Kontzertuak

BOS 10

Amerika! | Hastapeneko abonua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Carlos Miguel Prieto, zuzendaria

Aaron Copland (1900-1990):  Mexiko aretoa

Leonard Bernstein (1918-1990):  Serenata (Platonen “Sinposioa” lanean oinarrituta)
I. Phaedrus; Pausanias (Lento; Allegro marcato)
II. Aristophanes (Allegretto)
III. Eryximachus (Presto)
IV. Agathon (Adagio)
V. Socrates; Alcibiades (Molto tenuto; Allegro molto vivace)

Philippe Quint, biolina

George Gershwin/Robert Russell Bennett (1898-1937): Porgy and Bess, A Symphonic Picture

Alberto Ginastera: Estancia, Balleteko dantzak Op. 8a
I. Nekazariak
II. Gariaren dantza (Tranquillo)
III. Etxaldeko languileak (Mosso e rúvido)
IV. Amaierako dantza; Malambo (Allegro)

 

 

 

 

DATAK

  • 31 urtarrila 2019       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 01 otsaila 2019       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Amerikako soinuak

XIX. mendeko zurrunbiloan, Amerikan, ordura arte inoiz argitara atera gabeko ideia literarioak, filosofikoak eta artistikoak agertu ziren, Europa jakintsuaren eraginetik behingoz askatuta. Amerikako lurraldeen muinean elkartu ziren natura oparo eta kementsu bat eta ilusioz jositako herritarren ekimena, eta hala sortu ziren material berriak. Edonola ere, pizkundea ez zen berehala iritsi musikaren alorrera; aitzitik, mendea aldatzearekin batera etorri zen, eta haize bolada bortitz batek bezala zeharkatu zuen kontinentea, iparraldetik hegoaldera, eta parez pare ireki zituen amerikarren belarriak, euren konpositoreen sormena adi zezaten.

Haize bolada hazi zen, urakan bihurtu, eta ozeanoa zeharkatu zuen. Hala, Atlantikoaz beste aldeko entzuleak ere liluratu zituen; izan ere, lengoaia musikal hark arrakasta zuen patu. Halaxe esan zuen Nadia Boulangerrek berak, XX. mendeko irakasle handienak, Parisen: “Norbera izatea, itzela izatea”.

Gaurko egitarauan, hasieratik bertatik egingo du eztanda pasio amerikarrak, hain justu ere, Aaron Copland (New York, 1900-1990) konpositorearen Mexiko aretoa hasi bezain laster. 1936an bukatu zuen lan hori Coplandek. Dudarik gabe, atzean utzi nahi zuen aurrez erabilia zuen estiloa, hots, Parisko ikasle-urteetan landutako estiloa –hain justu, Nadia Boulangerrekin ikasi zuen–. Ondorioz, obra horrek errotik aldatu zuen Coplanden ordura arteko konposizio-ibilbidea; izan ere, lehen aldiz, bere garaiko beste konpositore kontinentalek ezagutzen zituzten moduko soinuak sortu zituen, eta, azken batean, gertuagoko musika sortu zuen. Bertako melodiak, erritmoak, orkestra-efektuak eta harmoniak baliatu zituen; horrela, amerikar gehienek ezagutuko zuten musika hura, eta, ondorioz, horretaz gozatuko zuten. Bestalde, 1929an burtsak krak egin ostean, gainbehera ekonomiko eta sozial itzela sortu zen AEBetan, eta, horri buelta emateko, bertako gobernuak halako ideologia bat sustatu zuen, “kultura demokratizatzeko” ideologia. Ideologia horrek, beraz, eragina izan zuen Coplanden obran. Hain zuzen ere, Franklin Roosevelten gobernuak Coplanden musika erabili zuen nazioa suspertzeko. Gainera, Copland hainbat aldiz bidali zuten Latinoamerikara, Estatu Sailaren laguntzarekin eta Rooseveltek berak hala nahi zuelako. Helburua? Elkartruke musikalak hauspotzea, “Bizilagun ona” izeneko programa diplomatiko baten barruan (akaso, berriro jarri behar litzateke martxan). Edonola ere, Coplandi benetan interesatzen zitzaion Latinoamerika, eta, estatuaren laguntzaz egindako bidaiez aparte, beste hainbat aldiz joan zen hegoaldera, eta buru-belarri aztertu zuen bertako musikaren taupada: konposizio-teknikak irakatsi zizkien hainbat musikariri, artikulu batzuk argitaratu zituen musikari buruzko aldizkarietan, eta kutsu latinoamerikarreko hainbat obra sortu zituen: Mexiko aretoa, Kubako dantza (1942) eta Latinoamerikako hiru irudi (1972).

1932an, Mexikora joan zen konpositorea, eta asko gozatu zuen. Gozamen horri tiraka sortu zuen, gero, Mexiko aretoa; horregatik, halako dantza-kutsu bat dario obra osoari: harmonia koloretsuak, melodia freskoak, tinbre distiratsuak eta, batez ere, erritmo gurutzatuak eta oihartzunak. 1937ko abuztuaren 27an estreinatu zen obra, Mexiko Hirian, eta Carlos Chávez konpositore mexikarrak zuzendu zuen Orkestra Sinfonikoaren lana. Handik urte batzuetara, 1947an, partitura asko zabaldu zen; izan ere, konponketa batzuk egin eta Fiesta film musikalean erabili zuen Robert Thorpe zuzendariak (bidez batez, film horretarako, Euskal Erromeria sortu eta jo zuten Los Bocheros taldekoek). Coplandek arrakasta gehiago bildu zituen zineman, eta, 1950ean, Oscar bat eman zioten, The Heiress filmeko soinu-bandagatik (film horretan, orobat, azpimarratzekoa da Olivia de Havilland aktorearen lana).

Gogotik dantza egin ostean, atseden hartzeko garaia da, eta, horretarako, filosofiarekin loturiko pieza bat adituko dugu hurrena: Serenade, Leonard Bernsteinen (Lawrence, Massachusetts, 1918 – New York, 1990) biolinerako pieza. Konposizio hausnarkaria eta dialektikoa dugu; izan ere, halako pieza bat izan zuen inspirazio-iturri: Sinposioa, Platonena. Bernsteinek oporraldi bat egin zuen Martha’s Vineyard uhartean, Massachusettseko kostaldeko luxuzko leku batean, eta horren ostean sortu zuen lana, Serge Koussevitzky mentorea omendu nahian, hari buruzko lan bat egiteko eskatu baitzion Koussevitzkyren izena daraman fundazioak. Musika idazteko, ordea, musikaz kanpoko iturri bat baliatu zuen –sarri egin izan zuen hori–: hala, filosofo greziarraren obra berrirakurri zuen. Lan horretan, sei pertsonaia agertzen zaizkigu: solasean ari dira, maitasunaz eta maitasunak giza bizitzan duen garrantziaz. Askotariko ikuspegiak biltzen dituzte: osasuna, kontakizun mitikoak, elkarrekiko erakarmenaren sorburua, maitasun perfektua, maitasun kontenplatiboa… Hala, arian-arian, maitasunaren definizio interesgarri eta poliedrikoa osatzen dute denen artean. Biolinak, bakarlari gisa, Sinposioan biltzen diren zenbait hausnarketarekin lotzen du bere kantua, eta, tarteka, beste musika-tresna batzuekin ere jotzen du, elkarlanean: harparekin, perkusioarekin eta hari-orkestrarekin. Bernstein irakasle aparta zen; horregatik, zenbait argibide eman zizkion publikoari, eta honako hau azaldu: bost mugimenduk osatzen dute pieza, eta Platonen sinposiora joan ziren gonbidatuen izenak daramatzate; hala ere, Bernsteinek aldatu egin zituen hitzartzeen ordena eta edukia. Hasteko, Fedro adituko dugu, lirismo handiz, maitasunaren jainko Eros goresten, “huraxe baita jainko zaharrena eta ohoragarriena, eta hark ematen baitio inork baino bertute eta zorion handiagoa gizonari”. Ondoren, maite duenaren eta maitatua denaren arteko harremana landuko du Pausaniasek. Bigarren mugimenduan/solasaldian, Aristofanesek ez du, ohi bezala, pailazoarena egiten; aitzitik, gaueko narratzaile bat da, eta ipuin mitologiko bat harilkatzen du, betiere, maitasunaren inguruan. Segidan, Presto labur bat: Eriximako sendagilearen arabera, gorputzak balio du maitasunaren patroiak aztertzeko eredu zientifiko gisa. Ondoren, Agatonek, maitasunaren alderdi guztiak goresten ditu Adagio hunkigarri batean, eta maitasunaren boterea, xarma eta helburua azpimarratzen ditu: “Nire iritziz, Eros da guztietan ederrena eta onena; horregatik, besteak ere bultza ditzake halako gauzak egitera”. Obraren amaieran, Sokratesek kontatzen du nola joan zen Diotima ikustera, eta, hortaz, emakume jakintsu horrek maitasunari buruz uste duena aletzen du. Halako batean, Altzibiadesek hausnarketa eten eta xaxatzen du, eta jazz musikarantz bideratzen du pieza. Bernsteinen azalpena hauxe da: “Espero dut ez dezatela pentsatu festa musikal greziar bat sortu dudala, eta anakronismo bat sartu dudala bertan; espero dut, aitzitik, uler dezatela gaur egungo konpositore amerikar baten adierazpide naturala dela, eta bilera betiereko horrek blaitu nauela”. 1954ko irailaren 12an estreinatu zen Serenata, Veneziako La Fenice aretoan. Isaac Sternek jo zuen biolina, eta Leonard Bernsteinek zuzendu zuen Israelgo Orkestra Filarmonikoa. Autoreak, gainera, gizaki guztiekiko sentitzen zuen maitasunaren bilduma gisa aurkeztu zuen. Beste batzuen iritziz, berriz, konpositorearen hamaika alderdiak islatzen zituen lanak: handia, noblea, haur-tankerakoa, zaratatsua, samurra, apokaliptikoa eta ikonoklasta.

Porgy and Bess opera idatzi, eta George Gershwin konpositoreak bere heldutasun musikala sendotu zuen (Brooklyn-New York, 1898 – Beverly Hills-Kalifornia, 1937). 1935eko irailaren 30ean estreinatu zen obra, Boston hiriko Colonial antzokian. Bi lagunen lanekin osatu zuten libretoa: batetik, Du Bose Haywarden Porgy nobela erabili zuten oinarri gisa, eta, bestetik, Gershwinen anaiaren, Iraren, testuak erabili zituzten –Iraren poemak ez ziren batere ohikoak, eta ederki uztartzen ziren anaiaren musikarekin; ondorioz, halako kantu herrikoi sofistikatu batzuk sortu zituzten hainbat urtez, garai hartako New Yorkeko giroa primeran islatzen zutenak–. Gershwinek 1926an erabaki zuen lan hori sortzea, eta 9 urte behar izan zituen lana amaitzeko. Hego Karolinako bazterreko aldirietara joan zen, horiek sakon ezagutzeko asmoz eta bertako giroa musikaren bidez adierazteko. Partitura hain txundigarria zenez, Fritz Reinerrek, Pittsburgheko Orkestra Sinfonikoko zuzendariak, orkestrarako egokitu zezatela eskatu zuen. Hori baino lehen, Cincinnati hiriko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari ibili zen Reiner, eta, garai hartan, Gershwinen hainbat obra zuzendu zituen, hala nola Kontzertua Fan, Blue Rapsodia eta Amerikar bat Parisen. Lehen bietan, gainera, Gershwinek berak jo zuen pianoa. Robert Russell Bennetti egokitu zitzaion “koadro sinfonikoa” osatzeko ardura: hura zen Broadwayko konpontzaile eta orkestratzaile nagusietako bat. Russell Bennettek musikari handi-handiekin egin zuen lan, besteak beste, Jerome Kern, Irving Berlin, George Gershwin bera, Cole Porter, Frederick Loewe eta Richard Rodgersekin. Rodgersek, gainera, hauxe esan zuen Bennetten inguruan: “Berari dagokio nire musika hobetzearen meritua”. Hala, Bennettek ekarpen handia egin zion AEBetako musikaletako soinuari. Ederto asmatu zuten lanerako Bennett hautatuta; izan ere, Gershwin eta biak lagunak zirenez, Bennettek ondo ezagutzen zuen bestearen musika: suitean, adibidez, jatorrizkoaren freskura eta sentikortasuna islatu zituen, eta ondo lotu zituen mugimenduak. Horri esker, entzuleari bertatik bertara iritsiko zaizkio operaren gailurretako batzuk, hala nola preludio azkar-azkarra, Porgy eta Bessen amodiozko dueto hunkigarria, Summertime sehaska-kanta aparta, komunitateko egunerokoaren adierazpena eta, azkenik, banjoaren bihotzeko kantua, Porgyren bizipoza eta asetasunaren isla, bai baitaki funtsezko gauzen jabe dela. Orkestrazio aberats horretan, gainera, saxofoiak eta askotariko perkusio-tresnak ere badira. 1943ko otsailaren 5ean estreinatu zen, Reinerren zuzendaritzaren pean.

Azkenik, gaurko programa ixteko, Estancia balleteko lau dantzak adituko ditugu: indar handikoak dira, eta ondo baino hobeto islatzen dute soroko lan gogorra eta lurraren energia. Alberto Ginasterak idatzi zuen obra (Buenos Aires, 1916 – Geneva, 1983), Lincoln Kirstein enpresariak hala eskatuta. Hasiera batean, American Ballet Caravan konpainiarentzat idatzi zuen obra Ginasterak, baina, konpainia desegin egin zen, eta, hala, idatzi eta hamar urtera estreinatu zen obra. Hala ere, lau dantza nagusietako musika lehenago estreinatu zuten: 1943an, Buenos Airesko Colón antzokian. Arrakasta itzela bildu zuen, eta Ginasterak sona handia hartu zuen, Argentinako konpositore nagusi bihurtzeraino. Zer da estancia bat? Bada, hala deitzen zaie Argentinako panpa zabal eta lauetan dauden abeltzaintza-etxaldeei. Lautada izugarri horiek zirrara handia sortu zioten Ginastera haurrari: “Panpa zeharkatzen nuen aldiro, edo hantxe tarte batez bizi nintzen aldiro, arima aldakor bihurtzen zitzaidan, tarteka irudipen alaiak etortzen zitzaizkidan; tarteka, berriz, malenkoniatsuak. Batzuetan, euforiaz goraino nengoen, eta beste batzuetan, ordea, halako bake sakon batek hartzen ninduen. Dudarik gabe, mugarik gabeko lurralde itzel horrek pizten zizkidan denak”. Estancia obraren bitartez, Argentinako landa-eremua aldarrikatu zuen Ginasterak, gautxoek eta estancia delakoek josiriko eremu hura. Balletaren bizkarrezurra sortzeko, berriz, inspirazio-iturri ezin hobea baliatu zuen: Martin Fierro, hots, José Hernándezek 1872an argitaratu zuen poema epikoa. Poema horretan, hain justu ere, bikain islatzen da gautxoaren eguneroko zaila: “Hementxe nabil kantuan, bihuela dudala lagun, zeren gizona baldin badabil penaz, txori bakartia nola, seguru abesteak lagunduko diola…”.

Suitearen hasieran dator Nekazariak izeneko dantza, erritmo bizi-bizikoa, goizaldean soroan lanean hasten diren gizonen ahalegin itzelaren isla. Ondoren, dantza zertxobait atseginago bat: Gariaren dantza. Belardien kulunka dakar gogora, eguneko haizeak leun ematen dionean. Ondoren, hirugarren dantzan mugimendu indartsu bat dator berriro; izan ere, Etxaldeko langileek kemenez bezatzen baitituzte euren zaldiak, eta, hala, azpimarratzekoa da metalen eta tinbalen protagonismoa. Bukaeran, Malambo izeneko dantza dator. Konpositoreak erritmo-zelula azkar eta temati bat errepikatzen du behin eta berriro, eta ederki islatzen du gautxoen dantza, euren maskulinitatearen ikurra, zeina, orobat, bihurtu baitzen Ginasteraren nazionalismo modernistaren ikur.

Urte sasoi hau pizteko, programa bizi eta iradokitzailea dakargu, neguaren taupada motela zain baitago, udaberriaren koloreak noiz biziberrituko. Izan ere, Amerika hala piztu zen, orkestraren koloreak zaharberrituz. Goza ezazue soinuen paisaiaz.

Mercedes Albaina

PHILIPPE QUINT – biolina

“Egundokoa”, halakoxea omen da, BBC Music Magazine aldizkariaren arabera, Philippe Quint biolin-jotzailea. Hainbat Grammytarako izendatu dute, hamaika aretotan jo du, hala nola Leipzigeko Gewandhaus aretoan eta New Yorkeko Carnegie Hall aretoan, eta beste hainbeste jaialditan aritu izan da, adibidez, Verbier, Colmar, Holywood Bowl eta Dresden Festspiele jaialdietan.

 

2018/2019an, Utahko Orkestra Sinfonikoaren Elkarlaneko Artista dugu, eta, berriki, hamaika orkestrarekin jo du; hona hemen batzuk: London Philharmonic, Los Angeles Philharmonic, Chicago, Seattle, Detroit, Minnesota eta Bournemoutheko orkestra sinfonikoak, Weimar Staatskapelle, Royal Liverpool Philharmonic, China National Symphony, Orpheus Chamber Orchestra, Berlin Komische Oper Orchestra eta Leipzig’s MDR. Horietan, hainbat zuzendarirekin egin du lan: Masur, De Waart, Litton, Sokhiev, St. Clair, Stern, Llewellyn, Macelaru, Ling, Urbanski, Morlot, Prieto, Sokhiev, Seaman, Schermerhorn, Sloane eta Tovey.

2017/2018 denboraldian, berriz, Colmarreko Jaialdia ireki zuen, Spivakov maisuak hala eskaturik, eta Jascha Heifetzen omenez. Orchestre National de Capitole de Toulouse orkestrarekin jo zuen, Tugan Sokhievekin batera. 2019an, Spivakoven eskutik, debuta egin du Errusiako Orkestra Filarmoniko Nazionalean.

Philippek “Ruby” Stradivarius bat jotzen du, 1708koa. The Stradivari Society® elkarteak laga dio.

San Petersburgon jaio zen, eta Gaitasun Handikoen Musika Eskolan ikasi zuen, Moskun. Bertan, Andrei Korsakov izan zuen irakasle. Ondoren, Juilliard School eskolan ikasi zuen, beste hainbat maisurekin: Delay, Cho-Liang Lin, Kawasaki, Stern, Perlman, Steinhardt eta Galimir.

CARLOS MIGUEL PRIETO – Zuzendaria

Carlos Miguel Prieto (Mexiko Hiria, 1965) Mexikoko Orkestra Sinfoniko Nazionaleko, Lousianako Orkestra Sinfonikoko eta Mineríako Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra da. Bestalde, Houstoneko Orkestra Sinfonikoko zuzendari elkartua izan zen.

Munduko orkestra entzutetsu asko zuzentzeko gonbidapena izan du, besteak beste, New Yorkeko Orkestra Filarmonikoa, Bostoneko Orkestra Sinfonikoa, Chicagoko Orkestra Sinfonikoa, London Royal Orkestra Filarmonikoa, Xalapako Orkestra Sinfonikoa eta Indianapoliseko, San Antonioko, Floridako eta Nashvilleko orkestrak.

Burutu berri dituen eta aurrean dituen kontzertu-konpromisoen zerrenda luzea da; besteak beste, haren batutapean izan dira edo izango dira: Clevelandeko Orkestra Sinfonikoa, Houstoneko Orkestra Sinfonikoa, Royal Liverpool Orkestra Filarmonikoa, Hannoverreko NDR Radiophilharmonie Orkestra (Rheingango Festibalean), Frankfurteko Irratiko Orkestra (Alte Operren), Royal Scottish National Orkestra, BBC Scottish Orkestra Sinfonikoa, Bournemoutheko Orkestra Sinfonikoa, Sao Paulo Estatuko Orkestra Sinfonikoa, eta Espainiako orkestra entzutetsuenak.

Princeton eta Harvardeko unibertsitateetan graduatu zen, eta Mexikoko Musika Kritikarien Elkartearen Saria jaso du, baita Austriako eta Mexikoko gobernuek ematen duten Mozart Domina ere. Korngolden obra interpretatuz Mineríako Orkestra Sinfonikoarekin grabatutako lana, Naxos diskoetxerako egin zuena, 2010eko Grammy sarietarako izendatu zuten.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
25 - 26
Api
2024
>Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Lekua: Euskalduna Jauregia

Ein He/denleben zuzendari-lana da. Richard Straussek berak zuzendu zuen lehen emanaldian; hala ere, beste zuzendari handi bati eskainita zegoen, Mengelberg zuzendariari eta Concertgebouweko orkestrari, hain zuzen ere. Nielsenek poema sinfoniko izugarri hau aukeratu du titular gisa denboraldi honetan emango duen azken kontzerturako. Programa osatzeko, Schönberg eta Saint-Saëns musikagileen beste bi pieza ezagun izango ditugu entzungai, eta aipatzekoa da Alexandre Kantorow karismadunaren presentzia.


Charla preconcierto
2024/04/26 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza


Erik Nielsen, zuzendaria
Alexandre Kantorow, pianoa


I

ARNOLD SCHOENBERG (1874 – 1951)

Bost pieza orkestrarako Op. 16 (1949 berr.) *

I. Vorgefühle
II. Vergangenes
III. Farben
IV. Peripetie
V. Das obligate Rezitativ

CAMILLE SAINT-SAËNS (1835 – 1921)

5. kontzertua piano eta orkestrarako Fa Maiorrean Op. 103 “Egiptoarra”*

I. Allegro animato
II. Andante
III. Molto allegro

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Ein Heldenleben Op. 40

Heroia[Der Held] (attacca)
Heroiaren aurkariak [Des Helden Widersacher] (attacca)
Heroiaren bataila-eremua [Des Helden Walstatt ] (attacca)
Heroiaren bake lanak [Des Helden Friedenswerke] (attacca)
Erretiora mundutik eta heroiaren gailurra [Des Helden Weltflucht und Vollendung]

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
29
Api
2024
>Cámara 08

Cámara 08

Lekua: Euskalduna Jauregia

I

BOSen boskotea pianorekin

Laura Delgado, biolina
María Díaz Caneja, biolina
Lander Etxebarria, biola
Teresa Valente, biolontxeloa
Itxaso Sainz de la Maza, pianoa

ALFRED SCHNITTKE (1935)

Boskotea pianorekin

I. Moderato (attacca)
II. Tempo di Valse (attacca)
III. Andante (attacca)
IV. Lento (attacca)
V. Moderato pastorale

II

BOSen hari-ensemblea

Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
Laura Delgado, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
Pablo Val, biolina
Iñigo Grimal, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa
Gabriel José León, kontrabaxua

ALFRED SCHNITTKE (1934 – 1998)

Moz-Art à la Haydn

BOSen hari eta haize ensemblea

Luis Fernando Núñez, tronpa
Estefanía Beceiro, tronpa
Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Laura Delgado, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1833 – 1897)

Txantxa musikal bat Fa Maiorrean K. 522

I. Allegro
II. Menuetto (Maestoso) – Trio
III. Adagio cantabile
IV. Presto

Informazioa eta sarrerak
04
Mai
2024
>Mozartland

Mozartland

Lekua: Euskalduna Jauregia • 0B Aretoa

Kontzertua familian
Princep Totilau + Cuarteto BOS, konpainia
Wolfgang Amadeus Mozart, musika
Pol Requesens, moldaketak

Bilbao Orkestra Sinfonikoa

­2 urtetik aurrera

PREZIOAK:
Orokorra 10 €
BOSaren abonatuak* 9 €
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

“Mozartland” kontzertu-ikuskizun bat da, publikoa gonbidatzen duena Mozart txikiaren eta bere arreba Nannerlen jolas gelan esertzera, hezur-haragizko bi haurrek interpretatuta. Han, musikagilearen zuzeneko musikarekin, harizko eta txirulazko laukote baten eskutik, hiru aktorek maskarekin antzezten dituzte Salzburgoko jenio txikia gehien dibertitu zuten ipuin herrikoiak: igela, printzesa, erregea, txanogorritxoa, otsoa, amona, Hansel eta Grettel, sorgina eta Bremengo musikariak.

Bere jokoarekin, Mozart bi anaiak ipuinetako istorioak eta protagonistak edertasun, egia eta ontasun bihurtzen saiatuko dira, urte batzuk geroago Wolfgangek bere musikarekin egingo zuen bezala.

Sarrerak 2023ko abenduaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Garrantzitsua: ­aretora ­sartu­ nahi duten ­persona ­guztiek­ (adina edozein dela ere) ­dagokien ­sarrera ­aurkeztu ­behar ­dute.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
16 - 17
Mai
2024
>Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Lekua: Euskalduna Jauregia

Barroko-garaian, gehiegikeriak eta muturrak irudikatu ziren gehienbat. Kontratenoreak herniaren rola hartu zuen maiz, hala nola Giulio Cesare eta Orlando pertsonaietan, zeinak Tim Meaden ahots zoragarriaren bidez izango ditugu entzungai; bestalde, deabrua kontraste dinamiko eta bat-bateko disonantzien bidez irudikatzen zen, Leclair eta Boccherini pertsonaietan bezalaxe. Hori guztia, Pedro Gandíak proposatutako programa interesgarriaren baitan, zeina Sevillako Orkestra Barrokoko zuzendari artistikoa izan baita bi hamarkadaz eta zeina garai horretako gure espezialista handietako bat baita.

BOSbaroque

Leclair, Händel, Vivaldi, Geminiani eta Boccheriniren kontratenorarentzako obrak eta ariak

Tim Mead, kontratenorra
Pedro Gandía, kontzertino zuzendaria

Informazioa eta sarrerak