Kontzertuak

BOS 7

Gabonetako Kontzertua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Johannes Debus, zuzendaria

Arvo Pärt (1935): Fratres*
Johann Sebastian Bach (1685-1750): Wachet auf, ruft uns die Stimme, 140. kantata BWV 140
Naroa Intxausti, sopranoa
José Antonio López, baritonoa
Bilboko Korala, abesbatza (zuzendaria: Enrique Azurza)

Franz Joseph Haydn (1732 – 1809): 94. sinfonia Sol Maiorrean Hob. I: 94 “harridura – tinbal-kolpea”
I. Adagio cantabile – Vivace assai
II. Andante
III. Menuetto (Allegro molto) – Trio
IV. Allegro di molto

Felix Mendelssohn (1732 – 1809): Von Himmel Hoch, Gabonetako kantata MWV A10*
I. Korua: Vom Himmel hoch
II. Aria (Baritonoa): Es ist der Herr Christ, unser Gott
III. Korala : Er bringt euch alle Seligkeit
IV. Aria (Sopranoa): Sei willkommen, du edler Gast
V. Arioso (Baritonoa): Das also hat gefallen dir
VI. Korua : Lob, Ehr sei Gott im hochsten Thron

Naroa Intxausti, sopranoa
José Antonio López, baritonoa
Bilboko Korala abesbatza (zuzendaria: Enrique Azurza)

* Lehen aldiz BOSek

DATAK

  • 21 abendua 2017       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 22 abendua 2017       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Historia ibilbide gozagarria

Gaur arratsaldeko egitarauak musika-hizkuntzaren bilakaera ikusteko gonbidapena dakar: 250 urte inguru hartzen duen tartea hartuta, lau adibide eder entzungo ditugu, beste horrenbeste aro nagusiren erakusgarri: Barrokoa, Klasizismoa, Erromantizismoa eta XX. mendea.

Gugandik hurbilen dagoen aroan hasiko dugu bidaia. Fratres –zeinaren lehen bertsioa 1977koa baita– Arvo Pärt (Paide, Estonia, 1935) konpositoreak idatzitakoa da, autoreak berak tintinnabuli izenaz ezagutarazi duen teknikaz sortutako lehenetarikoa. Teknikaren izenak erreferentzia egiten dio tintinnabulum txilinak sortzen duen soinu-efektuari –txilin txikien sorta bat da, zeinak, haizearen kulunkaz, tintin egiten baitu era bateratu eta librean–. Krisialdi luze baten erdian, bere “barne-konpasa” galduta, Pärtek zalantzan jarri zuen bere musika-adierazkortasuna, eta horrek sorkuntza-isilune sakon batean murgildu zuen. Indarberrituta atera zen, hala ere, partez antzinako musikarekiko sentitzen zuen debozioari esker, partez Errenazimentuko polifonia eta kantu gregorianoak ikertzeari ekin ziolako. Maila pertsonalean zein musikalean abiatu zuen bilaketa-lantegi horrek emaitza izan zuen: konposatzeko teknika berri bat, zeinak, autorearen beraren hitzak baliatuta, “bi egitura-lerro monodiko lotzen baititu –melodia eta triada– multzo bakar eta banaezin batean”. Haren hizkera gardena da, argia, eta entzulea gogobetetzea bilatzen du: “Nire musika argi zuria bezalakoa da: kolore guztiak barnebiltzen ditu. Prisma batek baino ezin ditu koloreak bereizi, eta haiek agerrarazi; prisma hori musika entzuten duenaren gogoa izan liteke”. Fratres obran, itxuraz modu sinple-soil batez, Pärtek dualtasun originala lortzen du ahotsetan, eta, haren bidez, beste esanahi batez betetzen ditu diskurtsoaren bi ardatz nagusiak: ardatz horizontala, biolin solistaren ahotsean nekaezin burrunbatzen duen eta etengabe aurrera egiten duen melodiak adierazia, eta ardatz bertikala, zeina, koral batena bezalako akonpainamendua gogoraraziz, poliki-poliki eta modu sofistikatuan, hariaren gozotasun berorantz lerratuko den. Material musikala, muinaren muinera ekarrita, musika tonalaren eta modalaren artean kulunkatzen da, espiritualtasun erakargarri eta atsegina islatzen duen sinpletasun erritmiko batez kulunkatu ere, klabeen eta tomtomaren kolpekatze leunak arin punteatuta. Arvo Pärti buruz hitz egitea “minimalismo espiritualez” hitz egitea da; izan ere, berak alderdien arteko bat-egitea bilatzen du, polifoniaren eta melodiaren artekoa, antzinakoaren eta berritasunaren artekoa, soinuaren eta isiltasunaren artekoa, bizipenaren eta sorkuntzaren artekoa, eta, berak dioenez, tintinnabuli konposizio-teknika bat ez ezik, ideologia bat ere bada, berez datorkiona bizitzaren aurrean duen jarrera sakonaren ondorioz, bai eta soiltasunaren muinean dagoen araztasuna, egia eta edertasuna bilatzetik ere: “Konplexua eta multifazetikoa denak nahastu egiten nau; batasunaren bila nabil. Funtsezkoa ez dena, askatu egiten da”.

Arvo Pärtek Bachen musikarekiko debozioa sentitzen du, eta hauxe diosku: “iraganari begiratu behar diogu, aurrera egin nahi badugu”. Eta iragana berrirakurtzera joko dute orkestrak eta koruak, attaccan, Juan Sebastian Bach (Eisenach, 1685 – Leipzig, 1750) maisu handiaren Kantata BWV 140 obrari helduta. Obraren abiapuntua da Wachetauf, ruftuns die Stimme izenburuko himno ederra, Philipp Nicolai teologo eta poeta luteranoak XVI. mende bukaeran konposatu zuena, zeinak erreferentzia egiten baitio San Mateoren Ebanjelioko Hamar birjinen parabolari; autore ezezaguna duen testuak, bestalde, aipamenak egiten dizkio Kantarik Ederrena obrari.

Bachek Leipzigen kantor ziharduela idatzi zuen kantata hori, hain zuzen ere, 1731ko Hirutasun Santua egunaren ondorengo hogeita zazpigarren igandearen ospakizunerako, eta haren helburua izan zen –ohi bezala– mezu erlijiosoa ahalik eta modurik adierazkorrenean transmititzea; fedea, sinesmenak eta emozioak eliztar komunitate osoari helaraztea. Horretarako, elementu medularrak erabiltzen ditu; hain zuzen ere, lehen Barrokoko italiar kantata soila abiapuntu, alemaniar kantatek izan zuten bilakaeraren ezaugarri bihurtu ziren elementu berberak: koruarentzat pentsatutako piezak, Errenazimentuko tradizio polifonikoari jarraiki osatutakoak; errezitatiboak –gutxi-asko adierazkorrak–, ekintzak aurrera egin dezan; ariak –solista batentzat, edo gehiagorentzat–, non musikak atsegin hartzen duen narratutakoak eragindako emozioan, eta koralak –egitura soilekoak–, zeinak Lutherrek gogoz sartu baitzituen multzoan, biziki interesatzen baitzitzaion komunitatea Erreformaren espirituaz eta muinaz blai zedin eta liturgian parte har zezan, batera kantatuz, ama-hizkuntzan. Bere kantatetan, Bachek gaitasun handia erakutsiz konbinatu zituen egitura koherente sendoak, ofizio handiaren adierazgarri, eta simetriarekiko zuen joera eta talentuak baino eman ezin duen askotarikotasuna. Horren guztiaren erakusgarri argia da 140. kantata: korurako pieza batek irekitzen du, eta beste batek, itxi. Lehena oso originala da; izan ere, ahots sopranoek himnoa balio luzeetan kantatzen duten bitartean, gainerako ahotsek testura kontrapuntistikoa osatzen dute, eta akonpainamendu instrumentalak, berriz, Senar zerutiarra nola hurbiltzen den deskribatzen du. Kantata ixten duen pieza, bestalde, ohiko koral luterano bat da, non koruak, homofonikoki bat eginda, instrumentu guztiez lagunduta, in dulci jubilo kantatzen duen ahots sopranoek hasieran abestutako melodia bera. Kantataren muinaren muinean, orkestrak mugitu eta koloreztatu egiten du musika, zeinak, koherentzia-erakustaldi txundigarriz beste behin, gozo-gozo biltzen baitu melodia nagusiko cantus firmusa, fantasia koral zoragarria osatuz bildu ere.

Errezitatiboetan, Bachek testuaren deskribapen sinbolikora jotzen du, baina bigarrena berezia da, gehiago baitu lirikotik. Nolanahi ere, musika poesiaz blaitzen da Arimaren –birjina zuhurretako baten– eta Jesu Kristoren arteko bi duetoetan, eta bereziki ederra da ahotsetako bakoitzaren tratamendu melodikoa, zeinak samurtasun hunkigarriz elkarlotzen baitira. Lehenengo duetoan, sopranoa, baritonoa eta biolina izatasun lurtarraren eta zerutiarraren artean mugitzen dira, eta, kontrapuntu dotorean, maitasun entregatu baten bilbea eta hitzak ehuntzen dituzte. Bigarrenean, bikotea bat-egite bereizezin agertzen da testuan, eta ideia hori musikalki adierazteko, Bachek gai nagusi bakar bat erabiltzen du, zeina, “inork bereizi ezingo duen” maitasun baten ordezkari, solista biek abestuko baitute, batak bestarengan proiekzioa egin, elkarri erantzun, elkar osatu eta fusionatzeko oboearen laguntza-lotura zoragarriaren bidez, maitale zoriontsuen inguruan neke gabe jostalari.

Kontzertuaren bigarren partea musikaren ospakizuna da, eta Joseph Haydnen (Rohrau-Austria Beherea, 1732 – Viena, 1809) 94. sinfonia Sol maiorrean obrak emango dio hasiera. Berez, obra hori ez zuen berak sortu, baina hainbeste aberastu zuen egitura aldetik eta hainbesterainoko garrantzia eman zion, Haydnez geroztik eta gaurdaino, obra hori bihurtu da pentsamendu musikala transmititzeko bide ezin egokiagoa; hainbesteraino, estreinatu zenetik –Londresen, 1792ko udaberrian–, hazi baino ez da egin konpositoreek zein publikoak generoarekiko sentitzen duten lilura. Adagio cantabile batek irekitzen du obra, eta, modu sotil-leun batez, bide ematen dio Vivace assai gai dirdaitsuari, zeina jira eta bira dabilen atrilen artean eta entzuleen belarrien inguruan, hegaldatzen, harat-honat, airea dardaraziz, energia nekaezinez. Ondoren, Andante bat dator, zeinak ezin hobeto erakusten baitu zenbaterainoko gaitasuna zuen Haydnek distira ateratzeko denik eta motiborik sinpleen, sotilenari; kasu honetan, canzonetta bat da, zeinak, oihartzun suabe batez errepikatu ondoren, entzuleak harrituta uzten baititu, tinbal-kolpe batez harritu ere –hortik datoz sinfoniak hartzen dituen beste izendapenak, hau da, “Harridura” eta “Tinbal-kolpea”–. Hala, gai hori aldatzen hasten da, modu zoragarrian aldatzen hasi ere, eta zenbait bariazio ematen ditu; horretarako, konpositoreak diskurtso musikalaren oinarrizko parametroak erabiltzen ditu –figura erritmikoak, tinbreak, modalitatea, azentuak…– eta koda batekin amaitzen du, non hasierako motiboa azkenik lausotu eta desagertu egiten den. Hirugarren mugimendua Minué klasiko baten arabera dago egituratuta, eta, hortaz, kontrastasunean dauden bi sekzio nagusi ditu, bai eta errepikapen bereizgarriak ere. Nolanahi ere, mugimendua bera artikulatzen duen muin sakonak erabat aldentzen du balizko gorte-girotik, eta publiko zabalera hurbiltzen duen herri-dantza baten kutsua hartzen du; estreinaldiko egun hartan disfrutatu zutenek ere hurbiltasun horixe sentitu zuten. Finalea, azkenik, agertokian sartzen da gainezka egiten duen eta, aldi berean, leun sentitzen den energiaz beteta, eta hala ixten da sinfonia, arintasun eta sendotasun erabatekoan.

Haydnek garai pozgarri batean idatzi zuen sinfonia hau. Jada ez zegoen lotuta “Errege Maiestarentzat eta soilik harentzat idatzitako konposizioak” idazteari, horrek samin handia sortzen baitzion, eta Esterházy leinukoen gorteko morroi gutxi-asko goreneko bat izatetik artista libre bat izatera pasa zen Londres bezalako hiri musikazale batean. Are gehiago, haren ospea Europa osoan zabaldu zen, eta gaur entzungo dugun obra haren sinfoniarik ospetsuenetariko bat bihurtu zen.

Eta poza da nagusi kontzertuaren bukaeran ere: Gabonetako posta-txartel batekin bezala iritsiko zaigun kantata alai bat entzungo dugu. Vom Himmel Hoch obra Felix Mendelssohn (Hanburgo, 1809 – Leipzig, 1847) gazteak idatzitakoa da, haren deboziozko Bachek berea idatzi zuena baino ehun urte geroago. Lutherrek 1535ean idatzi zituen himno batzuk dituzte oinarrian, eta, lagun batek bidalita, Erroman zela iritsi zitzaizkion Mendelssohni, han baitzebilen denboraldi luze bat pasatzen, bere familiak harentzat pentsatutako prestakuntza-aldi ezinbestekoari segida emateko bidean hurrengo pausoaren zain. Kantatak koru baten bidez egiten du sarrera aretoan, zeinak, Gabonen mezulariari deituz, zeru goiaren gorenetik, poz eta zorionaz beteriko nota-jauzia isurtzen baitu. Akonpainamendu instrumentalaren sendotasunak eta Do maior tonalitatearen nobletasunak distira ematen diote argia eta itxaropena darizkion partiturari. Baritonoaren aria –aitortzatik eta erredentzioarekiko fedearen oinarrian– eta sopranoarena –apaltasunetik eta esker onez beterik– instrumentazio garden gozo batez lagunduta azaltzen dira, eta kantua nabarmenduta agertzen da, egurren fintasuna lagun. Baritonoaren aria motzagoa da, baina haren laburtasuna konpentsatuta gelditzen da, baritonoak estilo ariosoan kantatzen baitu, sentimendu eta konbentzimendu osoz, egia ondasun lurtarren gainetik dagoen baliotzat aldarrikatzeko. Are motzagoak dira obrak dituen bi koralak: lehena, sotila eta samurra; kantata ixten duena, berriz, erabatekoa da bere homofonian, eta hasiera dirdaitsuarekin lotzen da, orekatu, instrumentuak eta tonalitatea lagun.

Orkestrak, gaur, aukera paregabea eskainiko digu XX. mendearen bukaerara arte argitaratu ez zen obra bat entzuteko, errepertorioetan ohikoa ez den obra bat, hain zuzen, eta ez dirudi hori arrazoizkoa denik, zeren, egia bada ere bertan ez dugula aurkituko Mendelssohnek osatu zituen bi oratorio handien dentsitate itzelezko hura, hala ere, oso erakargarria da entzulearentzat, erakusten baititu gaztetasunaren grina, konpositore izateko jaio denaren segurtasuna eta prestakuntza handiko musikariari darion kalitatea. Bizitzan zehar idatzi zituen beste hainbat pieza erlijioso laburretan bezala –moteteak eta salmoak, esaterako–, partitura honek Bachen obraren eragin nabarmena ageri du. Mendelssohnek mirespen erromantikoa sentitzen zuen Bachen figura eta musikarekiko, eta sakon ikertu zuen haren obra. Bi alderdi horiek, mirespenak eta ikerketak, sintesi baten bila jarrarazi zuten: bere idoloaren hizkuntza musikalaren ezaugarriak eta bereak uztartu nahi izan zituen, eta horrek elikatu zuen haren inspirazioa eta haren emaitzen edertasuna.

Gabonetako zorion-gutun gisa, gaur oroitzapen atsegina eramango dugu bidaia musikal honi buruz, lau gutun soinudunen bidez, zeinek argi erakusten baitute musikaren askotarikotasuna eta aberastasuna. Disfrutatu itzazue; izan daitezela urte berri itxaropentsu eta belarri-gozagarri baten aurrekariak.

Mercedes Albaina

NAROA INTXAUSTI, sopranoa

 

Naroa Intxaustik Piano eta Kantu ikasketak burutu zituen Bilboko Goi-mailako Kontserbatorioan, kalifikazio bikainak lortuta burutu ere. Bere ikaskuntza osatzeko, zenbait irakasle handiren klaseak jaso ditu, besteak beste, Teresa Berganza, Isabel Rey eta Dalton Baldwin irakasleenak. Nazioarteko hainbat lehiaketa-sari irabazi ondoren, 2003an debuta egin zuen operan, Bastiana rolean, eta, geroztik, sopranoen errepertorioko hainbat rol nagusi bete ditu, besteak beste, Marzelline (Fidelio), Susanna (Le Nozze di Figaro), Musetta (La Boheme), Sandrina (La finta giardiniera), Clorinda (La Cenerentola) eta Frasquita (Carmen).

Bestalde, maiz deitzen dute kontzertuetan abesteko, eta, horrenbestez, 9. sinfonia (Beethoven), Messiah (Haendel), Die Jahreszeiten (Haydn), Carmina Burana (Orff), Elias (Mendelssohn) eta Exsultate Julilate (Mozart) kontzertuetan abestu du. Orkestra-zuzendari entzutetsu askorekin egin du lan, besteak beste, Michael Guettler, Michael Hofstetter eta Christophe Roussetekin, bai eta izen handiko zenbait eszena-zuzendarirekin ere, adibidez, Giancarlo del Monaco, Peter Mussbach, Emilio Sagi, Balász Kovalik eta Calixto Bieitorekin.

Antzoki ospetsu ugari izan ditu agertoki, esaterako, OLBE-ABAO, Gran Teatro del Liceu, Berliner Philharmonie, Alte Oper Frankfurt, Kammeroper Shloss Rheinsberg, Konzerthaus Berlin, Palau de la Musica Catalana eta Schwetzinger Festspiele.

2012tik 2016ra bitartean solista iraunkorra izan zen Stadttheater Giessenen, eta, aldi horretan, honako opera-rol hauek bete zituen: Galatea (Acis and Galatea), Susanna (Le Nozze di Figaro), Ännchen (Der Freischütz), Poppea (Agrippina), Ilia (Idomeneo), Berenguera (Riccardo I), Servilia (La Clemenza di Tito), Linda (Linda di Chamounix), Zulema (La Conquista di Granata) eta Anna (La Dame Blanche).

Michael Hofstetterren zuzendaritzapean, Oberto opera grabatu du, Oehms diskoetxearekin.

Hurrengo proiektuen artean, debuta egingo du Donna Anna gisa (Giessen), Brandenburger Sinfonikerrekin batera abestuko du Berlinen, eta “Luther in Worms“ oratorioa abestuko du Frankfurteko Alte Operren .

JOSÉ ANTONIO LÓPEZ, sopranoa

José Antonio López sasoi betean dabil, eta haren azken interpretazioek oihartzun eta arrakasta handia lortu dute: Matthäus-Passion, Vienako Musikvereinen; Bederatzigarren sinfonia, Hofburgen, eta Ein Deutsches Requiem, Bruselako Bozarren eta Puerto Ricoko Casals Festibalean. Antzoki horiez hain, Municheko Prinzregententheaterren, Stockholmeko Berwaldhallenen, Varsoviako Filarmonikoan, Tolosako Halle aux Grainsen eta Vienako Theater an der Wien antzokian aritu da, bai eta Estatuko areto eta antzoki nagusietan ere. Haren errepertorio klasikoan honakoak daude, besteak beste: Bach, Brahms, Mahler, Britten, Zemlinskyren Sinfonia Lirikoa, Verdiren Requiema eta Schönbergen Gurrelieder-a –azken hori Deutsche Gramophon diskoetxearekin grabatu du–. Bestalde, errepertorio garaikidea ere interesatzen zaio.

Oraingo denboraldian, besteak beste, debuta egingo du Londresko Barbicanen, BBC Symphony orkestrarekin batera, Josep Ponsen zuzendaritzapean; Vienako Musikvereinera itzuliko da, Johannes-Passion interpretatzeko Wiener Akademie orkestrarekin, Martin Haselböcken zuzendaritzapean, eta Suitzan eta Austrian barna egingo du bira, Bachen Meza si minorrean kantatuz La Cetra orkestrak lagunduta, Andrea Marconen zuzendaritzapean.

Bestalde, opera-rol ugari interpretatu ditu, esate baterako, Mauricio Soteloren El Público operako rol nagusia Teatro Realen, Pablo Heras-Casadoren zuzendaritzapean; oraintsu, berriz, La Traviata operako Germont pertsonaia interpretatu du estreinakoz (Kordoba, Oviedo, Iruña eta Gijónen), Salome operako Jokanaan (Meridako Festibalean), Aida operako Amonasro eta Otello operako Iago, eta Der fliegende Holländer operako rol nagusia (Valentzian). Orain dela gutxi, debuta egin zuen Mexikoko Teatro Bellas Artes antzokian. Halaber, Händelen zenbait opera kantatu ditu (Giulio Cesare, Rinaldo, Radamisto, Rodelinda, Teatro Realen, Claus Guthen eskutik), Figaro, Don Giovanni, Escamillo eta Enrico Ashton, bai eta zarzuela ugari ere. 2018an, debuta egingo du Ford rolean (Falstaff), Sevillako Teatro de la Maestranzan.

José Antonio Lópezek zuzendari handiak izan ditu bidelagun, besteak beste, David Afkham, Gerd Albrecht, Andrey Boreyko, Ivor Bolton, Iván Fischer, Leopold Hager, Martin Haselböck, Pablo Heras-Casado, Christopher Hoogwood, Lorin Maazel, Andrea Marcon, Sir Neville Marriner, Salvador Mas, Juanjo Mena, Gianandrea Noseda, Víctor Pablo Pérez, Maurizio Pollini, Josep Pons, Christophe Rouset, Masaaki Suzuki, Yaron Traub eta Antoni Wit.

BILBOKO KORALA, abesbatza

Hasieran, Bilboko Orfeoi gisa sortu zen, 1886an, musika oro har eta korala bereziki garatzeko helburuarekin. Milaka koralistaren lanari esker, egundoko arrakasta eta prestigioa bereganatu dute elkartearen 130 urte pasatxoko historia luzean. Hala, Arte Ederretako Urrezko Domina, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiaren Ohorezko Domina eta Bilbo Hiribilduko Urrezko Domina jaso izan ditu, besteak beste.

Elkarteko koruak zuzendu dituzten maisuen artean, ondokoak daude: Zabala, Valle, Guridi, Inchausti, Urrengoechea, Olaizola, Arana, Frühbeck de Burgos, Cordero, Ruiz Laorden, Ezkurra, Sierra, Moreno, Cabero eta Julio Gergely. 2016ko apirilaz geroztik, Enrique Azurza da zuzendaria.

Koralak 80 kide baino gehiago ditu, eta Espainiako orkestra gehienekin eta nazioarteko orkestra nagusiekin batera aritu izan da; hala ere, beti izan du harreman estua tokiko elkarteekin. Aurten, nabarmendu beharra dago ekainean Brittenen War Requiem maisulanaren ekoizpenean hartu zuela parte, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin batera, Calixto Bieitoren zuzendaritzapean. Irailean, berriro hasi zuen denboraldia; besteak beste, Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira, ziklo bat garatu zuen Bizkaiko Aldundiarekin batera, eta haren baitan Gernikan, Bilbon (Guggenheim Museoa) eta Madrilen (Sofia Erregina Arte Zentroa Museo Nazionala) izan zen, eta, horrez gain, Hatzisen Everlasting Light lana estreinatu zuten. Azaroan, BOSekin batera aritu izan da agertokian La Caixak Euskaldunan antolatutako Mesias kontzertu parte-hartzailean, baita Bilbao Arenan ere Fair Saturday 2017ko hasiera-ekitaldian, zeinetan Zorba Grekoa ballet sinfoniko-korala abestu zuen, Turkiako Operako Ballet Nazionalak eta Igor Yebrak lagunduta.  

JOHANNES DEBUS, zuzendaria

Johannes Debus COC Canadian Opera Companyko zuzendari musikala da, 2009az geroztik. Hanburgoko Kontserbatorioan graduatu zen, eta, ondoren, Frankfurteko Operako kapera-maisu eta maisu errepikatzaile kontratatu zuten.

2015/16ko denboraldian, lehen aldiz aritu zen Houston eta San Diegoko orkestra sinfonikoekin, bai eta Berlingo Opera Komikoarekin, Clevelandeko Orkestrarekin eta Aspengo Musika Jaialdian ere. COC orkestrarekin batera, Barbara Monk Feldman kanadar konpositorearen Pyramus and Thisbe obraren estreinaldia zuzendu zuen, bai eta Wagnerren Sigfrido eta Mozarten Figaroren ezteiak obrak ere.

2016/17 denboraldian, debuta egin zuen Metropolitan Operan, Baltimoreko Orkestra Sinfonikoarekin, Salome zuzentzeko.

Maiz zuzentzen ditu Bavierako Estatuko Opera (Munich) eta Frankfurteko Opera. Bestalde, zenbait proiektu berritan parte hartu du English National Operarekin eta Lyongo Opera Nazionalarekin batera. Zuzendari gonbidatu gisa, Nashvilleko, New Jerseyko eta Montrealeko orkestra sinfonikoekin aritu da, besteak beste.

2010ean, Johannes Debusek gonbidapena jaso zuen James Levine ordezkatzeko, Tanglewooden, Bostongo Orkestra Sinfonikoa zuzentzeko, eta, geroago, beste gonbit bat egin zioten, hain zuzen ere sir Colin Davis ordezkatzeko, abonuko lau kontzertutan. Clevelandeko Orkestrarekin lehen aldiz 2012ko udan jardun zuen, Blossomeko Musika Jaialdian, eta Torontoko Sinfonikoarekin eta Londresko Orquesta Philharmoniarekin, berriz, 2013an.

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2017-2018
18
Abe
2017

CÁMARA 3

Lekua: Euskalduna Jauregia

BOSeko Ganbera Taldea
Actea Jiménez, perkusioa
Vicent Zaragoza, perkusioa
Berta Fresco, pianoa
Pedro José Rodríguez, pianoa

BÉLA BARTOK (1881 – 1945): Sonata 2 piano eta perkusiorako, Sz. 110
I. Assai lento
II. Lento, ma non troppo
III. Allegro non troppo

EUSKALDUNA BRASS
Vicente Olmos, tronpeta
Emili Castello-Branco, tronpeta
David Montalt, tronpa
Miguel Arbelaiz, tronboia
Kenneth Rind, tuba

LEONARD BERNSTEIN (Arr. de Rolf Smedvig)(1918 – 1990): Candide, Obertura

PETER SCHICKLE (1935): 2. kontzertua piano eta metal boskoterako, “Olé!”
I. Largo Maestoso
II. Andante morerato
III. Presto

Itziar Barredo, pianoa

TRADICIONAL (Arr de Tony Swainson): Carol of the bells

TRADICIONAL (Arr de John Iveson): Christmas crackers
I. Jingle Bells – Deck The Halls
II. A Carol fantasy
III. We wish you a Merry Christmas

Sarrerak erosi
Denboraldia 2017-2018
21 - 22
Abe
2017

BOS 7

Lekua: Euskalduna Jauregia

Johannes Debus, zuzendaria

Arvo Pärt (1935): Fratres*
Johann Sebastian Bach (1685-1750): Wachet auf, ruft uns die Stimme, 140. kantata BWV 140
Naroa Intxausti, sopranoa
José Antonio López, baritonoa
Bilboko Korala, abesbatza (zuzendaria: Enrique Azurza)

Franz Joseph Haydn (1732 – 1809): 94. sinfonia Sol Maiorrean Hob. I: 94 “harridura – tinbal-kolpea”
I. Adagio cantabile – Vivace assai
II. Andante
III. Menuetto (Allegro molto) – Trio
IV. Allegro di molto

Felix Mendelssohn (1732 – 1809): Von Himmel Hoch, Gabonetako kantata MWV A10*
I. Korua: Vom Himmel hoch
II. Aria (Baritonoa): Es ist der Herr Christ, unser Gott
III. Korala : Er bringt euch alle Seligkeit
IV. Aria (Sopranoa): Sei willkommen, du edler Gast
V. Arioso (Baritonoa): Das also hat gefallen dir
VI. Korua : Lob, Ehr sei Gott im hochsten Thron

Naroa Intxausti, sopranoa
José Antonio López, baritonoa
Bilboko Korala abesbatza (zuzendaria: Enrique Azurza)

* Lehen aldiz BOSek

Sarrerak erosi
Denboraldia 2017-2018
11 - 12
Urt
2018

BOS 8

Lekua: Euskalduna Jauregia

G. Erkoreka: Suak
E. Laló: Kontzertua biolontxelo eta orkestrarako Re minorrean
H. Berlioz: Sinfonia fantastikoa, op. 14

Edgar Moreau, biolontxeloa
Pierre André Valade, zuzendaria

Sarrerak erosi
Denboraldia 2017-2018
18 - 19
Urt
2018

BOS 9

Lekua: Euskalduna Jauregia

J.P. Moncayo: Huapango
Ch. Lindberg: Akhbank Bunka, tronpeta eta orkestrarako
Efraín Oscher: Concierto mestizo

L. Bernstein: West Side Story, Dantza sinfonikoak

Pacho Flores, trompeta

Alondra de la Parra, zuzendaria

Sarrerak erosi