Kontzertuak

BOSen DENBORALDIA 14-2014-2015

“Enigmak eta kondairak” abonua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

R. Wagner: Tannhäuser, obertura
F. Liszt: 1. kontzertua piano eta orkestrarako
N. Rimsky-Korsakov: Sherezade

Stanislav Khristenko, pianoa
Andrew Gourlay, zuzendaria

DATAK

  • 16 apirila 2015       Euskalduna Jauregia      19:30 h.
  • 17 apirila 2015       Euskalduna Jauregia      19:30 h.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

MILA ETA BAT KOLORE

Wagnerrek 1839ko apirilean utzi zuen Paris, eta etorkizun hobearen bila joan zen Alemaniara; bertan, bere opera berrien estreinaldira joateko asmoa zuen. Bidean, harrituta geratu zen Wartburgeko gotorleku apartarekin, zeina Eisenach hiriko muino malkartsu baten gainean zegoen, eta 1207an Hermann landgraveak sustatutako kantu-lehiaketa ospetsu baten agertokia ere bazena. Wagnerrek ezagutzen zuen kondaira, eta, zenbait lizentzia poetiko eta literarioren bitartez, gai horretan oinarritu zuen Tannhäuser bere bigarren opera erromantikoaren libretoa, aurreko lanak baino askoz ere egoera hobean konposatutakoa; izan ere, Parisen egindako lehenengo egonaldi hura ezbeharrez beteta egon zen, eta Rienzi zein (neurri txikiagoan) Holandar alderraia garai hartako konbentzio formalei lotuegi zeuden, oraindik ere.
Tannhäuser obran, erabat kontrakoak diren bi mundu daude aurrez aurre: Venusbergen presente dagoen erotismoa Elisabethen maitasun garbi eta puruarekiko dualtasunean sartzen da. Protagonista bi bide horien artean harrapatuta dago, eta, operaren amaieran, salbazioa aurkituko du: Erromara erromes joan arren, erredentziorako modu posible bakarra damutzea dela ikusten du azkenean. Oberturak, konpositorearen ospetsuenetakoak, aurrea hartzen dio dualtasun horri eta, obra girotzeko, penitentziaren, bakanalaren eta erromesen itzuleraren gaiak jorratzen dituen lerroa osatzen du. Orkestrazio handiak etorkizuneko drama musikaletaranzko joera erakusten du, nahiz eta drama horiek oraindik urrun egon, opera Dresdenen estreinatzen denean, 1845eko urrian. Erabateko arrakastarik izan ez zuen arren, argi geratu zen Wagner garai hartako erreformistetako bat zela, eta haren musika-pentsamendua sakon sartzen hasi zen Europako ezker kulturaleko zirkuluetan.
Lisztek ere forma tradizionalak berritu eta musikaren eta poesiaren arteko harreman justua lortu nahi izan zituen, eta, horretarako, genero berri bat sortu zuen: poema sinfonikoa. Baina haren ondarea oso-osorik ulertu ahal izateko, funtsezkoa da bere alderdi birtuosoa ezagutzea, horri eskaini baitzion gaztaroaren zati handi bat. Zentzu zabaleko birtuosismoa da, garrantzitsua, sarri askotan doktrina oro aurretik eramaten duena. Haren obretan, pianoa hazi egiten da, ez soilik aukera teknikoetan, ezpada espresiboetan ere, eta, kontzertista gisa duen nagusitasun eztabaidaezinari esker, aintzatespena jasotzen du hiri handietan. 1835 inguruan hasi zuen 1. kontzertua piano eta orkestrarako Mi bemol maiorrean, R 455, S.124, 24 urterekin, baina ez zuen bere birtuoso-garaian amaitu; zehatzago esateko, bi hamarkada geroago amaitu zuen, Weimarren. Ordurako, Lisztek, bere burua gainditzeko borondateari beti bezain irmo eutsiz, foku mediatikoetatik alde egin zuen, musikaren estetika berria bilatzen hasteko.
Hori dela eta, harrigarria da kontzertuaren ikusgarritasuna, zeren, itxura batean, ezaugarri hori ez dator bat bilaketa berriarekin, nahiz eta Lisztek ez duen batere gutxiesten. 1855eko otsailean, Berliozi eskainitako jaialdia antolatu zuen Weimarren, eta bertan estreinatu zuen bere kontzertu berria, konpositore frantziarraren zuzendaritzapean. Geroztik, zenbait lekutan jo izan zuen bakarlari eta zuzendari gisa, eta askoz ere geroago ere, 1886an hain zuzen, berriz ere entzun ahal izan zuen (Bernhard Stavenhagen pianoan zela), Londresko Crystal Palacen Liszti buruz egindako monografiko batean.
Allegro maestoso atalaren lehen konpasek erabat markatzen dute obraren tonu orokorra: erabatekoak, indartsuak eta biziak dira. Baina harrigarriena da, hain indartsuak diren eta behin eta berriro bueltatzen diren akorde horien errepikapenean, Lisztek melodiaz aldatu duela, ohartzeke. Are gehiago: Mi bemol maiorraren tonalitateak ez du benetako egonkortasunik, zeren eta piano-idazketa distiratsuak hasieratik amaierara zehazten du formaren eta harmoniaren garapena. Lehenengo mugimendu horren orkestrazioa, itxura batean, konbentzionala da, baina hainbat jolas instrumentaletara irekita dago. Quasi adagio atala pianoaren bitartez hasten da, espazioa menperatzen duen konposizio sutsu eta biziarekin. Gero, etenik gabe, Scherzoa dator; Liszt bereziki harro zegoen atal horrekin, horixe izan zelako triangelua bakarlari gisa tratatu zen lehenengo aldietako bat, edo agian lehenengoa. Badatoz berriz ere kontzertuaren hasierako akorde irmoak, eta horrek birtuosismo izugarria pizten du; ondoren, birtuosismo hori gogortu egiten da Allegro marzialeanimato atalean, lehenago bizitako guztiaren laburpen, eraldaketa eta itxuraldaketa sukartsuaren bidez.
XIX. mendearen erdialdean Europa zaharrean nagusi diren kontserbadoreen eta berritzaileen arteko liskarrekin batera, Errusiak ere barne-polemika bat bizi du. Anton Rubinsteinek, Errusiako Musika Elkartearen (1859) eta San Petersburgoko Kontserbatorioaren fundatzaileak (1861), Europako idealen garapenaren alde egin zuen, hain zuzen ere, Wagnerren figuran bildutakoak. Baina, handik gutxira, musika-instituzio ofizialekiko oposizioak suhartasun izugarria erakutsi zuen. Alexander Serov kritikariarentzat, Rubinstein “heziketa alemaniarreko klasizista atzerakoia” zen. Ildo berean, mogucajakucka talde boteretsuko kideek (mendebaldean Bosten Taldea izenarekin ezagutzen zena) dogmatismo germaniarretik askatutako eskola defendatzen zuten, benetako musika nazional errusiarra ezarri ahal izateko. Bertako kideak, funtsean, autodidaktak ziren: Alexander Balakirev, Modest Mussorgsky, Mily Balakirev, César Cui eta Nikolai Rimsky-Korsakov, hain zuzen ere. Elkartea indarrean egon zen hamarkada batez, eta, bertan, ikasketa kooperatibo moduko bat garatu zen, Glinkaren eredua hartuz erreferentzia nagusitzat.
Zenbait arrazoi direla eta, taldea apurka-apurka hautsiz joan zen, eta bertako kideetako bakoitzak bakarkako ibilbideari ekin behar izan zion konpositore lanetan. Bide berri horretan, bosten artetik, Rimsky-Korsakov izan zen metodo akademiko tradizionalekiko solidarioena. San Petersburgoko Kontserbatorioko irakasle izatera ere heldu zen, 1871tik aurrera. Baina konbertsio profesional horrek ez zion hausturarik eragin Errusiako musikaren herentziarekiko, eta joera horren esanetara geratu zen; horretarako, bere konposizioetan, melodia folklorikoak erabiltzen hasi zen, eta, orkestrazioari dagokionez, Borodin eta Mussorgskyren zenbait obra eszenikoz baliatu zen. Ondorioz, modu horretan, aipatutako konpositoreak operaren nazioarteko zirkuluetan sartu ahal izan ziren. Idazketa instrumentalarekiko eta orkestraren koloreekiko lilurak argitasun eta distira txundigarria eman zion bere musikari. 1873ko tratatuan dioen moduan, berarentzat, orkestrazioa “musika-obraren arima sakonaren parte da”. Hori dela eta, fantasia hori, argitasun hori eta orkestra-teknika landu hori erabakigarriak dira bere pieza sinfonikorik ezagunenak diren Kapritxo espainiarra, Pazko errusiar handia edo Scheherezade lanetan, besteak beste.
Rimskyk 1888ko udan konposatu zuen Scheherezade, eta urte bereko azaroan zuzendu zuen estreinaldia, San Petersburgon. Garai hartan, exotismoa eta orientalismoa oso ondo ikusita zeuden. Obra hori Ekialde Ertaineko Mila eta bat gau ipuin tradizionalen bilduma ospetsuan dago oinarrituta. Shahriar sultanak, emakumeak desleialak zirela konbentzituta, erabaki zuen gau bakoitza emazte berri batekin igarotzea, eta, ondoren, hari burua moztea. Baina Scheherezadek bizirik jarraitu ahal izango du mila eta bat gautan, bere ipuinen bitartez sultanaren jakin-minari eutsiko diolako. Ipuin horien artean dago Simbad Marinela, obra honen inspirazio-iturri nagusia. Hori bai: suitearen lau atalei jarritako izenburuak gorabehera, konpositorearen asmo nagusia ez zen istorio bat kontatzea, ezpada girotzea. Elementu bateratzaileak sultanarekin eta Scheherezaderekin erlazionatutako gaiak dira. Biak partituraren hasieran agertzen dira, eta dualtasun berri bat zehazten dute: orkestraren ankerkeriaren eta indarraren aurrean, biolinak melodia gozo, apaindu eta sentsual batez erantzuten du. Pieza bat eta bestea elkarrekin lotuta agertzen dira obran, forma musikalaren kontzepzio berritzailea garatzen duten gai eroaleak balira bezala, Scheherezade poema sinfoniko izugarri bat balitz bezala.

Asier Vallejo Ugarte

 

STANISLAV KHRISTENKO – Pianoa

Stanislav Khristenkoren emanaldiek lau kontinenteetako entzuleak liluratu dituzte, hamaika urterekin lehenengo errezitaldia eman zuenetik bakarlari gisa. «Pianoaren poeta» (Le Soir), «piano-jotzaile sinpatikoa eta talentuduna» (The Washington Post)…, Khristenkok mundu osoko komunikabideetan jaso izan ditu goraipamenak. El País egunkariak ere, «teknika zehatza, soinu indartsua eta altzairuzko atzamarrak» dituela esan zuen.
Stanislav Khristenko bakarlari gisa agertu izan da Belgikako Orkestra Nazionalarekin, Clevelandeko Orkestrarekin eta Hong Kongeko Ganbera Orkestrarekin, besteak beste. Bere interpretazioetatik, nabarmentzeko modukoak dira bakarka eman dituen errezitaldiak Carnegie Hallen, Vienako Konzerthausen eta Bruselako Arte Ederren Jauregian.
Kontzertuen denboraldi honetan, Estatu Batuetan, Hego Korean, Italian, Espainian, Belgikan eta Bulgarian joko du. Khristenkok Steinway&Sons disko-etxean berriki argitaratu duen diskoak kritika bikainak jaso izan ditu, aho batez.
Stanislav Khristenkok piano-lehiaketarik ospetsuenetako batzuetako lehenengo sariak irabazi ditu. Soilik 2013an, Clevelandeko Nazioarteko Piano Lehiaketako eta Maria Canals Nazioarteko Musika Lehiaketako lehenengo sariak lortu zituen, bai eta Isabel Erregina Lehiaketako laugarren saria ere.

 

ANDREW GOURLAY – Zuzendaria

Jamaikan jaio eta arbaso errusiarrak izan arren, Andrew Gourlay Bahametan, Filipinetan, Japonian eta Ingalaterran hazi zen. Lanbidez tronboi-jotzailea eta piano-jotzailea izanik, graduondoko beka bat lortu zuen orkestra-zuzendaritza ikasteko Royal College of Music delakoan, eta, han, sinfoniak prestatu zituen Haitink eta Norringtonentzat.
Andrew Gourlay zuzendari nagusi gonbidatu izendatu dute Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoan, 2014/15 denboraldirako. 2010ean, Cadaquésko Orkestra Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketako lehenengo saria irabazi zuen, eta sir Mark Elderren eta Hallé Orkestraren zuzendari laguntzaile izendatu zuten, bai eta Hallé Gazte Orkestraren musika-zuzendari ere. Birritan aritu izan da sir Colin Davisen ordez Barbican zentroan, eta ordezko zuzendari gisa egin izan du lan Gergievy Masurrentzat.
Bere azkenaldiko eta etorkizuneko konpromisoen artean daude zenbait emanaldi zuzendari gonbidatu gisa, Philharmonia Orkestrarekin, BBC Orkestrarekin, Hallé Orkestrarekin, Birmingham Hiriko Orkestra Sinfonikoarekin, RTÉ Sinfonikoarekin, Melbourneko Sinfonikoarekin, Aucklandeko Orkestra Filarmonikoarekin, Rotterdameko Filarmonikoarekin, Stavangerreko Sinfonikoarekin, Bordele-Akitaniako Orkestra Nazionalarekin, Porto Casa da Música Orkestra Sinfonikoarekin, eta Espainia osoko zenbait orkestrarekin eta London Sinfoniettarekin, BBC Proms delakoetan.
Operaren esparruan eskaintzen dituen emanaldien artean, nabarmendu behar da Erresuma Batuan Luca Francesoniren Quartett obra estreinatu zuela Royal Opera Houserako, Rusalka eta La Tragédie de Carmen English Touring Opera konpainia ibiltariarentzat, eta Figaroren ezteiak, berriz, Benjamin Britten Nazioarteko Opera Eskolan. Zuzendari laguntzailea izan da Glyndebourneko Opera Jaialdian, eta, duela gutxi, Tippetten The Ice Break obra zuzendu zuen, Graham Vicken ekoizpen berri batean, Birminghameko Opera Konpainiarentzat eta Birmingham Hiriko Orkestra Sinfonikoarentzat.
 

 

MILA ETA BAT GAUETARAKO MUSIKA
Birtuosismoa da egitarau hau definitu dezakeen hitza. Birtuosismoa, Liszten kontzertuko bakarlariari dagokiona; izan ere, lan hau bere neurrira idatzi zuen egileak, eta, ondorioz, erronka handia da piano-jotzaile guztientzat. Eta birtuosismoa, orkestrari dagokiona Sherezade lanaren kasuan; izan ere, lan horrek erabateko ahalegina eskatzen die orkestrako bakarlari guztiei, lehenengo biolinaren bakar-saio ezagunarekin hasita. Eta, aurretik, obertura bat, non Wagnerrek modu sinfonikoan laburbildu baitzuen Tannhauser opera handian garatuko zituen gaiak.

 

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
18 - 19
Api
2024
>Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Emmauel Pahud aspaldi kokatu zen txirularen esparruko gailurrean. Bere ibilbidean ziztu bizian gertatu da dena 22 urte zituela Berlingo Filarmonikoan bakarlari-plaza lortu zuenetik; bera zuzenean entzun dutenek diote bere musika amasaren luzapena bezalakoa dela. Zuzendari-titular gisa egindako ibilbideari agur esaten hasteko, Erik Nielsenek Mahlerren S. sinfonía eskainiko digu, eta haren gailurrez, haranez eta adagietto ederraz gozatuko dugu.

Abono:

XX Century Classics


Erik Nielsen, zuzendaria
Emmanuel Pahud, flauta


I

CARL NIELSEN (1865 – 1931)

Kontzertua flauta eta orkestrarako*

I. Allegro moderato
II. W. A. Mozart: Andante,flautarako Do Maiorrean, K. 315
III. Allegretto

Emmanuel Pahud, flauta

II

GUSTAV MAHLER (1860 – 1911)

5. sinfonia do sostenitu minorrean

I. Trauermarsch
II. Sturmisch bewegt
III. Scherzo: Kraftig, nicht zu schnell
IV. Adagietto
V. Rondo – Finale

*Carl Nielsenen kontzertua flauta eta orkestrarako bi mugimenduen artean Wolfgang Amadeus Mozarten andante flauta eta orkestrarako Do Maiorrean, K. 315 joko da.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
25 - 26
Api
2024
>Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Lekua: Euskalduna Jauregia

Ein He/denleben zuzendari-lana da. Richard Straussek berak zuzendu zuen lehen emanaldian; hala ere, beste zuzendari handi bati eskainita zegoen, Mengelberg zuzendariari eta Concertgebouweko orkestrari, hain zuzen ere. Nielsenek poema sinfoniko izugarri hau aukeratu du titular gisa denboraldi honetan emango duen azken kontzerturako. Programa osatzeko, Schönberg eta Saint-Saëns musikagileen beste bi pieza ezagun izango ditugu entzungai, eta aipatzekoa da Alexandre Kantorow karismadunaren presentzia.


Charla preconcierto
2024/04/26 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza


Erik Nielsen, zuzendaria
Alexandre Kantorow, pianoa


I

ARNOLD SCHOENBERG (1874 – 1951)

Bost pieza orkestrarako Op. 16 (1949 berr.) *

I. Vorgefühle
II. Vergangenes
III. Farben
IV. Peripetie
V. Das obligate Rezitativ

CAMILLE SAINT-SAËNS (1835 – 1921)

5. kontzertua piano eta orkestrarako Fa Maiorrean Op. 103 “Egiptoarra”*

I. Allegro animato
II. Andante
III. Molto allegro

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Ein Heldenleben Op. 40

Heroia[Der Held] (attacca)
Heroiaren aurkariak [Des Helden Widersacher] (attacca)
Heroiaren bataila-eremua [Des Helden Walstatt ] (attacca)
Heroiaren bake lanak [Des Helden Friedenswerke] (attacca)
Erretiora mundutik eta heroiaren gailurra [Des Helden Weltflucht und Vollendung]

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
29
Api
2024
>Cámara 08

Cámara 08

Lekua: Euskalduna Jauregia

A. Schnittke: Boskotea pianoarekin
BOSen boskotea pianoarekin

A. Schnittke: Moz’ Art à la Haydn
BOSen hari-ensemblea

W. A. Mozart: Ziri musikal bat, KV 522
BOSen hari eta haize ensemblea

Informazioa eta sarrerak
04
Mai
2024
>Mozartland

Mozartland

Lekua: Euskalduna Jauregia • 0B Aretoa

Kontzertua familian
Princep Totilau + Cuarteto BOS, konpainia
Wolfgang Amadeus Mozart, musika
Pol Requesens, moldaketak

Bilbao Orkestra Sinfonikoa

­2 urtetik aurrera

PREZIOAK:
Orokorra 10 €
BOSaren abonatuak* 9 €
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

“Mozartland” kontzertu-ikuskizun bat da, publikoa gonbidatzen duena Mozart txikiaren eta bere arreba Nannerlen jolas gelan esertzera, hezur-haragizko bi haurrek interpretatuta. Han, musikagilearen zuzeneko musikarekin, harizko eta txirulazko laukote baten eskutik, hiru aktorek maskarekin antzezten dituzte Salzburgoko jenio txikia gehien dibertitu zuten ipuin herrikoiak: igela, printzesa, erregea, txanogorritxoa, otsoa, amona, Hansel eta Grettel, sorgina eta Bremengo musikariak.

Bere jokoarekin, Mozart bi anaiak ipuinetako istorioak eta protagonistak edertasun, egia eta ontasun bihurtzen saiatuko dira, urte batzuk geroago Wolfgangek bere musikarekin egingo zuen bezala.

Sarrerak 2023ko abenduaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Garrantzitsua: ­aretora ­sartu­ nahi duten ­persona ­guztiek­ (adina edozein dela ere) ­dagokien ­sarrera ­aurkeztu ­behar ­dute.

Informazioa eta sarrerak