Kontzertuak

BOSen DENBORALDIA 4-2014-2015

Hastapeneko abonua – “Enigmak eta kondairak” abonua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

J. Guridi: On Kixoteren abentura bat
C. Saint-Saëns: 2. kontzertua pianorako, sol minorrean
E. Elgar: Enigma bariazioak

Elisso Bolkvadze, pianoa
Jon Malaxetxebarria, zuzendaria

DATAK

  • 13 azaroa 2014       Euskalduna Jauregia      19:30 h.
  • 14 azaroa 2014       Euskalduna Jauregia      19:30 h.

Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Musikak kontatzen diguna: abenturak, omenaldiak, igarkizunak…

 
Musikak diskurtso amaigabea du. Horixe da, hain zuzen ere, musikaren erakarpen indarraren gakoetako bat. Belarri bakoitzaren aurrean modu jakin batean agertzen da. Gutako bakoitzak modu berezi eta besterenezin batean gozatzen dugu musika; izan ere, Carlos Castilla del Pino psikiatra eta melomano amorratuak zioenez, “nik zer esanahi izan dezan nahi dudan, esanahi horixe izango du: halaxe gertatzen da musikan”.
Bere izaera eitegabeari eta polisemia infinituari esker, musikak pasarte literarioak lagun ditzake, sentimendu eta pertsonaien hotsa adieraz dezake edo giza trebetasunaren zerbitzura jardun dezake, esku akrobaten arintasuna gauzatuz. Hori, eta guk antzeman ezin diogun askoz ere gehiago –igarkizuna, beti airean dilindan–, ekarriko digu musikak gure belarri eta gogoetara.
Gau-ekitaldiari hasiera emateko, bertako musikagile bat izango dugu entzungai: Jesús Guridi (Gasteiz, 1886 – Madril, 1961). Musikarako berezko dohaina zuen, eta interpretatzaile eta musikagileen ondorengoa zen guraso bien aldetik: Ledesma maisua haren birraitona zen; aitonak organo-jotzaileak izan zituen, eta ama eta amona, pianoko irakasleak; aita, berriz, biolin-jotzailea zen. Familiaren gorabeherak zirela-eta, haurtzaro ibiltaria izan zuen, harik eta 1899an familiarekin Bilbon kokatu zen arte. Urteak ziren Bilbok bizitza musikal oparoa zuela, musikazale ekintzaile bikain batzuei esker, eta, giro hartan, hiriari ekarpen aipagarria egin zion gazte talde bat elikatu eta loratu zen, kultura ikuspegi interesgarri bat eraiki zuena bere gozamenerako. Bilbo hiribildu bizia izatetik garapen kultural eta artistiko nabarmeneko hiri izatera eraman zuen burgesia urduri hark jarritako bitartekoei esker, etorkizun handiko eta irrika biziko gazte hura nortasun aberats eta askotarikoko musikagile bihurtu zen: konposizioaren arloan, teknika paregabea zuen, eta joera nagusiki lirikoa; pianista eta organista gisa –organoa zuen musika-tresna bereziki kutuna– asmamen eta inprobisaziorako ahalmen harrigarriak zituen; eta zuzendari zorrotza zen, bai eta oso aintzat hartua ere. Guridirengan “agintzaz beteriko inspirazio bat” ikusi zutenei esker, Paris, Belgika eta Kolonian ikasketak egin ahal izan zituen, eta musikagile “gazte eta gailen” gisa itzuli zen Bilbora. Guridik gaindika itzuli zuen mesedea, bere konposizioaren, interpretazioaren eta irakaskuntzaren altxorraren onura ekarri baitzion hiriari. Bilboko Koral Elkartearen zuzendari izan zen 1918 eta 1930. urteen bitartean –aurrez, zuzendarikide ere bai–, eta Joan Santuen elizako eta Santiagoko organista izan zen (Guridiren aitona eta birraitona ere Santiagon aritu ziren).
1915ean, On Kixoteren abentura bat olerki sinfonikoa aurkeztu zuen Madrilgo Círculo de Bellas Artesek antolatutako lehiaketa batera. Bigarren saria eskuratu zuen partitura harekin –lehen saria hutsik gelditu zen–, eta 1916ko azaroan estreinatu zuen Madrilgo Orkestra Filarmonikoak.
Kixoteko pasarteen artean, VIII. eta IX. kapituluak aukeratu zituen, zeinetan Mantxako eroak aurre egiten baitio Sevillara bidez zihoan Bizkaiko andre baten ezkutari harrituari. Protagonistak zaldun ez izatea leporatzen dio ezkutariari, eta, irain horrek sututa, hark erantzuten dio bi bider dela zalduna: “bizkaitarra, lehorrez; kaparea, itsasoz”.
Zuzeneko hizkuntzaren bidez eta bere garaiko Europako joeren ildotik, Guridik Gaztelako folklorearen gai adierazgarrienak eta euskal kutsuko ideiak uztartu zituen. Hori guztia, meditaziotik antzezpenerako tarte osoa hartzen duen giro batez lagunduta, eta distira handiko orkestrazioarekin.
Camille Saint-Saëns paristarrak (Paris, 1835 – Aljeria, 1921) emango dio jarraipena kontzertuari. Saint-Saëns oso ikasia eta gustu fineko musikaria izan zen, txikitatik ohitua “saloiekin”, burgesia dirudunaren kultura estetikoarekin. Bizkor erakutsi zuen ohiz kanpoko adimena zuela, eta diziplina askotarako interesa izan zuen: filosofia, antzerkia, botanika, geologia, astronomia, arkeologia, latina, grekoa… Camille txikiak bi hilabete besterik ez zituela alargundu zen haren ama, eta betidanik akuilatu zuen semea ikasketarako; guztia seme bakarraren dohain ugariak garatzeari eman zizkion bere ahalegin eta denbora. Zazpi urterekin, pieza musikal txikiak aztertzen eta idazten dibertitzen zen Camille, eta maisu handien lanak transkribatzen, Haydn eta Mozartenak esaterako (bere bizitzaren amaieran, partitura haiek aztertu zituen, eta ez zuen aurkitu akats harmoniko bakar bat ere). Hamar urterekin, pianista gisa debuta egin zuen Parisko Pleyel aretoan, eta hamahirurekin murgildu zen musikan buru-belarri. Interes goiztiar haren eta hainbeste gai jorratzeak eskatzen zion lan nekagarriaren ifrentzuan, bere adineko gazteekiko harremanik eza eta haur jolasetarako denborarik eza zeuden. Eta horren ondorioz, agian, izaera urruna, garratza izan zuen, batzuetan atsekabegarria ere bai, eta bere bizi luzean etsai batzuk sortu zizkion horrek. Zenbait lankideri buruzko iruzkin negatiboak eta ageriko gutxiespenak lausotu egin dute bere herriko musikari ekarri zion onura; frantses musikagileen belaunaldi oso bat babestu zuen Societé Nationale de Musique erakundearen sortzaileetako bat izan zen, besteak beste.
Kontzertuaren generoari dagokionez, Saint-Saënsek idazketarako teknika paregabea zuen, eta edertasunaren ikuspegi sentsuala –frantses joerarekin bat–; horrek bultzatuta, modu adimentsu eta orekatuan erabili zituen baliabide klasikoak, bere obra gardentasunez eta forma dotoreez janzteko eta bakarlarien interpretazioan argitasuna eta araztasuna nabarmentzeko moduan. Ez da emozioen sakonean murgiltzen, eta bere diskurtsoaren soslaiak marrazteko trebetasunean datza bere lanaren edertasunaren parte handi bat.
Haren konposizio bikainaren eta dohainen bat-batekotasunaren erakusgarria da 2. kontzertua piano eta orkestrarako, sol minorrean. Hamazazpi egunean idatzi zuen obra, eta beste zenbait egun baino ez zituen behar izan hura estreinaldirako prest uzteko; bera bakarlari zela estreinatu zuen, Parisen, 1868ko maiatzean.
Modu nolabait ezohikoan hasten da, Andante sostenuto batez: atal horretan, pianoaren bakarkako pasarte batek toccata bat gogorarazten du, Bachen omenaldi modura, haren teklaturako fantasien tankerakoa. Atal horren ondoren, sol minorrak pasarte zenbaiti atxikitzen dien dramatismoaren eta lehen gaiari eta bigarren gaiari darien lilura lirikoaren artean kulunka dabil mugimendua; lehen gaia Saint-Saënsen ikasle Faurék ikasketak egiten ari zen garaian idatzitako Tantum ergo batetik hartu zuen, eta ukitu schumanndarra dario bigarrenari, nolabait. Mugimendua hasitako modu berean amaitzen da, “preludioak” eta “postludioak” egituratuta. Jarraian datorren Allegro scherzando atalean, mugimenduaren arintasuna eta birtuosismoa nabarmentzen dira, paristar ukitua duen eta entzunaldia atsegin egiten duen umore berezi batekin tartekatuta. Kontzertua Presto atalaz amaitzen da; atal izugarri bizia da, tarantella sutsu batek osatua, eta, aurreko mugimenduko pasarte batzuekin batera, Mendelssohni keinua egiten diola dirudi; suhartasun handiko pasarteak dira, eta trebetasun aparta eskatzen diote bakarlariari.
Arratsaldea amaitzeko, Enigma bariazioak, Op. 36 entzungo dugu. Edward Elgar musikagileak (Broadheath-Worcester, 1857 – Worcester, 1934) bere inguruko pertsonen erretratuen bilbe bat eraiki zuen, sentiberatasunez, umorez eta txeraz betea; Elgar –sir titulua eskuratu zuen– gaztetatik lotu zitzaion musikari, baina ez handitasunez, apaltasunez baizik; izan ere, pianoen afinatzailea zuen aita, eta aitaren musika-denda txikian partiturak irakurtzen, musika-tresnak probatzen eta hara inguratzen ziren musikagileekin harremana izaten hasi zen Edward. Igandeetan, berriz, Worcesterko St. George elizako organoan laguntzen zion aitari. Ingalaterra herri melomanoa zen, eta garai viktoriarrean, eta, ondoren, edwardarrean, musika lantzeko aukera bikaina ematen zuten probintzia hirietako musikazaleen abesbatzek. Elgarren amak –irakurzale amorratu eta kalitate oneko olerkigilea– sentiberatasunaren harra sartu zion musikagileari.
Enigma bariazioak Londresen estreinatu ziren, 1899an, eta postal txikien katalogo moduko bat osatzen dute, zeinetan ageri baitira musikagilearen lagun, lankide edo ezagunak, harengan utzitako oroitzapen kutun edo, besterik gabe, atseginak biltzen dituen gizatasunezko giro batean. “Enigma” gaia aurkeztu ondoren –jakina, logika osoz, Elgarrek misterioan dilindan uzten du–, bere emazte Alice agertzen da, bariazioen sorta irekiz, maitasun adierazpen bikain batean: “Gaiaren luzapen moduko bat da, eta, hala, bariazio erromantikoak eta delikatuak atxikita izan ditzan nahi dut”. Musikagileak berak –E.D.U.– ematen dio sortari amaiera. Bitartean, pertsona eta egoera errepertorio oparoa: pianista; abeslaria; lurjabea; elkarrizketa eteneko olerkaria; biola-jotzaile ederra; pianista izaten jolas egiten zen arkitekto traketsa; Norbury ahizpa lasaiak; Elgarrengan sumatzen hasi zen talentuan konfiantza jarri zuen musika kritikaria, Nimroden erretratatua, partituraren gailur erromantikoetako batean; Dorabella lagun maitea, gerora Enigma bariazioei eta haien pertsonaiei buruzko liburu bat idatzi zuena; eta ibaira jausitako organo-jotzailearen bulldog txakurra, handik onik irteteko indarrez igeri egin behar izan zuena; bere lagun maitea, biolontxelista amateurra eta dama, itsas bidaldian.
Elgar, igarkizun eta anagramen zale sutsua, entzulea nahasten ahalegindu zen bariazio batean baino gehiagotan, baita adierazpen honetan ere: “Sortaren luze zabalean, beste gai bat gailentzen da, baina ez da interpretatzen”. Igarkizun horren soluziorik ez du inork aurkitu oraindik.
Goza ezazue musikak kontatzen digunaz. Hainbeste dago entzuteko…
 
Mercedes Albaina
 
 

ELISSO BOLKVADSE – Pianoa
Elisso Bolkvadzek nazioarteko piano lehiaketa asko irabazi ditu, adibidez, Van Cliburn (AEB), Vianna da Motta (Lisboa), Axa Pianoko Nazioarteko Lehiaketa (Dublin) eta Marguerite Long (Paris), zeinetan eman baitzioten musika frantsesaren interpretazio onenaren saria. Gainera, Michel Sognyk sortutako SOS Talents fundazioaren sarietako bat lortu du.
Elisso Bolkvadze izar handitzat dute bere sorterrian, eta Georgiako Gobernuaren Domina eman zioten, hango sari nazional entzutetsuenetako bat. Orkestra askok gonbidatu izan dute beraiekin jotzera, hala nola, Txekiako Orkestra Sinfoniko Nazionalak, Lituaniako Orkestra Nazionalak, Ukrainako Orkestra Filarmoniko Nazionalak, Innsbruckeko Orkestra Sinfonikoak, Gewandhauseko Orkestrak, Frantziako Orkestra Nazionalak, Houstongo Orkestra Sinfonikoak eta San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoak.
Elisso Bolkvadzek kontzertu areto askotan jo du, honako hauetan, besteak beste: Pleyel, Gaveau, Zelai Eliseoetako Antzokia (Paris), Hercules (Munich), Opera Zaharra (Francfurt), Kennedy Zentroa (Washington), Pasadena Auditoriuma (Los Angeles), Manzoni Antzokia (Italia) eta Konzerthaus (Alemania).
Sony BMG etxearentzako diskoak grabatu ditu, Beethoven, Rachmaninoff eta Liszten pianorako kontzertuak interpretatuz. Frantziako telebista nazionaleko LCI kateak berari buruzko film dokumental bat eman zuen, eta Mezzo kateak haren zuzeneko zenbait interpretazio emititu ditu.

 

JON MALAXETXEBARRIA – Zuzendaria
Orkestrako zuzendari jarduera Ingalaterran eta Espainian gauzatzen du nagusiki, honako orkestra hauetan, besteak beste: Manchester Camerata, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Málagako Orkestra Filarmonikoa eta Liverpool Mozart Orchestran. Solihull Symphony Orchestraren zuzendaria da, 2013az geroztik.
Gernikako Segundo Olaeta musika eskolan hasi zituen musika ikasketak, bere jaioterrian. Ikasketak Bilboko J. C. de Arriaga kontserbatorioan osatu zituen, Juan Manuel Gómez de Edeta irakaslearekin. 2006an, Goi Mailako ikasketak egin zituen Chicagoko Roosevelt unibertsitatean, Chicago Symphony Orchestrako tronpa bakarlari Dale Clevenger irakasle zela, eta ohorezko matrikula eskuratu zuen. Bere merezimenduen sari gisa, Bizkaiko Foru Aldundiak beka eman zion, goi mailako musika ikasketak egiteko.
Philharmonic, BBC Scottish Symphony Orchestra eta Bournemouth Sinfonietta orkestren zuzendari izandako George Hursten ikasle ere izan zen. Hurst jaunak errepertorio klasikoko bere interpretazioekin inspiratu zuen ikaslea, eta eragin nabarmena izan zuen haren musika hezkuntzan.
Jon Manchesterrera joan zen, Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza Sailaren bekarekin, Royal Northern College of Music (RNCM) eskolan orkestra zuzendaritzako masterra egitera, eta zuzendaritzako Mortimer Furber saria lortu zuen.
Bitarte horretan, RNCMko orkestra sinfonikoa, ganberakoa eta musika garaikideko taldeak zuzendu zituen. Musika garaikidearen zale amorratua da Jon, eta, besteak beste, Simon Dobsonen tronboi eta orkestrarako kontzertuaren mundu mailako estreinaldia zuzendu zuen (BBC Radio 2k emititu zuen).

 

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2025-2026
25
Mai
2026
>Ganbera 10

Ganbera 10

Lekua: Euskalduna Bilbao · 0B Aretoa

F. M. Veracini
Obertura nº 6 en sol menor IFV 6

J. S. Bach
Concierto nº 3 para cembalo y orquesta en Re Mayor BWV 1054

F. Geminiani
Concerto grosso nº 6 en Si bemol Mayor Op. 7, H. 120

J. – P. Rameau
Les Boréades, selección

Ensemble barroco BOS
Silvia Márquez, klabea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2025-2026
23 - 26 - 29 - 01
Eka
2026
>ANDREA CHÉNIER –  U. GIORDANO

ANDREA CHÉNIER – U. GIORDANO

Lekua: Euskalduna Bilbao

Maiatzean, Giordanoren Andrea Chénier tragedia veristak emango dio amaiera denboraldiari. Ezinbesteko opera da, melodia hunkigarriz eta zirraragarriz betetako obra indartsu eta dramatikoa, aria oso ezagunak dituena, «La mamma morta», kasurako. 2026an, 130 urte beteko dira Milango Teatro alla Scalan estreinatu zenetik, eta 73 urte ABAOn estreinatu zenetik, Coliseo Albian.

Giro historikoz bildutako drama honek, afera sozialetan murgiltzen denak, gorrotoa, indarkeria, gerra zibila, erresuminak, klaseen arteko borroka, maitasuna eta erromantzea ditu hizpide, Frantziako Iraultzaren esparruan, André Chénier poetaren bizitzaren eta heriotzaren interpretazio sortzailea eginez.

Doinu zirraragarri, hunkigarri eta jariakorrez betetako opera honetarako, ABAOk goi-mailako abeslariak bilduko ditu: Michael Fabiano tenor amerikarra, Bilbora pertsonaia nagusia antzezteko itzuliko dena; Saioa Hernández soprano miresgarria, ABAOn Maddalena di Coigny jokatuz debutatuko duena; eta, hirukote protagonista osatzeko, Juan Jesús Rodríguez baritono dramatikoa, Carlo Gérard pertsonaiaren azalean.

Musika Guillermo García Calvo zuzendariaren esku egongo da, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa zuzenduz ahalik eta etekinik handiena aterako dio melodia zabalez, pasarte deklamatorioz eta eraginkortasun handiko eszenaz osatutako partiturari.

Oholtzan, ABAO Bilbao Operaren eta Peraladako Jaialdiaren koprodukzioa, Alfonso Romerok sortua. Eszenografia zaindu eta dotorea Frantziako Iraultzan girotuta dago, eta gatazka hartako gordintasuna erabat islatzen du. Jauregiko aretoek, espetxeek eta auzitegiek eremu sinbolikoaren eta efektistaren artean dabiltzan mezuak zabaltzen dituzte.

ANTZEZLEAK

Andrea Chénier Michael Fabiano
Maddalena di Coigny Saioa Hernández *
Carlo Gérard Juan Jesús Rodríguez
La Contessa di Coigny / Madelon Elisabetta Fiorillo
La mulatta Bersi Veta Pilipenko
Roucher Gabriel Alonso *
Un incredibile / L’abate Jorge Rodríguez-Norton
Il sanculotto Mathieu Fernando Latorre
Pietro Fléville / Fouquier Tinville José Manuel Díaz
Schmidt / Dumas / Il maestro di casa Gexan Etxabe

TALDE ARTISTIKOA

Director Musical Guillermo García Calvo
Dirección De Escena Alfonso Romero Morav
Orquesta Bilbao Orkestra Sinfonikoa
Director Del Coro Esteban Urzelai Eizagirre
Coro Coro de Ópera de Bilbao
Producción Festival Castell de Peralada ABAO Bilbao Opera

* Debuta en ABAO

Gehiago ikusi
27
Mai
2026
>Ezohiko Kontzertua Joaquín Achúcarro BOSekin

Ezohiko Kontzertua Joaquín Achúcarro BOSekin

Lekua: Bilboko Elkarte Filarmonikoa

80 urte elkarrekin

Hitzordu oso berezia, Achúcarrok BOSekin egindako estreinaldi historikoa oroitzeko eta gure kultura-ondare partekatuaren atal den lankidetza ospatzeko. Mendelssohn eta Fallaren konbinazioari esker Achucarroren piano-zigilu bereziaz gozatu ahal izango dugu piano eta orkestrarako errepertorio espainiarraren obrarik enblematikoenetakoan.

Programa:
F. Mendelssohn: Las Hébridas, obertura
Grieg: Concierto para piano y orquesta en la menor, Op. 16

Interpreteak:
Joaquín Achúcarro, pianoa
Mikel Fernández, zuzendaritza

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2025-2026
04 - 05
Eka
2026
>Amerikar arima

Amerikar arima

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Pacho Flores gurera etorriko da berriro tronpeta-kontzertu bikaina jotzera, hain zuzen ere, Paquito D’Rivera apartak eskaini diona, Venezuelako erritmoetan oinarrituta. Izan ere, Amerikako kontinentearen hegoaldeak azken hamarkadetako musikarik onenetakoa eman digu; horren adibide bikainez gozatu dugu Carlos Miguel Prietoren batuta bizigarriaren erara. Adi egon Gabriela Ortizen azalpenei eta nortasunari nahiz lurraldeari buruz egingo duen hausnarketa musikalari.

C. Chávez
Sinfonía nº 2 “India”
P. Flores
Morocota
P. D’Rivera
Concerto venezolano
G. Ortiz
Téenek – Invenciones de Territorio
J. P. Moncayo
Huapango

Pacho Flores, tronpeta
Leo Rondón, cuatro venezolano
Carlos Miguel Prieto, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak