Kontzertuak

Klasikoak gazteak dira


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Lorenza Borrani, zuzendaria
Julia Hagen, biolontxeloa


I

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

Bahiketa Serrailoan, Obertura K. 384

FRANZ JOSEPH HAYDN (1732 – 1809)

Kontzertua biolontxelo eta orkestrarako Do Maiorrean Hob. VIIb:1

I. Moderato
II. Adagio
III. Finale: Allegro molto

Julia Hagen, biolontxeloa

II

CAROLINE SHAW (1982)

Entr’acte*

FRANZ JOSEPH HAYDN (1732 – 1809)

60. sinfonia Do Maiorrean Hob. I:60 “Il distratto”*

I. Adagio – Allegro di molto
II. Andante
III. Menuet
IV. Presto
V. Adagio
VI. Finale: Prestissimo

DATAK

  • 10 urria 2024       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 11 urria 2024       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Deskargatu pdf

Enkarguzko jenialtasunak

Mozartek, Capital Cityra joan berri den 25 urteko gazteak, aitari idazten dio azken berriak kontatze aldera.

“Viena, 1781eko abuztuaren 1a.

Mon Très Cher Père!

[…] Bada, herenegun Stephaniek libreto bat eman zidan, konposatzeko. Aitortu behar dut ezen, nahiz eta beste pertsona batzuk oso gaizki tratatu –horren berririk ez badut ere– lagun bikaina dela nirekin. Libretoa nahiko ona da. Gaia turkiarra da eta izenburua honako hau da: Belmonte und Konstanze, edo Die Verführung aus dem Serail. Obertura, lehen ekitaldiko korua eta azken korua Turkiako musikaren estiloan idazteko asmoa dut. […] Hain pozik nago opera hau konposatu behar izateaz ezen, Cavalieriren lehen aria, Adambergerrena eta lehen ekitaldia ixten duen trioa amaitu baititut. Epea laburra da, egia da, irailaren erdialdean izango baita emanaldia; baina inguruabarrek […] hainbeste estimulatzen naute, ezen nire idazmahaira joaten bainaiz ezinegonik handienarekin, eta hantxe egoten naiz eserita, plazerrik handienarekin.

Errusiako duke handia hona etorriko da, eta horregatik Stephaniek erregutu zidan, ahal izanez gero, opera denbora-tarte labur honetan konposatzeko, enperadorea eta Rosenberg kondea laster itzuliko baitira, eta bere lehen galdera izango da ea ezer berririk prestatzen ari naizen […]. Une horretan, Stephaniek pozik esan ahal izango du […] okasiorako opera bat egiten ari naizela. […] Adambergerrek eta Fischerrek ez beste inork ez daki ezer horri buruz, Stephaniek ezer ez esateko erregutu baitigu, Rosenberg kondeak kanpoan jarraitzen baitu, eta edozein errebelaziok erraz ekar baititzake era guztietako esamesak. Stephaniek ez du nahi nire lagun onegitzat har dezaten ere; aitzitik, jendeak hori guztia Rosenberg kondeak hala nahi duelako egiten duela pentsatzea nahi du. […].

Ez dut besterik esateko, ez baitut berririk izan. Joango naizen gela prestatzen ari dira. Orain klabezin bat alokatzera aterako naiz, nire gelan halako bat egon arte ezin baitut bertan bizi, asko baitaukat konposatzeko eta ez baitut minutu bat ere galdu behar.

Egia da nire ostatu berrian erosotasun asko nabarituko ditudala faltan, batez ere otorduei dagokienez. Izan ere, hagitz premiazkoa zen zerbait amaitu behar nuen guztietan, Webertarrek nik nahi adina atzeratzen zidaten bazkalordua; eta jantzi gabe idazten jarrai nezakeen, eta ondoko gelako mahaira joan, bai bazkaltzeko eta bai afaltzeko ere; orain, berriz, nire gelara janaria ekartzeko dirurik gastatu nahi ez dudanean, gutxienez ordubete galtzen dut janzten [….] Badakizu, normalean, konposatzen jarraitzen dudala gose naizen arte. Bada, afaltzeko prest leudekeen lagun atseginak zortzietatik aurrera esertzen dira mahaira, edo zortzi eta erdietan, beranduenez. Webertarren etxean ez genuen inoiz hamarrak baino lehenago egiten. Tira, adieu. Bukatu egin behar dut, teklatu baten bila irten behar baitut.

Laster arte. Mila aldiz musukatzen dizkizut eskuak, eta bihotz-bihotzez besarkatzen dut nire arreba maitea; badakizu, baita, zure semerik esanekoena izango nauzuna beti.

Wolfgang Amadè Mozart

P.D. Goraintziak Salzburgo osoari.”

Bitxia da zenbat gauzarekin entera gaitezkeen gutun pribatu bat irakurriz. Ikus ditzagun horietako batzuk:

Itxura guztien arabera, Bahiketa Harenean opera zeharo ospetsua, lehenik, presaka, bigarrenik, ezkutuan, eta, hirugarrenik, Gottlieb Stephanie zuzendariak Joseph II.a enperadoreari koipe apur bat eman ziezaion konposatu zen.

Gauza gehiago: Mozart pianoan eserita idazten zuen konpositore horietakoa zen. Ea ba. Argi gera dadila. Wolfgangek ez zuen musika entzuteko inolako beharrik. Berari –eta musikaren jeinutzat jo ditzakegun gainerakoei– nahikoa zitzaien begiak ixtea eta barnean edozein pasarte entzutea. Geuk ere ez dugu nobela bat ozen irakurri behar. Mozartek bizioagatik egiten zuen hori, musika gainerako gizakiok entzungo genuen bezala entzutearen plazer hutsagatik alegia.

Gauza gehiago: Mozarti izugarri gustatzen zitzaion bere lana. Tira, harentzat ez zen lana. Beno, egia esan, lana bazen. Azken batean, Mozartek goseak akabatu arte lan egiten zuen. Amaginarrebaren eta aitaginarrebaren etxean lan egiten duzula? Ederki. Korridore bat zeharkatu eta zerbait jaten duzu Constanza née Weber emaztearekin eta haren gurasoekin. Etxez aldatu zarela eta gainera ez duzula dirurik Telepizzara deitzeko? Bada, Mendebaldeak pixka bat itxaron beharko du, harik eta zu txukundu, zerbait jatera atera eta lanera itzuli arte.

Ea, Mendebaldean pixka bat itxarongo dugula esatea esaera bat besterik ez da. Ordubete txukuntzeko! Birjina maitea! Baina nola bizi zen morroi hau etxean? Edo informatikari zarpail moduko morroia zen bere bertsio musikalean –coca-cola lata hutsez eta janari txinatarraren hondarrez inguratua– edo, aitzitik, koketeriaren gailurra jotzen zuen eta hiru dutxa jarraian hartzen zituen kalea zapaltzea pentsatu ere egin aurretik. Zenbat musika-obra utziko ote zituen Mozartek idatzi gabe apaintzeko behar zituen ordu guztiak kontatuz gero.

Bahiketa Harenean obra konposatzen, bederik, aski denbora eman zuen. Eta obertura turkiar estiloan egiteko asmoa bete zuen. Zer zen garai hartan turkiar musika-estiloa, austriar baten belarrietatik hautemana? Funtsean, Jenizaroen Banda handi bat zen, prozesioan zihoazenak tunika brodatuekin eta turbanteekin: modulazio gutxi, triangelu asko eta zarata handia. Astrapala, garbi esanda. Obertura hau operetako turkiarrekin egindako keinu-joko bat baino ez da. Baldin eta opereta bada. Rossini, garbi-garbian.

Enperadore ospetsuak komedia entzun ahal izan zuen, eta legendak kontatzen du Mozarti, gizalegez, “Nota asko, Mozart maitea, nota asko” esaldi ospetsua komentatu ziola. Eta Mozartek, gizalegez baino areago –badaezpada ere–, “Beharrezkoak bakarrik, Maiestate” erantzun ospetsua eman zion. Lastima da hori baino ez izatea: legenda bat. Antzeko zerbait esan zion Boccherinik bere erregeari garai hartan, eta horregatik galdu zuen bere postua urte askoan. Hala ere, egia esateko, Boccheriniren erantzuna lotsagabeagoa izan zen. “Musikaz hitz egiteko jakin egin behar da musikaz, Maiestate”. Erantzun horrek nahaspila eragin zuen, jakina.

Nagusi batentzat lan egiteak, eta are gehiago aristokrata bada, badu bere artea. Esan diezaiotela Haydni, Mozarten garaikide eta adiskideari. Modu asko daude zerbitzari batek mezu bat helarazteko, eta umorea aukera ona izaten da. Kopetaraino gaudela Eszterházytarren udako egoitzan giltzapeturik egoteaz eta gure familiekin itzuli nahi dugula? Bada, Haydnek sinfonia bat idatzi zuen, non musikariek jotzeari utzi eta eszenatokitik alde egiten baitzuten, bi bakarrik geratu arte. Nikolaus I.a printzeak ongi hartu zuen, eta biharamunean gortea itzuli egin zen. “Les Adieux” 45. sinfonia mitikoa. Tropa jokoan sartu zen 1772an.

Dena ondo baldin bazihoan, eta badirudi Eszterházytarrekin gaiak modu zibilizatuan tratatzen zirela, Haydnen orkestrako musikariak ondo jagonda eta errespetatuta senti zitezkeen. Haien artean Joseph Weigl biolontxelo-jotzailea zegoen; musikaria Haydn bera baino aste batzuk geroago sartu zen familiaren zerbitzura. Konpositoreak, haren trebeziaren jakitun, 60ko hamarkadaren hasieran kontzertu bat idatzi zion, haren luzimendurako: Do maiorreko VIIb:1 kontzertua, gaur gauean entzungo duguna alegia. Eta txiripaz entzungo dugu; izan ere, obra pribatua zenez, ia familiarra, galduta egon zen harik eta Pragako Museo Nazionalean kopia bat agertu zen arte, berrehun urte geroago, hau da, 1961ean.

Obra honen musikak Weiglen birtuosismo guztia hedatzen du, partituran ikusten dugunaren arabera gutxi ez zena. Eta Nikolaus printzea erabat kontziente izan zen haren merezimenduaz, zalantzarik gabe, bera ere hari grabeko instrumentu baten interpretea baitzen: barytonarena –erresonantziako soka sinpatikodun viola da gamba, alegia. Baliteke Nikolausek barytona grazia gutxiagorekin jotzea, baina musikarekiko zuen maitasuna, eta musika jotzeko zuen prestutasuna, zalantza guztietatik at geratzen ziren. Irakur dezagun bere idazkariari idatzi zion gutun bat, urte hauetakoa, 1765ekoa hain zuzen ere:

“Azkenik, biziki erregutzen zaio Haydn Capellmeister horri konposizioetan orain arte baino arreta handiagoz saia dadila, eta, bereziki, viola da gamba musika-tresnarekin uki daitezkeen piezak idatz ditzala, horietatik oso gutxi ikusi baititugu orain arte; eta eginbide hori epaitu ahal izateko, aldioro bidali beharko digu konposizio guzti-guztien lehen kopia, garbi eta kontu handiz idatzia.”

Haydnek lanari gogoz ekin zion, eta horrela, hurrengo urteko urtarrilaren hasieran, printzeak idazkariari idatzi zion berriro:

“Une honetan Haydnek hiru pieza bidali dizkit, asko gustatzen zaizkidanak. Hainbestez, altxorreko hamabi dukat ordaindu beharko dizkiozue nire izenean, eta, aldi berean, esaiozue beste sei pieza idazteko, bidali dizkidanak bezalakoak, bi bakar-piezarekin batera, ahalik eta lasterren eman diezazkidan.”

Haydnek biolontxelorako bi kontzertu konposatu zituen, bere orkestrako bakarlari bakoitzarentzat bana. Baina aldi berean, ehun eta berrogeita hamar obra baino gehiago idatzi zituen baryton musika-tresnaz jotzeko. Gaur egun ia abandonatuta dagoen errepertorioa da, mezenas musikal baten interes aktiboaren emaitza dena. Ikertua izateko zain dagoen altxorra.

Umoreak eta konplizitateak ohiko ezaugarriak izaten jarraitu zuten Haydnen konposizioetan, Eszterházytarrekin izandako harremanean. Horren erakusgarri dugu –beste bat– “Il Distratto” 60. sinfonia, 1774 ingurukoa. Spoilerrik ez. Itxaron dezagun bere sei mugimenduetako azkena entzun arte.

Haydnek dibertitu eta liluratu egin zuen Wolfgang Amadeus Mozart bere lankide estimatua, eta bai bere patroi estimatuak, Eszterházytarren Etxeko ondoz ondoko lau printze, edo Ludwig van Beethoven bere dizipulu estimatua. Estatu Batuetako musikagile gazte bat ere zeharo liluratu zuen: Caroline Shaw. Ikus dezagun nola kontatzen duen musikagile honek:

“Entr’acte 2011n idatzi zen, Brentano laukotea Haydnen Opus 77 2. zenbakia jotzen entzun ondoren, Re bemol maiorrean minuettotik triorako trantsizio soil eta hunkigarriarekin. Minuetto bat eta trio bat bezala egituratuta dago, forma klasiko horretan inspiratuz, baina pixka bat urrunago eramanez. Atsegin dut musika batzuek (Opus 77ko minuettoek, adibidez) bat-batean Aliceren ispiluaren beste aldera nola eramaten zaituzten, trantsizio zentzugabe, sotil eta teknikolor moduko batean.”

Obrak, Prokofiev-ek eta Britten-ek okupatu zuten lekua hartuz, publikoaren onespena erdietsi zuen berehala; handik gutxira orkestrarako moldatu zen, eta egilearentzat ospea gehitzen jarraitu zuen. Ospe horrek Pulitzer saria irabaztera eraman zuen 2013. urtean. Shawk lan asko egiten du oraindik, eta ondo egiten du lan. Kolore eta tribu estetiko guztietako dozenaka artistarekin lan egin izan du; besteak beste, Rosaliarekin. Baliteke mezenasgo- eta finantzaketa-iturriak zertxobait aldatu izana, baina Shawk Mozarten edo Haydnen lanbidetik hagitz hurbil dagoen modua du bere lanbidea ulertzeko.

Joseba Berrocal


Jualia Hagen.

Violonchelo

Naturaltasuna eta berotasuna, bizitasuna eta kemena: ezaugarri horiek baliatzen ditugu Julia Hagenen jotzeko modua deskribatzeko. Salzburgoko txelo-jotzaile gaztea, musika-familia baten ondorengoa, orkestradun bakarlari bezain sinesgarria da musikari aipagarriekin batera egiten dituen ganbera-musikako kolaborazioetan. Orain Vienan bizi den 28 urteko gazteak nagusitasun teknikoa, estandar artistiko gorenak eta musika-sorkuntzarako hurbilketa zuzena eta komunikatiboa uztartzen ditu.

2023/24 denboraldiaren alderdirik aipagarrienak Krystof Urbanskiren zuzendaritzapean Dresdner Philarmonie orkestrarekin emandako kontzertuak eta Europan zehar egindako bira dira. Lisboako Orkestra Metropolitanoaz gain (Enrico Onofri), Kolonbiako Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin (Jonathan Bloxham), Espainiako Orkestra Nazionalarekin (Giovanni Antonini), Kristiansand Symphony Orchestrarekin (Julian Rachlin) eta Kammerakademia Potsdam-ekin (Paul McCreesh) jo izan du. Berlingo Rundfunk-Sinfonieorchester deritzon orkestrara ere itzuli zen, Andrés Orozco-Estradaren zuzendaritzapean. Radio Franceko Orchestre Philharmonique-n egin zuen debuta, Gražinytė-Tyla-ren gidaritzapean, eta kontzertuak eman zituen Parisko Philharmonie eta Wiener Musikverein-ekin. Beste debut batzuek Suitzara eroan zuten Weiner Symphoniker orkestrarekin, Petr Popelka zuzendari nagusiaren agindupean. Grafenegg Festival musika-jaialdian ere izan zen, Brno Philharmonic orkestrarekin, Dennis Russell Daviesen zuzendaritzapean.

Ganbera-musikako jarduera ugarien artean, aipatzekoak dira, bereziki, Igor Levit eta Reaud Capuçonekin Schubertiade Schwarzenberg-en, Londresko Wigmore Hall-en eta Vienako Musikverein-en emandako trio-kontzertuak. Aipagarriak dira, halaber, Sofia Gubaidulinaren ‘Canticle of the Sun’ izeneko emanaldiak, Los Angeles Master Chorale abesbatzarekin, Salzburger Festspiele-n. Ganbera-musikako beste kide batzuk honako hauek dira, besteak beste: Anneleen Lenaerts, Mao Fujita, Lukas Sternath, Nikolai Lugansky eta Sir András Schiff.

Julia Hagen bost urterekin hasi zen biolontxeloa jotzen. Enrico Bronzirekin ikasi zuen Salzburgon eta Reinard Latzkorekin Vienan. Ondoren, Heinrich Schiff-en klasean ikasi zuen urte batzuetan, 2013tik 2015era, eta Berlingo Arteen Unibertsitatean amaitu zituen ikasketak, Jens Peter Maintz-en eskutik. Hagenek Kronberg Academyren beka bat lortu zuen, eta Wolfgang Emmanuel Schmidtekin ere ikasi zuen 2022ra arte. Liezengo Nazioarteko Txelo Lehiaketa eta Chelo Mazzacurati Lehiaketa irabazi zituen; halaber, Hajek-Boss-Wagner Kultura Saria eskuratu zuen, eta bai Verbier Festival Academyren Nicolas Firmenich saria ere, txelo-jotzaile gazte onenaren atalean, besteak beste.

2019an atera zuen bere lehen diskoa Annika Treutlerrekin batera, Hänsler Classic disko-etxean, Johannes Brahmsen bi txelo-sonatekin. Grabazio gehiago prestatzen ari dira. Juliak Francesco Ruggieriren instrumentu bat jotzen du (Cremona, 1684).


Lorenza Borrani.

Zuzendaria

Lorenza Borranik zuzentzen dituen interpretazio eta programa inspiratzaileek eta musika-sorkuntzaren ikuspegi integratzaileak aintzatespen handia dute nazioarteko orkestren alorrean.

2023/24 denboraldian, Scottish Chamber Orchestrarekin egin zuen debuta, Madernaren obrekin eta Beethovenen 7. sinfoniarekin osatutako programa batean; debuta egin zuen, halaber, Parisko Orkestrarekin, Ligetiren Kammerkonzertekin, Haydnen Sinfonia Kontzertantearekin eta Le Distrait 60. sinfoniarekin. Beti bezala, Lorenza pertsonaia ezaguna da Eskandinaviako herrialdeetan, eta Suediako eta Norvegiako ganbera-orkestretara, Västeræs Sinfoniettara eta Arctic Philharmonicera itzuli da, denboraldi honetatik aurrera kolaboratzaile artistiko gisa; Musica Vitae-rekin egin du debuta. Aurreko denboraldien artean, nabarmentzekoak dira Bernako Cameratarekin, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Arctic Philharmonicekin egindako debutak. Ostrobothnian Orchestrara, Riga Sinfoniettara eta Australian Chamber Orchestrara egin dituen bisitak ere aipagarriak dira. Bertan, Lorenzak Prokofieven biolinerako 1. sonatako orkestra-konponketa propioa estreinatu zuen.

25 urte zituela, Lorenza Borrani Europako Ganbera Orkestrako zuzendari izendatu zuten. Nikolaus Harnoncourt eta Lorenzo Coppolarekin egindako lanak garai bateko interpretazioarekiko maitasuna eta ezagutza ekarri zizkion. Lorin Maazel eta Symphonica Toscanini, Claudio Abbado eta Orchestra Mozartekin izandako topaketek, non Mozarten Biolinerako 7. kontzertua ere interpretatu baitzuen, forma eman zieten bere ideia eta interes musikalei. Bakarlari gisa, Trevor Pinnock, Yannick Nézet-Séguin eta Bernard Haitink-ekin kolaboratu izan du.

Ganbera-musikaren esparruan, Lorenzak Kristian Bezuidenhout, András Schiff, Pierre-Laurent Aimard, Janine Jansen eta Daniel Hope artistekin kolaboratu du, eta sarritan Alexander Lonquichekin batera jotzen du, duo gisa. Lorenza ‘Spunicunifait’ taldearen sortzaileetako bat da, eta Mozarten hari-boskoteak interpretatu eta grabatzen ditu bertan. Gaur egun taldea Alpha diskoetxearentzat grabatzen ari da eta Bremengo Festspiele-n eta Londresko Wigmore Hall-en emanaldiak ditu programatuta.

Lorenza ‘Spira mirabilis’ laborategiaren sortzaileetako bat da. Garai guztietako orkestra-errepertorioa eta ganbera-musika prestatu eta interpretatzeko langunea da. Zuzendaririk eta liderrik gabe lan egiten dute. Haren azken proiektuen artean, honako hauek daude: Mozarten ‘Figaroren ezteiak’ opera, Beethovenen 9. Sinfonia, Mozarten ‘Così fan tutte’ operaren atalak eta Colin Matthewren ‘Spiralling’ lanaren estreinaldia, Aldeburghen.

Lorenzak Alina Company, Piero Farulli, Zinaida Gilels eta Pavel Vernikovekin ikasi zuen Scuola di Musica di Fiesole-n, eta graduondoko ikastaroa egin zuen Kunstuniversität Graz-en, Boris Kuschnir-ekin. Biolin irakaslea da Scuola di Musica di Fiesole-n eta 2019tik irakasle gonbidatua da Londresko Royal Academy of Music-en.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2024-2025
09
Abe
2024
>Ganbera 3

Ganbera 3

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea

J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea

A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
12 - 13
Abe
2024
>Horrela mintzatu zen Zaratustra

Horrela mintzatu zen Zaratustra

Lekua: Euskalduna Jauregia

Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa


I

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

Egmont, Obertura Op. 84

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

23. kontzertua piano eta orkestrarako La Maiorrean K. 488

I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai

Jonathan Mamora, pianoa

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Also sprach Zarathustra Op. 30

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
19 - 20
Abe
2024
>Intxaur-hauskailua Gabonetan

Intxaur-hauskailua Gabonetan

Lekua: Euskalduna Jauregia

O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71

Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
27 - 28 - 29
Abe
2024
>Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro


0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.


Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

Informazioa eta sarrerak