Kontzertuak
BOS 08
Erik Nielsen, zuzendaria
Maximiliam Hornung, Biolontxeloa
I
JOSÉ MARÍA USANDIZAGA (18887-1915): Hassan y Melihah, Fantasia dantza 7:00
EDWARD ELGAR (1857-1934): Kontzertua biolontxelo eta orkestrarako mi minorrean Op. 85 30:00
I. Adagio
II. Lento
III. Adagio
IV. Allegro
Maximiliam Hornung, biolontxeloa
II
FRANZ SCHUBERT (1797-1828): 9. sinfonia Do Maiorrean D. 944 “Handia” 48:00
I. Andante – Allegro ma non troppo. Piú moto
II. Andante con moto
III. Scherzo: Allegro vivace – Trio
IV. Allegro vivace
Dur: 110’ (g.g.b./aprox.)
DATAK
- 30 urtarrila 2020 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 31 urtarrila 2020 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Esan bezala…
Azken hilabeteetako kontzerturen bat zuzenean entzuteko zortea izan eta, hortaz, ohar hauek irakurtzeko pazientzia izan baduzue, gogoratuko duzue izan genuela ordukoan gaur entzungo ditugun zenbait lan komentatzeko aukera. Aurreko denboraldiaren amaieran, Edward Elgarren Enigma bariazioak programatu zen.
Obra umoretsu eta baikorra izan zen hura, hain zuzen, musikagile ingelesari mundu sinfonikoaren ateak zabaldu zizkiona. Eta denboraldi honen hasieran, kontzertu berean egokitu dira Jesus Guridiren pieza exotiko bat, Feniziar itsasontzi batean, eta Schuberten bosgarren sinfonia, haren lehen aro sinfonikoko lan garrantzitsuena.
Gaurkoan, horren guztiaren eta programa honetan dagoen musikaren arteko korrespondentzia aurkituko dugu, eta, horri esker, begirada orokor eta interesgarria emango diogu gure orkestraren programazioari.
Hassan eta Melilah lanarekin hasiko da saioa. 1912an idatzi zuen José María Usandizaga (1887-1915) donostiar musikariak, zeina izan baitzen, zoritxarrez, mende hasierako itxaropen musikal zapuztuetako bat. Tuberkulosiak hogeita zortzi urtez bizitzen baino ez zion utzi, baina denbora nahikoa izan zuen euskal antzerki
lirikoaren oinarriak finkatzeko eta Espainiako giroa berritzen laguntzeko. Batetik, Bilboko Koral Elkarteak euskal gaiei buruzko hiru obra enkargatu zituen 1909an, oihartzun handia izan zutenak. Horrela sortu ziren Jesús Guridiren Mirentxu, Santos Intxaustiren Lid eta Ixidor eta Usandizagaren Mendi Mendiyan. Bestetik, garrantzi eta eragin handiko beste lan bat osatu zuen Usandizagak 1914an: Las Golondrinas zarzuela.
Kasu honetan, ordea, eskuarki lotu ohi den gaietatik urrun agertuko da Usandizaga. Orduko hartan, orain dela hilabete gutxi, feniziar itsasontzi batean ibili ginen Guridirekin batera (euskal musikaren baitako beste handietako bat), Greziako kostaldean barrena; oraingo honetan, berriz, Al Andalus zaharrera eramango gaitu
Usandizagak, eta zenbaitetan alhambrismo esan izan zaion joera horren berri emango digu, zeinaren eraginez literaturako eta musikako maisu askok, frantsesek eta espainiarrek bereziki, Granadako Alhambraren irudien lilura exotikoei eta fantasia gutxi-asko ekialdekoei jarraitu zieten.
Guridiren kasuan gertatzen zen bezala, maitagarrien ipuinen iraganera egindako bidaia sinfoniko horrek aukera emango digu taldearen sendotasunaz eta musikari handien belaunaldi honen inspirazioaren aberastasunaz gozatzeko; Usandizagaren kasuan, aldiz, harmonietan duen trebeziaz eta orkestra koloreetarako duen senaz gozatuko dugu. Haren sentiberatasun pertsonalari zegokion azken hori; edonola ere, Parisen egin zituen ikasketetan hura garbitu eta zabaldu ahal izan zuen. Hamalau urte besterik ez zituela joan zen Schola Cantorum ospetsura, Vincent d ‘Indyrekin ikastera.
Eta, orain, utz iezadazue programaren ordena aldatzen eta ia ehun urte atzera jauzi egiten. Usandizagak bere gaixotasunaren ondorioz hartu behar izan zituen atsedenaldietako batean sortu zuen Hassan eta Melilah, eta egoera horretan berean zegoen Franz Schubert (1797-1828), azken urteetako lan handietako bat egituratu
zuenean. Beste bizitza labur bat eta itxaropen eten bat, baina, orobat, hain denbora laburrean egindako lanaren balioa balioesteko beste aukera bat.
Musikologoen ikerketa ia arkeologikoek diotenez, Sinfonia Handia, 9. zenbakiarekin katalogatua –Schuberten zerrendan beste zenbaki batzuk izan dituen arren–, 1825. eta 1826. urteen artean konposatu zen, eta egilearen bizitzako azken urtean, 1828an hain zuzen, berrikuspen garrantzitsu bat izan zuen, Vienako Musikaren
Adiskideen Elkarteko instrumentistek 1827an luzeegitzat eta jotzeko ezinezkotzat hartu ondoren. Berrikusita ere, zoritxarrez ezin izan zen Schubert bizirik zela interpretatu. Hamarkada bat baino gehiago igaro zen lan hark argia ikusi zuen arte, eta bi konpositore handiren elkarlanari esker gertatu zen hori, zeinak, aldi berean, konprometituta baitzeuden beren garaiko musikarekin. 1838an Schuberten hilobira joan zen Robert Schumann, eta, geroago, Franzen anaia Ferdinanden etxean aurkitu zuen partitura, hark gordetzen zituen beste hainbat paper eta eskuizkriburen artean; izugarri gustatu zitzaion lana, eta adierazi zuen lan hura ezagutzen ez zuenak ezin ezagutu zezakeela oso-osorik egilea. Felix Mendelssohnek estreinatu zuen, Schumannek eskatuta; Leipzigeko Gewandhausen Orkestrarekin egin zuen, 1839ko martxoaren 21ean.
Gogoratzen duzue aurreko urrian entzundako bosgarren sinfonia? Arina eta koloretsua, doinu gogoangarriez eta Mozarten graziaz betea. Orduko hartan esan nizuen iritsiko zela urte bakar batzuk geroago Schubert ezagutzeko aukera, baina eraldatua, bizi esperientziaren, Beethovenen musikaren arrastoaren eta, seguru asko, poliki-poliki barrua ahitzen ari zitzaion gaixotasun izugarriaren esperientziaren ondorioz. Horrek guztiak arrastoa uzten du lan monumental batean; ospetsuak dira Schumannek lan hura berraurkitu zuenean esandako hitzak; haren
arabera, horrenbeste himmlische Länge, iraupen edo luzera zerutiarrak, ditu lanak, ezen sinfonia honetan ikus litekeen generoak hurrengo hamarkadetan Brucknerren sorkuntza lanen irekitasunerantz egingo zuen bilakaeraren aierua.
Arriskutsua bada ere iritzi horiek ematea, isiltasunean sortu baitzen eta egilea hil ondoren hamar urtez baino gehiagoz bazterturik eduki baitzuten, egia da lan horretan iragan hurbilaren arrastoak ez ezik, hau da, Beethovenen bulkada sinfonikoa ez ezik –Schubertek horrenbeste miretsia–, etorkizunaren haziak ere
hautematen direla. Ez da belarriaren sena gutxietsi behar, nahiz eta guztiz subjektiboak izan, eta egia da zenbait pasartek ondorengo musika erromantikoaren hotsa dutela, nire sena subjektiboekin fio bazarete, Wagnerren eta Brucknerren musikaren hotsa.
Baina alderdi zehatzagoei erreparatzen badiegu, lan honetan deigarri den lehenengo gauza orkestraren erabilera zabaldua da, protagonismo berezia emanez metalei: tronpen sarrera ospetsua, tradizio oso bat inauguratu zuen pasartea (gogoratu, besteak beste, Brucknerren zazpigarren sinfoniaren abiaburua edo Brahmsen lehenengo sinfoniaren esaldi ederra). Lehenengo mugimenduaren aurkezpenean tronboia aurkituko duzue bakarlari paperean, kutsu iluneko gai batean.
Metalaren distira ez da desagertzen, ezta bigarren mugimenduan ere, non kontraste indartsuez eteten baituen oboearen doinu goxoa; denbora horren azken partean ere, metalen deiek lan osoaren pasarte biziena eragiten dute, doinu ia tragikoarekin; Schubert musikari bakun eta onbera izan zenaren ospea ezeztatzen duen une horietako bat.
Azken batean, energia handiko lana da hau; ikusi nola kraskatzen duten hariek scherzoaren gai herrikoiaren aurkezpenean edo erreparatu muturreko mugimenduak alderik alde zeharkatzen dituen elektrizitateari. Eta zenbait unetan, Schumann, Brahms edo Brucknerrek beren sinfonietan entseatu zuten gai ziklikoaren tratamendua iragartzen dute; hala, tronpen hasierako esaldia hirudun bitartez osatua da, zeinak oinarrizko zelula baitiren lehen mugimenduaren materialerako, eta ideia hori bera itzultzen da, garaipen izaerarekin, mugimenduaren amaieran, hasi bezala amaitzeko.
Entzun lan monumental hau, eta utzi irudimenari hegan egiten: hortik abiatuta, Schuberti urte batzuk gehiago bizitzeko aukera eman izan baliote, nora irits zitekeen?
Edward Elgarren (1857-1934) biolontxelorako Kontzertuak erakusten digu, hain zuzen ere, nora iritsi zen ingeles musikaria. Orain dela hilabete batzuk hogei urte lehenagoko lan bat aipatu genuen, Enigma bariazioak, haren ibilbidearen garairik distiratsu eta promesez beterikoan idatzia; hala ere, bere lanak katalogo batean bildu zituenean, biolontxelorako Kontzertuaren alboan Finis. RIP idatzi zuen. Hamabost urte gehiago bizi izan bazen ere, ez zuen garrantzizko beste lanik idatzi.
Hainbat faktorerengatik irudikatzen du kontzertu goibel honek Elgarren karreraren amaiera: Lehen Mundu Gerra amaitu berriaren inpaktua, osasun kaskarra (itzal baten antzera planeatzen du gaixotasunak egitarau honetako lanen gainetik) eta modaz kanpoko musikari bat izatearen sentimendua; europar musika joerak urrundurik zeuden betidanik leialtasunez jarraitu zioten erromantizismo berantaren estilotik eta entzuleen errespetuak ez zuen jadanik konpentsatzen.
Horri erantsi zitzaizkion estreinaldian izandako zailtasunak: jatorrizko bakarlariak, Felix Salmondek, lan ona egin bazuen ere, Londresko Filarmonikoak ez zuen behar adina entseatu Elgarren beraren zuzendaritzapean eta oso itxura txarra eman zion lanari. Times egunkariko kritikariak adierazi zuen lanak ez zuela gogortasunak markatutako bulkada adoretsurik. Eta horrela izanik, lana bigarren mailan gelditu zen errepertorioan, harik eta 1965ean Sir John Barbirollik, ingeles musikaren babesle handiak (lanaren estreinaldian txeloen atalean jo zuen
orkestrarekin batera), berreskuratu zuen arte, hogei urte besterik ez zituen txelo-jotzaile batekin batera grabatzeko: Jacqueline du Prék (gaztea zela bizitza modu tragikoan eten zitzaion beste bat) horrenbesteko pasioz eta berotasunez interpretatu zuen kontzertua, ezen orduz geroztik funtsezko bihurtu zen bakarlari ororen errepertorioan. Grabazio hark mitoen mailara eraman zituen bai bakarlaria bai lana bera.
Pena da egileak hura ikusi ez izana. Lanak izaera krepuskularra du, eta pasarte bakar batzuetan baino ez dago argitua, azken mugimenduan batez ere. Hasierako errezitatiboak, bigarren mugimenduaren hasieran pizzicato moduan gogoratuak, ematen dio tonua kontzertu osoari. Biolek aurkeztutako ondorengo pieza pastoral tristeak galduriko mundu batekiko oroimin sakona adierazten du, goraldi eta beheraldien bitartez. Lan osoa dago lirika eta agur suhar horrez markatuta. Hurrengo urtean hil zen Elgarren emaztea, Alice, bere bizitzako bidelagun maitatua; ez dago kontzertu eder hau baino agur hoberik.
Iñaki Moreno
Maximiliam Hornung, violonchelo
Maximilian Hornung izugarrizko arrakasta lortzen ari da nazioarteko musikaren eremuan, bere musikaltasun harrigarriari, instintuzko ziurtasun estilistikoari eta heldutasunari esker. Hainbat orkestrarekin batera jarduten du, hala nola London Philharmonic, Pittsburgh Symphony, Philharmonia Orchestra, Tonhalle Orchestra Zurich eta Symphonieorchester des Bayerischen Rundfunks orkestrekin, Mariss Jansons, Esa-Pekka Salonen, Yannick Nézét-Séguin eta Manfred Honeck maisuen zuzendaritzapean. Ganberako musikaren esparruan maila handiko artistekin aritzen da lankidetzan, besteak beste, Hélène Grimaud, Christian Tetzlaff, Lisa Batiashvili, Yefim Bronfman, Lars Vogty Tabea Zimmermannekin. Salzburgo, Rheingau, Lucerna, Verbier eta Raviniako jaialdietan parte hartzera deitu izan dute.
ECHO Klassik saria irabazi zuen lehenengo albumarekin (Sony 2011) eta Bamberg Symphony orkestrarekin grabatutako Dvoraken biolontxelorako kontzertuarekin (Sony 2012). Horiez gainera, honakoak grabatu ditu: Richard Straussen biolontxelorako lanak, Symphonieorchester des Bayerischen Rundfunksekin eta Bernard
Haitinken zuzendaritzapean (Sony 2014), eta Joseph Haydnen biolontxelorako kontzertuak, Kammerakademie Potsdam eta Antonello Manacordarekin (Sony 2015). 2017an, Deutsche Grammophon etxeak Schuberten “Latrucha” kintetoaren grabazioa kaleratu zuen, besteak beste, Anne-Sophie Mutter eta Daniil Trifonovekin.
2018an, Myrios Classics etxeak Dmitri Shostakovitchen eta Sulkhan Tsintsadzen biolontxelorako bigarren kontzertuen grabazioa argitaratu zuen, Deutsches Symphonie-Orchester Berlin orkestrarekin.
Maximilian Hornung Augsburgon jaio zen, 1986an, eta zortzi urte zituela hasi zen biolontxeloa jotzen. Eldar Issakadze, Thomas Grossenbacher eta David Geringas izan ditu irakasle, besteak beste, eta Anne-Sophie Mutter Circle of Friends Foundation eta Borletti-Buitoni Trust London erakundeen babesa izan du.
Erik Nielsen, zuzendaria
Erik Nielsen Bilbao Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra da 2015eko irailetik.
2016-2017 denboralditik, Basileako Antzokiko musika-zuzendaria ere bada.
Erik Nielsenek Filadelfiako Curtis Musika Institutuan ikasi zuen zuzendaritza, eta oboean eta harpan espezializatuta graduatu zen New Yorkeko Juilliard Schoolen.
Berlingo Orkestra Filarmonikoko Akademiako kidea izan zen, eta harpa jo zuen han.
2009ko irailean, zuzendaritzaren saria eta Solti Fundazioak Amerikako Estatu Batuetan ematen duen beka eskuratu zituen.
Opera-errepertorio zabala dauka, zenbait erakunderekin, hauekin, besteak beste: Frankfurteko Opera, English National Opera, Boston Lyric Opera, New Yorkeko Metropolitan Opera, Erromako Opera, Dresdengo Semper Opera, Hedelango Opera Jaialdia, Berlingo Deeriknielsnutscher Oper, Sao Carlosko Teatro Nazionala, Malmoko Operaren Antzokia, Zuricheko Operaren Antzokia, Bregenzeko Jaialdia, Eliseo Zelaietako Antzokia Parisen, ABAO, Hungariako Opera Nazionala eta Galesko Opera Nazionala.
Orkestraren esparruan, hauek zuzendu ditu, besteak beste: New World Symphony, Genevako Ganbera Orkestra, Frankfurteko eta Stuttgarteko irratietako orkestra sinfonikoak, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa, Lisboako Orkestra Sinfoniko Portugaldarra, Strasbourgeko Filarmonikoa, Luxemburgeko Filarmonikoa, Hego Westfaliako Filarmonikoa, Ensemble Moderm eta Erresuma Batuko Northern Sinfonia.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak
Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo
Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro
0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.
Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.
ONE eta Mahlerren “Titán”
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”
Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria
Ganbera 4
Lekua: Euskalduna Jauregia
B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin
M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea
Mundu Berriko sinfonia
Lekua: Euskalduna Jauregia
J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”
Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria