Kontzertuak
Ez ohiko edertasuna
9.egitaraua
Ning Feng, biolina
Marco Armiliato, zuzendaria
I
DMITRI SHOSTAKOVICH (1906 – 1975)
Jai-giroko obertura Op. 96
ALEXANDER GLAZUNOV (1865 – 1936)
Kontzertua biolin eta orkestrarako la minorrean Op. 82
I. Moderato (attacca)
II. Andante sostenuto (attacca)
III. Allegro
Ning Feng, biolina
II
SERGEI RACHMANINOV (1873 – 1943)
2. sinfonia mi minorrean Op. 27
I. Largo – Allegro moderato
II. Allegro molto
III. Adagio
IV. Allegro vivace
DATAK
- 20 urtarrila 2022 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 21 urtarrila 2022 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Iraganeko Errusia
Mendetan zehar, Errusiaren paperari dagokionez, talentu-inportatzaile garbia izan zen nazioarteko musikaren eszenan. Atzerriko dozenaka musikarik txertatu zuten tsarren gortea beren biretan edo lanerako helmuga iraunkorren artean. Hurbileko zenbait erreferente aipatzearren, hala egin zuten Martín y Soler, Sarasate edo Casals artistek.
Errusiarra zen, era berean, —arrazoi diplomatikoengatik, hezkuntza-arrazoiengatik edo bestelako arrazoiengatik— Europako beste hiriburu batzuetan bizi zen aristokrazia; eta askotan mezenasgo-foku gisa ezarri zen. Agian, kasurik ezagunena Beethovenen garaiko Viena da eta horren harremana Andrei Razumovsky kondearekin, Philipp Adamovich Klüpfel baroiarekin eta Ivan & Anna Margarete Browne konde eta kondesarekin.
XIX. mendeko azkenengo hogeita hamar urteetan, Uralen mendebaldeko inork ezin zuen izendatu konpositore errusiar bat. Gauza asko aldatuko zen, eta denbora-tarte oso txikian. Mijail Glinka bata bestearen atzetik agertu ziren musikarien zerrendako burua izan zen arren, egia esan, bere nazioarteko garrantzia txikiagoa izan zen. Bere benetako zeregina hurrengo belaunaldietarako erreferente izatea izan zen, eta belaunaldi hori bai izan zela geldiezina: Rimski-Korsakov, Moussorgsky, Tchaikovsky eta Anton eta Nikolai Rubinstein anaiak; horiei sor diegu Moskun eta San Petersburgon sortu ziren kontserbatorioak. Une hartatik aurrera, Errusia musika-munduan garrantzirik ez izatetik, pixkanaka, lehen potentzietako bat izatera igaro zen, bai eta lehenengoa ere. Miaskovsky, Scriabin, Medtner, Prokofiev, Weinberg, Stravinsky, Kachaturian, y posteriormente Tishchenko, Schnittke, Gubaidulina…
Talentu mordo horren artean gau-ekitaldi honetako autoreak daude. Alexander Konstaninovich Glazunov (1865-1936), Sergei Vasilievich Rachmaninoff (1873-1943) eta Dmitri Dmitrievich Shostakovich (1906-1975). Hiru autore horien bizitzak ezin desberdinagoak izan ziren; ikasgelak, eszenatokiak, zorionak eta zorigaiztoak partekatu zituzten arren.
Shostakovich, horien artean gazteena, Glazunovekin hasi zituen bere ikasketak 1919an San Petersburgoko Kontserbatorioan. Hiri horrek, aurreko urtean, nazioko hiriburutza galdu zuen eta Mosku pasa zen Errusiako hiriburu izatera. Mende erdiz, Shostakovich sobietar erregimeneko konpositorea izan zen, Prokofievekin partekaturiko postua. Bien karrera profesionalak oso ezagunak dira: sariz, ezbeharrez, sari gehiagoz eta ezbehar gehiagoz osaturiko etengabeko errusiar mendia.
Osteko musikologiaren artean —bai eta publiko orokorraren artean ere— eztabaida korapilatsu bat sortu zen, non Shostakovichek sobietar erregimenari erakutsitako leialtasuna baloratzen saiatu baitziren. Ez errusiar herriari, argi baitzegoen elkarrekiko maitasuna, baizik eta estatuko buruen espektro guztiari. Azken horiek etengabe gurutzatu ziren Shostakovichen konpositore-lanean. Sobietar Batasunean, Shostakovich bezalako figura bat ezin zen izan Shostakovichena, ez bere pertsonarena ez bere obrarena. Shostakovich Estatuaren jabetzakoa zen, beste barik. Deliriozko egoerak etengabe gertatzen ziren. Adibide gisa, botoi bat: 1949aren amaieran, konpositoreak Stalinen dei bat jaso zuen eta, bere osasun-egoeraren inguruan galdetu ostean, Estatu Batuetan egingo zen Bake eta Kultura Biltzarrera ordezkari gisa joatea proposatu zion.
–Noski joango naizela beharrezkoa bada, baina egoera oso zail baten aurrean nago. Atzerrian ia nire sinfonia guztiak jotzen dira, eta hemen, berriz, debekatuta daude. Nola jokatu behar dut horrelako egoera baten aurrean?
–Zer esan nahi duzu debekatuta daudela diozunean? Nork debekatu ditu?
–Errepertoriorako Estatuko Batzordeak.
Stalinek ziurtatu zuen akats bat izan behar zela, eta hortik egun batzuetara debekua baliogabetu zen. Honela, hurrengora arte.
Oztopoz beteriko bizitza honetan, bere Jai-giroko obertura obraren (op. 96) konposizioa da agian idazketa azkarraren adibiderik dibertigarrienetako bat. Historia famatua lekuko zuzena izan zen Lev Lebendisnkyren eskutik datorkigu.
1954ko azaroaren 6an Urriko Iraultzaren 37. urteurrena ospatu zen Bolshoi antzokian. Vasili Nebolsin, zuzendarietako bat, aditua zen honelako ekitaldietarako obrak konposatzen, baina, arrazoi ezezagunengatik, ez zeukan ezer prestatua eta eguna iristear zegoen. Shostakovichen apartamentura joan zen eta egoera azaldu zion. Ados, erantzun zion Dmitrik. Ordu batera, telefonoak jo zuen, Vasilik galdetu zuen ea mezulari bat bidali zezakeen aurreratu zena jasotzera. Hortik aurrera, mezularien zubi bat hedatu zen Bolshoiren eta Shostakovichen etxearen artean. Obra ordu batzuetan osatu zen, estreinatu egin zen eta errepertorioan sartu zen ate handitik. Hain zuzen ere, Shostakovichk batutarekin egin zuen karrera laburrean zuzentzea onartu zituen obra gutxietako bat izan zen.
Bost hamarkada lehenago, 1905eko otsailaren 15ean, San Petersburgon programako hurrengo obra estreinatu zen, Biolinerako Kontzertua, La minorrean, Op. 82, Alexander Glazunovena. Bakarlaria izan zen obraren dedikatarioa, Leopold Auer; konpositorea bera orkestra zuzentzen zegoela. Auerrek, hainbat memorien autorea ere badena, biolinista paregabea izan zen, momentu egokian toki egokian egoteko zortea izan zuena. Tchaikovskyren Biolinerako Kontzertua obraren beraren dedikatario izatera eraman zuen pasarte sinestezinaz harago —esan daiteke inork ez zuela interes berezirik—, Auer irakasle izan zen hiriko kontserbatorian (ia hura sortu zen egunetik), gaur egun oraindik martxan dagoen interpretazio-eskola baten fundatzailea izan zen eta osteko belaunaldiko biolinjolerik ospetsuenetako batzuen irakaslea izan zen; besteak beste, Jascha Heifetz, Nathan Milstein edo Mischa Elmanena. Azken honen kasuan, Auerri amarru bat bururatu zitzaion, bere aita (40 urte zituena) hartzea ikasle gisa, izan ere, indarrean zeuden legeen arabera, judutarrek ezin zuten gaua pasa Errusiako hiri askotan, ibiltzeko baimenik ez bazuten. Mischa gaztea, ikasle gisa, baimenduta zegoen; baina bere familiako beste inor. Bere biolin-katedratik, eta Glazunoven laguntzarekin zentroko zuzendari gisa 1906az geroztik, Leopold Auerrek XX. mendean biolinaren historiaren zati garrantzitsu bat idatzi zuen.
Glazunoven Kontzertua, teknikoki deabrutua, garai hartan ohikoa zen bezala, eta pare bat trikimailu arkitektoniko bikainekin —bigarren mugimendua lehenengoan txertatzea esaterako—, ahaztua izan zen mendearen erdialdeko hamarkadetan, entzuleek nahiago baitzituzten edo obra oso klasikoak edo oso abangoardistak. Gero, poliki-poliki, programazioetan bere lekua berreskuratuz joan zen.
Baina Glazunov musikaren historian sartu bada ez da izan musikari eta pertsona gisa izan duen onberatasunarengatik, edo Ballets Russes konpainiarentzako Diaghileven Las Sílfides orkestratu izanagatik, edo Ballets Russes konpainia horrentzako ere Suzko Txoria konposatzea eskaini zitzaion lehenengo konpositorea izan zelako; famatuagoa izan zen nazioarteko beste errusiar baten obraren, zehazki, Serguei Rachmaninoffen Lehenengo Sinfonia obraren estreinaldi katastrofikoa zuzendu izanaren ondorioz jaso zuen narras-akusazioagatik. Kexa horrek ez luke aparteko garrantzirik izan behar, baina, antza denez, zartada horrek lur jota utzi zuen Rachmaninoff; are gehiago, inoiz gehiago ez zuen programatu obra hori, eta bi sinfonia gehiago bakarrik konposatu zituen: Bigarrena, San Petersburgon estreinatua 1908an, bere zuzendaritzapean, eta Hirugarrena Filadelfian 1936an, Stokowski famatua batutarekin zegoela. “Pikutara sinfoniak! Ez dakit sinfoniak idazten eta, gainera, ez daukat gogorik idazteko”, adierazi izan zion noizbait lagun bati.
Rachmaninoffek —beste errusiar askok bezala— ikusi zuen bere bizitzaren erdialdean garai hartako mundua, ezagutu zuen moduan, desagertzen ari zela. Bere kasuan, bi alderditatik: esparru pertsonalean, Errusia utzi zuen 1917an eta ez zen inoiz gehiago itzuli, eta musikaren esparruan, abangoardia berriek —Schoenberg eta Stravinsky buru zirenak— nazioarteko eszena akademikoaren kontrola hartu zuten, eta Rachmaninoffek horien inguruko iritzi oso kritikoa zuen. Urte gutxiren buruan, Rachmaninoff atzerritar anizkoitz bilakatu zen. Atzoko Mundua, Stegan Zweigen hitzetan.
Bestalde, pianista gisa zituen sekulako gaitasunei esker, leku iraunkorra lortu ahal izan zuen nazioarteko eszenatokietan, eta bere konposizioek beti mantendu zuten publiko fidel bat. Bere Bigarren Sinfonia bere hiru orkestra-obretatik ezagunena izan zen, nahiz eta entzule askok bertsio oso laburrean entzun zuten, Stokowski bere paladinak esku hartu zuelako.
Nahiz eta askotan pentsatu den murrizketa hori neurri pertsonalizatu bat izan zela (obraren egite zabalak ezarria), egia esan, Stokowkik guraizeekiko zuen zaletasuna konpositoreen kolektibo osora hedatu zen. Gure Shostakovich ere, Altzairuzko Oihalaren beste aldean, ez zen libratu, 1946ko gutun batean agerian uzten den bezala: “Baina, noski, Ipar-Amerikan honelako jarrera eman ohi da nire musikaren aurrean (eta agian ez nirearen aurrean bakarrik). Hala, adibidez, VOKSen musikalen buletinetako batean irakurri dut Stokowski jaunak nire Zortzigarren Sinfonia hogei minutu ‘murriztu’ dituela, berez, ordu eta bost minutu irauten baditu ere. Berriro eskatzen dizut Kemerov burkidea: defenda itzazu nire interes artistikoak”.
Rachmaninoffek —bere gaztaroan abangoardistegia izatearen fama zuenak— iragarri zuen bere inguruan entzuten zituen proposamen berriak, eta gainditutzat jotzen zituenak, iragankorrak zirela. 1923ko elkarrizketa batean, ziurtatu zuen etorkizuna Amerikan zegoela: “uste dut Europa nolabaiteko mania kutsakorren bat jasaten ari dela kakofoniaren ondorioz, konpositore ultra modernoen lanek erakusten duten bezala. Amerikarrak praktikoegiak dira honelako materialekin engainatuak izateko, berrikuntza gisa aurkezte hutsagatik. Denbora batez musika futurista gisa modan egon ziren gauza asko dagoeneko igaro dira, eta ahaztuak izateko bidean daude”. Modu inozoan, “edertasun errealaren printzipio zaharretan eta ez artu faltsu batean oinarrituriko musika berri, aberats eta originala” eskatzen zuen. Zein konpositorek, XX. mendekoa edo beste edozein garaikoa, irudikatu du bere burua arte faltsuaren apostolu gisa? Gure kontzertu-aretoetan, gure soinu-bandetan, gure interneten, zorionez, korronte estetiko guzti horientzako tokia dago, eta etorriko direnentzako.
Joseba Berrocal
Ning Feng.
Biolina
Ning Feng lirismo, berezko musikaltasun eta birtuosismo harrigarriko artistatzat aintzatesten da nazioartean. Mundu osoan jotzen du orkestra eta zuzendari garrantzitsuenekin, eta errezitaldi eta ganbera-kontzertuetan nazioarteko ziklo eta jaialdi garrantzitsuenetako batzuetan.
Ning Fengek birak egin ditu Europan, Asian eta Australian Hong Kong Philharmonic Orchestrarekin, Jaap van Zwedenen zuzendaritzapean, eta Txinan zehar Budapest Festival Orchestrarekin, Ivan Fischerrekin alegia, eta berarekin hainbat aldiz jo du Budapesten ere; halaber, birak egin ditu Berlin Konzerthaus Orchester eta Lawrence Fosterrekin, eta Royal Liverpool Philharmonic Orchestrarekin. Gaur egunera arteko bere ibilbideko beste aktuazio aipagarri batzuk, besteak beste, Royal Philharmonic Orchestra, City of Birmingham Symphony, BBC Philharmonic, BBC Scottish, LA Philharmonic, National Symphony (Washington), Helsinki Philharmonic, Bavarian Radio Symphony, Frankfurt Radio Symphony eta Russian National Symphony-rekin egindakoak dira. Zuzendari bikain askorekin egin du lan, besteak beste, Gianandrea Noseda, Marin Alsop, Yu Long, Tugan Sokhiev, Vladimir Spivakov eta Vassily Petrenkorekin.
Txinan, Ning Fengek begirunerik eta aintzatespnik handiena du; era erregularrean orkestra nagusiekin aritzen da eta 20/21 denboraldian artista egoiliarra izan da Shanghai Symphony Orchestrarekin. 20/21 denboraldiaren hasieran Ning Fengek bira bat egin zuen Txinan 14 hiritan Beethovenen biolinerako sonatak interpretatuz. Aldi horretan, Beethovenen Biolinerako Kontzertua ere interpretatu zuen Shanghai Symphony Orchestrarekin, Guangzhou Symphony Orchestrarekin eta China Philharmonic Orchestrarekin.
Ganbera-musikaren alorrean Ning Fengek erregulartasunez lan egiten du Igor Levitekin eta elkarrekin Schubertiade Festivalen eta Alemanian eta Londresen aritu dira, Wigmore Hall eta Barbican Centre barne. Askotan jo du Kissinger Sommer Jaialdian eta Edgar Moreau, Daniel Müller-Schott eta Nicholas Angelich artistekin kolaboratu du.
Ning Fengek Channel Classicsentzat grabatzen du eta bere azken diskoa, ‘Virtuosismo’, Paganiniren Biolinerako 1. zk.ko Kontzertuarekin eta Vieuxtempsen Biolinerako 4. zk.ko Kontzertuarekin, 2019ko irailean kaleratu zen. Bere diskografiak Elgar, Finzi, Tchaikovsky, Bruch (Fantasia eskoziarra) eta Sarasate, Lalo, Ravel eta Bizet/Waxmanen biolin eta orkestrarako lanak ditu eta Dragon Quartet taldearekin Schubert, Dvořák, Borodin, Shostakovich eta Weinbergen lanak ere biltzen ditu.
Chengdun (Txina) jaioa, Ning Fengek Sichuango Musika Kontserbatorioan ikasi zuen; halaber, ikasketak egin ditu Hanns Eisler Musika Eskolan (Berlin) Antje Weithaasekin eta Royal Academy of Musicen (Londres) Hu Kunekin eta bertan bere azken errezitaldiagatik % 100ean saritua izan zen lehen ikaslea izan zen. Sariak irabazi ditu Hanover International, Queen Elisabeth eta Yehudi Menuhin nazioarteko biolin lehiaketetan. Beste alde batetik Ning Fengek 2005eko Michael Hill (Zeelanda Berria) Nazioarteko Biolin Lehiaketako lehen saria irabazi zuen, eta 2006an lehen saria irabazi zuen Paganini Nazioarteko Lehiaketan.
Ning Fengek "Vieuxtemps" izenez ezaguna den 1710eko Stradivari biolinarekin jotzen du, Hong Kongeko Premiere Performancesek utzita, eta Vienako Thomastik-Infelden hariekin jotzen du.
Marco Armiliato.
Zuzendaria
Marco Armiliato zuzendari italiar karismatikoa, gaur egungo opera-zuzendari errespetatuenetakotzat jotzen dena, maiz gonbidatzen dute munduko opera-antzoki ospetsuenetan. Renée Fleming-ekin egindako Verismoko aria grabaketak Grammy sari bat lortu zuen 2010ean.
1995ean Veneziako La Fenice Antzokian Il Barbiere di Siviglia obraren zuzendaritzan eta Wiener Staatsoper-en Andrea Chenierrekin eta Luciano Pavarottirekin batera errezitaldietan parte hartu zuenetik, Armiliato maisuak ibilbide arrakastatsuari ekin zion eta munduko opera antzoki nagusietara iritsi da, New Yorkeko Metropolitan, Wiener Staatsoper, Bayerische Staatsoper, Deutsche Oper Berlin, Londresko Royal Opera House Covent Garden, Parisko Opéra National, Opernhaus Zürich, Madrilgo Errege Antzokia, Bartzelonako Gran Teatre del Liceu, Turingo Teatro Regio, Erromako Teatro dell ‘Opera eta Veronako Arena barne.
Maisuak zuzendaritza lan oparoa burutzen du Ipar Amerikan, bereziki New Yorkeko Metropolitan Operan, non, 1998an debutatu zuenetik, honako hauek zuzendu dituen: Andrea Chénier, Anna Bolena, Il Trovatore, La bohème, Stiffelio, Madama Butterfly, Tosca, Sly, Aida, Ernani, Turandot, Rigoletto, Cyrano de Bergerac, Francesca di Rimini, La fille du régiment, La rondine, La sonnambula eta Lucia di Lammermoor.
Aurreko denboraldietan Europako antzokietan izan dituen konpromisoen artean honako hauek nabarmentzen dira: Tosca, Rigoletto, La Traviata, Turandot eta La Bohème (Bayerische Staatsoper); Aida, Madama Butterfly eta Tosca (Arena di Verona); La Traviata, Andrea Chénier eta Tosca (Vienako Opera); La Fille du Régiment, Sevillako bizargina, Otelo (Parisko Opera); La Fanciulla del West eta La Traviata (Zurich Opernhaus); Enara (ROH Covent Garden). Marco Armiliatok Milango Scala Antzokiko Orkestra zuzendu zuen 2015eko Expo-ren inaugurazio-kontzertuan, Milango Piazza Duomon.
Bere azken konpromisoak hauek dira: La Bohème, Il Trovatore, Manon Lescaut, Aida, Cyrano de Bergerac (New Yorkeko Metropolitan Opera); La bohème, Roméo et Juliette, Simon Boccanegra, Manon Lescaut, La Traviata, Il Trovatore ekoizpen berria, I Capuleti eta i Montecchi ekoizpen berria (Vienako Opera); Lucia di Lammermoor (Bartzelonako Gran Teatre del Liceu); Manon Lescaut (Amsterdamgo Opera); Otello eta La Fanciulla del West (Zürich Opernhaus); Otello (Pereladako Jaialdia); Werther (Teatro Nazional Berria, Tokio); La Traviata, Andrea Chénier (Bayerische Staatsoper); Madama Butterfly (Chicago); Aida, Tosca eta Madama Butterfly (Arena di Verona); La Fille du Régiment (Parisko Opera).
Oraintsu oraindik La Traviataren ekoizpen berria zuzendu du Zuricheko Opernhausen; Fausten ekoizpen berria Berlingo Deutsche Operan; Elisir d’Amore eta La Bohème Wiener Staatsoperren; Lucia di Lammermoor Bartzelonako Gran Teatre del Liceun; Manon Lescaut (kontzertua bertsioa), Lucrezia Borgia eta galako kontzertu bat Salzburger Festspielen.
Bere azken denboraldietatik honako hauek azpimarratu eta nabarmendu daitezke: Otello, Manon eta La Fanciulla del West Zurichen; La Traviata, Andrea Chénier, Tosca eta galako kontzertu bat Munichen; Madama Butterfly Madrilgo Errege Antzokian; Rigoletto Chicagon; La Traviata, L’Elisir d’amore, Simon Boccanegra, Manon Lescaut, Don Pasquale, Turandot, Aida, Il Trovatore (ekoizpen berria), La Fanciulla del West, Otello, Samson et Dalila, Rigoletto, Tosca, Andrea Chénier eta Vienako Wiener Staatsoperren 150. urteurrenaren omenezko gala; La Bohème, Manon Lescaut, Aida, La Fanciulla del West eta Alfanoren Cyrano de Bergerac New Yorkeko Metropolitanen; Il Trovatore Chicagon; La Traviata Milango La Scalan; eta Adriana Lecouvreur Salzburgoko Jaialdian.
Hurrengo denboraldietarako bere asmoen artean, Milango La Scala, New Yorkeko Metropolitan, Wiener Staatsoper, Napoliko San Carlo Antzokia, Maggio Musicale Fiorentino, Tokioko Udaberriko Jaialdia, Veronako Arena, Zuricheko Opernhaus eta Municheko Bayerische Staatsoper-ekin dituen konpromisoak daude.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak
Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo
Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro
0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.
Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.
ONE eta Mahlerren “Titán”
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”
Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria
Ganbera 4
Lekua: Euskalduna Jauregia
B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin
M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea
Mundu Berriko sinfonia
Lekua: Euskalduna Jauregia
J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”
Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria