Kontzertuak

BOS 14

Mahlerren 5. Inbalekin | Hastapeneko abonua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Gustav Mahler (1860-1911): 5. sinfonia do sostenitu minorrean
I. Trauermarsch
II. Sturmisch bewegt
III. Scherzo: Kraftig, nicht zu schnell
IV. Adagietto
V. Rondo – Finale

Eliahu Inbal, zuzendaria

DATAK

  • 25 apirila 2019       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 26 apirila 2019       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

BETIKOTASUN-IZPI BAT

Orain dela 100 urte baino gehiago konposatu zuen Mahlerrek Bosgarren Sinfonia, eta lan guztiz erakargarria suertatzen zaigu oraindik ere. Obrak gure arreta pizten du, musikaren bilakaerari jarrai diezaiogun, eta aldi berean hunkitu eta liluratu egiten gaitu. Zergatik ote da? Bada, seguru asko, zintzotasuna izan zelako Bosgarrenaren sorburua –berdin sortu ziren Mahlerren lan guztiak, kezka existentzialez eta sinesmen estetiko irmoz bizi izan baitzen gizona–.

Gainera, partiturari gizatasuna dario. Malherrek berak (Kaliste-Bohemia, 1860 – Viena, 1911) horixe aldarrikatzen zuen, gizatasuna, eta horrexen mira zuen, orekari nekez eusten ziolarik kontraesanez beteriko ozeano batean: Mahlerrek, judua izanik, ezinbestean egin behar zien aurre halako zailtasunei, Inperio austriar-hungariarreko hiriburuan bizi baitzen, mundu azaleko, antisemita eta itxurakeriazko baten muinean, eta, ondorioz, bere talentua landu nahi bazuen, tinko-tinko segitu behar zuen. Paradoxaren ikurra genuen Viena, luxuzko ametsa eta eguneroko zoramena bizitzeko aukera ederra eskaintzen baitzuen, baina hondoa jotzeko zorian zegoen: Habsburgtar errege-familiaren koroa inperiala amildegiaren ertzean zegoen, Lehen Mundu Gerraren atezuan, eta, bien bitartean, Vienan, elkarren alboan bizi ziren bi indarren arteko tentsioak, batetik, edertasun guztiz fin eta orekatuaren azken hondarrak, eta, bestetik, espresionismoaren eta berritzeko grinaren indar kontrolaezina. Hala, hiri berean zebiltzan Oskar Kokoschka, Egon Schiele eta Gustav Klimt margolariak, Robert Musil eta Hugo von Hofmannsthal idazleak eta Otto Wagner eta Adolf Loosen arkitektura-lanak. XX. mende hasierako Viena hartan eman zuen ezagutzera Freudek giza jarreraren oinarriak ulertzeko modu berri bat, bai eta neurosia lantzeko teknika berriak ere, “psikoanalisia” izendatuak; hantxe aldatu zuen Wittgensteinek filosofia alemanaren norabidea eta hantxe diseinatu zuen Schönbergek dodekafonismoa. Viena itzel hartan, ordea, pentsamendua, artea eta kultura bor-bor zebiltzan hiri hartan, itota bizi ziren herritarrak, erabateko miserian, baldintza kaskarretan, lanik gabe, eta prostituzioz eta ustelkeriaz inguraturik, nahiz eta klase altuak ez ziren kapaz halako froga ageriko eta ozenak nabaritzeko.

 

Testuinguru historiko eta artistiko horretan, Mahler maite eta aldi berean gorroto zuen hiri horretan –dikotomia konpondu ezina agertzen zaigu berriro ere–, han garatu zuen musikaren historiako zuzendari nabarmenetako batek bere musika ibilbide itzela, eta han sortu zituen sinfonia bikainak: benetakoak, trinkoak, lirikoak eta indartsuak, hainbeste miresten zuen Natura bezalakoxeak. Mahlerren obra bizitzaz ari da, eta horregatik dugu oraindik gustuko. Mahlerren bizitzaz ari da, noski –halaxe zioen Pierre Boulezek: “Mahlerren musikan badaude elementu biografikoak”–, baina orobat ari da gu guztion bizitzaz: “Oinazea hartu eta musika bihurtuko dut, eta ez bakarrik oinazea. Sortuko dut mundu musikal bat, non dena kabitzen baita: gaua eta eguna, argia eta iluna, irria eta negarra, negu izoztua eta udaberri alaia, uda beroa eta udazken malenkoniatsua, egunsentia eta ilunabarra. Hartuko ditut alaitasuna eta sufrimendua, eta musika bihurtuko ditut”. Hala adierazi zuen Mahlerrek bere asmoa, unibertsoari eta giza izaerari soinua ipintzeko asmoa, zeina kontraesanez, paradoxaz, desioz, zalantzaz eta errealitatez josirik baitzegoen: “Mundu bat eraikitzea, horixe da niretzat sinfonia bat sortzea”. Guri, berriz, iruditzen zaigu Mahlerrek betikotasun-izpi bat bidali zigula, gure garaia ernaldu zezan…

Mahlerrek sinesten zuen giza jendeak eboluzionatu egin zezakeela eta arteak bazeukala halako erredentzio-asmo bat, baina, harentzat, gizatasuna ez zen soilik pertsonen barnealdean gordetzen zen hori, ezpada Naturarekin guztiz bat eginda eta txirikordatuta sortzen zen gizatasun oso bat: “Lur berdean dagoen edertasun osoa ikusi behar dut”; halaxe idatzi zuen 1884an. Geroago, berriz, adierazpena berretsi zuen: “Naturako hots bat, horixe da eta izango da, beti, eta neurri osoan, nire musika”. Izan ere, Natura zen Mahlerren aterpea, inspirazio-iturria eta bere kosmos musikalaren metafora: askotarikoa baina koherentea, xehetasunez betea baina bizkarrezur batek batua. 1901eko udako oporraldian hasi zen Mahler Bosgarren sinfonia sortzen, Maierniggeko etxean, Worthersee lakuaren ertzean, bere buruaz seguru sentitzen zen garai batean: “Neure gaitasun guztien eta teknikaren jabe sentitzen naiz; iruditzen zait nire adierazpideak kontrolatzen ditudala, eta neure asmo guztiak betetzeko gai sentitzen naiz”. Garai hartantxe ezagutu zuen Alma Schindler, eta harekin ezkondu. Mahlerrek berrogeita bat urte zituen; Schindlerrek, berriz, hogeita bi.

Obra honetan, Mahlerrek ez zuen musikaz kanpoko asmorik bilatu, eta musika abstraktu eta absolutua sortu nahi izan zuen, kontzeptu filosofiko eta espiritualetan oinarritu gabe: “Nire obran ez da egongo elementu erromantiko edo mistikorik; aitzitik, parerik gabeko botere bat adieraziko du, besterik ez; eguzkiaren argitan dagoen gizon baten jarduna, horixe erakutsiko dut, bere bizitzaren gailurra erdietsi duen gizon baten jarduna”. 1902ko udazkenean amaitu zuen sinfonia.

Bosgarrena bizitzaz ari zaigu, ezin bestela, borroka heroiko betean egiten duelako aurrera, hasierako hileta-martxa borobil eta kexatitik abiatuta eta amaiera distiratsu, alai eta miragarri batera, zeinak munduarekin berradiskidetzen baikaitu, eta indarrez betetzen. Amaieran, esker ona sentitzen dugu musikari bikain eta guztiz gizatiarrarekiko. Bizitza bezalaxe, sinfonia hau sentipenez, esanahiz eta emozioz beterik dago, eta, bizitza bezalaxe, hainbat etapa edo zatitan banaturik dago.

Lehen zatian, bi mugimendu daude. Lehenengoan, halaxe diote Mahlerren oharrek: hileta-martxa, pauso neurtua, serioa, hileta-segizio baten antzera. Hain zuzen ere, horrelaxe egiten du bidea tronpetak aurkeztutako eta hariek lirikaz abestutako gaiak, tinko, soinuaren malkarretan barrena, ezinbesteko garapen batean.

Bigarren mugimenduan, ordea, Larri, suhartasun handiz, halako soinuaren leherketa bat eta erritmo bizi bat eskaintzen zaizkigu, eta bi erako pasarteak tartekatzen dira: batetik, intentsitate emozional handiko uneak, orkestraren gailur eskuzabaletan islaturik, eta, bestetik, lerro argiko pasarteak, zeintzuek kontrapuntu sinfoniko fin, sotil eta iradokitzaile bat ematen baitute.

Bigarren atalean, Scherzo ausart eta hedakor bat agertzen zaigu –energia handiz, ez oso azkar–; konpositoreak, bertan, fresko handi bat osatzen du, eta bals baten askotariko bertsioak garatzen: baldarra, informala, haurrentzat, bortitza, dotorea, hausnarkorra eta arrunta. Mugimenduaren bihotzean, berriz, Trio eder bat daukagu.

Hirugarren saioaren irekieran, opari bat: Adagietto intimo eta kontenplaziozko bat, guztiz delikatua –harpek eta hariek bakarrik jotzen dute–, halako erromantza kutsu batekin, maitasun-eskaintza bat balitz bezala. Batetik, mugimendu horrek badu soiltasun tinbriko miresgarria, lirismo ameslaria eta arintasuna, eta inguratzen duten mugimenduak, ordea, itzelak dira, guztiz aberatsak, eta halako irrealtasun kutsu bat sortzen dute, etengabeko mugimenduan balego bezala. Viscontik pusketa hori erabili zuen Heriotza Venezian filmean –zeina Thomas Mannen izenburu bereko liburuan oinarritzen baita–, eta horri esker egin zen ezagun. Mannek sakonki miresten zuen Mahler, eta Viscontik, berriz, biak miresten zituen.

Rondó-Finale. Allegro partearen hasieran, halako alaitasun itxuraz soil bat agertzen zaigu: askotariko tinbreak elkarri lotzen zaizkio halako egitura formal izugarri konplexu batean, zeina, bestalde, inongo esfortzurik gabe gozatzen baita. Konpositoreak gaitasun izugarriz baliatu zuen kontrapuntuaren teknika, gozamen-adierazpen bital hau sortzeko, eta, hala, sinfoniari amaiera loriatsu bat emateko.

XXI. mendera iritsi garen honetan, Mahlerren Bosgarrenak lilura sortzen du oraindik ere. Seguru asko –jada esan dugu moduan–, zintzotasunetik sortu zelako, baina, agian, izan liteke orobat Mahlerrek etorkizun zegoen garai bat aurreikusi zuelako: “Ai, ni hil eta berrogeita hamar urtera estreinatu banezake nire sinfonia…”, horixe idatzi zion konpositoreak emazteari, estreinaldia prestatzen ari zela. 1904ko urriaren 18an eman zuten lehen aldiz sinfonia, Kolonian. Ezaguna da Mahlerren beste esaldi bat, “etorriko da nire garaia”, zeinak ondo erakusten baitu konpositorearen kezka zaharra: inork ez zuela ulertuko hil ostera arte. Beste batzuek ere uste zuten Mahler aurreraturik zegoela: Leonard Bernsteinek, adibidez. XX. mendeko 60ko hamarkadan Mahlerren obra berreskuratzeko lan egin zuenak, hauxe uste zuen: “Auschwitzeko labeak, Vietnamen amorruz bonbardatu zituzten oihanak, Dallaseko erailketa, Hegoafrikaren harrokeria, purga troskistak, Beltzen Boterea, Guardia Gorriak, Maccarthysmoa, armagintzaren lasterketa eroa… Hori guztia bizi eta ezagutu ondoren, Mahlerren musika aditu, eta garbi ikusten dugu dena aurreikusi zuela”.

Bruno Walterren arabera, bisionarioa eta ederra da Bosgarrena, “tarteka grinatsua eta tarteka basatia, heroikoa, itzela, sutsua, serioa eta samurra, emozio guzti-guztiak zeharkatzen ditu”. Herbert von Karajenen iritziz, berriz, “Mahlerren Bosgarrena ondo joz gero, eraldatu egiten zaitu. Amaiera miragarri horrek arnasarik gabe lagatzen zaitu. Bosgarrena entzun, eta ahaztu egiten duzu denbora joan dela”.

Dudarik gabe, Mahlerren musikak edertasuna dakar errutinaren jarioaren erdian, estasi estetikoa dakarkigu une batez, eta gure egunerokoa argitzen du.

Eseri lasai, belarriekin adituko baitugu soinuen unibertso itzel hau, emozioz, kontraesanez, zalantzaz eta desiraz beteriko unibertso hau, eta hala ospatuko dugu bizitza, batasun liluragarri eta heterodoxo honen bitartez, horixe baita Mahlerren pentsamendu musikala. Festa arimarentzat eta belarrientzat. Gozatu.

Mercedes Albaina

ELIAHU INBAL – Zuzendaria

Israelen jaio zen, eta Jerusalemgo Akademian hasi zen musika ikasten. Ondoren, Parisen, Hilversumen eta Sienan jarraitu zuen, Franco Ferrara eta Sergiu Celibidache zuzendariekin. 26 urte zituela, Cantelli Zuzendari Lehiaketako lehen saria irabazi zuen.

1974tik 1990era bitartean, Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoan aritu zen Inbal jauna, musika-zuzendari, eta, 1995ean, Ohorezko Zuzendari izendatu zuten. Ordutik aurrera, 2001. urtera arte, Rai Torino Orkestra Sinfoniko Nazionala zuzendu zuen, eta 2001ean, berriz, Berlingo Orkestra Sinfonikoko musika-zuzendari izendatu zuten. 1992. urtetik zeraman hura zuzentzen.

1984tik 1987ra bitartean, Veneziako La Fenice Antzokiko musika-zuzendari izendatu zuten Eliahu Inbal, eta 2007ko urtarrilean berriro eman zioten postu hori. Gainera, 2008ko apirilean Tokioko Orkestra Metropolitarreko zuzendari izendatu zuten, eta 2009/10 denboraldian, orobat, Txekiako Orkestra Filarmonikoko zuzendari aritu zen.

Hainbat sari jaso ditu: Frantziako Gobernuaren “Officier des Arts et des Lettres” saria (1990), Vienako Urrezko Domina (2002), Frankfurteko Goethe Domina eta Alemaniako Errepublika Federaleko Merituaren Ordena (2006).

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

27 - 28 - 29
Abe
2024
>Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro


0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.


Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
16 - 17
Urt
2025
>ONE eta Mahlerren “Titán”

ONE eta Mahlerren “Titán”

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”

Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
20
Urt
2025
>Ganbera 4

Ganbera 4

Lekua: Euskalduna Jauregia

B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin

M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
30 - 31
Urt
2025
>Mundu Berriko sinfonia

Mundu Berriko sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”

Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak