Kontzertuak

BOSen DENBORALDIA 1-2014-2015

Hasierako Kontzertua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

A. Berg: Kontzertua biolin eta orkestrarako, “aingeru baten oroimenez”
G. Mahler: 1. sinfonia Re maiorrean, “Titan”

Guy Braunstein, biolina

Yaron Traub, zuzendaria

DATAK

  • 09 urria 2014       Euskalduna Jauregia      19:30 h.
  • 10 urria 2014       Euskalduna Jauregia      19:30 h.

Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

AINGERUAK ETA TITANAK

 
XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera artean, Erromantizismoaren azken izpiekin batera, hainbat abangoardia azaldu ziren Europan, musika-arloko modernitatearen hasieraren adierazgarri. Horra hor inpresionismo frantsesa, futurismo italiarra, Stravinskiren primitibismoa edota folklorismoaren pisua ekialdeko eskualdeetan, kolore desberdinez margotutako kontinentearen mapan. Alabaina, Haydn, Mozart eta Beethovenen garaietan bezala, Vienan finkatu ziren musika berriaren zutabe nagusiak. Garai haietan ez bezala, mende arteko sasoian, harmonia izan zen aurrerapenen ardatz nagusia, forma edo estiloa izan beharrean. Arnold Schoenbergen ustez, tonalitatea aspalditik zegoen krisian, eta bere indarrak neurtzea erabaki zuen, Verklärte Nacht, Pelleas und Melisande edo Gurre Lieder bezalako lanekin. Sistema tonalaren mugak goienera tenkatu ondoren, naturaltasun hutsez, tradiziozko harmonia behin betiko gainditu zen. Anton Webernek esan zuen Pianorako piezak 11. op. (1908) lanak ez zeudela inongo tonalitateetan sartuta. Hortaz, pieza horietan harreman harmonikoak eta melodikoak garatzen dira erreferentzia gisa oinarri tonalik izan gabe. Atonaltasunari lotuta, espresionismoak leku egokia aurkitu zuen Schoenbergengan. Pinturan bezala, musikako espresionismoak intentsitate handiz irudikatu nahi zituen gizakiaren barneko gatazkak, hizkuntzazko errebeldia mota baten ildotik. Ezagun-ezagunak dira Erwartung opera (1909) eta Pierrot Lunaire kanten zikloa (1912), bi lan espresionista.
 
Handik urte batzuetara, hogeiko hamarkadaren hasieran, Schoenbergek sistema berri bat ezarri zuen. Horren bidez, “Alemaniako musikaren nagusitasuna bermatu nahi izan zuen hurrengo ehun urteetarako”. Dodekafonismoa zen sistema hori. Metodoak garrantzi bera eman nahi zien eskala kromatikoko hamabi notei. Ildo horretan, hamabi nota horien sail bat ezarri zuen konposizioaren oinarri gisa, edozein ordenatan paratuta. Nota horiek hurrenez hurren edo aldi berean erabil zitezkeen, baina haietako bat ere ez zen errepikatu behar gainerakoak erabili aurretik. Hainbat modu zeuden saila aurkezteko: mugimendu zuzenez, inbertsioz, erretrogradazioz edota erretrogradazioa alderantzikatuz. Era horretan, harritzekoa bada ere, musika dodekafonikoak ez zuen ezinbestez lotuta egon behar atonalitatearekin, metodoak ez baitzuen per se galarazten saila zentro tonal jakin batekin harremanetan jartzea.
 
Musika berriranzko bide horretan, Schoenbergek, laguntza teoriko eta intelektual garrantzizkoak izateaz gain, ohiz kanpoko bi ikasleren leialtasuna jaso zuen. Vienako Bigarren Eskola izenekoa eratu zuten biek batera. Anton Webernek ia ez zuen interesik izan espresionismoarekiko, eta, azkenean, forman txertatu zuen sail-egitura. Hortaz, bere garaiko kide askoren ustez, ariketa intelektual hutsen emaitza ziren Webernen lanak. Aitzitik, Alban Bergek iraganeko lirismoa berritu, eta bortiztasun adierazkor handiko lanak sortu zituen, adibidez, Wozzeck opera (1922). Espresionismoaren gailurra dugu opera hori, “nazien aurka egiteko irudika daitekeen drama musikalik handiena”, Stravinskiren hitzetan. Hor –eta hauxe da Bergen bereizgarria– guztiz tonalak diren iradokizunak agertzen dira, funtsean atonala den hizkuntzaren barruan. Dodekafonismoa bere musikara iritsi arren, ondorio horiek ez ziren desagertu, eta, beraz, bere azken lanetan ere tradiziozko harmoniaren aztarna suma daiteke.
 
“Aingeru baten oroitzapenetan” biolin eta orkestrarako kontzertua da lan horietako bat, Ipar Amerikako Louis Krasner biolin-jotzaileak agindutakoa. Eskaera hori iritsi zitzaionean, bigarren opera idazten ari zen Berg, Lulu izenekoa. Bertan, aski zorrotz erabili zuen teknika dodekafonikoa. Hasieran, ez zuen interes handirik erakutsi kontzertua egiteko, Krasnerrek birtuoso-lan bat nahi zuela uste zuelako eta hori ez zelako “berak egiten zuen musika mota”. Hala ere, hizketan aritu ondoren, biolin-jotzaileak bere iritzietara bildu zuen musikagilea, erronka handia baitzen aldi berean intelektuala eta emotiboa izan zitekeen kontzertu bat idaztea. Gainera, ez dugu ahaztu behar 1935eko Alemania zela hura, eta musikagilearen musikak nazien erregimeneko zentsura nozitu zuela. Hortaz, egoera hura ez zen batere aldekoa beste opera bat egiteko.
 
Bergek kontzertuaren nota bakar bat ere ez zuen idatzita Manon Gropiusen heriotzaren berri jaso zuenean. Hemezortzi urte zituen Manonek, Alma Mahlerren eta bere bigarren senarraren alaba zenak. Musikagileak biziki maite zuen gazte hori, eta, beraz, berehala galdetu zion Almari, ea obra egin ahal zuen gaztearen oroitzapenetan, “aingeru baten oroitzapenetan”. Jakina, zorigaiztoko gertaera horrek kontzertuaren tonua baldintzatu zuen, eta nabarmen arindu zen metodo dodekafonikoak eskatu ohi duen zorroztasuna. Are gehiago, oinarrizko saila halako moldez dago sortua, non ezin baitira ondorio tonalak saihestu, lagungarria baita triada maiorrak eta minorrak txandakatzeko. Teknika arlo adierazkorrera eramateko trebetasun handi horrek lirismo sakonez hornitzen du musika, eta atzean duen konplexutasun izugarria estalita bezala geratzen da.
 
Bestetik, obrak egitura argiak eta formazko nolabaiteko simetria lortu nahi ditu: lehen mugimendua andantetik allegrettora igarotzen da; bigarrena, berriz, allegro tempoarekin hasi eta adagioarekin amaitzen da. Lehen mugimendua Manonen isla izan daitekeela iradoki da (samurra eta maitagarria, baina alaia aldi berean); espresionistagoa den bigarren mugimenduak, berriz, drama askatzen du, atmosfera etereo eta guztiz elegiako batekin amaitzeko. Zentzuz beterik agertzen da kontrastearen ideia, argi eta itzal, bake eta larridura, bizitza eta heriotzaren arteko kontrastea. Hasierako mugimenduak duen unerik lirikoenetako batean, Bergek Karintiako herri-kanta bat aipatzen du; eta, kontzertuaren amaiera aldean, Bachek harmonizatutako koral luterano bat sartzen du, “Es ist genug!” (“Aski da”). Horren lehenbiziko notek saileko azken lauekin egiten dute bat, ez halabeharrez.
 
Bergek 1935eko udan bukatu zuen kontzertua, baina ez zuen estreinaldia ikusi, urte horretako abenduan hil baitzen, erle-ziztada batek eragin omen zion septizemiaren ondorioz. Bartzelonako Palaun antolatu zuten estreinaldia, Musika Garaikideko Nazioarteko Sozietatearen Jaialdiaren barruan. Webern arduratu zen lehen entseguez, baina ez zuen bere burua horretarako gai ikusi, eta, azkenean, Hermann Scherchenek zuzendu zuen lanaren estreinaldia, Krasnerren ondoan. Orduko hartan, Manoni eskainitako elegia baten moduan ikusi ordez, musikagileari eta berarekin batera joandako nortasun musikal izugarriari eskainitako requiem gisa ikusi zuten lana.
 
Eman dezake nahiko erraza dela Bergen Biolinerako kontzertua Mahlerren sinfonismoarekin lotzea, behin eta berriz aztertu baita horrek Vienako Bigarren Eskolako hiru musikagilerengan izan zuen eragina. Tonalitate zaharreko arauen aurrean Mahlerrek izan zuen errebeldia miresten zuten, bai eta “guztiz beharrezkoa dena baizik ez idazteko erakusten zuen objektibotasun paregabea” eta “gertaerak beren kabuz mintza daitezen” bere musikak zuen boterea ere. Bergen musikan maiz egiten du durundi guztiz mahlerianoa den limurtasun-mota batek, baina soiltasunerantz zuzenduta dago. Mahlerrek, berriz, maximalismorantz jotzen zuen, eta “Titanlehen sinfonia izugarriarekin egin zuen, gainera. Denboraren poderioz, lan horren handitasuna gaindituko zen, baina garai hartan inork ez zekien horrelakorik. Bruno Walterren ustez, “emoziozko joritasuna, adierazteko berritasunak zuen baldintzarik gabeko eta oharkabeko ausardia, eta irudimenezko aberastasuna” aintzat hartuta, sinfoniak “gaztaroko maisulan baten indar bakana” zuen. Berezkotasun hori ezin saihestuzkoa da, 1884. eta 1889. urteen artean musikagileak oso pieza gutxi baitzuen eginda. Horien artean, Lieder eines fahrenden Gesellen (“Bidaide baten kantak”) lau piezak nabarmentzen dira, neurri handi batean sinfonia berriaren oinarria izango baitziren.
 
Mahlerrek aski programa zehatza zuen prestatuta lehen sinfonia horretarako, poema sinfoniko baten gisa, baina, azkenean, ezabatu egin zuen. Hala ere, itxuraz, Titanen ideiak (Jean Paulen testu batetik jasoak) nolabaiteko bizi-ibilbidea eta argiaren eta ilunaren arteko etengabeko tirabira ekartzen ditu ondorioz. Hasierako mugimendua, esekitako sokaren gainean, naturaren deiarekin abiarazten da: kukuaren kantua, urrutiko fanfarreak eta doinu pastoral eta bare bat (“Ging Heute morgen ubers Feld” liedetik hartua) entzuten dira. Hira, suhartasuna eta patuaren indarrak borrokan aritzen dira mugimendu osoan. Bigarren mugimenduan, aurkako bi unibertso agertzen dira aurrez aurre: länder bat (indartsua, kementsua), landa-giroko bals austriar baten gisakoa, eta atsedenaldiko atala, “scherzo baten modukoa”, askoz ere hirikoagoa espirituz.
 
Jatorriz “Calloten estiloko hileta-martxa” izenburua duen hirugarren mugimenduko osagai makabroak eta parodiazkoak eta doinu groteskoak gorabehera, musikak patetismo-aura batez egiten du aurrera. Erdiko atala poesiara zabaltzen da, bakezko leku bat balitz bezala. Azken mugimendu titanikoan, tirabirak betiko askatzen dira. Mugimendua izugarrizko energiaz abiatzen da, eta gertaerak arrapalan garatzen dira. Behin eta berriz egiten dira atzeranzko begiradak, eta, botereen arteko beste borroka baten ondotik, azkenean, bizitza eromenez ospatzen da. Amaiera hori izan zen harrigarri eta txundigarriena musikagilearen garaiko kideentzat. Vienako Eduard Hanslick kritikariaren ustez –garai hartan eragin handiena zuena zen–, “oso itsusia” zen. Alabaina, beste askotan gertatu bezala, denboraren poderioz ondo frogatuko zen sinfonia berri horrek zabaldu zituen bideak urrunago iritsiko zirela, garai hartan irudika zitezkeen guztietatik harantz.
 
Asier Vallejo Ugarte
Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2025-2026
06 - 07
Aza
2025
>Leningrado, Vasily Petrenkok gidatuta

Leningrado, Vasily Petrenkok gidatuta

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Xostakovitxen “Leningrado” deritzon 7. Sinfonia, XX. mendeko partiturarik garrantzitsuenetakoa izateaz gain, obrak totalitarismoen aurkako erresistentziaren ikurtzat dirau gaur egun. Sasoia zenean, propagandako helburuz erabili zen humanista baten salaketan oinarritzen da, baina horren ikuspegia askoz harago doa, musikagileak Volkov kazetariari adierazitako “Testigantza”-n agerian geratu zen bezala. Vasily Petrenko ospetsuaren batutak gidatutako ikuskizun aparta da, Ukrainaren inbasioan izan den zoritxar morala salatzeaz gain.

Karmele Jaio, narratzailea
Vasily Petrenko, zuzendaria


DMITRI SHOSTAKOVICH (1906 – 1975)

7. sinfonia Do Maiorrean Op. 60 “Leningrad”

I. Allegretto
II. Moderato (Poco Allegretto)
III. Adagio
IV. Allegro non troppo

Iraup. 90’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2025-2026
10
Aza
2025
>Ganbera 2

Ganbera 2

Lekua: Euskalduna Bilbao · 0B Aretoa


I

BOSen Hari Laukotea

José Eduardo Canto, biolina
Alfonso Aldeanueva, biolina
Isabel Aragón, biola
Jaime Puerta, biolontxeloa

JAVIER ÁLVAREZ (1956 – 2023)

Metro chabacano

TOMÁS BRETÓN (1850 – 1923)

3. laukotea mi minorrean

I. Allegro comodo
II. Andante
III. Allegro no mucho
IV. Allegro deciso

II

BOSen biolin, kontrabaxu, bandoneon eta piano laukotea

Azer Lyutfaliev, biolina
Daniel Morán, kontrabaxua
Salvador Parada, bandoneon
Julen Ramos, pianoa

ASTOR PIAZZOLLAZ (1921 – 1992)

Tangoen hautaketa

I. Fugata
II. Resurrección del Ángel
III. Concierto para quinteto
IV. Milonga del Ángel
V. La muerte del Ángel
VI. Invierno porteño
VII. Primavera porteña

Iraup. 80’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2025-2026
21
Aza
2025
>Ganbera Sestaon

Ganbera Sestaon

Lekua: Sestao Musika eskola

W.A. Mozart: La flauta mágica, selección

W.A. Mozart: Concierto para flauta, arpa y orquesta, en Do M

Ibert: Entreacte

Debussy: Petite suite

Bizet: Carmen fantaisie

Quinteto con arpa BOS
(Néstor Sutil, Marion Desjacques, Alfonso Aldeanueva, Juan Cuenca, Ignacio Araque)

Gehiago ikusi
Denboraldia 2025-2026
22 - 25 - 28 - 01
Abe
2025
>ABAO. Adriana Lecouvreur

ABAO. Adriana Lecouvreur

Lekua: Euskalduna Bilbao

La ópera más célebre de Cilea, Adriana Lecouvreur, llega en noviembre con el estreno de una nueva coproducción de ABAO Bilbao Opera, con la espectacularidad que caracteriza al director de escena Mario Pontiggia, que presenta una impactante escenografía, clásica y tradicional, y un lujoso vestuario.

Con tintes veristas, la historia está inspirada en la vida real de la legendaria actriz Adrienne Lecouvreur, y confronta la pasión de la protagonista con los celos de la princesa de Bouillon, ambas enamoradas del joven Maurizio. Una ópera para lucimiento de las voces donde Maria Agresta aborda el personaje principal, un papel de diva por excelencia, junto a Silvia Tro Santafé y Jorge de León, que completan el trío amoroso, y Carlos Álvarez en el rol de Michonnet. Una historia de encendidas pasiones, intrigas políticas, celos y amores cruzados que terminan en tragedia.

Marco Armiliato uno de los grandes directores musicales de la actualidad, invitado por los principales teatros del mundo, se pone al frente de la Bilbao Orkestra Sinfonikoa para dirigir la intensidad dramática, la belleza melódica y la extraordinaria orquestación de esta partitura.

 

Más información

Gehiago ikusi