baino gehiagokoa. Bere Hirugarren sinfonia zen. Lehenengo bietan zintzo baino zintzoago aritua zen.

Hara, hau ere okertu zaigu –pentsatu zuen, itsumustuan, entzuleen parte handi batek–. Aldiz, poz-pozik zegoen jendea ere bazen han eta hemen. Horietako gehienak amateurrak ziren, Ludwig gazteak areto pribatuetan inprobisatzen zituen harmonien eskarmentua zutenak.

Eztabaida zabalik zegoen. Ezagutzaileen zati baten arabera zerbait bikaina izan arren beste zatiak hori bera adarjotzetzat jotzen duenean, gainerakook ez dugu oso ongi jakiten zein iritzi indartu gure baitan. Eta esperientziaz dakigu behin norabide bat hartzen dugunean oso zaila izaten dela geure burua zuzentzea. Hortaz, halakoetan, kontuz ibiltzen gara eta zerbaiten alde jartzeko ez dugu presarik izaten.

Jende guztiak arnasari eutsi zion.

Urte osoan.

1806. urtearen erdia arte… esan dezagun, 1807. urtearen erdialdera arte.

Ea hurrengoan zer ateraldirekin zetorren Beethoven.

Eta Beethoven dozena bat norabidetan atera zen. Gertatzen dena da artean ez ginela horretaz jabetu. Haren pentsamenduan –eta haren ohar-koadernoan–, Bosgarren sinfonia oso aurreratuta zegoen. Eta Seigarrena. Mendebaldeko musikaren bilakaera eraldatzera etorritako hautatuak besterik egin ez zitzakeen obrak ziren. Hirugarrenak hasitako itzulerarik gabeko bide heroikoa Bosgarrenak burutu zuen. San Joan Bataiatzailea eta Jesus.

Baina bazen detailetxo bat kontaera apur bat hondatzen zuena. Hirugarren sinfoniaren ondoren Bosgarrena besterik ezin bazitekeen… zer egiten du hor, noraezean, laugarren batek? Eta, batez ere, zein da laugarren horren profila? Pentsatu beharko dugu itzulerarik gabeko bide heroikoaren erdibidean egongo zela.

Ez, bada. Beethovenen Laugarren sinfonia, op. 60, argi dago Lehenengoaren eta Bigarrenaren ahizpa bihurrixeago bat zela.

Handitasuneranzko bide saihetsezina, zer eta saihesgarri gertatu. Joan Bataiatzailea, Jesus eta Nazareteko bere adiskideren bat, bolada hartan erromatar ogasun-ikuskatzaile edo fariseu sartua.

Laugarrena, agian, makalaldi bat izan zen. Edo, agian, estualdi atzerakoi baterako unea –ulergarria–, behin betiko bulkada hartu aurretik. Beharbada, bertigo apur bat Olinporako teleferikoa hartu baino lehen. Ez da txantxa. Halaxe kontatu zuten belaunaldi berriek, Beethoven jainkotiarra zela argi geratu zenean. Laugarrena gertatu behar ez zuen zerbait zen. Beethovenen alde egin genezakeen gauzarik hoberena beste alde batera begiratu eta jaramonik ez egitea zen.

Txorakeriak.

Beethovenek bere Laugarren sinfonia bihotzez maitatu izan ez balu, ez zuen inolako oztoporik izango, loria heldu zitzaionean, hura arbuiatzeko; horixe egin baitzuen hainbat piezarekin. Egia esatera, ez zuen soilik ez arbuiatu; aitzitik, bikoiztu egin zuen; Zortzigarrenarekin, hain zuzen. Estasirako bidea hala da: bihurgunez betea. Eta Missa Solemnis ere etorri zen, baita gutxi ezagutzen diren eta beethovendarretik gutxi duten pieza pilo eta egoskor bat ere.

Egin dezagun jauzitxo bat 1927 arte. Lur planeta osoan Beethovenen heriotzaren mendeurrena ospatzen ari ziren. Sin Henry Wood orkestra-zuzendari guztiz entzutetsuak Los Angeleseko Orkestra Filarmonikoak egindako deiari erantzun zion. Podiumera igo eta honetxekin topatu zen, harriturik:

«Pentsa ezazue Laugarren sinfonia bezain obra erakargarri bat ia guztiz ezezaguna dela. Eta “ia” esaten dut; izan ere, badirudi zuzendari batzuk entseatzera ere heldu zirela. Baina, une erabakigarrian, adorea falta zuten eta Bosgarrenera lerratzen ziren”.

Irudika ezazue eszena hori. Zuzendari ospetsu bat orkestra ospetsu baten aurrean jarririk. Eta, entseguak aurrera egiten duen heinean, ezin konta ahala akats txiki aurkitzen dituela instrumentu familia guztietan banaturik. Guztiz ezohikoa. Jotzaileok, zer gertatzen da? Barka iezaguzu, maisu, baina ez dugu obra ezagutzen. Baina, zer da hori? Nola ez duzuela Beethovenen Laugarren sinfonia ezagutzen? Sir Henry gizagaixoa, bizi-bizi, aukera guztien artean erabaki ezinean ariko zen: adarjotzeren bat, hasiberriaren txantxa, ulertzen ez zuen olgetatxo pribaturen bat… Jakina, obra ez ezagutzea erabat baztertzen zuen. Concertinoarekin esanahiz beteriko begirada bat gurutzatuko zuen. Ados, ez dut harrapatzen, baina ziur nago oso barregarria izan dela. Jarrai al dezakegu bakean entseguarekin? Egiatan, maisu, ez dugula sekula entzuleen aurrean jo.

Ez dugu inoiz jakingo une hartan Wood harrapatu zuen sentimendu nagusia zein izan zen: txantxa baten jomuga ez izatearen lasaitasuna edo, atsekabea, munduko orkestra handietako batek Beethovenen sinfonia bat ezagutzen ez zuela ikustean.

Eta itzul gaitezen 1806ra. Eta begira dezagun inguruan, eta bila dezagun Laugarren sinfoniak zein beste obra izan zituen lagun, hura konposatu zenean. Dozena erdi lan miresgarri, era guztietako estetiken araberakoak: Laugarren piano-kontzertua, op. 58, Leonora operaren bigarren bertsioa –ordutik aurrera Fidelio izena izan zuena–, zenbait kuarteto, Coriolano oberturaren lehen lerroak, eta, adiskidetasun-erakusgarri, Biolin kontzertua, op. 61.

Franz Joseph Clement (1780-1842) haur mirari bat gehiago izan zen, horrelakoez mukuru zegoen Viena batean. Biolin-jotzailea, musikagilea eta Theater an der Wien-eko concertinoa; laster, Beethovenen babesleetako bat bihurtu zen programazioaren eta errepertorio-aukeraketaren ur nahasietan. Ludwigek, Mozartek sarritan egin bezala, Clemententzako obra bat idatziz erantzun zion. Hain zuzen, biolin-kontzertuetan lehenengoa izan behar zukeena zen hori, baina, azkenean, bakarra izan zen.

Clementen karguak berekin zekarren, espezietan ordaintzeko modu estandarizatu gisa, urtero kontzertu bat antolatzeko aukera, antzokian, artistaren mesedetan. Oso ohikoa zen kontzertu mota hori Europako hirietan, Haydnen garaitik hasi eta ia Mahlerren garairaino. Formatuak espero zitekeenari erantzuten zion: obra birtuosoak, tokiko estreinaldiak, artista laguntxoen kolaborazio desinteresatuak… ongi pasatzeko emanaldi bat eta, konpainia onean, norberaren talentua erakustekoa. 1805eko kontzertuan, Clementek oso txalotua izan zen obratxo bat jo zuen biolina alderantziz jarririk; ondoren –biolina behar bezala hartuta, pentsa dezakegu–, berriz agertokira azaldu zen eta berak konposatutako obra bat interpretatu zuen: Biolinerako lehen kontzertua, re maiorrean. Berriz ere asko txalotu zuten, arrazoiarekin. Bila ezazue YouTuben, eta ohartuko zarete berreskuratzea merezi duen obra bat dela.

Artistaren mesedetarako bere hurrengo kontzertuan, hogei hilabete geroago (1806ko abenduaren 23an), Clementek jo zuen, tinta oraindik lehortu gabe zuela, beste biolin-kontzertu bat re maiorrean: oraingoan, Beethovenek konposatutakoa. Itxuraz, entzuleen gustukoa izan zen, baina mende erdia igaro arte ez zen kanonean erabat sartu. Publikoa eta kritika linboan tokia egiten hasiak ziren kontzertu horrentzat. Presarik gabe erabaki beharra zuten ea barruti klasikora itzultzea zirudien hori egiazkoa ote zen ala ez: iraunkorra ote zen, ala iragankorra; laburbilduz, ea Beethovenek lehenagoko estilo bat errekuperatzea berri ona ote zen, ala txarra.

Gauza batean ados zirudien jende orok: denbora behar zela Beethoven helduaren proposamen askotariko eta elkarrekiko hain urrunen ekarpena epaitzeko, eta iritzi asko ere bai. Kasseleko kritikari batek hala idatzi zuen Laugarren sinfoniari buruz:

«Konpositore honek bere obretan bere-berea den bide bati jarraitzen diola argi geratu da berriz ere. Zein neurritan den hori bide egokia, eta ez desbideratze huts, besteek erabaki behar dute. Niretzat, maisu handia, ezohikoegia eta bereziegia aurkezten zaigu obra honetan –baita bere lan berrietako batzuetan ere–, eta, beraz, ulertezina, sarriegitan, eta gehiegizkoa, baita artea ezagutzen duten amateurrentzat ere».

Azkenik, 1807a eta 1808a iritsi ziren. Eta Bosgarrena eta Seigarrena ere bai. Eta Bederatzigarrena, eta Pianorako bosgarren kontzertua. Hurrengo belaunaldiko Europak, azkenik, erabaki zuen zein Beethoven hobesten zuen: heroia.

Haren gainerako profilak errekuperatzen eta maitatzen joatea prozesu luze eta atsegingarria izan da. Gaur gauean –bi mende geroago– berreskuratutako inozentziaz entzungo dugu. Musika zoragarria.

Joseba Berrocal


Clara-Jumi Kang.

Biolina

Artista hau akasgabea da dotorezian eta orekan; Asiako eta Europako orkestra nagusiekin joz, nazioarteko karrera eraiki du. Indianapoliseko 2010eko Nazioarteko Biolin Lehiaketaren irabazlea izan zen, eta beste zenbait sari ere jaso ditu, hala nola lehenengo sari bana Seulgo Biolin Lehiaketan (2009) eta Sendaiko Biolin Lehiaketan (2010).

Bost urterekin Hanburgoko Orkestra Sinfonikoan debuta egin ondoren, Kangek Europako lehen mailako orkestrekin jo du, hala nola hauekin: Leipzig Gewandhaus, Koloniako Ganbara Orkestra, Kremerata Baltica, Rotterdamgo Filarmonikoa, Belgikako Orkestra Nazionala eta Suisse Romandeko Orkestra.

Estatu Batuetan orkestra sinfoniko hauekin parte hartu du: Atlanta, New Jersey eta Indianapolisekoekin, baita Mariinsky Orchestra, NHK Symphony Orchestra, Tokyo Metropolitan Symphony Orchestra, New Japan Philharmonic, Hong Kong Sinfonietta, NCPA Beijing Orchestra, Macao Philharmonic eta Taipei Symphonyrekin ere.

Korean asko balioesten dute Clara-Jumi Kang –urtero itzultzen da birak egiteko–, eta bere herrialdeko orkestra nagusiekin jo du. 2012an, Dong-A Times korear egunkari garrantzitsuak «Koreako etorkizun oparoena eta eraginik handiena duten 100 pertsonen artean» hautatu zuen, eta Daewon Music Award 2012 saria eman zioten nazioarteko lorpen gorenengatik; gainera, Kumho-ko Urteko Musikari izendatu zuten 2015ean.

Zuzendari entzutetsuekin kolaborazioak egin ditu: Valery Gergiev, Vladimir Fedoseyev, Andrey Boreyko, Christoph Poppen, Vladimir Spivakov, Yuri Temirkanov, Gidon Kremer, Gilbert Varga, Lü Jia, Myun-Whun Chung, Heinz Holliger eta Kazuki Yamada-rekin, besteak beste.


Pablo González.

Zuzendaria

Orquestra Sinfònica de Barcelona i Nacional de Catalunyako zuzendari titular izan da, Granada Hiriko Orkestrako zuzendari gonbidatu nagusi eta London Symphony Orchestrako zuzendari laguntzaile. Gaur egun, RTVE Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra da, eta RTVE Orkestra eta Abesbatzaren aholkulari artistikoa.

Izan berri dituen eta etorkizuneko konpromisoen artean, orkestra hauek nabarmentzen dira: Royal Philharmonic Orchestra, Birminghameko Orkestra Sinfonikoa, The Hallé, Helsinkiko Orkestra Filarmonikoa, Deutsche Kammerphilharmonie Bremen, Konzerthausorchester Berlin, Frankfurteko Irratiko Orkestra, Dresdeneko Orkestra Filarmonikoa, Gürzenich-Orchester Köln, Deutsche Radio Philharmonie Saarbrücken Kaiserslautern, Estrasburgoko Orkestra Filarmonikoa, Orchestre National d’Ille de France, Stavangerreko Orkestra Sinfonikoa, Residentie Orkest, Liejako Orkestra Filarmonikoa, Orchestra della Svizzera Italiana, Mexikoko Orkestra Sinfoniko Nazionala, Buenos Aireseko Orkestra Filarmonikoa, etab. Espainian, harreman estua dauka bertako orkestra sinfonikoekin.

Opera-zuzendari gisa, honako hauek nabarmentzen dira: Don Giovanni eta L’elisir d’amore (bi Glyndebourne Tour arrakastatsutan), Carmen (Donostiako Musika Hamabostaldian), Una voce in off, La voix humaine, Die Zauberflöte, Daphne eta Rienzi (Gran Teatre del Liceun, Bartzelonan), Tosca eta Madama Butterfly (Oviedoko operan).

Honako bakarlari hauekin kolaboratu du: Maxim Vengerov, Nikolai Lugansky, Javier Perianes, Khatia Buniatishvili, Beatrice Rana, Renaud Capuçon, Gautier Capuçon, Sol Gabetta, Anne-Sophie Mutter, Isabelle Faust, Frank Peter Zimmermann, Arcadi Volodos, Viktoria Mullova, Johannes Moser, Truls Mork eta Viviane Hagner.

Grabaketa diskografikoen artean, aipagarriak dira Enrique Granadosen monografikoa, hiru diskotan, baita CD bat ere Bizeten Carmenen eta L’Arlesienneren suitez osatua, Orquestra Sinfònica de Barcelona i Nacional de Catalunyarekin, Naxos zigiluarentzat. Pablo González etengabeko lankidetzan ari da Deutsche Radio Philharmonie Saarbrücken Kaiserslauternekin (DRP); haiekin, Emanuel Moorren musikaz osatutako CD bat grabatuko du, eta Lena Neudauerrekin batera egin duen Schumannen grabaketak «International Classical Music Award» prestigiotsua irabazi du.

Oviedon jaioa da, eta Guildhall School of Music & Draman (Londres) ikasi zuen. Gaur egun Oviedo hirian bizi da.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2024-2025
07
Mar
2025
>Musika-Música | 1. Kontzertua

Musika-Música | 1. Kontzertua

Lekua: Arriaga Antzokia

SOCIEDAD CORAL DE BILBAO

ENRIQUE AZURZA zuzendaria

BILBAO ORKESTRA SINFONIKOA (BOS)

ERIK NIELSEN zuzendaria

R. Wagner: El holandés errante, obertura
P. I. Chaikovski: El lago de los cisnes, suite
A. Borodin: Danzas polovtsianas de «El príncipe Igor»

Informazio gehiago

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
08
Mar
2025
>Musika-Música | 18. Kontzertua

Musika-Música | 18. Kontzertua

Lekua: Euskalduna Jauregia · Auditorioa

ELLINOR D’MELON biolina

BILBAO ORKESTRA SINFONIKOA (BOS)

ERIK NIELSEN zuzendaria

P. I. Chaikovski: Romeo y Julieta, obertura–fantasía TH 42c
M. Bruch: Concierto para violín y orquesta nº1 en sol menor opus 26

Informazio gehiago

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
13 - 14
Mar
2025
>Beethoven eta Atomic Doktorea

Beethoven eta Atomic Doktorea

Lekua: Euskalduna Jauregia

John Adamsek opera biziberritu zuen, eta eszenara itzularazi zituen egunkarietako azaletan agertutako arestiko historiaren albisteak. Atomic Doktoreak bonba atomikoaren lehen saiakuntzak inguratu zituen tentsio-giroa birsortzen du, eta aurrea hartu zuen Oppenheimer heroi tragikoaren mailara igotzeko orduan. Bere musikak hain izan zuen indar handia, non Adamsek sinfonia bat sortu zuen bere gainean; programan, horren atzetik, Beethovenen biolin-kontzertu argitsua dator, Khachatryan bikainaren eskuetatik iritsiko zaigun musika sendagarria.

Joana Carneiro, directora
Sergey Khachatryan, violín


I

SAMUEL BARBER (1910 – 1981)

Adagio harirako

JOHN ADAMS (1947)

Doctor Atomic Symphony*

The Laboratory – Panic – Trinity

II

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

Kontzertua biolin eta orkestrarako Re Maiorrean Op. 61

I. Allegro ma non troppo
II. Larghetto. Attacca:
III. Rondo. Allegro

Sergey Khachatryan, biolina

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 110’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
24
Mar
2025
>Ganbera 7

Ganbera 7

Lekua: Euskalduna Jauregia

Bakarlari Handiak BOSekin batera

Komitas: Armeniar abesti herrikoiei buruzko 14 pieza
A. Schönberg: Gau itxuraldatua Op. 4, hari-seikoterako

Sergey Khachatryan, biolina
BOSen hari-seikotea

Informazioa eta sarrerak