Kontzertuak
BOS DENBORALDIA 18-2009-2010
Sua eta izotza
J Guridi: En un barco fenicio
M. de Falla: El amor brujo, suite
S. Prokofiev: Alexander Nevsky
Esperanza Fernández, cantaora
Marina Pardo, Mezzosoprano
Orfeón Pamplonés (zuzendaria/director Igor Ijurra)
Günter Neuhold, zuzendaria/director
DATAK
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Abenturez eta pasioez…
Musikaz josita dago arratsalde hau. Itsasontzi feniziar batek kobazulo ijito batera eramango gaitu, misterioz eta magiaz beterik dagoen kobazulo batera. Bertan, maitasunezko eta jelosiako istorioa entzungo dugu, eta, ondoren, Errusia urrutira joango gara, bataila aldarriak eta herri abestiak entzuteko.
Bidaia honetako gure lehen gida Jesús Guridi (Gasteiz, 1886-Madril, 1961) izango da. Guridi da, ezbairik gabe, Bilbao Orkestra Sinfonikoak konpositore euskaldunetatik gehien interpretatu duena (Guridi noiz edo noiz Orkestrako zuzendari lanetan ere ibili zen), orkestrak 1922az geroztik bere ibilbidea abiarazi zuenetik. Bere familian aurrekari musikalak zituela, goizik erakutsi zuen sen artistiko handia idazteko, koru zuzendaritza lanak egin eta teklatuzko instrumentuak interpretatzeko, eta, batez ere, zaletasun handia zuen organoa jotzeko. Musikari poliedriko honek beste aurpegi bat gehitu zion bere jarduerari: irakaskuntza, izugarri maite zuen ataza. Kalitatezko musika prestakuntza izan zuen, lehenengo familian eta, ondoren, Bilbon (txikia zela heldu zen Bilbora bere sendiarekin). Geroago, Parisera joan zen, Schola Cantorum eskolan prestakuntza jasotzen jarraitzeko, eta Belgikan eta Alemanian jarraitu zuen ikasten. Bilbora itzuli eta hemen garatu zuen bere ibilbidea hurrengo urteetan. Guridik arras ongi ezagutzen zuen Europako musika, eta, askotan, hura orrazten saiatzen zen, euskal folklorearekiko zuen maitasunaz lagundurik. Gaur arratsaldean bere berbaldia entzungo dugu, poema sinfoniko taxuan, hain zuzen ere, XIX. mendeaz geroztik Europako erdialdeko sinfonistek asko estimatzen eta zaintzen zuten generoa. Itsasontzi feniziar batean Madrilen estreinatu zuten 1927an, eta merezitako arrakasta izan zuen. Mugimendu bakarreko konposizioa da, lan gisa hauetan ohikoa izaten den legez, eta musikatik abiatuta musikaz kanpoko irudiak gogorarazten ditu. Piezan zehar atmosferak aldatu egiten dira, baliatutako egitura eta tinbre-koloreen arabera. Konposizioaren elementu biak malgutasun handiz erabiltzen dira: batzuetan, orkestrako pasarte distiragarriekin, eta, beste batzuetan, berriz, sakontasunerako eta intimitaterako joera duen lirismo handiarekin. Arrazoi nagusi batek egituratzen du lana, eta idazkera sendoa ematen dio, bai eta zentzu estetiko eta adierazkor zaindua ere.
Hala, bada, ontzira gaitezen Telemacorekin eta El amor brujo lanaren musika-zeharbideaz goza dezagun. Pastora Imperiok 1914. urtean eskatu zion lan hau Manuel de Fallari (Cádiz, 1876-Alta Gracia, Argentina, 1946), amak, La Mejorabak, gogorarazten zituen abesti eta legendak abestu eta dantzatzeko. Gisa horretan sortu zen ijitokeria hau ekitaldi batean eta bi koadrotan. Lanak kontatzen duenez, sorginkeriaz eta misterioz betetako giro batean, maitasuna gailentzen da ilunpeen aldean. Gau osoan zehar luzatzen den borrokaldi hori ebatzi egiten da egunsentian. Lehenengo bertsioa 1915ean estreinatu zen Madrilen. Kritikaren aldetik harrera hotza izan bazuen ere, Fallak instrumentu multzoa kendu eta pianoz lagundutako orkestra sinfoniko batekin ordezkatu zuen. Bertsio berria 1916. urtean estreinatu zen Madrilen. Aitzitik, ballet bezala, Pariseko Trianon-Lyriquen estreinatu zuten 1925ean, Antonia Mercé eta Vicente Escuderorekin. Musikak iradokitzen duen argumentua Candelasen istorioa da: neska gazte ijitoak sutsuki maite du Carmelo, baina euren artean bere aurreko amorantearen espiritua nahasten da. Carmelok laguntza eskatzen dio Lucíari, eta bere xarmaz baliatuz, mamua distraitu behar du amoranteak musukatzen diren bitartean. Gisa horretan, aztikeria apurtu egiten da. Haize instrumentuetan banda-doinu labur batek, hariz eta tinbalez nabarmenduta, maitasun sorgindua gaia aurkezten du Sarreran. Horren ostean, soinuaren atmosfera misterioz betetzen da, Kobazuloan arnasten den giroa gogoraraziz. Izan ere, haize instrumentuak entzun egiten dira harizko tremoloen aldean.
Luze barik, Candelasen ahots urratua entzuten da Mindutako maitasunaren abestia pasio handiz kantatzeko. Abesti honi oboeak eta orkestrak laguntzen diote. Baina tronpeta-solo batek mamuaren etorreraz ohartzen gaitu. Agertutakoa heldu da, eta bere presentzia are nabarmenagoa da pianoaren glissandiaren eta harizko eskala arinen ondorioz. Orduan hasten da Ikararen dantza; dantza ijito batean oinarriturik, melodia nagusia oboeak eta tronpetak partekatzen dute, eta orkestraren irudi beldurgarriei kontra egiten die. Jazarpenaz ihes egiteko, Candelasek, bere inguruan, Zirkulu magikoa egiten du. Fallak paisaia oroitarazlea lortzen du hemen, idazkera gardenaren eta atmosferikoaren mirari. Horren ondoren, Gauerdian gaudela adierazten diguten kanpai-hotsak entzuten dira, eta ijitoak euren sorginkeriak egiteko prestatzen dira. Suaren dantza erritualean, Fallak agerian uzten du orkestra zuzentzeko duen gaitasun paregabea, dantza tribal hau kolorez betetzean. Hurrengo Eszenan, mamua su harroputzez inguraturik dago. Oboearen zenbait esaldi ilunek aurkezten dute eszena, eta oskestrako gainerako instrumentuek erantzun egiten diote, flautaren arabesko bikain batzuei bide emanez. Su harroputzaren abestian, “maitatzea” gar batekin alderatzen da. “Ihes egiten diozu eta jarraika duzu, dei egiten diozu eta ihesari ematen dio". Sarrerako gaia gogorarazi ondoren, Pantomimak jasmin usain bizia ematen dio kobazuloko barrualdeari, tango cadiztar bat abesten duen txeloaren ahotsari esker. Ondoren, orkestrak jarraitzen du. Maitasunaren jokoaren dantzak Andaluziako folklorearen erritmo propioetan dago oinarrituta. Egunsentiko kanpaiak baino aurretik doa, izan ere, azken horrek egun berriaren etorrera, mamuaren desagertzea eta amoranteen musua iragartzen du.
Baina dena ez da itsas eta maitasun abenturak arratsalde honetan…
Sergei Prokofieven Alexander Nevsky (Sontsovka-Ukraina, 1891 – Mosku, 1953) 1938. urtean sortu zen, Sergei Eisenstein zinemagile errusiarrak zuzenduriko izen bereko filmaren soinu-bandarako. Garaia hartan, konpositorea SESBera itzuli zen behin betiko finkatzeko, eta, ondorioz, konposizioak propaganda kutsua du. Lehenengo bertsioan, Prokofievek lan handiagoa izan zuen lana bera muntatzen, musika konposatzen baino. Amerikako Estatu Batuetatik egin berri zuen bira batean, Hollywooden zegoela, zinemagintzako musikaren grabazioan interes handia agertu zuen. Alexander Nevskyn (bere hirugarren soinu-banda), mikrofonoak distantzia ezberdinetan jarriz saiakuntzak egin zituen, berak nahi zituen efektuak lortzearren. Gainera, koruaren eta metalezko instrumentuen zatiak estudio ezberdinetan grabatu ziren, ondoren nahasteko. Geroago, musika hau egin zuen eta kantata formatua eman zion, mezzosoprano, koru eta orkestrarako. 1936. urteko maiatzean (Hitlerrek eta Stalinek Ez erasotzeko ituna sinatu baino zenbait hilabete lehenago) estreinatu zuen Moskuko Filarmonikoaren Orkestra eta Korua bere zuzendaritzapean zituela. Arrakasta handia lortu zuen, eta kantata hau genero horretan XX. mendeko ospetsuenetakoa izatera heldu zen.
Orkestrazioa aberatsa da, bai aniztasunari dagokionez zein kantitateari dagokionez. Perkusiozko instrumentu askotariko bikainak eta egurrezko haize-instrumentu oparoak daude: flauta piccoloa, adar ingelesa, klarinete baxua, kontrafagota eta saxo tenorra. Metalezko instrumentuak asko agertzen dira lan osoan zehar, batez ere, “zaldun teutoien” soinuzko erretratuan. Prokofievek orkestraren atal ezberdinak eta konposizio baliabide ezberdinak erabiliz finkatzen du bere imajinagintza musikala, pertsonaia kontrajarriak eta gidoiaren gorabeherak islatzeko. Hala, esaterako, Errusiako herria bere kantuen aberastasunean agertzen da, erretorikarik gabe eta sakon eta bere ama hizkuntzan adierazita. Musika eredu honen aurrean, zaldun teutoiak indar handiz entzuten dira metaletan, akorde disonanteekin eta militar-itxurako estiloan. Bere fanatismo mistikoa eta botere grina koru-kantu isorritmiko baten bitartez adierazten dira, kantu neurtu, obsesibo, melodikoki geldo eta bultzada lirikorik gabekoa, bere ideal gogor eta bidegabean hetsia. Transmititzen duen hizkuntza latina da (3. eta 5. mugimenduak).
Kantata 7 atal edo mugimendutan dago banaturik. Lehenengoan, Errusia Mongoliaren menpean, hasierako musika geldoa da, suntsipen irudi bat eragin gura baitu. Bigarrenean, Alexander Nevskyren abestian, Alexander Yaroslavichelek 1240. urtean Neva ibaiaren Batailan suediarrei irabazi izana kontatzen da (ordainetan, bertatik dator izena). Pskoven gurutzatuak mugimendurako XIII. mendeko musika garbia erabiltzeko asmoa izan zuen Prokofievek. Halarik ere, Moskuko Kontserbatorioan aurkitu zituen adibideak oso hotzak, ilunak eta urrunak ziren XX. mendean entzuten zenaren aldean, eta, horrenbestez, “zaldun teutoien” basakeria iradokitzen zuten musika motibo batzuk konposatu zituen. Kantatak jarraitu egiten du Altxa zaitez, Errusia mugimenduarekin. Armak hartzeko deia da, eta estilo herrikoia duten ideia musikalez osatuta dago. Borroka izotz gainean da mugimendurik luzeena eta lanaren une gorena. Hasiera geldoa eta iluna da: borroka eguneko egunsentia, Peipus lakuaren gainazal izoztuan, 1242an. Mugimendu hau Nevskyren eta zaldun teutoien arteko gatazkaren amaieran adierazten den atal dardartsuarekin kontrajartzen da. Hildakoen zelaian atalean neskato baten aienea entzuten dugu, galdutako maitalearen bila, eta Alexander Pskoven sartzen atalean bigarren mugimenduko oihartzunak entzuten dira, heroiaren itzulera arrakastatsua gogoraraziz.
Presta zaitezte pasioak eta abenturak bizitzeko musikaren eskutik eta… goza itzazue!
Mercedes Albaina
Alexander Nevsky: historia apur bat eta irudi asko
Iosiv Stalin zinemazale sutsua zen, -diktadore ona zen aldetik- Sobietar Batasuneko ekoizle erabakigarri eta gidoilari eztabaidaezina izateaz gain, agintean egon zen aldi luzean: berak nahi zituen filmak baino ez ziren ekoizten, eta berak agintzen zuen eran. “Alexander Nevsky” ez da salbuespena. Sergei Eisenstein Stalinen Errusiara itzuli zen Estatu Batuetan egonaldi luzea egin ondoren, eta nomenklaturaren parte handi batek beraren benetako uste politikoen susmoa zuten; dena dela, Stalinek haren talentua baliatzeko apustua egin zuen eta babestu egin zuen. “Alexander Nevsky” diktadorearen enkargua izan zen, izan ere, gero eta beldur handiagoz begiratzen zion Hitlerren Alemaniari eta nazionalismoa eta sozialismoa uztartuko zituen ikus-entzunezkoen epopeia bat nahi zuen. Nevskyren irudia, historikoa eta herriak beneratutakoa, aukera egokia zen; izan ere, mongoliarrak, suediarrak eta teutoiak garaitu zituen, hurrenez hurren. Europako Erdialdekoak eta Baltikokoak izan arren, zaldun teutoiak izan ziren filmeko protagonistak, arrazoi koiuntural argiak direla-eta: filmeko ikonografiaren parte handi bat sinbologia nazionalsozialistan inspiratu zen, hala Europako iparraldeko legendetatik nola tradizio latinotik jasotakoa.
Nevsky Neva ibaitik dator, eta Alexander Yaroslavichi ibai horretan suediarrak garaitu ondoren emandako titulua da. Ez zen arrantzale apal eta herriarengandik hurbilekoa izan, filmean ikusten den bezalakoa, baizik eta printze agintaria eta buruzagi militarra, Eliza Ortodoxoak fedearen fedendatzaile gisa santifikatu zuena. Suediarrak eta teutoiak lurralde errusiarrean sartzeko egindako saiakerek Aita Santuaren bulden babesa izan zuten, Eliza Erromatarrak erritu ortodoxoa desagerrarazi nahi baitzuen. Hori da film honetan agertzen diren agintari erlijiosoen presentzia beldurgarriaren arrazoia.
Eisensteinek alegia gisa aurkeztutako istorio hau kontatzeko egindako lan bikaina Sergei Prokofieven lanean oinarritu zen neurri handi batean. Filmerako konposatutako soinu-banda luzeagoa eta zabalagoa da gaietan, egitarau honetako Kantata baino. Adibidez, zaldun teutoiek Peipus lakuko uretan bizi izandako urperatzearen sekuentzia soinu-bandan agertzen da, baina ez Kantatan. Filmeko sekuentziak proiektatzeak erabat dinamitatuko zukeen konprometitutako bi artista handien lanaren lotura estua, eta, ondorioz, filmetik ateratako argazkiekin lan egitea erabaki zen.
Irudiak Kantatara egokitzeak narrazio-dinamika propioa sortu zuen nahitaez. Teutoien itoaldiaren adibidera itzuliz, irudiak “Borroka izotz gainean” mugimenduaren amaierako gai elegiako luzean kokatu dira, baina filmean ez datoz bat horrekin. Alabaina, espazio ezin hobea dela iruditu zaigu, izan ere, irudi horiek erakutsi beharra zegoen, eta, 1938ko koiuntura historikoa eta Stalinen asmo propagandistikoak baino haratago, hain modu bikainean filmatutako heriotza horien krudeltasuna gerraren basakeriaren aurkako ondare unibertsala da.
“Alexander Nevsky” dokumentu bikaina da, berezko bilakaera historikoagatik. Mehatxu alemaniarraren aurka filmatu zen, eta 1939ean ez erasotzeko ituna sinatu zenean orduan Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna zenaren eta Alemaniaren artean (Molotov-Ribbentrop izenaz ezaguna), arreta handiz ezkutatu zen. Handik bi urtera, 1941ean, filma behin eta berriro eman zen Errusia handiko zinema-areto guztietan: inbasio-saiakera alemana hasita zegoen. “Alexander Nevsky”-k zerbait aldarrikatzen badu, gerrak heriotzaren mugak zehazten dituela da, Arteak guztiak zeharkatzen dituen bitartean. Denbora barne.
Joseba Lopezortega
Emakume protagonista bi, suaren eta izotzaren arteko uztartze berezi batean. Maitasun sorgina laneko emakume ijitoa, bere kantu izugarriarekin, eta izotz gaineko borrokaren hondarren artean bere maitearen hilotzaren bila dabilen emakume esklaboa, Alexander Nevsky lanean. Egitarauari hasiera emanez, eta beste bi lanek daukaten espiritu epiko berberari eutsiz, Jesús Guridiren musika ederra.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Ganbera 3
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea
J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea
A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea
Horrela mintzatu zen Zaratustra
Lekua: Euskalduna Jauregia
Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa
I
LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)
Egmont, Obertura Op. 84
WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)
23. kontzertua piano eta orkestrarako La Maiorrean K. 488
I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai
Jonathan Mamora, pianoa
II
RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)
Also sprach Zarathustra Op. 30
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)
Intxaur-hauskailua Gabonetan
Lekua: Euskalduna Jauregia
O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71
Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria
Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak
Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo
Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro
0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.
Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.