Kontzertuak

BOS 6


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

ANTON BRUCKNER                     
(1824 – 1896)                            Sinfonía No. 5 en Si bemol Mayor (Edición L. Nowak – versión 1878)

 Erik Nielsen, zuzendaria

I. Adagio; Allegro; Langsamer
II. Adagio – Sehr langsam
III. Scherzo: Molto vivace
IV. Finale: Adagio; Allegro

Lehen aldiz BOSek

DURACIÓN: 85’

2016ko abenduaren 15ean, osteguna, eta 16an, ostirala. 19:30etan
Palacio Euskalduna Jauregia (Bilbao) Auditórium

 

SAMINGARRIA, BENETAKOA, SAKONA

Beste musikagile batzuekin gertatzen den moduan, Brucknerren bizitzak eta lanak lotura estua dute hark bizilekutzat Viena aukeratu izanarekin. Austriako hiriburuko musikaren historia idazteko, begien bistan da, bertara joandako pertsonaia ospetsuetatik abiatu daiteke, baita bertako areto eta antzokietan estreinatzen diren obra nabarmenetatik ere, baina, ikuspegi zabal batetik, zenbait garapen prozesu ikus daitezke, non gure kultura musikaleko oinarrizko kapituluak islatzen diren, betiere, zenbait barne kontraesanekin. Betidanik zeharo kontserbadoretzat jo izan da vienar gustua, eta ez dirudi, adibidez, halabeharrez iritsi zirenik lehenengo operak Salzburgora Vienara baino lehenago; nolanahi ere, hiriburuan berritu zen hein handi batean generoa, Gluckek bultzatuta; eta Vienan berandu finkatutako musikagile batek (Haydn) ezarri zuen musika instrumentala –ordura arte ezagutzen zen moduan– guztiz eraberritzeko eredua. Vienan bizi izan zituen, halaber, Mozartek bere sormen-indarren une gorena eta bizi-indarren gainbehera; hiri horretan egin zuten aurrera Rossiniren melodia italiarrak eta Beethoven eta Schubertek ordezkatutako tradizio alemaniarrak, aldi berean egin ere; eta berehala bihurtu zen erresistentziaren gotorleku, Europako beste gune batzuetako bultzada progresisten aurrean.

Hala eta guztiz ere, hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, lehen aldiz sortu zen lehia bi musikagile serio, zintzo eta germaniarren artean; biek obra instrumentalak lantzen zituzten, eta bientzat zen iraganeko musika analisi-, ikerketa- eta erreferentzia-iturri. Bai Brahms bai Bruckner, biak ala biak 1868an heldu ziren Vienara, asmo eta itxaropen antzekoekin, baina hiria askoz ere atseginagoa eta abegitsuagoa suertatu zitzaion lehenengoari, eta berehala izan zuen honako ziurtasun hau: «hobe litzateke postua beste edozein hiritan izatea, baina Vienan hobeto sentitzen naiz. Jende interesgarri asko dago, liburutegiak, Burgtheater antzokia, museoak… Horrek guztiak zeregin eta gozamen nahikoak ematen ditu». Hain zuzen ere, Brahmsek, bere izaera itxia eta bakartia gaindituz, oso giro bizietan parte hartu zuen, kontzertuak prestatu zituen, sarri ibiltzen zen kritikari nabarmenekin eta ahalegin handiak egin zituen bere obrak zabaltzeko; ez ziren beti lehenengoan jendearen gustukoak izaten, baina publikoak zein hiriko musikariek azken egunera arte txalotu zuten. Haren hileta luxu izugarrikoa izan zen, Frantzisko Josef enperadorearen 1916ko hiletek soilik gaindituak.

Hasteko, desberdinak dira Brucknerren kasua eta Brahmsena, lehenengoa bere garaiaz kanpoko gizona izan baitzen. Dahlhausek dion moduan, «indarka sartu zuten XIX. mendean, garai hura besterena balitz bezala, bestelako arazoekin, eta bere baitan arrotz sentitzen zela». Baina, horrez gain, Vienako hiri handia oihan erraldoi bat zen Brucknerrek barru-barruan izaten jarraitzen zuen probintziako musikagile, elizako musikari eta landa-gizon apalarentzat. Hala, hasieratik porrotera bideratuta zegoen Alemaniako musika-tradizioaren ondarearekin jarraitzeko kontzientzia historikoa haren gain jartzeko itxaropen oro; bestalde, haren mundu espresiboa hain zen berezia, ezkutukoa eta pertsonala, non Vienak ez baitzuen lortu inolaz ere harekin bat etortzea. Horrela bakarrik uler daiteke nola zeukaten hiri horretan aurrerazaletzat, Brahmsen sendotasunaren aldean, azken horrek tinko eusten zielarik balio klasikoei; dena dela, tartean eragina izan zuten, halaber, Wagnerren obrarekiko mirespen adieraziak eta formari aurre egiteko askatasun agerikoak. Ondorioz, oso komentario gogorrak entzun behar izan zituen Brucknerrek bere obrei buruz; sarri, oso etorkizun iluna iragartzen zioten. Honako hau idatzi zuen Max Kalbeckek: «etorkizunean atsegina gertatzen bada halako obra kaotikoa, bere soinuak ehun muinotatik islatzen direla, etorkizun hori guregandik oso urruti egotea nahi dugu». Ildo beretik, Eduard Hanslickek hau esan zuen Zortzigarren sinfoniaz: «amaigabea da, antolaketarik gabea, bortitza, izugarri luzea (…). Ez da ezinezkoa etorkizuna intziri errukarriak nagusi dituen amesgaiztozko estilo horretara biltzea». Brahmsek berak polemikan parte hartu zuen, baieztapen honekin: «Brucknerrek niri zor dit bere ospea, ez beste inori; izan ere, ni ez banengo, inork ez luke hitz egingo berari buruz».

Bruckner Kontserbatorioko harmonia, kontrapuntu eta organo irakasle izatera joan zen Vienara; egia esan, ia-ia heldu zenetik izan zuen egoera gogorra. Inork ez zien erreparatu haren lehenengo bi sinfoniei, eta Hirugarrena ozenki gaitzetsi zuten estreinaldiko gauean (1877). Haren zenbait lagunek ere publikoki bat egin zuten gaitzespenarekin. Paradoxikoa dirudi halako musikagile dudatsu eta kritikei hipersentikor batengan, baina bere konposizioen bertsio ugari egin zituen Brucknerrek (horrek obra, berrikuste eta estreinaldien benetako nahaspila bati eman zion bide); hala ere, beti izan zen bere estiloari guztiz leiala, eta hartan sakondu zuen, sinfoniaz sinfonia, azken hiruretan emaitza bikainak lortu zituen arte. Bere obren orkestrazio oparoak, soinu-bloke indartsu eta mamitsuko mugimenduek, eta kontrapuntua behin eta berriz erabiltzeak definitzen dute estilo hori; azken ezaugarri horrek ondo erakusten du organoaren erregistroak menperatzen zituela, eta musikagile alemaniar barrokoak miresten zituela, oso bereziki, Bach. Modu horretan, Hirugarrenaren porrotak ez zuen Brucknerren estiloan eraginik izan Laugarrena konposatzen murgildu zenean; era berean, obra horren patua ez jakiteak (ez zen 1881. urtera arte estreinatu) ez zion eragotzi Bosgarren sinfonia konposatzean (1875. eta 1877. urteen artean) printzipio berberei eustea.

Behin eta berriz alderatzen dira Brucknerren sinfoniak katedral gotiko handiekin, bai monumentalak direlako, bai barnean fede katoliko sakonak zeharkatzen dituelako. Maila musikalean sakonduz, Leon Plantingak, Musika erromantikoa liburuan, obra horien eskema bat egin zuen, eta erreferentzia gisa balio du beti: «Amaitutako guztiek lau mugimendu dituzte, tradizioaren arabera ezarriak: lehena eta azkena normalean sonata-allegro baten egiturari jarraiki. Antzeko musika-materialen erabilerak azpimarratzen du bi muturreko mugimendu horien artean sortzen den harremana, baita Hirugarren sinfoniatik aurrera, obraren amaieran hasierako gaira itzultzeak ere. Mugimendu geldoek, oro har, txandakatzen diren bi gai nagusi agertzen dituzte (…). Scherzoetan, Austriako musikaren oihartzunez gain, nolabaiteko arintasuna aditzen da, Brucknerren obra guztien bereizgarri. Obra sinfoniko horiek beti dute ezaugarri jakin bat, ezerezaren hasiera delakoa: ia guztietan, badirudi figurazio harmoniko lauso eta nahasi batetik sortzen dela lehen mugimendua, edota harien tremolando batetik, pixkanaka-pixkanaka indarra kaosetik sortuko balitz bezala. Hala ere, obra horietan handitasuna gailentzen da, monumentaltasuna, nagusiki musika-prozesuak motelduz, bilakaera pausatu eta berariazkoa duten pasarte itzelen bidez eta harmonikoki estatikoak diren atal handiak erabiliz lortua».

Platingaren deskribapenarekin uler daiteke Bosgarrena, oro har –are gehiago, seguruenik ez dira beste inongo sinfoniatan agertzen halako osotasunez ezaugarri horiek, tipikoki bruckeriartzat jotakoak–; hala ere, nabarmentzeko moduko hainbat elementu ditu: esaterako, obra Adagio batez hastea. Hala hasten den obra bakarra da bere sinfonien corpusean, eta hortxe datza handik aurrera bere obra osoa egituratuko zuten bi ideien jatorria. Pizzicatoa oso sarri erabiltzen zuenez (sarreratik bertatik agertzen zen), Pizzicato sinfonia deitzen zioten piezari, nahiz eta Brucknerrek berak nahiago zuen Fantastikoa izena. Hala ere, Tragikoa izenez iritsi zaigu guri, Goellerichen (musikagileak baimendutako biografoa) proposamenez; izan ere, inguruko munduak eragindako bakardadearen ondorioz lur jotako gizonaren adierazpenik samingarriena, benetakoena eta sakonena ikusi zuen obra horretan. Ildo horretan, Adagioak sinfoniaren muin espiritual gisa jarduten du, eta Scherzoak (musikagilearen berezko energia erritmikoa duen sonata-mugimendu txiki bat), bestalde, indar berriekin birziklatzen du obraren hasierako gaietako bat. Hala eta guztiz ere, Finale delakoan biltzen da nagusiki drama; alegia, lehen mugimenduak bultzatutako tentsioen laburpen eta, aldi berean, ebazpenean, edo, bestela esanda, sarreran iragarritako bi gaien arteko indar-gatazkaren amaieran, musikak bere aparteko handitasuna aldarrikatzeko baliatzen dituen fuga-pasarteetako subjektu bihurtzen direlarik bi-biak.

Brucknerrek artean Vienan arrakastarik lortu ez zuela konposatu zuen sinfonia, ziur aski, lorpen handirik espero gabe; baina Laugarrenak (1881ean orkestra Filarmonikoan estreinatua) harrera ona izan zuenez, nolabaiteko itxaropena gorde zuen piezaren etorkizunari zegokionez. 1883an iritsi zitzaion aukera egokia, Operako zuzendari berriak Bosgarrena programatzea onartu zuenean; nolanahi ere, entseguetan, obraren tamainak kikildu egin zuen, eta erdiko mugimenduak estreinatu ziren soilik. Horiek horrela, Zazpigarrenarekin Alemanian saiatzea erabaki zuen Brucknerrek. Leipzigen eta Munichen izandako arrakasta ikusita, Vienako Filarmonikoak interesa agertu zuen sinfonia berriarekiko, baina musikagileak honako hau erantzun zuen: «Vienako kritikari nagusiek etengabe eragotziko ninduketen, eta Alemanian dudan arrakasta geldiaraziko lukete». Joan-etorri horiekin guztiekin, ezkutuan jarraitu zuen Bosgarrenak, eta Brucknerrek 1887. urtera arte itxaron behar izan zuen osorik entzuteko. Joseph Schalkek eta Franz Zottmannek interpretatu zuten, bi pianorako bertsioan. Schalkek berak zuzendu zuen orkestra-bertsioaren estreinaldia (etenekin eta instrumentazio berriarekin), 1894an Grazen, Bruckner hirurogeita hamar urte betetzear zela, eta apenas bi urte geratzen zitzaizkiola zahartzaroaz gozatzeko, lasai eta hirikideen errespetuarekin, merezi bezala.

 

Asier Vallejo Ugarte

DATAK

  • 15 abendua 2016       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 16 abendua 2016       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

27 - 28 - 29
Abe
2024
>Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro


0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.


Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
16 - 17
Urt
2025
>ONE eta Mahlerren “Titán”

ONE eta Mahlerren “Titán”

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”

Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
20
Urt
2025
>Ganbera 4

Ganbera 4

Lekua: Euskalduna Jauregia

B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin

M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
30 - 31
Urt
2025
>Mundu Berriko sinfonia

Mundu Berriko sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”

Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak