Kontzertuak

BOS 07

Gabonetako kontzertua | Lur Kanta


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Erik Nielsen, zuzendaria

Gustav Mahler (1860 – 1911): 3. sinfonia re minorrean

Leheneno atala
I. Con fuerza y decidido: Pan esnatu egin da; uda hasi da

Bigarren atala
II. Tempo di menuetto: Larreko loreek kontatzen didatena
III. Comodo; scherzando: Basoko animaliek kontatzen didatena
IV. Muy lento. Misterioso: Gauak kontatzen didana
V. Alegre, a tempo expresivo: Goizeko kanpaiek kontatzen didatena
VI. Lento con calma: Maitasunak kontatzen didana

Janina Baechle, mezzosopranoa

Bilboko Korala (Enrique Azurza, zuzendaria)

Bilboko Koraleko haurren abesbatza (José Luis Ormazabal, zuzendaria)

 

DATAK

  • 20 abendua 2018       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 21 abendua 2018       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

INOIZ ENTZUN GABEKOA

Sinfoniak bide luzea egin du, eta gaur egun ere hala jarraitzen du, ibilian, urrats txikiekin bada ere. Bide horretan, Mahler konpositoreak gailurra erdietsi zuen, sinfoniaren ikuspegi klasikoa eta tradizionala uztartuz, eta garaian bolo-bolo zebiltzan beste genero batzuk erabiliz, hala nola tonu-poemak, sinfonia programatikoak, kantatak, oratoria eta kantu-zikloak. Mahlerri esker, ordura arte ezagutu gabeko mailara iritsi zen sinfonia. Behin, halaxe esan zuen konpositoreak berak Hirugarrenari buruz: “niretzat, sinfonia bat hauxe da: unibertso bat eraikitzea, norberak eskura dituen baliabide tekniko guztiak erabiliz”, hau da, iraganeko konpositore handiek utzitako ondarea baliatuz eta, horrekin batera, modernotasunaren konkista teknikoak aprobetxatuz. Hala ere, Mahlerren iritzian, sinfoniak ez ziren edukirik gabeko forma hutsak; Mahlerrek, aitzitik, bizipen intimoak adierazi zituen bere partituretan: “Nire sinfonietan sakon jorratu dut nire bizitza; soinu bidez ipini ditut nire bizipenak eta minak, egiak eta fantasia. Niretzat, bizitzea eta sortzea estu loturik daude… Eta gizakiek oraindik ere uste dute azalean dagoela natura!”. Horren guztiaren ondorioz, bere garaitik at kokatu zen Mahler; gehiago zen etorkizuneko konpositorea (Beethoven, Schubert eta Wagner bezalaxe), eta ez hainbeste bere garaikoa. Izan ere, bere garaian, askoz arrakasta handiagoa bildu zuen Straussen musikak, konfiantza iradokitzen baitzuen.

Mahlerren garaikideek ez zuten hura ulertu, Vienako Bigarren Eskolako konpositore gazteek izan ezik. Sarri galdetu ohi da zergatik gertatu zen hori, eta sarri erantzun ohi da musikaren mundua ez zegoela halako ideiak hartzeko prest. Mahlerrek ez zuen bere garaiko moda eta gustuetan pentsatzen. Paul Stefanek hauxe esan zuen 1910ean: “gure garaiari ez zaio irudimenik falta, irudimena baliatzeko kuraia baizik; kuraia falta zaio bizitzari besoak zabaltzeko, pentsamenduari eta poesiari ateak irekitzeko, eta behingoz elkartzeko bizitza eta artea, hainbeste aldiz amestu bezala. Teknikaren morroiak gara”. Eugenio Triasen iritziz, ordea, “Mahlerren musikan, musika-generoak ziplo erortzen dira eta gerra pizten da horien artean. Forma eta espezie berriak ernetzen dira, eta banaketa-irizpideak modu iraultzailean aldatzen, hala, zerbait sortzen da, berria, eta harri eta zur uzten gaitu. Akaso, iraultza hori da Mahlerren musika geroago gozatu izanaren arrazoia”.

Hiri kontserbadorea zen Viena, horregatik, Mahlerren izaera bereziki haustailea iruditzen zitzaien hangoei. 1897an, Hofoper opera-antzokiko orkestra-zuzendari izendatu zuten; garai hartan, Brahms hil berria zen, eta antisemitismoa luze-zabal hedatzen ari zen hirian barrena. Edonola ere, Mahlerrek, ausart, aldaketa handiak ezarri zituen Operan, bi eremutan ezarri ere: antzerki-ohituretan eta errepertorioan. Jende guztiz kontserbadorea aldaketen kontra agertu zen; musikariak, berriz, hauxe erantzun zien: “Zuek, antzerkiko jendeak, zuen tradizioa dela esaten duzue, baina tradizio hori ez da zuen alferkeria eta zabarkeria baino”. Are nekezagoa suertatu zitzaion bere konposizioak zabaltzea, Filarmonikoaren programan ere ozta-ozta sartzen zituen. Bigarren Sinfoniak arrakasta izan zuen Liejan eta Munichen; Vienan (1899), ordea, ez zuten ondo hartu. Lehenak (1900) eta Laugarrenak (1901) ere harrera hotza jaso zuten Austriako hiriburuan.

Hirugarren Sinfoniak aldatu zuen Mahlerren musikaren harrera. Horixe da konpositoreak eginiko sinfonia itzeletako bat: anbizio, orkestratze eta maila handikoa dugu. 1902ko ekainean estreinatu zuen, sinfonia sortu eta sei urtera, Krefeld hiriko Musika Garaikidearen Jaialdian (Renanian). Halako zirrara eragin zuen mundu germaniarrean, ezen Vienak ere eman baitzuen amore. Huraxe izan zen Mahlerrek ordura arte lortu zuen arrakastarik handiena, eta hari esker frogatu zion bere talentua Almari. Emakumeak berak gerora esan zuenez, gau hartan “kitzikapen-egoera deskribaezina” lortu zuen. 1904ko abenduan iritsi zen sinfonia Vienara, eta leporaino bete zen Filarmoniako aretoa. Hantxe zeuden, besteak beste, Schoenberg eta haren ikasle gazteak: sinfonia entzun eta gero, Mahlerren zale amorratu egin ziren. Schoenbergen iritziz, Mahlerren musikan “gertaerek beren kabuz hitz egiten dute”, eta horixe gustatzen zitzaion gehien.

1895eko udan abiatu zen Hirugarrenaren historia, Bigarrena Berlinen estreinatu baino zenbait hilabete lehenago. Garai hartan, Hanburgoko Operan zebilen Mahler, lehen zuzendari lanetan, eta tarteka baino ez zuen konposatzen, aisialdian, Attersee lakuaren ertzean zeukan etxetxo batean, Salzburgotik gertu. Mahlerrek argi zekien: sinfonia berrian, ahotsak lehentasun behar zuen. Hala adierazi zion Natalie Bauer-Lechnerri: “Bigarrenean, esan nahi nuena ulertarazteko premia neukanean erabili nituen ahotsa eta hitza, hain justu ere. (…) Lastima handia dut, Lehenengoan ez nuelako hala egin! Hirugarrenean, beraz, ez dut zalantzarik izango. Bi mugimendu laburretako kantuak egiteko, hauek erabiliko ditut: Des Knaben Wunderhorn eta Nietzscheren poema bat”. Agiri askok erakusten dutenez, konpositoreak hainbat buelta eman zizkion obraren egiturari, eta, azkenean, 1896ko uztailean amaitu zuen, lehen mugimendua bukatu ostean, zeina luze-luzea baitzen, “sinfonia oso bat baino luzeagoa”. Obra handi bat egin nahi omen zuen, zazpi mugimendutan banatua, Fritz Löhr delakoari bidali zion gutun batean adierazi zuenez:

  1. Uda badoa aurrera
  2. Loreek kontatzen didatena
  3. Animaliek kontatzen didatena
  4. Gauak kontatzen didana
  5. Goizeko kanpaiek kontatzen didatena
  6. Maitasunak kontatzen didana
  7. Haurrak kontatzen didana

Azken mugimendua kendu zuen, eta, gerora, Laugarrenean sartu. Eskema nagusi horrek, hala ere, obraren zentzua eta esanahia biltzen ditu, bai eta pentagramaren barruan dagoen asmo programatikoa ere. Mahlerrek, gainera, izenburua jarri nahi zion sinfoniari, eta hainbat aukera erabili zituen buruan (adibidez, “Nire poesia”, “Poesia”, “Uda gau bateko ametsa” eta “Uda goiz bateko ametsa”), baina, azkenean, uko egin zion, ez baitzuen nahi Shakespeareren eta Nietzscheren obra sonatuekin nahas zezaten.

Mahlerrek bi inspirazio-iturri izan zituen Hirugarrena idazteko: batetik, halako obra bat eraiki nahi zuen, unibertso oso bat isla zezakeen obra bat, eta, bestalde, maitasuna goretsi nahi zuen, huraxe iruditzen baitzitzaion munduari begiratzeko talaia gorena. Izan ere, Mahlerrek esan zuen munduaren aniztasuna islatzen zuela sinfoniaren mugimenduen aniztasunak, eta maitasunaren inguruan adiskidetzen zela dena. Pérez de Arteagaren iritzian, badirudi konpositoreak hauxe esan nahi zigula: “erabateko maitasunak, sentimenduaren osotasunak, izan gizatiarra, jainkotiarra edo biak batera, zuzenean garamatzala intimitatetik laudoriora”. Hasierako mugimenduan, udako martxa aurkezten digu Mahlerrek, eta bere ohiko adierazpen-baliabide eta bitarteko formal guztiak erabiltzen ditu: musika-tresnen errezitatzeko gaitasun airosoa, korala, hitzik gabeko kantua, hileta-martxa eta abiatzeko deia, urrunetik etorria. Bigarren mugimendua, berriz, lehena baino abilagoa, finagoa eta arinagoa da, halako minuet bat. Bi aldiz tartekatzen da, halako hiruko bat osatuz. Hirugarren mugimendua, berriz, Scherzo bat da berez, baina Mahlerrek 1899an esan zuen eran, “hirugarren mugimendua da denetan jolastiena eta tragikoena. (…) Umore guztiz izugarria darabil, hainbestekoa, ezen barreak ez, baizik beldurrak hartzen baitu entzulea”.

Joseph Aunerren iritzian, berriz, Hirugarrena entzuten ari denak behin eta berriro egin behar dio aurre zirrarari eta ezezagunari, eta horren guztiaren adibide gisa jartzen du laugarren mugimenduaren hasiera: biolontxeloen eta kontrabaxuen bi nota graberekin hasten da mugimendu hori, eta, bat-batean, kontraltoaren ahotsaren barrunbeetatik ateratzen dira “O Mensch! Gib Acht!” hitzak, Nietzscheren Zaratustrari hartuak, Gauerdiko kantu-tik. Ez dago argi zer harreman zuen Mahlerrek, oro har, filosofo alemanaren pentsamenduarekin, ez eta Hirugarrena konposatu zuen garaian ere, baina argi dago poema horrek txunditu egin zuela: izugarri gustatu zitzaion nola islatzen zuen bitasuna, gauaren eta egunaren arteko bitasuna, gozamenaren eta minaren arteko bitasuna, eta nola islatzen zituen beste ideia batzuk, hala nola amets sakon batetik iratzartzea eta betierekotasuna itzulera moduan. Musikaren aldetik, kantu hori ez da sinfoniako beste atalak bezalakoa; iluna eta misteriotsua da, harmonia bitxiak egiten ditu, eta alderrai dabil, iluntasunean.

Nietzscheren eragina orekatze aldera, Mahlerrek, bosgarren mugimenduan, Des Knaben Wunderhorn liburuko lied bat erabili zuen, kontraltoak, emakumeen koruak eta haurren koruak abesteko: “Hiru aingeruren kantu gozoa”. Musika zerutiarra izanik, ahotsaren tinbreak argi gehiago du, jakina, baina, kasu honetan, azpimarratzekoa da Mahlerrek kanpaiak eta glosckenspiel musika-tresnak sartu zituela, hots, keinua egin zion, nahita, Wagnerren Parsifal obrari, izugarri miresten baitzuen. Azken mugimenduan, Mahlerren beraren arabera, “dena disolbatzen da, eta bake eta bare bihurtzen”. Geldoa, lasaia eta oso zabala da konpositorearen lehen Adagioa; amaieran, ordea, fortissimo-ra jotzen du, haragokoari so dagoela adierazi nahian, itxuraz. Nabarmentzekoa da (ez baitzen batere ohikoa), Mahlerrek, sinfonia amaitu ostean, ez zuela inoiz berrikusi. Badirudi hala iruditzen zitzaiola, lortu zuela inoiz entzun gabeko sinfonia bat sortzea, sinfonia bat zeinak munduaren natura adierazten baitu osorik, eta sekretuak kontatzen, “sekretu sakonak, ametsetan baizik ez direnak azaleratzen”.

Asier Vallejo Ugarte

KANTATUTAKO TESTUA

4. Satz

“Zarathustras Mitternachtslied”

(aus Also sprach Zarathustra von Nietzsche)

 

4. mugimendua

“Zaratustraren gauerdiko kantua”

(Nietzscheren Horrela mintzatu zen

Zaratustra lanetik)

 

Altsolo

0 Mensch ! Gib acht!

Was spricht die tiefe Mitternacht?

 

Ich schlief!

Aus tiefem Traum bin ich erwacht!

Die Welt ist tief!

Und tiefer ais der Tag gedacht!

 

Tief ist ihr Weh!

Lust tiefer noch als Herzeleid!

 

Weh sprich: Vergeh!

Doch alle Lust will Ewigkeit-

 

Will tiefe, tiefe Ewigkeit!

Mezzosopranoa

Oi gizona! Hago hadi!

Gauerdi sakonak zer ziok?

 

Lo egin diat, lo egin diat!

Amets sakonetik esnatu nauk!

Mundua sakona duk,

eta egunak ez uste hain sakon zenik.

 

Sakona dik bere samina!

Atsegina, bihotz-dolorea baino ere sakonagoa!

Samina mintzo duk: Joan!

Baina atsegin orok nahi du betikotasuna.

Betikotasun sakona, oso sakona!

 

5. Satz

“Es sungen drei Engel”

(aus Des Knaben Wunderhorn)

5. mugimendua

“Hiru aingeruren kantua”

(Iturria: Haurraren adar sorgindua)

Knabenchor

Bimm bamm, bimm, bamm

Umeen korua

Bimm bamm, bimm, bamm…

Frauenchor

Es sungen drei Engel einen süßen Gesang,

Mit Freuden es selig in den Himmel klang:

Sie jauchzten fröhlich auch dabei,

 

Daß Petrus sei von Sünden frei.

Und als der Herr Jesus zu Tische saß,

Mit seinen zwölf Jüngern das Abendmahl aß

Da sprach der Herr Jesus: Was stehst du denn hier?

Wenn ich dich anseh’, so weinest du mir.”

Emakumeen korua

Hiru aingeruk abestu zuten

kantu gozo bat,

eta gozamenez garrasi zeruak;

 

haiek behin eta berriro beren kantua,

 

eta Pedrori barkatu zitzaion bekatua.

Eta hala eseri zen Jesus afaritara

hamabi ikasleek inguratuta,

 

hala hitz egin zuen Jaunak: “Zergatik zaude hemen?”

So egiten dizudanean, zuk negar egiten duzu”

Altsolo

“Und sollt’ ich nicht weinen, du gütiger Gott”…

Mezzosopranoa

“Eta ezin dut negarrik egin, Jaun errukitsu nirea”…

Frauenchor

Du sollst ja nicht weinen!

Emakumeen korua

Ezin duzu negarrik egin!

Altsolo

Ich hab’ übertreten die zehn Gebot; Ich gehe und weine ja bitterlich,

 

Ach komm und erbarme dich über mich!”

Mezzosopranoa

Urratu ditut Hamar Aginduak,

eta negar batean nabil bidean.

 

A, etorri eta erruki zaitez nitaz

Frauenchor

“Hast du denn übertreten die Zehen Gebot,

So fall auf die Knie und bete zu Gott,

Liebe nur Gott in alle Zeit.

So wirst du erlangen die himmlische Freud!”

Die himmlische Freud’ ist eine selige Stadt;

Die himmlische Freud’, die kein Ende mehr hat.

Die himmlische Freud’ war Petro bereit’

 

Durch Jesum und allen zur Seligkeit.

 

Emakumeen korua

“Hamar Aginduak urratu badituzu

 

belaunikatu eta Jainkoari errezatu.

Maitatu Jainkoa bizi osoan,

eta hala erdietsiko duzu zerua.

 

Zerua da hiri zorioneko bat.

 

Zeruak ez du amaierarik.

 

Pedrori Jesusek eman zion zerua,

 

eta guri, berriz, betiereko zoriona.

 

JANINA BAECHLE – mezzosopranoa

Janina Baechle mezzosoprano alemanak sarri kantatzen du nazioarteko opera-antzoki eta kontzertu-aretoetan, eta errepertorioko rolik garrantzitsuenak jokatu ohi ditu, gainera.

Hannover eta Braunschweig hirietako antzokietako taldeetan aritu zen, eta, ondoren, Vienako Estatu Operako kide izan zen 2010era arte. Orduz geroztik, sarri samar itzultzen da hara, eta, besteak beste, rol hauek jokatu ditu: Jezibaba / Rusalka, Brangäne / Tristan eta Isolde, Fricka, Erda, Waltraute / Ring des Nibelungen, Filipjewna / Eugen Onegin, Genevieve / Pelleas et Melisande, Kabanicha / Katja Kabanowa, Gaea / Daphne eta Herodias / Salome.

Etorkizunean, hainbat aretotan kantatuko du, besteak beste, hauetan: Liceu de Barcelona, la Scala di Milano, Parisko Opera Nazionala, Dresden, Hanburgo eta Municheko estatu operak, Bordele, Lyon, Tolosa (Okzitania), San Frantzisko, Toronto eta Buenos Aireseko Opera, eta Edinburgheko Jaialdia.

Hainbat orkestrarekin jo du: Dortmundeko, Municheko, Stuttgarteko eta Vienako Phillarmoniker orkestrekin, New York eta Helsinkiko orkestra filarmonikoekin, BR Symphonie eta Rundfunkorchester orkestrarekin, Hanburgoko eta Vienako orkestra sinfonikoekin, HR Sinfonieorchester orkestrarekin, Bonneko Beethoven orkestrarekin, NDR Radiophilharmonie orkestrarekin, Poloniako Irratiko Nazio Orkestrarekin eta NFM Wroclaw Philharmonic orkestrarekin.

Janina Baechlek musikologia eta historiako ikasketak egin zituen Hanburgoko Unibertsitatean, eta, gainera, kantua ikasi zuen Hanburgoko Musika Eskolan.

BILBOKO KORALA / BILBOKO KORALEKO HAURREN ABESBATZA

Hasieran, Bilboko Orfeoi gisa sortu zen, 1886an, musika oro har eta korala bereziki garatzeko helburuarekin. Milaka koralistaren lanari esker, egundoko arrakasta eta prestigioa bereganatu ditu 130 urtetik gorako historia luzean. Elkarteko koruak zuzendu dituzten maisuen artean, ondokoak daude: Zabala, Valle, Guridi, Inchausti, Urrengoechea, Olaizola, Arana, Frühbeck de Burgos, Cordero, Ruiz Laorden, Ezkurra, Sierra, Moreno, Cabero eta Julio Gergely. 2016ko apirilaz geroztik, Enrique Azurza da zuzendaria, eta lana Urko Sangroniz gazteen Euskeria koruaren arduradunarekin zein José Luis Ormazabal Hurren Koruaren eta prestakuntza-koruen zuzendariarekin koordinatzen du.

 

Hala, Bilboko Koral Elkarteko taldeak ia orkestra espainiar guztiekin eta nazioarteko orkestra nagusiekin aritu izan dira agertokian. BOSekin duen harreman estuari esker, gainera, hainbat ikuskizunetan parte hartzeko aukera izan du: Brittennen War Requiem, Calixto Bietok ekoitzia; Bernsteinen I hate music, Arriaga Antzokian; Zorba Grekoa ballet sinfoniko korala, Turkiako Operako Ballet Nazionalarekin eta Igor Yebrarekin batera, Bilbao Arenan, Fair Saturday 2017 inauguratzeko ekitaldia; Musika-Música 2018 jaialdiaren inaugurazioa, Sibeliusen Kullervo lanean gizonezkoen ahotsak jarrita; eta dagoeneko klasikoak direnak: la Caixaren Mesias eta Gabonetako kontzertuak.

ERIK NIELSEN – Zuzendaria

Erik Nielsen Bilbao Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra da 2015eko irailetik.

2016-2017 denboralditik, Basileako Antzokiko musika-zuzendaria ere bada.

Erik Nielsenek Filadelfiako Curtis Musika Institutuan ikasi zuen zuzendaritza, eta oboean eta harpan espezializatuta graduatu zen New Yorkeko Juilliard Schoolen.

Berlingo Orkestra Filarmonikoko Akademiako kidea izan zen, eta harpa jo zuen han.

2009ko irailean, zuzendaritzaren saria eta Solti Fundazioak Amerikako Estatu Batuetan ematen duen beka eskuratu zituen.

Opera-errepertorio zabala dauka, zenbait erakunderekin, hauekin, besteak beste: Frankfurteko Opera, English National Opera, Boston Lyric Opera, New Yorkeko Metropolitan Opera, Erromako Opera, Dresdengo Semper Opera, Hedelango Opera Jaialdia, Berlingo Deeriknielsnutscher Oper, Sao Carlosko Teatro Nazionala, Malmoko Operaren Antzokia, Zuricheko Operaren Antzokia, Bregenzeko Jaialdia, Eliseo Zelaietako Antzokia Parisen, ABAO, Hungariako Opera Nazionala eta Galesko Opera Nazionala.

Orkestraren esparruan, hauek zuzendu ditu, besteak beste: New World Symphony, Genevako Ganbera Orkestra, Frankfurteko eta Stuttgarteko irratietako orkestra sinfonikoak, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa, Lisboako Orkestra Sinfoniko Portugaldarra, Strasbourgeko Filarmonikoa, Luxemburgeko Filarmonikoa, Hego Westfaliako Filarmonikoa, Ensemble Moderm eta Erresuma Batuko Northern Sinfonia.

 

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
25 - 26
Api
2024
>Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Lekua: Euskalduna Jauregia

Ein He/denleben zuzendari-lana da. Richard Straussek berak zuzendu zuen lehen emanaldian; hala ere, beste zuzendari handi bati eskainita zegoen, Mengelberg zuzendariari eta Concertgebouweko orkestrari, hain zuzen ere. Nielsenek poema sinfoniko izugarri hau aukeratu du titular gisa denboraldi honetan emango duen azken kontzerturako. Programa osatzeko, Schönberg eta Saint-Saëns musikagileen beste bi pieza ezagun izango ditugu entzungai, eta aipatzekoa da Alexandre Kantorow karismadunaren presentzia.


Charla preconcierto
2024/04/26 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza


Erik Nielsen, zuzendaria
Alexandre Kantorow, pianoa


I

ARNOLD SCHOENBERG (1874 – 1951)

Bost pieza orkestrarako Op. 16 (1949 berr.) *

I. Vorgefühle
II. Vergangenes
III. Farben
IV. Peripetie
V. Das obligate Rezitativ

CAMILLE SAINT-SAËNS (1835 – 1921)

5. kontzertua piano eta orkestrarako Fa Maiorrean Op. 103 “Egiptoarra”*

I. Allegro animato
II. Andante
III. Molto allegro

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Ein Heldenleben Op. 40

Heroia[Der Held] (attacca)
Heroiaren aurkariak [Des Helden Widersacher] (attacca)
Heroiaren bataila-eremua [Des Helden Walstatt ] (attacca)
Heroiaren bake lanak [Des Helden Friedenswerke] (attacca)
Erretiora mundutik eta heroiaren gailurra [Des Helden Weltflucht und Vollendung]

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
29
Api
2024
>Cámara 08

Cámara 08

Lekua: Euskalduna Jauregia

I

BOSen boskotea pianorekin

Laura Delgado, biolina
María Díaz Caneja, biolina
Lander Etxebarria, biola
Teresa Valente, biolontxeloa
Itxaso Sainz de la Maza, pianoa

ALFRED SCHNITTKE (1935)

Boskotea pianorekin

I. Moderato (attacca)
II. Tempo di Valse (attacca)
III. Andante (attacca)
IV. Lento (attacca)
V. Moderato pastorale

II

BOSen hari-ensemblea

Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
Laura Delgado, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
Pablo Val, biolina
Iñigo Grimal, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa
Gabriel José León, kontrabaxua

ALFRED SCHNITTKE (1934 – 1998)

Moz-Art à la Haydn

BOSen hari eta haize ensemblea

Luis Fernando Núñez, tronpa
Estefanía Beceiro, tronpa
Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Laura Delgado, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1833 – 1897)

Txantxa musikal bat Fa Maiorrean K. 522

I. Allegro
II. Menuetto (Maestoso) – Trio
III. Adagio cantabile
IV. Presto

Informazioa eta sarrerak
04
Mai
2024
>Mozartland

Mozartland

Lekua: Euskalduna Jauregia • 0B Aretoa

Kontzertua familian
Princep Totilau + Cuarteto BOS, konpainia
Wolfgang Amadeus Mozart, musika
Pol Requesens, moldaketak

Bilbao Orkestra Sinfonikoa

­2 urtetik aurrera

PREZIOAK:
Orokorra 10 €
BOSaren abonatuak* 9 €
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

“Mozartland” kontzertu-ikuskizun bat da, publikoa gonbidatzen duena Mozart txikiaren eta bere arreba Nannerlen jolas gelan esertzera, hezur-haragizko bi haurrek interpretatuta. Han, musikagilearen zuzeneko musikarekin, harizko eta txirulazko laukote baten eskutik, hiru aktorek maskarekin antzezten dituzte Salzburgoko jenio txikia gehien dibertitu zuten ipuin herrikoiak: igela, printzesa, erregea, txanogorritxoa, otsoa, amona, Hansel eta Grettel, sorgina eta Bremengo musikariak.

Bere jokoarekin, Mozart bi anaiak ipuinetako istorioak eta protagonistak edertasun, egia eta ontasun bihurtzen saiatuko dira, urte batzuk geroago Wolfgangek bere musikarekin egingo zuen bezala.

Sarrerak 2023ko abenduaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Garrantzitsua: ­aretora ­sartu­ nahi duten ­persona ­guztiek­ (adina edozein dela ere) ­dagokien ­sarrera ­aurkeztu ­behar ­dute.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
16 - 17
Mai
2024
>Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Lekua: Euskalduna Jauregia

Barroko-garaian, gehiegikeriak eta muturrak irudikatu ziren gehienbat. Kontratenoreak herniaren rola hartu zuen maiz, hala nola Giulio Cesare eta Orlando pertsonaietan, zeinak Tim Meaden ahots zoragarriaren bidez izango ditugu entzungai; bestalde, deabrua kontraste dinamiko eta bat-bateko disonantzien bidez irudikatzen zen, Leclair eta Boccherini pertsonaietan bezalaxe. Hori guztia, Pedro Gandíak proposatutako programa interesgarriaren baitan, zeina Sevillako Orkestra Barrokoko zuzendari artistikoa izan baita bi hamarkadaz eta zeina garai horretako gure espezialista handietako bat baita.

BOSbaroque

Leclair, Händel, Vivaldi, Geminiani eta Boccheriniren kontratenorarentzako obrak eta ariak

Tim Mead, kontratenorra
Pedro Gandía, kontzertino zuzendaria

Informazioa eta sarrerak