Kontzertuak

BOSen DENBORALDIA 3-2014-2015


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

JAZZ GAUA

Kurt Elling, abeslaria
Nabil Shehata, zuzendaria

Kantuak: Paul Simon, Duke Ellington, Eden Ahbez eta Betty Carterrenak besteak beste.

DATAK

  • 06 azaroa 2014       Euskalduna Jauregia      19:30 h.
  • 07 azaroa 2014       Euskalduna Jauregia      19:30 h.

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Jazzaren zortzi hamarkada
 
Nina Simonek zioenez –jazzaren erreginetako bat izan zen, berrogeita hamarreko hamarkadatik hil zen arte– ,“musika klasiko beltza” egiten zuen berak, eta ez zuen nahi izaten Billie Holidayrekin aldera zezaten: nahiago zuen bere burua Maria Callasen ispiluan islatuta ikustea. Simoneren garaian, inoiz baino gehiago lausotu ziren jazzaren zenbait adarren, musika klasiko zeritzonaren eta herri musikaren esparruko hainbat molderen –hala nola, rockaren– arteko mugak. Askotariko tradizioak elkarrekin nahastu ziren, eta norabide guztietan zabaldu ziren eraginak. Obra mistoak idatzi ziren, hala nola, Schullerren Kontzertinoa jazz laukote eta orkestrarako; Berio eta Stockhausenen mailako musikagileek aintzat hartu zituzten garai hartako rockeko izarren joera aurrerazaleak; gitarra elektrikoek beren tartea bilatu zuten mundu sinfonikoan; eta Ornett Coleman eta Anthony Braxton jazzlariek, besteak beste, garaiko musika “larriarekin” alderatzeko moduko konplexutasuneko molde, harmonia eta egitura erritmikoak garatu zituzten.
 
Musikagile klasikoen eta jazzaren arteko loturak oso aspaldikoak ziren, ordea. Ez dago jazzaren sorrera adierazten duen data, obra, izen edo mugarri jakin bat; izan ere, jazza garatu zuen kulturak oharkabean sortu zuen musika molde hura. Horregatik zioen Bill Evansek jazza sentimendu bat zela, beste ezer baino lehen. 1900. urte inguruan, ohikoa zen Estatu Batuetako hegoaldeko landa eremuetan abeslari beltzek beren jatorri afrikarrari loturiko auhenak kantatzea. Estilo hura, gerora blues izenez ezaguna egin zena, berehala bereganatu eta imitatu zuten zurien orkestrek, bereziki New Orleansen, eta inprobisazioak lantzen hasi ziren, beltz haien kantuak oinarri harturik. Horrela loratu zen jazza, XX. mendearen hasieran, kontinente berrian finkatzen ari zen kultura musikal berriaren funtsezko elementu modura. Kluba Estatu Batuetako gizarte bizitzaren gune nagusietakoa bihurtu zen. 1920ko hamarkadan, zabalkunde ikusgarria izan zuen jazzak, Harlem Renaissance bete-betean, eta, estatubatuar musikagile askorentzat akuilua izan zen bezala (Aaron Copland, George Gershwin), haren oihartzuna Atlantikoaren alde honetan ere entzun zuten Ravel eta Stravinskiren mailako maisuek, besteak beste.
 
Nicholas Cookek iradoki duenez, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, “tradizio jaso alternatibo moduko bat” bilakatu zen jazza. Abeslari melodiko edo crooner deritzenen ospe itzelak bultzaturik, jazza herri musikatik bereizten hasi zen, abangoardiaren gotorleku bihurtzeraino, pixkanaka. Bide horretatik, are gehiago estutu zituen tradizio klasikoko musikagileekiko loturak; hala gertatu zen, adibidez, Leonard Bernsteinekin, zeina baitzen berrogeita hamarreko hamarkadan munduko orkestra zuzendari miretsi eta entzutetsuenetakoa. Haren Candide operan (1956) –Broadwayrako idatzitako musikal bat, jatorrian– nekez aurki daiteke jazzaren eragin pururik, Ipar Amerikako komedia musikalaren eta opera tradizionalaren osagaiak uztartzea baitu xede nagusia. Ez zuen arrakasta handirik izan hainbat hamarkadatan, eta horren erakusgarri da Europan hain berandu ezaguna egin izana. Dena dela, haren obertura izugarri ospetsua egin zen 1957an, Bernsteinek New Yorkeko Orkestra Filarmonikoarekin jotako kontzertu batean zuzendu zuelarik. Urte hartan bertan, West Side Story musikala idatzi zuen –Broadwayrako hori ere–, Romeo eta Julieta dramaren interpretazio modernoa. Berealdiko arrakasta lortu zuen, eta arrakasta horren emaitza dugu Robert Wise eta Jerome Robbinsen film ahaztezina. Obra horretan, iraganetik oinordekotzan jasotako teknikek (kontrapuntuak, esaterako) bat egiten dute jazzetik eta Latinoamerikako herri musikatik hartutako elementuekin, eta haren gai nagusietako batzuk presente daude Maurice Peressek orkestra sinfoniko tradizionalerako egokitutako Oberturan.
 
Hala, Bernstein izan zen herri artearen esparruan murgildu zen musika klasikoko lehen izen garrantzizko eta eragingarrietakoa. Hirurogeita hamarreko hamarkadan, guztiz zabaldu ziren dogmak hausteko eta denbora azeleratzeko bideak. Era berean, kantu melodikoaren arloak izar handiak eman zizkion musikari. Crooner haietako asko eta asko (Frank Sinatra, Nat King Cole, Paul Anka, Tony Bennett, Louis Armstrong zaharra) jazzetik zetozen, eta oso ondo jabetzen ziren obra musikalaren kontzeptuari zentzu berri bat ematen ari zitzaizkiola: edozein molde estetiko eta estilistikora egoki zitekeen gai, doinu, kanta bat, edozein zela ere haren jatorria. Interpretatzaileak beste neurri bat hartu zuen musikagilearen aldean. My Way kantuak, esaterako, Sinatraren obra zirudien, aspaldi Strange Fruit Billie Holidayrena izan zen bezala, Abel Meeropolek idatzia zen arren. Musikagile handiek ere ezin izan zuten fenomeno hori saihestu, ezta Gershwinek ere, esaterako. Horregatik, Kurt Ellingek gaur berreskuratuko dituen gaietako asko bere garaian interpretatu zituzten abeslariei esker dira ezagunak, haien egileei esker baino gehiago.
 
My Foolish Heart da askotariko estiloetako musikariek interpretatutako klasiko horietako bat: Bill Evans, Astrud Gilberto, Keith Jarrett eta Sinatrak berak interpretatu dute. Victor Youngek idatzi zuen, 1949an, Mark Robsonen izen bereko filmerako. Mondo Cane (1962) filmeko More kantua Riz Ortolani eta Nino Oliviero italiarrek sortu zuten, elkarren oso bestelako bi mundu elkartuta: jazza eta napolitar kantagintza. 1963an, Abesti Onenaren Oscar sarirako izendatuta egon zen. Ellingek Michael Franks gure garaiko jazzmanari maileguan hartu dio Nightmoves, 2007an bere karrerako zazpigarren diskoari izena eta hasiera eman ziona. Disko bereko beste bi kantu ere badakartza. Tight (1976) ahots jazzaren mito handietako baten lana da, Betty Carter abeslari zoragarri eta oso birtuosoarena, eta I Like the Sunrise (1947) kantuak Duke Ellingtonen musikaren poetika eta berotasuna biziberritzen ditu. Liberiaren independentzia adierazpenaren mendeurrena ospatzeko suite baten (The Liberian Suite) pasartea da kantu hori. Double Blues Chicagoko Orbert Davis tronpeta-jotzailearen Priority diskoan (2002) kantatu zuen Ellingek.
 
Easy Living (1937) abestia Thanks for the Memory filmaren egile Ralph Rainger eta Leo Robini zor diegu, eta jazzlari askoren ahotsean entzun izan da, hala nola, Ella Fitzgerald, Billie Holiday, Miles Davis eta Chet Bakerren ahotsetan. Jazz klasikoenaren oihartzuna dakarren Day Dream (1941) kanta Billy Strayhorek eta, berriro ere, Duke Ellingtonek lau eskutara idatzitako obra da. Never Say Goodbye (1995) Kurt Ellingen lehen diskoan agertu zen: Close Your Eyes zen disko hura, eta Grammy sarietarako izendatu zuten. Laurence Hobgoodekin batera sortutako kantua da, orain dela gutxi zeinek bere bidea hartzea erabaki zuten arte, bere ohiko pianista izandakoarekin batera sortutakoa, alegia. Stardust (1929), Hoagy Carmichaelena, Estatu Batuetako kantagintzaren ikur bihurtu da urteek aurrera egin ahala. John Coltrane eta Ringo Starr, Dizzy Gillespie eta George Benson, edo Louis Armstrong eta Frank Sinatra… asko dira beren karreraren uneren batean kantu horri heldu dioten interpretatzaileak. Nature Boy askotariko estiloen arteko mugak hautsi zituen beste kanta bat da; Eden Ahbezek idatzi zuen, eta Nat King Colek egin zuen ospetsu, 1948ko interpretazio sentikorraren bidez. 
 
Kurt Ellingek tradizioa berritzeko modu gisa lantzen ditu gai klasikoak eta modernoak, askotariko moldaketekin. Haren eskuetan, haren ahotsean, haren mikrofonoan, musikak ez du mugarik, ezta musika klasiko "zuria" jotzen ohitutako orkestrarentzat ere. 1920ko hamarkadatik gaur egunera arte, errepertorio zabala lantzen du, garai oso baten ondareari jarraipena emateko xedez. Hori bai, alde batera utzi gabe jazzaren bi oinarri nagusiak: erritmoa eta inprobisazioa.
 
Asier Vallejo Ugarte
 
 
 
KURT ELLING
Kurt Elling -Grammy baten irabazlea- munduko jazzeko kantari ospetsuenetakoa da. Azken hamalau urteetan, sariak eskuratu ditu DownBeat Critics Poll guztietan; eta, aldi berean, Jazzeko Kazetarien Elkarteak zortzi aldiz nabarmendu du urteko gizonezko kantari gisa. Ellingen disko guztiak Grammy sarietarako hautagai izan dira.
Kurt Elling artista egoiliarra izan zen Singapurko eta Monterreyko jazz jaialdietan. Era berean, diziplina asko uztartzen dituzten obrak idatzi ditu Steppenwolf antzokirako eta Chicago hirirako. Obama administrazioaren lehen estatu afarian, emanaldi gogoangarria eskaini zuen Ellingek.
Ellingek vocalese teknika lantzen du, eta ospe handiko artista da. Eddie Jefferson, King Pleasure eta Jon Hendricksen mailako jazzaren arloko aitzindarien oinordeko naturaltzat hartua da, eta hitzak jarri dizkie Wayne Shorter, Keith Jarrett eta Pat Methenyk inprobisatutako soloei. Rilke, Rumi, Neruda eta Prousten mailako idazleen irudiak eta erreferentziak atxiki ohi dizkio, sarritan, bere obrari.
Ellingen azken grabazioa, 1619 Broadway – The Brill Building Project, London Telegraphek «mendebaldeko munduko herri kantagintzaren sortzaile» izendatu zuen lokalaren omenaldia da. Ellingek sinatutako kantuen moldaketak eta interpretazioak direla medio, disko hori ezinbestekoa da gaur egungo arte kantatuaren adierazpen gorena bilatzen duenarentzat.
 
 
NABIL SHEHATA
Nabil Shehata Municheko Ganbera Orkestraren zuzendaria da, 2011ko irailaz geroztik. Izendapen hura baino zenbait urte lehenago hasi zen zuzendari lanetan, baina munduko kontrabaxu-jotzaile nagusietako bat ere bada, aldi berean.  
 
Zuzendari gisa, Daniel Barenboim, Lawrence Foster eta Christian Thielemannekin ikasketak egin ondoren, debut ikusgarria egin zuen, Cottbusen (Alemania), 2007an; hurrengo urtean, Venezuelan, Simón Bolívar Orkestra zuzendu zuen, Gustavo Dudamelek gonbidatuta. Harrezkero, mundu osoko orkestrekin lan egiten du, hala nola, Toulouseko Capitolioko Orkestra Nazionalarekin, Kiotoko Orkestra Sinfonikoarekin eta Dusseldorfeko Orkestra Sinfonikoarekin.
 
Nabilen karrera, nolanahi ere, 2003an hasi zen. Urte hartan, Municheko Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuen: lehiaketa hura irabazten zuen lehen kontrabaxu-interpretatzailea izan zen, hain zuzen ere. 2004an, Berlingo Orkestra Filarmonikoak gonbidatu zuen, eta Daniel Barenboimen zuzendaritzapean jo zuen lehen aldiz, 2007/2008 denboraldian. Sarritan jarduten du bakarlari, orkestra askok gonbidatuta: Bavierako Irratiko Orkestra Sinfonikoa, Lisboako Gulbekian Orkestra, etab. Era berean, oso konprometituta dago West-Eastern Divan Orchestrarekin. Eskola magistralak eman ohi ditu Europan, Israelen eta Japonian. 
 
Kuwaiten jaio zen, 1980an; alemana zuen ama, eta egiptoarra aita. Nabil Shehata pianoko eskolak hartzen hasi zen, baina laster erakarri zuen kontrabaxuak, eta instrumentu horretako ikasketak egin zituen, Thomas Zscherpe eta Michinori Bunyarekin, Würzburgen, eta Esko Lainerekin, Berlinen.

JAZZ GAUA, KURT ELLINGEKIN
365 Jazz Bilbao ekimenarekin lankidetzan, jazz beteko gau batean murgilduko gara, Kurt Elling entzutetsuaren eskutik eta ahotsetik. Artista hori crooner klasikoaren figuratik urruntzen da, eta, bere baritono-ahotsaren kolore ederrari, erregistro zabalari eta inprobisaziorako duen teknikari esker, ahots-jazzeko albumik onenaren Grammya lortu zuen. Besteak beste, Duke Ellington, Paul Simon edo Betty Carterren klasikoak entzun ahal izango dira, eta BOS, gau horretan, Big Band eran jantziko da.
 

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2024-2025
07
Mar
2025
>Musika-Música | 1. Kontzertua

Musika-Música | 1. Kontzertua

Lekua: Arriaga Antzokia

SOCIEDAD CORAL DE BILBAO

ENRIQUE AZURZA zuzendaria

BILBAO ORKESTRA SINFONIKOA (BOS)

ERIK NIELSEN zuzendaria

R. Wagner: El holandés errante, obertura
P. I. Chaikovski: El lago de los cisnes, suite
A. Borodin: Danzas polovtsianas de «El príncipe Igor»

Informazio gehiago

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
08
Mar
2025
>Musika-Música | 18. Kontzertua

Musika-Música | 18. Kontzertua

Lekua: Euskalduna Jauregia · Auditorioa

ELLINOR D’MELON biolina

BILBAO ORKESTRA SINFONIKOA (BOS)

ERIK NIELSEN zuzendaria

P. I. Chaikovski: Romeo y Julieta, obertura–fantasía TH 42c
M. Bruch: Concierto para violín y orquesta nº1 en sol menor opus 26

Informazio gehiago

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
13 - 14
Mar
2025
>Beethoven eta Atomic Doktorea

Beethoven eta Atomic Doktorea

Lekua: Euskalduna Jauregia

John Adamsek opera biziberritu zuen, eta eszenara itzularazi zituen egunkarietako azaletan agertutako arestiko historiaren albisteak. Atomic Doktoreak bonba atomikoaren lehen saiakuntzak inguratu zituen tentsio-giroa birsortzen du, eta aurrea hartu zuen Oppenheimer heroi tragikoaren mailara igotzeko orduan. Bere musikak hain izan zuen indar handia, non Adamsek sinfonia bat sortu zuen bere gainean; programan, horren atzetik, Beethovenen biolin-kontzertu argitsua dator, Khachatryan bikainaren eskuetatik iritsiko zaigun musika sendagarria.

Joana Carneiro, directora
Sergey Khachatryan, violín


I

SAMUEL BARBER (1910 – 1981)

Adagio harirako

JOHN ADAMS (1947)

Doctor Atomic Symphony*

The Laboratory – Panic – Trinity

II

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

Kontzertua biolin eta orkestrarako Re Maiorrean Op. 61

I. Allegro ma non troppo
II. Larghetto. Attacca:
III. Rondo. Allegro

Sergey Khachatryan, biolina

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 110’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
24
Mar
2025
>Ganbera 7

Ganbera 7

Lekua: Euskalduna Jauregia

Bakarlari Handiak BOSekin batera

Komitas: Armeniar abesti herrikoiei buruzko 14 pieza
A. Schönberg: Gau itxuraldatua Op. 4, hari-seikoterako

Sergey Khachatryan, biolina
BOSen hari-seikotea

Informazioa eta sarrerak