Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 16-2011-2012

Hastapeneko abonua


Euskalduna Jauregia.   20:00 h.

J. Adams:The chairman dances
F. Poulenc:Kontzertua bi piano eta orkestrarako re minorrean
F. Mendelssohn:4. sinfonia “Italiarra”
 
Alessio Bax eta Lucille Chung, pianoak
Guillermo García Calvo, zuzendaria

DATAK

  • 31 maiatza 2012       Euskalduna Jauregia      20:00 h.
  • 01 ekaina 2012       Euskalduna Jauregia      20:00 h.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Soinuzko hiru begirada         

hizkera sinfonikoa ulertzeko hiru modu ikusteko. Hauxe da arratsalde honetako kontzertuaren proposamena, gure entzunaldia musikazko hainbat paisaiatatik bideratuko duena.
 
Saioari hasiera emateko, John Adams (Worcester-Massachusetts, 1947) iparramerikarraren diskurtso postminimalista izango dugu. The Chairman Dances partituraren erreferentzia nagusia 1987an Houstongo Grand Operan estreinatutako Nixon in China operaren hirugarren ekitaldian dago. Pieza hau orkestrarako foxtrot moduko bat da, Chiang Ch’ingen dantza fantasiaz inguratzen duena. Emakume hori Mao Tse-tungen emaztegaia zen, iraultza kulturalaren zuzendari zorrotza eta aktorea izandakoa. Nixonek Txinara egindako bisitan, presidenteen arteko bazkarian agertu eta bakarka dantza egiten hasten da, haren sentsualtasunak Mao erakartzen duen arte. Mao, orduan, hormako erretratu handi batetik jaisten da, eta emakumearekin dantzan hasten da. Adamsek berak dioen moduan, “eszena surrealista honetan, Chiang Ch’ingek Estatuko bazkariaren formalitate astunak eteten ditu, hankaz gora jartzen du protokolo motela, eta Chairmana dantzara gonbidatzen du. Musikak erabat irudikatzen du Shangain aktore gisa izan zuen iragana, eta, aldi berean, estimulu gisa balio du, Nixon eta Maoren oroitzapenik pertsonalenak piztu daitezen. Horrela, agintariek euren iragan urruna gogoratzen dute, zeremoniatik eta politikatik at”.
 
Minimalismoa Estatu Batuetan 1960ko hamarkadan sortutako konposizio-teknika da. Garai hartan, teknika horrek muin-muinera murrizten zituen konposizioaren musika-elementuak, etengabeko errepikapen eta aldaketan oinarritutako aldi bereko prozesuan. Baina Adamsek eraldatu egin zituen teknika minimalistak, teknika horiek hizkera emozionalago baten zerbitzura jarriz, batzuetan gai intimoak edo sentimentalak erabiliz, eta beste batzuetan gai ausartagoekin. Diskurtsoa maila neotonalean ehuntzen da, eta minimalismoaren energia erritmikoa aberastu egiten da aniztasun tinbriko oparoarekin, imajinazio harmoniko joriarekin eta erromantizismo berantiarraren joera hedakorrarekin.
 
Eta musikak hogeita hamarreko hamarkadako hizkera frantsesera (zehatzago esateko, paristarrera) darama gure entzunaldia. Francis Poulencek (Paris, 1899-Paris, 1963) 1932an konposatu zuen Kontzertua bi pianorako re minorrean lana, eta Veneziako Musika Jaialdian estreinatu zen urte bereko irailaren 5ean. Konpositorea eta haren adiskide Jacques Février arduratu ziren bi pianoekin, Désiré Defauwek zuzendutako Milango Scalako orkestrarekin.
 
Ezin da ukatu kontzertu honek, Poulencen ia konposizio guztiek bezala, benetakotasun-sentsazio argia transmititzen diola entzuleari: “nire musika nire erretratua da”, ziren bere hitzak. Gaur entzungo dugun lanean ere, egileak asko miresten zituen bi konpositoreren eragina erakusten du: konpositore horietako bat Stravinsky zen (Poulencen arabera, talentu guztiak zituen), lehen eta hirugarren mugimenduetako erritmo zorrotzetan eta ondo definitutako gaietan; beste konpositorea, berriz, Mozart (konpositore frantziarrak beste ezein sortzaileren gainetik maite zuen Mozart), bigarren mugimenduaren hasierako trazatu dotore eta orekatuan. Kontzertuan, “Poulenc purua” agertzen da, argitsua, xarmagarria, bat-batekoa eta espiritu paristar nahastezinarekin, urte zoro haietako ohiko estetiketan irudikatuta: axolagabekeria, hedonismoa, euforia eta indarraren eta arintasunaren arteko elkarketa kontraesankorra. Poulencek bizitza trinkoa izan zuen hiri zoragarri hartan, gerra arteko garai historiko paregabean; honela esaten zuen berak: “artea eta bizitza ez dira bi gauza desberdin”.
Pianoa ezin hobeto ezagutzen zuen, eta hori agerian geratzen da lan honetan; izan ere, lanak berdin-berdin ustiatzen ditu instrumentu horren ezaugarri tekniko eta espresiboak. Paradoxa badirudi ere, Poulencek ez zuen lar sakon ikasi pianoa, hasieran bere amarekin, eta, gero, Ricardo Viñes piano-jotzaile espainiarrarekin. Alabaina, harrigarria eta goresteko modukoa da nolako erraztasunez sortzen zituen Poulencek egitura luzeak, mosaiko erakargarriak balira bezala, horretarako soinudun azuleju txiki batzuk erabilita. Diskurtsoa, batez ere, harmonia tonaletan dago oinarrituta, bai eta erritmo definituan (energiaren eta fintasunaren artean dabil) eta parerik gabeko inspirazio melodikoan ere, silueta argietan eta erabateko lirismoan oinarrituta. Allegro, ma non troppo motako lehenengo mugimenduan, bi bakarlarien arteko elkarrizketa eta bakarlariek orkestrarekin duten solasaldia zenbait diseinu erritmiko-melodikotan oinarritzen da. Lehenengoa indarrez beteta dago, eta, gero, umorez beteta, eta keinu argia egiten die Parisko music-hallaren soinuei, konpositoreari izugarri gustatzen zitzaizkion eta. Hori osatzeko, lasaiagoa eta ameslariagoa den bigarren konposizioa dator, ildo melodiko-harmoniko iradokitzaileago eta anbiguo samarrarekin, lehenengo ideia itzuli arte. Alabaina, mugimenduaren amaieran, aldaketa argia dago. Bertan, Poulencek soinu etereoago eta hipnotikoagoetara bideratzen du bere diskurtsoa, 1931ko Parisko Erakusketa Kolonialean ezagutu zuen Indonesiako gamelanaren eraginpean. Erdiko mugimendua, Larghetto, konposizio bare eta fin batekin hasten da, ukitu mozartiar argikoa, eta, gero, ehundura zabaldu egiten da eta harmonia erromantizismo argiz betetzen da. Modu horretan, Poulencen hizkeraren lorategi sorginduan murgiltzen gara, eta flotatzen baina sentimenduz beteta irteten gara bertatik, lehenengo konposizioaren giro orekatuari esker. Kontzertuari amaiera emateko, Finale: Allegro molto mugimenduaren indarra agertzen zaigu, non orkestraren koloreak, melodia eta birtuosismoa diskurtso fresko eta zuzen baten protagonistak baitira. Horren ostean, imajinazioz betetako bene-benetako parisien honen sentsibilitate zoragarri eta poetikoak bere lekua hartzen du.
 
Eta, saioari amaiera emateko, hemeretzigarren mendeko Europako hizkera sinfonikoak emandako lan bat dugu. Felix Mendelssohn (Hamburg, 1809-Leipzig, 1847) kulturarekin interesatutako familia batean hazi zen. Zehazki esateko, gurasoek garrantzi handia eman zieten seme-alaben heziketari eta ume haien dohainak lantzeari. Zorioneko musikaria izan zen, ikuspuntu guztietatik. Talentuarekin jaio zen, eta, hasiera-hasieratik, talentu hori garatzeko baliabide guztiak izan zituen eskura: aukeratutako irakasleak, gurasoen interesa, eta konpositore gisa egiten zuen lanaren emaitza entzuteko aukera ematen zion talde instrumental bat. Hori ametsik onenetan ere ez da gertatzen. Hain aldeko egoeren emaitza idazketa ia perfektua da, eta, gainera, idazketa hori inspirazioarekin elkartzen denean, musika liluragarri eta ondo eraikia sortzen da, entzulearen gustukoa maila kognitiboan zein espiritualean. Eta zorionekoak gara, zeren eta, Mendelssohn konpositore irregular samarra bada ere, bere pasarterik onenak, inspirazioaren eta ondo egindako lanaren emaitza izan zirenak, argi eta garbi agertzen dira 4. sinfonia La maiorrean, op. 90, Italiarra lanean. Obra hori 1833ko maiatzaren 13an estreinatu zen Londresen, eta egileak berak zuzendu zuen Sozietate Filarmonikoaren orkestra, elkarte horrek egin baitzuen enkargua. Bertan, Mendelssohnek Italiara egin zuen lehenengo bidaian ezagutu zituen ohitura eta paisaiek eragindako sentimendu eta inpresioak agertzen dira; izan ere, familiak bidaia hura eskaini zion adinez nagusi egin zenean, bere heziketaren funtsezko elementu gisa. Lana ohiko lau mugimenduetan dago bananduta, eta lehenengoa, Allegro vivace, guztiz erakargarria da, ideia zoriontsuz betea, erritmo bizikoa eta orkestrazio bikainekoa, eta arazorik gabe erakusten du Italiako eta italiarren alaitasun “eternala”, konpositorearen arabera hala zen eta. Ez alferrik, honela idatzi zien senideei Erromatik, 1831n: “une honetan, grina biziz ari naiz idazten: sinfonia italiarra urrats sendoz doa aurrera; sekula idatzi dudan pasarterik alaiena izango da”. Andante con moto mugimenduak melodia gozoa eskaintzen du, Mendelssohnek Erroman eta Napolin ikusi zituen prozesio tradizionalen kutsuarekin. Doinu hori beste mugimendu atseginago batekin uztartzen da, eta, horrela, bide nagusitik irten eta Italiako palazzoren bateko saloirantz abiatuko gara. Hirugarren mugimendua, Con moto moderato, triodun minuetoen tradizio sinfonikoaren arabera dago eraikita, orkestrazio gardenarekin eta izaera atseginarekin. Gero, doinu horrek kutsu austriar-alemaniarra hartzen du, tronpek erdiko eta amaierako ataletan egiten dituzten deiekin. Baina Italiaren esentzia berriro agertzen da amaierako Saltarello: Presto atalean. Bertan, Mendelssohnen idazketaren arintasunak soineko ezin hobea sortzen du, Romagnako dantza biren eta Napoliko tarantella baten neurrira. Nekerik gabe ari dira biraka, orkestra bizitasunez zeharkatuz eta etengabeko mugimendu bikain eta sutsuaren ilusioa sortuz.
 
Belarriak adi, gozatu soinuzko ibilbide erakargarri honetaz. Entzunaldi zoriontsu eta luzea izan dezazuela.
 
 
 
 
Alessio Bax, pianoa
 
Alessio Baxek Leeds eta Hamamatsuko nazioarteko lehiaketetako lehenengo sariak irabazi ditu, eta Avery Fisher Career Grant beka jaso zuen 2009an. 90 orkestrarekin baino gehiagorekin jo izan du; besteak beste, Londresko Orkestra Filarmonikoa eta Royal Philharmonic, Dallasko Sinfonikoa, NHKren Orkestra Sinfonikoa eta Birmingham Hiriko Orkestra Sinfonikoarekin, Simon Rattlek zuzenduta.
 
2011/12 denboraldian, hainbat agerpen egin ditu: besteak beste, Dallasko Sinfonikoarekin, Jaap van Zwedenen zuzendaritzapean; San Petersburgoko Filarmonikoarekin, Yuri Temirkanovek zuzenduta; zenbait orkestrarekin Londres, Bilbao, Gaztela eta Leon, eta Seulen; emanaldiak Washingtongo Kennedy Centerren, New Yorkeko 92nd Street erakundean, eta Lincoln Centerreko Ganberako Musika Sozietatean.
 
Alessio Baxek zuzendari garrantzitsu askorekin egin izan du lan; besteak beste, Marin Alsop, Sergiu Commissiona, Alexander Dimitriev, Vernon Handley, Jonathan Nott, Vasily Petrenko, Carlos Prieto eta Dimitry Sitkovetskyrekin. Era berean, jaialdi askotan hartu izan du parte; adibidez, Londresko International Piano Series delakoan, Verbiergo Jaialdian, Aldeburghekoan, Ruhrreko Piano Jaialdian eta Bonneko Beethoven Jaialdian.
 
Alessio Baxek bakarka egin duen azken grabazioa, Rachmaninov: Preludes and Melodies izenekoa, American Record Guide delakoko kritikariek aukeratu zuten 2011n. Nabarmentzekoak dira, era berean, Bach Transcribed eta Baroque Reflections albumak(azken horrekGramophonekoEditorearen Aukeraketaren sariaeskuratu zuen).Gainera, Beethovenen Hammerklavier Sonata jo zuen Daniel Barenboimentzat, EMI disko-etxeak argitaratutakoBarenboim on Beethovendokumentalean.
 
 
 
Lucille Chung, pianoa
 
Lucille Chung piano-jotzaile kanadarra Montrealen jaio zen, eta 10 urterekin egin zuen debuta Montrealgo Orkestra Sinfonikoarekin batera, Charles Dutoiten zuzendaritzapean. Handik urte batzuetara, Stravinsky Nazioarteko Piano Lehiaketako Lehenengo Saria lortu zuen. 60 orkestrarekin baino gehiagorekin jo izan du; besteak beste, Philadelphia Orkestra, Moskuko Birtuosoak, Galesko BBC Orkestra Nazionala, Seulgo Filarmonikoa eta Israelgo Ganberako Orkestrarekin. Dutoit, Penderecki, Petrenko eta Spivakov bezalako zuzendariekin aritu izan da.
 
Era berean, errezitaldiak eskaini ditu ospe handiko hainbat aretotan: Londresko Wigmore Hallen, New Yorkeko Carnegie Hallen eta Lincoln Centerren, Washingtongo Kennedy Centerren, Amsterdamgo Concertgebouwen eta Madrilgo Auditorium Nazionalean. Jaialdien artean, honakoak nabarmendu behar dira: Verbiergo Jaialdia, Santanderko Nazioarteko Jaialdia eta Mainly Mozart Jaialdia.
 
Lucille Chung 20 urte bete baino lehen graduatu zen Curtis Institute delakoan eta Juilliard Schoolen. Gainera, Londres, Salzburg, Imola eta Weimarren ere ikasi du, Lazar Bermanekin eta, berrikiago, Joaquín Achúcarrorekin Dallasen.
György Ligetiren obra osoa eta Scriabinen lanak grabatu ditu Dynamic disko-etxerako, kritika zoragarriekin. Disques XXI-21/Universal disko-etxearekin kontratua sinatu zuen esklusiban, eta, bertan, Saint-Saënsen eta Mozarten lanak daude jasota.
 
 
 
Guillermo García Calvo, zuzendaria
 
Guillermo García Calvo Madrilen jaio zen 1978an. Vienako Universität für Musik und darstellende Kunst delakoan graduatu zen, Parsifal lanari buruzko tesiarekin eta Musikvereinen emandako kontzertu batekin, Tannhäuser obraren obertura zuzenduz. Prestakuntza osatzeko, Ivan Fischerren eta Budapest Festival Orchestraren laguntzaile gisa aritu zen. 2007an, Christian Thielemannen laguntzailea izan zen Bayreutheko Jaialdian, Der Ring des Nibelungen tetralogia enblematikoarekin.
 
Hänsel und Gretel lanarekin egin zuen debuta opera-zuzendari gisa, Schönbrunneko Schlosstheaterren, 2003an. Geroztik, Oviedoko Hiriko Orkestra Sinfonikoa, Orchestre de Chambre de Genève, Letoniako Nazionala, Málagako Filarmonikoa, Asturiasko Printzerriko Sinfonikoa, Simfònica de Barcelona i Nacional de Catalunya, Tenerifeko Sinfonikoa eta SaarbrückenekoRundfunk-Sinfonieorchester zuzendu izan ditu, besteak beste.
 
2003an, Guillermo García Calvok lankidetza estua hasi zuen Vienako Staatsoperrekin eta Wiener Philharmonikerrekin. Modu horretan, berrogeita hamar titulu baino gehiago prestatu ditu, eta hirurogei emanaldi baino gehiago zuzendu ditu Staatsoperren.
 
 

Mendelssohn-en “Italiarra”

Garai desberdinetako hiru konposiziok melodiagatiko zaletasun berezia eta klasikoa denaren nolabaiteko zentzua konpartitzen dute. Sinfonia italiarrak Mendelsshonek grand tour delakoari esker ezagutu zuen lurralde bati zion maitasunaz hitz egiten digu; izan ere, grand tour horiek ohikoak ziren garai hartako klase aberatsetako gazteen artean. Poulencen itxurazko arintasuna bi pianorako kontzertuan antzematen da, baina, dena dela, zeharka Bach eta Mozarti begiratzen die. The Chaimar dances, Nixon Txinan operatik ateratako materiala, Mao presidenteak eta bere emaztegaiak dantzatutako foxtrot gisa definitu zuen Adamsek.
Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
18 - 19
Api
2024
>Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Emmauel Pahud aspaldi kokatu zen txirularen esparruko gailurrean. Bere ibilbidean ziztu bizian gertatu da dena 22 urte zituela Berlingo Filarmonikoan bakarlari-plaza lortu zuenetik; bera zuzenean entzun dutenek diote bere musika amasaren luzapena bezalakoa dela. Zuzendari-titular gisa egindako ibilbideari agur esaten hasteko, Erik Nielsenek Mahlerren S. sinfonía eskainiko digu, eta haren gailurrez, haranez eta adagietto ederraz gozatuko dugu.

Abono:

XX Century Classics


Erik Nielsen, zuzendaria
Emmanuel Pahud, flauta


I

CARL NIELSEN (1865 – 1931)

Kontzertua flauta eta orkestrarako*

I. Allegro moderato
II. W. A. Mozart: Andante,flautarako Do Maiorrean, K. 315
III. Allegretto

Emmanuel Pahud, flauta

II

GUSTAV MAHLER (1860 – 1911)

5. sinfonia do sostenitu minorrean

I. Trauermarsch
II. Sturmisch bewegt
III. Scherzo: Kraftig, nicht zu schnell
IV. Adagietto
V. Rondo – Finale

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
25 - 26
Api
2024
>Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Lekua: Euskalduna Jauregia

Ein He/denleben zuzendari-lana da. Richard Straussek berak zuzendu zuen lehen emanaldian; hala ere, beste zuzendari handi bati eskainita zegoen, Mengelberg zuzendariari eta Concertgebouweko orkestrari, hain zuzen ere. Nielsenek poema sinfoniko izugarri hau aukeratu du titular gisa denboraldi honetan emango duen azken kontzerturako. Programa osatzeko, Schönberg eta Saint-Saëns musikagileen beste bi pieza ezagun izango ditugu entzungai, eta aipatzekoa da Alexandre Kantorow karismadunaren presentzia.


Charla preconcierto
2024/04/26 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza


Erik Nielsen, zuzendaria
Alexandre Kantorow, pianoa


I

ARNOLD SCHOENBERG (1874 – 1951)

Bost pieza orkestrarako Op. 16 (1949 berr.) *

I. Vorgefühle
II. Vergangenes
III. Farben
IV. Peripetie
V. Das obligate Rezitativ

CAMILLE SAINT-SAËNS (1835 – 1921)

5. kontzertua piano eta orkestrarako Fa Maiorrean Op. 103 “Egiptoarra”*

I. Allegro animato
II. Andante
III. Molto allegro

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Ein Heldenleben Op. 40

Heroia[Der Held] (attacca)
Heroiaren aurkariak [Des Helden Widersacher] (attacca)
Heroiaren bataila-eremua [Des Helden Walstatt ] (attacca)
Heroiaren bake lanak [Des Helden Friedenswerke] (attacca)
Erretiora mundutik eta heroiaren gailurra [Des Helden Weltflucht und Vollendung]

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
29
Api
2024
>Cámara 08

Cámara 08

Lekua: Euskalduna Jauregia

A. Schnittke: Boskotea pianoarekin
BOSen boskotea pianoarekin

A. Schnittke: Moz’ Art à la Haydn
BOSen hari-ensemblea

W. A. Mozart: Ziri musikal bat, KV 522
BOSen hari eta haize ensemblea

Informazioa eta sarrerak
04
Mai
2024
>Mozartland

Mozartland

Lekua: Euskalduna Jauregia • 0B Aretoa

Kontzertua familian
Princep Totilau + Cuarteto BOS, konpainia
Wolfgang Amadeus Mozart, musika
Pol Requesens, moldaketak

Bilbao Orkestra Sinfonikoa

­2 urtetik aurrera

PREZIOAK:
Orokorra 10 €
BOSaren abonatuak* 9 €
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

“Mozartland” kontzertu-ikuskizun bat da, publikoa gonbidatzen duena Mozart txikiaren eta bere arreba Nannerlen jolas gelan esertzera, hezur-haragizko bi haurrek interpretatuta. Han, musikagilearen zuzeneko musikarekin, harizko eta txirulazko laukote baten eskutik, hiru aktorek maskarekin antzezten dituzte Salzburgoko jenio txikia gehien dibertitu zuten ipuin herrikoiak: igela, printzesa, erregea, txanogorritxoa, otsoa, amona, Hansel eta Grettel, sorgina eta Bremengo musikariak.

Bere jokoarekin, Mozart bi anaiak ipuinetako istorioak eta protagonistak edertasun, egia eta ontasun bihurtzen saiatuko dira, urte batzuk geroago Wolfgangek bere musikarekin egingo zuen bezala.

Sarrerak 2023ko abenduaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Garrantzitsua: ­aretora ­sartu­ nahi duten ­persona ­guztiek­ (adina edozein dela ere) ­dagokien ­sarrera ­aurkeztu ­behar ­dute.

Informazioa eta sarrerak