Kontzertuak

BOSen DENBORALDIA 6-2014-2015

“Enigmak eta kondairak” abonua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

M.E. Luc: Hu, orkestrarako (Estreinaldi absolutua)
P.I. Tchaikovsky: Kontzertua biolin eta orkestrarako Re maiorrean
E. Grieg: Peer Gynt, 1. eta 2. suiteak

Nemanja Radulovic, biolina
Michal Nesterowicz, zuzendaria

DATAK

  • 11 abendua 2014       Euskalduna Jauregia      19:30 h.
  • 12 abendua 2014       Euskalduna Jauregia      19:30 h.

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Oroimena eta itxaropena

 
Gaurko kontzertuko programarako oharrak idazten hasi nintzenean, Mario Benedetti idazle uruguaitarrak 2014an idatzitako “Memoria y Esperanza” liburua etorri zitzaidan gogora, neurri handi edo txikiagoan, musikak bi pertzepzio horiek helarazten baitizkigu, eta, zalantzarik gabe, gau honetan biak sentitzeko aukera izango baitugu. Gaurko programa abiaraziko duen Mª Eugenia Luc musikagileak absolutuaren eta sorreraren kontzeptuak eta batasunaren itxaropena ekarriko dizkigu gogora. Bere ondotik, Txhaikovsky eta biolinerako egin zuen kontzertua izango dira protagonistak. Bere bizitzako unerik larrienetako batean idatzi zuen kontzertu hori Txhaikovskyk, ezkontzan izandako porrot izugarri eta iragarriaren ondoren. Emozio aldetik hondoratuta, Suitzara jo zuen, ondo ulertzen zuen Modest anaia maitearen ondoan babestera. Han, bere oroimenean gordetako oroitzapen berri tristeak aldatu, eta itxaropen bilakatu zituen, eta musikaren historian sekula idatzi den biolinerako kontzerturik ederrenetako bat moldatu zuen horrela. Bestetik, Henrik Ibsen idazleak eta Edvard Grieg musikagileak eratutako aparteko binomioak Peer Gynt sortu zuen, Norvegiako identitate nazionalaren lanik adierazgarriena.Antiheroi norvegiar horren bidaien eta gaiztakerien narrazioak inpresio txar batzuk sortuko ditu kontakizunean barrena, eta ikusle eta entzulearen oroimenean geratuko dira gordeta. Azkenean, bekatuen erredentzioa lortuko du, horretan sinesten eta horretarako itxaropena baitzuen, bere zain zegoen Solveij neskatxo norvegiarren ontasunari esker. Bestalde, neskatxo horrek sekula idatzi den kanturik hunkigarri eta itxaropentsuenetako bat abestuko du.
Gaur gaueko kontzertuan Euskal Herrian bizi den Maria Eugenia Luc musikagile argentinarrak orkestra handirako egin duen Hu lanaren estreinaldia izango da. Lucek Bilboko musika garaikideko KURAIA taldea eta elektroakustika eta multimediako KLEM laborategia sortu zituen, eta, musikagilea izateaz gain, irakaslea da Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, bai ta estatuko eta nazioarteko hainbat erakundek gonbidatutako hizlaria ere. Mª Eugenia Lucen lanek erakunde askok emandako sariak jaso dituzte, besteak beste, Erromako Institutu Latino-Amerikarrak, IMEB-Bourges-ek, ISCMek, SGAEk eta Eusko Jaurlaritzak emandakoak. “2013an idatzi nuen HU lanaren zati bat, eta beste zati bat uda honetan prestatu dut. Zer da HU? Hu hitzak hiru adiera desberdin ditu, eta hirurak hartu ditut aintzat lan hau idazteko. Arabieraz, absolutuaren izena da, gizakiaren osotasuna irudikatzen du, absolutua munduan hezurmamituta. Bestetik, mitologia egiptoarrean, sorreraren hitza, soinua, lehen hitza jainkotzeko prozesua irudikatzen du. Hirugarrenik, Hu hitzak BATASUNA esan nahi du; gizakiaren ariman batasunerantz doan mugimendu bat dago. Batasunaren oinarria da Hu, batasunik handienaren iturria, ezereza eta dena, izatea eta ez izatea, espazioa eta sorrera, existentzia eza eta existentzia barne hartzen dituena. Hiru adierek soinu, batasun eta absolutuaren ideologia baterantz eraman ninduten, eta horrela zehaztu nuen obraren antolakuntza formala.
Formari dagokionez, HU hiru ataletan egituratzen da, urrezko proportzioa oinarritzat hartuta. Antolakuntza horren gainean, soinu-egoera desberdinak islatzen saiatu naiz. Barren sakonenetik ateratzen diren sonoritateetatik (soinu baxuetatik, belusatuetatik, kontrabaxu, tinbal edo harpetan hazten doazen soinu leunetatik…) eta, batzuetan, ostinato-etatik abiatuta, musikak gora egiten du biolontxelo, biola eta tronpetatik, gero kobre eta zurezkoetara igarotzen da, eta, azkenik, tresnarik altuen eta muturrekoenetara iristen da, tutti orkestral handi bat sortuz. Une goren horren ondoren, geldialdi bat dago, eta erregistrorik altuenak baizik ezin dira entzun, zurrumurru leun eta muturreko bat eratzen baita, erritmikoagoak diren adierazpideek pixkanaka xurgatzen dutena. Azken atalera heltzean, orkestrak sonoritatea modulatzen du, “zaratarantz” jotzeko, obrari amaiera ematen dion pianissimo intentsitatearen bidez”.
Tchaikovskyk 1878an sortu zuen biolinerako egin zuen kontzertu bakarra. Familiari atsegin eman nahian, eta homosexuala zela zioten zurrumurruak saihesteko, Moskuko Kontserbatorioko ikasleetako batekin ezkondu zen, Antonia Miliukovarekin. Ezkontza erabateko porrota izan zen, eta aste gutxi batzuetako elkarbizitza eramanezinaren ondoren, musikagile errusiarrak nerbio-krisia izan zuen, eta betiko banandu ziren. Emoziozko oreka berreskuratu nahian, 1878ko udaberrian Tchaikovsky Suitzako Clarens hirira joan zen, eta, han, Modest anaiaren etxean kokatu zen. Anaia izateaz gain, Modest bere libretista eta lehen biografoa izan zen, bai eta bizitza osoan hobeto ulertu zuen pertsona ere. Clarensen zegoela, lagun eta ikasle izandako biolin-jotzaile gazte bat joan zitzaion bisitan, Yosif Kotek, eta berehala hasi zen proiektu berri bat asmatzen, biolinerako kontzertua izango zena: “Idazten hasi nintzen egunetik, aldarte onean nago. Egoera espiritual honetan, konposatzea ez da neke handia, etengabeko gozamena baizik”. Hamaika egunetan prest zuen kontzertua Tchaikovskyk, alde batetik, zoriontsu zegoelako, eta, bestetik, Kotek lankidetzan aritu zelako, argibideak eman zizkiolako biolin bakarlariaren zatiak konposatzeko. Bukatu ondoren, Leopold Auer Errusiako biolin-jotzaile ospetsuari eskaini zion kontzertua Tchaikovskyk, Auerrek egin behar baitzuen estreinaldia. Hala ere, musikagilearen harridurarako, Auerrek uko egin zion gonbidapenari, partitura hura ezin zela interpretatu argudiatuta. Zorionez, garai hartako beste biolin-jotzaile batek, Adolf Brodskyk, interesa erakutsi zuen kontzertuarekiko, eta bi urte prestatzen eman ondoren, Vienan egin zuen estreinaldia, Vienako Orkestra Sinfonikoarekin, Hans Richterrek zuzenduta, 1881eko abenduaren 4an. Prentsa ez zen lan berriaren oso aldeko azaldu –Eduard Hanslick eragin handiko kritikariak iruzkin gogorra idatzi zuen, eta luzea, gusturik gabea, handiustekoa eta arrunta zela adierazi–, baina errepertorioko kontzerturik gogokoena izango zen oso denbora gutxian, eta gaur egun halakoxea da. Leopold Auerrek atzera egin zuen arren, azkenean, Tchaikovskyk Brodskyri eskaini zion kontzertua.
Partiturak aparteko aberastasun eta sentsibilitate melodikoa du, bai eta Errusiako zapore nabarmena ere. Allegro moderato lehen mugimenduan, lehenik, orkestrak aurkezpen labur bat egiten du, eta, gero, bakarlaria agertzen da, eta kontzertu osoa blaituko duen erromantizismoa zabaltzen du lehenengo notatik. Modest eta Koteken aholkuak betez Tchaikovskyk egun batean konposatu zuen Canzonetta zoragarrian, bakarlariak sordina nola erabiltzen duen nabarmentzen da –Modest eta Koteki ez baitzitzaien gustatu hasieran idatzi zuen bigarren mugimendua–. Trantsizio erromantiko eta misteriotsu baten bidez, dantza-erritmo alaiko finale mugimendura iristen da.
1873an, Henrik Ibsen antzerkigile norvegiarrak –zapi urte lehenago Peer Gynt poema epikoa arrakasta handiz argitaratu zuen– hauxe idatzi zion Edvard Grieg musikagileari, urte batzuk lehenago ezagutu baitzuen Erroman: “Grieg jaun agurgarria. Gutun hau idazten dizut, buruan dudan proiektu bat azaltzeko eta parte hartzera gonbidatzeko. Aurki hirugarren edizioa izango duen Peer Gynt lana egokitu nahi dut, taularatzeko. Idatziko al zenuke nire lan horretarako musika?”. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik Bjørnstjerne Bjørnson idazle norvegiarrarekin elkarlanean aritzen zen Grieg, musika jartzen baitzien idazle horren poemei. Horiek horrela, Griegek gogo beroz hartu zuen Ibsenen gonbita, Ibsenek itzal handia baitzuen ordurako idazle gisa. Hemezortzi hilabetetan, Peer Gynt lanaren musika intzidentaleko partitura osatzen duten hogeita hamahiru piezak sortu zituen. Proiektu horretan parte hartzeak onarpena ekarri zion Griegi nazioartean musikagile gisa, baina, aldi berean, oso zeregin zaila izan zen. Obrako protagonistak, hau da, Peer Gynt antiheroiak egindako bidaietako abenturak musikaz adieraztea ez zen lan erraza izan, behin baino gehiagotan esan zuenez: “Oso zaila da lan horretarako musika idaztea. Ziurrena, musikaltasun gutxien duen tema izango da”. Norvegiako identitate nazionalari begira, Edvard Munchekin batera Norvegiako historian oso ospetsuak izan diren bi sortzaileren batasun artistikoa ekarri zuen proiektuak.
1888 eta 1981. urteen artean, arrakasta gehien izan zuten Peer Gynt laneko piezak ateratzean, Griegek 1. zenbakiko suitea, 46 op., eta gaur gauean entzungo dugun 2. zenbakiko suitea, 55 op., antolatu zituen. Lehen zenbakiko suitearen hasieran, “Goizez” melodia dago, Afrikako itsasaldeko goiztiria deskribatzeko sortua, baina Bergen inguruko baso eta mendi norvegiarretako egunsentiaren edertasuna marrazten duena; izan ere, Bergenen zegoen Griegenen udako etxea, eta hantxe konposatu zuen Peer Gynt. Mendietan datzan protagonistaren amaren heriotza kontatzen duen “Aaseren heriotza” pieza elegiakoaren ondoren, “Anitraren dantza” limurtzailea entzuten da, Afrikatik egindako bidaian Anitraz maitemintzen baita Peer Gynt, azkenean ondasun guztiak kenduko dizkion beduino gazteaz. Lehen suitea amaitzeko, Griegek “Mendiko erregearen haitzuloan” sartu zuen, protagonistaren atzetik doazen gnomoen dantza bitxiak azaltzen dituen pieza arin bat. Melodia hurrenez hurren errepikatzen da, gero eta azkarrago eta basatiago bilakatzen.
Bigarren suitearen hasieran, “Andregaiaren bahiketa. Peer eta Ingrid” kontakizuna abiatzen da: gonbidatua izan den ezkontzatik bahitzen du andregaia Peerrek, eta mendietara eraman, eta han uzten du. Musika erritmo arin batez abiatzen da, baina berehala aldatzen da, giro tristea eta dramatikoa sortzeko. “Dantza arabiarra” dantza xarmagarriak Peerrek Marokotik egin zituen bidaietara eramaten gaitu. “Peer Gynten etxerako itzulera” pieza nahasi eta ekaiztsuak protagonista Norvegiara nola itzuli zen azaltzen du, herrialdetik kanpo 20 urte eman, eta bidaia egiteko hartu zuen itsasontzia hondoratu ondoren. Peerrez maiteminduta zain dagoen emakume norvegiarraren ahotsak hezurmamitzen du “Solveigen abestia” pieza ederra. Horrekin amaitzen da antzezlana, neskak oroimenean iltzatuta zituen bekatu guztietatik libratzen baitu Peer, eta entzuleak gozarazten ditu amaiera zoragarri eta itxaropentsu batez.
 
Patricia Sojo
 
 
NEMANJA RADULOVIC
Urte gutxiko tartean, Nemanja Radulović indarrez sartu da musika klasikoaren munduan, bere birtuosismoarekin eta egitarau abenturazaleekin. Deutsche Grammophoneko artista esklusibo gisa sinatu du, eta etxe horrekin kaleratu du debuteko CDa 2014ko azaroan. Aldeko haizeaz ari da aurrera egiten, bere talentua eraikiz eta gaur egungo musika-instituziorik ospetsuenetako batzuekin lan eginez.
Nemanja Radulovićek munduko orkestra nagusienetako batzuekin jo izan du, besteak beste, Münchner Philharmoniker, NDR Radiophilharmonie Hannover, WDR Köln, Stuttgarter Philharmoniker, Deutsches Symphonie-Orchester Berlin, Radio Franceko Orkestra Filarmonikoa, Orchestre National de Belgique, L’Orchestra Sinfonica Nazionale della Rai de Turín, L’Orchestra della Toscana, Royal Philharmonic Orchestra, Montrealgo Orkestra Sinfonikoa eta Tokio Symphony Orchestrarekin.
Serbian jaioa 1985ean, Nemanja Radulovićek Belgradeko Arteen eta Musikaren Fakultatean, Saarlandes Hochschule für Musik und Theen Saarbrücken delakoan, eta mundu mailan ospetsua den Parisko Kontserbatorioan ikasi zuen.
Victoires de la Musique (MIDEM Saria) delakoan 2013/14 denboraldiko “Artista Onena” saria eman zioten, eta Ohorezko Doktoregoa jaso zuen Arteen Unibertsitatetik, Nisen (Serbia).
 

MICHAL NESTEROWICZ
2008an Cadaquésko Orkestra Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuenetik, Michał Nesterowiczek Espainia, Suitza, Italia, Polonia eta Erresuma Batuko orkestra eta talde nagusietako asko zuzendu ditu.
2014/15 denboraldian, Nesterowiczek Münchner Philharmoniker, WDR Sinfonieorchester, NDR Sinfonieorchester Hamburg, Orchestre Philharmonique du Luxembourg, Tampere Philharmonic Orchestra, Orchestre Philharmonique de Nice eta Minas Geraisko Orchestra Filarmônicarekin debutatuko du. Era berean, berriro zuzenduko ditu Bartzelona, Basilea eta Galiziako orkestrak, Atenas Hiriko sinfonikoa eta Londresko Royal Philharmonic.
Tenerifeko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari artistiko gisa egingo duen hirugarren denboraldian, Nesterowiczek Mahler, Brahms eta Schumannen ziklo sinfonikoekin jarraituko du. Gainera, Dvořáken azken sinfoniak eta Lutosławskiren Orkestrarako kontzertua ere interpretatuko dira.
Michał Nesterowiczek Wrocławko Goi Mailako Musika Eskolan ikasi zuen, eta Marek Pijarowskienen eskolan graduatu zen 1997an. Katowiceko Grzegorz Fitelborg Nazioarteko 6. Lehiaketako sarituetako bat izan zen. Aurretiaz, Gdańskeko (Polonia) Orkestra Filarmoniko Baltikoaren zuzendari artistikoa eta Txileko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusia izan da.

PEER GYNT, ETA TCHAIKOVSKYREN BIOLINERAKO KONTZERTUA
Enigma eta Kondairetara bueltatuko gara, Griegek bere aberkide Henrik Ibsenen dramarako idatzi zuen musikarekin. Partitura hori hain ospetsua egin zen, laster emantzipatu baitzen bi suiteren forman, kontzertuko pieza gisa. Tchakovskyren kontzertu guztiz ezagunak, beste behin ere, erronka egingo die bakarlariaren gaitasun birtuosistiko eta lirikoei; kasu honetan, Radulovich paregabea arituko da bakarlari gisa. Eta, hasteko, María Eugenia Luc konpositorearen proposamen sinfonikoa aurreneko aldiz entzuteko aukera.

 

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

27 - 28 - 29
Abe
2024
>Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro


0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.


Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
16 - 17
Urt
2025
>ONE eta Mahlerren “Titán”

ONE eta Mahlerren “Titán”

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”

Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
20
Urt
2025
>Ganbera 4

Ganbera 4

Lekua: Euskalduna Jauregia

B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin

M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
30 - 31
Urt
2025
>Mundu Berriko sinfonia

Mundu Berriko sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”

Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak