Kontzertuak

BOS 12

Sopranoa eta oboe-jolea | Hastapeneko abonua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

W.A. Mozart: Cosí fan tutte, obertura

W.A. Mozart: Vorrei Spiegarvi, oh Dio, K. 418

Ludwig Lebrun: Concierto para oboe (Munduko osorako berrestreinaldia)

A. Salieri: Quando piu irato freme

F. Mendelssohn: Sinfonía nº 4 en La mayor, op. 90 “Italiana”

 

Marina Monzó, sopranoa

Nicolas Carpentier, oboea

Diego Martín-Etxebarria, zuzendaria

DATAK

  • 21 martxoa 2019       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 22 martxoa 2019       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Kontzertu oparoa

Hona hemen berreskurapen baten historia: hona hemen nola berreskuratu zen Lebrunek oboearentzat idatzitako kontzertu galdua.
Bere garaiko oboe-jotzaile onenetako bat izan zen Ludwig August Lebrun (1752-1790), oboe-jotzaile miragarri asko eman zituen garai batean, gainera, besteak beste Johann Christian Fischer, Carlo Besozzi, Friedrich Ramm eta Joseph-François Garnier, garaikide zituen ospetsuenak aipatzearren.
Sortu eta hamarkada gutxira bizi izan zuen oboeak bere urrezko aroa, XVIII. mendean. Ez dago argi zergatik, baina XVIII. mendeko konpositoreak guztiz liluratuta geratu ziren musika-tresna harekin; hurrengo mendeetako sortzaileak, ordea, ez hainbeste. XVIII. mendeko lehen erdian, oboea artean jaio berria zela, ezinbesteko bihurtu zen haren kutsua, eta izen handi guztiek eskaini zizkioten orrialde adierazkorrak: Vivaldik dozenaka kontzertu idatzi zizkion, Bachek, berriz, hainbat eta hainbat ariatan erabili zuen, Handelek, ordea, opera eta concerti grossi direlakoetan, eta Couperinek, azkenik, Concerts Royaux izenekoetan. Badira izen gehiago ere, hala nola Telemann, Albinoni, Marcello…
Mendearen bigarren erdian ere, beste hainbeste konpositorek idatzi zituzten oboearentzako piezak: Rossettik, Dittersdorfek, Fialak, Vanhalek, Reichak, Voglerrek eta baita Beethoven gazte-gazteak ere. Azken horrek, Vienara alde egin aurretik, kontzertu bat idatzi zuen musika-tresna horrentzat, Bonn jaioterrian.
Emari horrekin batera datorkigu errepertorioko piezarik ezagunena: Kontzertua Do Maiorrean, K. 314, Mozartena. 1777ko udan idatzi zuen, Giuseppe Ferlendis kidearentzat: elkarrekin ziharduten biak Salzburgoko artzapezpikutzaren kaperan. Alemaniako beste zenbait hiriburutan eman zuten pieza hori, Friedrich Rammen eskutik –bakarlari aparta eta konpositorearen lagun leiala zen Ramm–. Hala ere, Mozart hil ostean editatu zen obra, eta, hortaz, konpositorea bizi zen bitartean ez zen askorik zabaldu.
Hortaz, garai hartan oboe errepertorio onena erosi nahi zuenak Parisetik ekarrarazi behar izango zuen Ludwig August Lebrunek konposatutako eta Jean-Georges Sieber editoreak argitaraturiko zazpi kontzertuetako bat. Lebrunek, ondoren, beste sei kontzertu sortu zituen; horiek, ordea, André editore alemanak plazaratu zituen 1804. urtearen inguruan, Offenbach hirian.
Beraz, guztira, hamahiru kontzertu idatzi zituen. Musika onez osaturiko altxor bat. 1979. eta 1982. urteen bitartean, kontzertu horietako sei grabatu zituen Hein Holligerrek Archiv disko-zigiluarekin, eta, hala, Lebrunen lanak Europa osoan entzun ziren berriro, hark sortu eta bi mendera.
Horren harira, musika horren eskean hasi ziren hango eta hemengo kontserbatorioak. Apurka iritsi ziren kontzertuen edizio modernoak, hainbat herrialdetako hainbat argitaletxetatik: Polonia, Kanada, Estatu Batuak eta Alemaniatik. Baina ez ziren kontzertu guztiak iritsi. Patua halakoxea baita, XXI. mendean ez omen zegoen 1778an Sieber argitaletxeak Parisen argitaraturiko 5. kontzertuaren alerik. Beste guztiak agertu ziren, dozena erdi iturrik gorde baitzituzten, gainera, edo transkribaketak egin baitziren flautak edo klarineteak jotzeko, baina ez zegoen bosgarrenaren arrastorik. Ikertzaileak ez ziren askorik larritu, izan ere, autoreak, bizi zela, halako fama bildu zuenez, derrigorrean agertu behar zuen aleren batek, lehenago edo beranduago, inork espero ez zuen tokian.
Eta, halaxe izan zen. Agertu zen, azkenean.
Inork espero ez zuen tokian.
Zaragozan, ganbara batean, eskuizkribu batean.
Musikazale porrokatua zen Liborio González de la Morena jauna: flauta jotzen zuen, eta, arian-arian, balio handiko partitura-funts bat bildu zuen hiru hamarkadaz, berak jotzeko. Liboriok beste lanbide bat zuen, ordea. Koronela zen, diplomazialari eta bakegile iaioa; hala, Gasteizko gobernadore militar izendatu zuten 1837ko otsailaren 15ean, Gerra Karlistaren bihotzean (1833-1839). Kargua hartu eta zazpi hilabetera, abuztuaren 17an, beren bandokoek hil zituzten Liborio eta beste sei “liberal epel”. Gertakizuna ez zen sekula guztiz argitu, eta, itxuraz, ez zioten inori zigorrik ezarri.
Liborioren jaioterrian geratu zen haren musika-funtsa, Zaragozan; itxuraz, gobernadoreak pentsatu baitzuen tarte batez bakarrik egongo zela Gasteizen bizitzen. Eta Zaragozan bertan agertu da berriro ere Liborioren funtsa, eta hantxe agertu da, orobat, Ludwig August Lebrunen Sol Maiorreko 5. kontzertuaren eskuzko kopia bat, presaka egina. Hantxe agertu da kontzertu galdua.
Nola eskuratu ote zuen González de la Morenak kontzertu hori? Antzeko kasuak gertatu direnez, pentsa dezakegu atzerriko musikari birtuosoren bat Zaragozan ibili zela, eta aukera hura aprobetxatu zuela Liboriok musika-pieza azkar batean kopiatzeko –1797ko data du–, bakarlariaren aletik abiatuta. Izan ere, halako musikariak presarik gabe ibili ohi ziren bidaian, eta tokiko zaleen eskuzabaltasuna baliatuz, atseden hartu ohi zuten pare bat egunez.
Sieber editoreak ondotxo zekien oboe-kontzertuak ez zirela askorik salduko –profesionalek baizik ez baitzuten musika-tresna hori jotzen–, horregatik, azalean ipini zuen flautarekin ere jo zitekeela. Zorioneko neurria, alajaina. Flauta-jotzaileak gozatzeko kopiatu zen, eta, gaur, ia bi mende igaro diren honetan, jatorrizko musika-tresnak joko du berriro, oboeak.
Zein izan zen, ordea, Ludwig August Lebrun?
Haur prodijioa izan zen Lebrun, Mannheim hiriko orkestra guztiz ezagunaren semea –Alexander aitak oboea jotzen zuen bertan–. Hainbat modutara aurkez genezake Lebrun: oboearen birtuoso gisa ala baliabide ugariko konpositore zorrotz gisa. Edonola ere, bere garaian, beste ezer baino gehiago, Franziska Danzi (1756-1791) abeslariaren senarra, horixe izan zen Lebrun. Mannheimekoa zen Danzi ere, musikaren historiako koloratura-soprano nabarmenetako bat. 1778an ezkondu ziren Franziska eta Ludwig, eta, harrezkero, biraz bira ibili ziren Europako hiriburu handietan barrena; Danzi non kontratatu, hara bidaiatuz.
Lilura bikoitza sortzen zuen bikoteak. Soprano handiarekin batera, hantxe zetorren oboe-jotzaile handia, eta batzuk beldur baziren ere, senarrak orkestran jotzea ez ote zen izango dibaren apeta hutsa, Ludwig jotzen aditu orduko lasaitu eta poztu egiten ziren denak. Bi musikariak iaioak ziren goi-goiko notak ematen, hala, Mannheimeko hastapenetatik bertatik hasi ziren halako errepertorio bat biltzen, soprano, oboe eta orkestrarako ariak biltzen, beren gaitasunak erakusteko.
Eta halaxe eraiki zen Milango opera-antzoki handia: la Scala. 1778. urtean ireki zuten, eta irekiera ospatze aldera, garaian lanean zebilen konpositore ezagunenari deitu zioten, Antonio Salieri italiarrari, zeina Vienan bizi baitzen. L’Europa riconosciuta izeneko obra idatzi zuen hark. Puntako musikari eta abeslariak bildu zituzten estreinaldirako, tartean Franziska Danzi. Salierik, hori jakinik, soprano eta oboerako aria bat sortu zuen: Quando più irato freme. Musika eroa da, goi-goiko Fa batzuekin. Franziskak, ordea, gustuko izan bide zuen erronka: handik zenbait urtera, 1787an, Georg Joseph Vogler irakasle ohiak beste aria bat idatzi baitzion, Non è la mia speranza, Castor et Pollux operaren barruan, eta orduko hartan goi-goiko La bat eman behar izan zuen abeslariak.
Salieri, Vogler eta Lebrunez gainera, baziren oboe eta sopranoen ariak maite zituzten konpositore gehiago. Bazen, adibidez, konpositore gazte bat –Franziskaren adin berekoa– zeina, ezin bestela, Mannheimen egon baitzen 1777an. Hantxe ezagutu zituen lau ahizpa jator, eta horietako hiruk koloratura-soprano ahotsa zeukaten. Halaxe deitzen ziren: Aloysa, Constanze eta Josepha Weber. Konpositore gazteak gortea egin zion lehenari, bigarrenarekin ezkondu zen, eta hirurentzat idatzi zituen musika-piezak. Nor zen gazte hura? Bada, Wolfgang Amadeus Mozart (1756-1791).
Wolfgangek 1783ko ekainaren 20an idatzi zuen Vorrei Spiegarvi, oh Dio aria, Aloysa koinatarentzat eta Ramm lagunarentzat. Aria horrek zorrotz betetzen ditu generoaren konbentzio guztiak, eta, hasiera batean, Pasquale Anfossiren opera batean txertatzeko sortu zen: Il curioso indiscreto operan, hain zuzen ere. 1777an estreinatu zen obra hura, Erroman. Testuan, emakume bat zalantzan dabil, senargaiaren adiskide bat gortea egiten ari zaiolako –azkenean, zalantzak argituko ditu–. Zazpi urte beranduago, argumentu horixe bera garatu zuen Lorenzo da Pontek Così fan tutte operaren libretoan, Mozartentzat. Obra horren oberturan, gainera, oboeak garrantzi handia du, eta badirudi ezin zuela bestela izan.
Gau honi amaiera emateko, sinfonia bat entzungo dugu, Vienako akademietako kanonek agindu moduan –besteak beste halaxe esaten baitzitzaien kontzertuei–. Kasu honetan, Felix Mendelssohn (1809-1847) konpositorearen sinfonia bat da, 4. sinfonia La Maiorrean op. 90, “Italiarra” deitua. Berlinen idatzi zuen obra Mendelssohnek, 1833ko martxoan, eta konpositoreak berak zuzenduta estreinatu zen, Londresen, bi hilabete beranduago.
Baina itzul gaitezen XVIII. mendera eta ase dezagun jakin-mina. Inoiz topo egin ote zuten, Weber ahizpek, Mozartek, Danzik eta Lebrunek? Bai, seguru asko. Askotan, gainera. Jaioterrian bertan edo Munichen topatuko zuten elkar, hiri horretan luzaroan bizi izan baitziren denak. Jakin badakigu, ordea, Franziska, Ludwig eta Wolfgang batera aritu zirela oholtza gainean, Vienako bi kontzertutan, 1785eko otsailaren 23an eta 28an. Eta okasio berezi hura ekarri nahi dugu gaur gogora. Lebrun berri bat berreskuratuko dugu, Franziskaren eta haren kideen errepertorioak ezagutuko ditugu eta gure Mozart zahar eta gaztea adituko dugu.

Joseba Berrocal

MARINA MONZÓ – Sopranoa

Valentzian jaio zen, 1994an, eta hiri horretako kontserbatorioan hasi zen pianoa, flauta eta kantua ikasten. Honako artista hauen eskola magistralak ere jaso zituen: Mariella Devia, Renata Scotto, Daniela Dessì, Juan Diego Flórez, Raúl Giménez… 2014. urteaz geroztik, Isabel Rey sopranoarekin ibili da ikasten.
2015eko irailean, Teatro Realeko gala batean kantatu zuen, beste zenbait abeslari ezagunekin batera, hala nola Juan Pons, Gregory Kunde, Carlos Álvarez eta Isabel Rey.
2016an, berriz, Bilboko Operan debutatu zuen: Aminaren rola jokatu zuen La Sonnambula lanean. Urte horretan, Accademia Rossiniana di Pesaro akademian sartu zen, Alberto Zedda maisuaren zuzendaritzaren pean. Il Viaggio a Reims obran egin zuen debuta, La Contessa di Follevilleren rolean. Harrezkero, Juan Diego Flórez tenorearekin abestu du hainbat kontzertutan.
Oraintsu, beste zenbait antzokitan debutatu du hainbat obratan: Zarzuelan, Le Cinesi; Il Viaggio a Reims (Contessa di Folleville), Veronako Antzoki Filarmonikoan; Werther (Sophie) Las Palmas hirian; La Favorite (Ines) Teatro Realen. Horrez gainera, Rossiniko Opera Jaialdira itzuli zen, La Pietra del Paragone obrarekin (Fulvia), eta Rigoletto kantatu zuen Napolin.
Etorkizunean, obra hauek egingo ditu: Bilbon, Lucia di Lammermoor; Beijingen Il Viaggio a Reims eta Lakme eta, Mahonen, azkenik, La Bohème.

NICOLAS CARPENTIER – Oboea

Parisen jaio zen, 1972an, eta Versailleseko kontserbatorioan hasi zen ikasten: oboea eta ganbera-musika ikasi zituen. Ondoren, Lyongo goi-mailako kontserbatorioan eta Munichen ikasi zuen, François Leleux mundu-mailako maisuarekin.
La Follia eta L’ensemble a vent de Versailles hirukoteak sortu zituen.
Frantziako eta Europako hainbat orkestrarekin jarduteko eskatu diote, hala nola Orchestre Français des Jeunes, Toulouseko Opera, Le concert Lamoureux, Opera Eclaté, Valentziako Orkestra Sinfonikoa, Kanarietako Orkestra Sinfonikoa, Luxenburgoko Opera… Hainbat maisuren zuzendaritzaren pean jo du, hona batzuk: Emmanuel Krivine, David Stern, Yaron Traub, Juanjo Mena, Günter Neuhold, Matek Janowski, Günther Herbig eta Antoni Witt. 1998tik aurrera, oboea jotzen du, bakarlari, Bilboko Orkestra Sinfonikoan.
BOSen lan egiteaz aparte, ganbera-musikako kontzertuak eskaintzen ditu, eta irakasle ere badabil: Jove Orquesta Nacional de Catalunya eta Kantabriako Gazte Orkestra Sinfonikoan.
Marigaud M2 erako oboea jotzen du.

DIEGO MARTIN-ETXEBARRIA – Zuzendaria

Lehen saria irabazi zuen Tokioko Nazioarteko Zuzendaritza Lehiaketako 17. edizioan. 2016. urteaz geroztik, Krefeld eta Mönchengladbach hirietako antzokietako Zuzendari Nagusi Egoiliarra eta Musika Zuzendariorde Nagusia da, hurrenez hurren.
Hainbat orkestrarekin aritu da, hala nola Osaka Philharmonic, Yomiuri Nippon Symphony, Nagoya Philharmonic, Kansai Philharmonic, Central Aichi Symphony, St. Petersburg State Capella Symphony, RTVEko Orkestra Sinfonikoa, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Bartzelonako Orkestra Sinfonikoa, Tenerifeko Orkestra Sinfonikoa, Granadako Hiriko Orkestra, Malagako Filarmonikoa…
Operan hainbat izenburu zuzendu ditu, hala nola Pucciniren La Bohème, Donizettiren Don Pasquale, Rita eta L’elisir d’amore, Bizeten Carmen, Mozarten Die Zauberflöte, Humperdincken Hänsel und Gretel, Verdiren Nabucco, Pucciniren Gianni Schicchi eta Mascagniren Cavalleria rusticana. Antzoki hauetan aritu da, besteak beste: Berlingo Staatsoper, Teatro Real, Arriaga antzokia, Krefeld eta Mönchengladbacheko antzokiak, Theater Augsburg, Theater Chemnitz…
Diskoak ere argitaratu ditu: Enric Moreraren La Viola d’Or komedia lirikoa (Kritikaren Enderrock saria, Musika Klasikoko Disko Onenari, 2016), Sinfokids 2 DVDa, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari, eta Joaquim Serraren Tempesta esvaïda opera laburra, Orquesta Camera Musicae orkestraren zuzendari.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2024-2025
09
Abe
2024
>Ganbera 3

Ganbera 3

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea

J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea

A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
12 - 13
Abe
2024
>Horrela mintzatu zen Zaratustra

Horrela mintzatu zen Zaratustra

Lekua: Euskalduna Jauregia

Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa


I

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

Egmont, Obertura Op. 84

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

23. kontzertua piano eta orkestrarako La Maiorrean K. 488

I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai

Jonathan Mamora, pianoa

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Also sprach Zarathustra Op. 30

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
19 - 20
Abe
2024
>Intxaur-hauskailua Gabonetan

Intxaur-hauskailua Gabonetan

Lekua: Euskalduna Jauregia

O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71

Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
27 - 28 - 29
Abe
2024
>Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro


0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.


Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

Informazioa eta sarrerak