Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 2-2015-2016

Hastapeneko abonua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

A. Márquez: Danzón, 2. zk. (10’)
S. Barber: Kontzertua biolin eta orkestrarako, op. 14 (25´)
S. Revueltas: Maien gaua (32’)

Paul Huang, biolina
Carlos Miguel Prieto, zuzendaria

DATAK

  • 05 azaroa 2015       Euskalduna Jauregia      19:30 h.
  • 06 azaroa 2015       Euskalduna Jauregia      19:30 h.

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Amerikan sortua


Gaur arratsaldeko programa gonbidapena da Atlantikoaz beste aldean sortutako musikaren koloreez disfrutatzeko.
 
Arturo Márquezek (Álamos, Mexiko, 1950) Mexikoko Unibertsitate Nazionaleko Orkestra Filarmonikoaren enkarguz sortu zuen gaur entzungo dugun Danzón, 2. zk. obra. Mexiko Hiriaren kultur ondareko talde sinfoniko zaharrena izateaz harro dago aipatutako orkestra, eta maisuki lotzen ditu musika sinfonikoa eta unibertsitatea. Obra hau orkestra bat jotzeko pentsatuta dago, kolorez beteta eta pasioz blai. Bertan, konpositorearen kutunetako bi aurkituko ditugu: haren alaba Lily, zeinari dedikatua baitago, eta Veracruz, hiri horrekin maiteminduta baitzegoen –Márquezek berak esanda– 1990az geroztik; izan ere, han ezagutu zuen jatorriz kubatarra den eta Veracruzen debozioz praktikatzen den danzón izeneko areto-dantza hori, 1940ko hamarkadan urrezko aroa izan zuena. Alabaina, egilearen kezka sozialek ere badute isla obra honetan: haren esanetan, “lan hau 1994ko urtarrila eta otsaila bitartean idatzi nuen, eta hilabete horietan iraultza zapatista gertatu zen, zeinak ene gogoa inarrosi baitzuen herri indigenentzako beste justizia baten ildoan”.
 
Jakin-min handiko musikari polifazetikoa da Márquez: tronboia, tuba, pianoa eta biolina jotzen ditu, eta, berak esan bezala, haren lehen ikasbideak “ aitonak eta, biolin-jotzaile ez ezik, mariatxi eta arotza ere jarduten zuen aitak parte hartzen zuten laukoteak interpretaturiko balsak, txotisak eta polkak entzutetik etorri ziren. Gero, familia-unibertso hori zabaldu, eta hasierako bide autodidaktikoak ikaskuntza-plan sendo bati eman zion bide, zeinak Pariseraino eraman baitzuen gure konpositorea, hain zuzen ere, musika zein beste edozein arlotako artista amerikar askok amestutako helmugara. Ibilbide horrek markatu du Márquezen hizkuntza: zentzumenen talka eta zirrara estetiko berehalakoa sortzeko ahala du, eta, aldi berean, ofizioa maisuki baliatzen du, eta, hala, eszenatokia eta besaulki-patioa kolorez eta berotasunez betetzen du.
Soinu- eta tinbre-paletaren oparotasunak beste oinarri argi bat dauka: nola erabiltzen duen erritmoa, bai azentu sinkopatuen formula laburrak, bai tempoa, zeina, hain malgua izanik, bertigozko bizkortze azkarretan konprimatzen den, edo geldotze lasaigarrietan baretzen, soinu-luzatze liluragarrietan.
Gaurko pieza sinfoniko eder hau, seguruenik, nazioarteko orkestrek gehien programatzen duten mexikar errepertorioko obretako bat da; izan ere, bi soinu-munduren arteko zubi-lan bikain dotorea da: herri-tradizioa eta sorkuntza akademikoa. Freskoa da, eta elaboratua; espontaneoa, eta zizelkatua. Dastatu beharreko paradoxa, beraz; batez ere, klarinete-, oboe-, piano-, biolin-, tronpeta-… soloetan.
 
Eta arratsaldearen erdian, Samuel Barber (Pensilvania, 1910 – New York, 1981) konpositore erromantiko berantiarraren musika entzungo dugu, lirismoz eta dotoreziaz blaitutakoa. Barberrek kantu-ikasketak egin zituen, eta giza ahotsarekiko sentitzen zuen mirespenak inspiratu eta bideratu zituen haren konposizio gehienak, non melodiaren gorespena bilatzen baitzuen, instrumentuak “kantatzen” jarriz. Tonalitateari irmo eusteak –nahiz eta disonantzia aberasgarriak tartekatu zenbaitetan–, fraseo luzeko diskurtsoak eta orkestazio zinez delikatuak, horrek guztiak ukitu poetikoa ematen dio haren musikari, are elegiakoa.
 
Biolin-kontzertu gehienetan, erabat orekatuta agertzen dira sentsibilitatea eta birtuosismoa, eta, hala, entzulearen belarrian biraka ibiltzen dira emozioa eta interpretearekiko mirespena. Kontzertua biolin eta orkestrarako, Op. 14 obran, baina, lirismoa eta akrobazia argi bereizita daude. Berezitasun hori azaltzeko, ezinbestekoa da jakitea nola sortu eta bilakatu zen obra hau. Izan ere, negozio-gizon iparramerikar baten enkargua jaso zuen Barberrek (ezagunak dira mezenasgoaren morrontzak): gizonak obra bat nahi zuen bere adopzio-seme gazte prodijioak estreina zezan. Hala ere, lehen bi mugimenduak irakurri eta haien emozio-kargaz ohartuta, semeak erabaki zuen ez zutela balio bere trebetasunak erakusteko. Barberrek, orduan, agindua eman zion hirugarren mugimenduan konpentsatuko zuela lehen bi mugimenduen espektakulu falta, eta hain gogotsu heldu zion agindutakoa betetzeari, ezen interpretatzaile gazteak erabaki zuen ezinezkoa zela hura jotzea. Behin betiko bertsioa 1948koa da, eta bertako mugimenduek hasierako izaera gordetzen dute. Lehenari, Allegroari, gai cantabile batek ematen dio hasiera, eta horrek partitura menderatzen du, baina, aldi berean, leku nabarmena hartzen du aire rustikoagoa duen bigarren ideia batek. Ideia biak instrumentuen kolore-paleta guztian mugitzen dira, baina egur-haizezkoak dira protagonista (betiere, bakarlari gozagarriaren itzalean).
Ondoren datorren Andantea sarrera leun batek irekitzen du, eta berehala gailentzen da oboearen kantu gozoa. Protagonismoa, gero, biolontxeloak, klarineteak, biolinek eta tronpak hartzen dute, bakarlariaren ahotsa entzun aurretik. Erdialdean, diskurtsoa harrotu egiten da, tinbre nagusiaren mendean. Lehenengo gaiari berriz helduta, lasaitasuna itzuliko da, eta epikotasunaren eta tragikotasunaren artean dabilen atmosfera batean murgilduko gara.
 
Tinbalek, azkenik, Presto in modo perpetuo mugimenduan, ate bat irekitzen dute, nondik bat-batean bakarlaria sartuko den, eta, orkestraren azentu eta erritmo gurutzatuen diskurtsoa oinarri hartuta, bakarlariak, bihurri eta nekaezin, jauzi birakari bihurtuko du hotsa.
 
Poesiaren baitan biltzeko eta oinekin entzuteko gonbidapena egin ondoren, gaurko programak tragedia historikora hurbildaraziko gaitu Silvestre Revueltas (Santiago Papasquiaro, Mexiko, 1899 – Mexiko Hiria, 1940) konpositorearen Maien gaua obraren eskutik, zeina Chano Urueta zinemagile herrikideak 1939an egin zuen izen bereko filmaren musika izateko sortu baitzuen egileak. Gaur entzungo dugun bertsioa moldaketa bat da, Josélves Limantour orkestra-zuzendariak 1960an egina, eta litekeena da gaurko emanaldia entzutera etorritakoren batek Silvestre Revueltas Bilbon lehendik ere ikusi izana; izan ere, Bilboko Udal Orkestrako zuzendaria izan zen 1953 eta 1957. urteen bitartean. Efektista izan nahi duen kalitate handiko teknika baliatuz, obraren helburua da maien erritual bat eszenifikatzea kontzertu-aretoan, eta horrek orkestra sinfoniko batean ohikoa ez den perkusionista kopuru jakin bat eskatzen du. Hala, paisaia eta giro jakin bat irudikarazten duen musika sortzen da, zeinak folklore-eszena aberats eta koloretsuak ilustratu, eta espainiarren aurreko iragana gogora ekartzen baitu. Etnikotasunak harrapatu egiten gaitu, eta primitibotasunak gure belarriak inarrosten ditu: oihanaren indar misteriotsuaren baitan bilbatzen diren amodio ezinezkoen istorio tragikoa kontatzen zaigu.
Maien herrixka batean, bertako gazte bat erregearen alabarekin maitemintzen da, baina gizon zuri bat bertara iritsi, eta neskatila seduzitzen du. Haien arteko harremanak hasi ondotik, baina, euri-eskasia dago, eta, hala, jainkoen aurrera eramaten dute neska, epaitu dezaten, eta zigortu egiten dute, eta martiriora kondenatu. Orduan, bertako mutil gaztea gizon zuriaren bila joan, eta akabatu egiten du, eta gorpua bizkarrean hartuta, sakrifizio-zeremonia gertatzen ari den lekura iristen da. Bere maitea hala ikusita, neskak bere burua botatzen du amildegira.
 
Lau mugimenduk osatzen dute suitea, zeina emozioaren, dramatismoaren eta hots-espektakuluaren artean baitabil jira-bira. Hasteko, Maien gaua mugimenduan, Kolonaurreko paisaien handitasuna eta herri indigenaren maiestatea irudikarazten digute, non iraganeko hizkuntza bat iradokitzen baitzaigu, diskurtsoa eraikitzeko oinarri-elementu bakarra duena. Ondoren, Astrapala gaua mugimenduan, erritmoa bat-batean azkartzen da, eta nota, azentu eta kolore sarkorrek ziztatu egiten dute besaulki-patioa. Yucatango gaua hirugarren mugimenduan, baina, freskotasuna apaldu egiten da, eta amodio ukatuek eta zoritxarreko iragarpenek hartzen dute haren lekua. Bukaerako Sorginkeria gaua mugimenduan, mendekua eta tragedia gauzatzen dira, eta musika lehertu egiten da disonantzia eta erritmo basatien artean; horrek gogora ekartzen digu Stravinskyren Udaberriaren Kontsakrazioa obrako Sakrifizio Dantza. Lehen mugimenduko gaia berriro agertzen da, eta hala ixten da frenesi basati harrigarria, azken immolazioarekin burutzen dena.
 
Libre utzi zentzumenak, eta disfrutatu: ozeanoaz bestaldeko hotsen koloreek liluratu egingo zaituztete.
 

Mercedes Albaina 

 

 

 PAUL HUANG – Biolina

Paul Huang taiwandar jatorriko biolin-jotzaile estatubatuarra da, eta bera izan da aurtengo Avery Fisher prestigio handiko bekaren onuraduna. Haren jotzeko modu ederrak, haren soinu bereizgarriak eta berezkoa duen birtuosismoak azkar lortu dute zaleen arreta erakartzea. Kennedy Centerren egin zuen estreinako emanaldia, eta Washintong Postek hauxe adierazi zuen: “Zalantzarik gabe, Huangek talentu handia dauka: arrakasta handiko karrera du aurrean”.
Hurrengo konpromisoen artean, besteak beste, nabarmentzekoa da debuta egingo duela Luisianako Orkestra Filarmonikoarekin, Detroiteko Orkestra Sinfonikoarekin eta Seuleko Orkestra Filarmonikoarekin; bestalde, berriro joko du Alabamako Orkestra Sinfonikoarekin, Mexikoko Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin eta Taiwaneko Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin. Hurrengo denboraldian, berriz, Lincoln Centerreko Ganbera Musikako Elkartearen CMS Two programa entzutetsuan parte hartuko du.
Paul Huang Juilliard Eskolan graduatu zen; 2009an, Taiwaneko Chi Mei Kultura Fundazioko Arte Saria jaso zuen, eta 2011n, berriz, irabazle gertatu zen Artista Gazteen Nazioarteko Kontzertu Entzunaldietan. Henryk Wieniawski konpositore eta biolin-jotzailearena izan zen Guarneri del Gesù (Cremona, 1742) biolina jotzen du, Stradivari Elkarteak maileguan utzita.
 
 
CARLOS MIGUEL PRIETO – Zuzendaria
 
Carlos Miguel Prieto (Mexiko Hiria, 1965) Mexikoko Orkestra Sinfoniko Nazionaleko, Lousianako Orkestra Sinfonikoko eta Mineríako Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra da. Bestalde, Houstoneko Orkestra Sinfonikoko zuzendari elkartua izan zen.
Munduko orkestra entzutetsu asko zuzentzeko gonbidapena izan du, besteak beste, New Yorkeko Orkestra Filarmonikoa, Bostoneko Orkestra Sinfonikoa, Chicagoko Orkestra Sinfonikoa, London Royal Orkestra Filarmonikoa, Xalapako Orkestra Sinfonikoa eta Indianapoliseko, San Antonioko, Floridako eta Nashvilleko orkestrak.
Burutu berri dituen eta aurrean dituen kontzertu-konpromisoen zerrenda luzea da; besteak beste, haren batutapean izan dira edo izango dira: Clevelandeko Orkestra Sinfonikoa, Houstoneko Orkestra Sinfonikoa, Royal Liverpool Orkestra Filarmonikoa, Hannoverreko NDR Radiophilharmonie Orkestra (Rheingango Festibalean), Frankfurteko Irratiko Orkestra (Alte Operren), Royal Scottish National Orkestra, BBC Scottish Orkestra Sinfonikoa, Bournemoutheko Orkestra Sinfonikoa, Sao Paulo Estatuko Orkestra Sinfonikoa, eta Espainiako orkestra entzutetsuenak.
Princeton eta Harvardeko unibertsitateetan graduatu zen, eta Mexikoko Musika Kritikarien Elkartearen Saria jaso du, baita Austriako eta Mexikoko gobernuek ematen duten Mozart Domina ere. Korngolden obra interpretatuz Mineríako Orkestra Sinfonikoarekin grabatutako lana, Naxos diskoetxerako egin zuena, 2010eko Grammy sarietarako izendatu zuten.

 

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2024-2025
09
Abe
2024
>Ganbera 3

Ganbera 3

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea

J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea

A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
12 - 13
Abe
2024
>Horrela mintzatu zen Zaratustra

Horrela mintzatu zen Zaratustra

Lekua: Euskalduna Jauregia

Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa


I

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

Egmont, Obertura Op. 84

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

23. kontzertua piano eta orkestrarako La Maiorrean K. 488

I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai

Jonathan Mamora, pianoa

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Also sprach Zarathustra Op. 30

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
19 - 20
Abe
2024
>Intxaur-hauskailua Gabonetan

Intxaur-hauskailua Gabonetan

Lekua: Euskalduna Jauregia

O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71

Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
27 - 28 - 29
Abe
2024
>Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro


0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.


Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

Informazioa eta sarrerak