Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 15-2012-2013


Euskalduna Jauregia.   20:00 h.

D. Shostakovich: Obertura festiva (6’)
D. Shostakovich: Concierto para violonchelo y orquesta nº 2 (33’)
S. Tsintsadze: Tres miniaturas, basadas en música popular georgiana
A. Khachaturian: Selección de las suites Masquerade y Spartacus
Daniel Müller Schott, violonchelo

Hobart Earle

DATAK

  • 16 maiatza 2013       Euskalduna Jauregia      20:00 h.
  • 17 maiatza 2013       Euskalduna Jauregia      20:00 h.

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Mosku, beti kontserbatzen ez zuen kontserbatorioa

Eraikin bat; handikotea, baina eraikina besterik ez. Instrumentuz betea, eta instrumentu horiek jotzen dituzten pertsonaz betea. Ahotsez betea. Partituraz betea, partitura berrien pentagramak betetzen dituzten arkatzez betea. Musikaz leporaino betea. Errusiaren bihotzetako bat, Sobietar Batasunaren bihotzetako bat. Lur planetaren bihotz ñimiñoetako bat. Moskuko kontserbatorioa.
 
Mundu guztiak uste du kontserbatoriora ikastera joaten dela jendea. Beno, bai; horretara ere bai. Baina kontserbatoriora, batez ere, herriko arraroa izateari uztera joaten da jendea. Baina, egia esan, kontserbatorioetako biztanleak euren herrietako pertsona arraroak izaten dira: gertatzen dena da herrietatik irten direla eta denak kantina berean sartu direla. Pasteurizazio existentzialaren prozesu aurreikusi gabea. Pertsona arraro asko elkartzen badira, definizioz, horiek ezin dira arraro asko izan. Orain, hizkuntza berean mintzo diren pertsona mordoa dira. Lasai hartzen dute arnasa. Gero lasaialdia pasatzen zaie, baina arnasa hartzen jarraitzen dute. Eta kantuan hasten dira.
 
Unibertsitate-fakultate batzuetara –ez denetara, jakina– denbora pasatzera joan daiteke, nolabaiteko berme eta guzti. Denok bizi izan dugu geure azalean edo geure diru-zorroan. Musean aritzen gara, Erasmusekoekin ligatzen da beldurra emateko moduko ingelesa erabiliz (gurea, sekula ez eurena), legezko gauzak eta gauza alegalak erretzen dira, sei hilerik behin norbaitek lagatako apunteak irentsi, eta aurrera, berriz ere hastera. Horrelaxe, 18 eta 23 urte dituzun bitartean, urtebete gora edo behera. Moskukoa bezalako kontserbatorio batera inor ez doa plan horretan, are gutxiago 1940ko hamarkadan. Kontserbatorio hartan eta garai hartan, erraldoi bihurtuta sartzen zen jendea. Hautaketa-prozesu pentsaezina igarotako mutilak eta neskak –berdintasunari zegokionez, sobietarrek nahiko ondo bete zuten euren egitekoa–. Bost hostoko hirustak. Sobietar Batasunean, musika zen onartzen eta sustatzen zen erlijio urrietako bat, eta, beraz, Altzairuzko Oihalaren Ekialdeko musika-eskola infinituetatik, laudorioz betetako karpetak bidaltzen zitzaizkion herri bakoitzeko jeniotxoari, eskaerez gain. Normalean, ondo merezitako laudorioak izaten ziren. Alderdiak entxufatutakoen kuota alde batera utzita, imajina dezagun gainerako troparen maila itzela. Irakasleak eta ikasleak.
 
Gaur gaueko konpositore guztiak han egon ziren, egon ere. Baina dauden guztiak badiren arren, ez daude izan ziren guztiak. Rostropovich falta da, Mstislav Leopoldovich Rostropovich. Konpositore izan nahi ez zuen musikaria, bere irakasle izandako Shostakovichen desesperaziorako; alegia, Dmitri Dmitriyevich Shostakovichen (1906-1975) desesperaziorako.
 
Aram Khachaturian (1903-1978), armeniar-georgiarra, Moskuko kontserbatorioan onartu zuten eta 2.000 km-ko bidaia egin zuen, Semyon Kozolupov irakasle titularrarekin biolontxeloa jotzen ikasteko. Aipatutako irakasle hori pertsonaia arraroa izan zen, “arraro” hitzaren adierarik latzenean. Khachaturianek konposizio ikasketak ere egiten zituen, eta, azkenean, horien alde egin zuen. Nazioko Olinpo musikalaren zutabeetako bat izatera heldu zen. SESBek biolontxelo-jotzaile ona galdu zuen, eta konpositore ona irabazi.
 
Sulkhan Tsintsadze (1925-1991) ere, Khachaturianengandik 80 km-ra jaiotako georgiarra, Moskuko kontserbatorioan onartu zuten, eta hark ere 2.000 km egin zituen gorantz, Kozolupovekin biolontxeloa jotzen ikasteko. Hau ere konposizioa ikasten ibili zen aldi berean, eta, hona hemen ustekabekoa, instrumentua albo batera utzi zuen, sorkuntzari ekiteko. Tsintsadzek kontrako bidea egin zuen, eta bere jaioterrira itzuli zen, Georgiara alegia, Tbilisiko bizitza musikalaz arduratzera. Instrumentista ona izateko karrera bazterrean utzi zuen beste konpositore handi bat.
 
Mstislav Rostropovichen (1927-2007) kontua mamitsuagoa izan zen. Jakina, Moskutik 2.000 km-ra jaio zen hegoalderantz, eta, jakina, Moskuko kontserbatorioan onartu zuten, Kozolupovekin biolontxeloa jotzen ikasteko, zeina, bide batez esanda, haren osaba baitzen! Jakina, konposizioan ere matrikulatu zen. Eta hemen amaitzen da marmotaren egun hau. Kontserbatorioan bi ikasturte igaro ostean, Rostropovich biolontxelo-jotzailea Musikari Gazteen Sobietar Batasuneko Lehiaketara aurkeztu zen 18 urterekin (gaztetasunaren muga hogeita hamar urtetik gora igo zen, Bigarren Mundu Gerragatik mobilizatutako artista guztiek parte hartu ahal izan zezaten). Epaimahaikideek eztabaida sutsu eta zakarrak izan zituzten. Haren irakasleak, Kozolupovek, esaten zuen ez zuela saria irabazi behar, argudiatuz etorkizunean ere izango zuela horretarako astia (benetako arrazoiak askoz ere maltzurragoa dirudi, eta Leopold Mstislav aitaren jeloskortasunarekin zuen zerikusia, hura ere biolontxelo-jotzailea baitzen. Hamlet, bertsio sobietarrean). Beste aldean epaimahaiburua zegoen, ordurako guztiz ezaguna zen Shostakovich. Azken horrek, guztiz modu sukartsuan, esaten zuen saria mutiko hari eman behar zitzaiola, konpositore gisa betiko galtzeko arriskuarekin bazen ere, eta badakigu azkenean horixe gertatu zela. Munduak alferrik galdu zuen konpositore normaltxo bat (txartxoa ez esatearren, interesdunari sinetsi behar badiogu), Planetak eman duen instrumentistarik nabarmenenetakoari eusteko.
 
Rostropovichen hausnarketa zuzen-zuzena eta txorakeriarik gabekoa izan zen. Zertarako idatziko dut musika, nik baino askoz ere hobeto egiten duen jendez inguratuta bizi banaiz. Ni, jotzera –ez baitut erreferente askorik ikusten han goian–, eta ea lortzen dudan miresten ditudan sortzaile hauek biolontxelorako zerbait idatz dezaten. Bizi osoko proiektua. Proiektu betea. Hori lortzeko nolako mainak egin zituen kontatuko bagenu, batailatxoz betetako zenbait liburu idatziko genituzke. Brittenek hitza eman zion Txelorako Hiru Suiteak idatziko zituela, eta besteak mehatxu egin zion, esanez lan hura konposatzen ez bazuen, erreberentziarik grotesko eta barregarriena egingo zuela errege familia britainiarreko kide baten aurrean. Denei esaten zien gauza bera. "Idatz ezazu idatzi behar duzula uste duzuna. Dena jo daiteke".
 
Mstislavek, Slava denentzat, musikaren historiak sekula ikusi duen izaerarik eguzkitsuena zuen. Milos Formanen Mozart haren antzera, baina benetan. Nahikoa zuen gauez hiru ordu lo egitea. Hondamendiraino zen eskuzabala. Bere parekoak aho zabalik uzteko moduko gaitasun intelektuala zuen –eta pareko horiek ez ziren edonor–: dena interesatzen zitzaion, denei galdetzen zien, eta entzun egiten zuen. Tarteka, maila txundigarriko piano-jotzailea zen –Rachmaninoven Bigarrena eraman zuen pianoko azterketa osagarrira–, eta orkestra-zuzendari galvanizatzailea ere bazen. Irakaslerik onena, eta sekula garaiz heltzen ez zena. Bere bizitza osoan jo zuen guztia buruz ikasi zuen –errepertorio horren zati handi bat behin baino jo ez zuen arren–, eta hobe ezer ez esatea parrandaren eta festaren esparruan zuen erresistentziaz. Laburbilduz, lekuko guztiek diote bere presentzia soilak aretoetako tenperatura aldarazten zuela. Hori horrela, denek ulertzen zuten ‘Ekilore’ ezizena, baina haren arreba bat etorri zen eta azaldu zuen ekilorearen kontu horren arrazoia beste bat zela; alegia, umetan ezinezkoa zela haren ile-matazak orraztea.
 
1965ean, Slava guztiz murgilduta zegoen bere bilketa-politikan, eta Boris Tishchenko izeneko hamasei urteko umemokoarekin jarri zen harremanetan; mutil hori Shostakovichen azken ikasturteko ikaslea zen, eta bere lagun-min eta kontserbatorioko klaustroko lankideak egundoko laudorioak botatzen zituen hari buruz. Tishchenkok txelorako, 17 haize-instrumenturako, akordeoirako eta perkusiorako kontzertu eder eta harrigarria konposatu zion. Hasieran, Shostakovich asaldatu egin zen, jakin zuenean Borisek ikasketa-planak utzi zituela obra hau idazteko, baina, egindako lana ikusterakoan, zorionak eman zizkion gizontxoari. Are gehiago, errespetuzko eta mirespenezko ezohiko keinu batez, Shostakovichek berriro orkestratu zuen Tishchenkoren kontzertua, gehiago programatu zezaten. Eta 1966. urte luze hura ez zen hor amaitu. Shostakovichek erabaki zuen txelo eta orkestrarako bigarren kontzertu bat (opus 126) oparituko ziola Slavari –eta bere buruari ere bai, bere 60. urtebetetzean–. Bere 14. Sinfonia izango zenaren osagaiekin egindako obra. Rostropovich oparoa eta Shostakovich ezin lotsatiagoak adiskidetasun handia izan zuten hiru hamarkadaz. Biek modu sistematikoan okupatzen zituzten mundu osoko egunkarietako azal losintxariak, baina euren zentroan, Moskuko kontserbatorioan, izurridunak balira bezala tratatzen zituzten tarteka. Shostakovichen Txelorako Bigarren Kontzertu hau jendaurrean jarritako elkarrizketa pribatua baino ez da: elkarri hitz egiteko aurkitu zuten moduetako bat izan zen, euren munduan hormek ere entzun eta hitz egiten baitzuten.
 
Egitarauko gainerako obrek agerian uzten dute nola ulertzen zuten eta nola ulertu behar zuten musika konpositore sobietarrek. Jai-giroko Obertura 1947an konposatu zuen Shostakovichek, Iraultzaren 30. urteurrenerako; baina, azkenean, 1954ra arte geratu zen aparkatuta, eta, urte hartan, 27. urteurreneko jairako erabili zuten. Obra hau Shostakovichena dela esatea asko esatea da. Zalantzarik gabe, nota guzti-guztiak idatzi zituen, jendeari izugarri gustatu zitzaion, eta Stalinek ere kantatuko zuen lan honetako musika, baldin eta urtebete lehenago hil izan ez balitz; baina ziur esan daitekeena da lan honetako musika egundo kantatu ez zuena konpositorea bera izan zela. Txelorako Kontzertua trinkoa da bere izatearen saturazioari dagokionez, eta Obertura, aldiz, homeopatikoa da. Jakina, Shostakovichek sekula ez zuen txintik ere esan horri buruz.
 
Tsintsadzeren dantzak SESBeko sormenaren beste bektoreetako bat dira, kasu honetan askoz ere zintzoagoak. Bere ibilbide luzean, 1945eko bere hasierako lanetatik hasi eta 1988koetara arte, Sulkhanek hari-laukoterako miniatura folklorikoa landu zuen sistematikoki. Georgiak bere ahots nagusietako gisa hartu zuen, obratxo hauetako asko orkestratu zituzten, eta mutil onaren ospe horrek nolabaiteko kreditua eman zion; ondorioz, Tsintsadzek koartetoen serie paraleloa konposatu zuen, askoz ere hizkera esperimentalagoa erabiliz.
 
Beste hainbeste esan liteke Khachaturiani buruz. Lemontoven ‘Masquerada’ dramarako egin zuen musika 1941ean konposatutakoa da, baina lana 1944an eman zen ezagutzera publiko zabalaren artean, orkestra-suiterako bertsio murriztuaren bitartez. ‘Masquerada’ lanaren balsa ‘Spartacus’ laneko adagioa bezain ospetsua izan zen, gehien entzun den bere partituretako bat aipatzearren. Aramek gutxienez sei suite atera zituen ‘Spartacus’ honetatik, eta lau ekitaldiko ballet handi hori 1956an estreinatu zen Leningraden. Berriz ere, Sobietar Batasunak esku batekin koroatu zuen konpositore bat, bestearekin isiltzeko keinuak egiten zizkion bitartean. Khachaturianek, Rostropovichen beste lagun handietako batek, uko egin zion bere laguna garden bihurtzeari, eta bera izan zen hori egin zuen gutxietako bat. Bi urte luzez, bere izen ona ere jokoan jarri zuen; izan ere, etengabe bisitatu zuen, harik eta 1974an Slavak bere aberria utzi zuen arte, familiarekin, bi biolontxelorekin, maleta banarekin eta 90 kiloko txakur batekin. Moskuko kontserbatorioa sorkuntza-zentro zoragarria izan zen, baina, sarri askotan, ezin izan zien aurre egin edo ez zuen aurre egiten jakin ez kontserbatzera derrigortzen zuten indarrei.
 
Joseba Berrocal
 
 
 
 
Daniel Müller-Schott, biolontxeloa
 
Munichen jaio zen, eta 6 urterekin hasi zen biolontxeloa ikasten. Heinrich Schiff eta Steven Isserlisekin ikasi zuen. 15 urterekin, Moskuko Tchaikovsky Saria irabazi zuen.
 
Denboraldi honetan, Birminghameko Hiriko Orkestrarekin eta Andris Nelsonekin joko du, bai eta Londresko Filarmonikoarekin eta Christoph Eschenbachekin, Frantziako Orkestra Nazionalarekin eta Kurt Masurrekin, Japoniako NHK Orkestrarekin eta Kurt Masurrekin, Sao Pauloko Orkestra Sinfonikoarekin eta Yan Pascal Tortelierrekin, eta Royal Liverpooleko Filarmonikoarekin eta Vasily Petrenkorekin ere. Zeelanda Berriko Sinfonikoarekin eta Pietari Inkinenekin, berriz, bira luzea egingo du.
 
Errezitaldiak eskaini izan ditu Washingtonen, Vienako Musikvereinen, Concertgebouwen eta Londresko Wigmore Hallen. Salzburgo, Luzerna, Ravinia, Tanglewood eta Aspeneko Jaialdietan jotzen du.
 
Ganberako musikari gisa, Julia Fischer, Anne-Sophie Mutter eta Jean-Yves Thibaudetekin kolaboratzen du.
 
Brittenen Suiteekin egin duen grabazioak Diapason d´Or saria lortu du. Bittenen Sinfonia eta Prokofieven Sinfonia Kontzertantea grabatu ditu, WDR Symphony Orchestrarekin eta Jukka-Pekka Sarasterekin.
 
 
1727ko Matteo Goffriller “Ex Saphiro” biolontxeloa jotzen du.
 
 
 
Hobart Earle, zuzendaria

Venezuelan jaio zen, baina guraso estatubatuarrak ditu. Hobart Earle ospetsua egin da zenbait kontinentetan, zuzendari dinamiko eta sutsua delako.

 
Gaur egun, Odessako Orkestra Filarmonikoaren musika-zuzendaria eta zuzendari nagusia da. Hain zuzen ere, Earle maisuak nazioarteko kokapen garrantzitsura eraman du orkestra hori, erakundearen historian sekula halakorik bizi gabeak baziren ere. Orkestra horrekin, ehunka kontzertu zuzendu izan ditu Europa, Ipar Amerika eta Australia osotik, arrakasta handiz.
 
Gonbidatu gisa, Europa, Ipar Amerika eta Asiako orkestra ugarirekin aritu izan da. Errusian, Moskuko orkestra nagusietako batzuk zuzendu izan ditu, bai eta San Petersburgoko Filarmonikoa ere. Azken bi denboraldietan, Elurretako erregina eta On Kixote balleten ekoizpen berriak zuzendu izan ditu Atenasen, Greziako Opera Nazionalean.

Hobart Earlek Ukrainako Artista Gorenaren titulua eskuratu du, eta ohore hori jaso duen lehenengo atzerritarra (eta bakarra) izan da Ukrainako historian. 2003an, Ukrainako egunkari nagusiekin lankidetzan, Errusiako Kosmonauten Elkarteak Hobart Earle izena eman zion Perseo konstelazioko izarretako bati.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

27 - 28 - 29
Abe
2024
>Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro


0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.


Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
16 - 17
Urt
2025
>ONE eta Mahlerren “Titán”

ONE eta Mahlerren “Titán”

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”

Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
20
Urt
2025
>Ganbera 4

Ganbera 4

Lekua: Euskalduna Jauregia

B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin

M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
30 - 31
Urt
2025
>Mundu Berriko sinfonia

Mundu Berriko sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”

Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak