Kontzertuak

BOS 10

Abono de Iniciación


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Giancarlo Guerrero, zuzendaria

Dmitri Shostakovich (1906 – 1975): 1. kontzertua biolin eta orkestrarako la minorrean Op. 77
I. Nocturne
II. Scherzo
III. Passacaglia
IV. Burlesca

Ning Feng, biolina

Piotr Ilyich Tchaikovsky: 6 sinfonia si minorrean Op. 74 “Patetikoa”
I. Adagio
II. Allegro con grazia
III. Allegro molto vivace
IV. Finale: Adagio lamentoso – Andante

 

DATAK

  • 01 otsaila 2018       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 02 otsaila 2018       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Beren musikan hitz egiten digute

Errusiar literaturaren XIX. mendeko leherketak –inspirazio poetikoz, narrazio labur eta iradokitzailez, xehetasunez gainezkatutako nobela aldi berean epiko eta lirikoz, eta freskoak bezain handi diren obra dramatikoz betea– talentu musikalaren leherketa izan zuen pareko. Konposizioak eta interpretazioak, ideiaz beteak eta distiratsuak beren gauzatzean, harritu egin zituzten hala Europa nola Amerika gaztea, beren kemenari eta izaera koloristari esker. Musika kontserbatorioak Moskun eta San Petersburgon agertu ziren hirurogeiko hamarkadan, Europako beste hiri askotan baino hamarkada batzuk geroago, eta, hala ere, Errusiako eskolaren arrastoa gure egunetaraino iritsi da. XX. mendea hasi baino urte batzuk lehenago, Errusiak ospe handia zuen munduko musikaren panoraman: errusiar interpretatzaileek Atlantikoaren bi aldeetako kontzertu aretoak betetzen zituzten, eta errusiar musikagileen izenak denboraldi sinfoniko zein ganberako askotan iragartzen ziren. Eta biak, literatura eta musika, eztarri eta krater izan ziren Errusiako lurraren barruan sumendi erraldoia erupzioraino eraman arterainoko intentsitatez amalgamatzen joandako askotariko bizipenei, pentsamenduei, sinesmenei eta pasioei irtenbidea emateko.

Gaur arratsaldeko egitarauaren koordenatuak obrek San Petersburgon izan zuten estreinaldian eta berrogeita hamar urte baino apur bat gehiagoko tartean izan zuten sorreran kokatzen dira. Dena dela, espazioan eta denboran hain gertu egonagatik ere, eman dezake sormen-lan horien artean amildegi handi bat dagoela… Ala ez da hainbesterainokoa? Ikus dezagun, analisia orokorretik partikularrera eramanez.

Ezaugarri komunetatik hasita –Errusiako musika ekoizpenaren zati handienaren kasuan ere komunak–, lehen mailan nabarmentzen da musikarako ondo hornitutako herri honek beti jo zuela musika pertsonen arteko komunikaziorako funtsezko bitartekaritzat. Artea lotura sozialki esanguratsuak ezartzen dituen adierazpidea delako ideiak XIX. mendeko Errusiak arnastu zuen giro intelektualean ditu erroak. Tolstoi, Dostoievksy eta gisako idazleentzat eta Mussorgsky, Glinka eta gisako musikarientzat, eta, jakina, Tchaikovsky, Shostakovich eta gisakoentzat (Shostakovichen kasuan XX. mendean dagoeneko), adierazpen artistikoak giza sentimendu eta emozioak transmititzeko bitartekari ordainezina ziren. “Nire ustez, mundutik bakartzen den artista oro kondenatuta dago. Ez sinestekoa iruditzen zait herritik banandu nahi izatea, izan ere, auditorioa, azken batean, herria da. Beti saiatzen naiz ahalik eta modu zabalenean ulertua izaten, eta lortzen ez badut, neure burua jotzen dut horren erruduntzat”, esaten zuen Shostakovichek, musikaren bitartez besteekin konektatzeko zuen grinak hauspotuta. Tchaikovskyk, etenik gabeko bere zalantza eta aterrunerik gabeko bere egonezina gorabehera, honako hau esan zuen: “Uste dut musikaren bitartez sentimenduak, aldarteak eta irudiak –egiazkotasunez, zintzotasunez eta soiltasunez– adierazteko ahalmena dudala benetan”. Eta erantsi zuen: “Ikuspegi horretatik begiratuta, errealista naiz eta gizon funtsean errusiarra”. Argi dago, beraz, gaurko egitarauko egileek, beren ideia musikalak ez ezik, horiekin lotutakoa ere helarazi nahi izan zigutela: musikari jositako eduki sekretua.

Bestalde, errusiar errepertorioak beti eutsi izan dio zibilizazioari lotutako basakeriak duen erakargarritasun aureolari, musikagile multzo batek –gehienak autodidaktak–, mende erromantikoaren bigarren erdialdean, Inperioko bazterrik exotikoenetan herri melodia eta erritmoen katalogo zabala aurkitu, aberastasun ikaragarrikoa, eta, Europako mendebaldetik iristen ziren generoak eta formak erabilita, beren partituretan isuri zuenez geroztik. Alabaina, genero eta forma horiei beren ideiak moldatzen utzi gabe, errusiar musikagileek mugak gainditu zituzten, kanpoko eragin ororen aurkako erresistentzia tematia eta atzerriko korronte emankorrean bete-betean murgiltzeko irrika aurrez aurre elkarren aurka jartzen zituen zorioneko paradoxa batean.

Beste ezaugarri komun batzuk errusiar hizkuntza musikala –Shostakovich eta Tchaikovsky horren paradigma distiratsu dira– osatzen duten parametroetan dauzkagu. Lehenik, aipa dezakegu orkestra kolore-paleta zabal bat balitz bezala ikustea, baliagarria emoziorik indartsuenetatik sentiberatasun sotilenetaraino adierazteko. Orkestrazioa bere indar guztian eta bere xehetasun guztiekin gidatzeak erraztu egiten du gozamena errusiar musika sinfonikoan, mosaiko handi bat balitz bezala, multzoaren handitasunari bezainbesteko garrantzia ematen diona hunkitzen edo harritzen gaituzten eta –berdin-berdin obrak gutxi edo asko ezagututa– entzunaldi bakoitzean plazer berritua ematen diguten xehetasun askotariko eta gordeenei. Gainera, erritmo kitzikagarrietarako zaletasunari –iradokiak zein gogor markatuak– eta errepikapenean eta sekuentzian oinarritutako forma zuzenei garapen tematikoaren gainetik –hizkuntza austro-alemanari lotuagoa– emandako lehentasunari –melodia baten errepikapena beste altura batean, eta melodia horri soilik eragin diezaiokeena edo baita harmoniari eta tonalitateari ere– gai herrikoien eta usain original eta are exotikoko biraketen erabilera ugaria gehitzen zaio.

Hemen orain arte adierazitako bi musikagileen antzekotasunaren iritziari eusten dion azken ezaugarria arlo pertsonalekoa da. Bien aitak izan ziren ingeniariak (Shostakovichena kimikaria ere izan zen gainera) eta bien amak pianistak (diletantea Tchaikovskyrena, profesionala Shostakovichena), eta bataren zein bestearen kasuan etxeko giro melomanoak talentuaren garapena sustatu zuen. Gainera, bata zein bestea Romanovtarren Errusia inperialean jaio ziren, nahiz eta ez une historiko berean… Alabaina, arlo pribatuko kointzidentzia iradokitzaileenetako bat –ekoizpen artistikoa haren sortzailearekin lotzea maite duenarentzat– biek nork bere gogoa musikan sublimatzeko izan zuten modu aparta da, beren pentagramen poroetatik beren beldur, nahi, ezinegon, eta ideia zein pasio aitorrezinek transpiratzea eraginez. Musikak aukera eman zien arnasa hartzeko eta hitzekin ezin esan zutena kontatzeko. Tchaikovskyk ezin zuen bere homosexualitatea aitortzeko arriskua hartu gaur egun ere homosexualitatea zigortzen jarraitzen duen herrialde batean eta edozein herrialdetan zigortzen zen garai batean. Shostakovich “herriaren etsai” izendatu zuten Stalinek eta haren jarraitzaileek, eta, irudizko adiera soiletik harago, isilarazia eta maleta bere apartamentuko atean jasotako dei –modu arriskutsuan gertagarri– baterako prest zuela bizi zen.

Aurpegi iragazgaitz baten atzean (ezinezkoa bere tik ugariak disimulatzea) dezepzioa eta izua ezkutatuz bizi zen Dmitri Shostakovich (San Petersburgo, 1906-Mosku, 1975). Haurtzarotik sinesmena izan zien ideia batzuen perbertsioa ikusi zuen, eta, okerrago dena, perbertsio horren emaitza makabroaren biktima izan zen. Haren musika, programetatik kanpora erauzia, iraindu egiten zuten aztertzaile ezjakinek (ezaguna egiten zaizue?, pertsonaia hauek ez dira inoiz agortzen), eta bera, joan den mendeko musikaririk polifazetikoenetako eta bikainenetakoa, irakasteko hainbeste zuena, irakaskuntzatik kanpora erauzi eta linbo amorragarri batera eta isiltasun irrazional batera kondenatu zuten. 1. kontzertua biolinerako la minorrean mutu egona zen 1947. eta 1948. urteen artean idatzia izan zenetik, entzuna izateko garai hobeen zain. 1955eko urriaren 29an –Bigarren Mundu Gerra amaitu eta hamar urtera SESBen atxilotuak jarraitzen zuten azken preso alemanen askapenetik egun batzuetara–, kontzertu hau soinu egin zen Leningradeko Orkestra Filarmonikoari, Evgeni Mavrinskiren batutari eta David Oistrakhen esku miresgarriei esker; azken hori, bere adiskidetasun ezin hautsizkoa medio, Shostakovichen ondoan egona zen une ilunetan, eta partituraren sorrera hauspotzen aritu izan zen. Bi gertaera horiek –gerrako presoen askapenak eta kontzertuaren estreinaldiak– Stalin hil arte itxaron behar izan zuten, haren diktadurako giro zapaltzaile beldurgarria apur bat pitzatu eta argia eta airea zirrikituetatik sartzen hasi arte.

Bere buruarentzat idatzia, ez zela estreinatuko jakinaren gainean sortua, kontzertua obra pertsonal, sakon eta sentibera da, orkestrazio zabala izanagatik ere uko egiten diona tronpeta eta tronboien distirari. Entzuleari Nokturnoaren giro oniriko eta meditaziozko samarrean zabaltzen zaio biolinaren ezaugarri nagusietako bi ikertzeko aukera ematen duen zatia: izaera kantatzailea eta aukera tekniko eta espresiboak. Ondoren datorren Scherzoak Shostakovichen sinfonismoaren onena jasotzen du, muturreko erregistro instrumentaletan, orkestra-lerro bananduetan, melodiako jauzi gehiegizkoetan eta beharrik gabe errepikatutako eskema melodiko-erritmikoetan adierazia; azken horien artean, DSCH inizialak (re, mi bemol, do, si) erakusten dituen motibo musikala nabarmentzen da, dena bizkor biratzen “deabruzkotik eta arantzatsutik zerbait” duela, Oistrakhen iritziz. Beste giro aldaketa batean eta ezinbestekotasun aureola batez, Passacaglia sortzen da, motibo guztiz eder eta sentitu baten gainean eraikia, eta, erregistro baxuan aurkeztua, bigarren ideia batekin txandakatzen da, koral gisara, mugimendu guztia artikulatuz progresio geldiezinean. Bakarlariaren ahotsean, melodiak edertasun iluna bereganatu, eta kadentzia luze baterantz jotzen du; horren atzetik, orkestrak amaierako Burlesquea attaccatzen du trepakaren ohiko indarrarekin eta abiadura biziarekin; trepak deritzona errusiar herri dantza bat da, eta Shostakovichek bere buruarentzat gordetako musika baten eta pentsamendu baten metafora gisa eskaintzen digu, hainbeste tentsio eutsiri kanila irekiz, borborka askatzeko, zalapartari uko egiten ez dion indarrez eta umorez.

Hamarkada batzuk lehenago, adeitasun geruza bat ari zen makillatzen Piotr Ilich Tchaikovsky (Votkinsk, 1840-San Petersburgo, 1893) harturik zuen etsipen ia jaiotzatikoa, berak Anatol anaiari idatzitako gutun batean hitzez honela adierazia: “Iragana deitoratuz eta etorkizunean konfiantza izanez, orainarekin inoiz gogobeteta egon gabe: horrela igaro da nire bizitza”. Musikagile oinazetuarentzat, musika obsesioa eta obsesioaren aringarria izan zen aldi berean. 6. sinfonia si minorrean Op 74 San Petersburgoko Errusiar Musika Elkartean estreinatu zen 1893ko urriaren 28an, egileak berak zuzenduta, hil baino egun batzuk lehenago. Haren anaia Modesten iritziz, sinfonia horren bidez Tchaikovskyk “aspaldidanik harturik zeukaten deabru itzaltsu guztiak exorzizatu” nahi izan zituen. Egia da, behintzat, obra musikagileak bere bizitza osoan zehar adierazi zituen aldarte guztien erakusleihoa dela: nahiak eta beldurrak, ezaugarri neurotikoetatik eta aldarte depresiboetako abandonatzeetatik eratorritako beroaldiak, munduko bazter guztietan zuen aitortza gero eta handiagoak eragindako eferbeszentziak eta etsipenerako joera errepikariaren ondoriozko erretiratzeak: “Ez dut esajeratzen; nire arima osoa dago sinfonia honetan”, esan zuen Tchaikovskyk, Seigarrenaren konposizioa utzi ondoren berriro ere idazketa lanari gogo biziz lotu zitzaionean. Alabaina, obra hau bere sortzailearen soinuzko erretratua baino askoz gehiago da: “Berrikuntza formal asko izango dira sinfonia honetan”, idatzi zion musikagileak iloba Bobiki, hau da, obra eskaini zionari. Eta halaxe da, partiturak generoaren tratamendu oso originala ekarri zuen, eta musa idazketa sinfonikoa inspiratzen erakusten duen adibide distiratsua da. Dagoeneko lehen mugimenduan, sonata forma Tchaikovskyk hura zatitzen dueneko sailetan itxuragabetzen da, lehentasun argia emanez loratzen den lehen motiboari; fagotaren ahotsak aurkezten duen hoztasun goibel eta idorretik abiatuta, ezin azalduzko moduan da aberats motibo hori. Musikagileak, irudimen bikaina lagun, eragiten dizkion aldaketak oso interesgarriak eta erakarmen indar handikoak dira, mugimenduaren soinu- eta gogo-asalduraren amaierako koda hunkigarri eta barea ere berezia den gisa berean. Bakana da Allegro con grazia ere; horretan, bost denborako konpaseko ezohiko bals batek, zoragarria bere dotorezia mundutarrean, bere handikeria eteten du erdialdeko zatian goxotasun patetikoa duen motibo batekin, tinbalaren taupada nekaezinak egituratuta. Allegro molto vivacearen bitxitasuna scherzo baten eta martxa baten arteko konbinaziotik sortzen da, gupidarik gabe eta orkestrazio liluragarri baten zein crescendo indartsu baten laguntzaz belarrietarako zein bihotzetarako apoteosi batean burututakoa. Eta sinfonia oso berrikuntza pertsonal batekin amaitzen da: Adagio lamentosoa –hori gabe ez zen ulertuko Mahlerren pentsamendu musikalaren zati bat– Tchaikovskyren ekarpen originaletako bat izan zen. Haren pentagrametatik isurtzen den nahigabe etsiko giroak itzal argitzailea –paradoxa berriro ere– proiektatu zuen sinfoniaren etorkizuneko garapenean.

Musika katarsi eta bizimodu gisa. Shostakovich eta Tchaikovsky, gu bi horietako parte bihurtzen. Goza ezazue haien notek kontatzen digutena eta haien artean ezkutatuta taupadaka ari dena entzuten.

Mercedes Albaina

NING FENG, biolina

Ning Fengek ospe handia du Txinan, bere jaioterrian; bertan, maiztasunez jotzen du Estatuko eta nazioarteko orkestra nagusiekin. Gaur egun, Berlinen finkatuta dago, eta ibilbide profesionala du mundu osoan. Ning Fengek ospe handia eskuratu du nazioartean, lirismo handiko eta gardentasun emozionaleko artista gisa, birtuosismo handia eta trebetasun tekniko harrigarria erakutsita.

Ning Fengen azken lorpenetako bat da Budapest Festival Orchestrara itzuli izana, Iván Fischerrekin, eta Hong Kongeko Orkestra Filarmonikora, Van Zwedenekin, baita Los Angeles Philharmonic, Frankfurt Radio Symphony eta Royal Philharmonic Orchestra orkestrekin egindako debutak ere.

2017/18 denboraldirako, Ning Fengek City of Birmingham Symphony orkestrarekin joko du lehen aldiz, Gražinytė-Tylaren zuzendaritzapean, baita Royal Scottish National Orchestra, BBC Scottish Symphony eta Slobodenioukek zuzendutako New Jersey Symphony orkestrekin ere. Gainera, Ning Fengek Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin batera joko du berriro, Guerreroren zuzendaritzapean, baita Sternek zuzendutako Txinako Filarmonikoarekin eta Long Yuk zuzendutako Guangzhouko Sinfonikoarekin eta Hong Kongeko Filarmonikoarekin ere. Ganberako musikaren esparruan, Schubertiadera itzuli izana nabarmendu behar da; bertan, Igor Levit eta Daniel Müller-Schott musikariekin batera arituko da. Era berean, azpimarratzekoak dira Schuberten bi programa oso, Nicholas Angelich eta Edgar Moreau artistekin batera, Luzernan, eta Moritzburgeko Jaialdian egingo duen debuta.

Ning Fengek 1721eko Stradivarius bat jotzen du, «MacMillan» izenez ezaguna, Premiere Performances of Hong Kong erakundeak adeitasunez antolatutako mailegu pribatu baten bidez, Thomastik-Infeld enpresa vienarraren hariekin.

GIANCARLO GUERRERO, zuzendaria

Giancarlo Guerrerok bost aldiz irabazi du GRAMMY® sari bat, eta Musikaren Foro Nazionalean egoitza duen Wroclaw Philharmonic orkestraren musika-zuzendaria da. Aurreko hamarkadatik, Nashville Symphony orkestrako musika-zuzendaria ere bada. Orkestra horrekin, hainbat bira egin ditu, besteak beste, New Yorkeko Carnegie Hallen, eta Naxos zigiluarentzat sari ugari irabazitako dozena bat disko baino gehiago grabatu ditu.

Zuzendari gonbidatu gisa, Guerrero Estatu Batuetako eta Europako orkestra askorekin aritzen da lankidetzan, adibidez, Boston Symphony, Philadelphia Orchestra, Cincinnati Symphony, Sao Paolo State Symphony Orchestra (Brasil), Brussels Philharmonic, Deutsches Symphony Orchestra (Berlin), Orchestre Philharmonic de Radio France eta Orchestre National de France, Netherlands Philharmonic, Residentie Orkest eta BBCren Orkestra Sinfonikoa… Halaber, Guerrero Lisboako Gulbekian Orkestrako zuzendari gonbidatu nagusia da.

Giancarlo Guerrerok errepertorio zabala du, eta ikasleek osatutako orkestrak ere zuzentzen ditu; sarritan, Curtis Musika Institutuarekin, Los Ángelesko Colburngo Kontserbatorioarekin eta Yale Philharmoniarekin egiten du lan. Azken urteotan, harremana finkatu du New Yorkeko Gazteen Orkestra Nazionalarekin (NYO2). Aipatutako orkestra Carnegie Hallen Weill Musika Institutuak sortu eta kudeatzen du.

Nashvilleko Sinfonikoarekin egin dituen ekimenen artean, aipatzekoa da konpositore estatubatuar garaikideen obra berrien interpretazioari eskainitako tartea, enkargu, grabazio eta munduko estreinaldiek sustatuta. Hori dela eta, Nashville musika garaikidearen helmuga bihurtu da, eta orkestrarako aurkezpen-txartela sortu du.

Aurretik, Giancarlo Guerrerok beste postu batzuk bete izan ditu, hala nola, The Cleveland Orchestra Miami Residency orkestrako zuzendari gonbidatu nagusia (2011-2016), Eugene Symphonyko musika-zuzendaria (2002-2009) eta Minnesota Orchestrako zuzendari elkartua (1999-2004).

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
25 - 26
Api
2024
>Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Lekua: Euskalduna Jauregia

Ein He/denleben zuzendari-lana da. Richard Straussek berak zuzendu zuen lehen emanaldian; hala ere, beste zuzendari handi bati eskainita zegoen, Mengelberg zuzendariari eta Concertgebouweko orkestrari, hain zuzen ere. Nielsenek poema sinfoniko izugarri hau aukeratu du titular gisa denboraldi honetan emango duen azken kontzerturako. Programa osatzeko, Schönberg eta Saint-Saëns musikagileen beste bi pieza ezagun izango ditugu entzungai, eta aipatzekoa da Alexandre Kantorow karismadunaren presentzia.


Charla preconcierto
2024/04/26 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza


Erik Nielsen, zuzendaria
Alexandre Kantorow, pianoa


I

ARNOLD SCHOENBERG (1874 – 1951)

Bost pieza orkestrarako Op. 16 (1949 berr.) *

I. Vorgefühle
II. Vergangenes
III. Farben
IV. Peripetie
V. Das obligate Rezitativ

CAMILLE SAINT-SAËNS (1835 – 1921)

5. kontzertua piano eta orkestrarako Fa Maiorrean Op. 103 “Egiptoarra”*

I. Allegro animato
II. Andante
III. Molto allegro

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Ein Heldenleben Op. 40

Heroia[Der Held] (attacca)
Heroiaren aurkariak [Des Helden Widersacher] (attacca)
Heroiaren bataila-eremua [Des Helden Walstatt ] (attacca)
Heroiaren bake lanak [Des Helden Friedenswerke] (attacca)
Erretiora mundutik eta heroiaren gailurra [Des Helden Weltflucht und Vollendung]

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
29
Api
2024
>Cámara 08

Cámara 08

Lekua: Euskalduna Jauregia

I

BOSen boskotea pianorekin

Laura Delgado, biolina
María Díaz Caneja, biolina
Lander Etxebarria, biola
Teresa Valente, biolontxeloa
Itxaso Sainz de la Maza, pianoa

ALFRED SCHNITTKE (1935)

Boskotea pianorekin

I. Moderato (attacca)
II. Tempo di Valse (attacca)
III. Andante (attacca)
IV. Lento (attacca)
V. Moderato pastorale

II

BOSen hari-ensemblea

Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
Laura Delgado, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
Pablo Val, biolina
Iñigo Grimal, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa
Gabriel José León, kontrabaxua

ALFRED SCHNITTKE (1934 – 1998)

Moz-Art à la Haydn

BOSen hari eta haize ensemblea

Luis Fernando Núñez, tronpa
Estefanía Beceiro, tronpa
Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Laura Delgado, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1833 – 1897)

Txantxa musikal bat Fa Maiorrean K. 522

I. Allegro
II. Menuetto (Maestoso) – Trio
III. Adagio cantabile
IV. Presto

Informazioa eta sarrerak
04
Mai
2024
>Mozartland

Mozartland

Lekua: Euskalduna Jauregia • 0B Aretoa

Kontzertua familian
Princep Totilau + Cuarteto BOS, konpainia
Wolfgang Amadeus Mozart, musika
Pol Requesens, moldaketak

Bilbao Orkestra Sinfonikoa

­2 urtetik aurrera

PREZIOAK:
Orokorra 10 €
BOSaren abonatuak* 9 €
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

“Mozartland” kontzertu-ikuskizun bat da, publikoa gonbidatzen duena Mozart txikiaren eta bere arreba Nannerlen jolas gelan esertzera, hezur-haragizko bi haurrek interpretatuta. Han, musikagilearen zuzeneko musikarekin, harizko eta txirulazko laukote baten eskutik, hiru aktorek maskarekin antzezten dituzte Salzburgoko jenio txikia gehien dibertitu zuten ipuin herrikoiak: igela, printzesa, erregea, txanogorritxoa, otsoa, amona, Hansel eta Grettel, sorgina eta Bremengo musikariak.

Bere jokoarekin, Mozart bi anaiak ipuinetako istorioak eta protagonistak edertasun, egia eta ontasun bihurtzen saiatuko dira, urte batzuk geroago Wolfgangek bere musikarekin egingo zuen bezala.

Sarrerak 2023ko abenduaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Garrantzitsua: ­aretora ­sartu­ nahi duten ­persona ­guztiek­ (adina edozein dela ere) ­dagokien ­sarrera ­aurkeztu ­behar ­dute.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
16 - 17
Mai
2024
>Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Lekua: Euskalduna Jauregia

Barroko-garaian, gehiegikeriak eta muturrak irudikatu ziren gehienbat. Kontratenoreak herniaren rola hartu zuen maiz, hala nola Giulio Cesare eta Orlando pertsonaietan, zeinak Tim Meaden ahots zoragarriaren bidez izango ditugu entzungai; bestalde, deabrua kontraste dinamiko eta bat-bateko disonantzien bidez irudikatzen zen, Leclair eta Boccherini pertsonaietan bezalaxe. Hori guztia, Pedro Gandíak proposatutako programa interesgarriaren baitan, zeina Sevillako Orkestra Barrokoko zuzendari artistikoa izan baita bi hamarkadaz eta zeina garai horretako gure espezialista handietako bat baita.

BOSbaroque

Leclair, Händel, Vivaldi, Geminiani eta Boccheriniren kontratenorarentzako obrak eta ariak

Tim Mead, kontratenorra
Pedro Gandía, kontzertino zuzendaria

Informazioa eta sarrerak