Kontzertuak

BOS 03

Hastapeneko Abonua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Giancarlo Guerrero, zuzendaria

I

M. Mussorgsky / N. Rimsky Korsakov: Khovanschina, obertura
(1839 – 1881)

K. Szymanovski: Kontzertua biolin eta orkestrarako Op. 35
(1882 – 1937)

I. Vivace assai
II. Tempo comodo – Andantino
III. Vivace scherzando
IV. Poco meno – Allegretto
V. Vivace (Tempo I)

Soyoung Yoon, biolina

II

N. Rimsky-Korsakov: Sherezade, op. 35
(1844 – 1908)

I. Itsasoa eta Sinbaden itsasontzia
II. Kalender printzearen ipuina
III. Printze gaztea eta printzesa
IV. Festa Bagdaden; Itsasoa; Itsasontzi baten hondoratzea haitzen kontra

Dur: 100’

DATAK

  • 17 urria 2019       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 18 urria 2019       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Koloretako alegiak

Haize leun freskoa bezala, gaur, ipar-ekialdetik datorkigu musika. Eta kontatzeko asmoz dator gugana, alegiak xuxurlatzeko edo balentriak aldarrikatzeko gogoz. Musika eta kontakizun hauek milurteko sustraiak dituen lurralde zabal batean sortu dira, baina kolorez, adierazpenez eta edertasunez beteriko orkestra bat ematen dute argitara.

Egun berri bakoitza nola, egunsentiarekin hasten da kontzertua, Khovanschina operaren Oberturan zirriborratuta dagoenarekin, hain zuzen. Modest Mussorgskyk (Karevo, 1839 – San Petersburgo, 1881) bost ekitaldiko herri-drama musikal gisa sortu zuen obra handi hau. 1872an hasi zuen, baina atzeratu, eta geroago hartu zuen berriz, beste proiektu batekin batera txandakatuta: Sorotchinskyko azoka proiektuarekin, alegia. Konpositorea hil egin zen, eta bi operak amaitu gabe geratu ziren. Khovanschina operari dagokionez, pentagramek hainbeste promes ezkutatzen dute, non bere asmo oneko lagun maitea zen Rimsky-Korsakovek erabaki baitzuen Mussorgsky hil ondoren gordetako materiala orkestratzea (eta partiturako zortziehun konpas baino gehiago kentzea). Alabaina, ez zen Rimsky izan Mussorgskyren ideiak orkestra-kolorez beterik zeudela pentsatu zuen bakarra: 1913an, Errusiako Balletek obraren lehen antzezpena egin behar zuten Parisen, eta Diaghilevek Raveli eta Stravinskyri agindu zien orkestrazio berria. 1959an, Shostakovichek berriz orkestratu zuen obra, Mussorgskyk pianorako egin zuen jatorrizko partitura zorrotz betez. Gaur, Rimskyren bertsioa entzungo dugu, 1886an San Petersburgon estreinatutakoa.

Mussorgskyk hitz hauekin laburbildu zuen bere kredo estetikoa: “Arteak ez du berez helburu bat izan behar; pertsonek elkarrekin komunikatzeko eta errealitatearen berri izateko tresna bat izan behar du”. Hori paradoxikoa da, batez ere kontuan izanda gehien programatu dizkioten lanak gure belarrietara iritsi direla beste konpositore batzuek hainbat ukitu, berrikusketa eta instrumentazio egin ondoren, uste izan baitzuten espiritu aske honen musika zaila zela komunikatzeko. Mussorgskyk amarengandik eta soroetako langileengandik jaso zituen musikaz zituen lehen ezaguerak. Funtsezko musika horrek eragin zion soinuzko lilurak, haurtzaro zoriontsuko oroitzapenei lotuta, urrundu egin zuten prestakuntza akademikotik; prestakuntza hori, Errusian, Alemania eta Italiako musika-tradizioaren itzalpean abiatzen zen. Kontserbatorioak eta musika-elkarteak eratuz Moskuko eta San Petersburgoko musika-antolakuntza sustatu zuten Rubinstein anaiek amateurtzat hartzen zuten. Iritzi hori Mussorgskyren bertuterik benetakoenetako bat dela uste da gaur egun, garai hartan iritzia botatzean adierazten zuten mespretxutik urrun: konposizioko arauen ezaguera ezaren, eta, beraz, idazteko askatasunaren ondorioz, haren hizkuntzak benetakotasun eta freskura handia ditu, eta, hargatik, oso estimatua izan zen –XX. mendean ere bai, eta nazionalitate askotako musikariek maitatua–, bere belaunaldiko konpositore errusiarrik ausartena eta interesgarriena zelakoan. Hara ere, “bosten taldea” deitutakoan –Errusiako nazionalismo musikalaren egileak–, bera izan zen nazioarteko proiekzioa bilatu ez zuen bakarra. Egia esan, sekula ez zen ospearen atzetik ibili, ez modalitate batean, ez bestean, eta inoiz ez zen Errusiatik atera.

Khovanschina operako Oberturan, Mussorgskyk soinu-paisaia taxutzea lortu zuen, zentzu poetikoz eta aldi berean zehatzez, halako moldez non Moskova ibaiaren gaineko egunsentiaz egiten duen deskribapena Errusia berriaren esnaeraren metafora ederra baita, iraganeko patroi zaharren gainetik esnatzen ari zen Errusiarena. “Bizitzan parte hartzen duen melodia” baten ibilaldiari jarraiki, musikak atmosfera errealista eta iradokitzaile batean murgiltzen gaitu; eta, goizeko airearen taupada arinaren gainean, Rimskyren instrumentazio leunaren eskutik, egunsentiko argi meheak azaltzen hasten dira, eta haize-tresnen kolore lurrintsuek baretasunez betetzen dituzte.

Karol Szymanowski (Tymoszówka, 1882 – Lausanne, 1937) inperio errusiarreko herri txiki batean jaio zen –gaur egun Ukrainian kokatuta–, baina sendo errotutako jatorri poloniarra zuen kultura eta historia aldetik. Haurra zenetik, hazkuntza artistikoaren aukerez baliatu ahal izan zen, familia ekonomikoki aberatsa baitzen eta adierazpen artistiko guztietarako zuen joera bultzatzen baitzuen. Gaztetan bidaia asko egin zituen, eta korronte estetiko eta folkloreko erakusgarri desberdinak ezagutzeko aukera izan zuen. Berdin piztu zioten interesa era askotako herri-kultura musikalak –poloniarrak, arabiarrak edo Mediterraneokoak– zein musikaren hizkuntzako berrikuntzek; eta, haren ibilbidean barrena, musika adierazteko izan zituen formak aldatu egin ziren inguruabarren arabera. Jakiteko eta esploratzeko grina eduki arren, Gerra Handiaren garaian, konpositoreak itxita egon behar izan zuen senideekin batera, familiakoen finkan; eta, Errusiako Iraultzak eztanda egin zuenez, bakartze hori luzatu egin zen. Hala ere, berak “barne paisaia” deitzen zuena sortu zuen, bere esperientzia kultural goiztiarrekin aberastuta, eta hori lagungarria izan zen orduko zoritxarra bertute bilakatzeko, eta, konpositorearen beraren esanetan, “bakartze bikaina” izateko. Horiek horrela, urte haiexetan, Szymanowskik 1. kontzertua biolin eta orkestrarako Op. 35 sortu zuen, metatuta zuen material guztia eta bere fantasia musikala eratzen eta gerren munstrokeriatik urruntzen zuten ezin konta ahala irudi exotiko erabiliz. Obra 1916an amaitu arren, estreinaldia 1922an izan zen, Varsoviako Orkestra Filarmonikoaren eskutik, Józef Ozimiński bakarlaria zela –baina Paul Kochanski apartari eskainia–.

Kontzertu horren diskurtsoan, aire magiko batek kutsatzen ditu obra egituratzen duten bost sekzio edo mugimenduetako giro aldakorrak. Barne zatiketa hori ez da oso ohikoa generoan, eta, beraz, hemen egokiagoa da esaldi edo atal narratiboez aritzea, batetik bestera arteko trantsizioa ia ezin sumatuzkoa dela onartuta, hasierako ikuskerak osotasun organiko bat duelako oinarrian.

Mugimendu batetik bestera modu argian igaro ordez –beste kontzertu batzuetan bezala–, fraseatze luze eta kartsu batekin dabil nora ezean, etengabe aldatzen ari diren emozioen eta klimen artean, eta partitura inguratzen duen irrealtasuneko airea areago hedatuz. Ekialdeko trazadurako tarteetan oinarritutako melodia pilpiragarri baten fantasia eta sentsualitateak biolinaren muturreko erregistroak ikertzen ditu, eta Erromantizismo berantiar baina liriko eta bikainaren sakoneran murgiltzen du entzulea.

Alabaina, Szymanowskiren lorpenik handiena da eduki sentimentaleko erromantizismo hori formatu eta hizkuntza aldeko halako ausardia batez bateratzea, harmonia- eta testu-ingurune berriak bilatu nahian. Kontzertu honetan, alde poetikoari esker, ez zen desbideratu, eta, gaiei jarraipena emanda, lerro nagusiari heldu zion, eta bakarlariaren ahotsaren bidez era bikainean zabaldu, betetasun gorenean dagoen orkestra baten kolore askoko tapiz leun eta desagerkorraren gainean. Ausardiak bultzatuta, Poloniako musikaren panorama biziberritu zuen XX. mendean, eta haren atzetik Witold Lutosławski, Krzysztof Penderecki eta maila goreneko beste figura batzuk azaldu ziren.

Kontzertuaren bigarren zatian narratiba errusiarraren indar osoak egiten du eztanda, Scheherazaderen ahots bikainean, zeinak, eztei-gaua igarotakoan hiltzeko patu makabroari iskin egiteko –irudimen gutxi zuen Schariar sultan zitalak xede hori baitzuen prestatuta bere emazteentzat–, erabaki zuen bilauari kontakizun bat kontatzea gauero, mila gau eta bat gehiago emanda… Nikolai Rimsky-Korsakovek (Tijvin, 1844 – Liubensk, 1908) jarri zien musika 1835ean Kairon argitara emandako ipuin arabiar ospetsuen bilduman jaso ziren hainbat narraziori. Hark “Ekialdeko ipuineko irudi zoragarrien kaleidoskopio” gisa deskribatu zuen suite sinfoniko moduko hau. Izan ere, tinbre aldeko irudimenak bidea aurkitu zuen Scheherazade sultanak kantuka kontatzen zituen aparteko istorioetan, biolinaren bidez. Alabaina, Rimskyren bolada koloretsuak harantz jotzen du, eta ugaritasun hori, azkenean, orkestraren birtusismo-uholde bilakatzen da.

Bere garaiko errusiar askok bezala, Rimskyk etxean jaso zuen musikako lehen hezkuntza, eta, aldi batez, bosten taldeko kideekin partekatu zuen musikaren irakaskuntza instituzionalizatzeko arbuioa. Hala ere, San Petersburgoko Kontserbatorioko konposizio-irakasle izendatu ondoren, zintzotasunez onartu zuen musikaren ikaskuntza praktiko ona aberastu egiten dela, oinarrian duen teoria jakinda, eta diziplina zorrotza bete zuen harmonia eta kontrapuntua ikasteko. Rimsky-Korsakovek honela onartu zuen: “garai hartan ezer gutxi nekien musikaren teoriaz, baina instintuari eta belarriari jarraitzen nien”. Azkenean, orkestrazioko tratatu bikaina idatzi zuen, eta, horrekin, agerian jarri zuen hasierako diletantismo militantea kalitate altuko profesionalizazio bilakatua zela; horrenbestez, zimenduak jarri zituen Errusian tradizio didaktiko sendoa eta emankorra izateko. Irakaskuntza lanbide atsegina izan zen harentzat, eta ikasle ugarien artean gogoko batzuk izan zituen, hala nola Stravinsky eta Glazunov.

Scheherazaderen estreinaldia 1889. urtean izan zen, hark zuzendutako San Petersburgoko Kontzertu Sinfoniko Errusiarren esparruan. Material musikalak tratatzeko askatasuna Rimskyk orkestratzeko erakusten zuen talentu handiaren zerbitzuan egon zen, eta inoiz ez zuen aztoratu literatura-sormena edertasun melodikoarekin eta orkestra-alardearekin lotzen dituen haria. Benetako jai honek batera biltzen ditu gure belarrientzat itsas ekaitzen haserrearen beldur ez den nabigatzaile ausart bat, eskale nostalgiko bilakatutako printze bat, eta maitale gazte batzuk, beren amodiozko istorio ederra lurrinez eta samurtasunez betetzen dutenak. Denak sultan ankerraren begirada mesfidati eta ilunaren azpian, adimenak eta musikak betiko garaitutako sultanaren porrota handizki ospatzen dela Bagdaden, amaiera barea iritsi aurretik (antza, sultana loak hartu du. Betiko izango al da…?).

Gaur, fantasia eta orkestra-maisutasuneko erauntsi miresgarriak sartuko dira ipar-ekialdetik –haize-bolada edo tornado gisa–. Goza itzazue.

Mercedes Albaina

SOYOUNG YOON – Biolina

Soyoung Yoon oso txalotua izan da bere emanaldiak “zehatzak… guztiz diziplinatuak direlako” (Gramophone). Lehiaketa nagusietan saritu dute, besteak beste, Yehudi Menuhin, Henryk Wieniawski eta Indianapolisen.

Gero eta gehiago eskatzen dute Soyoung Yoon nazioartean, eta orkestra hauekin aritu da, besteak beste: Deutsche Kammerphilharmonie Bremen, NDR Elbphilharmonie Orchestra, Royal Philharmonic Orchestra, Polish National Radio Symphony, Trondheim Symphony eta Zurich Chamber Orchestra.

Nabarmentzeko modukoak dira Carnegie Hall eta Berlin Konzerthauseko arestiko eta etorkizuneko emanaldiak, Singapurreko Orkestra Sinfonikoarekin egin dituen kontzertuak eta Pragako Orkestra Filarmonikoarekin Alemaniatik egindako bira.

Soyoung sarritan aritzen da elkarlanean Koreako Ganbera Orkestrarekin, eta Piazollaren Lau urtaroak eta Mendelssohnen Kontzertua biolin eta pianorako grabatu du harekin. Bestalde, ORION String Trio sortu zuen, Veit Hertenstein eta Benjamin Gregor-Smithekin batera, eta 2016. urtean bi sari jaso zituzten “Migros Kulturprozent” lehiaketan. Denboraldi honetan, Londresko Wigmore Hallen, Zurich Tonhallen, eta Stuttgart, Edinburgo, Belfast eta Manchesterren joko du hirukotearekin.

Soyoungek Hego Koreako Arteen Unibertsitate Nazionalean ikasi zuen. Horrez gain, Zakhar Bronekin ikasi zuen Koloniako Musika eta Dantza Unibertsitatean eta Zuricheko Arteen Unibertsitatean. 1773an Torinon egindako J. B. Guadagnini biolina jotzen du (ex-Bückeburg).

GIANCARLO GUERRERO – Zuzendaria

Giancarlo Guerrerok sei aldiz irabazi du GRAMMY® Saria. Oraingoan, hamaikagarren denboraldia hasiko du Nashville Symphonyren musika-zuzendari gisa. Guerrero Poloniako Wrocław Philharmonicen musika-zuzendaria ere bada, bai eta Lisboako (Portugal) Gulbenkian Orkestraren zuzendari gonbidatu nagusia ere.

2019/20 denboraldian berriro itzuliko da Boston Symphony, Orquestra Sinfônica do Estado de São Paulo, Deutsches Symphonie-Orchester Berlin, Frankfurt Opera and Museums Orchestra eta New Zealand Symphony orkestretara. Aurreko denboraldietan, Frankfurt Radio Symphony, Brussels Philharmonic, Deutsches Radio Philharmonie, Orchestre Philharmonique de Radio France, London Philharmonic Orchestra eta Sydney Symphony zuzendu ditu.

Giancarlo Guerrerok Ipar Amerikako orkestra garrantzitsuekin kolaboratu du, besteak beste, toki hauetakoekin: Baltimore, Cincinnati, Chicago, Cleveland, Dallas, Detroit, Houston, Indianapolis, Los Angeles, Milwaukee, Montreal, Filadelfia, Seattle, Toronto, Vancouver eta National Symphony Orchestra. Aurretik, Giancarlo Guerrerok beste postu batzuk bete izan ditu, hala nola The Cleveland Orchestra Miami Residency orkestrako zuzendari gonbidatu nagusia (2011-2016), Eugene Symphonyko musika-zuzendaria (2002-2009) eta Minnesota Orchestrako zuzendari elkartua (1999-2004).

Nikaraguan jaio zen, baina haurra zela Costa Ricara emigratu zuen. Etorkizun handiko ikasle gisa, Estatu Batuetara joan zen perkusioa eta zuzendaritza ikastera, eta, bertan, Orkestra-zuzendaritzako masterra lortu zuen Northwesternen. Guerrero bereziki konprometituta dago orkestra gazteen zuzendaritzarekin, eta sarri lan egiten du Curtis School of Music, Los Angelesko Colburn School eta Yale Philharmoniarekin, bai eta Nashville Symphonyren Accelerando programarekin ere; izan ere, azken horrek musika-hezkuntza eskaintzen die ordezkaritza txikiko erkidego etnikoko talentu gazteei.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
08
Api
2024
>Cámara 07

Cámara 07

Lekua: Euskalduna Jauregia

I

BOSen hari eta perkusio ensemblea

Actea Jiménez, perkusioa
Samuel García, biolina
David García, biolina
Leire Moreno, biola
Diego Val, biolontxeloa
Carolina Bartumeu, biolontxeloa

ARVO PÄRT (1935)

Fratres

DANIEL WOHL (1980)

Exchange

BOSen hari-laukotea

Samuel García, biolina
David García, biolina
Leire Moreno, biola
Carolina Bartumeu, biolontxeloa

ANTON VON WEBERN (1883 – 1945)

Langsamer Satz

II

BOSen hari-seikotea

David García, biolina
Samuel García, biolina
Isabel Aragón, biola
Asier Arabolaza, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa

JOHANNES BRAHMS (1858 – 1924)

1. Seikotea Si bemol Maiorrean Op. 18

I. Allegro ma non troppo
II. Andante ma moderato
III. Scherzo: Allegro molto
IV. Rondó: Poco allegretto e grazioso

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
11 - 12
Api
2024
>Samy Moussa eta Dvoráken 7. sinfonia

Samy Moussa eta Dvoráken 7. sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Oso ustekabe atsegina izan da azken urteotan Samy Moussaren musika ezagutzea eta ikus-entzuleekin duen konexio onaren lekuko izatea. Bere lana ezagutzen jarraitu ahalko dugu Adrano biolinerako kontzertuaren bidez, Karen Gomyo bikainaren eskutik; gainera, zuzendari-lanetan arituko da Nielsenen musikarekin eta Antonin Dvoráken 7. sinfonía kartsuarekin.

Samy Moussa, zuzendaria
Karen Gomyo, biolina


I

CARL NIELSEN (1865 – 1931)

Helios obertura Op. 17

ANTONIN DVORAK (1841 – 1904)

Erromantza biolin eta orkestrarako fa minorrean Op. 11*

Karen Gomyo, biolina

SAMY MOUSSA (1984)

Kontzertua biolin eta orkestrarako “Adrano”**

I.
II. Cadenza
III.
IV. Epilogue

Karen Gomyo, biolina

II

ANTONIN DVORAK (1841 – 1904)

7. sinfonia re minorrean Op. 70

I. Allegro maestoso
II. Poco Adagio
III. Scherzo (Vivace)
IV. Finale (Allegro)

*Lehen aldiz BOSen eskutik
**Estreinaldia Espainian

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
18 - 19
Api
2024
>Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Emmauel Pahud aspaldi kokatu zen txirularen esparruko gailurrean. Bere ibilbidean ziztu bizian gertatu da dena 22 urte zituela Berlingo Filarmonikoan bakarlari-plaza lortu zuenetik; bera zuzenean entzun dutenek diote bere musika amasaren luzapena bezalakoa dela. Zuzendari-titular gisa egindako ibilbideari agur esaten hasteko, Erik Nielsenek Mahlerren S. sinfonía eskainiko digu, eta haren gailurrez, haranez eta adagietto ederraz gozatuko dugu.

Abono:

XX Century Classics


C. Nielsen: Flauta eta orkestrarako kontzertua
W.A. Mozart: Andante do maiorrean, flauta eta orkestrarako K. 315
G. Mahler: 5. sinfonia do minor sostenituan

Emmanuel Pahud, xirula
Erik Nielsen, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
25 - 26
Api
2024
>Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Lekua: Euskalduna Jauregia

Ein He/denleben zuzendari-lana da. Richard Straussek berak zuzendu zuen lehen emanaldian; hala ere, beste zuzendari handi bati eskainita zegoen, Mengelberg zuzendariari eta Concertgebouweko orkestrari, hain zuzen ere. Nielsenek poema sinfoniko izugarri hau aukeratu du titular gisa denboraldi honetan emango duen azken kontzerturako. Programa osatzeko, Schönberg eta Saint-Saëns musikagileen beste bi pieza ezagun izango ditugu entzungai, eta aipatzekoa da Alexandre Kantorow karismadunaren presentzia.


Charla preconcierto
2024/04/26 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza


A. Schonberg: Orkestrarako bost pieza, op. 16
C. Saint-Saëns: Piano eta orkestrarako 5. kontzertua Fa maiorren, 103. op. “Egiptoarra”
R. Strauss: Heroiaren bizitza bat, op. 40

Alexandre Kantorow, pianoa
Erik Nielsen, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak