Kontzertuak

BOS 12

Abono de Iniciación


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Abono de Iniciación

 

Martin Nagashima Toft, zuzendaria

Franz Berwald (1796 – 1868): Norvegiako Alpeetako oroitzapenak*

Max Bruch (1838 – 1920): Kontzertua bi piano eta orkestrarako la bemol minorrean Op. 88*
I. Andante sostenuto
II. Andante con moto—Allegro molto vivace
III. Adagio ma non troppo
IV. Andante—Allegro

Víctor eta Luis del Valle, piano bikotea

Franz Schubert  (1840 – 1893): 6. sinfonia Do maiorrean D. 589*
I. Adagio – Allegro
II. Andante
III. Scherzo: Presto
IV. Allegro moderato

* Lehen aldiz BOSek

DATAK

  • 22 martxoa 2018       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 23 martxoa 2018       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Erromantizismo isila

Garai erromantikoak ezkutatuta gordetzen ditu oraindik ere hainbat partitura, baina poliki-poliki soinu forma hartzen ari dira, talde sinfonikoek eta ganbera taldeek garai hartako errepertorioa berpizteko eta kontzertu aretoetako hots eremua berrituko duen aire fresko pixka bat emateko duten interesari esker.

Gaur arratsaldeko egitarauan eskainiko diren hiru konposizioak ez dira oso ohikoak gaur egungo musika sinfonikoaren unibertsoan. Hiru lan horiek hizkuntza erromantikoaren eremuan gutxi esploratu diren lurraldeetara bideratuko dute gure entzumena; izan ere, era askotako arrazoiak direla-eta, itxaron konpas isil batean dauzkate beren partiturak.

Franz Berwaldek (Stockholm, 1796 – Stockholm, 1868), espiritu urdurikoa eta adimen emankorrekoa izanik, bizitza osoan saiatu zen musikarako zuen talentua aitortua izan zedin bilatzen, baina ez zuen arrakastarik izan. Bere zirkunstantzia biografikoek izen berezi nabarmenez betetako garai batean kokatu zuten, eta europar potentzia musikaletako musikagileen argiz betetako leku batean, itzalean utziz periferikotzat hartzen ziren kokapen asko eta asko.

Berwalderen aita instrumentista izan zen Stockholmeko Errege Operan, eta haren bideari jarraitu zion Berwaldek ere; hala, hamasei urte zituenetik biolina eta biola jo zituen orkestra hartan bertan. Alabaina, bere kezkak bultzatuta, beste irtenbide bat bilatu zuen konposizioaren bitartez. Ganberarako hainbat lan eta biolinerako kontzertu bat idatzi zituen, baina ez ziren nabarmendu. Askotariko interesak izan zituen, besteak beste, basoak gordetzea, liburuak argitaratzea, herri hezkuntza edo alokairuak arautzea. Bizibidea ateratzeko premiaren eta bere gaitasunen ondorioz, era askotako negozioak jarri zituen martxan bizitzan zehar (jarduera musikalaren gune nagusietatik urrun zeuden musikagile askok eta askok egin behar izan zuten hori bera). Hogeita hamar urte zituela, institutu bat zabaldu zuen Berlinen, eta, handik urte batzuetara, zerrategi bat Suediaren iparraldean; han bertan beirazko lantegi baten arduraduna izan zen. Bizitzaren azken urteetan, bere lanbideari buruz galdetu zioten batean, “beira-putzegilea” zela erantzun zuen berak; hil baino urtebete lehenago, ordea, konposizioko irakasle izendatu zuten Suediako Errege Musika Akademian. Zalantzarik gabe, bizitzan jasan zuen erdeinua eta hil ondoren ahaztua izana –ez bakarrik Europako gainerako lurraldeetan, baita bere jaioterrian ere, gezurra badirudi ere– ezin da justifikatu; izan ere, bere lan osoan baliatu zen musikarekiko zuen ikuspegi freskoaz, esploratzeko ahaleginaz eta adierazpen bizitasunaz. Norvegiako Alpeen oroitzapenak poema sinfoniko iradokitzailea eta gardena da; 1842an osatu zuen, baina ez zen 1948. urtera arte argitaratu; beraz, Berwaldek ezin izan zuen inoiz auditorium batean entzun. Lan horretan, baliabide harmoniko soiletatik abiatuta garatu zituen irudimenezko ideiak, mirariz bezala. Ildo horretatik, Berwaldek ezin hobeto islatu zuen inspirazio lirikoa bere doinuen lerro sendo eta funtsezkoetan. Bere esaldien erregulartasuna ordena klasikoaren erakusgarri da; izan ere, suediar gorteko orkestran instrumentista gisa jardundako garaian asko trebatu zen ordena horretan. Edonola ere, Berwalden berezitasuna zenbait irudi erritmikoren erabilera finean edo doinu desplazatuen erabileran nabarmentzen da, aldaketa txikiak eragiten baitituzte horiek hainbat pasarteren enfasi metrikoan. Lanaren hasierako espazioaren eta airearen ehundurari berehala antzematen zaio iparraldeko herrialdeen kutsua, baina Berwaldek badaki, halaber, bere musikari nola eman nolabaiteko tentsioa eta nola txandakatu atal bizigarriak nolakotasun aldakorragoko beste batzuekin. Konposiziorako baliabide horien bitartez, erromantiko isil honen hizkuntzan elkarrekin dihardute ongi egituratutako formatu klasikoak eta adierazpen sorta jator eta, zentzu batean, askatzaileek.

Max Bruch (Kolonia, 1838 – Berlin, 1920) musikagilearen ahotsa oraindik ere entzun ohi da bereziki Kontzertua biolinerako sol minorren lanaren –bere produkzio gehiena estaltzen duena– edo biolontxelo eta orkestrarako Kol Nidrei lanaren bitartez. Beharbada, bere garaiko ideia aurrerazaleei kontra egin izanak eta beste erromantiko tradizionalista baten itzal handiak, Brahmsenak alegia, isilean utzi dute musikagile emankor honen obra gehiena: “Uko egiten diot prozedura modernoetara lerratzeari”, aitortu zion gutun batean Brahmsi, eta, halaber, aitortu zion buruz zekizkiela haren lan guztiak. Amaren bitartez eduki zuen lehenengo harremana musikarekin, izeneko sopranoa baitzen –Bruchen emaztea ere abeslaria izan zen–; idazketarako zuen talentuari esker, hamalau urte zituela irabazi zuen konposizioko lehenengo saria. Genero askok erakarri zuten, formatu txiki eta handikoak, eta ahots eta instrumentu taldeetarakoak, eta ganbera musika, sinfoniak, kontzertuak, abestiak, operak eta oratorioak bildu zituen bere katalogo zabalean. Artean bizirik zela argitaratu eta interpretatu ziren bere lan gehienak, eta, horrez gainera, orkestra zuzendari eta irakasle gisa jardun zuen. Ohore eta titulu ugari jaso zituen Alemanian, Ingalaterran eta Frantzian. Bere musika ia gehiena okasio eta interpretatzaile jakinetarako osatua izan zen, eta horien artean garai hartako biolinista handiak daude, Sarasateo Joachim, esaterako. Bere hizkuntzaren ezaugarri nagusien artean bere doinuaren indarra nabarmentzen da; ahots musikarako zuen joera naturalak zerbaitegatik bideratu zituen bere lehentasunak herri abestiaren eremura, inspirazio iturri gisa. Pianoari dagokionez, Bruchek kontraesanez betetako harremana izan zuen tresna horrekin; trebetasun handiz jotzen zuen, eta XIX. mendean nagusi zen bai eszenatokietan bai burgesia indartsuaren etxeko esparruan. Musikagileak honela idatzi zuen 1870ean Rudolf von Beckerath organogilearentzako gutun batean: “Pianorako nire lanak aspergarriak eta kaskarrak dira. Ez dut pianorako nota bakar bat idatzi hamar urtean. Ez zaidanez tresna hori interesatzen, ezin dut berarentzat ezer idatzi”. Edonola ere, Kontzertua bi piano eta orkestrarako la bemol minorrean lanaren idazketan arrakastaz gainditu zuen Bruchek bi solista indartsuren eta talde sinfoniko ahaldunaren arteko orekaren bilaketa –eta aurkikuntza zoriontsua–. Pianoak kolpekatutako harizko tresna gisa –eta kasu honetan, eta bi aldeetatik, kontzertuko piano handi gisa– dituen ezaugarriak maisutasun handiz daude txertatuta soinu multzoan. Lan horrek, Poulencen 1932ko kontzertu bikoitzarekin batera, asko lagundu zuen Mozarten eta Mendelssohnen aurreko lanek osatzen zuten errepertorioa aberasten, eta Bartók, Martinů, Britten edo Vaughan Williamsen bi piano eta orkestrako lanekin jarraitu zuen aurrerantzean. Denen artean lortu zuten XX. mendea genero horren urrezko garaia izatea.

1915ean idatzi zuen lana, Sutro amerikar ahizpa pianistek aginduta. Bruchek Berlinen ezagutu zituen, han ikasle zela. Bi ahizpek pribatuan interpretatzeko lana izatea zen ideia, eta ez zen Europan argitaratu eta estreinatuko. Baina ahizpek Filadelfian estreinatu zuten, 1916an, eta oso modu desegokian gainera: beraien interpretazioari mesede egiten zioten konponketa eta sinplifikazioak egin zituzten. Biak hil arte (Rose 1957an hil zen eta Ottilie 1970ean) itxaron behar izan zen partitura osoa jatorrizkotik abiatuta berregiteko, haien esku baitzegoen. Kontzertua 1974an grabatu zen azkenik, Martin Berkofsky eta Nathan Twining pianistekin, Londresko Orkestra Sinfonikoarekin eta Antal Dorati zuzendariarekin.

Konposizioaren tonalitate ezohikoak Andante sostenutoa betetzen du osorik; erabateko indarrarekin hasten da, eta tentsio emozionalez beteta, baina berehala urtzen da kontrapuntuko pasarte batean, zeinetan garatzen den musikagileak Ostiral Santuko prozesio batean, Kapriko uhartean, entzundako doinu bat. Bi osagai horien bizikidetzak oso dramaturgia berezia sortzen du, eta Bruchek “auhen eta kontsolamendu diskurtso” gisa deskribatu zuen horretan barrena eramaten du musika. Bigarren mugimendua Andante con moto iradokitzaile batekin hasten da, eta Allegro molto vivace kementsuaren sarrerarako prestatzen du; azken horretan, bakarlriek, orkestraren erantzunarekin edo hark indartuta, nolakotasun erabat erromantikoaren ideia erakusten dute, biziro. Bruchen etorri lirikoa agerian gelditzen da Adagio man non troppoan, zeinetan zuhurki agertzen den doinu gozo eta poetiko bat, astiro-astiro guztiz zabaldu eta hots eremu osoa betetzeko, amaieran erabat apaldu arte. Kontzertua Allegro batez amaitzen da, baina haren aurretik Andante labur bat dago, zeinetan agertzen den berriro lanaren hasierako doinua. Edonola ere, mugimendu horretan, musikaren izaerak kontsolamenduaren garaipenaren aldera egiten du, auhenera egin beharrean, eta himnotik oso hurbil, itxaropen indargarriaren aureola batez amaitzen da, bakarlariek birtuosismo xarmagarria barreiatzen duten bitartean.

Berwalden garai berean, eta hiri biziki melomanoan jaio eta bizi izan bazen ere –bertatik atera ere egin gabe–, Franz Schubertek (Viena, 1797-Viena, 1828) ez zuen zorte handia izan bere karreran. Bizitza pertsonala eta profesionala burgesia aberats batek inguratuta igaro zuen, eta hark mugarik gabe baloratzen eta gozatzen bazuen ere musikagilearen inspirazioa –gaur egun schubertiada deitu ohi denean–, ez zion haren mantenuari lagundu.

Lan oparoa osatu zuen bizitza laburregian, eta gortearen eta kontzertu aretoen artean aritu zen, bi musika garairen arteko trantsizioko garai batean: Klasizismoa, batetik, bere profil argiekin eta egikera bikainarekin, eta Erromantizismoa, bestetik, hunkitzeko ahalmenarekin eta asmo dramatikoarekin. Schuberten musika loratu zen bien artean, eta haren musak agortezina dirudi. Berak esan bezala, “norbait gauza on batean inspiratzen denean, arin sortzen da musika”. Jaiotzetiko talentu horri esker, ehunka abesti, pianorako doinu, ganberako musika eta partitura sinfoniko osatu zituen; horietan guztietan, instrumentuen koloreak multzoaren muina balira bezala sortuta daude, eta ez a posteriori idazketa estaltzen duen jantzi baten modura. Horixe da musikagilearen jatortasunaren eta erakargarritasunaren funtsa, eta, entzulearengan sortzen den orkestrazioa ikusgarria ez bada ere, tratamendu berritzailea egiten die haizezko tresnei, eta sentiberatasun bereziarekin jartzen du arreta horien gaitasun tinbriko eta adierazkorrei darien aukeretan.

Seigarren sinfonia Do Maiorrean lau hilabete eskasean idatzi zuen, eta 1818an amaitu zuen; gaztaroko lana da, beraz –egiaz, Schubert beti izan zen gazte, zoritxarrez–, eta horregatik beharbada nabarmentzen den materiala, instrumentazio gozoaz gainera, erritmikoa da, motibo gutxi-asko laburrekin, zeinak elkarri lotzen zaizkion diseinu errepikatuen eta vienarrari eta austriarrari lotuen bitartez, bai izaera kementsua eta herri izaera dutenetan bai aretoen giro sofistikatuari lotu ohi ditugunetan. Gainera, sinfonia honetan atseginez irudikatuta dago Rossiniren eragina; haren musikak arrakasta handia zuen garai hartan Vienan. Antzerki izaera Adagioan bertan jartzen da agerian; oihala zabaltzean, lanaren lehenengo Allegroa sartzen du, zeinetan motibo erritmikoak eta tinbrikoak eta horien artean ezartzen den imitazio joko tematiak sustatu egiten duen italiar gustuko keinu hori. Andantean doinuak hartzen du protagonismoa, nahiz eta ez den oraindik Schuberti hain nabarmen lotuta ageri ohi den eta hark bere abestietan garai hartan erabiltzen zuen trazadura zabaleko doinua. Hemen entzuten ari garena soila eta apala da, baina hori ez da eragozpena modulazioaren, aberastasun erritmikoaren eta aparteko orkestrazioaren bitartez aireratzeko. Hirugarren mugimendurako, musikagileak minuea ordezten duen Scherzo bat asmatu zuen, Beethovenek markatutako arauari eta, zalantzarik gabe, bere alaitasunari jarraituz. Arintasuna eta kemena txandakatu egiten dira mugimenduan, zeinetan tinbreek kolorez eta edertasunez betetzen duten motibo erritmiko eta melodikoen txirikorda etengabea. Sinfonia labur hau Allegro moderato batekin amaitzen da, zeinaren bitartez, Rossiniren aldeko omenaldi berri batean, bat-batekotasunaren eta izaera alaiaren ideia iragaten den eta, oin puntetan agertzen bada ere, hots eremuaz nagusitzen den, poliki-poliki. Egitura ondo diseinatuta badago ere eta zenbait pasarte harmonikoren konponketa berezia eta freskura adeitsua bada ere, Schubertek, zoritxarrez, ezin izan zuen bere Seigarrenaren estreinaldiaz gozatu, musikagilea hil eta egun gutxira estreinatu baitzen.

Gaurko egitaraua aukera ezin hobea da hots irudimenak gainezka egin zuen garaiko zenbait partitura itzalpetik ateratzeko eta bozgorailuak jartzeko.

Goza ezazue.

Mercedes Albaina

Víctor eta Luis del Valle, piano bikotea

ARD International Music Competition ospetsuan izandako arrakastaren ondoren (Munich, 2005), Víctor eta Luis del Valle anaiek (Vélez-Málaga) osatutako bikotea Europako ganbera talde nabarmenetakotzat hartzen da.

Reina Sofía Goi Mailako Musika Eskolan ikasi ondoren, Del Valle Bikotea ganberako bikote gisa aritu da Europa, Asia eta Amerikako agertoki ospetsuenetan. Garrantzizko orkestrekin batera jardun du: Espainiako Orkestra Nazionala, RTVEko Orkestra, Sevillako Errege Orkestra Sinfonikoa, Galiziako Real Filharmonía, Asturiasko Printzerriko Orkestra Sinfonikoa, Bialystok Philharmonic, Münchener Kammerorchester, Symphonie orchester des SWR (Stuttgart) eta Helsinki Philharmonic. Halaber, maila handiko zuzendariekin aritu izan da, hala nola, Juanjo Mena, Howard Griffiths, James Ross, Ralf Gothoni, Peter Csaba, Antoni Ros Marbà, Guillermo García Calvo eta Okko Kamu.

Del Valle bikoteak aurkeztu berri du “Impulse” diskoa, IBS CLASSICAL diskoetxeak argitaratua, eta oso harrera beroa izan du bai entzuleen aldetik bai kritikaren aldetik.

Gaur egun, Víctor eta Luis del Vallek, kontzertuak emateaz gainera, irakasle dihardute Madrilgo Goi Mailako Errege Kontserbatorioan eta Aragoiko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. Pianoko eta ganbera musikako eskola magistralak ematen dituzte Espainian zein atzerrian.

MARTIN NAGASHIMA TOFT, zuzendaria

Azken urteetan, Martin Nagashima Toft japoniar eta daniar jatorriko zuzendariak atsedenik gabe garatu du nazioarteko bere musika sarea, eta musika zuzendari gisa, operako antzerki zuzendari gisa eta orkestra sinfonikoen zuzendari gisa lan egin du Danimarkan, Alemanian, Italian, Herbeheretan, Espainian, Suedian eta Suitzan, esate baterako, Berlingo Alemaniar Operan eta Baden-Badengo Festspielhausen.

2005etik eta 2010era bitartean, zuzendaritza ikasi zuen Giancarlo Andrrettarekin Kopenhagen, eta, aldi berean, zuzendari laguntzaile gisa lan egin zuen Daniar Errege Operan. Azken denboraldian nabarmendutako ekoizpen eta kontzertuen artean, aipatzekoak dira, besteak beste, Verdiren Macbeth Basileako Antzokian, Vaughan Williamsen Serenadeto Music Granadako Hiriko Orkestrarekin batera, eta Gabonetako hainbat kontzertu Daniar Errege Operaren abesbatzarekin eta orkestrarekin.

11 urte zituela, haur sopranoa izanik, Ahmal interpretatu zuen, Menottiren Amahl eta gaueko bisitariak operako paper nagusia. Orduz geroztik, ez du musika, kantua eta dramarenganako pasioa galdu, zuzendari lanak egiten dituenean bereziki. Etorkizuneko konpromisoen artean, aipatzekoak dira Bilbao Orkestra Sinfonikoaren eta Gotemburgoko Operaren zuzendari gisa egingo dituen debutak, eta Hedelandeko Operara itzultzea, Donizettiren Lucia di Lammermoor lanaren zuzendaritza musikalaren arduradun gisa.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

27 - 28 - 29
Abe
2024
>Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro


0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.


Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
16 - 17
Urt
2025
>ONE eta Mahlerren “Titán”

ONE eta Mahlerren “Titán”

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”

Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
20
Urt
2025
>Ganbera 4

Ganbera 4

Lekua: Euskalduna Jauregia

B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin

M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
30 - 31
Urt
2025
>Mundu Berriko sinfonia

Mundu Berriko sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”

Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak