Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 11-2013-2014

Hastapeneko abonua


Euskalduna Jauregia.   20:00 h.

B. Bartók: Zirriborro hungariarrak
W. A. Mozart: 17. kontzertua pianorako Sol maiorrean, K. 453 (32’)
A. Dvorák: 7. sinfonia Re minorrean, op. 70 (38’)

Zoltan Kocsis: pianoa eta zuzendaritza

DATAK

  • 27 otsaila 2014       Euskalduna Jauregia      20:00 h.
  • 28 otsaila 2014       Euskalduna Jauregia      20:00 h.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Honelakoa zen Europa erdialdeko soinua

Antzinatik Europa erdialdearen gainetik jira-biraka zebilen musikako talentua hungariar-errumaniar batengan, austriar batengan eta txekiar batengan pausatu zen. Izan ere, haiek idatzi zituzten arratsalde honetan gozamenez entzungo ditugun partiturak. Zorionekoak izan bitez musak, musikariak hautatzeagatik; eta asturu onekoak haiek, hautatutako musikariak.
Béla Bartók (Nagyszentmiklós, Inperio austrohungariarra; gaur egun, Sânnicolau Mare, Errumania, 1881-New York, 1945) piano-jotzaile bikaina, lekuan bertan aritzen zen etnomusikologoa eta sortzaile engaiatua izan zen –lehenik bere sorterriarekin, eta, gero, gizateria osoarekin–. Inguruan zuen folklore aberatsa erakutsi nahi izan zion mundu osoari: folklore hungariarra, errumaniarra, bulgariarra, esloveniarra, serbiarra…; herri-musika turkiarra eta arabiarra ere ikertu zituen. Herrixka batetik bestera jo, eta arreta handiz jaso zuen dena, garai hartan zeuden oinarrizko plaka fonografikoetan. Uko egin zion pertsonen arteko indarkeriari, eta gai hori funtsezkoa izan zen berarentzat. Estatu Batuetara erbesteratuta joan aurretik, ez zuen baimenik eman nazien menpe zegoen Berlingo irratian bere musika jar zezaten. Era berean, berariaz eskatu zuen, hil ondoren, bere izena inola ere jar ez ziezaieten sorterriko Hungariako kaleei, Hitler edo Mussoliniren izenak han zeuden bitartean.
Bere mintzairan, nabarmen agertzen da harmonia eta erritmoa eraikitzeko zuen modu berezia, eta tinbre, ehundura, doinu eta forma aldetik zuen ñabardura-sorta aberatsa, distiratsu, trinko eta sarkorrenetik, sotil eta leunenera iristen baitzen. Izan ere, bere jenioak urte luzez edan zuen folkloretik irteten diren iturri askeetatik.
Zirriborro hungariarrak suitea da, alegia, musikagileak berak bere album batzuetako pianorako bost pieza txikiz 1931. urtean egin zituen orkestrarako transkripzioen “sail” bat. Herri-musikari dagozkion xarma eta xalotasuna gordetzen ditu lanak, pianorako partituretan ere agerian zeudenak, baina Bartókek prestatutako orkestra-beztidura berezi eta iradokitzaileak areagotu egiten du musikaren koloreez gozatzeko plazera.
Multzo osoari koherentzia emateko, egitura simetrikoa erabiltzen du, bai eta zubi-itxura emanez eraikitzen duen diseinua ere, barnealde intimo eta sakon batera sartu, eta bertatik irteteko. Horrenbestez, lehen eta azken mugimenduek musikagileak hainbeste maite zuen folk estiloa dute inspirazio-iturri. Bigarren eta laugarren mugimenduek, berriz, keinu egiten diote komikotasunari; eta obraren muina, azkenik, lirikotasunari eta samurtasunari eskainita dago. Mugimenduen tituluek beren izaera islatzen dute. Tipula-geruzak balira bezala iruzkinduko ditugu hemen: kanpoaldetik muinerantz. Arratsa herrixkan (lehen “zirriborroa”) mugimendu erlaxatua eta idilikoa da, Bartókek berak egindako temez osatua. Erdialdeko ataleko doinuak, berriz, folk kantak izan zitezkeen, tempo rubato aske eta freskoa baitute. Suiteari amaiera ematen dion Txerrizainaren dantza mugimendu larrekoak herri-giroko material jator-jatorra du oinarrian. “Felsö-Iregh herrixkan artzain-txirula jotzen zuen azken txirula-jotzailearengandik” jaso zuen Bartókek, berak esandakoaren arabera. Bigarren eta laugarren piezek mugimendu bakoitien arteko lotura-lana egiten dute, eta askoz ere subjektiboagoak dira estilo aldetik. Bartókek musika-divertimentoaz zuen ikusmoldea irudikatzen dute, batek aldi arina eta besteak lentoa. Hala, bada, Hartzaren dantza musikariak sarritan idazten zituen scherzo barbaroen sailean dago sartuta. Bere erritmo bortitz eta setatsuarekin, animaliaren izaera landugabea eta ankerra nabarmentzen du. Pixka bat txispatuta, berriz, groteskoa da (adi egon tinbreen tratamendu berezi eta askotarikoari), pertsonaiak nozitzen duen zentzumenezko distortsioa adierazi nahi baitu musikaren bidez. Sailaren barnealdean babesten den Melodia pieza ezkutuko gauzei dagokien gelditasunez dago diseinatuta, baina aitorpen batek duen indar berbera du. Hungariako folkloreko osagaien eragina azaldu arren –adibidez, pentatonia edo lerroetan zatitutako melodiak–, benetako egileak konposatu zuenean izan zuen argialdia jariatzen du, kolore instrumentalak apurka-apurka gaineratu ahala, epeldu egiten baita bere ehundura.
Bartókek zera esaten zuen: “herrixketan, baserritarren artean eman nituen egunak izan ziren nire bizitzako egunik ederrenak”. Gaur gurekin partekatzen du zorion hori.
Eta atzera egiten dugu denboran, Wolfgang Amadeus Mozarten (Salzburg, 1756-Viena, 1791) 17. kontzertua piano eta orkestrarako Sol maiorrean, K. 453 erakusteko. Idatzi zituen pianorako kontzertu gehienen bidez, jeniozko musikagileak bere teknika miresgarria erakutsi, eta bizimodua bermatu nahi izan zuen garai hartako Vienan. Alabaina, kontzertu horiek garrantzizkoak dira, Mozartek musikaren bilakaerari egin dion ekarpenik bereziena dira, genero horretako tradiziozko oinarriari eutsi arren –tinbre, bolumen eta abiaburuetan kontrastea erabiliz–, ahal duen gehiena zukutzen baitu malgutasuna egituran eta tonu-erlazioetan, tentsio eta ausardia harmoniko batzuk alde batera utzi gabe, adierazkortasuna lortze aldera. Horren ondorioz, kontzertu gehienak ahotsik gabeko operak bezalakoak dira, eta tentsioz, nobleziaz eta sinesgarritasunez beterik daude. Baliabide instrumentalen bidez birsortutako balio dramatikoen zentzu horrek bere indarra nabarmentzen du, eta beste dimentsio bat ematen dio ordura arte jostaketarako erabilitako musikari, Lord Edward Fitzgeralden iritzia berretsiz, Fitzgeraldek hauxe esaten baitzuen: “Hain da ederra Mozart, non jendeak ez baitaki onartzen boteretsua ere badela”. Beharbada horregatik, luzarora, pianorako kontzertuek ez zioten bilatzen zuen segurtasuna eman egileari. Izan ere, kontzertu horien xede ziren entzuleak melomanoak ziren, baina azalekoak, jostaketa bilatzen baitzuten, ez emozioa.
Gaur entzungo duguna 1784. urtean konposatu zuen, bere annus mirabilis-ean, alegia, musikaz egarri zegoen orduko Vienan. Urte horrexetan, ganbera-lan, opera eta kanten sorta miresgarria idatzi zuen. Zorioneko urte hartako apirilean, bere ikaslerik gogokoenetako batentzat zen kontzertu hau bukatu zuen Mozartek. Ikasle hori Signora Bárbara Ployer zen, hari eskaini zion, eta piano-jotzaile gailena izango zen, inondik ere. Obran argi eta garbi agertzen da egileak afektuen esparruan lor zezakeen anbiguotasun handia. Sentibera den entzuleak ezin konta ahala ñabardura antzemango ditu, interpretazio askotarikoak denak, entzulearen gogo-aldartearen araberakoak. Era berean, benetan harritzekoa da orkestrazioak baliabide aldetik duen eraginkortasun miragarria, ez baitu ez klarineterik, ez tronpetarik, ez eta tinbalik ere.
Kontzertuaren hasieran, Allegro bat dago, ideiaz gainezka eginda. Ideia horiek, batzuk besteengandik atera arren, kontrastea sortzen dute haien artean, brastakoan sortu ere, eta bikain antolatuta daude sonataren koherentziaz. Dotoreziak, bitxi bezain erakargarria den nolakotasun horrek, musikaren bidez gauzatzeko modurik izango balu, Andante mugimenduko gai nagusi bilakatuko litzateke. Baina hasieran bakarrik, Mozarten maisutasun harmonikoak misteriozko sakontasunez edo ezin eutsizko malenkoniaz beteriko giroetara eramaten baitu musika.
Kontzertuari amaiera ematen dion Allegretto-Presto mugimendua bariazio-multzo zoragarria da, eta musikagilearen etxeko arabazozoaren kantutik eratorritako gai bati dagokio, artistak berak bere ohar-koadernoan jaso zuenez. Bere jabeari dagokion hegazti prestua (pena ondorio gogaikarriak…).
Handik kilometro batzuk iparraldera, eta Mozartek egin eta ia mende bete igaro ondoren, Antonín Dvořákek (Nelahozeves, 1841-Praga, 1904) bere lehen soinuak entzun zituen. Dvořáken mintzairaren bereizgarriak erritmo biziak, doinu inspiratuak eta harmonia adierrazak ziren, eta, gainera, orkestra-kolorearen zentzu margul eta erakargarria zuen. Bere musika bizia, freskoa eta sentimentala da, sekula arrunkerian erortzen ez dena. Smetanarekin batera, musika txekiar petoaren bultzatzailea izan zen. Alabaina, bere mintzairak mugak gainditzen ditu, eta, beraz, esan daiteke XIX. mende amaierako musikagilerik dohatuenetakoa dela.
7. sinfonia re minorrean, Op.70Londresko Sozietate Filarmonikoaren agindua da, eta hari eskainita dago. Londresko St. James’s Hall-en izan zen estrainaldia, 1885eko apirilaren 22an, musikagilearen zuzendaritzapean. Partitura lantzen ari zela, musikagileak hau utzi zuen idatzita: “sinfoniaren mailak mundua hunkitzeko modukoa behar du izan”. Eta Dvořákek lortu egin zuen. Bere gaiak sakonak dira, emoziozko eragin handikoak. Gaiak barne hartzeko erabili zuen formatuari –Brahmsen sinfonia eredutzat hartuta– eta bere irudimen joriari esker, Dvořákek leku nabarmena eskuratu zuen genero honen historian, estreinalditik bertatik. Allegro maestoso mugimendua Bohemiako arima musikalaren erakusgarri da. Fruiturik onenak eskuratzen ditu toki horretako aukera ugarietatik, eta, sarritan, klimax erromantikora iristen da. Poco Adagio mugimenduaren lirismo xarmagarria ikusita, argi dago Dvořákentzat doinu ederrak ez direla gozamen hutsa, sakonak direla. Jarraian doan Scherzo mugimenduan, batera uztartzen dira erritmo itsaskorrak eta paisaia eguzkitsuak, txori-kantez gainezka eginak. Horren eraginak guztiz liluratuta uzten gaitu, sinfonia amaitu eta askoz geroago. Azken Allegro mugimenduarekin batera, errealitate dramatikoa azaltzen da berriz, hasierako gai tenkatutik maisuki eratorritako giro desberdinez zamatuta, eta bozkarioz beteriko Re maior arrakastatsu batek ematen dio amaiera.
Europa erdialdeko musikaren koloreek argizta dezatela zuen arratsa.
 
Mercedes Albaina
 
 
 
Zoltan Kocsis, zuzendaria eta pianoa
 
 
Budapesten jaioa 1952an, bost urte zituela hasi zen pianoa jotzen. 1963an, Béla Bartók Musika Eskolan hasi zen, eta, bertan, pianoa eta konposizioa ikasi zituen; 1968an, Franz Liszt Musika Akademian sartu zen, eta Pál Kadosa eta Ferenc Radosen ikasle izan zen. Hemezortzi urte zituela, eta Hungariako Irratiko International Beethoven Competition irabazi ondoren, ibilbide bikaina hasi zuen nazioartean, bakarlari gisa. Europa, Amerika eta Ekialde Ertaineko eszenatokietan jo izan du. 1977an, Sviatoslav Richterrek Frantziako bere jaialdian jotzera gonbidatu zuen, eta bi piano-jotzaileek errezitaldiak ere eskaini zituzten elkarrekin.
 
Besteak beste, honakoekin jo izan du: Berlingo Filarmonikoarekin, Royal Philharmonicekin, Vienako Filarmonikoarekin, Chicago Symphony Orchestrarekin eta San Frantziskoko Orkestrarekin. Edinburgo, Paris, Tours, Luzerna, Salzburgo, Praga eta Mentongo nazioarteko jaialdietan sarritan gonbidatzen dute. Claudio Abbado, Christoph von Dohnányi, Edo de Waart, Charles Mackerras, Lovro von Matacic, Charles Dutoit, Herbert Blomstedt eta Michael Tilson Thomasekin egin du lan.
 
1983an, Budapest Festival Orchestraren sortzailea izan zen Iván Fischerrekin batera, eta, 1987tik, sarritan zuzendu du. Musikagile ospetsua ez ezik, Zoltán Kocsisek musika garaikidearekiko konpromisoa dauka. Arlo honetan György Kurtágekin duen harremanari esker, lan ugari estreinatu ditu, eta horietako batzuk berari eskainita daude. 
 
Zoltán Kocsisek Denon, Hungaroton, Nippon Columbia, Phonogram eta Quintana disko-etxeentzat grabatu du, eta Philips Classicsen artista esklusiboa izan da. Edison sari bat jaso du Iván Fischerrekin eta Budapest Festival Orchestrarekin batera Bartóken hiru kontzertuekin egindako grabazioengatik. Debussyren grabazioek ere Gramophone saria jaso zuten, bai eta "Instrumental Recording of the year" saria ere.
 
1997an, Zoltán Kocsis Hungariako National Philharmonic Orchestraren zuzendari titular izendatu zuten. Izendapen horretatik aurrera, orkestraren errepertorioa nabarmen ugaritu da, eta zenbait estreinaldi ere egin ditu mundu mailan. Azken urteotan, birak egin ditu Europan, Estatu Batuetan eta Japonian. Zuzendari gisa nahiz piano bakarlari gisa aritu izan da, eta kritikaren aldetik oso txalotua izan da.
 
2004ko urtarrilean, Zoltán Kocsisek bere karrera osoa aintzatesten duen saria jaso zuen Cannesko Midemen; bertan, ‘Le Chevalier de l’Ordre des Arts et des Lettres’ saria ere eman zioten, Frantziako Kultura Ministroaren eskutik, musika frantziarra ezagutarazteko egindako ahaleginagatik eta musikari gisa egindako lanagatik. 2005eko martxoan, Kossuth Saria eman zioten. 2007ko urtarrilaren 23an, Hezkuntza eta Kultura Ministerioak Kultura Hungariarraren Munduko Enbaxadore izendatu zuen Zoltán Kocsis.
Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
18 - 19
Api
2024
>Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Emmauel Pahud aspaldi kokatu zen txirularen esparruko gailurrean. Bere ibilbidean ziztu bizian gertatu da dena 22 urte zituela Berlingo Filarmonikoan bakarlari-plaza lortu zuenetik; bera zuzenean entzun dutenek diote bere musika amasaren luzapena bezalakoa dela. Zuzendari-titular gisa egindako ibilbideari agur esaten hasteko, Erik Nielsenek Mahlerren S. sinfonía eskainiko digu, eta haren gailurrez, haranez eta adagietto ederraz gozatuko dugu.

Abono:

XX Century Classics


Erik Nielsen, zuzendaria
Emmanuel Pahud, flauta


I

CARL NIELSEN (1865 – 1931)

Kontzertua flauta eta orkestrarako*

I. Allegro moderato
II. W. A. Mozart: Andante,flautarako Do Maiorrean, K. 315
III. Allegretto

Emmanuel Pahud, flauta

II

GUSTAV MAHLER (1860 – 1911)

5. sinfonia do sostenitu minorrean

I. Trauermarsch
II. Sturmisch bewegt
III. Scherzo: Kraftig, nicht zu schnell
IV. Adagietto
V. Rondo – Finale

*Carl Nielsenen kontzertua flauta eta orkestrarako bi mugimenduen artean Wolfgang Amadeus Mozarten andante flauta eta orkestrarako Do Maiorrean, K. 315 joko da.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
25 - 26
Api
2024
>Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Lekua: Euskalduna Jauregia

Ein He/denleben zuzendari-lana da. Richard Straussek berak zuzendu zuen lehen emanaldian; hala ere, beste zuzendari handi bati eskainita zegoen, Mengelberg zuzendariari eta Concertgebouweko orkestrari, hain zuzen ere. Nielsenek poema sinfoniko izugarri hau aukeratu du titular gisa denboraldi honetan emango duen azken kontzerturako. Programa osatzeko, Schönberg eta Saint-Saëns musikagileen beste bi pieza ezagun izango ditugu entzungai, eta aipatzekoa da Alexandre Kantorow karismadunaren presentzia.


Charla preconcierto
2024/04/26 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza


Erik Nielsen, zuzendaria
Alexandre Kantorow, pianoa


I

ARNOLD SCHOENBERG (1874 – 1951)

Bost pieza orkestrarako Op. 16 (1949 berr.) *

I. Vorgefühle
II. Vergangenes
III. Farben
IV. Peripetie
V. Das obligate Rezitativ

CAMILLE SAINT-SAËNS (1835 – 1921)

5. kontzertua piano eta orkestrarako Fa Maiorrean Op. 103 “Egiptoarra”*

I. Allegro animato
II. Andante
III. Molto allegro

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Ein Heldenleben Op. 40

Heroia[Der Held] (attacca)
Heroiaren aurkariak [Des Helden Widersacher] (attacca)
Heroiaren bataila-eremua [Des Helden Walstatt ] (attacca)
Heroiaren bake lanak [Des Helden Friedenswerke] (attacca)
Erretiora mundutik eta heroiaren gailurra [Des Helden Weltflucht und Vollendung]

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
29
Api
2024
>Cámara 08

Cámara 08

Lekua: Euskalduna Jauregia

A. Schnittke: Boskotea pianoarekin
BOSen boskotea pianoarekin

A. Schnittke: Moz’ Art à la Haydn
BOSen hari-ensemblea

W. A. Mozart: Ziri musikal bat, KV 522
BOSen hari eta haize ensemblea

Informazioa eta sarrerak
04
Mai
2024
>Mozartland

Mozartland

Lekua: Euskalduna Jauregia • 0B Aretoa

Kontzertua familian
Princep Totilau + Cuarteto BOS, konpainia
Wolfgang Amadeus Mozart, musika
Pol Requesens, moldaketak

Bilbao Orkestra Sinfonikoa

­2 urtetik aurrera

PREZIOAK:
Orokorra 10 €
BOSaren abonatuak* 9 €
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

“Mozartland” kontzertu-ikuskizun bat da, publikoa gonbidatzen duena Mozart txikiaren eta bere arreba Nannerlen jolas gelan esertzera, hezur-haragizko bi haurrek interpretatuta. Han, musikagilearen zuzeneko musikarekin, harizko eta txirulazko laukote baten eskutik, hiru aktorek maskarekin antzezten dituzte Salzburgoko jenio txikia gehien dibertitu zuten ipuin herrikoiak: igela, printzesa, erregea, txanogorritxoa, otsoa, amona, Hansel eta Grettel, sorgina eta Bremengo musikariak.

Bere jokoarekin, Mozart bi anaiak ipuinetako istorioak eta protagonistak edertasun, egia eta ontasun bihurtzen saiatuko dira, urte batzuk geroago Wolfgangek bere musikarekin egingo zuen bezala.

Sarrerak 2023ko abenduaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Garrantzitsua: ­aretora ­sartu­ nahi duten ­persona ­guztiek­ (adina edozein dela ere) ­dagokien ­sarrera ­aurkeztu ­behar ­dute.

Informazioa eta sarrerak