Kontzertuak

BOS 06

Baiba Skride eta Schumann


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Erik Nielsen, zuzendaria

Edouard Lalo (1823 – 1892): Le roi d’Ys, obertura

Benjamin Britten (1913 – 1976): 1. kontzertua biolin eta orkestrarako Op. 15*
I. Moderato con moto
II. Vivace
III. Passacaglia: Andante lento (un poco meno mosso)

Baiba Skride, biolina

Robert Schumann (1810 – 1856): 3. sinfonia Mi bemol Maiorrean Op. 97 “Renaniarra”
I. Lebhaft
II. Scherzo. Sehr mässig
III. Nicht schnell
IV. Feierlich – Die Halben wie vorher die viertel
V. Lebhaft

* Lehen aldiz BOSek

 

 

DATAK

  • 13 abendua 2018       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 14 abendua 2018       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

LURRAREN INGURUAN

Lurrarekiko atxikimendua, eta atxikimendu eza. Arkadia zorioneko eta askatzaile bat, edo amildegi sakon bat, non galtzen baita arima. Horra hor gaurko kontzertuaren sorburuko hatsa. Schumannek eta Lalok bi eratako aberriak erakutsiko dizkigute aldi berean, aberri errealak eta aberri irudikatuak; Brittenek, ordea, bestelako ikasbide bat utziko du agerian: hain zuzen ere, gizakiak dena gal dezakeela, baldin eta paroxismora eramaten badu gorespen itsua.

1888ko maiatzaren 7an erakutsi zen lehen aldiz Le Roi d’Ys opera; Opéra Comique delakoak eman zuen, Châtelet antzokiko taula gainean. Edonola ere, Édouard Lalok (1823–1892), Sinfonia Espainiarrari esker famatu zenak (Pablo Sarasatek goretsi zuen, adibidez), zenbait urte behar izan zituen opera osoa idazteko. Eta beste zenbait urte igaro ziren obra oholtzan erakutsi arte. Estreinaldia desastre hutsa izan zen, baina, gero, Le Roi d’Ys obrak nahi bezalako arrakasta lortu zuen, eta Opéra Comiquek ehun emanaldi eskaini zituen.

Lillen jaio zen Lalo, eta, Parisen urte zail batzuk igaro ostean, orkestra-konposizioari heldu zion buru-belarri, bere garaiko beste konpositore sonatu askok egin bezala, horretara eraman baitzituen Frantzian pizten ari zen berrikuntza musikalak. 1865ean, Julie Besnier de Maligny kantari bretoiarekin ezkondu zen, eta, batez ere, ahotserako idatzi zuen. Emazteari eskaini zion, adibidez, Sei melodia kontraltorako lana, eta operaren eremuan ere sartu zen: Fiesque idatzi zuen, zeina ez baitzuten sekula eman autorea bizi zela (2006an estreinatu zen, Montpellierren).

Bretainian egon zen, eta, horren ostean, beste opera bat sortzeko ideia bururatu zitzaion; izan ere, Bretainian bazegoen kondaira ezagun bat, Ys hiri mitikoari buruzko kondaira, hain zuzen ere. Kondairak dioenez, Douarnenez hiriko badian eraiki zen Ys, eta, azkenean, ur azpian geratu zen. Jatorriz, mito zelta bat da, baina askotariko bertsioak ditu, eta, oraindik ere, etengabe ari da aldatzen eta aberasten. Kondairaren protagonistak dira errege bat, haren alaba, hiri utopiko eta distiratsu bat sortzeko haren desira, eta haren porrot itzuri ezina.

1876an argitaratu zuen operaren obertura. Garai hartako musika-giro frantziarrean, Wagnerren itzalak hartzen zuen oro, eta, Le Roi d’Ys operan ere suma dezakegu haren eragina, baita oberturan ere: aipu eta oihartzun musikalez gainera, pertsonaien eraikuntzak ere badu Wagnerren kutsurik.

Hasierako Andante-an, lau konpas joko dituzte hariek, piano eta ben sostenuto; ondoren, oboe gozo-gozo bat sartuko da; Margared printzesaren ahotsa izan daiteke, trama osoan agertzen baita protagonista. Ondoren, klarinetea sartuko da, lantuz, eta, gero, garaile sartuko da orkestra osoa, Allegro indartsuan, haizeen azpimarrarekin. Jarraian, Andantino ma non troppo-a dator (eta biolontxeloaren solo eder bat); gero, Allegro bat eta Presto kementsu bat, zeinak, tutti indartsuen bidez, ederki itxiko baitu obra.

Opera-obertura onenek bezala, honek ere ez du sekula galtzen dramaren erritmoa, eta, kolorea eta sentsazioak egoki eta hainbat modutara aldatuz, Lalok orkestrazio gardena eraiki du, sekzio guztiak ondo eta orekan erabili ditu, eta une oro hartu ditu gogoan, aita-pontekoak balira bezala, bi konpositore: Wagner (modu esplizituan aipatu du Tannhaüser), eta Berlioz. Hala eraiki du XIX. mendearen bigarren erdian hain ezaguna zen eta guztiz frantziarra den identitate musikal hori.

“Heriotza, hauxe: trumoi baten soinu urruna, piknik batean zaudela”

(W.H. Auden)

  1. urtea dugu, Espainiako Gerra Zibila hasi zen urte aztoratua. Europan, handituz zihoan gerra-danborren murmurio izugarria, eta hiru urte geroago lehertu zen. Benjamin Britten (1913-1976) Bartzelonara joan zen, Suitea biolin eta pianorako, op.6 erakustera, Antonio Brosarekin batera. Han zegoela, Alban Bergen “Aingeru baten memorian” obraren hil osteko estreinaldira joan zen; obra horrek eragin bizi-bizia izan zuen Brittenengan, eta huraxe izan zuen inspirazio-iturri, bere kontzertua sortzeko.

W.H. Auden poetak (1907-1973) eta Brittenek, biek zituzten antzeko ideia politikoak, eta biak ziren pazifismoaren aldeko militanteak. Harreman emankor horri esker sortu ziren zenbait obra. Gainera, Audeni esker egin zuten alde Europatik Brittenek berak eta haren bizi osoko bikotekideak, Peter Pears tenorrak, eta Estatu Batuetan babestu ziren, gerraren izugarrikeria usteletik urrun.

Ipar Amerikara iritsi ostean, Brittenek biolin kontzertua osatu zuen, zirriborro batzuetatik abiatuta. Partitura amaitu ondoren, Jascha Heifetzi aurkeztu zion, baina hark uko egin zion, “ezin omen zelako jo”. Azkenik, Antonio Brosak eta New Yorkeko Orkestra Filarmonikoak estreinatu zuten obra, New Yorken bertan, 1940ko martxoaren 29an, Sir John Barbirolli zuzendari zutela.

Kontzertua izugarri ederra eta bizia da, eta hiru mugimenduk osatzen dute: Moderato con moto, Vivace eta Passacaglia. Zati batetik bestera, ez dago etenik, eta, bigarrenaren amaieran, berriz, kadentzia bat dago. Tonalitaterik ez da zehaztu. Obrak badu halako kutsu espainiar bat, sotila, hala erritmoan nola gogora dakartzan irudietan.

Tonalitatea etengabe aldetzen da, kaleidoskopikoa da hasieratik amaierara. Hala ere, Bergek ez bezala, Brittenek ez du dodekafonismorik erabili.

Biolinaren gar-itxurako birtuosismoa kontuan harturik, eta ikusirik askotariko zailtasun eta efektuak egiten dituela (interbalo-jauziak, harmonikoak, ezker eskuaren pizzicato-ak, etab.), ondoriozta dezakegu Brosarekin elkarlanean aritu zela konpositorea.

Moderato con moto. Kontzertuaren hasieran, motibo bat joko du perkusioak (ondoren, beste tresna batzuek joko dute); gero, orkestrak labur-labur joko du, eta, jarraian, biolinak. Une horretatik hasi eta obraren amaierara arte, badago halako tentsio etengabe bat, lirismo itzela duena, baina inondik ere milika izan gabe.

Vivace. Aurrekoak baino erritmo askoz biziagoa du. Biolinaren ahotsak, energiaz beterik, trebeziaz uztartuko ditu goi-erregistroa eta behe-erregistroa, eta tarteka erabiliko ditu erritmo handiko pasarteak eta diskurtso garden-garden eta bihurriak; hala, gozotasuna eta mingostasuna elkarri lotuko zaizkio lehenik, ondoren banatu egingo dira, eta berriro batuko. Orkestrak erantzun egokia emango dio, eta sekzio guztiek izango dute beren protagonismoa. Ez da ohikoa, baina Vivace-aren amaieran (eta ez lehen zatian amaieran), biolinaren kadentzia dator, eta Passacaglia-rekin lotuko da.

Passacaglia. Brittenek obra honetan erabili zuen, estreinako aldiz, XVII. mendeko musika-forma izugarri ezagun hau, Passacaglia delakoa, zeina ostinato baxuan oinarritzen baita. Ondoren, hainbat aldiz erabili zuen, adibidez Peter Grimes eta The turn of the screw lanetan. Izan ere, Brittenek asko maite eta miresten zuen Barrokoa, eta keinu bat egin zion, gainera, Purcell konpositoreari: hark ere erabili zituen passacagliak King Arthur eta Dido eta Eneas lanetan (Lamento-an, hain zuzen ere).

Etenik gabe, tronboiek aurkeztuko dute tema, eta, ondoren, biolinak hartuko du, eta, jarraian, beste zenbait musika-tresnak joko dute. Azken mugimenduaren giroa trinkoa da, eta pasioz beterik dago, baina eutsi egingo dio; hala, azken mugimenduak islatuko du, nolabait ere, bakean onartu dela norbere patua.

Robert Schumannek (1810-1856) lau sinfonia idatzi zituen osorik, eta hirugarrenari “Renaniarra” esaten zaio. Mi bemol maiorrean dago. 1850ean sortu zuen, eta hurrengo urtean estreinatu zen Düsseldorfen (Rhin ibaiaren alboan; horregatik ipini zioten goitizena), Schumann bera zuzendari zela.

Ordurako, gaitzak jota zegoen Schumann; gaitz horrek hil zuen, hain zuzen ere. Amaituak ziren urrezko garaiak, amaitua zen etenik gabe eta inspirazio-olatuek harrapatuta konposatzeko sasoia: hasieran, pianorako piezak konposatu zituen; gero, Clararekin ezkontzeaz bat, lieder delakoak idatzi zituen, eta, amaieran, berriz, ganbera-musika eta sinfoniak.

Schumann familia 1850ean joan zen Düsseldorfera bizitzera. Hango orkestrarentzat idatzi zuen konpositoreak Renaniarra. Haren osasunak okerrera egin zuen, eta, 1853an, alde egin zuten hiritik. Hiri horretan idatzi zituen beste zenbait obra garrantzitsu, hala nola Laugarren sinfonia, Biolontxelorako kontzertua eta Biolinerako kontzertua.

Handik hiru urtera hil zen, Endenichen, osasun-etxe batean.

Renaniarrak bost mugimendu ditu; sinfonia “klasikoek”, berriz, lau: azkarra, geldoa, azkarra eta azkarra. Beraz, argi dago Schumannek ohiko sinfoniaren egiturarekin hautsi zuela. Aitzindaria zenez, beste mugimendu geldo bat gehitu zion sinfoniari, eta, gainera, alemanez izendatu zituen mugimendu guztiak, ez italieraz.

Orkestrazio bikaina erabili zuen, egurrak eta metalak dena orekatuko dute, eta, sinfoniaren lehen konpasetatik hasita, halako bultzada bat sumatuko da: naturaren garaipena. Laudun interbaloek batzen dute obra osoa.

Lebhaft (Bizia). Sonataren forman idatzia dago, honako interbalo hauen gainean: beherako lauduna, gorako seiduna eta beherako lauduna. Hasierako teman, paisaiaren eta inspirazioaren indar geraezina erakutsiko zaigu. Lehen konpas horiek memoria kolektiboan iltzatu dira, piano kontzertuaren hasiera eta biolontxelo kontzertuko tema errepikakorra bezalaxe. Ezinbestean, Beethovenekin alderatuko dugu, halako lekuko-emate sinboliko bat gertatzen baita “Heroikoaren” eta “Pastoralaren” artean.

Scherzo, Sehr Mässig (Oso neurritsua). Normalean, scherzoak arinago joan ohi dira, baina mugimendu honek, hala ere, izugarrizko xarma du: laudun interbalo baten gainean eraikia dago hau ere, eta deskribatzeko gaitasun handia du, Mendelssohnen kutsuarekin, gainera. Ibilaldi atseginaren ostean, ordea, hortxe dator espero gabeko akorde bat, eta samurtasuna hautsiko du.

Nicht schnell (Ez azkarra). Mugimendu soil eta ederra, inongo itzalik gabea eta halako atmosfera diafanoa sortzen duena. Hasieran, klarineteak melodia goxo bat egingo du; biolinek erantzungo diote, beherako pasarte txinpartatsuekin. Ondoren, mugimendu guztiak egingo du aurrera, eta klarineteak itxiko du, giro lasaian.

Feierlich (Solemnea). Emozio trinkoak eta kontrapuntuak aurkeztuko ditu; aurrekoak baino estatikoagoa da; ez, ordea, makalagoa. Tronpek eta tronboiek aurkeztutako gorako laudunen gainean eraikia dago. Soilagoa da, eta orkestrazio jakintsua darabil; Rhin ibaiaren ahots wagneriarra aurreikusiko dugu. Geldialdi bat da, arnasa berreskuratzeko, azken mugimenduari heldu aurretik.

Lebhaft (Bizia). Sinfonia ixteko, Lebhaft baikor eta kementsu bat, aurrez agertu diren temen berrikuspen aparta. Laudun interbaloa erabiliko da berriro ere. Hariek eta haizeek borroka egingo dute, orekan, eta perkusioak ezinbesteko rola beteko du. Motor geldiezina, hauxe dugu itxiera perfektua: Rhin ibaia badoa bokalerantz, badirudi bizitza honetan ez dagoela Schumannen bizialdia irentsiko dutenen moduko itzalik. Tonua handientsua da; ez, ordea, hanpatua. Botere basatia eta jeinua aliatu dira, eta hala abiatuko dira amaiera frenetiko baterantz, metalak gidari dituztela.

Teresa Merino

BAIBA SKRIDE – Biolina

Baiba Skride modu naturalean hasi zen musika jotzen, eta, hala, munduko orkestra eta zuzendari guztiz garrantzitsuekin aritu izan da lanean. Besteak beste, talde hauekin jo du: Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin, Bostongo Orkestra Sinfonikoarekin, Amsterdamgo Real Concertgebouw orkestrarekin, Symphonieorchester des Bayerischen Rundfunks orkestrarekin, Leipzigeko Gewandhausorchester orkestrarekin… Horrez gainera, hainbat zuzendarirekin aritu izan da, hala nola Christoph Eschenbach, Ed Gardner, Susanna Mälkki, Andris Nelsons, Yannick Nézet-Séguin eta Tugan Sokhievekin.

2017an egin zuen debuta San Petersburgoko Mariinsky orkestrarekin. Besteak beste, azpimarratzekoak dira mugarri hauek: New Yorkeko Filarmonikoarekin jo du berriro, Susanna Mälkki zuzendariaren eskutik, bai eta Leipzigeko Gewandhausorchester orkestrarekin ere, Andris Nelsons zuzendariaren eskutik. Horrez gainera, Berlingo Deutsches Symphonie-Orchester orkestrarekin eta Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoarekin jo du, eta bira bat egin du, Espainian barrena, Kopenhageko Filarmonikoaren eskutik. Asian, berriz, bi orkestrarekin egingo du debuta: Hong Kong eta Malaysiako orkestrekin.

Skridek harreman berezia du Sofia Gubaidulinaren musikarekin, izugarri miresten du, eta, hori dela-ta, halako klimax bat lortu zuen 2017ko otsailean; izan ere, mundu-mailan estreinatu zuen haren Kontzertu hirukoitza, Bostongo Orkestra Sinfonikoarekin batera. Baiba Skridek beste hainbat alditan estreinatu du obra hori, adibidez, Netherlands Radio Philharmonic Orchestrarekin (Herbehereak), NDR Radiophilharmonie Hannover orkestrarekin (Alemania) eta Frantziako Irratiko Orkestra Filarmonikoarekin.

Rigan jaio zen Skride, Letonian, musikari familia batean. 2001ean, Queen Elisabeth lehiaketako lehen saria eskuratu zuen. Yfrah Neamanen Stradivarius biolinarekin jotzen du Skridek. Neaman familiak adeitasun handiz laga dio, Beares elkartearen bitartez (Biolinen Nazioarteko Elkartea).

 

ERIK NIELSEN – Zuzendaria

Erik Nielsen Bilbao Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra da 2015eko irailetik.

2016-2017 denboralditik, Basileako Antzokiko musika-zuzendaria ere bada.

Erik Nielsenek Filadelfiako Curtis Musika Institutuan ikasi zuen zuzendaritza, eta oboean eta harpan espezializatuta graduatu zen New Yorkeko Juilliard Schoolen.

Berlingo Orkestra Filarmonikoko Akademiako kidea izan zen, eta harpa jo zuen han.

2009ko irailean, zuzendaritzaren saria eta Solti Fundazioak Amerikako Estatu Batuetan ematen duen beka eskuratu zituen.

Opera-errepertorio zabala dauka, zenbait erakunderekin, hauekin, besteak beste: Frankfurteko Opera, English National Opera, Boston Lyric Opera, New Yorkeko Metropolitan Opera, Erromako Opera, Dresdengo Semper Opera, Hedelango Opera Jaialdia, Berlingo Deeriknielsnutscher Oper, Sao Carlosko Teatro Nazionala, Malmoko Operaren Antzokia, Zuricheko Operaren Antzokia, Bregenzeko Jaialdia, Eliseo Zelaietako Antzokia Parisen, ABAO, Hungariako Opera Nazionala eta Galesko Opera Nazionala.

Orkestraren esparruan, hauek zuzendu ditu, besteak beste: New World Symphony, Genevako Ganbera Orkestra, Frankfurteko eta Stuttgarteko irratietako orkestra sinfonikoak, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa, Lisboako Orkestra Sinfoniko Portugaldarra, Strasbourgeko Filarmonikoa, Luxemburgeko Filarmonikoa, Hego Westfaliako Filarmonikoa, Ensemble Moderm eta Erresuma Batuko Northern Sinfonia.

 

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2018-2019
20 - 22
Eka
2019

MENDI-MENDIYAN (Opera)

Lekua: Arriaga Antzokia

Aurreko denboraldian Bernardo Atxagaren Obabakoak eleberriarekin egin zuen bezalaxe, Calixto Bieitok beste erronka bati ekin dio oraingoan ere, lehen mailako euskal egile baten obra handi bat antzezlan bihurtzea erabakitzean berriz ere. José María Usandizagaren konposizio handietako bati buruz ari gara, Mendi-Mendiyan bitxi lirikoaz, eta Arriaga Antzokiaren denboraldiko produkzio handietako bat izango da.

Mendi-Mendiyan Usandizagaren lehen lan lirikoa izan zen, Bilboko Koral Elkarteak 1909an enkargatu eta 1910eko maiatzaren 21ean Campos Eliseos Antzokian arrakasta handiarekin estreinatu zen opera. Dagoen informazioaren arabera, badirudi 1911ko maiatzaren amaieran egin zela obra horren Arriaga Antzokiko lehen emanaldia. Azken antzezpena, berriz, 1987an egin zen. Eta 2001ean, berriz, beste bertsio bat egin zen, baina kontzertu formatuan. Orain, 2018-2019 denboraldiari amaiera emateko, Calixto Bieitoren begiradatik gozatu ahalko dute ikusleek obra handi hau.

 

Produkzio berriaren estreinaldia Arriaga Antzokian

Ikuskizuna BBK-rekin elkarlanean

BBK

 

 

TALDEA

Pastoral lirikoa hiru ekitalditan eta epilogoarekin 1910eko maiatzaren 21ean Campos Eliseos Antzokian estreinatu zen

Musika: José María Usandizaga

Hitzak: José Power

Zuzendaritza eszenikoa: Calixto Bieito

Musika zuzendaritza: Erik Nielsen

Abesbatza: Bilboko Koral Elkartea

Orkestra: Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS)

Andrea: Ausrine Stundyte

Txiki: Olatz Saitua

Joshe Mari: Mikeldi Atxalandabaso

Juan Cruz: Christopher Robertson

Kaiku: José Manuel Díaz

Gaizto: Gexan Etxabe

 

Informazio gehiago

Gehiago ikusi
Denboraldia 2018-2019
26
Eka
2019

La caída de Bilbao

Lekua: Arriaga Antzokia

Estreinaldia Arriaga Antzokian.

Bilboko Udalak Luis de Pablo bilbotar musikagileari obra hau konposatzeko eskatu zion 2017an, Espainiako Gerra Zibilean 1937ko ekainean Bilbo Francoren tropen esku erori zeneko 80. urteurrena zela eta. Gertaera tragiko haiek jazo zirenetik 80 urte igaro ostean, Luis de Pablok gerrako izugarrikerien aurkako obra hau sortu du, esperantzaren aldeko oda bat, EZ indartsu bat gerrari, orkestra, biolontxelo, bakarlari eta abesbatzarako kantata moduan.

Kontzertuari biolontxeloko bakartsaio batek ematen dio hasiera, frontera borrokatzera joan behar duen soldaduaren kexua bailitzan, eta San Mateoren Ebanjelioko bakezaleen aldeko gorespenek, koroak abestuta. Konposizio serio eta sakona da, gerraren eta gerrako zugarrikerien oroigarri

 


La caída de Bilbao, de Luis de Pablo

  • Zuzendaria: José Rafael Pascual- Vilaplana
  • Orkestra: Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS)
  • Biolontxeloa: Asier Polo
  • Abesbatza: Bilboko Korala
  • Zuzendaria: Enrique Azurza
  • Soprano: Miren Urbieta
  • Alto: Marifé Nogales
  • Tenor: Mikeldi Atxalandabaso
  • Baritono: Fernando Latorre
  • Ekoizpena: Bilbao Musika

Informazio gehiago

Gehiago ikusi
Denboraldia 2018-2019
29
Eka
2019

MENDI-MENDIYAN – Usandizaga

Lekua: Kursaal Auditorioa

Calixto Bieito vuelve a enfrentarse al reto de llevar a escena una gran obra de un autor vasco de primer nivel, con la joya lírica “Mendi Mendiyan”, una de las grandes obras del compositor donostiarra José María Usandizaga.

Calixto Bieitok berriz ere egingo dio aurre maila goreneko euskal egile baten obra bat eszenaratzeko erronkari. Jose Maria Usandizaga donostiar konposatzailearen “Mendi Mendiyan” altxor lirikoarekin egingo du oraingoan.

Calixto Bieito, eszena zuzendaria
Erik Nielsen, musika zuzendaria
Bilbao Orkestra Sinfonikoa
Sociedad Coral de Bilbao
Ausrine Stundyte (Andrea), Olatz Saitua (Txiki), Mikeldi Atxalandabaso (Joshe Mari),
Christopher Robertson (Juan Cruz) …
Bilboko Arriaga Antzokiaren ekoizpena


Informazio gehiago

Gehiago ikusi
Denboraldia 2019-2020
08
Abu
2019

Bermeo

Lekua: Andra Mari eliza. Bermeo.

Stamitz, Carl

Txirula eta orkestrarako kontzertua, Sol maiorrean, op. 29

Dvorak, Antonin

8. sinfonia Sol maiorrean, op. 88 [antzinako 4.a.]

 

Lucía Marín, zuzendaria

Natalia Sánchez, txirula

 

Gehiago ikusi