Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 10-2010-2011


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

J. Rueda: Un viaje imaginario
J. Sibelius: Concierto para violín y orquesta
H. Berlioz: Romeo y Julieta, selección

Orkestra gonbidatua

Orquesta Sinfónica del Principado de Asturias

Karen Gomyo, bibolina

Adrian Pravaba

, director

DATAK

  • 10 otsaila 2011       Euskalduna Jauregia      19:30 h.
  • 11 otsaila 2011       Euskalduna Jauregia      19:30 h.

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

BIZITZAREN OIHARTZUNA

Jesús Rueda (Madril, 1961) konpositore madrildarraren trebakuntza-aldia errepasatzen denean, bi izen nabarmentzen dira beti: Luis de Pablo eta Francisco Guerrero. Haren Irudimenezko bidaia, “Francisco Guerrero in memoriam”, hain zuzen ere, Francisco Guerrerori egindako omenaldia da; izan ere, behar baino lehenago hil zen, 1997an, berrogeita sei urte besterik ez zituela. Laurogeiko hamarkadako Madrilen ezagutu zuten elkar, “Movida” betean, Espainiako hiriburua gauaren erresuma zen garaian.

Jesús gazteak bazuen esperientzia mundu honetan (kontserbatorioa, Luis de Pablo…), eta nahiko argi zeukan zer zen musika eta zein bere bidea, baina Paco desberdina zen, estudioari buruz zuen iritzia bestelakoa zen, antzinakoen moduko maisua zen, artisau zahar bat; haren etxea eskola petoa zen, sekulako tailerra, jakinduriaren kutxa. Ruedak Guerrero hil eta gutxira hasi zuen Irudimenezko bidaia hau, JONDEko (Espainiako Gazte Orkestra Nazionala) konpositore egoiliarra zenean, eta, hain zuzen ere, orkestra horrexek estreinatu zuen, Ernest Martínez Izquierdo zuzendari zela, 1998ko urtarrilaren 16an, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.

Pentsatzekoa den moduan, lanak giro ilun, goibel eta hitsa dauka. Pierre de la Rue frantziar-flandestarraren Delicta juventutis motetearen eragin aitortua dago bertan. Aipatutako lan hori Felipe “Ederraren” heriotza zela-eta idatzi zuen Pierre de la Ruek, XVI. mendearen hasieran, baina lanaren eragina muturren artean mugitzen den soinu-unibertso batean integratzen da, eta handitasun-sentsazio desberdinak sorrarazten ditu, erresonantzia elektroakustikoekin, dentsitate estatikoko giroekin eta kontsonantzia eta disonantzien arteko borroka handiekin, harik eta, azkenean, isiltasunean diluitzen diren arte. Ondoren egingo zuen Bidaia askotarikoa (2005) lanean ez bezala, hemen ez du amildegian behera jauzi egiten; aitzitik, ezerezik sakonenera jaisten da.

Ruedaren lanarekin batera hil zen mendea, XX.a, Sibeliusen Kontzertua biolinerako re minorrean, op. 47 lanarekin jaio zen. Lehenengo erreferentzia 1902ko irailekoa da; orduko hartan, finlandiarrak gutun bat idatzi zion Aino emazteari, esanez “ideia zoragarria” zuela lanari ekiteko. Amaitu zuenean, bazirudien Willy Burmester (1869-1933) biolin-jotzaile alemaniarra (Joseph Joachimen ikaslea izandakoa) izango zela lan hura lehen aldiz joko zuena, baina gauzak okertu egin ziren eta ez ziren ados jarri estreinaldiaren eguna finkatzeko: Burmesterrek denbora behar zuen hura prestatzeko, eta konpositoreak ahalik eta arinen estreinatu nahi zuen, txarto ari zen pasatzen eta dirua behar zuen. Eta halaxe heldu zitzaion Victor Nováèeki. Ez zen biolin-jotzaile izugarria, eta ezer gutxi egin ahal izan zuen lanarekin, zorigaiztoko 1904ko otsailaren 8an, Helsinkin. Burmester porrotaz ohartu zen, eta konpositoreari lagundu nahi izan zion (“hain ederto joko dut kontzertua, hiria zure oinetara eroriko baita”), baina konpositoreak, lana sakon berrikusi ostean, Karl Halir alemaniarrarengana jo zuen bigarren estreinaldia egiteko. Oraingo honetan, Berlinen, 1905eko urriaren 19an eta Richard Strauss podiumean zela, txalo-zaparrada handiak entzun ziren. Handik denbora gutxira, konpositoreak Ferenc von Vecsey biolin-jotzaileari eskaini zion lana, garai hartan hamabi urteko mutikoa baino ez zen arren.

Kontzertu hau Sibeliusen trantsizio-garai bateko lana da. Literatura nazionala XIX. mendeko azken urteetara arte gailendu zen bere piezetan, Sagan (1892), Kullervo (1892), Karelia (1893) suitea, Lemminkäineneko kondairak (1893-95) edo Finlandia (1899) bezalako lanekin, baina, Lehenengo sinfonia (1899/1900) lanetik aurrera, konpositoreak bere musikaren norabidea aldatu eta estilo abstraktuagorantz jo zuen, eta, nolabait esateko, estilo unibertsalagorantz ere egin zuen, nola edo hala Brahms, Liszt edo Tchaikovskiren hemeretzigarren mendeko tradizio sinfonikoari jarraituz. Eta, modu horretan, oso ospetsu egin zen Europa osoan. Gero, kritikariek (Theodor Adorno buru zela) denetarik deitu zioten: inpotente, kontserbadore, erreakzionario, antimodernista edo dekadente, betikoa.

Allegro moderato atala konpositoreak aipatzen zuen ideia “zoragarri” harekin zabaltzen da; bakarlariak sorrarazitako giro melodiko espresibo, sarkor eta atmosferikoa da, hariaren pianissimo estiloko mantu leunaren gainetik. Zubi labur baten ostean, orkestra modu goibel, sendo eta lainotsuan goratzen da. Biolinaren txorrotxio luze bik Allegro molto agitado iluna dakarte, eta, ondoren, mugimenduaren muinean bertan, kadentzia izugarria dator. Gero, musikak hasierako giroa berreskuratzen du, eta, aurrekoa laburbilduz eta garatuz, amaiera indartsu baterantz abiatzen da, laino, haize bortitz eta egunsentien artean. Adagio di molto atalaren hasieran, klarinetearen eta oboeen arteko elkarrizketa labur bat dago, biolinaren kantu trinko eta leunak lagunduta. Ondoren, apurka-apurka, utzikeria lirikoko sentsazio zirraragarria pizten da, eta guztiz kontrakoa gertatzen da gero, Allegro, ma non tanto atalean; izan ere, garratza da erritmo aldetik, zorrotza azentuen aldetik, basatia bizitasun aldetik, eldarniotsua birtuosismoaren aldetik; “hartz zurientzako polonesa bat”, Donald Toveyren hitz ospetsuen arabera.
 
Eta literatura eskandinaviarra Sibeliusen inspirazio-iturria izan bazen bere bizitzaren zati handi batean, hori baino lehen, Hector Berlioz erromantikoa letra unibertsaletako izen handiei begira jarri zen; besteak beste, Johann Wolfgang von Goethe, Lord Byron, Walter Scott edo, nola ez, William Shakespeareri begira, hain zuzen ere. 1827an hasi zen harremanetan dramaturgo ingelesarekin, konpositore gaztea Hamlet eta Romeo eta Julieta lanen emanaldietara joan zenean, Parisko Théâtre de l´Odéon delakoan: “deskubrimendu haren argiak artearen benetako zerua erakutsi zidan bat-batean”. Hantxe zegoen Harriet Smithson emakumezko aktorea, zeinekin 1833an ezkonduko baitzen. Shakespeareren literaturaren argitan, zenbait lan etorriko ziren: Lear erregea (1834) obertura, Ofeliaren heriotza (1848), Béatrice et Benédict (1862) opera, eta Romeo eta Julieta sinfonia dramatikoa, orkestra, bakarlari eta abesbatzarako, Parisko Kontserbatorioan estreinatutakoa 1839ko azaroan. Bertan, Sinfonia fantastikoa (1830) eta Harold en Italie (1834) lanen ildo narratibo eta deskriptiboarekin batera, Beethovenen Bederatzigarrena (1824) eta Mendelssohnen Bigarrena (1840) lanen ildo koralari heltzen zitzaion. Modu horretan, Faustoren kondenazioa (1846) lanaren aurrean geunden; hori ez zen sinfonia izango, ezpada “kondaira dramatikoa”. Baina Romeo eta Julieta ere ez zen deitzen 3. sinfonia, eta Sinfonia fantastikoa ere ez zen 1. sinfonia, eta Berliozen sinfonia ez zen Beethovenena, Schubertena edo Brahmsena; mundu espresibo desberdinak ziren, atzean egitarau bat zegoen, narrazio bat, kontakizun bat, eszena jakinekin elkartutako (edo elkartzeko moduko) sentsazioen transmisiotik abiatuta osatuz zihoan istorio bat. Hori zen, laburbilduz, musika programatikoaren hasiera. Musika mota hori musika absolutuaren ideiarekin batera bizi zen (azken hori erabat abstraktua zen eta ez zuen erreferentzia tematikorik).

Ahotsa Romeo eta Julieta laneko zazpi mugimenduetako lautan agertzen bada ere, normalean bost ataleko orkestra-suitea egiten da kontzertu-aretoetarako. Sarrera (I) capuletotarren eta montescotarren arteko borrokarekin hasten da, eta, eszena hori arintzeko, metalen soinu arranditsuak entzuten dira; Veronako agintariak dira. Romeo bakarrik dago (II), hariak melankoliaz eta gero eta indar handiagoz kantatzen du, lirismoak gora egiten du, eta ematen du dena dagoela prest maitasun-eszenako (III) erromantizismo gozo, ameslari eta sarkorrerako, eta, horrekin batera, balkoiko irudi ospetsurako: Romeo eta Julieta, gaueko maitaleak, argia begiradetan, poesia arimetan. Mab erregina hegaz doa bere Scherzoan (IV), Mercutiok imajinatutako maitagarri eta iratxoen mundu fantastikotik bueltaka dabiltzan melodia arin, etereo eta bihurrien artean. Eta giroa erabat aldatzen da capuletotarren hilobian, zeinetara Romeo neka-neka eginda helduko baita (V): hantxe datza Julieta. Gazteak pozoia hartzen du, eta egurrek, sordina eran agertzen diren hariekin batera, elegia bat jotzen dute. Azkenean, isiltasuna nagusituko dela dirudienean, klarinete bat entzuten da (pppp eran), hari baxua bizitzara bueltatzen da, Julieta esnatu egiten da. Ez da ilusioa: maitaleak besarkatu egiten dira, orkestra estasian sartzen da… baina, handik gutxira, pasioa zegoen lekuan larritasuna agertzen da, larritasuna zegoen lekuan tristura, eta, tristuraren artean, Romeoren bizitza betiko itzaltzen da. Lur jota, Julietak daga batez hiltzen du bere burua, orkestra oihuka hasten da, hari baxuak dardara egiten du. Oboe bat galtzen da urrunean: bizitzaren oihartzuna da, eternitatearen negarra. 

Asier Vallejo Ugarte

Karen Gomyo, biolina
Karen Gomyo biolin-jotzaileak Avery Fisher Career beka ospetsua irabazi zuen 2008an, eta publikoaren arreta piztu zuen, 1997an Young Concert Artists Nazioarteko Entzunaldiak irabazi zituenean, 15 urte zituela.
Chicago Tribune egunkariaren arabera, “punta-puntako artista da, eta modu bikainean menperatzen du musika, bizitasun handiz, distiraz eta sekulako intentsitatez”. Era berean, Toronto Globe eta Mail egunkarien arabera, “bikaina eta erabat serioa da; ziurrenik, Dorothy DeLayren eraginpean heldu den azken talentu handia izan da”. Orkestra nagusi gehienekin aritu izan da, tartean daudelarik New Yorkekoa, Los Angelesko Filarmonikoa, Philadelphiakoa eta Minnesotakoa; San Frantzisko, San Luis, Houston eta Montrealgo sinfonikoak eta Washington D.C.-ko Orkestra Sinfoniko Nazionala; Birmingham Hiriko Sinfonikoa, Royal Scottish National Orchestra, Royal Liverpool Philharmonic, Bergen Philharmonic eta Den Haag Residentie Orkest, besteak beste.
Karen Gomyo Tokion jaio eta Montrealen hazi zen, eta bost urterekin hasi zen biolina jotzen ikasten. Dorothy DeLayrekin ikasi zuen Juilliard School delakoan, Mauricio Fuksekin Indianako Unibertsitatean, eta Donald Weilersteinekin New Englandeko Kontserbatorioan.

Adrian Prabava, zuzendaria

Adrian Prabava zuzendari indonesiarrak errepertorio zabala dauka, kontzertuei zein operari dagokienez. Denboraldi honetarako dituen hitzordurik aipagarrienen artean, zenbait kontzertu daude, besteak beste, Estrasburgoko Orchestre Philharmonique, Royal Concertgebouw Orchestra, Het Gelders Orkest eta Trondheim Symfoniorkesterrekin. Era berean, Theater Magdeburg delakora itzuliko da, zenbait kontzertu sinfonikorekin eta Brittenen The Turn of the Screw operaren ekoizpenarekin. Gainera, 2011ko udan, debuta egingo du Estatu Batuetan, Texasko Round Top Festival jaialdian.

Joan den denboraldian, debuta egin zuen Orchestre de Paris eta Deutsche Radio Philharmonie Saarbrücken delakoekin, eta zenbait kontzertu eman zituen Netherlands Philharmonic Orchestrarekin. Opera-zuzendari legez, Weillen The Rise and Fall of the City of Mahagonny eta Straussen Die Fledermaus lanen ekoizpenak zuzendu ditu Komische Oper Berlin delakorako.

Adrian Prabavak Talentu Gazteentzako Bernard Haitink saria irabazi zuen 2007ko azaroan, Royal Concertgebouw Orchestraren eskutik. Kurt Masurrekin ere estu lan egin izan du, eta, bi urtez, zuzendari laguntzailea izan da Orchestre National de France delakoan.


Asturiasko Printzerriko Orkestra Sinfonikoa

OSPA 1991n sortu zen, Asturiasko Printzerriko Gobernuaren babespean eta eskualdea musika zein kultur arloan aberasteko helburu nagusiarekin. Kultura eta Turismo Saileko Erakunde Autonomiaduna da, eta AEOSeko kidea da. Felipe Borboikoa printzea da orkestraren ohorezko presidentea.

Urtero-urtero, kontzertu-denboraldiak eskaintzen ditu Oviedo, Gijón eta Avilésen, eta horretan oinarritzen du bere jarduera nagusia. Gainera, ez da ahaztu behar partaidetza garrantzitsua duela Operaren Adiskideen Asturiasko Elkartearen opera-denboraldian.

Printzerritik kanpora, Orkestrak Espainiako auditorium eta aretorik garrantzitsuenetan jo izan du, eta hainbat kolaborazio egin ditu OLBErekin eta oso deialdi esanguratsuetan, besteak beste, Santanderko Jaialdian, Granadako Musika eta Dantza Jaialdian edo Alacanteko Musika Garaikideko Jaialdian.

Nazioartean egin dituen biretatik, 1996an Txilen eta Mexikon egindakoa nabarmendu behar da. Bi urte geroago, Orkestra Txilera itzuli zen, eta Lorienteko (Frantzia) Jaialdi Interzeltikoan ere hartu zuen parte. 2007an, OSPA Mexikora itzuli zen, eta arrakasta handia izan zuen kritikariei dagokienez. 2007/08 denboraldian, Orkestrak Txinara bidaiatu zuen, Espainiaren Urtea ospatzeko herrialde hartan egin ziren jardueren barruan.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

27 - 28 - 29
Abe
2024
>Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro


0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.


Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
16 - 17
Urt
2025
>ONE eta Mahlerren “Titán”

ONE eta Mahlerren “Titán”

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”

Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
20
Urt
2025
>Ganbera 4

Ganbera 4

Lekua: Euskalduna Jauregia

B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin

M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
30 - 31
Urt
2025
>Mundu Berriko sinfonia

Mundu Berriko sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”

Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak