Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 11-2010-2011

Abono Iniciación


Euskalduna Jauregia.   20:00 h.

G. Mahler: Sinfonía nº 3 en Re menor

Nathalie Stutzmann, contralto
Coro de mujeres de Andra Mari de Errenteria (zuzend. J.M. Tife)
Kantika Korala (zuzend. Basilio Astúlez)
Günter Neuhold, zuzendaria

DATAK

  • 17 martxoa 2011       Euskalduna Jauregia      20:00 h.
  • 18 martxoa 2011       Euskalduna Jauregia      20:00 h.

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Musika eta Natura

dira Mahlerren inspirazio-iturri agortezinetako bi, eta bere espiritua ere hortik elikatzen da.
Musikariak “udako konpositoretzat” zeukan bere burua; izan ere, udan, orkestra-zuzendari gisa zituen betebehar profesionalek astia uzten zioten idazketarako pasioan murgiltzeko eta Naturarekin bat egiteko.
Gustav Mahler (Kaliste, Bohemia, 1860-Viena, 1911), bere Hirugarren Sinfonia bezala, produktu poliedrikoa da, Bohemia eta Moraviako (inguru horiek Habsburgotarren menpe egon ziren XVI. mendetik) biztanleen bizitzak markatu zituzten bidegurutze ugarien emaitza eta Mahlerren gurasoen elkarketaren emaitza, haren gurasoak etengabe baitzeuden gatazka eta desamodio egoeran. “Nola edo hala, elkar ulertzeko eginda zeuden, ura eta sua bezala. Aita ez zen batere malgua, burugogor hutsa zen. Ama, aldiz, gozotasunaren haragitzea. Elkartu ez balira, ez ni eta ez Hirugarren Sinfonia ez ginateke existituko. Horretan pentsatzen dudan bakoitzean, sentsazio arraroa izaten dut”, idatzi zuen Mahlerrek.
Gustaven aita, Bernhard Mahler, likoreen merkataria zen eta izaera oldarkorra zuen; beti egoten zen maila sozial hobean zeudenen inbidiaz. “Germanizazio” nahiari jarraituz (hau da, maila sozialean gora egin nahian), etxea kultura alemaniarreko liburuz bete zuen, eta, aldi berean, semeak beti izan zuen “deskokatze” sentimendua areagotu zuen. Musikariaren ama, Maria, alboko herriko familia judu nabarmen bateko alaba zen, kultura handiko emakumea, isila, ulerkorra eta gozoa, eta senarrarengan batere eraginik ez zuen etsipenez jokatzen zuen. Konpositorea jaio eta denbora gutxira, juduen egoitza-askatasunari buruzko dekretu bat sortu zen, eta Mahler familia Iglaura joan zen, Moraviako garai hartako hirugarren hiririk garrantzitsuenera. Bertan, bigarren hezkuntzako eskolak, 1.200 lagunentzako lekua zuen antzokia, musika elkartea, erregimentuko banda eta udal orkestra zeuden. Aitak ostatua jarri zuen destilategi eta okindegi baten ondoan eta kuartel militarretik gertu (garai hartako Inperio austrohungariarreko herritxoetan zeuden kuartel ugarietako bat), eta Mahlerrek handik atera zituen bere lehen esperientzia musikalak. Oinarrizko soinu-arrasto horiek ostatuko kantuetatik eta martxa zein dei militarretatik datoz, eta maiz agertzen dira Mahlerren sorkuntza sinfonikoko lehen garaian (Hirugarren Sinfonia ere garai hartakoa da).«
Mahlerren zenbait anai-arreba oso gazterik hil ziren, eta esperientzia hori bere umetako esperientziei gehitu zitzaien; ondorioz, bizitzaren loraldian heriotza pairatzearen paradoxa sarri agertzen da bere musikan, arlo herrikoiak, militarrak, naturarekiko maitasunak edo deskokatze espiritualaren sentimenduak duten presentzia berarekin.
Batzuetan poetikoak eta besteetan dramatikoak diren ideien erabilera, melodia folklorikoen erabilera, martxen erritmoak, nekazari-giroko lirismo sutsuen agerpenak, tonu-kontraste koloretsuak, erritmoaren aberastasun fina (dantza herrikoietan ohi denez)… hori guztia agertzen da soinuz egindako collage honetan, modu sinbolikoan udak negua konkistatu duela adierazi nahian. Mahlerrek behin betiko kantua sortu nahi du, non “Natura osoak aurkituko baitu ahotsa”. Haren adiskide ona zen Natalie Bauer-Lechner biolin-jotzaileak esan zuenez, egun batean, biak landa-giroko jai batean zeudela, basoen edertasunak inguratuta eta jendearen kantu eta alaitasunaz blaituta (tartean zeuden tiro-barrakak, txotxongiloen antzerki bat, zabuak, zaldiko-maldikoak eta orkestratxo militarra), Mahlerrek oihu egin zuen: “Entzun duzu? Edo hemen polifonia bat dago, edo nik ez dut ezer ulertzen musikaz. Doinuak horrela sortu behar dira, edonondik etorrita, inongo harremanik gabe ikuspuntu erritmiko edo melodikoari dagokionez: artistak egin behar duen gauza bakarra da soinu horiek ordenatu eta multzo koherentean elkartzea”. Eta hori da Hirugarrenaren esentzia. “Ez diozu zertan paisaiari begiratu –esan zion Mahlerrek garai hartan bisitan joan zitzaion Bruno Walterri–, nik dena jarri dut-eta nire konposizioan”.
1890eko hamarkadatik aurrera, Mahler bi genero musikalekin konprometitu zen; hain zuzen ere, bere imajinazio sortzaileak modurik oparoenean lan egiten zuen bi generoekin: kantuarekin ea sinfoniarekin, alegia. Kantuaren bitartez sentimenduak edo sinesmen espiritualak ondoen adierazi badaitezke, egileak ez du zalantzarik izango: bere kantu propioak erabiliko ditu edo berriak idatziko ditu, kontzepzio dramatiko-sinfonikoari koherentzia emateko asmoz.
Hirugarrenean, Mahlerrek ahotsa erabili zuen diseinu musikalerako, eta, hain zuzen ere, ahotsa malgutasunez eta asmo dramatikoz erabili zuen. Mezzosopranoak abesti bat kantatzen du, Nietzcheren Horrela mintzatu zen Zaratustra laneko testu batekin (garai hartan, lan horrek Richard Straussen izen bereko poema sinfonikoa sorrarazi zuen), eta koruak, berriz, Wunderhorn laneko testu bat darabil (poema herrikoen antologia, Arnimek eta Brentanok XIX. mendearen hasieran egindakoa); hori horrela, bi elementu horiek diskurtso narratiboaren zerbitzupean geratzen dira.

Sorkuntza-fase honen funtsezko beste ezaugarrietako bat instrumentazioaren tratamendua da. Konpositore gisa izan zuen ibilbidearen hasieratik, Mahlerrek agerian utzi zuen ederto menperatzen zuela orkestrazioa, eta, hein handi batean, horren arrazoia zen orkestra sinfonikoa oso ondo ezagutzen zuela. Baina bilakatzen jakin zuen, bere ibilbidearen hastapeneko baliabide ugarietatik hasi eta tinbre eta ehunduren erabilera argi, fin eta gozora heldu arte. Modu horretan, orkestra handiaren barruan instrumentuak modu independentean multzokatzeko gai da, soinu-efektuen oparotasunaren eta aniztasunaren iturri gisa erabiltzeko.
Musika sinfonikoaren gainean zeukan kontzepzio teatralaren beste ondorioetako bat asmo dramatikoko tonalitateen erabilera da. Etengabeko tonu-aldaketen bitartez, musikak hasierako re minorreko negu hotzetik Re maior distiratsura eramango gaitu, “Maitasunak hitz egiten digu” atalarekin.
Eta horrela, lanaren plan formal eta tonalak musikazko kolorez osatutako soinu-mosaiko erabatekoa antolatzen du, natura bizigabearen eta heriotzaren osteko bizitzaren arteko bilakaeraren “narrazioa” eginez (beste askotan bezala, haraindikoa da Mahlerren sinfoniaren gailurra).
Konpositoreak ondo zehaztutako ideien sekuentziari heltzen dio, eta, sekuentzia hori ardazteko, partituraren zirriborroan idatzi zituen izenburuak agertzen dira, nahiz eta, geroago, kendu egin zituen (bere nahia zen lan hau musika “huts” gisa hartua izatea, eta, egia esan, hori zen: musika hutsa). Eta sinfoniaren egitura-unitatea ohar horiek gabe entzutea erraza bada ere, jaso egin ditugu, Mahlerren imajinaziotik eta naturatik egindako ibilaldi honen gida gisa.
1.    Pan esnatu egin da. Uda hasi da.
Mugimendu ausart honetan, konpositoreak asmakuntza herrikoi mota guztiak erabiltzen ditu: tonadak, fanfareak eta erritmo militar sutsuak, denak ere udak negua uxatzeko daukan indarraren kontzepzio dramatiko-teatrala gauzatzeko asmoz. Zortzi tronpak esnatuko dute Pan jainkoa, eta horrela hasiko da Hirugarren Sinfoniaren diskurtso sinfoniko-pastoral izugarria. Naturari egindako oda, soinuz eraldatu egin dela dirudiena; Ama Lurrari egindako kantu sakona.
2.    Larreko loreek kontatzen didatena. Tempo di Menuetto. Grazioso
Hemen, gozotasunez, malgutasunez eta lore-usainez orkestratutako konposizio ederra garatzen da.
3.    Basoko animaliek kontatzen didatena. Eroso. Scherzatuz. Presaka ibili barik.
Umorez betetako pasartea da. Umore hori, batzuetan, ironia bihurtzen da, eta alaitasun-eztanda batekin amaitzen da. Animaliak dantzan eta ospakizunetan dabiltza.
4.    Gizakiak (gauak) kontatzen didana.
Konpositorearen ametsa lore eta animalietatik gizateriara igaro zenean, Mahlerrek hitzaren falta sentitu zuen, eta, patuaren enigmak liluratuta, alaitasunaren eta penaren artean zalantzan ibiliz, Nietzscheren gauerdiko maitasunezko poema aukeratu zuen.
5.    Goizeko kanpaiek (aingeruek) kontatzen didatena.
Hemen, Mahlerrek Jaungoikoa gogorarazten du, barkatzen duen Maitasuna den aldetik. Musika freskotasunez beteta dago, umeen ahotsek, emakumeen abesbatzak eta kontraltoak ematen duten freskotasunez beteta, alegia. Hemen, soinua xaloa eta jostaria da, eta fede herrikoia sinbolizatzen du.
6.    Maitasunak kontatzen didana.
Orain, musikak Eternitatearen esperantzaren lasaitasuna eta udako gogo asea islatzen ditu, gozamenaren eta asebetetzearen sinbolo gisa.

Eta gogoratu: udak beti konkistatzen du negua, eta Naturak bere soinuak oparitzen dizkigu, eta Musikak bere koloreak. Zorionekoak gu, entzun egin ditzakegulako.
Gozatu.

Mercedes Albaina

Nathalie Stutzmann, kontraltoa

Oso gazterik hasi zen piano, fagot, ganberako musika eta zuzendaritza arloko ikasketak egiten. Kantua ikasi zuen bere amarekin (Christiane Stutzmann), eta, ondoren, ikasketa horiek sakondu zituen Parisko Operako Arte Lirikoko Eskolan, besteak beste Hans Hotterrekin. Gero, zuzendaritza ikasi zuen Jorma Panularekin.

Maiz egiten du lan zuzendaririk garrantzitsuenekin; besteak beste, Christoph Eschenbach, Sir John Eliot Gardiner, Mariss Jansons, Marc Minkowski, Seiji Ozawa edo Sir Simon Rattlerekin. Era berean, bakarlari gisa aritzen da orkestrarik ospetsuenekin, tartean direlarik Berlingo Orkestra Filarmonikoa, Vienako Orkestra Filarmonikoa, Espainiako Orkestra Nazionala, New Yorkeko Filarmonikoa, Parisko Orkestra eta Londresko Orkestra Sinfonikoa.

Abeslari gisa egiten dituen kontzertu ugariekin batera, Nathalie Stutzmannek bere ganbera-orkestra propioari (2009an sortutako Orfeo 55 taldea) eskaintzen dio denboraldiaren zati bat. Gainera, proiektu ugari egiten ditu zuzendari gonbidatu gisa.

2011n, Gustav Mahlerren heriotzaren 100. urteurrena zela eta, Nathalie Stutzmannek konpositorearen lanetan oinarritutako kontzertu ugari eskainiko ditu. Sir Simon Rattlek 3. eta 8. Sinfoniak kantatzera gonbidatu du Berlingo Philharmonien, Londresko Royal Festival Hallen eta Amsterdameko Concertgebouwen.

Nathalie Stutzmann “Chevalier des Arts et Lettres” da, eta eskola magistralak eskaintzen ditu mundu osoan. 


Andra Mari Korala Abesbatza

1966an sortu zuen José Luis Ansorena Mirandak, eta, 1994an, José Manuel Tife Iparragirreri laga zion zuzendari postua.
Sari ugari jaso ditu eta hainbat aldiz kantatu izan du Errege Antzokian, Auditorium Nazionalean, Bartzelonan, Sevillan, Tenerifen, Pereladako Jaialdian, Santanderko Nazioarteko Jaialdian, Granadako Nazioarteko Jaialdian, Donostiako Musika Hamabostaldian, OLBEn eta abarrean.
Era berean, BOSen eta EOSen denboraldietako ohiko kolaboratzailea da, eta aipagarriak dira talde askorekin egin dituen kolaborazioak, besteak beste, hauekin: Espainiako Nazionala, Tenerifeko Orkestra, Galiziako Orkestra, Kanaria Handiko Filarmonikoa, Scottish Chamber Orchestra, Türingen Philharmonie Orchester, XVIII. mendeko Orkestra eta abarrekin.
Zuzendari askoren gidaritzapean aritu izan da: Enrique Garcia Asensio, Odón Alonso, Frans Brüggen, Nicholas Kramer, Jesús López Cobos, Leopold Hager, Andreas Mitisek, Antoni Ros Marbá, Juan José Mena, Victor Pablo Perez, Stefano Ranzani, Pablo González, Juan José Mena, Andrés Orozco Estrada, Robert King eta abar.
Musikaste jaialdia (Euskadiko Konpositoreen Astea) sortu zuen Errenterian, eta urtero ospatzen da. Era berean, Eresbil, Musikaren Euskal Artxiboa/Archivo Vasco de la Música ere sortu zuen.

Leioa Kantika Korala
Kantika 2001ean sortu zen Leioako Udal Kontserbatorioan, Basilio Astulez zuzendariaren ekimenez. 10 eta 17 urte bitarteko 45 abeslarik osatzen dute abesbatza, eta erreferentea da gaur egungo panorama koralean, egiten dituen programazio ausartengatik, duen eszenaratze txukunagatik, eta mundu osoko egileen musika berriak estreinatzeko eta enkargatzeko duen konpromisoagatik. 
Kantika taldeak nazioarteko hamar bira egin ditu Europa eta Amerikatik, eta sari garrantzitsuak jaso ditu; besteak beste, Gorizia 2008, Tolosa 2008 eta Arezzo 2009 lehiaketetan; azken horretan, gainera, lehenengo saria lortu zuen. 2010ean, Kantika taldea Judgendchor Festival Basel jaialdira gonbidatu zuten. Munduko jaialdirik ospetsuenetakoa da, eta arrakasta itzela izan zuen kritikarien zein publikoaren aldetik.
Duela gutxi, Vasco Negreiros konpositore portugaldarrak idatzitako eta umeei zuzendutako As Palavras Na Barriga opera estreinatu du Lisboan. Kepa Junkerarekin batera, Beti Bizi bosgarren diskoa aurkeztu berri du, eta, bertan, euskal dantza tradizionalen bertsioak egiten ditu.

 


Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

27 - 28 - 29
Abe
2024
>Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro


0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.


Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
16 - 17
Urt
2025
>ONE eta Mahlerren “Titán”

ONE eta Mahlerren “Titán”

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”

Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
20
Urt
2025
>Ganbera 4

Ganbera 4

Lekua: Euskalduna Jauregia

B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin

M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
30 - 31
Urt
2025
>Mundu Berriko sinfonia

Mundu Berriko sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”

Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak