Kontzertuak
Carpenter eta Euskalduna jauregiko organoa
14.egitaraua
Erik Nielsen, zuzendaria
Cameron Carpenter, organoa
I
JOSEPH JONGEN (1873-1953)
Sinfonia kontzertantea organo eta orkestrarako Op. 81
I. Allegro molto moderato
II. Divertimento: molto vivo
III. Lento misterioso
IV. Toccata moto perpetuo, Allegro moderato
Cameron Carpenter, organoa
II
JAVIER QUISLANT (1984)
Tiempo silente*
OTTORINO RESPIGHI (1879-1936)
Pini di Roma
I. I pini di Villa Borghese (Allegretto vivace)
II. Pini presso una Catacomba (Lento)
III. I pini del Gianicolo (Lento)
IV. I pini della Via Appia (Tempo di Marcia)
*Estreinaldi absolutua. SGAE eta AEOSek enkargatutako lana
Iraup.: 105’ (g.g.b.)
DATAK
- 28 apirila 2022 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 29 apirila 2022 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Soinu munduak imajinatzen
Gaur gaueko programak oso maiz programatzen ez diren obrak entzuteko aukera interesgarria eskaintzen digu; are gehiago, estreinaldiaz gozatuko dugu. Egia da noizbait musika paseoak egin ditugula Erromako pinuen artetik, baina, hori ez da maiz gertatzen. Eta zer esan Jongenen sinfonia kontzertanteari buruz… eskua altxa dezala obra edo konpositorea aurretik ezagutzen zituenak. Javier Quislant musikari gaztearen karrera oso garrantzitsua da gaur egun, baina, izan gaitezen errealistak: abangoardiako musikak ez du komunikabide handien arretarik erakartzen, eta ez da erraza egungo agertokietan beren talentuarekin bidea egiten ari diren musikari horien sorkuntzen berri izatea. Zehazki, Tiempo silente delakoa lehen aldiz interpretatuko du, eta entzuteko pribilejioa izango dugu.
Lehenago ohar hauek irakurri dituenak badaki narratzaileak biziki atsegin dituen programen arteko hari eroaleak finkatzen dituela; badirudi modu horretan entzunaldia arretatsuagoa eta koherenteagoa izango dela, eta bereziki, kontzertu bakoitza osatzen duten musikak gehiago disfrutatzeko giltzarriak eskaintzen dira, eta horixe da hain zuzen ere, testu hauen lehentasun nagusia.
Ezaugarri komun horietako bat aipatu dugu hasieran: entzungo ditugun hiru piezak ez daude zaleek etxean bezala sentitzeko berriz ere bisitatzen duten errepertorioko obra handien artean. Respighik ez du maiztasun handiarekin sortzen, Quislantena guztiz berria da eta Jongenen sinfoniaren arrarotasuna oso interesgarria da.
Baina, pixka bat gehiago sakonduz, gaueko hiru zatien entzutea sintonizatzea ahalbidetuko digun beste ideia komun bat ere aurkitzen dugu. Definitzeko zailagoa da: guztiek dute interesa soinuaren tinbre ezaugarri desberdinek duten nolakotasun oroitarazlean. Sentsazioak iradokitzea ikertzea edo soinu konbinazioen bitartez askotariko oroitzapenak sortzea bezalakoa da. Noski, konpositore guztiak saiatzen dira beren lanetan oroitzapen horiek lortzen, baina, gaur gaueko hiru musikariek sentikortasun berezia dute arlo horretan, eta musikaren koloreek, instrumentuen, armonien eta moduen eta beraien arteko konbinazioen soinu aukerek eta aukera oroitarazleek obren zati handi bat okupatzen dute.
Egiaz, aurreko baieztapena ez da hiru autoreen adierazpenetatik sortu, baizik eta beraien musika entzun dudanean sentitu dudanetik, eta beraz, barkamena eskatzen diet beren intentzioekiko ideia okerra baldin badut; bereziki, barkamena eskatzen diot pertsonalki gezurtatu nazakeenari, Javier Quislanti, hain zuzen ere.
Bere obra Tiempo silente deitzen da, eta ezer gutxi esan daiteke oraindik publikoak entzun ez duen musikari buruz. SGAE Fundazioak eta Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkarteak egindako enkargu bat da, eta zuek izango zarete lehen aldiz entzungo duzuenak. Hausnarketa txiki bat egin dezaket? Ez dugu ukatu behar garaikidetzat edo abangoardiakotzat jotzen dugun musikak aldez aurretik kontzertu aretoetako ohiko publikoaren zati handi baten gaitzespena sortzen duela, bereziki, entzutera ohituak gauden tradizio sinfonikotik kanpoko lengoaia erabiltzen duelako. Tradizio sinfoniko hori nagusiki XVIII. eta XIX. mendeetakoa eta XX. mendeko autore batzuen lanetan agertzen da (batzuetan barrokoa ere hor sartzen da eta guztiak dira erosoak). Gure orkestrek esfortzu handia egiten dute garai honetako ekoizpenak publikoari hurbilarazteko, eta beste garai batean musikaren historiako pertsonaia nagusiek egin zuten sormen lana gauzatzen ari diren musikariei espazio bat emateko (Javier Quislant Bilbon jaio zen 1984an, baina, gaur egun nagusiki Austrian lan egiten du), hau da, beraien burua adieraztea eta gure gozamenerako soinu artefaktu berriak sortzea. Konpositore berrien talentua eta interpreteen esfortzua kontuan hartuta (beraiek ere instrumentuak erabiltzeko moduei, musika espazioen kokapenei eta ohikoak ez diren bestelako erronkei aurre egin behar diete), nire ustez oso gomendagarria izango litzateke proposamen berri hauek deskubritu ahal izateko abenturarako eta esperientzia berriak bizitzeko grinarekin entzutea, izan ere, esperientziak adierazgarriak eta atseginak izan daitezke baita ere. Azken finean musika hauxe da: denboran luzatutako soinua, konfigurazio harmonikoak…maite ditugun beste obretan bezala. Noski, interpreteei eskatzen zaien esfortzu gehigarri hori ikus-entzuleek ere egin behar dute, baina, gauza bera gertatu zitzaien lehen aldiz Beethovenen sinfoniak entzun zituzten vienarrei ere: garai hartan berritzaileak izan ziren pieza horiek ere.
Eta zer aurkituko dugu Tiempo silenten izpiritu ireki horrekin entzunez gero? Autore beraren beste lan batzuk ezagututa (noski, hau ez dakigu nolakoa den), lehenago esan dugunaren antzeko zerbait: soinua, koloreak, soinu atmosferak sortzeko gaitasuna, eta abar maneiatzeko sentsibilitate handiz egindako lan bat, eta instrumentuen eta beraien arteko nahasketen tinbre aukeren tratamendua. Imajina ezazue konpositorea buztingile bat dela eta soinua bere eskuekin moldeatzen duela, han-hemenka presioa eginez, buztina menperatzeko laztanduz edo kolpatuz, guretzako, entzuleentzako, mundu berri batera sartzera gonbidatzeko forma zehatza sortu arte, sentsazio horiek berberak esperimentatzeko, soinu jakin batzuen aurrean erreakzionatzeko, zenbait ideiekin argiztatuak, beste batzuengandik urduri, orain geldiezin, geroago lasai… sentitzeko espazioa sortu arte. Deskribapen hori berbera adibidez, Brahmsen sinfonia batean ere aplikagarria litzateke (Brahmsen adibidea ez da ez doakoa, baina, hori beste istorio bat da).
Programako beste bi obrek, aldiz, ez digute ohituak gauden musika lengoaia abandonatzeko erronka jarriko, alderantziz. Biak idatzi zituzten garaian (1924 eta 1926) abangoardiako musika korronteek abandonatua zuten tonu eremua, eta hala ere, tonalitate tradizionalaren parametroen barnean mantentzen dira guztiz, eta iraganera begiratzen dute beren erreferentzia eta ebokazioetan.
Egiaz, bi obrak batera azter genitzake, izan ere, Joseph Jongenen Organo eta orkestrarako sinfonia kontzertantea eta Ottorino Respighiren Erromako pinuak ez dira bakarrik ia guztiz garaikideak, baizik eta elkarrengana hurbiltzen dituzten beste ezaugarri batzuk ere partekatzen dituzte. Lehenengoa musika lengoaia posterromantikoa da, XIX. mendeko askotariko formetako musika du oinarri eta bere ezaugarrien artean daude Erromantiko berantiarreko musika germaniarraren kromatismo hedatua, inpresionismoaren soinu ukitu batzuk eta zenbaitetan konplexua den egitura erritmikoa.
Baina, bereziki, eta gure leitmotivera itzulita, pieza biak ere luxu handiz orkestratu dituzte masa sinfonikoa eta kide bakoitzaren ezaugarri partikularrak ezin hobeto maneiatzen dituzten bi maisuek. Horri esker, zenbait tinbre paisaia zeharkatuko ditugu eta askotariko irudiak gogoratuko ditugu, Respighiren kasuan esplizituak, zeintzuk azkar igaroko diren gure imajinaziotik. Hori guztia lortzeko ohikoak diren bitarteko batzuk erabiltzen dituzte, besteak beste antzinako modu eta eskalen baliabidea, zeintzuk guztiz bateragarriak diren bi autoreen helburuarekin: alde batetik, Jongenek bere obraren protagonista den organoaren soinuarekin lotzera eramaten gaitu, iraganeko erreferente ospetsuekin, eta beste alde batetik, Respighik antzinako Erroma betirakoaren agertokietara eramaten gaitu.
Praktika horren bi adibide, obra bakoitzetik bat: Jongenen lehen mugimendua modu dorikoan idatzita dago, hau da, eskala natural bat erabilita antzinako modu greziarretara eramaten gaitu eta Erdi Aroko moduetan oihartzuna du, zehazki, tonalitate klasikoaren aurreko harmonia, zeina, harmonia tradizionalaren tonalitate handiago eta txikiagoak definitzen dituzten hiru soinuren akordeen eraketan baino gehiago melodikoan oinarrituta dagoenez, sortze kontrapuntistikorako bereziki egokia den, eta hori ezin hobeto datorkio Barrokoko maisu handienen organoaren izaerari, Bach erreferentzia nagusitzat hartuz.
Bestalde, Respighiren bigarren mugimenduak Erromako katakonbetara eramaten gaitu eta horretarako, honek ere eskala arkaikoak erabiltzen ditu eta antzina kristauek leku ilun horietan abesten zituzten lehen ereserkiekin lotzen ditu.
Antzinako moduak berreskuratzea ez zen arraroa obra biak sortu zituzten garaian. Garrantzia handia izan zuen jada XIX. mende bukaerako frantziar musika inpresionistan, eta nagusiki bilatzen zuena zen soinu eta harmonia ezberdinekin tonalitatea aberastea. Eta XX. mendean lengoaia tradizionalari uko egin nahi ez zioten guztien artean hedatu zen. Ikus dezagun musika ingelesa, adibidez, Ralph Vaughan Williams, kolore modalaren maisu handia.
Bateragarritasunak aipatu ondoren, obra bakoitzaren berezitasunak azalduko ditugu jarraian. Joseph Jongenen (1873 – 1953) Organo eta orkestrarako sinfonia kontzertantea 1926an idatzi zen. Jongen Liejan (Belgika) jaio zen, eta hasieran esan dugun bezala, gaur egun oso ezaguna ez den arren, musikari garrantzitsua izan zen: pianista, organista, konpositorea eta hezitzailea.
Sinfonia kontzertante bat sinfoniaren eta kontzertuaren arteko nahasketa bat da: sinfonia lau mugimendutan egituratuta dagoelako eta izaera sinfonikoa duelako, hau da,orkestraren aberastasun guztia aprobetxatzen duelako, eta kontzertua, instrumentu baten edo gehiagoren rol protagonistarengatik, kasu honetan, organoa. Hala ere, organo eta orkestrarako kontzertu batean izango lukeen garrantzirik ez du, izan ere, solista orkestra sarean gehiago inbrikatzen da, batzuetan gailenduz, eta besteetan protagonismoa beste batzuei emanez. Obra honi esker aukera izango dugu egungo organista ospetsuenetako batez disfrutatzeko, Cameron Carpenter ipar amerikarra, hain zuzen ere. Musikari berezia da, bere iruditik hasi eta interpretatzeko duen modura arte, zalantzarik gabe, bizitasun handia emango dio Jongenen lanari.
Dudarik gabe, organoa egotea bakarrik, zeina askorentzat instrumentu guztien artean erregea den, gertaera oso garrantzitsua da, eta organista bat teklatuak, erregistroak eta pedalak maneiatzen ikustearen ikuskizun hutsak merezi du. Adibidez, ikus ezazue Youtuben Carpenter Chopinen Ikerketa Iraultzailea interpretatzen, bere hankek pedalen gainean abiadura biziz hegan egiten duten bitartean.
Obraren lehen mugimenduari buruz hitz egin dugu, eta aipatu ditugu bere kolore modala eta jolas kontrapuntistikoak ere. Baina, Barrokoko organistak presente izateaz gain, Jongen César Franck bere herrikidearengan pentsatzen zegoen baita ere, beste organista zoragarri bat, eta Richard Straussengan baita ere, zuzenean entzun zuena eta miresten zuena, bere musikaren bulkada indartsuan eta orkestratzaile gisa duen maisutasunean ikusten den bezala. Beraz, obraren hasierak indar erritmikoa du, soinu eta testura dentsitatea, eta organoaren lehen noten distira paregabeak ditu, modalitate dorikoaren orkestra sarreraren ondoren Do Maiorraren tonalitatea ezarriz.
Bigarren mugimendua Divertimento bat da, bereziki Mozarten oihartzuna duen titulua, eta antzekoa da esatea sinfonia erromantikoen scherzo-a gertaera neoklasiko jostagarri bat bilakatu dela, non 7/4ko erritmo irregular batek diskurtso osoa menperatzen duen, eta kolore kromatikoek nolabait misteriotsua den ibilbidea betetzen duten, Bachen organorako koralak entzuten diren sekzio serioago batzuekin tartekatuz.
Jarraian, Molto lentok paisaia oso gozo batera eramaten gaitu, eta harmoniak kromatikoki lekualdatzen dira crescendo handi batera iritsi arte; azken horrek obraren une posterromantikoenak irudikatzen dituzten, eta ziurrenik Francken eta Strauseen eragin handiena duten tentsio puntuetara eramaten gaitu. Mugimenduaren bukaeran hasierako baretasuna itzultzen da.
Azkenik Toccata izugarria dugu, zalantzarik gabe aurreklasikoko oihartzuna duen titulua eta bere birtuosismo bikainari ohore egiten diona; organistaren eta orkestraren dohain handienak behar dituen zatia da. Bukaera horretan interprete guztien trebetasunez goza dezakegu. Eta ez ahaztu txalo asko jotzea, Carpenterrek ondo merezitako ospearen adinakoa den ikuskizuna luza dezan.
1926ko Erromako pinuak Erromako Trilogia osatzen duten hiru obretatik bigarrena da. Ottorino Respighi (1879-1936) Bolonian jaio zen, eta lan hori adoptatu zuen hiriari eskaini zion; lehendabizi iturriak izan ziren, ondoren pinuak, eta geroago, Erromako jaiak. Jongenek bezala (bere garaikide zorrotza), Respighik ere musika irakatsi zuen eta horregatik joan zen hiriburura bizitzera 1913an, Santa Ceciliako Kontserbatorioan konposizioa irakasteko. Kostatu egin zitzaion Erromako zalapartara ohitzea (Bolonian oso lasai bizi zen), baina azkenean, betirako hiriaren paisaiek maitemindu egin zuten, entzungo ditugun estanpetan ageri den bezala.
Jongenen influentziak nagusiki Alemaniako musikarenak ziren, bere musikak nolabaiteko tentsio dramatikoa baitzuen, eta Respighi musikari inpresionistagoa da: bere agertokiak zenbait musika elementuren soinu ezaugarrietan sortzen dira: akordeak, arabeskoak, mugimendu erritmiko edo melodiko bereizgarriak, bitarteak edo konbinazio instrumentalak, garapenerako joera arinduz eta kolorerako sen apartarekin ordezkatuz.
Aitzakia gisa pinuetatik abiatuz, Respighik hala erabakita deskribatzaileak diren lau agertoki erakusten ditu, eta entzuleak gal ez daitezen testu labur batzuk ere idatzi zituen. Efektuei garrantzia handia eman zien, ikusiko dugun bezala: zelesta, pianoa edo organoa bera orkestra masari lotzen zaizkie efektuak sortzeko. Bere musika ia-ia zinematografikoa da: paisaiak deskribatzeaz gain, musikak igarotzen dituen agertokiak ere imajinatzen ditu.
Villa Borgheseko pinuak hasierako kokapena dira, eta bertan, ume taldeak kantu jolasean ari dira, harrapaketan, eta soldaduak bailiran jolasean. Umeentzako abestiek, jolasteko martxa militarrek, lasterketek eta oihuek osatzen dute musikaren lehen bost minutu eskasak hartzen dituen iskanbila handia. Koloreak zoragarriak dira eta umeen eta haien oihuen arintasuna eta bizkortasuna gogorarazten dituen erregistro altua erabiltzen du.
Bat-batean giroa ilundu egiten da eta antzinako Erromako katakonbetako bat zaintzen duten pinuetako baten azpira joango gara; aurretik azaldu moduan, badirudi ereserki zaharrak berpiztu egiten direla sakontasunetik goibel intonatuak, une batzuetan hazi egiten direlarik eta gero berriz ere xuxurla bihurtzen direlarik, aurreko mugimenduaren iskanbilarekin kontrastatuz.
Hurrengoa Gianicoloko mendixkan kokatzen da, Janoren oroimenezko tenplua zegoen tokian. Bi aurpegi zituen jainko horrek bukatzen zen urtearen agurra eta urte berriaren ongi-etorria sinbolizatzen zituen. Gaua da; pinuen adarrei dar-dar egiten dien brisa entzuten da, iturrietatik ura igarotzen da, baita ere, xehetasun berritzaile batean, Respighik grabazio batean jarri duen urretxindor baten kantua (orain dela ez asko, denboraldi honetan entzun genuen Rautavaararen Cantus Arcticus eta bertan, teknika hori, hegaztien kantura aplikatu zena baita ere, apoteosira eraman zen). Obraren zatirik inpresionistena da; bertan, orkestraren kolore leuna Debussy eta Ravelen influentziako efektu zuzenekin lortzen da, adibidez, zazpigarren edo bederatzigarren mailetako akorde disonanteen mugimendu paraleloa.
Eta Erromako gau epel eta lasaiaren plazerez beteta gaudela, lirikatik epikara igaroko gara eta agertokia Via Appiara lekualdatzen da; Respighik erromatar legioen zoriona imajinatzen du irabaztear zeudela Campidoglion buccinaeak entzuten zirela. Erromako tronpeta militarrak dira, eta autoreak fliskornoak erabiliz erreproduzitzen ditu, bandetan orkestra sinfonikoetan baino maizago entzuten diren instrumentuak. Martxa astun baten erritmoa entzuten da, hasieran urruti eta pixkanaka gerturatu egiten da crescendo luze batean, soldaduen helduera apoteosikora arte. Metalak laugarren eta bosgarren mailako bitarteetan egindako dei sinple, baina, oso eraginkor bat errepikatuz entzuten dira, eta musikak, berriz, tonalitate nagusitik urruntzen eta bertara eramaten gaituzten ondoz ondoko puntu gorenetan eztanda egiten du.
Repighiri buruz esaten zuten herrikoiegia edo errazegia zela (hori negatiboa izango balitz bezala); baliteke bere musikak ez izatea konparatu dugun Jongenen musikaren konplexutasuna eta pisua, baina, ezin dira ukatu gaur arratsaldean Erromako lau leku horietara eramango gaituzten efikazia oroigarri aparta eta irudiak.
Beraz, presta gaitezen soinu bidaia aberatsaz gozatzeko eta disfruta dezagun askotariko musika proposamenez betetako kontzertu oparo honetaz, izan ere, maisuek soinu mundu paregabeak sortu dituzte. Disfrutatu bidaiaz haizearen bibrazioen bidez.
Iñaki Moreno Navarro
Cameron Carpenter.
Organoa
1981ean jaio zen Titusvillen, Pensilvanian, AEBn; etxean eta American Boychoir Schoolen (Princeton, New Jersey) ikasi zuen 1981–1992 urteen artean. 1993-1995 urteetan Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan emanaldiak ematen hasi zen korista, laguntzaile eta teklatu bakarlari gisa. 1995–1996 urteen artean etxean ikasi zuen eta 1996–2000 urteen artean University of North Carolina School of the Arts ikastetxean (bigarren hezkuntzako diploma). 2000–2006 urteen artean The Juilliard School ikastetxean ikasi zuen (New York, NY) eta Organo Interpretazioan Musikako Lizentziatura eta Organo Interpretazioan Musika Masterra eskuratu zituen. Organorako hainbat moldaketa eta transkripzio egin ditu, nagusiki, orkestra obrak, eta pianorako baita ere 1996tik aurrera. GRAMMY™ sarietarako izendapena jaso zuen lehen organista izan zen Revolutionary diskoarengatik (Telarc®, 2008). Kontratu editoriala sinatu zuen 2009an Edition Peters enpresarekin; Alemaniara emigratu zen 2010an, eta bertan bere lehen organorako eta orkestrarako kontzertua estreinatu zuen (The Scandal, Op. 3, 2011n estreinatu zuen Koloniako Filarmonikan Deutsche Kammerphillharmonie Bremenek Alexander Shelley zuzendari zela). 2011Tik aurrera bere karrera kudeatzen dute Konzertdirektion Schmidek eta CAMI Music LLCk eta mundu mailako birak, orkestra konpromisoak eta komunikazio lanak egiten ditu. TED, IdeaCity, Aspen Ideas Festival eta bestelakoetan hizlari ospetsua da, eta Leonard Bernstein (Schleswig-Holsteineko musika jaialdia) saria jaso zuen 2012an. Berlingo Phillharmonien egoitzan egon zen lehen organista izan zen ( 2012–2013 denboraldian) eta 2013an Sony Classicalekin grabazio kontratua sinatu zuen.
International Touring Organen ia jarduera guztiak diseinatu, finantzatu eta antolatu zituen (2014an Lincoln Centerren eta Vienako Konzerthausen debutatu zuen). Hainbat mundu bira egin ditu International Touring Organekin (ITO) eta AEBn, Europan, Errusian, Txinan eta Australian egon da 2014tik 2020 hasierara arte hainbat formatutan (bakarrik, kontzertuak, aire zabalean, lankidetzan, emankizunak, eta abar). Terry Rileyren organorako kontzertua estreinatu zuen Los Angeleseko The Royal Majesticen, Ginebran eta Berlinen 2014an; 2015ean ECHO Klassik (If You Could Read my Mind) saria jaso zuen eta George W. Mergens Memorial Organ diseinatu eta estreinatu zuen Palm Beacheko Kravis Center for the Performing Artsen 2016an. 2016-2017 denboraldian Rachmaninoffen Paganini Op. 43ko kantuan Rapsodiaren organo eta orkestrarako bertsio bat konposatu zuen eta artista egoiliarra izan da Berlingo Konzerthausen 2017–2018 denboraldian. Rachmaninoff – Paganiniren bertsioa interpretatu zuen ITOrekin eta Shanghaiko Orkestra Sinfonikoarekin (mundu mailako estreinaldia Shangain izan zen 2018an), Pittsburgheko Orkestra Sinfonikoarekin, Vienako Irratiko Orkestra Sinfonikoarekin, Grazko Filarmonikarekin, Bambergerreko Orkestra Filarmonikoarekin, Lyongo Orkestra Nazionalarekin, Minnesotako Orkestrarekin, eta beste batzuekin 2018–2019 denboraldian. Rachmaninoff Paganiniren bertsioa grabatu zuen ITOrekin eta Konzerthausorchester Berlinekin Christoph Eschenbach zuzendari zela Sony Classicalentzat 2019an.
Erik Nielsen.
Zuzendaria
Erik Nielsen zuzendariak trebetasunez lan egiten du operaren eta sinfoniaren alorretan. 2015az geroztik Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra da; halaber, 2016tik 2018ra bitartean Theater Baseleko musika zuzendaria izan zen, eta oraindik ere sarri gonbidatzen dute Sinfonieorchester Basel zuzentzeko. 2002an 10 urteko lankidetza hasi zuen Frankfurteko Operarekin, Korrepetitor (pianista) gisa lehenik eta Kapellmeister gisa gero, 2008tik 2012ra. Bertan, oso errepertorio zabaleko tituluak zuzendu ditu, Monteverdirekin hasi eta Lachenmanneraino. Frankfurten bizitzen hasi aurretik, Erik Nielsen harpa-jotzailea izan zen Berlineko Filarmonikoaren Orchester-Akademien.
20/21 denboraldirako dituen proiektuen artean honakoak nabarmentzen dira: debuta Dutch National Operan, Rotterdam Philharmonic Orchestra zuzenduz, Stravinskyren Oedipus Rexen produkzio berri batean; horrekin batera, Sammi Moussaren Antigonea operaren munduko estreinaldia egingo du, bai eta debutak ere Galiziako Sinfonikoarekin eta Orchestre der Tiroler Festspiele orkestrarekin, eta, era berean, Municheko Bayerische Staatsoperrera itzuliko da Richard Straussen Ariadne auf Naxosekin.
Azken konpromisoen artean, aipatzekoak dira: Kreneken Karl V, Municheko Bayerische Staatsoperrekin; Oedipus Rex, Il Prigioniero eta Pelléas et Mélisande Semper Oper Dresdenen; Trojahnen Peter Grimes eta Oreste Züricheko Opernhausen; Lachenmannen Billy Budd eta Das Mädchen mit den Schweflhörzern, Frankfurten; Usandizagaren Mendi Mendiyan, Pasioa San Joanen arabera eta Salome Bilbon, eta The Rake’s Progress, Budapesten. Horrez gainera, kontzertuak eman ditu Oslon, Manchesterren, Stockholmen, Madrilen, Estrasburgon, Lisboan, Basilean, Aspen Music Festivalen eta Interlochen Arts Campen.
Oso gazterik hasi zen pianoa jotzen. Erik Nielsenek orkestra zuzendaritza ikasi zuen Curtis Institute of Musicen, eta oboean eta harpan graduatu zen The Juilliard Schoolen. 2009an, Sir Georg Solti saria eman zion Solti U.S. Fundazioak.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Ganbera 3
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea
J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea
A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea
Horrela mintzatu zen Zaratustra
Lekua: Euskalduna Jauregia
L. van Beethoven: Egmont, Obertura Op. 84
W.A. Mozart: Piano eta orkestrarako 23. Kontzertua La Maiorrean K. 488
R. Strauss: Also sprach Zarathustra Op. 30
Jonathan Mamora, pianoa
Pablo González, zuzendaria
Intxaur-hauskailua Gabonetan
Lekua: Euskalduna Jauregia
O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71
Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria