Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 16-2013-2014

Hitzak baino harago abonua


Euskalduna Jauregia.   20:00 h.

F. Schubert: Sinfonia Si minorrean, D.759 “Bukatugabea”
G. Mahler: Lurraren abestia

Lilli Paasikivi: mezzosopranoa
Michael Weinius: tenorra
Günter Neuhold

DATAK

  • 15 maiatza 2014       Euskalduna Jauregia      20:00 h.
  • 16 maiatza 2014       Euskalduna Jauregia      20:00 h.

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Hil, bizitzeko

 
Heriotzaren hurbiltasunak bihotz ematen dio literaturak tradizioz aura berezi batez hornitu dituen musiken mitoari. Obra ilunak dira, hil-urrenekoak, itxuraz beste munduko indarrek adoretuak. Mahlerren azken sinfoniek aura hori dute (besteak beste, Das Lied von der ErdeLurraren kantua–), eta Schuberten Amaitu gabeak ere denbora luzez izan du –ondo argitu ez diren arrazoiengatik bukatu gabe utzitako lanak–. Izan ere, herioaren deia izan zen lehenengo erantzunetako bat. Schubertek 1822ko urrian bukatu zituen sinfoniaren lehenengo bi mugimenduak. Handik denbora gutxira, sifiliak jota zegoela jakin zuen, bizia arriskuan zuela hasi zen ikusten, eta depresio sakon batean erori zen. Zorigaiztoko albiste horrekin lotuko zuen obra berria, indarrik gabe geratuko zen lanari berriz ekiteko, eta betiko alde batera uztea erabakiko zuen.
 
Denboraren poderioz, beste erantzun batzuk azaldu dira. Ondotxo dakigu Schubert arintasunez joaten zela obra batetik bestera. Hala, 1818. eta 1822. urteen artean, hiru sinfonia hasi zituen gutxienez, eta horietatik bat ere ez zuen amaitu. Amaitu gabea sinfoniaren lehen bi mugimenduak burutu ondoko asteetan, pianorako Wanderer-Fantasie konposizioa lantzen aritu zen. Handik sei hilabetera, amaitu gabeko sinfoniaren eskuizkribua eman zion Josef Hüttenbrenner lagunari, Gratzeko Estiria Musika Sozietateak eman zion ohorezko diploma eskertzeko. Hala ere, Hüttenbrennerrek beretzat gorde zuen autografoa. Schubert bizirik egon zen bitartean, ez zen gehiago sinfonia berririk aipatu. Une jakin batean, eskuizkribua Josefen eskuetatik Anselm anaiaren eskuetara igaro zen. 1860an, musikagilea hil eta hogeita hamar urte igaro ondoren, Johann Herbeck orkestra-zuzendariari idatzitako gutun batean, Josefek adierazi zuen Anselmek Schuberten amaitu gabeko sinfonia bat zuela gorderik, Handia izeneko sinfoniaren edota Beethovenen sinfonien maila berean jartzeko modukoa zena. Zortzigarrena izena eman zioten argitara emateko, eta Vienan jo zuten lehen aldiz, 1865eko abenduan, Herbecken beraren zuzendaritzapean. Orduko hartan, Hirugarrena sinfoniaren amaierarekin osatu zuten. Izan ere, hasieratik saiatu ziren nola edo hala obrarako bukaerak bilatzen.
 
Zergatik ez zuen sinfonia bukatu Schubertek? Ez zitzaion gehiago interesatzen? Ez zuen balioesten? Beste enkargu batzuek garrantzi gehiago izan al zuten? Arrasto ezkorra utzi al zion benetan? Edo egindako musikak zuen kalitateaz ohartuta, ez al zen gai sentitzen berdindu ahal izateko? Galderak ez dira hor amaitzen. Izan ere, Amaitu gabea sinfoniak aura berezia du, eta, horren ondorioz, ezin konta ahala azterketa egin dira hari buruz. Si minorreko tonalitatea ez zen oso ohikoa garai hartan; horrenbestez, Bachen Meza si minorrean lanarekin eta Tchaikovskiren Seigarren sinfoniarekin jarri da harremanetan, bi lan horiek ere horrelakoak baitira, amaierakoak, behin betikoak, itzaltsuak, hil-urrenekoak. Horrek areago indartzen du Amaitu gabea sinfonian aura ezkorra sumatzen dutenen ikuspegia. Era berean, ez dugu ahaztu behar Ipar Amerikako musikologiako sektore jakin batzuek joera homosexualak sumatu zituztela haren ildoetan, harmonietan eta modulazioetan.
 
Baina izan ditzagun gogoan funtsezko hiru segurtasun hauek: osorik dauden bi mugimendu ditugu (eta partzialki orkestratutako Scherzoa), zalantzarik ez dago egilea Schubert dela, eta denboraren poderioz sinfoniak egiaztatu du autonomia osoa duela forma eta musika aldetik. Musikagilea desagertu ondoren, ezinezkoa da maila berean egon litekeen amaiera bat bilatzea, Bachen Die Kunst der Fuge lanean edo Pucciniren Turandot operan gertatzen den bezala. Amaitu gabea baretasuna, harmonia, kantua da hasieratik amaierara, Schuberten obra peto-petoa, lehen aldiz jo zutenean Eduard Hanslickek zentzu handiz adierazi zuen moduan. Allegro moderatoaren hasieran zortzi konpas daude, musika baxukoak, heriozkoak. Guztiz lirikoak, xarmagarriak eta pizgarriak diren bi melodietan egituratutako mugimendua iragartzen dute. Lehen melodia bihotz-aringarria da, bigarrena dantza-itxurakoa. Intentsitate gehien duten uneak, fortissimo intentsitateko klimaxak ere arindu egiten dira melodia horien aireko tratamenduari esker. Andante con moto mugimendu apolineoak, Mi maiorrean eta are bareago, oinarrizko bi tema hedatzen ditu, harietako une magikoez eta Beethovenen Eroica sinfoniaren oihartzun urrunez atonduta. Beethovenen ereduaren aberastasuna nabarmen azaltzen da, sinfonia bakoitza obra bateratu eta oso baten moduan ikusten dugunean. Aitzitik, León Plantingaren hitzetan, Amaitu gabea sinfoniaren arrakasta “atal indibidualen xarman oinarritzen da: melodia guztiz erakargarriak, instrumentuen kolore guztiz finak eta bira harmoniko harrigarriak”.
 
Orain pentsa dezakegu Schubert harritu egingo zela, bera hil ondoren bere sinfoniak izan duen onarpen bikaina ikusita, jakina baitzen Schubert guztiz umila zela. Entzule gehienek ez zuten musikagilea gehiegi balioetsi. Gizon arrunta izan zen, eta mundu honetan izan zen denbora laburrean etengabe egin behar izan zien aurre eguneroko bizitzako beharrizanei. Bere etorkizunak orainean zuen muga. Mahler –entzuleek aintzakotzat hartu ez zuten musikagilea bera ere– desberdina zen. Garrantzi handikotzat hartzen zuen bere burua (“iritsiko zait garaia”), eta bazekien bere musikak bizirik iraungo zuela bera hil ondoren, eta modernitatearen iturria izango zela luzaroan. Bigarren sinfoniarako, Friedrich Klopstocken Pizkundeari egindako odari gaineratu zion bertso batean, “Hilko naiz bizitzeko!” idatzi zuen, zalantzarik gabe zain zuen etorkizunarekiko fedearen adierazgarri.
 
Mahlerrek bere bizitzan barrena konposatu zuen musika diamanteak bezain gogorrak diren hari ikusezinen bidez jartzen da elkarrekiko harremanetan. Bere liedak elkarrrekin korapilatzen dira, azken trilogia bikaina abiarazten duen Lurraren kantua sinfoniaren amaiera handira heldu arte. Lan horiek 1907. urteko gertaera goibelen emaitza dira, gertaera horiek azken ordura arte markatu baitzuten musikagilea. Lehenik eta behin, Vienako Operako zuzendari-kargua utzi zuen, asalduzko garaiak igaro ondoren. New York izango zuen helmuga berria. Bigarrenik, bere osasunak okerrera egin zuen, eta hura amaieraren hasiera zela ohartu zen. Eta hirugarrenik, eta hau izan zen gertaerarik tragikoena, Maria alaba zaharrena hil zitzaion, lau urte zituela. Alma emazteak esan zuenez, “jasan zezakeena baino gehiago izan zen hori”.
 
Krisialdi existentziala, amildegira jaistea, bihotza hunkitzen duen sufrimendua. Mahler barnerakoiak musikaren bidez kanporatuko zituen bere emozioak. 1908ko udan, Toblach herrian (egungo Dobbiacon) oporretan zegoela, azken indarrak atera zituen obra berria egiteko, Txirula txinatarra liburuan bildutako poema txinatar batzuk inspirazio gisa hartuta. Lied sinfonia izugarria izan zen, munduari eta bizitzari egindako kantu eskerga. “Lurra ezkutatzen da, musikagileak arnasa berria hartzen du, argi berri batek distiratzen du bere gainean”, idatzi zuen Bruno Walterrek. Ez zion Bederatzigarrena izena jarri nahi, zenbaki horrek beldurra ematen ziolako (Beethoven, Schubert, Dvorák eta Brucknerrek ere ez zuten gainditu), eta ez ziolako patuari aurre egin nahi.
 
Theobald Pollack lagunak oparitu zion Txirula txinatarra. Ekialdeko kulturak lehendik erakartzen zuen musikagilea, eta neurri handi batean erakarpen horren emaitza izan zen Friedrich Rückerten literaturarekiko hurbiltasuna. Izan ere, Rückert Ekialdeko hizkuntzen itzultzailea eta irakaslea zen Erlangenen eta Berlinen. Bere poemak Mahlerren hainbat lieden oinarria izan ziren, besteak beste, 1904an egindako Kindertotenlieder iragarleak (Haur hilen kantuak). Mahlerrek sei poema hautatu zituen poema txinatarren liburu berritik, eta mugimendu bana eman zien. Bizitzaren plazerez gartxuki gozatzetik, giza existentzia iragankorrak sortutako malenkonia etsira igarotzen dira mugimenduak. Bizitza eta heriotza, tentazioaren eta nostalgiaren dualtasuna, orkestraren kolore batzuek eta eskala pentatonikoaren erabilerak sortutako atmosfera exotikoak sinfoniaren funts emozionala aberasten dute.
 
Lehen poema Li-Tai-Porena da, Lurraren minaren kantu bakotarra: ardoa, bihotza arintzeko oinarri gisa. Bigarren poema, Bakartia udazkenean, Chang-Tsirena da; bakardadeak abaildutako bidaiari baten erretratua da. Hurrengo bi mugimenduak Li-Tai-Poren lumaren emaitza dira berriz, gaztetasunaren eta edertasunaren gorazarreak. Bosgarrena, Mozkorra udaberrian, egile berberarena, ardoaren botereei egindako beste kantu bat da. Seigarren kantua (Der Abschied, Agurra) aurrekoa baino askoz zabalagoa da, eta Mahlerren estetikaren gailur gorenetako bat dugu. Lagunari agur, munduari agur, bizitzari agur. Mong-Kao-Yen eta Want-Weiren jatorrizko poemei Mahlerrek bere eskutik sortutako bertso adierazgarriak gaineratu zizkien. Emaitzak bariazioen eskema bat bete dezake, hamar bariazio osatu arte, melodia luzeak, uhindunak, izugarriak hedatuz. Sarritan, melodia horiek iraganeko sinfonien aipuak ekartzen dituzte (Pizkundea, Bosgarrena, Seigarrena), musikagilea bere bizitza osoaren aurrean balego bezala. Bere bertsoz osatutako Koda lurrari egindako oda bat da (“Lur maitea udaberrian loratzen da!”). Pixkanaka jaisten da isiltasunera azken hitzetan, “Sekula eta beti…”, horien bidez musika iraungiz joaten baita pianissimo amaigabe batean.
 
1911ko azaroaren 20an izan zen Lurraren kantua sinfoniaren estreinaldia Munichen, Mahler hil eta hilabete gutxira. Bruno Walter izan zen emailea, musikagilearen lagun ona eta bere lanean uste osoa izan zuen lehen pertsonetako bat. Behin, sinfoniaren eskuizkribuaren aurrean, Mahlerrek zera komentatu zion txantxetan: “Ba al dakizu nola zuzendu behar den hau? Nik arrastorik ez!” Alabaina, ondotxo dakigu nola ulertzen zuen Walterrek Lurraren kantua berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, grabazio mitikoa egin baitzuen orduan, gaur egun garai bateko lekukotasuna dena: Mahlerren garaia iristear zegoenekoa.
 
 
Lilli Paasikivi, mezzosopranoa
 
Lilli Paasikivik sir Simon Rattle eta Berlingo Filarmonikoarekin batera egin zuen debuta, Frickaren rola jokatuz Nibelungoaren eraztuna lanean, Aix-en-Provenceko Jaialdiko ekoizpenean. Geroztik, Monnaieko Errege Antzokian, Hanburgoko Estatuko Operan eta Frankfurteko Operan kantatu izan du. Operan egindako beste agerraldi batzuen artean, Lyongo Opera Nazionalean Konpositorearen rolean egin zuen debuta aipatu behar da (Ariadna Naxosen).
 
Lilli Paasikiviren kontzerturako errepertorioan, Mahlerren kantu eta sinfonien zikloak nabarmentzen dira. Bere emanaldirik entzutetsuenen artean, honako hauek daude: Lurreko kantua, Los Angelesko Filarmonikoarekin (Esa-Pekka Salonen), Ensemble Intercontemporainekin (Susanna Mälkki) eta Sydneyko Sinfonikoarekin (Vladimir Ashkenazy); 3. sinfonia, Londresko Orkestra Sinfonikoarekin (Paavo Järvi), Hanburgoko Filarmonikoarekin (Simone Young) eta Bergeneko Orkestra Filarmonikoarekin (David Zinman); eta Hildako umeentzako abestiak (Kindertotenlieder), New World Orkestra Sinfonikoarekin (Michael Tilson Thomas).
 
 
Lilli Paasikiviren diskografiaren barruan, lan hauek daude: Beethovenen 9. sinfonia, Leipzigeko Gewandhauseko Orkestrarekin (Riccardo Chailly); Sibeliusen Kullervo sinfonia (Osmo Vänskä / BIS); Mahlerren 3. sinfonia (Benjamin Zander / Telarc); Alma Mahlerren Kantu guztiak (Jorma Panula / Ondine) eta Mahlerren 8. sinfonia (Valery Gergiev / LSO Live).
 
 
Michael Weinius, tenorra
 
Michael Weinius Stockholmen jaio zen. Baritono gisa hasi zen trebatzen Adolf Fredrik Musika Eskolan, eta 1995ean amaitu zuen bere trebakuntza, Stockholmeko Operako Unibertsitate Eskolan.
 
Baritono gisa, 1993an egin zuen debut profesionala, Guglielmoren rola jokatuz Cosi fan tutte obran. Bere debutak izandako arrakastaren ostean, ohiko gonbidatua izaten hasi zen Suediako opera-antzoki nagusietan, eta Renatoren rola bete zuen Un ballo in Maschera obran, Posarena Don Carlos lanean, eta Marcellorena La Bohème operan.
 
2004an, Michael Weinius trantsizioan sartu zen, baritonoa izatetik tenorra izatera pasatuz. Hori horrela, arrakasta handia lortu zuen Jenufa obrarekin, Lacaren rolean, Suediako Norrland Operan. Tenor gisa, besteak beste, Parsifal, Tosca, Cavalleria Rusticana, Die Walküre eta Peter Grimes lanetan aritu izan da. 2008an, berarentzat idatzitako David erregearen rola jokatu zuen Sven David Sandströmen Betsabé obraren mundu mailako estreinaldian. Opera hori, hain zuzen ere, The Royal Swedish Operak komisionatu zuen Stockholmen.
 
Europako antzoki nagusietan izan duen ibilbide operistikoaz gain, Michael Weiniusek maiz kantatzen du kontzertu eta errezitaldietan. Danimarkan, Norvegian, Austrian, Espainian, Britainia Handian, Frantzian, Belgikan eta AEBetan kantatu izan du, Marc Soustrot, Pier Giorgino Morandi, Friedemann Layer, Gustavo Dudamel, Kent Nagano edota Christoph Eschenbach zuzendariekin, besteak beste.
 
Michael Weiniusek hainbat sari irabazi ditu: Gösta Winbergh Saria (2004), Birgit Nilsson Saria (2006) eta Seattleko Operako Nazioarteko Wagner Lehiaketa ospetsua, 2008an.
 
 
Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

27 - 28 - 29
Abe
2024
>Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro


0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.


Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
16 - 17
Urt
2025
>ONE eta Mahlerren “Titán”

ONE eta Mahlerren “Titán”

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”

Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
20
Urt
2025
>Ganbera 4

Ganbera 4

Lekua: Euskalduna Jauregia

B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin

M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
30 - 31
Urt
2025
>Mundu Berriko sinfonia

Mundu Berriko sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”

Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak