Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 4-2013-2014


Euskalduna Jauregia.   20:00 h.

P. I. tchaikovsky: 1. kontzertua piano eta orkestrarako, op. 23 (32’)
S. Prokofiev: 5. sinfonia, op. 100 (45’)

Igor tchetuev: pianoa
Günter neuhold

DATAK

  • 14 azaroa 2013       Euskalduna Jauregia      20:00 h.
  • 15 azaroa 2013       Euskalduna Jauregia      20:00 h.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Potxo esan nuen, baina potxolo esan nahi nuen

Mosku, 1874ko Gabon egunaren bezpera. Pyotr Ilyich Tchaikovskyek (1840-1893) Kontserbatorio Inperialeko ikasgela batera gonbidatu zuen Nikolai Grigoryevich Rubinstein, sasoi hartako piano-jotzailerik onenetakoa –biak ziren hango irakasleak–, bere konposizio berriari begiradatxo bat eman ziezaion. Huraxe izan zen Tchaikovskyk instrumentu horretarako idatzi zuen lehenengo kontzertua, eta iruditzen zitzaion, bakarlariari zegokionez, eskua joan zitzaiola; izan ere, ezintasun anatomikoraino heldu zen ia-ia.

Gertakarien kontakizuna, Tchaikovskyk Nadezhda von Meck mezenasari idatzitako gutun batean jasota dagoena, musikaren historiaren parte da jada. Berreskura dezagun, zenbait esaldi aparte utzita:

“Lehenengo mugimendua jo nuen. Hitzik ez, komentario bakar bat ere ez. Jakingo bazenu zeinen tentela eta onartezina den sukaldean ari den eta jatekoa zerbitzatzen ari den gizon baten egoera, haren laguna isil-isilik jaten ari den bitartean! Rubinstein bere ekaitza prestatzen ari zen, eta Hubert –entzunaldiko beste gonbidatua– zain zegoen, gertakariak nola joango ziren ikusi arte. Batez ere, nik ez nuen ezertxo ere entzun nahi arlo artistikoari buruz. Bilatzen nuena piano-teknikari buruzko komentarioak ziren. Rubinsteinen isiltasuna esanguraz beteta zegoen. Bazirudien esaten zuela: “Adiskidea, nola hitz egingo dut xehetasunei buruz, obra osoa jasangaitza bada?” Pazientziaz bete, eta kontzertua amaieraraino jo nuen. Isiltasuna. “Eta?” Une horretan, uholde bat sortzen hasi zen Nikolai Grigoryevichen ezpainetatik. Hasieran adeitsua zen, baina, apurka-apurka, ekaitz jupitertar bihurtzen hasi zen. Modu horretan, jakin genuen nire kontzertua mespretxagarria eta joezina zela. Pasarteak hain ziren narrasak, hain zeuden zatikatuta eta txarto idatzita, berreskuratzeko aukerarik ere ez baitzuten ematen. Pieza, bere horretan, txarra zen, arrunta. Une batzuetan, nik beste konpositore batzuen lanak fusilatu nituen. Bi edo hiru orrialde baino ezin ziren kontserbatu. Gainerako guztia bota egin behar zen, edo erabat berridatzi. Nire isiltasun setatiaz konturatuta, Hubert harrituta zegoen, ezin baitzuen ulertu nola jaso zezakeen hain errieta handia musika asko idatzi zuen eta kontserbatorioan konposizioa irakasten zuen gizon batek. Zuk ez zenuke horrelako epairik egingo, eginbeharrak egin ez dituen ikaslerik txarrenari buruz ere.

Ni haluzinatuta nengoen eszenarekin, baina ez hori bakarrik: nahasita ere sentitzen nintzen. Dagoeneko ez naiz umea eta ez nabil nire lehenengo urratsak ematen konposizioaren arloan; dagoeneko ez dut inoren leziorik behar, batez ere hain modu ankerrean eta adeitasunik gabe ematen zaizkidanean. Nik kritika adeitsua behar dut eta beti behar izango dut, baina han ez zegoen horrelako ezer. Hitzik esan gabe joan nintzen ikasgelatik, eta eskailera batzuk igotzen hasi nintzen. Hainbestekoa zen nire amorrua eta asaldura, ezin nuen ezertxo ere esan. Une hartan, Rubinstein nire ondora etorri, eta, nire egoera ikusita, eskatu zidan berarekin joateko aretorik apartatuenetako batera. Han, berriz ere esan zidan nire kontzertua ezinezkoa zela; adierazi zidan zenbat gauza berrikusi behar nituen, eta azaldu zidan, denbora-tarte jakin batean egiten banuen eta bere oharrak jarraitzen banituen, bere egitarauan sartzeko ohorea emango zidala. “Ez dut nota bakarra ere aldatuko”, erantzun nion. “Dagoen bezala argitaratuko dut lana!”. Eta horixe egin nuen.

Horiek dira Tchaikovskyren hitzak. Trenen arteko talka, benetan ere. Sasoi hartako zein etorkizuneko komunitate musikaleko gainerako kideentzat zorionez, kontu hura modurik onenean amaitu zen. Tchaikovsky ez zen kikildu eta ez zuen amore eman ehorzketa-proposamenaren aurrean, eta, urtebete baino lehen, Rubinstein konposizio honen defendatzaile sutsua izatera pasatu zen. Egileak ondotxo zekien obra honek ezaugarri heterodoxo ugari zituela; nola ez zuen jakingo, berak sortu zuen eta! Nabarmenenen artean, kontzertuko lehenengo konposizioa zegoen; doinu horrek gehiago jokatzen zuen laguntzaile gisa, melodia nagusi eta sortzaile gisa baino: hasteko, kontzertuarenetik aparteko tonalitatea zeukan, eta, gainera, konpositoreak ez zuen berriro erabili nahi. Mendebaldeko musikak eman duen melodiarik liluragarrienetakoa lanaren atarian geratzen da modu lotsatian, bertan sartu gabe. Lardaskeriaren edo trebetasun ezaren epaia albo batera utzita (arrazoiak begien bistakoak dira), obra honen analista guztiek –Rubinstein bihozberak barne– burla egin zietela sentitu zuten hasieran.

Europa erdialdeko konposizio-tradizio erromantiko handiak –Tchaikovsky haiekin zegoen lerrokatuta, nahiz eta, arrazoi horren erruz, sortu berri ziren nazionalista errusiarrek salaketa latzak egin zizkioten– gero eta gehiago erabiltzen eta berrerabiltzen zituen gai berberak; hasieran, mugimendu jakin baten barruan, eta, gero eta maizago, konposizio osoan zehar ere. Schumannek, Lisztek, Wagnerrek… denek –bakoitzak bere moduan, jakina– nahi zituzten sortu obrak, horretarako ahalik eta melodia gutxien erabilita. Horrek, itxura batean, adarretatik joatea saihesten zuen, eta sendotasuna ematen zien piezei; izan ere, pieza horiek gero eta zabalagoak eta distiratsuagoak ziren harmoniaren eta tinbrearen inguruko beste arloetan. Tchaikovskyk ez zuen horretan jolastu nahi izan, piano eta orkestrarako bere lehenengo kontzertuan.

Badaezpadan, Tchaikovskyk ez zituen bere kontaktu guztiak esploratu nahi izan, estreinaldia Moskun edo San Petersburgon izan zedin (mendebaldeko bi uharte, Errusia feudal tsaristako ekialdeko ozeanoan). Aitzitik, ezin urrunago erbesteratu zuen bere obra; Bostonera, hain justu. Handik, obrak izandako erabateko arrakastari buruzko albisteak iritsi zitzaizkion. Hans von Bülowek, beste piano-jotzaile olinpiko batek, bere bira amerikarrean sartu zuen 1875eko urriaren 25ean, eta Tchaikovskyk lasai hartu zuen arnasa.

Errepertorioko obrarik onenen artean ohikoa denez, pianorako kontzertu honen ezaugarria da bere mugimendu guztiak erakargarriak direla, denak modu bertsuan gainera. Ez da arraroa horri buruzko eztabaidak entzutea, bertaratutakoen taldetxoetan. Niri gehien gustatzen zaidana lehenengo allegroa da. Ba niri, allegroa ere izugarri gustatzen zaidan arren, andantinoa zoragarria iruditzen zait. Eta zer diozue finaleari buruz; nik ez dakit zelan kabitzen ote diren hainbeste nota piano batean. Aizu, eta zer jo du propina gisa, esan duenean ez dut ulertu eta? Amaierara arte, dena da kontzertuaren parte.

Tchaikovsky hil zen urtean, 1893an, inperio errusiarreko beste herritar batek pixoihalak erabiltzeari utzi zion. Sergei Prokofiev (1891-1953), ume-umetatik, mendebaldeko musikaren etorkizuneko figurarik handienetakoa izatera deitua zegoen. Eta bera arduratu zen profezia hori bete zedin. Lan asko egin zuen, egia esateko.

13 urterekin, 1904an, San Petersburgoko kontserbatorioan ari zen ikasten. Han, izen handi guztiekin egin zuen topo: Rimski-Korsakov, Stravinsky, Liadov, Siloti, Miaskovski, Diaghilev… 1905ean Casals gazteak hiria lehen aldiz bisitatu zuenean, hunkituta geratu zen artisten aspaldi-aspaldiko kolektibo horren zenbait ezaugarrirekin: euren zintzotasunarekin, herriarekiko zuten hurbiltasunarekin, euren talentu infinituarekin, adiskidetasunaren sen itzelarekin eta, azkenik, edaten zuten guztiarekin. Ezaugarri horiek identitate-ikurrak ziren gizarte hartan. Casalsek 1914ra arte errepikatu ahal izan zituen urtero-urtero lurralde horietara egiten zituen birak; izan ere, 1914a Mendebaldeko historiako urterik txarrenetakoa izan zen.

Zorionez, Prokofievek aurreko urtean amaitu ahal izan zituen ikasketak, eta notarik onenarekin irten ahal izan zen piano-jotzaile eta konpositore diziplinetatik. Horretarako, bere Kontzertua pianorako op. 10 jo zuen –obra horrek belaunaldi bateko distantzia baino ez dauka Tchaikovskyren Kontzertuarekiko, baina beste planeta batekoa zirudien–. Pyotr Ilychen kasuan bezala, kontua ez zen batere erraza izan. Lana epaitu zuen tribunala (22 kide zituen, pentsa) erdibituta zegoen: batzuek mutikoa saritu nahi zuten, eta besteek Siberiara bidali –musikalki hitz eginez–. Azkenean, “Anton Rubinstein” saria lortu zuen. Nikolairen anaiaren omenezko saria. Mundua txiki-txikia da.

Prokofiev Errusiatik irten zen, eta Amerika eta Europarantz abiatu zen. Hantxe igaroko zituen hurrengo bi hamarkadak, harik eta, 1933an, melankoliaren ondorioz, SESBera bueltatzeko erabakia hartu zuen arte. Erabaki horrek harriduraz bete zituen munduko bi aldeak: mendebaldarrak eta sobietarrak. Hasieran mister Prokofievi ongietorria egin bazioten ere, agintari estalinistek berehala aplikatu zioten bertako konpositoreekin erabiltzen zuten politika eskizofreniko bera. Orain saritzen zaitut, orain kentzen dizut nire onarpena, orain atsegin zaitut, orain haserretzen naiz eta Siberiara bidaltzen zaitut –oraingoan, ez soilik musikalki hitz eginez–.

Esan izan da, paradoxikoa badirudi ere, II. Mundu Gerrako urteak nolabaiteko bake-oasi sortzailea izan zirela artista sobietar horietako askorentzat. Erregimenaren lehentasunak beste gai batzuetan zeuden, eta euren lepoen inguruko soka apurtxo bat laxatu zen.

Egoera horretan ikusi zuen argia Prokofieven Bosgarren Sinfoniak. Moskuko kanpoaldean idatzi zuen 1944ko udan, eta konpositoreak berak zuzenduta estreinatu zen, 1945eko urtarrilaren 13an, Kontserbatorioko Areto Handian. Orkestra afinatuta zegoen jada, baina kanoi-hotsak entzun ziren, eta, ondorioz, Prokofievek jaitsi egin behar izan zituen ordurako goian zituen besoak, eta une batez zain geratu zen, isiltasuna berriz ere itzul zedin. Salba hark iragartzen zuen tropa sobietarrak lurralde alemaniarrean sartu zirela. Gerra irabazi zuten. Urte hartan bertan, Serge Koussevitzky aberkideak Bostonen estreinatu zuen lana –antza denez, hirugarren hiri errusiarrik garrantzitsuena da–, eta ‘Time’ aldizkariak azalean atera zuen Sergei Prokofiev, zenbait aldiz baina ez askotan iriolea izandako seme hura.

Konpositoreak zenbait aldiz esan zuen optimismoz betetako sinfonia hau ez zela soilik sekula idatzi zuen gauzarik onena, baizik eta kontatu nahi izan zuen gauzarik onena ere. Gizateria argiz beteta egon dadila.

Joseba Berrocal


Igor Tchetuev, pianoa

Igor Tchetuev 1980an jaio zen, Sebastopolen (Ukraina). 14 urterekin, Ukrainako Piano-jotzaile Gazteen Vladimir Krainev Nazioarteko Lehiaketako Sari Nagusia irabazi zuen. 1998an, Arthur Rubinstein Nazioarteko Bederatzigarren Piano Lehiaketako Lehenengo Saria eskuratu zuen. Gaur egun, Krainev maisuarekin egiten du lan.

Igor Tchetuevek orkestra ugarirekin jo izan du; besteak beste, hauekin: National de France, Mariinsky Antzokiko Sinfonikoa, WDR Köln, Orquesta de Halle, Moskuko Birtuosoak, St Petersburg Academic Symphony, Polish National Orchestra, Israelgo Ganberakoa, NDR Hannover, Erromako Santa Cecilia, Israelgo Filarmonikoa eta New Japan Philharmonicekin. Era berean, Neeme Järvi, Valery Gergiev, Günther Herbig, Semyon Bychkov, Evgueni Svetlanov, Vladimir Spivakov, Marc Elder, Rafael Frühbeck de Burgos, Alexander Dmitriev, Justus Franz, Maxim Shostakovich, Jean-Claude Casadesus, Maxim Vengerov, Vladimir Sirenko eta Vladimir Vakoulsky zuzendariekin aritu izan da, besteak beste.

Errezitaldi ugari eman ditu Europan: Wigmore Hall, San Petersburgoko Filarmonikoa, Parisko Chopin Jaialdia, Lisztomania Jaialdia, Montpellierreko Jaialdia edo Lilleko Piano Jaialdian, eta Amsterdam Concertgebouwen eta Wiener Philharmonien jo izan du, erreferentziako beste areto batzuen artean.
 

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
25 - 26
Api
2024
>Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Lekua: Euskalduna Jauregia

Ein He/denleben zuzendari-lana da. Richard Straussek berak zuzendu zuen lehen emanaldian; hala ere, beste zuzendari handi bati eskainita zegoen, Mengelberg zuzendariari eta Concertgebouweko orkestrari, hain zuzen ere. Nielsenek poema sinfoniko izugarri hau aukeratu du titular gisa denboraldi honetan emango duen azken kontzerturako. Programa osatzeko, Schönberg eta Saint-Saëns musikagileen beste bi pieza ezagun izango ditugu entzungai, eta aipatzekoa da Alexandre Kantorow karismadunaren presentzia.


Charla preconcierto
2024/04/26 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza


Erik Nielsen, zuzendaria
Alexandre Kantorow, pianoa


I

ARNOLD SCHOENBERG (1874 – 1951)

Bost pieza orkestrarako Op. 16 (1949 berr.) *

I. Vorgefühle
II. Vergangenes
III. Farben
IV. Peripetie
V. Das obligate Rezitativ

CAMILLE SAINT-SAËNS (1835 – 1921)

5. kontzertua piano eta orkestrarako Fa Maiorrean Op. 103 “Egiptoarra”*

I. Allegro animato
II. Andante
III. Molto allegro

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Ein Heldenleben Op. 40

Heroia[Der Held] (attacca)
Heroiaren aurkariak [Des Helden Widersacher] (attacca)
Heroiaren bataila-eremua [Des Helden Walstatt ] (attacca)
Heroiaren bake lanak [Des Helden Friedenswerke] (attacca)
Erretiora mundutik eta heroiaren gailurra [Des Helden Weltflucht und Vollendung]

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
29
Api
2024
>Cámara 08

Cámara 08

Lekua: Euskalduna Jauregia

I

BOSen boskotea pianorekin

Laura Delgado, biolina
María Díaz Caneja, biolina
Lander Etxebarria, biola
Teresa Valente, biolontxeloa
Itxaso Sainz de la Maza, pianoa

ALFRED SCHNITTKE (1935)

Boskotea pianorekin

I. Moderato (attacca)
II. Tempo di Valse (attacca)
III. Andante (attacca)
IV. Lento (attacca)
V. Moderato pastorale

II

BOSen hari-ensemblea

Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
Laura Delgado, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
Pablo Val, biolina
Iñigo Grimal, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa
Gabriel José León, kontrabaxua

ALFRED SCHNITTKE (1934 – 1998)

Moz-Art à la Haydn

BOSen hari eta haize ensemblea

Luis Fernando Núñez, tronpa
Estefanía Beceiro, tronpa
Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Laura Delgado, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1833 – 1897)

Txantxa musikal bat Fa Maiorrean K. 522

I. Allegro
II. Menuetto (Maestoso) – Trio
III. Adagio cantabile
IV. Presto

Informazioa eta sarrerak
04
Mai
2024
>Mozartland

Mozartland

Lekua: Euskalduna Jauregia • 0B Aretoa

Kontzertua familian
Princep Totilau + Cuarteto BOS, konpainia
Wolfgang Amadeus Mozart, musika
Pol Requesens, moldaketak

Bilbao Orkestra Sinfonikoa

­2 urtetik aurrera

PREZIOAK:
Orokorra 10 €
BOSaren abonatuak* 9 €
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

“Mozartland” kontzertu-ikuskizun bat da, publikoa gonbidatzen duena Mozart txikiaren eta bere arreba Nannerlen jolas gelan esertzera, hezur-haragizko bi haurrek interpretatuta. Han, musikagilearen zuzeneko musikarekin, harizko eta txirulazko laukote baten eskutik, hiru aktorek maskarekin antzezten dituzte Salzburgoko jenio txikia gehien dibertitu zuten ipuin herrikoiak: igela, printzesa, erregea, txanogorritxoa, otsoa, amona, Hansel eta Grettel, sorgina eta Bremengo musikariak.

Bere jokoarekin, Mozart bi anaiak ipuinetako istorioak eta protagonistak edertasun, egia eta ontasun bihurtzen saiatuko dira, urte batzuk geroago Wolfgangek bere musikarekin egingo zuen bezala.

Sarrerak 2023ko abenduaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Garrantzitsua: ­aretora ­sartu­ nahi duten ­persona ­guztiek­ (adina edozein dela ere) ­dagokien ­sarrera ­aurkeztu ­behar ­dute.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
16 - 17
Mai
2024
>Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Lekua: Euskalduna Jauregia

Barroko-garaian, gehiegikeriak eta muturrak irudikatu ziren gehienbat. Kontratenoreak herniaren rola hartu zuen maiz, hala nola Giulio Cesare eta Orlando pertsonaietan, zeinak Tim Meaden ahots zoragarriaren bidez izango ditugu entzungai; bestalde, deabrua kontraste dinamiko eta bat-bateko disonantzien bidez irudikatzen zen, Leclair eta Boccherini pertsonaietan bezalaxe. Hori guztia, Pedro Gandíak proposatutako programa interesgarriaren baitan, zeina Sevillako Orkestra Barrokoko zuzendari artistikoa izan baita bi hamarkadaz eta zeina garai horretako gure espezialista handietako bat baita.

BOSbaroque

Leclair, Händel, Vivaldi, Geminiani eta Boccheriniren kontratenorarentzako obrak eta ariak

Tim Mead, kontratenorra
Pedro Gandía, kontzertino zuzendaria

Informazioa eta sarrerak