Kontzertuak

BOS 09

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa
Manuel Hernández-Silva, zuzendaria

Fernando Remacha (1898 – 1984):  Jai-kartela
I. Txupinazoak
II. Prozesioa
III. Andereñoak zezenetan
IV. Jotak

Sergei Prokofiev (1891 – 1953): 2. kontzertua piano eta orkestrarako sol minorrean Op. 16

I. Andantino. Allegretto
II. Scherzo. Vivace
III. Intermezzo. Allegro moderato
IV. Finale. Allegro tempestoso

Kun Woo Paik, pianoa

Robert Schumann (1810 – 1856): 2. sinfonia Do Maiorrean Op. 61
I. Sostenuto assai – Un poco più vivace
II. Scherzo (Allegro vivace)
III. Adagio espressivo
IV. Allegro molto vivace

DATAK

  • 17 urtarrila 2019       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 18 urtarrila 2019       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

ERBESTEAZ ETA ITZULERAZ

Gaurko kontzertua abiatzeko, hona hemen Fernando Remacharen (1898-1984) lan bat, Jai-kartela izeneko suite bizi-bizia. 1946an idatzi zuen, pianoarekin jotzeko, eta, urte hartan bertan, ekainaren 26an, sari bat eskuratu zuen Iruñeko Udalak antolatutako lehiaketa batean.

Remachak transkribatu eta egokitu zuen lana orkestrarako, eta Bilboko Buenos Aires Antzokian estreinatu zen, 1947ko abenduaren 28an, Bilboko Udal Orkestraren eskutik. Orkestrarako bertsioak ere jaso zuen saririk: konposaketa onenaren Vianako printzearen saria, 1947an.

Lau mugimenduz osaturik dago Jai-kartela: «Txupinazoak», «Prozesioa», «Andereñoak zezenetara» eta «Jotak». Lanak, jakina, festa-giroa islatzen du, eta sustrai herrikoiak ditu; edonola ere, Remachak obra bizi-bizi bat osatu zuen, dibertigarria, orkestrazio dotore bat erabiliz eta keinuak eginez bere ondare musikalari eta 27ko sortzaileen iruditegiari: bertako kontuei eta folkloreari, betiere halako mintz intelektual bat gehituz, Europako abangoardiei segika. Gainera, lan horri esker argitara etorri zen ordura arte eta urte luzez, luzeegiz, ilunpetan egondako gizona, ordura arte apenas ezagutzen baitzuten hala herrikideek nola kanpotarrek.

Izan ere, Fernando Remacharen kasuak ondo baino hobeto islatzen du bere garaiko intelektual askori egokitu zitzaien patu tristea, Gerra Zibila amaitu ostean barnera erbesteratu baitziren.

Tuteran jaio zen, baina gazterik joan zen Madrilera bizitzera, eta hantxe egin zituen musikako ikasketak. Errepublika garaia zen eta pil-pilean zegoen Madril, hantxe zebiltzan 27ko belaunaldia eta Ikasleen Egoitza, arlo guztietako sormenaren eta esperimentazioaren hauspo. Remacha, musikaria zen aldetik, Madrilgo Taldeko kidea zen, beste hauekin batera: Salvador Bacarisse (1898-1963), Gustavo Pittaluga (1906-1975), Julián Bautista (1901-1961), Juan José Mantecón (1895-1964), Rosa García Ascot (1902-2002) eta Halffter anaiak, Rodolfo (1900-1987) eta Ernesto (1905-1989). 27ko belaunaldiaren ildo eta garai berean sortu zen Madrilgo Taldea; iruditegi estetiko komun bat eraiki nahi zuten, eta hura txertatu Europako abangoardian, baina ez zituzten sustrai nazionalak galdu nahi. Espainia, Europara irekirik. Modernitatea, tradiziotik abiatua.

Aldarte horrek alderik alde zeharkatzen du Remacharen obra: obra eklektikoa da, oso, eta han biltzen dira nazionalismoa, neoklasizismoa, neoerromantizismoa, inpresionismoa, eta halako joera atonal bat. Haren partituretan badago hainbat konpositoreren zipriztinik, hala nola Falla, Albéniz, Debussy, Ravel, Bartók, Stravinsky, Himdemith, Schönberg eta Malipiero.

Gerra hasi zen, ordea. Remacha, jakin-min handiko gizona izaki, Erroman bizi zen garai hartan, beka bati esker, eta, itzuli zenean, Filmófono-n jardun zen (askotariko lanak egin zituen musikaren eta zinemaren inguruan, eta Luis Buñuelekin ere egin zuen lan); musikaren hiru sari nazional jaso zituen (1932an, 1938an eta 1980an), beti egon zen kanpokoa jasotzeko prest, iraganeko eta abangoardiako musikari handiak ezagutu zituen, baina gerrarekin batera, jaioterrian hartu behar izan zuen babesa, Tuteran. Iluntasuna aukeratu zuen baina ez zion sekula utzi konposatzeari, eta irakaskuntzan ere ibili zen. Gero, Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioan aritu zen zuzendari, eta, aldez edo moldez, arrastoa utzi zuen, eta bere jakinduria zabaldu, bi arloetan: irakaskuntzan eta sormenean. Hala ere, deitoratzeko modukoa da gertakari politikoen ondorioz haren ibilbidea eten izana, eta ezinbestean galdetzen diogu gure buruari ea nolakoa zatekeen bere bidea, baldin eta, beste askoren eran, aske eta oso garatzeko aukera izan balu.

Sergei Prokoviev (1891-1953) konpositoreak, berriz, Remacharen justu aurkako bidea egin zuen. Hark sortu zuen gaur entzungo dugun bigarren lana: 2. kontzertua piano eta orkestrarako, sol minorrean, op. 16. Prokovievek, izan ere, arrakasta handia bildu zuen; pianojole sonatua zen, harat-honat ibili zen munduan barrena, eta jo eta ke aritu zen lanak konposatzen. Hala, Errusiatik eta bertan nagusi zen ideologiatik urrundu egin zen tarteka, eta, tarteka, hurbildu.

Gazterik hasi zen musikan, haur bat baino ez zela idatzi zuen lehenengo opera. Konposaketa, pianoa eta orkestra ikasi zituen kontserbatorioan, eta han ezagutu zuen, besteak beste, Rimski-Korsakov maisua. Hala ere, Prokoviev gaztea bere estiloaren bila zebilen, eta baita topatu ere, handik zenbait urtera: melodia aberatsak sortu zituen, oso pertsonalak eta agorrezinak, batzuetan osagai atonalak eta politonalak erabiliz, eta leial eutsi zion musika errusiarraren espirituari, baina, betiere akademizismoari eskapo eginez, eta, orobat, iraganaren iturritik edanez.

Obra mordoxka bat sortu zuen, eta arlo asko jorratu. Besteak beste, halakoak idatzi zituen: pianoarentzako piezak, ganbera-musika, sinfoniak, orkestra suiteak, kontzertuak, operak, balletak, antzerki eta irratirako musika, soinu-bandak eta musika bokala. Ez hori bakarrik, alor ia guztietan sortu zuen lan aipagarriren bat, adibidez, Hiru laranjen maitasuna (opera), Romeo eta Julieta (balleta), 1. sinfonia, op. 25 «Klasikoa», Peru eta otsoa (narratzaile batek eta orkestrak emateko) eta Ivan Izugarria (Eisenstein zuzendari sonatuaren filmaren soinu-banda).

Pianoarentzako 2. Kontzertua 1912 eta 1913 bitartean sortu zuen, eta bere buruaz beste egin zuen lagun bati eskaini zion. Lanaren zirriborroa, baina, sute batean galdu zen, eta Prokovievek bertsio bat berridatzi zuen 1923an. Itxura denez, bi bertsioak guztiz ezberdinak ziren, hainbeste, ezen autoreak berak Laugarren kontzertutzat jo baitzuen 1923an sortutako bertsioa (Hirugarren kontzertua, do maiorrean idatzia, op.26, 1921ean sortu zuen, eta horixe jotzen da gehien gaur egun).

Behin betiko bertsioa 1924an estreinatu zen, Parisen, Serge Koussevitz zuzendari zela. Konpositoreak berak jo zuen pianoan, eta ikus-entzuleek eta kritikariek ezberdin hartu zuten.

Obra zaila da teknikaren aldetik; lau mugimenduk osatzen dute eta ez dute berdin irauten, izan ere, bigarren eta hirugarren mugimenduak beste biak baino askoz laburragoak dira. Lehenengo mugimenduaren amaierako kadentzia oso zaila da, pianoaren errepertorioko pusketa zailenetako bat.

Andantino-Allegretto-Poco meno mosso-Tempo I (Andantino)

Andantino. Sarrera labur bat egin eta berehala, hirugarren konpasetik aurrera melodia iradokitzaile bat dakar pianoak, oktaba-lerroen tema hautsi bat, eta, horrekin batera, orkestraren laguntza sotila. Atalak aurrera egin ahala, areagotu egiten dira hala intentsitatea nola konplexutasuna, eta, azkenean, Allegrettoa dator, pianoaren eta egurrezko haizeen arteko elkarrizketa epel bat, sokek atzealdean jo bitartean. Poco meno mosso dator gero: orkestrak bakarrik jotzen ditu zenbait konpas, eta, ondoren, hortxe dator kadentzia, hasierako teman inspiratua, pasio handikoa eta goria da, eta sekulako birtuosismoa dario. Tempo I zatiak, ordea, laburbiltzeko balio du, eta pianoak jotzen du hasierako tema.

Scherzo (Vivace). Gar itxurakoa da, ez dio atsedenik ematen pianoari, halako «arimadun makinismo» bat iradoki lezake.

Intermezzo (Allegro Moderato). Trinkoa eta oso-oso indartsua da, baina baditu halako lirismo-ukitu batzuk ere. Edonola ere, orokorrean, halako bidaia kontzentriko baten sentipena ematen du.

Finale. Allegro tempestoso-Meno mosso-Piùmosso (Allegro)-Meno mosso (Moderato)-Allegro tempestoso. Azken mugimenduan txandaka datoz diskurtso oparo eta larriak eta halako pasarte bilduago batzuk. Pianoak pasarte zoragarriak ditu, bestetan baino lirikoagoak, eta ideia asko helarazten dituzte musika-tresna guztiek. Amaieran, pianissimo harrigarri bat dator (eta sinetsiko dugu hortxe bukatu dela obra), baina benetako itxiera ondoren dator: laburpen gisa balio duen Allegro tempestoso liluragarria.

1845 eta 1846 bitartean idatzi zuen Robert Schumannek (1810-1856) 2. Sinfonia, do maiorrean, op.61, eta 1846ko azaroaren 5ean estreinatu zuten Leipzigeko Gewendhaus aretoan. Felix Mendelssohnek zuzendu zuen orkestra. Konpositoreak berrikusi egin zuen, hiru tronboi erantsi, eta, handik hamaika egunera, orkestrak berriro jo zuen obra. Sinfonia horrek mugarria ezarri zuen autorearen musikan eta bizitzan.

1840an, Clara Wieckekin ezkondu zen Schumann, eta Leipzigera joan ziren biak bizitzera. Garai hartan, Schumann jo eta ke hasi zen musika konposatzen, maitasunaren sukarrak jota: pianoa izan zuen itsasargi (ezin zuen bestela izan, Wieck pianojole famatua baitzen), eta ahotsa izan zuen oinarrizko erreferentzia. Gainera, sasoi hartan, bizkor-bizkor konposatu zituen lanak. Bestalde, azpimarratzekoa da bikotea oso zoriontsu bizi izan zela garai hartan. Urte hartan, adibidez, ehundik gora lieder sortu zituen Schumannek (besteak beste, Frauenliebe und Leben, op.42 eta Dichterliebe, op.48, bikainak).

1844an, ordea, Errusian barrena bira bat egin eta gero, osasun-krisi batek jo zuen Schumann; hura izan zuen lehena. Dresdenera joan ziren bizitzera, eta dena aldatu zen. Buruko gaitzaren itzalek hartu zuten konpositorea. Pianoa erabiltzeari utzi zion, eta konposizio-metodo intelektual eta abstraktu bati heldu; gainera, patxada handiagoz lotu zitzaion lanari. Kontrapuntua aztertzeari ekin zion buru-belarri, eta Bachi begira jarri zen. Horren guztiaren adibide nabarmena dugu 2. Sinfonia.

Hain zuzen ere, partitura osoa dago Bachi egindako keinuz josirik, izan keinu nabarmenak edo sotilagoak (batez ere, Ofrenda Musikalari egin zizkion keinuak, BWV 1049). Haydn eta Beethoven ere ekarri zituen gogora.

Sostenuto assai-Allegro ma non troppo. Preludio koral batekin hasten da sinfonia, Bachen forma kuttunarekin. Preludio ederra eta barea da, eta, oinarrian, Haydnen «Londres» Sinfoniako, op.104, hasierako fanfarria dago. Ondoren, Allegro ma non troppo bat dator, Beethovenen kutsu nabarmenarekin: tema erritmiko soil bat hartu eta sakon garatzen du, motor erromantikoaren energiak hauspoturik.

Scherzo (Allegro vivace). Distiratsua da, ez du apenas atsedenik ematen, eta, hala orkestra nola zuzendaria, biak luzitzeko puska aproposa da. Bi hiruko ageri dira, desberdinak: lehena, dinamikoagoa; bigarrena, lirikoagoa. Erreferentziak topatuko ditugu etengabe. Adibidez, bigarren hirukoan, BACH motiboa agertuko zaigu (si bemol, la, do, si naturala; nota alemanen arabera betiere). Mugimenduaren amaieran, berriz, berriro agertuko da Haydnen fanfarria.

Adagio espressivo. Izugarri ederra da, emozio erromantikoz betea dago, baina halako pathos barroko nonahiko batek geldiarazten du. Pertsonala eta hunkigarria.

Allegro molto vivace. Berriro helduko zaio lehen mugimenduko energiari eta espirituari, eta, hala, esker oneko kantuz itxiko da obra. Kantu horrek festa-giroa dakar, eta oso ondo eraikita dago. Schumannek eskerrak eman zizkion bizitzari orokorrean eta Clarari zehazki (keinu bereziak egin zizkion), eta hainbat motibo txertatu zituen, zaharrak eta berriak: Bach, Beethoven, Haydn eta bere melodia propioak. Hori guztia txirikordatzeko, erritmo punteatuak baliatu zituen, zeinak oso ohikoak baitira Schumannen errepertorioan.

Teresa Merino Guereñu

KUN WOO PAIK – Pianoa

Kun-Woo Paik bere belaunaldiko pianistarik handienetakoa da. 1974an debutatu zuen Europan lehenengoz; Londreseko Wigmore Hallen ondoz ondoko hiru errezitaldi egin zituen, eta beste bat egin zuen gero Berlingo Philharmonien. Ordutik, elkarlan estuan aritu izan da, besteak beste, zuzendari hauekin: Lorin Maazel, Mariss Jansons, Long Yu, Sir Neville Marriner, Wolfgang Sawallisch, Jiří Bĕlohlávek, Dmitri Kitaenko, James Conlon, John Nelson, Eliahu Inbal, Hernández-Silva eta Antoni Wit. Halaber, orkestra hauekin jo izan du: New York Philharmonic, London Symphony, BBC Symphony, Orchestre de Paris, Berlingo Sinfonikoa, Hungariako orkestra nazionala eta Osloko, Rotterdamgo, Varsoviako eta San Petersburgoko orkestra filarmonikoak. Bestalde, ohiko gonbidatua da hainbat jaialditan, esate baterako, hauetan: Berliner Festwochen, Aix-en-Provence, La Roque d´Anthéron, Ravinia, Mostly Mozart, Colmar, Montreux, Dubrovnik, Adeburgh eta Moskuko Pazko jaialdian.

Hona hemen egin dituen grabazio guztien artean azpimarragarrienetako batzuk: Scriabin, Liszt, Mussorgskyren pianorako obra osoak, Rachmaninoven pianorako kontzertu guztiak eta Paganiniren lan bati buruzko Rapsodia (Vladimir Fedoseievekin, BMGrentzat) eta Beethovenen 32 sonatak, DECCArentzat. Prokofieven pianorako kontzertu guztien grabazioarekin, urte hartako Diapason d’Or eta Frantziako Nouvelle Académie du Disqueren saria eskuratu zituen.

MANUEL HERNÁNDEZ-SILVA – Zuzendaria

Ohorezko matrikularekin graduatu zen Vienako kontserbatorio nagusian, eta urte horretan bertan Wiener KammerOrchester-en Forum Jünger Künstler zuzendari lehiaketa irabazi zuen, eta aipatutako ganbera orkestra hori zuzendu zuen Austriako hiriburuko Konzerthausen. Kordobako orkestraren zuzendari titularra izan da, eta gonbidatu nagusia Caracaseko Simón Bolivar orkestran. Gaur egun, Málagako Orkestra Filarmonikoaren zuzendari titular eta artistikoa da, eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren zuzendari artistikoa.

Zuzendari gonbidatu gisa aritu da orkestra hauetan: Vienako Sinfonikoa, Israelgo Sinfonikoa, Pragako Irratikoa, Koloniako WDR, Espainiako Nazionala, Puerto Ricoko Sinfonikoa, Txileko Nazionala, Venezuelako Sinfonikoa, Mexikoko Sinfoniko Nazionala, Caracasko Udal Orkestra, Simón Bolívar Sinfonikoa, Karlsbadeko Sinfonikoa, Wuppertalgo Sinfonikoa, Seulgo Filarmonikoa, Nord-Tchechische Philarmonie, Bieleko Sinfonikoa, Olomouceko Filarmonikoa eta Bogotako Filarmonikoa. Espainian hainbat orkestra zuzendu ditu: Galiziako Real Filarmonía, Bilboko Sinfonikoa, RTVEko Sinfonikoa, Tenerifeko Sinfonikoa, Gaztela eta Leongo Sinfonikoa, Asturiasko Printzerriko Orkestra Sinfonikoa, Madrilgo Erkidegoko Sinfonikoa, Nafarroako Sinfonikoa, Bartzelonako Sinfonikoa eta Kataluniako Nazionala, Granada hiriko Orkestra, Kanaria Handiko Filarmonikoa, etab. Etorkizunerako dituen konpromisoen artean daude Tucson Symphony edo Buenos Aireseko Filarmonikoa.

Horrez gainera, Hernández-Silvak irakaskuntzan ere lan jardun bizia du, nazioartean zuzendaritza eta interpretazio eskolak eman ez ezik konferentzia asko ematen baititu.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa

Pablo Sarasatek sortu zuen 1879an; Espainiako orkestren artean, jardunean dagoen talderik zaharrena da. Gaur egun, Baluarte Fundazioak osatzen du; Nafarroako Gobernuak finantzatzen du nagusiki erakunde hori, eta, horrenbestez, Foru Erkidegoko orkestra ofiziala da. Ia 140 bete ditu orkestrak, eta Pablo Sarasate Nafarroako Orkestra Sinfonikoa Espainiako eta atzerriko entzunareto, opera denboraldi eta jaialdi nagusietan aritu izan da. Nabarmentzekoak dira bereziki hainbatetan egon dela Parisko Théâtre des Champs Elysées-en eta Théâtre du Châtelet-en, bai eta Universal Music zigiluak antolatutako birari esker, Europako entzunareto nagusietan jo izan duela. Pablo Sarasate konpositore eta biolin-jotzailearen erreferentziazko interpretea denez gero, Tianwa Yang biolin-jotzailearekin batera Orkestrak egin duen konpositore nafarraren lan guztien grabazioa (Naxos etxerako ondua) aho batez laudatu du nazioarteko kritikak. Halaber, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak hainbat grabazio egiten dihardu zigilu horrekin, Antoni Wit orkestra zuzendari poloniarraren aginduetara. Nafarroako Orkestra Sinfonikoak urteko denboraldi bat egiten du Iruñean, Baluarte Auditoriumean, eta Tuteran, Gaztambide antzokian entzule nafarren aurrean jotzeko. Orobat, gizarte eta hezkuntza jarduerak egiten ditu Foru Erkidegoan. 2018-2019 denboraldiaz geroztik, Manuel Hernández Silva da zuzendari titularra eta artistikoa.

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2018-2019
03 - 04 - 06 - 07
Api
2019

Zarzuela – Luna de miel en El Cairo

Lekua: Arriaga Antzokia

Eduardo, etorkizun handiko musikagilea, Kairora joaten da opereta bat konposatzera, era sentsualean Egiptoko hiri horretara joatera gonbidatzen duen telefono dei bat jaso ondoren. Han, ahotsaren jabea aurkitzen du. Martha, komenentziako ezkontza bat saihesteko etxetik ihes egin duen ustezko printzesa, New Yorken ikusi zuenetik musikariarekin maiteminduta dagoela aitortzen duena. Bilbe korapilatsu baten hasiera besterik ez da hori, ezin pentsatuzko eran nahasten baita guztia, era komikoan.

Luna de miel en El Cairo Espainiako errebista musikalaren proposamen berria izan zen gerraondoko urteetan, baldintza politikoak zirela eta aurretiko urteetako tradizioa, erotismoaren aipamenez eta zentzu bikoitzez betetako ikuskizunena, bertan behera gelditu ostean.

Emilio Sagi Arriaga Antzokira bueltatu da José Muñoz Románen libretoa eta Francisco Alonsoren musika dituen bi ekitaldiko opereta honekin, eta haren eskua eta maisu lana lagun, Ipar Amerikako agertokietara besteak beste “Llévame a una boîte que esté de moda”, “Tus ojos brujos me cautivaron” edo “Aquella noche en El Cairo” obrak konposatzera jo zuen granadar maisuaren begirada antzemango dugu.

TALDEA

Opereta komikoa bi ekitalditan, Madrilgo Martín Antzokian estreinatua 1943ko otsailaren 6an

Musika: Francisco Alonso

Libreto: José Muñoz

Musika Zuzendaritza: Miquel Ortega

Zuzendaritza Eszenikoa: Emilio Sagi

Eszenografia: Daniel Bianco

Koreografia: Nuria Castejón

Jantziak: Jesús Ruiz

Zuzendari eszenikoaren laguntzailea: Javier Ulacia

Argiztapena: Eduardo Bravo

 

Eduardo: David Menéndez

Rufi: Enrique Viana

Martha: Beatriz Díaz

Myrna: Mariola Cantarero

Marisa joskina: Itxaro Mentxaka

Errejidorea/idazkaria: José Manuel Díaz

Celestino jauna: Mitxel Santamarina

Pianista: Iñaki Maruri

Coro Rossini

Tenor gaztea: Alberto Núñez

Abesbatza zuzendaria: Caros Imazl

Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS)

Ekoizpena: Teatro de la Zarzuela

Informazio gehiago

Gehiago ikusi
Denboraldia 2018-2019
06
Api
2019

Peer Gynt – Kontzertuak Familian

Lekua: Euskalduna Jauregia

Irene Gómez-Calado zuzendaria
Edvard Griegen
musika
Carmen Santonjaren testua
BILBAO ORKESTRA SINFONIKOA
Javier Irigoien, narratzailea

Adina: 6 urtetik aurrera

Prezioak:
• Orokorra 6 €
• BOSeko abonatuak eta Arte Ederretako Museoaren lagunak 5 €
Sarrerak eskuragarri

Adina: 6 urtetik aurrera

Sarrerak erosi
Denboraldia 2018-2019
08
Api
2019

Cámara 08

Lekua: Euskalduna Jauregia

G. Ligeti: Seis bagatelas

E. Szervansky: Quinteto nº 1

L. van Beethoven: Quinteto para pianoy viento op. 16

BOSeko haize taldea pianoarekin

Sarrerak erosi
Denboraldia 2018-2019
11 - 12
Api
2019

BOS 13

Lekua: Euskalduna Jauregia

W.A. Mozart: Concierto para piano y orquesta en Re menor, K. 466

D. Shostakovich: Sinfonía nº 11, op. 103, “El año 1905”

 

Khatia Buniatishvili, pianoa

Pablo González, zuzendaria

Sarrerak erosi