Kontzertuak
BOS 08
Abono de Iniciación
Brahms eta Wagner, ondo konpontzen diren arerioak
Erik Nielsen, zuzendaria
Martin Helmchen, pianoa
RICHARD WAGNER (1813 – 1883)
Sigfridoaren idilioa
JOHANNES BRAHMS (1833 – 1897)
2. Kontzertua piano eta orkestrarako Si bemol Maiorrean Op. 83
I. Allegro non troppo
II. Allegro appasionato
III. Andante
IV. Allegretto grazioso
Martin Helmchen, pianoa.
Iraup.: 70’ (g.g.b)
DATAK
- 04 otsaila 2021 Euskalduna Jauregia 12:00 h. Sarrerak Erosi
- 04 otsaila 2021 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 05 otsaila 2021 Euskalduna Jauregia 17:00 h. Sarrerak Erosi
- 05 otsaila 2021 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Nor duzu maiteago, Brahms ala Wagner?
Musikaren historiak, neurri batean gizakiok gatazkak sortzeko dugun grina ulertezinak gidatuta, etsai bateraezin gisa aurkezten ditu programa honetako bi protagonistak, Richard Wagner (1813-1883) eta Johannes Brahms (1833-1897). Biek, erromantizismo alemaniarraren bi arimak irudikatzen dituzte, XIX. mendearen bigarren erdian eboluzionatu zuenari jarraituz, jada Beethovenengandik zetorren hasierako bultzadatik eta erabat erromantikoa zen lehen belaunaldiaren espiritu batasun erlatibotik urrun (Mendelssohn, Schumann eta haien garaikideena, gazte hil zirenez gero, mende horren lehen erdian bakarrik bizi eta lan egin ahal izan zutenak).
Zalantzarik gabe, bi konpositoreak sinbolo bihurtu diren oposizio horretan badago zerbait egiazkoa. Mende horretan zehar germaniar orbitako musikari handi guztiek bezala, Brahmsek eta Wagnerrek Beethovenen seme-alabatzat jo zuten beren burua, euren kasuan, ia bilobatzat, belaunaldi berantiarragoa izan baitziren. Baina esan genezake Brahmsek aitonaren herentzia jaso zuela Schumannen bidez, alegia, aholkulari eskuzabala zenaren bidez, eta Bonneko jeinuaren ekarpen handietako bat gorenera eramatea egokitu zitzaiola: egitura klasikoak modu ezberdinean garatzeko gaitasuna, betiere, zelula bizi bihurtzen diren gai sortzaileetatik abiatuta, izaki bizidun gisa, gorputz organiko gisa, elkar adarkatu eta fruitu bilakatuz. Brahmsek bere lanak doitzeko, bere barne batasuna eta koherentzia lortzeko, bere musikaren motiboak garatzeko eta bere aukera guztiak ateratzeko etengabe egindako borrokak Beethovenen jarrera islatzen du lanik txundigarrienetako batzuetan, hirugarren edo bosgarren sinfonian kasu. Brahmsi urte asko kostatu zitzaion bere lehen sinfonia egiten ausartzea, aurrekoaren handitasunaz jabetuta. Baina ahalegin horren emaitza "Beethovenen hamargarrentzat" jo izan da, ahaidetasun hori adierazita.
Wagnerri dagokionez, ordea, jarraitu beharreko eredua maisuaren obraren beste alderdi batetik dator batez ere; ezaugarri hori bederatzigarren sinfonian nabarmentzen da paregabeki, hain zuzen ere, arte- eta giza idealak egitura konplexu eta multiformean islatzen dituen eta iraganeko formen mugak hausten dituen obra handi bat eraikitzeko irrikaren intentsitatean. Sinfonia handi honek, normalean instrumentalaren garbitasun abstraktuari dagokion eremuan, honakoak uztartzen ditu nahasketa grinatsu batean: ahotsak, testu poetikoa eta, izatez, Beethovenen ideia filosofiko eta erlijiosoak. Horixe izan zen Wagnerrek genero berri bat asmatzeko baliatutako irrikaren hazia, drama musikala, espirituaren sorkuntza guztiak barne hartzeko bezain zabala, alegia, erabateko artelana (Gesamtkunstwerk).
Ezberdintasun horietatik abiatuta, bi sortzaile handien garaikideek euren armak zorroztu zituzten egunkarietako tribuna publikoetan eta kontzertu aretoetako korridoreetan elkarri aurre egiteko. Franz Liszt, Wagnerren laguna eta gero aitaginarreba, ohiko grinarekin, etorkizuneko musikaren aitzindaria izan zen eta ahalegin eraldatzaileak egin zituen bere poema sinfonikoetan musika programatikoaren aukerak garatzeko eta mundu harmonikoa kromatismoaren bidez hedatzeko, Wagnerrek batez ere Tristan eta Isoldaren bidez egin bezala. Horiek ikusita, Eduard Hanslickek burdinazko eskuaz gidatutako kritika kontserbadoreak gehiegikeria horien aurka jo zuen, eta Brahmsen musika instrumentala egin zuen ospetsu, eredu klasikoekiko errespetu eta euste eredu gisa, wagneriar dramen nahasketa hipererromantiko nahasi horrek saihestu nahian; hala, musika bere esparruan mantendu zuen, edertasun zehatz eta garbian.
Izan ere, programa honetako bi lanek argi erakusten digute nola jarduten zuten bi sortzaileek. Brahmsen kontzertua luzaroan hausnartutako lan bat da, pianorako bere lehen kontzertua eman eta hogeita bi urtera sortua (egilea bere gaitasunak erakusteko genero honetaz askoz gehiago balia zitekeen interprete bikaina izanagatik ere); lan honetan emozioen intentsitate handia aurkituko dugu, bai eta ideia orokorretatik haragoko hitzetan adierazteko zailak diren zirrarak ere. Wagnerren Idilioa, ordea, bizitza eta musika uztartzen dituen lan bat da, bere egoera pertsonalari, familiari eta maitasunari buruzko erreferentziaz betea.
Baina gure egoera pribilegiatuak, gatazka haren ondorengo mende eta erdiak igarota, aukera ematen digu liskarrean ez kokatzeko eta, bestela bada ere, bi proposamenez gozatzeko. Garai hartako adibide batzuek ere erakusten zuten bi jenioekiko miresmena uztar zitekeela. Hans von Büllow, Wagnerren zale porrokatua izan eta, aldi berean, hainbeste barkatu zion orkestra-zuzendari handia (gero kontatuko dizuet…), Brahmsengandik ere oso gertu egon zen eta, egia esan, bere bigarren kontzertuaren estreinaldia zuzendu zuen, gaur entzungo duguna. Eta XIX. mendeko orkestra zuzendaritzako beste Hans handia, Hans Richter (Wagnerrekin elkarlanean aritu zena Sigfridoren Idilioaren entseguetan eta estreinaldian), bi maisuen musikaren sostengatzaile sutsua izan zen haien karrera osoan zehar. Franz Lisztek berak, von Büllowk Brahmsen kontzertuaren partitura helarazi zionak, zera esan zuen berari buruz: "Lehen irakurraldi batean, obra grisa iruditu zitzaidan. Baina pixkanaka hobeto ulertu dut. Uste dut baduela arte-lan nabarmen baten elokuentzia, eta bertan, gainera, gogoeta eta sentimendua harmonia noblean elkartzen dira"; hitzok oso eskuzabalak izan ziren (eta oso argigarriak, gainera) ustezko etsai batengandik etortzeko. Beraz, hain pertsonaia tente eta harroek Wagner miresteko Brahmsi aurre egin behar izan ez bazioten, edo alderantziz… zergatik egin behar genuke guk maisu baten alde hainbeste denbora igarota?
Areago, programa osatzen duten bi lanak desberdinak bezain bikainak izanik.
Lehenengoak behin baino gehiagotan aldatu zuen izena, gaur egungoarekin argitaratu zen arte: Sigfridoren Idilioa. Lanaren jatorria, nioen bezala, Richard Wagner egilearen bizitzaren zirkunstantzia batean aurkitu behar da. 1870ean, sei urte elkarrekin bizi eta hiru seme-alaba izan ondoren, Cosimarekin ezkondu zen, bere bizitzako pertsonarik maiteenarekin. Imajinatu kalapita eta eskandalua: biak ezkonduta zeudela hasi ziren harremanetan (eta Cosimak aldez aurretik bi seme-alaba, gainera); Richard lehenago ere banandu zen bere aurreko emaztearengandik, Minna Planerrengandik, baina Cosimak bere senarra utzi zuen, arestian aipatua izan den Hans von Büllow, nork, maisuarekiko mirespenaren kariaz, barkatu eta aurrera jarraitu zuen. Haserretu zena, Cosimaren aita izan zen, Franz Liszt; hala ere, aurrerago baretu egin zen, beharbada, gogoratu zenean alaba Marie d ‘Agoult kondesarekin ezkontzaren bidez bedeinkatu gabeko harremanen fruitua izan zela. Gainera, korapiloa gehiago estutzeko, maiteminduek hogeita lau urteko aldea zuten. Eskerrak orduan ez zegoen denok buruan darabilgun telebista katea, honetatik guztitik txinpartak aterako baitzituen.
Kontua da, bere ezkontza berriaren zoriontasunak bultzatuta, azkenean lortu zuela Wagnerrek Cosimaren hogeita hamahirugarren urtebetetzea ospatzea, 1870eko Eguberri egunean, eta horretarako obra bat sortu zuela, Tribschen-eko etxearen eskaileretan sartzen ziren musika-tresnen kopuru zehatz batek, hamahiru inguruk, interpretatua izateko pentsatua, Luzernako aintziraren ondoan (idiliko izateko egokia zen paisaia, zalantzarik gabe), eta zenbait musikariri agindu zien interpretatzeko, gorago adierazi bezala, Hans Richterren zuzendaritzapean. Hainbestekoa izan zen zuzendari handiaren inplikazioa, tronpeta jotzen ere ikasi baitzuen, instrumentu honen zatiak obran zituen konpas apurrak berak egiteko.
Sekretupean entseaturik, egun seinalatuan estreinatu zuten eskailera haietan, omendua goizean goiz esnatzeko. Utz diezaiogun berari bere inpresioak kontatzen: "Esnatu nintzenean soinu bat entzun nuen. Indartsuago egin zen. Ezin nuen imajinatu ametsetan ari nintzela: musika bat entzuten ari zen, eta zer-nolako musika! Desagertu zenean, R. niregana etorri zen bost umeekin, eta bere urtebetetze opari sinfonikoaren partitura nire eskuetan jarri zuen. Ni negarrez ari nintzen, baina etxeko zerbitzari guztiak ere bai; R.k eskaileretan jarria zuen bere orkestra, eta honek gure Tirbschen betiko egin zuen ospetsu! Tribscheneko Idilioa –horrelaxe du izena obrak…”
Horra hor piezak izandako lehendabiziko bi izenburuak: "Urtebetetzeko opari sinfonikoa" (eta partiturak Fidi, bikotearen semeen artean gazteena zen Siegfried izen familiarrari eta haren laranja-irribarreari buruzko erreferentziak gehitzen zituen) eta “Tribscheneko Idilioa”. Horrela jarraituko zuen ezaguna izaten Wagnertarren familiaren esparruan, bertan iraun beharko baitzuen; hala ere, urte gutxi batzuk geroago familiaren zailtasun finantzarioek talde instrumental handiago batentzako konponketa bat egitera behartu zuten, eta bere lehen hartzaileak atsekabe handia hartu zuen, altxor intimo bezala mantentzea nahiago baitzuen. Honela, bere egungo izena, Sigfridoren Idilioa, jarri zioten, Fidi gazteari men eginez, bai eta, piezaren material tematiko asko, izen bereko draman berraurki daitekeelako ere, Tetralogia osatzen dutenetako hirugarrenean (Wagnerren lan titanikoa). Ezagutzen baduzue, ziur gai asko entzunak izango dituzue.
Horien artean garrantzitsuena, obraren lehen atalean oso zabal garatzen dena, Brünhild eta Siegfried bikoteetan nagusi den melodia da. Bere edertasunak, noski, Cosimaren zirrara justifikatzen du lehen aldiz entzun zuenean, eta idilioaren ideiara ezin hobeto egokitzen da. Wagnerrek, urte batzuk lehenago sortu zuela adierazi zuen, Cosimarekin zuen harremana hasi zenean, elkar ezagutu zuten Suitzako paisaia idiliko horietako batetik paseatzen ari zirela. Hemen behar adina denbora hartu zuen obratik posibilitate guztiak ateratzeko, geure buruaren gozamenerako eta gu moralki gozatzeko; azken finean, kontua zen Cosima poliki-poliki esnatzea. Geroago, oboean, nana alemaniar ezagun baten doinua sartu zuen, bikoteari, bere seme-alabak oheratzeko balio izaten ziona. Beste doinu batzuek Tetralogiako beste Sigfrido handiago hori gogoraraziko zieten: tronpa deiak, txorien kantuak…
Imajina ezazue horrela esnatzea norberaren urtebetetze-eguneko goizean; ohean luzaroago geratu nahi izaten dugun hamabost minutu horietan melodia honek kulunkatuta eta samurtasun handiz laztanduta.
Gaur egun interpretatzen den egilearen ia lan sinfoniko huts bakarra da, guztion ondare bihurtzea beharrezkoa egin zuten estutasun ekonomiko haiei esker, ia 1870eko Gabonetako goiz hartako intimitatean jarriko bagina bezala, Cosima Wagnerren esnatze idilikoa zelatatzeko.
Urte batzuk beranduago, 1881ean, Johannes Brahmsen obrarik txundigarri eta osoenetako bat estreinatu zen Budapesten (musikaria osotasun musikal beteko garaian sartzen ari zen). Hogei urte pasatxo zituela egin zuen pianorako lehen kontzertua, grinatsua eta tragikoa. Orain, lengoaia heldu baten jabe, ordurako erabat finkatutako musikari bihurtua (Vienan bizi zena eta wagneriarrekin eztabaidan hasteari uko egiten ziona), prest zegoen gaztaroko lan hari erantzuteko bigarren kontzertu monumental baten bidez, zeinak, ironiaz, Clara Schumanni aurkeztu baitzion (alegia, bizitza osoko bere maitasun platonikoari), "kontzertu txiki baten gisa, scherzo txiki eta alai bat eta guzti".
Hiru urte lehenago hasi zen hura zirriborratzen, Italiara bederatzi bidaia egin ondoren, baina aparkatuta eduki zuen biolinerako kontzertuan lan egiteko. Azkenean, estreinatu zenetik, arrakasta itzela lortu zuen, etenik izan ez duen arrakasta. Errepertorio handiaren barruan teknikoki gehien eskatzen duen kontzertuetako bat da, baina bere zailtasuna ez da piroteknia birtuosistiko hutsean geratzen, baizik eta bere baliabideen guztiz jakitun dagoen Brahms honen espresioaren zerbitzura dago, bizia baina erabat kontrolatua.
Obraren egitura orokorrak ezusteko bat ematen digu: lau mugimendu ditu, ohiko hiruren ordez. Brahmsek aipatu zuen "scherzo txikia" bigarren ustekabeko mugimendu bat da, berak azaldu zuenez, lehen mugimendu "sinpleegi" batekin kontrastatzeko; hala ere, ziur aski bere egilea bera baino ez zen horrela kalifikatzera ausartuko. Tronpa gogoangarriko bakar batekin hasten da, gai nagusia, lasaia eta fraseatze askokoa txertatzen duena, baina hortik aurrera aberastasun tematikoak, doinu-giroen barietate handiak eta Brahmsen egitura pianistioaren ohiko dentsitateak konplexua eta osoa bilakatzen dute. Hala ere, egia da egileak, bere izaerari leial eutsiz, klasizismotik eta Beethovenengandik jasotako sonata moldea mantentzen eta zabaltzen duela. Ohiz kanpokoa da nola lortzen duen egitura-sendotasuna eta adierazpen-aniztasuna konbinatzea.
Hala ere, egia da scherzoak, bere intentsitate dramatikoagatik, kontraste handia eragiten duela. Bere hasiera boteretsuak arnasarik gabe eta borrokarik gabe uzten gaitu ondoren, lehenik pianistaren eskuetan eta gero orkestrarenean nagusitzeko (eta dagoeneko bi hasiera gogoangarri ekarri ditugu gogora). Eta, sinfonietako scherzoetan bezala, hirukotearen erdiko sekzio bat dago gai nagusitik itzuli aurretik. Itxura sinfoniko handiko zerbait da, hain zuzen ere, mugimendu erantsi horrek ematen duena.
Hirugarrenak ahaztezina den hirugarren hasiera bat gehitzen du: ia hiru minutuz biolontxelo-jotzaile bakarlaria protagonista da, lehen mailako sortzaile bat definitzen duen melodia baten bidez; Brahmsek, aurrerago, abesti baterako berrerabiliko zuen: immer leiser wird mein slummer. Bide batez, piano-jotzaileak atseden hartzeko parada du scherzo nekagarriaren ondoren. Giro ameslariak, hala ere, bide ematen dio lasterrera egonezinak astindutako erdiko sekzio bati.
Lana errondo baten bidez amaitzen da; bertan bigarren gai bezala aurkitzen dugu egilearen gustura hungariar erara atondutako doinu horietako bat. Aurrekoek bezala, mugimendu honek, klasizismoan heldu ziren formen oinarrizko trazak mantentzen ditu, eta Beethovenekin hasi ziren garatzen, gero eta modu konplexuagoan baina moldeak hautsi gabe eta haien potentzialak ahalik eta gehien baliatuz; hori Brahmsek landu zuen nabarmenki.
Wagneriar idilioa egilearentzat eta bere familiarentzat berebiziko garrantzia zuten hainbat lerroz gurutzatua egonik ere, Brahmsen kontzertuan ez zen erraza izango bere bizitzako pasarte zehatzak arakatzea edo emozio espezifikoak definitzea, bere adierazpen-intentsitate paregabea lengoaia musikal hutsaren mugetan mantentzen baita. Eta horrek ez du esan nahi gu axolagabe uzteko arriskurik txikiena dagoenik, guztiz kontrakoa baizik: maisulan horretan sakonki eta barietate handienarekin baiezta dezakegu zuek eta biok, musikaren maitale leialok, ondo dakiguna: esperientzia gutxi daudela, ondo eraikitako soinuak zapaltzen, laztantzen, astintzen edo lasaitzen uztea bezain zirraragarriak.
Azken finean, bi pieza zoragarri. Beraz, nire gomendioari jarraituz gero, ez zaitezte arduratu Brahms edo Wagnerren alde egiten; goza zaitezte biez, nahiz eta denok dugun gure bihotza, eta, funtsean, polemika gustatzen zaigu, ezta? Nik iruzkingilearen neutraltasunari eutsi behar diot, beraz ez dizuet esango nor dudan gogokoena borroka honetan, soil-soilik esango dizuet begi urdin ederrak eta bizar luzea zituela.
Iñaki Moreno Navarro
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak
Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo
Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro
0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.
Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.
ONE eta Mahlerren “Titán”
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”
Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria
Ganbera 4
Lekua: Euskalduna Jauregia
B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin
M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea
Mundu Berriko sinfonia
Lekua: Euskalduna Jauregia
J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”
Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria