Kontzertuak

BOSen DENBORALDIA 8-2014-2015


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

F. Mendelssohn: 4. sinfonia La maiorrean, op. 90 “Italiarra”
S. Prokofiev: 1. kontzertua biolin eta orkestrarako, Re maiorrean
G. Enesco: Rapsodia errumaniarra La maiorrean, op. 11, 1.zk.

Boris Belkin, biolina
Pavel Kogan, zuzendaria

DATAK

  • 29 urtarrila 2015       Euskalduna Jauregia      19:30 h.
  • 30 urtarrila 2015       Euskalduna Jauregia      19:30 h.

Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

HAUR PRODIJIOA

Musika da, ziurrenik, zenbait ume prodijiok txiki-txikitatik duten dohain paregabe horrekin maizen lotzen duguna. Gaur entzungo ditugun hiru konposizioak musikaren historian izan diren ume prodijio handienetako batzuek idatzi dituzte: Félix Mendessohn, Sergei Prokofiev eta George Enescuk. Txikitatik instrumentista bikain eta aintzatetsiak izan ziren, eta, gainera, hamar urte bete aurretik, heldutasun paregabeko konposizioak zituzten euren bildumetan.
Felix Mendelssohn musikaren historiako ume prodijio handiena da, kritikari askorentzat, haren maisu Carl Friedrich Zelterrek uste izan zuen bezala, berehala ikusi baitzuen bikaintasuna umearengan. Mozartek hemezortzi urterekin idatzi zuen bere lehen obra handia, K 201 sinfonia La maiorrean, eta Mendelssohnek, aldiz, honakoak idatzi zituen adin hori bete aurretik: harizko instrumentuetarako hamahiru sinfonia, hainbat opera, orkestrarako sinfonia bat, hainbat kontzertu, ganberako musika, lan koralak eta pianorako sonatak eta piezak. Horrez gain, talentu handia zuen inprobisaziorako, baita memoria prodijiotsua ere; izan ere, opera oso bat lagundu zezakeen, eta Bach, Händel, Haydn, Mozart eta Beethovenen lanak interpretatu zitzakeen partitura barik, behin bakarrik irakurri bazituen ere. Hamabi urteko Mendelssohn gaztearekin lehen topaketa izan ostean, Goethek harreman pertsonal eta profesional estua izan zuen harekin, eta honakoa esan zuen: “Mozart entzun nuen zazpi urte zituenean. Bien artean bazegoen alderik: Mozarten musika umetxo baten hitzak bezalakoa iruditu zitzaidan; Mendelssohnena, aldiz, pertsona heldu baten hizketa iruditu zitzaidan”. Bien arteko azken topaketa 1830ean izan zen, konpositore alemaniarrak Italiara bidaiatu aurretik; bertan, inspirazioa hartu eta gaur gauean entzungo dugun sinfonia idazten hasi zen. Urtebete geroago, Goethe hil zen.
1829an, hogei urte zituela eta jadanik artista ospetsua zela, Mendelssohnek hainbat bira hasi zituen Europan zehar pianista eta zuzendari gisa. Lehenengo birak Londresera eta Eskoziara eraman zuen, eta, bertan, “Hebridak” obertura eta bere hirugarren sinfonia “Eskoziarra” idazteko inspirazioa hartu zuen. Belaunean ondoeza izan ostean, eta bi hilabetez atseden hartu ondoren, 1830ean, lehen aldiz izan zen Italian. Veneziatik familiari idatzi zion: “Azkenik Italian, bizitzako poztasun handitzat hartu izan dudan guztia orain hasten ari da. Eta oso gustuko dut”.  Veneziaz gain, Napoli eta Erroma ere bisitatu zituen. Handik, bere arreba Fannyri idatzi zion 1831ko otsailaren 22an: “Beste behin ere energia berriarekin hasi naiz konposatzen, eta Sinfonia Italiarrak aurrerapauso handia egin du. Orain arte idatzi dudan piezarik dibertigarriena izango da, batez ere azken mugimendua”.
Idazten energia handiarekin hasi bazen ere – lehenengo mugimendua Napolitik joan baino lehen bukatu zuen, 1831ko hasieran– , Mendelssohnek bi urte eman zituen obra amaitzeko, Londresko Elkarte Filarmonikoak egindako enkargu bat betetzeko garaiz. Bertan estreinatu zuen bere zuzendaritzapean, 1833ko maiatzaren 13an. Berehala oso arrakastatsua izan zen arren, konpositorea ez zen inoiz gustura sentitu lan horrekin; 1834. urtean lana berrikustea erabaki zuen, eta, ondoren, bizirik zegoen bitartean hori argitaratzeari uko egin zion. Horregatik, Laugarren Sinfonia dela esaten da, nahiz eta, kronologikoki, idatzi zuen hirugarrena izan.
“Italiarrak” Mendelssohnek Italiako artearen (pintura italiarraren zale handia izan zen, baita akuarelista nabarmena ere), jendearen eta paisaien inguruan izandako inpresioak islatzen ditu. Azken mugimenduko saltarelloa da bertako musikari egindako erreferentzia bakarra. Sinfonia klasikoaren ereduari jarraiki, lau mugimendutan idatzita dago. Allegro vivacearen lehenengo konpas ospetsu eta indartsuek Italiak Mendelssohni transmititu zion alaitasuna eta jai giroa deskribatzen dute, baita konpositorearen orkestra-kolorearen trebetasuna ere. Bigarren mugimenduko Andante con moto pasarteak elegia izaera du, eta, ziurrenik, Napoliko prozesio-abestiren batean dago inspiratuta. Hirugarren mugimendua, Con moto moderato, obrako mendelssohniarrena, hirukotedun minuetoa da; bertan, nabarmentzekoa da tronpak protagonista dituen erdiko sekzioko fanfarrea, eta horiek amaierako konpasetan ere agertuko dira labur. Amaierako mugimenduko Prestoak, Saltarella izenekoak, bi dantza italiar garatzen ditu: salterello erromatarra eta tarantela napoliarra, benetako doinu folklorikoetan inspiratuta.
Sergei Prokofievek oso txikitatik agertu zuen musikarako pasioa, arratsaldero ama pianoa ikasten entzuten zuenean. Teklatura iritsi bezain laster, praktikatzen hasi zen, eta, bost urterekin, bere lehen konposizioa idatzi zuen: Gallop indio. Berak idatzitako libreto baten laguntzaz, lagunekin batera jolasten zen ume-jolasetan oinarrituta, bederatzi urterekin bere lehen opera idatzi zuen: Erraldoia. Urtebete geroago, Moskura bidaiatu zuen, eta, han, Sergei Taneyev konpositorea, Errusiako hiriburuko kontserbatorioko zuzendaria, hunkituta geratu zen Prokofiev jotzen entzun eta gero; ondorioz, bere musika-hezkuntzaz arduratu zen ordutik aurrera. Prokofiev xake jokalari gisa ere nabarmendu zen zazpi urte zituenetik, eta garaiko munduko txapeldun batzuen aurka ere jokatu zuen.
1915ean, hogeita bat urte zituela, Errusiako konpositore ospetsuenetakoa zela, konposatu zituen biolinerako bi kontzertuetako lehena idazten hasi zen. Mariinski Antzokiko zuzendari Albert Coatesak animatuta, urte horretan Dostoievskyren eleberrian oinarritutako opera Jokalaria ere idazten hasi zen. Horregatik, biolinerako 1. kontzertua alde batera utzi zuen aldi batez, eta azken hori 1917an amaitu zuen, Errusiako Iraultzaren urtean. Herrialdeko ezegonkortasunaren ondorioz, kontzertua ezin izan zen 1923ko urriaren 18ra arte estreinatu. Gainera, Parisko Operan izan zen estreinaldia, Errusiako auditorium batean izan beharrean. Estreinaldiak interesa piztu bazuen ere, Serge Koussevitzkyren zuzendaritzapean egindako Parisko Operaren Orkestraren interpretazioak bat egin zuen Stravinskyren haize-zortzikotearen premièrearekin, eta ez zituen bete Frantziako kritikaren itxaropenak, harrigarria bada ere, oso “mendelssohniartzat” jo baitzuen. Hala ere, Nathan Milsteinek eta Vladimir Horowitzek kontzertu horren gainean Moskun egindako ondorengoko interpretazioak, biolin eta pianorako bertsioan, eta, batez ere, Joseph Szigetik hurrengo urtean Pragako Musika Modernoaren Jaialdian egindako interpretazioak toki pribilegiatuan jarri zuten, gaur egun biolinerako kontzertuen errepertorioan daukan tokian, alegia.
Jatorrian, mugimendu bakar gisa sortu zen, eta, geroago, hiru mugimenduko kontzertu bihurtu zuen partitura. Bere esaldi ospetsuenetakoari leial: “Imitazioa gorroto dut, baliabide estereotipatuak gorroto ditut”, tradiziozko ordena tempo moderatuko muturreko mugimenduekin ordezten da, eta bigarren mugimendua oso azkarra da. Bakarlariak interpretatutako doinu gogoetatsu batekin hasten da obra, eta pixkanaka-pixkanaka izaera arduragarria hartzen du biolinaren ahotsarekin, gainerako orkestraren ezaugarri akustikoek indartuta. Bigarren mugimenduko Scherzo vivacissimoak biolin bakarlariaren harmonikoen bilduma bikain eta eraginkorra, Glissandi ysulpontivello, eskaintzen du, eta obra osoan sumatzen den izaera onirikoa areagotzen laguntzen du. Finaleko Moderatoak ordura arte transmititutako askotariko emozioak uztartzen ditu, Prokofievek kontzertu hau amaitzeko erabilitako edertasun eta lirikotasunaren bitartez.
George Enescu zuzendari, konpositore eta biolinista oso txikitan hasi zen musika idazten. Lurralde errumaniarra, bost urte zituenean biolin eta pianorako konposatu zuen pieza, bere bilduman agertzen den lehen lana da. Bi urte geroago, Vienako kontserbatorioan onartu zuten “dispentsadun” bigarren ikaslea bihurtu zen (bertara ezin ziren sartu hamalau urte bete arte). Lehena Fritz Kreisler izan zen. Hamar urterekin, kontzertu pribatu bat eskaini zuen Frantzisko Jose enperadorearen aurrean, eta hamahiru urterekin ikasketak bukatu zituen kontserbatorioan. Errumaniako musika-enbaxadorea, gaztetatik eskuratu zuen ospe handia konpositore eta biolinista gisa, eta kontzertuak eskaini zituen Europako eta Ameriketako areto onenetan, adibidez, Bilboko Elkarte Filarmonikoan, 1914an eta 1931n.
Hogeita bat urte zituenean, 1901ean, bere bi rapsodia errumaniarrak idatzi zituen. Konpositorearentzat “lotutako doinu segida bat, garrantzi handirik gabekoak” ziren, beste partitura batzuk baino interes txikiagoko gaztetako lanak; hala ere, bere bi konposizio ezagunenetakoak dira historian. Bukaresteko Orkestra Filarmonikoak estreinatu zituen 1903an, Enescuren beraren zuzendaritzapean, eta gaur egun eragiten duten berotasun berarekin hartu zituzten. Atal motel eta azkarren arteko txandakatzeak eta poztasunaren eta espiritu ijito erakargarriaren islak Liszten Rapsodia Hungariarrak ekartzen dituzte gogora, nahiz eta Enescuk orkestra aukeratu zuen lanaren protagonista gisa, pianoaren ordez. 1. Rapsodia La maiorrean dago idatzita, eta, bigarren rapsodia bezala, orkestazio bikainagatik nabarmentzen da. Errumaniako folkloreko abesti eta dantzen nahasketan dago inspiratuta –adibidez, hasierako doinua, “Am un leu ºivreausã-l beau" (Txanpon bat daukat eta edan nahi dut), lau urte zituela biolin irakasle izan zuen Lae Chioru biolinista ijitoarena-. Rapsodiak errepikapenaren baliabidea garatzen du, apurka-apurka doinuen abiadura eta intentsitatea areagotuta, ageriko climaxa lortu arte.

Zalantza barik, pozez betetako amaiera, talentuz betetako gau baterako.

 

Patricia Sojo

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2026-2027
01 - 02
Urr
2026
>Basoko murmurioak

Basoko murmurioak

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Richard Wagner Siegfried, Waldweben Richard Strauss Vier letzte Lieder Sergei Prokofiev 7. sinfonia do sostenitu minorrean Op. 131 Sinfonía n.º 7 en do sostenido menor Op. 131
Vanessa Goikoetxea, sopranoa Eduardo Strausser, zuzendaria
Basoa denboraldia hasiko dugu Sigfridoren pausoei jarraitzen dien baso bizi bateko soinuekin, eta atzean geratzen ari den garai bateko lurrin nostalgikoarekin, Straussek bere Azken lau liederretan islatu zuena; amets hutsa Vanessa Goikoetxearen ahotsean. Agur esateko beste obra bat, 7. sinfonia; Prokofievek agur esaten digu soiltasunez eta irribarre zintzo batekin.
Gehiago ikusi
Denboraldia 2026-2027
08 - 09
Urr
2026
>Natura abesten

Natura abesten

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Antonin Dvorak Elezaharrak, hautaketa Op. 59 Leyendas, selección Op. 59 Johann Nepomuk Hummel Sarrera, tema eta bariazioak oboerentzat Op. 102 Introducción, tema y variaciones para oboe Op. 102 Ludwig Van Beethoven 6. sinfonia Fa Maiorrean Op. 68 «Pastorala» Sinfonía n.º 6 en Fa Mayor Op. 68 «Pastoral»
Françoise Leleux, oboea eta zuzendaria
Pastorala da Beethovenek bere naturarekiko sentitzen zuen maitasun neurrigabea hobekien irudikatzen duen obra. Sinfonia hori musikagileak Viena inguruko basoetan zehar igaro zituen ordu luzeetan inspiratuta dago, Dvorakek Elezaharrak obran jatorriko Bohemiaren aroma islatu zuen bezala. Hori guztia François Leleuxek orkestrarekin egiten duen debutean, solista eta zuzendari moduan.
Gehiago ikusi
Denboraldia 2026-2027
15 - 16
Urr
2026
>Berriro elkartzea

Berriro elkartzea

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Jesús Guridi El Caserío, II. ekitaldiaren preludioa / preludio del acto II Joaquín Rodrigo Concierto in modo galante Wolfgang Amadeus Mozart 40. sinfonia sol minorrean K. 550 Sinfonía n.º 40 en sol menor K. 550
Asier Polo, biolontxeloa Juanjo Mena, zuzendaria
Badaude orkestra baten nortasuna adierazten duten zuzendariak, eta zenbaitek garai oso bat markatzen dute. Juanjo Mena, taldeko titularra izan zena 1999tik 2008ra, multzo horretan dago. Maisuaren eta BOSen bideak berriro elkartu dira, eta elkarrekin bizi izandako guztia aitortu eta eskertzen dute. Berriro elkartuko dira eta horren testigu izango da etxe honetan oso maitatua den artista bat, Asier Polo biolontxelo-jotzailea.
Gehiago ikusi
Denboraldia 2026-2027
19
Urr
2026
>French jolies

French jolies

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Ludwig Thuille Seikotea piano eta haize boskoterako Si bemol Maiorrean Op. 6 Albert Roussel Divertissement Op. 6 Francis Poulenc Seikotea piano eta haize boskoterako
Gehiago ikusi