Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 7-2012-2013

Abono de iniciación


Euskalduna Jauregia.   20:00 h.

F. Schubert: Rosamunda, obertura
F. Schubert: Selección de Lieder (Romaza para Rosamunda, Im Abendrot, An Silvia, Nacht und Träume, Die Forelle)
G. Mahler:  Sinfonía nº 4 en Sol mayor (54’)
María Espada, soprano

Michael Sanderling

DATAK

  • 31 urtarrila 2013       Euskalduna Jauregia      20:00 h.
  • 01 otsaila 2013       Euskalduna Jauregia      20:00 h.

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

MUSIKAK ABESTEN DUENEAN

Ilustrazioko pentsaera musikalaren idealen artean, oso garrantzi handia ematen zioten melodiari, musikaren osagai guztiek abestu egin behar zuten-eta. XVIII. mendeaz ari gara, nola ez. Hala ere, osteko belaunaldietako musikagile ugarik ere bat egin zuten ideal horrekin, aberasgarritasun hori euren lan bokalen eta instrumentalen ardatz nagusia baitzen. Horren adierazgarri, Schubertek konposatutako ehunka kantaren (edo liederren) lirismoa bere musika sinfonikoan nahiz ganbera-musikan islatzen zen berehalakotasun handiagoaz edo txikiagoaz. Mahler ez zen hain musikagile oparoa izan, baina antzeko asmoa izan zuen: bere sinfonietan liedak agerpen literalik ez daukanean, erreferentzia eta oinarri musikala da. Ez da inolaz ere ausazkoa Bosgarrenak, Seigarrenak eta Zazpigarrenak osatzen duten multzoa Rückert-Liederren eta Kindertotenliederren garaikidea izatea, ahotsa ageri ez bada ere.
 
Hori dela eta, harrigarria izan daiteke biak zurbil-zurbil geratu izana beste genero bokal batzuetan saiatu zirenean. Gaur egun, ezer gutxi edo ezer ere ez daukagu Mahler gazteak operara egindako hiru hurbilketetan idatzi zuen musikari dagokionez. Bestetik, gaur egungo auditoriumetan ere nekez entzuten da Schubertek eszenarako sortu zuena. Bere azken saialdia Helmina von Chézyren Rosamunde, Fürstin von Zyper (Rosamunda, Zipreko printzesa) lanerako musika intzidentala izan zen, eta porrot itzela izan zuen 1823ko urrian Vienako Operan estreinatu zenean. Alemaniako olerkariaren testua gogor kritikatu zuten oso-oso ahula zelakoan. Musikagilearen musikak, ordea, aurrera egin zuen, eta gaur egunera arte iritsi da. Dena dela, bitxia da benetan, Schubertek ez zuelako inoiz Rosamunde lanerako berariazko oberturarik idatzi: estreinaldi hartan, bere Alfontso eta Estrella operako obertura entzun zen, baina argitaratu gabe zegoen artean. Edonola ere, gero, Harpa magikoa laneko oberturako musika berreskuratu zuen haren ordez. Zenbait urte lehenago sortutako melodrama zen, baina ahaztuta zegoen erabat. Gaur egun, guretzat horixe bera da Rosamunde laneko obertura. Kontraste handiko orri adoretsua da, eta, Nikolaus Harnoncourten esanetan, bertan “nostalgia zapaltzailearen hatsa” da nagusi.
 
Rosamunde lanean ere, oso ezaguna da Der Vollmond strahlt (“Ilbete distiratsua”) erromantza fin bezain gautarra. Bere espiritu poetikoa oso hurbil dago Im Adrendrot (“Erlantzean”) laneko ilunabarreko lirismotik, eta pieza hori 1824-25ean sortu zen Karl Lapperen testu baten inguruan. Are geroagokoa da An Sylvia (1826), eta modu maior alaitsuan dago idatzita. Era berean, lasai bezain laztangarria ere bada Nacht und Traüme (“Gaua eta ametsak”) laneko melodia, eta alde handiak ditu Die Forelle (“Amuarraina”) alai eta irribarretsuagoarekin. Bertan, hain zuzen ere, Schubertek erreka gardenean behin eta berriro sartu eta irteten den amuarrainaren jauziak dakarzkigu gogora.
 
Schubertek emandako bultzada handiari esker, abesti alemaniarra ez zen krisian sartu XX. mendeko bigarren zatira arte, erromantizismoaren osteko lehenengo hasperenak desagertu ziren arte. Izan ere, liedaren sustraien zati bat Johann Gottlieb Fichtek bere Addresses to the German Nation (1808) lanean adierazitako oso ideia erromantikoan bilatu beharra dago: herri-kantak gizarte-maila ikasien artean integratzea, “aurreko tradizio jantzi guztietako onena bereganatzen ikasiko zuen herri berria sortzeko”. Clemens Brentanok eta Achim von Arminek, hain zuzen ere, asmo hori zeukaten, Alemaniako tradizio folklorikoko ipuin, kontakizun, kantu eta olerkien bilduma handia egiten hasi zirenean. Horren ondorioz, Die Knaben Wunderhorn bilduma (“Mutilaren adar miragarria”) argitaratu zuten 1805etik 1808ra.
 
Seguruenik, Mahlerrek seriearen zati bat ezagutu zuen unibertsitateko etapan, baina 1887ko udazkenera arte herri-poetika hori ez zen bere begien aurrean zabaldu inspirazio-iturri agortezin moduan: “artea barik, natura eta bizia da”. 1901. urtearen inguruan, ordea, egoera aldatu egin zen, orduan Friedrich Rückerten poesia sartu baitzen haren bizitzan, eta, horren ondorioz, are mundu-ikuskera aszetiko eta malenkoniatsuagoa. Dena dela, ordura arte, Die Knaben Wunderhorn bilduman oinarritutako hamabost kanta eta lau sinfonia idazteko astia izan zuen. Sinfonia horietan, bazirudien bidea marrazten zuela, haurtzaroko oroitzapena gainditzen denetik (Lehenengoan) berpizkundearen, beste munduaren ikuspegi onirikoa agertzen den arte (Laugarrenean). Azken hori 1899ko udan hasi zen egiten Maierniggen, Klagenfurtetik hurbil dagoen Wörther lakuaren alboan kokatutako leku baketsuan, alegia. Sinfonia arin, zoriontsu eta baikorrena da, eta, beharbada, irisgarriena ere bai. Hori dela eta, ospetsuena izan zen luzaroan, Lehenengoarekin batera. Nolanahi ere, ez da batere azalekoa. José Luis Pérez de Arteagak dioenez, “Hirugarren sinfoniako aingeru-kanpaien eta Adagio deistaren ostean eta, ezeren gainetik, tinbre xalo, bizi, neurritsu, gozo bezain garrantzitsuaren bidez adierazitako lan horren beraren ibilbide handiaren ostean, ume-arimaren begientzat bizitza zerutiarraren ikuspegia ondorio ulergarri bezain saihestezina da Gustav Mahlerren unibertsoan”. 
 
Lehenengo mugimenduan, Bedächtig (“Moderatua”), badirudi musikagileak Vienako klasikoen garaia ekarri nahi duela gogora: argitsua bezain atsegina, ironikoa bezain alaia. Bere bi gaiak sonataren azturen arabera garatzen dira, gainera. Erdi Aroko deabruaren Fiedela izango balitz bezala, ohikoa baino goragoko tonuan gozatutako biolinaren soloaren gainean, bigarrena, In gemächlicher Bewegung. Ohne Hast (“Tempo moderatua. Presarik gabe”) Scherzoa da, eta heriotzaren dantzari jartzen dio musika. Giro sarkastiko eta makabro horren ondoren, Mahlerrek mugimendu geldoa azaleratzen du (Ruhevoll, “Lasaia”). Bertan, ohi ez bezala, bariazioa erabili zuen, lirismo triste bezain nostalgikorantz jo zuen, eta, inoiz leuntasuna galdu gabe, bere bizitasuna astiro-astiro areagotzen da, harik eta paroxismo limurtzaile eta benetan erakargarrira iritsi arte. Goraldi horren ondoren, emakumezko ahotsa ozentzen da, umearen ametsaren bitartez zeruaren irudia birsortzeko. Suntsikorra, etereoa eta oso-oso atsegingarria da, orkestrazioa arina bezain sotila da eta musika bera (1892koa) Die Knaben Wunderhorn: Wir geniessen die himmlische Freuden (“Plazer zerutiarrez gozatzen dugu”) bildumako testu batean dago oinarrituta. Ardoz, frutaz, egoskariz eta belar finez betetzeko paradisuaren ikuspegi gozagarri, oniriko eta argitsu horretan, Mahlerrek beste munduko musikari eskaintzen dio kantua: “Lurrean ez dago gurea bezalako musikarik”.
 
Berehalako arrakasta lortu zuen arren, sinfoniari harrera hotza egin zioten 1901eko azaroan Munichen atondutako estreinaldian. Zuzendaria musikagilea bera izan zen; eta sopranoaren ahotsa, Margarethe Michalek. Erabat iritzi kontrajarriak sorrarazten zituenez, Mahler harri eta zur geratu zen ikus-entzuleek musika hori axolagabekeriaz hartzen zutela ikustean. Hori dela eta, goitik behera berrikustear egon zen. Hala ere, zenbait aste geroxeago, egoera onbideratu egin zen Vienan. Halaxe gogorarazten zuen Bruno Walterrek: “Garaiko Viena oso ospetsua zen, bere jarrera oso gatazkatsua zelako eta sektakeria ankerra zelako nagusi. Mahlerren izaera asaldatua oso egokia zen ekaitzak azalarazteko. Oker ez banago, [Vienan] bere Laugarren sinfonia estreinatu zenean, ikus-entzule batzuk borrokan hasi ziren Musikvereinsaalen bertan”. Gaur egun, ordea, ez luke inork zalantzan jarriko: Mahlerren corpus sinfonikoan, Laugarrena azken argi-izpia bezala agertzen da itzalak iritsi aurretik.
 
Asier Vallejo Ugarte
 
 
 
 
 
María Espada, sopranoa
 
María Espada Meridan jaio zen, eta Mariana You Chirekin zein Alfredo Krausekin ikasi zuen, besteak beste.
 
Honako areto hauetan abestu du, besteak beste: Vienako Konzerthaus, Berlingo Philharmonie, Parisko Théâtre des Champs Élysées, Amsterdameko Concertgebow, Bruselako Palais des Beaux Arts, Erromako Santa Cecilia, Utrecheko Vredenburg… Era berean, Espainiako opera-etxe eta auditorium handienetan ere kantatu du: Madrilgo Errege Antzokia eta Bartzelonako Lizeoa, esate baterako.
 
Besteak beste, honako zuzendari hauekin ere abestu du: Mariss Jansons, Jesús López Cobos, Aldo Ceccato, Josep Pons, Antoni Ros Marbà, Juanjo Mena, Frans Brüggen, Andrea Marcon, Howard Griffiths, Carlos Kalmar, Ernest Martínez Izquierdo, Tamás Vásáry, Alberto Zedda, Diego Fasolis, Jordi Casas, Salvador Mas, Fabio Biondi, Adrian Leaper, Fabio Bonizzoni, Christophe Coin, Emil Simon…
 
María Espadak honako talde eta orkestra hauekin ere lan egin du: Royal Concertgebouw Orchestra, Venice Baroque Orchester, Orchestra of the 18th century, L’Orfeo Barockorchester, Il Giardino Armonico, I Barocchisti, Netherlands Radio Chamber Philharmonic, Al Ayre español, La Risonanza eta Espainiako orkestra sinfoniko nagusi gehienak.
 
Ganberako musikaren arloan eskainitako ekitaldietan, barrokotik hasi eta XX. mendera arte doazen lanak abestu ditu, pianodun errezitaldietan nahiz ganbera-talde txikietan.
 
Era berean, honako disko-etxe hauentzat ere grabatu du: Harmonia Mundi, Glossa, Challenge edo Naxos, besteak beste.
 
 
 
Michael Sanderling, zuzendaria
 
Michael Sanderling Berlinen jaio zen, eta musika ikasten hasi zen bertan. Gaur egun, zuzendari gazte nabarienetakoa da. 2005ean, Dresdeko Orkestra Filarmonikoarekin egin zuen debuta. Harrezkero, oso harreman artistiko bizia izan zuen orkestrarekin, eta, 2011-2012ko denboraldian, orkestra horretako zuzendari nagusi izendatu zuten.
 
Besteak beste, honako orkestra hauekin lan egin du: Municheko Filarmonikoa, Zuricheko Tonhalle, Staatskapelle Dresde, Berlingo Konzerthausorchester, Stuttgarteko Irratiko Sinfonikoa eta Holandako Filarmonikoarekin, besteak beste. Datozen denboraldietan, honako hauekin egingo du debuta: Leipzigeko Gewandhaus Orkestra, Koloniako WDR Orkestra, Bambergeko Sinfonikoa, Taiwango Sinfoniko Nazionala eta Londreseko Philharmonia Orkestrarekin.
 
2006tik 2010era, Kammerakademie Potsdameko zuzendari artistiko eta nagusia izan zen, eta nazioarteko bira zein hainbat grabaketa egin zituen harekin; esate baterako, Shostakovichen ganbera-sinfonikoak Sony Classicalentzat.
 
Bere musika-prestakuntzaren hasieran, Michael Sanderlingek biolontxeloa jotzen zuen. Lehiaketetan lortutako zenbait arrakastaren ondoren (Municheko ARD, Leipzigeko Bach eta Bartzelonako María Canals), biolontxeloko bakarlaria izan da Leipzigeko Gewandhaus Orkestran eta Berlingo Irratiko Sinfonikoan. Besteak beste, honako hauekin ere izan da bakarlaria: Bavierako Irratiko Sinfonikoarekin, Parisko Orchestrerekin eta Bostongo Sinfonikoarekin.
 
Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

27 - 28 - 29
Abe
2024
>Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro


0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.


Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
16 - 17
Urt
2025
>ONE eta Mahlerren “Titán”

ONE eta Mahlerren “Titán”

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”

Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
20
Urt
2025
>Ganbera 4

Ganbera 4

Lekua: Euskalduna Jauregia

B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin

M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
30 - 31
Urt
2025
>Mundu Berriko sinfonia

Mundu Berriko sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”

Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak