Kontzertuak
BOS 9
- Aragón: Munduko lorerik handiena (20’)
- Strauss: Kontzertua oboe eta orkestrarako Re maiorrean, op. 144 (25’)
- Shostakovich: 6. sinfonia, op. 54 (30’)
Lucas Macías, oboea
Carlos Miguel Prieto, zuzendaria
I
EMILIO ARAGÓN
(1959 – )
Munduko lorerik handiena
Parte-hartzaileak: Eduardo Cortés, José Ramón Sánchez, Borja Aguirregoitia, Miriam Puertas, Sara Isabel Montes, Mikel Martija, Milagros Durana, Lorena Santaeufemia, Adrán Mesa, Mikel Reyes, José Félix Mongil, Luis Francisco Saracho, Igor Porset, Leticia San Emeterio, Maider Pérez, Irantzu Larrabe laguntzaile, Iosune Uriarte laguntzaile.
Koordinazioa: Marion Desjacques eta Narciso Gómez
RICHARD STRAUSS
(1864-1949)
Kontzertua oboe eta orkestrarako Re Maiorrean TrV 292
I. Allegro moderato
II. Andante
III. Vivace
Lucas Macías, oboea
II
DMITRI SHOSTAKOVICH
(1906 – 1975)
6. sinfonia si minorrean Op. 54
I. Largo
II. Allegro
III. Presto
Lehenengo aldiz BOSek
2017ko otsailaren 9a, osteguna, eta 10a, ostirala. 19:30etan
Euskalduna Jauregia (Bilbao) Auditórium
Munduko Lorerik handiena
José Saramago (euskarazko itzulpena: Jon Alonso)
Haurrentzako ipuinak hitz errazekin idatzi behar dira, haurrek, txikiak direnez, hitz gutxi dakitelako, eta ez dutelako nahi izaten dakizkiten horiek oso korapilatsuak izatea. Nahiago nuke halako ipuinik idazten baneki, baina ez naiz sekula ikasteko gauza izan, eta horrek pena handia ematen dit. Zeren, hitzak ongi aukeratzen asmatzeaz aparte, halako kontatzeko trebetasun bat eduki behar baita, argi eta ongi azaltzen jakin behar da, eta eraman handia ere eduki behar da. Eramanik, behintzat, ez dut, beraz barka nazazue. Nik trebetasun horiek banitu, xehetasun handiz kontatzen ahalko nuke behin asmatu nuen ipuin zoragarri bat, orain, entzungo duzuen moduan, bi hitzetan emandako laburpen bat baino ez dena… Barkatu beharko didazue handikeria, pentsatu izan baitut nirea maitagarrien eta printzesa xarmatuen ipuinen garaietatik idatzi den ipuinik politena zela… Hainbeste denbora pasatu da ordutik!
Idatzi nahi izan nuen baina idatzi ez nuen ipuinean, herrixka bat zegoen. (Orain hitz zail batzuk agertzen hasiko dira, baina norbaitek ez baditu ezagutzen, begira dezala hiztegian edo galde diezaiola irakasleari). Ez daitezela kezka hirietatik kanpoko ipuinik, ezta haurrenik ere, egon daitekeenik uste ez dutenak: heroitzat aukeratu dudan haurraren abenturak gurasoak, arrebaren bat ere bai, uste dut, aiton-amonen bat, ausaz, eta berri askorik gabeko senitarte batzuk bizi diren toki lasaitik kanpo gertatuko dira.
Lehen orria hasi bezain pronto, haurra baratze barrenetik irten da, eta zuhaitzez zuhaitz, kardantxilo bat bezala, errekaraino jaitsi da, eta gero errekaren bideari jarraitu dio, eta jolas nagi horretan jostatu da, haurtzaroaren denbora garai, zabal eta sakonak denoi eman baitigu horretarako aukera…
Baina halako batean, bakarrik joan ohi zen lurraldearen mugaraino iritsi zen. Hortik aurrera Marte planetaren eremua zabaltzen zen; haurra ez da literatur irudi honen erantzule, baina egileak, bere askatasunean, uste izan du egokia dela esaldia biribiltzeko. Handik aurrera, gure haurrarentzat, eta literatura handirik gabe, galdera bat baino ez dago: “Banoa edo ez noa”? Eta joan egin zen.
Erreka desbideratu, baztertu egiten zen, eta gainera pixka bat aspertuta zegoen errekarekin, jaio zenetik egunero ikusten baitzuen. Orduan erabaki zuen mendian zehar ekitea, eta olibondo zabalak zeharkatu zituen, eta txilintxa-lili zuriez estalitako landare-hesi misteriotsuen ondoan ibili zen; lizar garaietako basoetan barna ere ibili zen, beste batzuetan, non pertsonarik edo animaliarik gabeko soilgune bareak baitzeuden, burrunbaka ari zen isiltasun betekoak, bero begetal batek joak, zain berde eta zuri bat bezala izerdi-hustu den zurtoinaren usainarekin. Eta zer zoriontsu zebilen haurra! Aurrera egin zuen, ibili eta ibili, zuhaitzak bakantzen hasi eta lur-eremu mortu batera iritsi zen arte, sasitza urri eta idor batera, erdian muino gorri bat zeukana, buruz behera jarritako katilu bat bezalakoa.
Haurrak aldapa igo zuen, eta tontorrera iritsi zenean, zer ikusi zuen? Ez zoria eta ez herioa, ezta patuaren petrala ere… lili bat baino ez. Baina hain hits, hain zimel, non haurra hurbildu baitzitzaion, nekatuta egon arren. Eta haur berezia denez, ipuin bateko protagonista denez, lorea salbatu behar zuela deliberatu zuen. Baina ura? Han goian ez zen urik, ezta tantarik ere. Behean, errekan bai, baina… tokitan zegoen erreka!
Baina ez du inporta.
Haurrak menditik jaitsi,
mundua oso-osorik zeharkatu,
Nilo ibai handira iritsi,
eta esku-ahurrean
ahal beste ur bildu zuen.
Mundua zeharkatu ostera ere,
maldan goiti tirriki-tarraka egin,
hiru tanta baizik iritsi ez,
loreak egarriz edan zituenak.
Hogei harat-honat,
ehun mila bidaia Ilargira,
odola oin odolduetan,
baina lilia tente zen
eta usain gozoa barreiatzen zuen airean,
eta itzala egiten zuen lurrean,
haritz bat balitz bezala.
Haurra lore azpian lo geratu zen. Orduak pasatu ziren, eta haurraren gurasoak, halakoetan gertatzen den bezala, kezkatzen hasi ziren. Senide guztiak eta auzoko guztiak irten ziren haurraren bila. Baina ez zuten aurkitu.
Toki guzti-guztiak miatu zituzten, negarrez urtuta, eta ia ilunabarra zenean gora begiratu eta urrun-urrunean lore itzel bat ikusi zuten, eta inork ez zuen gogoan lore hura han sekula egon izana.
Lasterka abiatu ziren hara, muinoa igo zuten, eta han aurkitu zuten haurra, lo. Lore-hosto usaintsu bat zabaltzen zen haurraren gainean, arratseko hozkirritik babesteko, eta lore-hostoak ortzadarraren kolore guztiak zeuzkan.
Haurra etxera eraman zuten, begirune handiz, mirakulu bat balitz bezala. Gero, kaleetatik ibiltzen zenean, jendeak esaten zuen etxetik atera zela haren tamaina baino askoz handiagoa zen, are, tamaina guztiak baino handiagoa zen zerbait egiteko.
Eta hauxe da ipuinaren irakaspena.
Hauxe zen nik kontatu nahi nuen ipuina. Pena handia ematen dit haurrentzako ipuinak idazten ez jakiteak. Baina, gutxienez, orain badakizue nola izango zen ipuinaren haria, eta horrela zuek istorioa beste modu batez kontatzen ahalko duzue, nireak baino hitz askoz errazagoekin, eta beharbada aurrerago haurrentzako ipuinak idazten ikasiko duzue…
Nork daki egunen batean ez ote dudan berriz ipuin hau irakurriko, baina oraingo honetan zuk, lerrook irakurtzen ari zaren horrek, askoz hobeki idatzita?
Eta helduok nahitaez irakurri beharko bagenitu haurren ipuinak? Gauza izango ginateke benetan ikasteko hain aspalditik irakasten ari garena?
Musika loretan
Soinu-hazi txiki bat hartu, ilusio handiz erein eta iraunkortasunez ureztatu ondoren, azkenik, gaur argitara ekarriko dugu bizipen-ziklo musikal baten emaitza, lore bihurtuta. Areago: tinbre-kolore ugariko lore-sorta batek aberastuko du orkestra, bai eta musikaz gozatzen dugun guztion gogoa ere. Munduko lorerik handiena da esku artean dugun obra: lore horren babesean, haren usain gozoan bilduta, Saramagoren ipuineko haurra dago, lotan; hura aurkitzeko, olibadi zabalak, lizar garaietako basoak eta “isiltasun marmarti batek” inguratutako soilgune lasaiak zeharkatu behar izan ditu. Emanaldia irekiko duen konposizioaren titulua idazle portugaldar nobel saridunak 2001ean idatzi zuen haurrentzako narrazio labur batetik hartu da, eta horretan inspiratu zen Emilio Aragón (Habana, 1959) mugimendu bakarreko orkestra-partitura hau konposatzeko.
Ipuineko mutikoak maitasun eta irmotasun osoz zaintzen du lore zimeldua, eta hala jokatu dute BOSeko musikari-zerrendara gehitu diren hamazazpi instrumentistek ere, musika-bilera zorioneko honetan. Eta Soinu-mosaikoa proiektuaren baitan, konposizio distiratsu hau sortu dute, non APDEMA, APNABI, GORABIDE eta URIBE KOSTA erakundeetako musikariek beren tesela txikiak jarri baitituzte pianoa, gitarra, saxofoia, txirula, txalaparta edo perkusio txikia baliatuta, eta, hala, agerian utziko dute zenbaterainoko ahala duen musikak jendea elkartasunez lotzeko. Hain izen iradokitzailea duen ideiaren atzean, Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkartearen, Plena Inclusión elkartearen eta BBVA Fundazioaren ekimena dago. Musika bidezko gizarteratzea izan dute helburu nagusi, baina beste emaitza bat ere lortu dute: elikatu eta edertu egin dute abiapuntuko konposizioa, zeina ipuin txiki baterako soinu-banda eder atsegina baita, baina bizikidetzarako balio handikoa, proiektua bera bezala. Eta hori guztia, orkestrako zenbait instrumentistaren lan finari esker gertatu da, haiek sortu eta artikulatu baitituzte mikrokonposizioak, eta abiapuntu-piezan ederki muntatu. Mikrokonposizio horiek guztiek argia ematen diote Aragónen loreari, eta kolore-printza ugariz bete, soinu-mosaiko ederra sortuz.
Ipuinaren bukaeran, Saramagok hauxe diosku: “Nork esaten dit ez dudala egun batean istorio hau berriz irakurriko, zeuk idatzita, ene irakurle, are ederrago?”. Halako zerbait egin nahi dugu guk gaur hemen: orkestrarako idatzi zen musika hau entzungo dugu, baina oso bestelakoa den eta, zalantzarik gabe, guztiz ederra den beste orkestra mota batek bisortuta.
Richard Strauss (Munich, 1864 – Garmisch-Bavaria, 1949) konpositorearen Kontzertua Re maiorrean oboe eta orkestrarako oso bestela loratu zen. Bigarren Mundu Gerraren amaiera aldea zen, gerra-tentsioa oraindik nabaria zen giroan, eta soldadu estatubatuarrek okupatutako lurralde batean zegoen konpositorea. Hala, 1945eko apirilaren hondarrean, eskuadroi militar batek haren jauretxeko atea jo zuen, hura konfiskatzeko asmoz. Atea ireki, eta honela aurkeztu zuen bere burua: “Arrosadun zalduna eta Salome idatzi dituen konpositorea naiz”. Zoriak nahi izan zuen komandante melomano bat izatea taldeko burua, eta, hala, komandante hura oso pozik jarri zen XX. mendearen lehen erdialdeko konpositorerik entzutetsuenetako bat ezagututa, eta ez zion jauretxearen jabegoa kendu. Berria azkar zabaldu zen, eta zenbait soldadu musikarik jakin-minez eta interes handiz bisitatu zuten konpositorea. Besteak beste, han agertu zitzaion John de Lancie gaztea –zeina gerra aurretik Pittsburgeko Orkestra Sinfonikoaren lehen oboea izana baitzen–, eta galdetu zion ea ez ote zuen inoiz interesik izan oboerako kontzertu bat idazteko. Straussek ezetz erantzun zion, zalantza-izpirik gabe itxuraz. Hala eta guztiz ere, hilabete batzuk geroago (1946ko otsailaren 26an), De Lanciek haren gonbidapena jaso zuen Zurichera joateko, non Marcel Saillet solista hartuta Tonhalle Orkestrak kontzertuaren estreinako emanaldia egingo baitzuen Volkmar Andrae zuzendariaren eskutik. Straussek nahi izan zuen De Lanciek berak estreina zezan kontzertua Estatu Batuetan, baina ez zen posible izan, Filadelfiako Orkestraren lehen oboea irmo azaldu baitzen horren kontra –eta De Lancie orkestra hartan zegoen, gerra ostean musika-ibilbideari berriz helduta–. Dena dela, De Lanciek azkenik hirurogeiko hamarkadaren bukaera aldera interpretatu zuen kontzertua, eta, laurogeikoan, berriz, grabatu egin zuen.
Richard Straussen aita tronpa-jotzaile birtuosoa zen, Bavariako gorteko orkestran jotzen zuena, eta, hain zuzen ere, Bavariako gortean, konpositorea jaio zen urte berean, Luis II.a errege izendatu zuten, artean patologiez beteriko nerabea (zeina Viscontik bikain erretratatu baitzuen Bavariako Luis II.a, errege eroa filmean). Musika-heziketari dagokionez, Wagnerren aurkako korrontean hazi zen, aitaren bide beretik, eta klasizismoaren konsignen baitan. Alabaina, hogeita bat urte zituelarik, bere izaerarekin hobeto egokitzen zen adierazpide-mota baten bila abiatu zen, bai eta bere bidea aurkitu ere, musika programatikoaren esparruan, hain zuzen ere, haren asmoa baitzen “musikan dagoen adierazkortasuna eta poetikotasuna garatzea”. Soinuak deskribatzerakoan agertzen zuen intentsitateak iragartzen zuen neurri batean urte batzuk geroago alemaniar musika-hizkuntzan horren sakon errotuko zen espresionismoaren zantzua. Hala ere, kontserbadoreak eskandalizatu, eta musikaren enfant terriblearen rola bete ondoren –eta oso gustura egiten zuen–, 1911rako utzia zuen musika-modernitatearen lehen planoa, eta ez zen inoiz gehiago hara itzuli. “Neoklasizismoari” ekin zion berriro, eta aro horretan kokatzen da gaur entzungo dugun Oboerako kontzertua, tradizioan ohikoa zenez divertimento gisa sortua, etenik gabeko hiru mugimendutan antolatuta. Dibertigarria izatea helburu klasikoaren arabera, batetik, eta XX. mendeko musika-hizkuntzaren baliabideak erabiltzea, bestetik: aleazio ia perfektua. Allegro moderato lehen mugimendutik hasita, soinu-elementuek ganbera-tratamendua dute, oso testura gardena, eta horrek aukera ematen du bakarlariaren ahotsean entzuteko –baina baita biolaren edo klarinetearenetan ere– Straussen azken obrek erakutsi zuten ezaugarri gozagarria: gaia nota luze batez hasten da, segidan nota labur batzuk dituela. Planteamenduaren xumetasunak eta Andantean gailentzen den melodiaren edertasun nabarmenak dotorezia handia ematen diote kontzertuari. Kadentzia batek lotura egiten du amaierako Vivace-Allegroarekin, non, beste behin, orkestra ezin hobeto artikulatuta, denek parte hartzen duten protagonistaren eta haren laguntzaileen arteko oreka mirarizko moduko bat lortzeko.
Dmitri Shostakovich (San Petersburgo, 1906 – Mosku, 1975) konpositorearen Seigarrena ere gerraren hats beltzak blaituta dago –kasu honetan, gerra hasierarenak–. Seigarren sinfonia si minorrean, Op. 54 Leningradoko Orkestra Sinfonikoak estreinatu zuen 1939ko azaroan, Evgeny Mravinsky zuzendari zela, zeinari eskainita baitzegoen. Obra honek modu ezohikoan antolatuta ditu bere hiru mugimenduak: arnasa poetikoa darion Largo batekin hasten da, zeina, gogarte-giroa eta irrealtasuna tartekatzen diren bidean barna, jalki geldoan, introspekzio iluneko pasarteetan murgiltzen baita. Estreinatu zenerako, Shostakovichek esana zuen obrak “izaera kontenplatibo eta lirikoa” izango zuela. Dena dela, bestalde, “giro alegera, fresko eta gaztea” erantsi nahi ziola ere adierazi zuen, eta egiaz lortzen du ondorengo Allegroan; izan ere, orkestra-birtuosismo paregabez, scherzoak aberastasun handia erakusten du tinbre-ñabarduretan –bozkariotsuenetatik delikatuenetara–, bai eta Shostakovichek berezkoa duen kolore-askotarikotasuna ere. Eta soinu- eta kolore-eztanda distiratsu horren gailurrean, amaierako Prestoa aurkezten zaigu, zeinak, galop doinuaren tasunaz eta espiritu arinaz, music hallen mundura –ia pentsaezina une hartan– hurbiltzen baikaitu, Shostakovichek hain maite zuena umore isekaria zuen aldetik, benetan beharrezkoa haiek bezalako garaietan. Konpositore lagun gutxi batzuen aurrean sinfonia aurkezteko egin zuen emanaldi pribatuan, Shostakovichek zera adierazi zuen bozkarioz: “Azkenik lortu dut erabat gogobetetzen nauen Finale bat! Uste dut kritikari zorrotzenek ere ez diotela akats bat ere aurkituko”.
Sakona eta friboloa: zalantzarik gabe, bat eginda loratzen dira biak sinfonia honetan. Ildo beretik, Boris Schwarz musikologoak hauxe adierazi zuen: “Bach eta Offenbach beti egon dira presente Shostakovichen musikan, baina inoiz ez Seigarren sinfonian bezain argi”.
Aipatu ditugun konpositoreen talentuari esker eta interpretatzaile gonbidatuen ilusioari esker, distiratsu ageri zaigu gaur orkestra-unibertsoa. Lorez beteta. Gozatu.
Mercedes Albaina
LUCAS MACÍAS – Oboea
Royal Concertgebouw Orchestra eta Luzernako Jaialdiko Orkestrako bakarlaria eta Bolognako Orchestra Mozart orkestrako oboe nagusia izan da.
Valverde del Caminon (Huelva) jaio zen. Zuricheko Kontserbatorioan, Freiburgeko Hochschule für Musik eskolan (H. Holligerrekin), Berlingo Filarmonikoaren Karajan Akademien eta Genevako Kontserbatorioan (M. Bourguerekin) ikasi du.
Orkestrako zuzendari izateko ikasketak Mark Stringerrekin amaitu zituen, Vienako Musika eta Arteen Unibertsitatean. Duela gutxi, Parisko Orchestreko zuzendari laguntzaile izendatu dute 2016/17 denboraldirako.
Buenos Aireseko Colón Antzokian, ISA Orkestra Akademikoa, l’Orchestre de Chambre de Geneve, Galiziako Real Filharmonía eta Camerata RCO orkestrak zuzendu ditu.
Bakarlari gisa, honako hauetan aritu izan da: Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoa, Royal Concertgebouw Orchestra, Orchestra Mozart, Chamber Orquestra of Europe, Mahler Chamber Orchestra… C. Abbado, B. Haitink, M. Jansons, S. Ozawa, P. Boulez, C. Dutoit, L. Hager eta T. Hengelbrock zuzendarien zuzendaritzapean aritu izan da.
Nazioarteko areto eta jaialdi nagusietan jo izan du, honako hauetan, esaterako: Luzernako Jaialdia, Festival de la Cite Lausanne, Berliner Festwochen, Davoseko Jaialdia, Bologna Festival, Mozart Fest Wurzburg, Bilboko Elkarte Filarmonikoa eta Musika Jaialdia.
Ganberaren esparruan, Isabelle Faust, Radu Lupu, Sabine Meyer, Ton Koopman, Jacques Zoon eta Reinhold Friedrichekin kolaboratu du, besteak beste.
Egun, Freiburgeko Hochschule für Musik eskolako irakaslea da.
CARLOS MIGUEL PRIETO – Zuzendaria
Carlos Miguel Prieto (Mexiko Hiria, 1965) Mexikoko Orkestra Sinfoniko Nazionaleko, Lousianako Orkestra Sinfonikoko eta Mineríako Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra da. Bestalde, Houstoneko Orkestra Sinfonikoko zuzendari elkartua izan zen.
Munduko orkestra entzutetsu asko zuzentzeko gonbidapena izan du, besteak beste, New Yorkeko Orkestra Filarmonikoa, Bostoneko Orkestra Sinfonikoa, Chicagoko Orkestra Sinfonikoa, London Royal Orkestra Filarmonikoa, Xalapako Orkestra Sinfonikoa eta Indianapoliseko, San Antonioko, Floridako eta Nashvilleko orkestrak.
Burutu berri dituen eta aurrean dituen kontzertu-konpromisoen zerrenda luzea da; besteak beste, haren batutapean izan dira edo izango dira: Clevelandeko Orkestra Sinfonikoa, Houstoneko Orkestra Sinfonikoa, Royal Liverpool Orkestra Filarmonikoa, Hannoverreko NDR Radiophilharmonie Orkestra (Rheingango Festibalean), Frankfurteko Irratiko Orkestra (Alte Operren), Royal Scottish National Orkestra, BBC Scottish Orkestra Sinfonikoa, Bournemoutheko Orkestra Sinfonikoa, Sao Paulo Estatuko Orkestra Sinfonikoa, eta Espainiako orkestra entzutetsuenak.
Princeton eta Harvardeko unibertsitateetan graduatu zen, eta Mexikoko Musika Kritikarien Elkartearen Saria jaso du, baita Austriako eta Mexikoko gobernuek ematen duten Mozart Domina ere. Korngolden obra interpretatuz Mineríako Orkestra Sinfonikoarekin grabatutako lana, Naxos diskoetxerako egin zuena, 2010eko Grammy sarietarako izendatu zuten.
DATAK
- 09 otsaila 2017 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 10 otsaila 2017 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
CARLOS MIGUEL PRIETO
Zuzendaria
Carlos Miguel Prieto es director titular de las orquestas Sinfónica Nacional de México, Sinfónica de Louisiana y Sinfónica de Minería. Fue Director Asociado de la Houston Symhpony Orchestra.
Ha sido invitado a dirigir importantes orquestas como la New York Philharmonic, Boston Symphony Orchestra, Chicago Symphony, London Royal Philharmonic, Orquesta Sinfónica de Xalapa y las orquestas de Indianapolis, San Antonio, Florida y Nashville, entre otras.
Entre sus recientes y futuros compromisos se incluyen conciertos con la Sinfónica de Cleveland, Houston, Royal Liverpool Philharmonic, NDR Radio Philharmonie Hannover (Rheingan Festival), Radio de Frankfurt (en la Alte Oper), Royal Scottish National, BBC Scottish Symphony, Bournemouth Symphony, Orquestra Sinfônica do Estado de São Paulo así como las principales orquestas españolas.
Graduado por las universidades de Princeton y Harvard, ha recibido el Premio de la Unión Mexicana de Críticos de Música y la Medalla Mozart al mérito musical, concedida por los gobiernos de México y Austria. Su grabación de obras de Korngold con la Orquesta Sinfónica de Minería, para Naxos, fue nominado a un premio Grammy en 2010.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
BOSeko Hari Laukotea
Lekua: Sestao Musika eskola
M. Ravel: Cuarteto para cuerda
L. van Beethoven: Cuarteto n. 4, op.18 en do menor
Azer Lyutfaliev, biolina
Iñigo Grimal, biolina
Juan Cuenca, biola
Ignacio Araque, biolontxeloa
Ganbera 3
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea
J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea
A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea
Horrela mintzatu zen Zaratustra
Lekua: Euskalduna Jauregia
Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa
I
LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)
Egmont, Obertura Op. 84
WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)
23. kontzertua piano eta orkestrarako la minorrean K. 488
I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai
Jonathan Mamora, pianoa
II
RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)
Also sprach Zarathustra Op. 30
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)
Intxaur-hauskailua Gabonetan
Lekua: Euskalduna Jauregia
O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71
Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria