Kontzertuak
BOS DENBORALDIA 3-2010-2011
J. Arámbarri: 4 impromptus para orquesta
W.A. Mozart: Sinfonía concertante para violín y viola, K320
M. Ravel: Ma mere l’oye, suite
A. Roussel: Bacchus et Ariane, suite nº 2
James Dahlgren, violín
Iwona Andrzejczak, viola
Philippe Bender, zuzendaria
DATAK
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Musikari frantsesak eta antzeko gauzak
Mozart erabat kikildurik zegoen:
“Neure onetik aterata nengoen entseguan, ez bainuen nire bizitza osoan joaldi txarragorik entzun. Ezin dezakezu imajinatu nola sartu zuten hanka eta nola galdu ziren lana jo zuten bi aldietan. Egia esan, nahiko ikaraturik nengoen eta berriro irakurri nahi nuen, baina entseatu behar ziren lan gehiago falta ziren eta ez zegoen horretarako denborarik”.
Parisko Concert Spiritueleko orkestrako zalduntxo hauek bazekiten nola lasaitu eta fidarazi euren ostalariak .
“Beraz, ohera joan nintzen erabat kikildurik, atsekabeturik eta penaturik. Hurrengo egunean kontzertura ez joatea erabaki nuen, baina arrats ona egin zuenez, bertaratzera animatu nintzen. Hala, gauzek okerrera egingo balute entseguan bezala, orkestraren artetik bide egingo nukeen, Herr Lahouseri biolina eskuartetik kendu eta nik neuk zuzenduko nukeen orkestra”.
Azkenean, dena primeran joan zen. Ikus-entzuleek barre egiten zuten, zalaparta egiten zuten, txalo egiten zuten mugimenduen artean eta Mozart pozik baino pozago zegoen.
“Sinfonia amaitu zuenean, pozarren abiatu nintzen Palais Royalera. Bertan, izozki bat hartu, promes egin bezala otoitz egin nuen eta nire etxera joan nintzen, bertan inon baino pozago nagoelako, eta beti egongo naiz han pozik”.
Wolfgangek 1778ko uztailaren 3an aita Leopoldi bidalitako gutun hau pertsona itzel baten lekukotza da. Izozki bat! Berak idatzitako “Paris” sinfonia mundu mailan estreinatu eta parkera joan zen izozki bat jatera…!.
Egia esan, sinfonia-izozki merkataritza truke abantailatsu honetaz gainera, frantsesak ez ziren oso ernaturik ibili Wolfgangekin izan zuten harremanean.
Mozartek tournée txiki bat egitea erabaki zuen Europako zenbait hiritatik, bere konpositore-zerbitzuak eskaintzearren. Ia ume bat bazen ere, Mozartek, zegoeneko, hainbat etapa zituen jorratuak bere musikari ibilbide goiztiarrean, eta balio zuena lehendik erakutsia zuen. Ingurura begiratu eta bere interesa nahiz miresmena pizten zituzten musika asko entzuten zituen, baina oso gutxitan ikusten zuen zerbait berak egin edo hobetu ezin zezakeena. Labur-zurrean, gremioko pertsonarik nabarienetakoa zen eta leundu egiten zuen ematen zioten garrantzia.
Noski, Paris izan zen Mozartek bizitzeko pentsatu zuen lehenengo lekuetako bat. Dozena erdi opera antzoki dituen hiria, musika argitaratzeko Europako erdigunea, eta kontzertu ikuskizun sail horren zabala, ezen urtxintxa batek ere hiria gurutza baitezakeen zorua ukitu gabe, atrilik atril salto eginez.
Hala ere, gauza ez zen zertu. Mundu guztiak uste zuen mutikoa oso gora helduko zela, eta organista postu bat eskaini ere eskaini zioten Versallesen -Messiri Indautxun joka dezala proposatzea bezala da hori-, baina Mozartek ez zuen arrazoizko eskaintzarik jaso, eta, ondorioz, susmo txarra hartuta, Salzburgora itzuli zen bi urtez, Vienan behin betiko bizitzen jarri baino lehen; vienarrak, aldiz, azkarragoak izan ziren.
Salzburgoko interregno txiki honetan, Mozartek inoiz konposatu den sinfonia kontzertante onenetariko bat idazteko abagunea izan zuen, hots, Sinfonia biolin eta biolarako K 364. Croissantak baino frantziarragoa den lana, baina atzerrian konposatu zena. Sinfonia kontzertante hauek XVIII. mendeko azken hamarkadetan Parisen jarri ziren modan, eta, hain zuzen ere, bere izenak adierazten zutena eskaintzen zuten: solasean dabiltzan instrumentu bakarlari pare batez edo gehiagoz sortutako lana, sakontasunetan sartu barik, ez birtuosistikoetan ezta konpositiboetan ere. Denbora pasatzeko musika sinpletxoa.
Baina, antza denez, Mozart ez zen eskolan egon sinpletasunari eta atmosfera sotilari buruzko azalpenak eman zituztenean. Izan ere, gehiegi landu zuen eta Sinfonia Kontzertante trinkoa irten zitzaion, Bachen lan bat bailitzan. Mugimendu luzeak, ondo hausnartutakoak, egiaztatutako musikaz beterik, eta erakusten duen poztasuna ez da mundu pastoralarena, filosofoarena baino.
Mozarten aferean izan zuten hanka-sartzearen ondoren, paristarrek ikasi egin zuten eta euren buruari promes egin zioten ordutik aurrera musikari atzerritar batek berak ere ez zuela euren atera joko, aldez aurretik arta handiz ikuskatu gabe. Horren emaitza XIX. musika-mende bikain eta luze bat izan zen -horren luzea izan zen, ezen 1940. urtera iraun baitzuen-. Paristarrek gurtzako objektu bilakatu zuten orkestra-tinbrea: Franck, Faure, Saint-Säens, Debussy, Dukas, Ibert, Satie, Stravinsky eta, guztien gainetik, Maurice Ravel.
Ravelek (1875-1937), bere bizitza osoan zehar, munduko orkestra zuzendaririk onenaren nagusitza izan zuen. Hala ere, ezaugarri horrek ez zuen bere berbaldi musikalaren barneko edertasuna ezkutatzen. Bere leloa, inoiz aipatzen ez bazuen ere, hurrengoa zen: “esan zerbait ona, esan ondo”.
Dandy mutilzaharrari ikaragarri gustatzen zitzaion Cipa eta Ida Godebski bere lagun onenen seme-alabak, Mimie eta Jean, bere ipuinekin dibertiaraztea. (Cipa Missia Godebski musa kolektiboaren nebordea zen, bere aretoetan eta logelan abangoardia guztia koordinatu eta mende frantses berriko artista guztiek desiratzen zutenarena, baina hori, Kiplingek esango zukeen antzera, beste istorio bat da).
Ravelen izatezko loba txikiek opari berezia jaso zuten 1910. urtean. Bost mugimendutan egindako suitea, pianorako eta haurren lau eskutarako: Ma mére l’Oye. Maurice osabak atsegin handiz behin eta berriro esan bazien ere, eurek ez ziren estreinatzera ausartu eta ohore hori Jeanne Leleu eta Geneviève Durony neskatoei eman zieten. Hala, bada, lana Parisko Salle Gaveau aretoan jo zuten, apirilaren 20an.
Jendea pozez zoratzen zegoen, eta Ravelek laster Erpurutxuren abenturen eta Ederra eta Piztiaren orkestrarako bertsioa egin zuen. Bertsio hori, halaber, Parisko Théatre des Arts delakoan ere estreinatu zuten 1912. urtean. Albert Rousselek (1869-1937) gauza asko zituen komunean Ravelekin, ia-ia garai berekoak izan baitziren.
Bakoitzak ondoren izan zuen arrakasta ezberdina izan bazen ere, mundu musikal frantsesak maila berekotzat jotzen zituen. Albert nahiko berandu heldu zen musika profesionalaren mundura; hala, bada, 1898. urtean, Parisko Schola Cantorumean onartu zuten eta Vincent D’Indyren ikasle izan zen; ondoren, 1904an, irakasle lanetan hasi zen. Talentu handiko anabasa honen erdian, ez zen batere erraza ezta desiragarria ere eragin gurutzatuetara jotzea, eta, horregatik, hain zuzen ere, guztiek -Roussel barne- euren bide profesionalak urratzen jakin izan zuten, mahai gainean zegoen musikaz baliatuz. Ospearen gailurrean zegoela, Rousselek ballet berri bat idatzi zuen 1930ean: Bacchus et Ariane Ma mére l’Oye lanean ez bezala (orkestra lanak ballet bati bide eman baitzion), Bacchus et Arian lanaren kasuan ibilbidea kontrakoa izan zen: dantza estreinaldiaren ondoren orkestrako suite bi erauzi ziren, eta suite horietako bigarrena izan zen, hain justu, errepertorioko pieza bihurtu zena. Bahiketak eta Baco eta Ariadnaren ondorengo amodioek aukera eman zioten Rousseli orkestra frantses handia bere unerik gorenean aurkezteko. Partitura instrumentuen urregile ziren konpositore belaunaldi horri guztiari datxekion zolitasun komunaren epitomea izan zen.
Ezbairik gabe, esan gabe doa konpositoreek oso bestela ikusten zutela egoera, izan ere, tira-birak nahiz presio-taldeak sortzen ziren, izen ona lohituz eta goiak eta beheak joz, eta lagunen arteko kexak ugariak ziren; erraza zen, beraz, ildoa galtzea, bi astez gai hauek absenta zurruten artean jorratzen ziren brasseriera aste pare batez joan barik egonez gero. Inoiz ez lukete onartuko, baina musikazale talde nahiko homogeneoa osatzen zuten, Europa osoan nagusituko litzatekeen eskola bateratu bat eratzeko, eta, beste behin, lau puntu kardinaletako ikasleak erakarriko lituzke, baita haizeen arrosako erdigunetik ere: Bilbao.
Parisko bizitza musikala hain zen ospetsua, ezen 1928. urtean Bilboko talde ezagun batek erabaki bikoitza hartu baitzuen: lehenengoa, Raveli gonbit egitea bere lanak gure orkestrarekin zuzendu zitzan, Sozietate Filarmonikoan, eta, bigarrena, aldiz, Jesús Arámbarri –gazte liluragarria- Parisera bidaltzea, prestakuntza jaso eta gure tokiko frantses bihurtu zedin.
Esan eta egin, Ravel hona etorri zen eta Arámbarrik (1902-1960) urte bi egin zituen Schola Cantorumen –eskaintzen zituen berme pedagogikoak ugariak ziren–, Bilbora itzuli eta hurrengo hogei urteetan gure hiriko alma materra izan baino lehen. Ikasketa horien emaitza izan ziren Parisen 1929. urtean datatutako orkestrarako 4 impromptusak. Melodia errepikakor eta hipnotikoak ziren, eta, horietan, bilbotar batek frantsesez nola idazten zuen erakusten zigun Arámbarrik. Estreinaldia berehala egin zen, eta 1930eko martxoaren 13an, Vladimir Goldschmannek zuzendu zuen Buenos Aires antzokian.
Ziur asko, Arámbarrik, bat-batean, Palais Royaleko lorategira joateko eta izozki bat jateko gogo ikaragarria izan zuen.
Joseba Berrocal
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak
Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo
Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro
0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.
Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.
ONE eta Mahlerren “Titán”
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”
Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria
Ganbera 4
Lekua: Euskalduna Jauregia
B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin
M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea
Mundu Berriko sinfonia
Lekua: Euskalduna Jauregia
J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”
Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria