Kontzertuak
BOS 06
Abono Temático "Zorionak Beethoven!"
Lars Vogt eta Pastorala
Lars Vogt, pianoa eta zuzendaria.
WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)
21. kontzertua piano eta orkestrarako Do Maiorrean KV. 467
I. Allegro maestoso
II. Andante
III. Allegro vivace assai
Lars Vogt, pianoa.
LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)
6. sinfonia Fa Maiorrean Op. 68 “Pastorala”
I. Allegro ma non troppo (Sentimendu alaien esnaera landa-ingurunera iristean)
II. Andante molto moto (Eszena errekaren ondoan)
III. Allegro (Nekazarien bilera alaia)
IV. Allegro (Ekaitza)
V. Allegretto (Artzainen kanta. Esker-ematea ekaitzaren ondoren)
Iraup.: 75’ (g.g.b)
DATAK
- 03 abendua 2020 Euskalduna Jauregia 12:00 h. Sarrerak Erosi
- 03 abendua 2020 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 04 abendua 2020 Euskalduna Jauregia 17:00 h. Sarrerak Erosi
- 04 abendua 2020 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Hamalau urteko aldearekin jaiotako bikiak
Wolfgang Amadeus Mozart (1756-1791) eta Ludwig van Beethoven (1770-1827) musikagileen bizitzak oso desberdinak izan ziren funtsezko alderdi batzuetan, baina ez dira ahaztu behar izan zituzten antzekotasun izugarriak.
Ikus dezagun zer den deigarriena. Nahiko ziurra da Beethovenek ez zuela inoiz Mozarten eskolarik jaso, nahiz eta litekeena den Beethoven Vienara lekualdatu izanaren arrazoi nagusietako bat eskola horiek jasotzeko itxaropena izatea. Eta ez zuen eskolarik jaso, lehenengo aldiz –1787an– presaka itzuli behar izan zuelako Bonnera familiako arrazoiak zirela medio, eta bigarren aldia heldu zenerako –1792–, zoritxarrez, Mozart ordurako ez zegoelako, zenbait hilabete lehenago zendu baitzen.
Baina, egiaz, harreman-falta horrek guk uste baino askoz ere eragin txikiagoa izan zuen. Viena bi arrazoigatik izan zen ospetsua zenbait mendez: lehenengoa, talentu musikalen kopuru mugagabe bat erakarri zuelako. Bigarrena, harrigarriro, pertsona horiek elkarren arteko harremanik ez izatea lortu zuelako. Beethoven eta Haydn ikasle eta irakasle izan ziren denbora-tarte batez, eta elkar errespetatu zuten, maitatu baino gehiago. Schubert eta Beethoven hiru hamarkadaz egon ziren hiri berean, baina inoiz ez zuten elkarrekin garagardo bat hartu. Haydn eta Cherubini; Hofmann eta Salieri. Egoerak ez zuen hobera egin mendeek aurrera egin ahala. Malher, Johann Strauss, Brahms, Richard Strauss, Schoenberg, Wolf, Zemlinsky, Korngold, Gal… Interesgarria da zer elkarrekintza gutxi izan zuten pentsatzea. Eta antzeko zerbait gertatu zen gainerako arte eta diziplina humanistikoetan. Iturriko urarekin lotutako zerbait izango zen, ziur asko.
Baina musikagileek –poeta eta literatoek ez bezala, zeinak hizketari porrokatuak ziren– ez dute hitz egiteko beharrik, norberaren lanak eta besteenak entzun behar dituzte. Tira, Beethovenen eta haren gorreriaren muturreko kasuan, partiturak irakurri eta musika bere barruan zabal zedin uztea besterik ez zuen behar.
Beethovenek ez zuen inoiz Mozartekin ikasi, baina hura izan zen Beethovenentzat maisu baten antzekoena.
Antzeko ezaugarri asko izan zituzten; horien artean, pianoarekin zuten trebetasuna nabarmendu zuten haien garaikideek, baina ondorengo belaunaldiek ezin dugu ezaugarri horretaz gozatu, halabeharrez. Mozartek musikagile arrakastatsua izateko asmoa zuen Vienara heldu zenean. Opera zen musika-generoen artean nagusia, eta horretan ahalegindu zen gehienbat. Baina segurtasun-sare bat zuen: pianoa. Abeslarien eta eszenatokien mundu iskanbilatsuan bere prestigioa finkatu bitartean, Mozart Vienako pianista bilakatu zen. Trebetasun-lehiaketa batzuetan parte hartu zuen bere kideekin. Aristokrata afizionatu guztiei eskolak eman zizkien –nagusiki emakume aristokratei–. Gau-jai guztietan jo zuen, eta proposatu zizkioten ongintzako kontzertu guztietan parte hartu zuen.
Bost urtean, jende guztia kokoteraino zegoen. Mozartek inork ez zuela ulertzen sentitzen zuen, baita ematen zituen pauso txiki abangoardista zuhurrenetan ere. Vienako publikoak uste zuen Mozarten musika gero eta arraroagoa zela eta askojakinetzat egina zegoela. Mozartek, nazkatuta, hiriari bizkarra eman zion, eta alderantziz. Egoera horretan, Wolfgangek zenbait laguni dirua atera behar izan zien, hilabete bukaerara iristeko. Pixkanaka-pixkanaka, haren operek arrakasta izan zuten, azkenean. Mozarten prestigioa nabarmen handitu zen, eta bere pianoa ganberara igotzeko zorian egon zen. Erreferentziazko opera-konpositore bilakatzen ari zen, eta denbora baino enkargu gehiago zituen –mandoak bezala lan egin arren–. Mozartek eta Vienak bakeak egin zituzten.
Eta, orduan, Mozart hil egin zen, Europa osoa hura besarkatzeko irrikaz zegoen unean. Ehorzketa anonimoa izan zuen, baina elizen osasungarritasun-baldintzak ziurtatzeko udal-araudi baten ondorioz izan zen, ez herritarrek mespretxatzen zutelako.
Viena oroimenean oroipenak eta musika-dendetan partiturak bilatzen hasi zen. Jende guztiak gutxi-asko entzun zuen Wolfgang zuzenean, eta ordura arte konposizio arraroak zirenak estilo klasikoaren paradigma bihurtzen ari ziren tiraderetan gordeta. Haren pianorako kontzertuak argitara atera ziren, zailtasun tekniko askorekin –Mozarten lengoaia gardenegia zen Liszten menderako–, eta kontzertu horietako batzuk mendebaldeko soinu-paisaia osatzera igaro ziren. Eta litekeena da rol hori ez galtzea, lurrean pianoren bat dagoen bitartean.
Konposizio horien artean, toki nabarmena dauka Kontzertua pianorako Do Maiorrean K. 467 piezak. Muturreko mugimenduek –lehenengo allegroa eta amaierako rondoa– argi eta garbi erakusten dute nola Mozartek material soilak aurkezten zituen, eta, pixkanaka, lore eta keinu musikalak sartzen joaten zen. Bi allegro horien artean, Wolfgangek bere aldi motel gogoangarrienetako bat idatzi zuen: Andantea Fa Maiorrean. Minutu amaigabe horietan, pianoak eta orkestra osagarriak musika guztiz gardena egiten dute. Kontua ez da zailtasun gutxi duela; egiaz, ez du batere zailtasunik. Mozartek, pianista handi inprobisatzaile eta birtuoso hark, guztiz bildu zituen bere hegalak, eta mugimendu osoa igarotzen utzi zuen, musika-tresnaren ahalmenari tokirik utzi gabe. Mozartek pianoa ahots abeslari bat izatea nahi izan zuen, eta horixe lortu zuen.
Kontzertua gaur egun hilezkorra den arren, inoiz nola-halako obra bat izan zen ia-ia: 1785eko martxoaren 9an amaitu zen, estreinaldia baino egun bat lehenago. Azken unean, enkargatu zuen azken jostailuari uko egitea erabaki zuen Mozartek; hala, alde batera utzi zuen bere pianorako pedal-teklatua. Piezaren lehenengo konpasetan pedal horietarako nota baxuak aurki daitezke, baina Wolfgangek ezabatu egin zituen azkenean, bazekielako ia inork ez zuela halako instrumenturik. Egiaz, piano gutxi zeuden, hamarkada horietan klabezina ordezkatzen ari zen puntako teknologiako instrumentu garestia baitzen. Mozartek bere buruarentzat eta hurkoarentzat idazten zuen.
Haren aita, Leopold, zenbait aste lehenago heldu zen Vienara bisitan, eta Hydenek –Europako musikaren aitalehen handiak– adierazpen oso solemne eta eskuzabala egin zion: «Jainkoaren aurrean, eta gizon zintzoa naizen aldetik, hau esan behar dizut: zure semea aurrez aurre nahiz entzutez ezagutzen ditudan musikagileetatik handiena da. Gustu ona du, eta, are gehiago, konposizioa ezin hobeto ezagutzen du». Litekeena da Leopold harrotasunez beterik egotea, baina zeharo nekatuta ere bazegoen. Hau idatzi zion bere alaba Nannerli: «Inoiz ez gara goizeko ordu bata baino lehenago oheratzen. Egunero daude gau-beila musikalak, eta denbora guztian gaude eskolak ematen, konposatzen, eta abar. Gutxienez kontzertuak amaitu izan balira! Ezin dizut nahi bezain ondo deskribatu hemengo presa eta iskanbila».
Zenbait urte geroago, Beethovenek ibilbide bera egin zuen, pausoz pauso, Vienara iritsi berritan. Musikagile honek ere arrakasta lortu nahi zuen opera-egile moduan –kasu honetan, gaizki atera zitzaion–, eta gaitasun nabarmenak zituen pianoan; horri esker, Wolfgang bera jotzen aritutako aretoetan jo ahal izan zuen.
Eta Beethovenek Mozarten ekimena errepikatu zuen. Vienako antzoki bat alokatu zuen, bere mesederako kontzertu publiko bat antolatzeko asmotan. Gau-beila horretan tokiko aristokraziako eta aristokrazia diplomatikoko entzule asko izatea nahi zuen. Ikusi dugun moduan, kontzertu horietan ohitura zen musikagilearen zenbait lan estreinatzea, eta Beethovenek pentsatu zuen hobe zela soberan egotea.
1808ko abenduaren 22ko gau hori gogoangarria izan zen. Lau ordu eta erdi baino gehiagoko saio amaigabe batean, publikoak programa hau jaso zuen:
«Sinfonia pastorala, sentimendu baten adierazpena, deskribapen bat baino gehiago.
Aria, Killitzky andereñoak abestua.
Himnoa, latinezko testuarekin, elizako estiloan idatzia, abesbatzarekin eta bakarlariekin.
Pianorako kontzertua, Beethovenek berak joa.
Sinfonia handia Do minorrean.
Santua, latinezko testuarekin, elizako estiloan idatzia, abesbatzarekin eta bakarlariekin.
Fantasia pianorako.
Fantasia pianorako, zeinari pixkanaka orkestra gehitzen zaion eta zeina abesbatzaren sarrerarekin amaitzen den».
Laburbilduz: entzuleek, jarrialdi bakarrean, pieza hauen estreinaldiak entzun zituzten: Seigarren sinfonia op. 68, Bosgarren sinfonia op. 67 eta Pianorako, abesbatzarako eta orkestrarako fantasia op. 80. Horrekin batera, «Ah perfido» ariaren estreinaldia, Beethovenen Do Maiorreko Mezaren zenbait atal, pianorako laugarren kontzertua eta pianoan egindako zenbait inprobisazio entzun behar izan zituzten denbora luzez.
Gutxitan sentitu da zorioneko jendea hain zoritxarreko. Aretoan sekulako hotza egiten zuen, eta jende guztiak arnasari eutsi zion azken obran –Fantasia op. 80– klarineteak goizegi sartu zirenean. Beethoven haiek isiltzen saiatu zen, baina izugarrizko nahaspila sortu zen eta ezin zitzaion amaiera eman. Azkenean, musikagileak arnasa betean egin zuen orro: «Isilik, isilik! Hau ez doa ondo, has gaitezen berriro, berriro!». Publikoak hasperen egin zuen, haserre.
Zenbait hilabete igaro behar izan ziren Viena izan zuen pribilegioaz jabetzeko. Gaur entzungo dugun obrak, Seigarren sinfoniak, agerian jarri zuen nola Beethovenek, ordurako heldu izanik, Naturaren papera interpretatu zuen. Beethoven, zeina uda guztietan landa-eremura joaten zen. Beethoven, zeina egunero ibiltzen zen hiri inguruko zelaietan paseatzen, patrika handiko beroki bereziarekin, bere ohar-koadernoak gordetzeko. Beethoven, zeina logelaz aldatzen zen leihotik zuhaitzak ikusten ez bazituen.
Ludwig van Beethovenek bere Bosgarren sinfoniaren bikia izateko sinfonia pastoral bat idatzi zuenean, zera esan nahi zigun: gizateriaren ekintza heroiko eta erromantiko handiek lurrari, ekaitzei eta ekaitzaren ondorengo eguzkiari egindako abestiekin batera joan behar dutela.
Joseba Berrocal
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak
Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo
Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro
0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.
Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.
ONE eta Mahlerren “Titán”
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”
Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria
Ganbera 4
Lekua: Euskalduna Jauregia
B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin
M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea
Mundu Berriko sinfonia
Lekua: Euskalduna Jauregia
J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”
Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria