Kontzertuak

BOSen DENBORALDIA 12-2014-2015

Hastapeneko abonua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

A. Guinovart: El lament de la terra
R. Schumann: Kontzertua biolontxelo eta orkestrarako
B. Bartok: Kontzertua orkestrarako

Julian Steckel, biolontxeloa
Erik Nielsen, zuzendaria

DATAK

  • 19 martxoa 2015       Euskalduna Jauregia      19:30 h.
  • 20 martxoa 2015       Euskalduna Jauregia      19:30 h.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Kolorearen eta sentimenduaren artean

 
Albert Guinovartek (Bartzelona, 1962) Bartzelonako Orkestra Sinfonikoaren eta Kataluniako Nazionalaren enkarguz idatzitako El lament de la terra 2009ko urtarrilaren 9an estreinatu zen Bartzelonako Auditori aretoan, aipatutako orkestraren eskutik eta Roberto Minczuken gidaritzapean.
Konpositorearen esanetan, “poema sinfoniko moduko bat da, 2008an pairatu genuen lehorte larriak eragindakoa eta mehatxatzen gaituen klima-aldaketari buruzko albisteen ondorioz sortutakoa”. Mugimendutan bananduta ez dagoen arren, hiru atal tematiko bereizten dira bertan. Lehenengoa da luzeena, eta Gustav Mahlerren Lurreko kantua obrako hasierako konpasarekin hasten da –hain zuzen ere, izenburuak obra horri egiten dio keinu–, ideal erromantikoko gizaki eraikitzailea sinbolizatuz. Konposizio horrek beste biri egiten die aurre: batek giro urbanoagoa dauka, eta besteak, berriz, militarragoa. Biek ala biek gizaki suntsitzailea irudikatzen dute. Guinovartek dioenez, atal honek “bizi dugun garaiaren dramatismoa jasotzen du, ez soilik gizakiaren ikuspuntutik, ezpada naturarenetik ere, eta Lurra kexatu egiten da zenbait ataletan, diskurtso musikalaren gainean metatzen diren soinuzko ‘pantailen’ antzera, efektuak balira bezala”.
Borrokari amaiera emateko, akorde dodekafoniko baten erako hondamendia dator, eta ezaugarri hori bigarren atalera ere heltzen da. Orain basamortua entzuten dugu, hondamendiaren osteko desolazioa. Ehunduradun atala da, askoz ere laburragoa ere badena.
Hirugarren eta azken atala esperantzaren aldeko kantua da, etorkizun hobearen zain. Mezu optimista hori ereserki batean islatzen da, eta hasierako doinu militarrarekin batera agertzen zen kutxaren erritmoa ondoko desira honen euskarri bihurtzen da: “gizaki sortzaileak garaitu egiten du gizaki suntsitzailea”.
Obra hau orkestra handirako dago idatzita, eta kritikariek hauxe esan zuten: “Pieza bikaina da, entzuleak gustura uzteko asmoa duena eta helburu hori erabat lortzen duena”. Era berean, hauxe esan zuten: Guinovartek “ondo egindakoarekiko konpromisoa baino ez du, eta harresirik ere ez du apurtu nahi: ahalik eta adierazpenik handienera heldu nahi du, ez besterik”.
Kontzertua biolontxelorako la minorrean Op 129 obran, Robert Schumannek (Zwickau-Sajonia, 1810-Endenich, 1856) uko egin zion planteamendu birtuosistiko hutsari, termino hori azalkeriaren ikuspuntutik ulertuta; eta, hala ere, edo hain zuzen ere horrexegatik, maisulana da.Konpositoreak ez zuen gehiegi erabili nahi izan bere garaian oso modan egon zen baliabide bat: orkestra isildu egiten deneko eta bakarlariak (bere instrumentuaren –eta bakarlariaren beraren– ezaugarri tekniko eta espresiboak erakusteko helburu nagusiarekin) pasarte akrobatikoak egiten ditueneko kadentziak edo atalak. Aitzitik, nahiago izan zuen biolontxeloaren ahotsean kabitzen diren kolore tinbriko eta sentimentalen paleta zabala erakutsi. Loturak sortu nahi izan zituen agertokiko instrumentu guztien artean, bere inspiraziorik poetikoena oparituz eta berarentzat “musikaren egia eta purutasuna” izan zenaren bilaketa eztabaidaezin eta leiala eskainiz. Orkestraren markoak babestu, sendotu, lagundu edo kulunkatu egiten du erromantikoek bere alderdirik sakon eta sentikorrenean birdeskubritu zuten instrumentua, eta Schumannek, bere melodiarik inspiratuenetako batzuen bitartez, kantari eta poeta bihurtu zuen instrumentua.
Kontzertua 1850. urtean idatzi zuen Düsselforfen; izan ere, musikaria hara joan zen bere familiarekin, augurio txarrez jositako urduritasun krisiak zituen etapa baten ostean. Schumann konposizioa egin eta sei urte geroago hil zen, hura entzun gabe. Egilea zendu zenetik, lau urte igaro behar izan ziren kontzertua jendaurrean estreinatu ahal izateko, Leipzigeko Kontserbatorioan, Robert Schumannen jaiotzaren 50. urteurrenaren omenaldian.
Lanak hiru mugimendu ditu, eta hirurak etenik gabe entzuten dira, berari gustatzen zitzaion moduan –Schumannentzat, etenek batasuna kentzen zioten lanari, eta musikaren ibilera naturala oztopatzen zuten–. Lehenengoan, Nichtzuschnell izenekoan (ez oso arina), la minorreko tonuaren bitartez giro poetikoa ezarri ondoren, biolontxeloak gai nagusi maitekorra eta kartsua sarrarazten du, eta horrexekin arituko da ia une oro, bigarren ideia arinago eta abesgarriago batekin osatuta. Ohiko kadentziaren ordez, Schumannek berez-berez eramaten gaituen txeloaren azken kantuaren orkestra-interludio moduko bat eskaintzen digu, eta, ia ohartzeke, Langsam (Adagio) izeneko bigarren mugimendu atseginera eramaten gaitu; bertan, orkestra-tapiz arin baten gainean, bakarlariaren ahots hunkigarri, zuhur eta etena melodia bikainean proiektatzen da, atal nagusira garamatzanera arte (une aparta da; beraz, utzi soinuek bildu zaitzaten). Musikak aurrera jarraitzen du, lehenengo mugimenduko konposizio nagusiarekin modu iheskorrean topatu arte (horra hor, berriz ere, Schumannek lanari batasuna emateko zeukan interesa). Horren ondoren, bakarlariak Sehrlebhaft (oso bizia) izeneko azken mugimenduan urtuko den abestia kantatzen du, indarra ematen dion zelula erritmiko batek egituratuta. Hemen, Schumannek, orkestraren laguntzarekin, amaiera bikain eta indartsua duen kadentzia erakusten digu.
Eta musikaz betetako iluntze honi amaiera emateko, konposizio erakargarri bat entzungo dugu, talde sinfonikoentzat sekulako erronka ere badena: Béla Bartóken (Nagyszentmiklós, Hungaria –gaur egun, Sânnicolau Mare, Errumania–, 1881-New York, 1945) Orkestrarako kontzertua. Lana enkarguz egindakoa izan zen; hain zuzen ere, Serge Koussevitzky Bostongo Orkestra Sinfonikoaren zuzendariak Bartóki egindako enkargua, azken hori ospitalean zegoenean, larri gaixorik eta ia batere dirurik gabe. Alabaina, lehenengo ekimena József Szigeti biolin-jotzaile bikainari zor diogu. Szigeti Bartóken agertokiko kidea ere izan zen garairik onenetan, eta, lagunaren osasun eskasaren eta egoera ekonomiko penagarriaren berri izanda, Koussevitzkyk gidatzen zuen fundazioarekin jarri zen harremanetan. Azken horri zor zaio XX. mendeko obra garrantzitsu batzuen sorrera ahalbidetu zuen bultzada; hain zuzen ere, Ravel, Stravinsky, Gershwin, Messiaen, Hindemith edota Coplandi eskatu baitzion obra horiek egiteko.
Joan den mendeko musika-ondareari egindako oparia izateaz gain, Orkestrarako kontzertua ilusio-iturria eta arnasa izan zen konpositorearentzat, eta zortzi aste eskasean amaitu zuen lan hura. 1944ko abenduaren 1ean estreinatu zen Bostonen, sustatzaileen eskutik eta Bartók hil baino hilabete batzuk lehenago.
Egileak berak justifikatu zuen lanaren izenburua: “instrumentu batzuk edo instrumentu-multzo batzuk kontzertante edo bakarlari gisa tratatzen dira”. Beste alde batetik, bere asmoa aurreranzko giroa sortzea da, “trantsizio graduala –bigarren mugimenduaren umorea albo batera utzita–, lehenengo mugimenduaren austeritatetik eta hirugarreneko hileta-kantu arranguratsutik hasi, eta azken mugimenduko bizitzaren baieztapeneraino”. Paradoxikoa eta eredugarria da hori, kontuan izanik ordurako bizitza bazihoakiola.
Beste batzuetan bezala, Bartókek planteamendu simetrikoa egin zuen obran; izan ere, multzoa ardatz baten inguruan egituratu zuen. Ardatz hori erdiko kantu tristea da, eta, haren inguruan, tonu umoristiko edo sarkastiko samarreko bi mugimendu jarri zituen, erritmo asimetriko eta kolore harrigarrikoak. Eta barrutik kanpora joanda, allegro erako bi mugimenduk inguratzen dituzte aipatutako hiru mugimendu horiek.
Hizkerari dagokionez, kromatismoaren erabilera zabalak, orkestraren tinbreen eta efektuen erabileran duen talentu izugarriak, eta erritmo aldakorren aniztasun ia infinituak kolorez betetako sonoritate aberatsa lortzen dute. 
Introduzione izeneko lehenengo mugimenduan, Andante luze, serio eta misteriotsu samar batek Allegro vivace sendo batera garamatza. Bertan, instrumentu guztiei, adiskidetasun-giroan, bakarlari-ahotsa emateko asmoa erakusten da, eta estilo bartokiarreko intentsitatea duen paleta zabala eransten zaio horri.
Ondoren datorren Giuocodelle coppie atala bost “parekotako bikotez” egindako desfile zoragarria da, zur-haizezko instrumentuek eta sordinadun tronpetek osatzen dutena. Prozesio horrek metalen koral inspiratu batera garamatza, eta horrek, beste behin ere, simetria-ardatz gisa funtzionatzen du, bakarlari kontzertanteei irteera eman baino lehen –pas de deux–, aberastuta agertzen den orkestrazioaren gainean. Maisuki egindako sonoritate-jokoa.
Erdiko Elegia atalean –“hileta-kantu goibela” Bartóken esanetan–, harien tremoloek, harparen glissandiek eta zuren arabeskoek irazki bat ehuntzen dute, eta, horren gainean, giro hungariarreko kantu malenkoniatsua loratzen da; ondorioz, tentsioa areagotuz doa erdialdean, kutsu tragikoko amaierara heldu arte. Gero, hasierako girora itzultzen da.
Intermezzo Interrotto izeneko atalean, oboeak aurkezten duen estilo herrikoiko eta erritmo asimetrikoko melodia arranguratsuak harien doinu gozo eta ederrarekin lotzen du bere xarma bihurria. Aurrerago, giroa kafetegiko musikaren bizitasunarekin eteten da, eta, Shostakovichen Leningrado sinfoniari egindako keinua izanik, Bartókek aplikatzen dizkion baliabide instrumentalen bitartez, barre-algara burlatiaren itxura hartzen du. Ideien txandakatzeak gozotasunaren eta kapritxoaren artean dagoen mugimendu hau aberasten du.                                                                
Eta Finale oparoan, berriz, jazzari egiten dio keinu; horrela, bere harrerako herrialdeari eta letra larriz idatzitako folkloreari eskerrak ematen dizkio; izan ere, Bartók folklorearen miresle sutsua zen, eta gogo eta zorroztasun handiz ere ikertu zuen. Xehetasun ugariek eta notek eragindako borborrak ñabarduraz betetzen dute espazioa, eta amaiera bikainera garamatzate, berrogei minutu lehenago hasitako bilakaera itxiz eta Beethovenen esaldia betez: “sufrimendutik, izarretarantz”. Konpositore aparta eta pertsona eredugarria zen, eta mina –gorputzekoa zein arimakoa– energia sortzaile bihurtzen jakin zuen.
Zalantzarik gabe, gaur arratsaldean, besaulki-patioan, musikaren koloreak eta denon sentimenduak hegan ibiliko dira. Gozatu.
Mercedes Albaina
 
 
 
 
JULIAN STECKEL – Biolontxeloa
 
Julian Steckel nazioarteko biolontxelo-jotzailerik ospetsuenetakoa izatera heldu da, ARD Nazioarteko Musika Lehiaketako lehen saria, Municheko Ganbera Orkestrako saria eta Oehms Classics saria irabazi ostean. Hala ere, 2010. urtea baino lehen ere, sariak lortu zituen lehiaketa garrantzitsu askotan; esate baterako, Rostropovitch Nazioarteko Biolontxelo Lehiaketan eta Pablo Casals Nazioarteko Biolontxelo Lehiaketan.
Julian Steckelek bakarlari gisa jo izan du hainbat kontzertutan, adibidez, Bavierako Irratiko Orkestra Sinfonikoarekin, Londresko Errege Orkestra Filarmonikoarekin, Berlingo Irratiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Kopenhagekoarekin, Parisko Orkestrarekin eta San Petersburgoko Filarmonikoarekin, eta, besteak beste, sir Roger Norrington, Christopher Hogwood, Andrey Boreyko, Michael Sanderlingy edota Lan Shuiren zuzendaritzapean.
Julian Steckelek pasio itzela sentitzen du ganberako musikarekiko. Janine Jansen, Christian Tetzlaff, Elisabeth Leonskaja eta Lars Vogten mailako musikariekin aritu izan da, bai eta Ebène, Vogler eta Guarneri laukoteekin ere. Gainera, Schleswig-Holstein, Bonn, Zermatt eta Luzernako jaialdietan jo izan du, gutxi batzuk baino ez aipatzearren.
2011tik, Steckel biolontxelo-irakaslea da Rostockeko Musika eta Antzerkiko Goi Mailako Eskolan.
Denboraldi honetan, munduko leku askotan eskainiko ditu kontzertuak; besteak beste, Seulen, Calgaryn, Kopenhagen, Helsinkin, Winterthurren, Bruselan, Frankfurten, Stuttgarten eta Salzburgon.
 
 
ERIK NIELSEN – Zuzendaria
 
Orkestra-zuzendaritza ikasi zuen Philadelphiako Curtis Institutuan, eta oboe eta harpako diplomak eskuratu zituen New Yorkeko Juilliard Schoolen. Frankfurteko Operaren partaide izan zen 2002tik aurrera, eta 2008tik 2012ra Kapellmeister izendatu zuten. Baseleko Antzokiko musika-zuzendari izango da 2016/17 denboralditik aurrera. Frankfurteko Operan hainbat lan sartu zituen errepertorioan; besteak beste, Figaroren Ezkontzak, Bahiketa Harenean, Tosca, Aingeruak  merikan, Curlew River, La bohème, Lucia di Lammermoor, Lohengrin, Hartmannen Simplicius Simplicissimus eta Reinmannen Medea lanaren Alemaniako estreinaldia.
Konpromiso ugari izan ditu, eta izango ditu etorkizunean, besteak beste, hauek: Txirula Magikoa Erromako Operan; Simplicius Simplicissimus, Gisela de Henze, We come to the River eta Lohengrin Dresdeko Semper Operren; La Traviata Berlineko Operan; Così fan tutte Teatro Sao Carlosen; Reimannen Lear Malmöko Operan; Otello eta Ariane et Barbe-Bleue Frankfurten, Peter Grimes Opernhaus Zürichen, Dai Fujikawaren Solaris lanaren munduko premierea Parisko Théâtre des Champs Elyséesen, Korngolden Die Tote Stadt Bilbon, Eugene Onegin Baselen eta Carmen Welsh National Operan, baita Europan eta AEBetan eman beharreko beste kontzertu ugari ere.

BARTOKen ORKESTRARAKO KONTZERTUA
Orkestra batentzat, beti izaten da erronka Bartóken Kontzertua lanari aurre egitea. Lan perfektua da egitura aldetik, imajinazio itzelekoa eta orkestra-sekzio guztiak proban jartzen dituena. Berriz ere, biolontxeloa protagonista da bakarlaridun obran, eta, hasteko, Albert Guinovarten konposizio berri bat izango dugu, Mahlerren Lurreko kantua lanean inspiratuta.

 

Egitarau honetan,  BOSaren zuzendari titular berria den Erik Nielsen arituko da Isaac Karabtchevskyren ordez.  Egitarauak bere horretan jarraitzen du.
 

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
29
Api
2024
>Cámara 08

Cámara 08

Lekua: Euskalduna Jauregia

I

BOSen boskotea pianorekin

Laura Delgado, biolina
María Díaz Caneja, biolina
Lander Etxebarria, biola
Teresa Valente, biolontxeloa
Itxaso Sainz de la Maza, pianoa

ALFRED SCHNITTKE (1935)

Boskotea pianorekin

I. Moderato (attacca)
II. Tempo di Valse (attacca)
III. Andante (attacca)
IV. Lento (attacca)
V. Moderato pastorale

II

BOSen hari-ensemblea

Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
Laura Delgado, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
Pablo Val, biolina
Iñigo Grimal, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa
Gabriel José León, kontrabaxua

ALFRED SCHNITTKE (1934 – 1998)

Moz-Art à la Haydn

BOSen hari eta haize ensemblea

Luis Fernando Núñez, tronpa
Estefanía Beceiro, tronpa
Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Laura Delgado, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1833 – 1897)

Txantxa musikal bat Fa Maiorrean K. 522

I. Allegro
II. Menuetto (Maestoso) – Trio
III. Adagio cantabile
IV. Presto

Informazioa eta sarrerak
04
Mai
2024
>Mozartland

Mozartland

Lekua: Euskalduna Jauregia • 0B Aretoa

Kontzertua familian
Princep Totilau + Cuarteto BOS, konpainia
Wolfgang Amadeus Mozart, musika
Pol Requesens, moldaketak

Bilbao Orkestra Sinfonikoa

­2 urtetik aurrera

PREZIOAK:
Orokorra 10 €
BOSaren abonatuak* 9 €
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

“Mozartland” kontzertu-ikuskizun bat da, publikoa gonbidatzen duena Mozart txikiaren eta bere arreba Nannerlen jolas gelan esertzera, hezur-haragizko bi haurrek interpretatuta. Han, musikagilearen zuzeneko musikarekin, harizko eta txirulazko laukote baten eskutik, hiru aktorek maskarekin antzezten dituzte Salzburgoko jenio txikia gehien dibertitu zuten ipuin herrikoiak: igela, printzesa, erregea, txanogorritxoa, otsoa, amona, Hansel eta Grettel, sorgina eta Bremengo musikariak.

Bere jokoarekin, Mozart bi anaiak ipuinetako istorioak eta protagonistak edertasun, egia eta ontasun bihurtzen saiatuko dira, urte batzuk geroago Wolfgangek bere musikarekin egingo zuen bezala.

Sarrerak 2023ko abenduaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Garrantzitsua: ­aretora ­sartu­ nahi duten ­persona ­guztiek­ (adina edozein dela ere) ­dagokien ­sarrera ­aurkeztu ­behar ­dute.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
16 - 17
Mai
2024
>Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Lekua: Euskalduna Jauregia

Barroko-garaian, gehiegikeriak eta muturrak irudikatu ziren gehienbat. Kontratenoreak herniaren rola hartu zuen maiz, hala nola Giulio Cesare eta Orlando pertsonaietan, zeinak Tim Meaden ahots zoragarriaren bidez izango ditugu entzungai; bestalde, deabrua kontraste dinamiko eta bat-bateko disonantzien bidez irudikatzen zen, Leclair eta Boccherini pertsonaietan bezalaxe. Hori guztia, Pedro Gandíak proposatutako programa interesgarriaren baitan, zeina Sevillako Orkestra Barrokoko zuzendari artistikoa izan baita bi hamarkadaz eta zeina garai horretako gure espezialista handietako bat baita.

BOSbaroque

Leclair, Händel, Vivaldi, Geminiani eta Boccheriniren kontratenorarentzako obrak eta ariak

Tim Mead, kontratenorra
Pedro Gandía, kontzertino zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
20
Mai
2024
>Cámara 09

Cámara 09

Lekua: Euskalduna Jauregia


G.F. Handel: Sonata en sol menor Op. 2 nº 8 HWV 393
J. D. Zelenka: 6. trio sonata, bi oboe, fagota eta baxu jarraiturako do minorrean

BOSen ensemble barrokoa

J.S. Bach: Brandenburgoko 3. kontzertua sol maiorrean
J.S. Bach: Brandenburgoko 6. kontzertua si bemol maiorrean
BOSen ensemble barrokoa

Informazioa eta sarrerak