Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 1-2010-2011


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

C. Halffter: Halfbeniz, divertimento para orquesta
I. Albéniz / J. Rueda: Evocación, Lavapiés y Triana, de Iberia
C. Halffter: Tiento de primer tono y batalla imperial
G. Mahler: Sinfonía nº 1 en Re mayor, “Titán”

Günter Neuhold, zuzendaria

DATAK

  • 07 urria 2010       Euskalduna Jauregia      19:30 h.
  • 08 urria 2010       Euskalduna Jauregia      19:30 h.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

OMENALDIAK

Isaac Albénizen (1860-1909) Iberia suitea XX. mendearen lehen hamarraldian idatzia da, baina sorkuntza garaikiderako erreferente bizi-bizia da, oraindik; folkloretik jaiotako musika bat giro, usain edo kolore batzuk gogora ekartze “hutsarekin” nola heda daitekeen erakusten duen adibide argia: Iberiaren hamabi piezak ez baitira koadroak, pinturak edo argazkiak, sentipen (impressions) poetikoak, soinu gardentasunak baizik. Eta nostalgiazko tonu lausoez, malenkoniazko oihartzun sotil eta bareez baina, aldi berean, irrikaz, beroz eta sugar berezi batez distiratzen den lurralde bati egindako kantua: Andaluziari egindako kantua. Iberian, herrialde bero, sentsual eta eguzkitsu haren metafora gisa ageri da argia; eta, aldi berean, musikagileak bere adopziozko aberritzat hartutako herrialdean, Frantzian, behin eta berriro topatutako ozeano inpresionista horren ikur gisa. Hori guztia dela eta, asko izan dira mende luze honetan suite horretara hurbildu diren pianistak, eta, gaur egun, oraindik ere, iberista handien talde oso bat dago, dirudienez, interpretazio tradizio sendo baina heterogeneo hori berritzeko eta modernizatzeko irrikaz. Baina, agian, Iberia ez zen kontzertuetan hain presente egon izango sail horretako pieza bat edo gehiago (okerrago edo hobeto) orkestrarako moldatu duten musikagile horiengatik guztiengatik izan ez balitz; musikagile haiek guztiek tinbre eta erresonantzia berriak agerrarazteko eta harmonia itxuraz urrun, ezkutuko edo isilduak nabarmentzeko halako ahaleginik egin izan ez balute. Halaxe jardun zuen Jesús Rueda madrildarrak (1961ean jaioa): suitearen hiru orrialdeko txantiloi nahiko laburrerako transkribapena egitean, argi izan zuen Iberiaren espainiartasuna flamenkoa bezain noblea eta intimista dela; eta, hala, ez du planteatzen albeniztar estetika itxuraldatzea, ezta hartan eskua sartzea ere; hura azpimarratzea eta kolorez hornitzea baizik. “Oroitzapena” –jatorrian, “Prelude”– suitearen ataria da, obraren piezarik enigmatiko, bare eta misteriotsuena; horren guztiz bestelakoa dugu, alde horretatik, “Triana” distiratsu, apoteosiko eta are zalapartatsua, erritmo eta harmonietan harrigarria; baita “Lavapiés” disonantea ere, zuzenean Andaluzian inspiratua ez den bakarra, eta madrildar ukitu kastizoa dariona, kaleko organo biraderadunaren soinuak iradokitako habanera airos eta txantxazale horrek bideratuta.
Beste bide bati heldu zion Cristóbal Halffter musikagileak (1930ean), Halfbéniz lanean; izan ere, ez zuen suitearen orrialde bat –“El albaicín”– zuzenean espazio sinfonikora eraman: hartatik abiatu zen, sustrai modura hartu zuen. Hala, aise bereizten da jatorrizko piezaren lehenengo konpasek gogorarazten duten gitarraren kantu urruna, eta, divertimentoan zehar Halffterrek espazio kaotiko bitxi batera eramanda distortsionatzen eta itxuraldatzen badu ere, obraren amaieran haietara itzultzen da berriro ere: Granadako ijito auzora, Albénizera. Sociedad Estatal España Nuevo Milenio elkartearen eskariz egin zuen partitura, eta 2001eko otsailean estreinatu zen, Madrilgo Auditorium Nazionalean, Rafael Frühbeck de Burgos Espainiako Orkestra Nazionalaren buru zela. Hamabost urte lehenago, Halffterrek Lehenengo tonuaren tentua eta bataila inperiala estreinatu zuen Basilean, Paul Sacher suitzar musikagile eta mezenasaren omenez, hark laurogei urte bete zituenean. Lan horretan, bi erreferentzia dira aipatzekoak: Antonio de Cabezónen (1510-1566) Lehenengo tonuaren tentua eta Juan Bautista de Cabanillesen (1644-1712) Bataila inperiala. Hortaz, musikagile garaikidearen sorkuntzarekin bat eginik ageri dira iraganeko organista handien larritasuna, kontrapunturako maisutasuna eta jai giroko adierazpena; baina, kasu honetan, ez berrogeita hamarreko (post)iraultzailearen edo hirurogei-hirurogeita hamarreko (post)abangoardistaren sorkuntzarekin bat eginik, geroago etorri zen humanistarekin bat eginik baizik, haren eskuetan denboraren iragaitzak eragingo ez balio bezala agertzen den tradizio baten berritzaile eta babeslearekin. 
Gustav Mahler (1860-1911) beste mundu bat da, zalantzarik gabe. Irudi bakun, ezohiko eta guztiz bestelakoa; gizon abaildua, sutsua, kontraesanez betea, erronkaria, heriotzarekiko borroka etengabean akitua. Ez alferrik aukeratu zituen Friedrich Rückerten olerki batzuk garai berezi batean bere buruaz jarduteko: “Hilda nagoela pentsa liteke! Izan ere, bost axola zait hiltzat jotzen banaute. Ezin dut ukatu ere egin. Munduarentzat hila naiz, egiaz” (“Ich bin der Welt abhanden gekommen”, Rückert-lieder, 1901). 1884 eta 1889 artean ere, Lehen sinfonia idatzi zuen garaian, Mahler gazteak berebiziko gaitasuna erakutsi zuen musikaren bidez bere emozioak adierazteko. Haren katalogoa ez zen oso zabala artean; bi lan hauek zituen ordura arte idatzitakoen artean aipagarriak: Das klagende Lied (“Deitorearen kanta”) kantata eta Lieder eines fahrenden Gesellen (“Kamarada alderrai baten kantak”) zikloa, lehena izan ezik 1883 eta 1884 bitartean bere testuetan oinarriturik idatzitako kantuek osatua. Kantu horiek markatzen dute, hain zuzen ere, sinfoniaren pauta, zeina “gaztaroko maisulanek izan ohi duten indar berdingabe horretaz hornitua baitago, adierazpenaren joritasun emozionalagatik, argitasun baldintzarik gabe eta inkontzienteagatik eta irudimenaren oparotasunagatik”, Bruno Walterren hitzetan. Eta halaxe da: Mahlerrentzat “gaztetako ariketa” soil bat besterik izan ez zen horrek erabateko aitortza pertsonala dirudi jada: musikara eramandako oroitzapenak, oso mingarriak seguru asko, eta, horiei gaina hartuz, oihu ozen eta garaitzazko bat. Berez poema sinfoniko arranditsua izan behar zuen lan horren behin betiko bertsioa Vienan aurkeztu zuen egileak, 1900ean, eta harridura eragin zuen hiri hartan: izugarri gustatu zitzaien batzuei, baina asaldatuta eta durduzatuta utzi zituen askoz ere gehiago, Eduard Hanslick besteak beste. Hauxe idatzi zuen Hanslickek Mahlerri buruz, azken mugimendu “ikaragarritik” bere onera etorritakoan: “Bietako bat burutik eginda dago, eta ez naiz ni!”.
Obraren jatorriari erreparatuta, izaera programatikoa har lezake, jakina: gizon bat, heroi bat (Jean Paulen “Titana”), gaizkiaren kontra borrokan, eta, ahaleginaren ahaleginez eta neke askoren ondoren, garaile, azkenean. Mahlerren pentsamendu musikalaren funtsezko elementuetako bat ere agertzen da lan horretan, dagoeneko: naturaren deia, lehen mugimenduaren hasieran mantso-mantso herrestatzen dena, hari jarraitu baten gainean. Kukuaren kantua entzuten da, baita fanfarre urrun bat ere; eta, berehala, biolontxeloek gai nagusia aurkezten dute (Kamarada alderrai baten kantak zikloko “Ging Heute morgen ubers Feld” kantutik hartua); gai nagusi horrek lirismo bare eta artzain giroko bati bide ematen dio, nahiz eta, halere, ezingo duen saihestu aurrerago protagonistak naturarekin edo, agian, naturak bere buruarekin liskarra izatea. Bigarren mugimenduan –scherzo modura dihardu– kutsu herrikoia duen 3/4ko Ländler bizi bat aurrez aurre kontrajartzen zaio ukitu urbano samarreko trio bati: landaren eta hiriaren arteko kontrastea da, urteen joanean, egunaren eta gauaren arteko kontraste bihurtuko dena, argiaren eta iluntasunaren arteko kontraste.
Hirugarren mugimenduan –jatorrizko izenburuaren arabera, “Hileta martxa, Calloten estiloan”, hau da, karga dramatikoa ere bazuen estilo parodiko eta nabarmena–, lehen planora itzultzen da kamarada alderraia (“Die zwei blauen Augen”), berriro ere, hari baxuaren gai goibel eta iraunkorrarekin, eta horrekin bat egiten du oboeak, pare bat doinu grotesko eta are apur bat makabro aurkezteko. Hala, are ederragoa eta zoragarriagoa dirudi harpak irekitzen duen sail nagusiak, biolinek jarraitua, sakontasun poetiko nabariko doinu batean. Amaierako mugimendu ezin zabalagoaren hasiera guztiz oldarkorra, leherkaria, basatia eta titanikoa da; hainbeste, non ezinegonezko sentipena nabarmentzen baita hondoan, baita hariak sinfoniaren melodiarik gozoenak jotzen dituenean edo hasierako mugimenduko giroa berreskuratzen saiatzen denean ere. Izan ere, Mahlerrek bere emozioak behin betiko askatzeko irrikaz diharduela dirudi, eta emozioak behin eta berriro lehertzen dira klimax ezin suminagoetan, horrela irudikatuz, ez titana gaizkiaren garaile, musikagilea bera, baizik eta behin betiko atzean utzi ezin zuen garai bat: haurtzaroa.

Asier Vallejo Ugarte

Denboraldi-hasierako egitarau sinfonikoa aparta izango da, eta hiru urteurren omenduko dira bertan: Cristóbal Halffterren 80. urtebetetzea eta Albénizen zein Mahlerren jaiotzaren 150. urteurrena. Halffterren Tiento… txalokatu bezain harrigarria eta omenezko lanaren  dierazgarri den izenburudun Halfbeniz egongo dira entzungai. Bigarren zatian, ordea, Albénizen Iberia maisulaneko hiru orkestrazio sotilek Gustav Mahlerren estreinaldi sinfoniko distiratsua den “Titan” sinfoniari utziko diote lekua.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
25 - 26
Api
2024
>Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Lekua: Euskalduna Jauregia

Ein He/denleben zuzendari-lana da. Richard Straussek berak zuzendu zuen lehen emanaldian; hala ere, beste zuzendari handi bati eskainita zegoen, Mengelberg zuzendariari eta Concertgebouweko orkestrari, hain zuzen ere. Nielsenek poema sinfoniko izugarri hau aukeratu du titular gisa denboraldi honetan emango duen azken kontzerturako. Programa osatzeko, Schönberg eta Saint-Saëns musikagileen beste bi pieza ezagun izango ditugu entzungai, eta aipatzekoa da Alexandre Kantorow karismadunaren presentzia.


Charla preconcierto
2024/04/26 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza


Erik Nielsen, zuzendaria
Alexandre Kantorow, pianoa


I

ARNOLD SCHOENBERG (1874 – 1951)

Bost pieza orkestrarako Op. 16 (1949 berr.) *

I. Vorgefühle
II. Vergangenes
III. Farben
IV. Peripetie
V. Das obligate Rezitativ

CAMILLE SAINT-SAËNS (1835 – 1921)

5. kontzertua piano eta orkestrarako Fa Maiorrean Op. 103 “Egiptoarra”*

I. Allegro animato
II. Andante
III. Molto allegro

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Ein Heldenleben Op. 40

Heroia[Der Held] (attacca)
Heroiaren aurkariak [Des Helden Widersacher] (attacca)
Heroiaren bataila-eremua [Des Helden Walstatt ] (attacca)
Heroiaren bake lanak [Des Helden Friedenswerke] (attacca)
Erretiora mundutik eta heroiaren gailurra [Des Helden Weltflucht und Vollendung]

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
29
Api
2024
>Cámara 08

Cámara 08

Lekua: Euskalduna Jauregia

I

BOSen boskotea pianorekin

Laura Delgado, biolina
María Díaz Caneja, biolina
Lander Etxebarria, biola
Teresa Valente, biolontxeloa
Itxaso Sainz de la Maza, pianoa

ALFRED SCHNITTKE (1935)

Boskotea pianorekin

I. Moderato (attacca)
II. Tempo di Valse (attacca)
III. Andante (attacca)
IV. Lento (attacca)
V. Moderato pastorale

II

BOSen hari-ensemblea

Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
Laura Delgado, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
Pablo Val, biolina
Iñigo Grimal, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa
Gabriel José León, kontrabaxua

ALFRED SCHNITTKE (1934 – 1998)

Moz-Art à la Haydn

BOSen hari eta haize ensemblea

Luis Fernando Núñez, tronpa
Estefanía Beceiro, tronpa
Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Laura Delgado, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1833 – 1897)

Txantxa musikal bat Fa Maiorrean K. 522

I. Allegro
II. Menuetto (Maestoso) – Trio
III. Adagio cantabile
IV. Presto

Informazioa eta sarrerak
04
Mai
2024
>Mozartland

Mozartland

Lekua: Euskalduna Jauregia • 0B Aretoa

Kontzertua familian
Princep Totilau + Cuarteto BOS, konpainia
Wolfgang Amadeus Mozart, musika
Pol Requesens, moldaketak

Bilbao Orkestra Sinfonikoa

­2 urtetik aurrera

PREZIOAK:
Orokorra 10 €
BOSaren abonatuak* 9 €
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

“Mozartland” kontzertu-ikuskizun bat da, publikoa gonbidatzen duena Mozart txikiaren eta bere arreba Nannerlen jolas gelan esertzera, hezur-haragizko bi haurrek interpretatuta. Han, musikagilearen zuzeneko musikarekin, harizko eta txirulazko laukote baten eskutik, hiru aktorek maskarekin antzezten dituzte Salzburgoko jenio txikia gehien dibertitu zuten ipuin herrikoiak: igela, printzesa, erregea, txanogorritxoa, otsoa, amona, Hansel eta Grettel, sorgina eta Bremengo musikariak.

Bere jokoarekin, Mozart bi anaiak ipuinetako istorioak eta protagonistak edertasun, egia eta ontasun bihurtzen saiatuko dira, urte batzuk geroago Wolfgangek bere musikarekin egingo zuen bezala.

Sarrerak 2023ko abenduaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Garrantzitsua: ­aretora ­sartu­ nahi duten ­persona ­guztiek­ (adina edozein dela ere) ­dagokien ­sarrera ­aurkeztu ­behar ­dute.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
16 - 17
Mai
2024
>Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Lekua: Euskalduna Jauregia

Barroko-garaian, gehiegikeriak eta muturrak irudikatu ziren gehienbat. Kontratenoreak herniaren rola hartu zuen maiz, hala nola Giulio Cesare eta Orlando pertsonaietan, zeinak Tim Meaden ahots zoragarriaren bidez izango ditugu entzungai; bestalde, deabrua kontraste dinamiko eta bat-bateko disonantzien bidez irudikatzen zen, Leclair eta Boccherini pertsonaietan bezalaxe. Hori guztia, Pedro Gandíak proposatutako programa interesgarriaren baitan, zeina Sevillako Orkestra Barrokoko zuzendari artistikoa izan baita bi hamarkadaz eta zeina garai horretako gure espezialista handietako bat baita.

BOSbaroque

Leclair, Händel, Vivaldi, Geminiani eta Boccheriniren kontratenorarentzako obrak eta ariak

Tim Mead, kontratenorra
Pedro Gandía, kontzertino zuzendaria

Informazioa eta sarrerak