Kontzertuak
Lisiecki eta Beltxargen aintzira
Erik Nielsen, zuzendaria.
Jan Lisiecki, pianoa.
I
RICHARD WAGNER (1813 – 1883)
Tannhäuser, Obertura
SERGEI PROKOFIEV (1891 – 1953)
2. kontzertua piano eta orkestrako sol minorrean Op.16
I. Andantino. Allegretto
II. Scherzo. Vivace
III. Intermezzo. Allegro moderato
IV. Finale. Allegro tempestoso
Jan Lisiecki, pianoa.
II
PIOTR ILYICH TCHAIKOVSKY (1840 – 1893)
Beltxargen aintzira, Suitea Op. 20a
I. Scène
II. Valse
III. Danse des cygnes
IV. Scène (Pas d’action)
V. Danse hongroise (Czardas)
VI. Danse éspagnole
VII. Danse napolitaine
VIII. Mazurka
IX. Scène et Finale
DATAK
- 28 iraila 2023 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 29 iraila 2023 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Arrakasta berantiarrak
Batzuetan, hasieran izandako porrotak musika-lan baten etorkizuna baldintzatzen du, eta errepertoriotik behin betiko baztertu. Beste batzuetan, berriz, ezbehar hori unean uneko kontrako egoeraren ondorio da; baina egoera hori gainditu, eta pieza goraipatu egiten da, azkenean bere balioa adieraziz. Horixe da denboraldia inauguratzeko programa honetan entzungo ditugun hiru obren kasua; izan ere, hasieran harrera txarra izan bazuten ere, egun musika kultuaren kanonean duten estatusa ukaezina da.
1883an hil baino aste batzuk lehenago, eta obraren estreinaldia egin eta hogeita hemezortzi urte geroago, Richard Wagnerrek emazte Cosimari aitortu zion “oraindik Tannhäuser zor ziola munduari”. Horixe idatzi zuen emazteak bere egunerokoan; izan ere, obrak gerora izan zuen arrakasta gorabehera, Wagnerrek ez zuen inoiz onartu pieza horren harrera txarra. Hala ere, gaur egun garrantzi handia du Alemaniako konpositorearen opera erromantikoen artean, wagneriar dramaren ezaugarri asko aurretik ezarri baitzituen, hala nola leitmotiven narrazio-erabilera. Obraren bi estreinaldi nagusietatik bat ere ez zen bereziki arrakastatsua izan: Dresdenen jatorrizko obra estreinatu zen 1845ean, eta Parisen obraren berrikuspena 1861ean, baina hiru funtzioren ostean bertan behera utzi zen.
Hala ere, egia esan, Tannhäuserrek wagneriar ekoizpenaren orri musikal ederrenetarikoak biltzen ditu, hala nola erromesen koruak, Wartburg gortekoak eta obraren obertura ospetsua, zeina askotan modu independentean interpretatzen baita. Pozik ez zegoenez, Wagnerrek hainbat aldiz berrikusi zuen opera, eta, horren ondorioz, bertsio bat baino gehiago eta bi partitura desberdin konposatu zituen, konpositorea bizirik zegoeneko bi estreinaldiekin bat ez datozenak. Gaur egun “Dresdeneko bertsioa” izenez ezagutzen dena 1860an argitaratu zen, Parisen berriz estreinatu baino urtebete lehenago. Jatorrizko bertsioa eta Dresdenekoa desberdinak dira hainbat alderditan.
Alemaniako Erdi Aroko hainbat kondaira abiapuntu hartuta, Tannhäuserren Wagnerrek libreto bat sortu zuen. Honako hau da libretoaren gai nagusia: maitasun garbiaren eta haragizko maitasunaren arteko dualtasuna, jainkotiarraren eta lurrekoaren artekoa, berehalako plazeraren eta azken erredentzioaren artekoa, zeina heriotzaren bidez soilik lortu ahal izango dugun. Operaren musika konposatu ondoren, obertura idatzi zuen azkenekoz. Bertan, musika-lanaren laburpen sinfoniko-narratiboa eskaintzen digu gai nagusien bitartez. Wagnerrek berak oberturaren azalpena idatzi zuen programaren oharretan, 1873an:
" Hasteko, orkestrak erromesen korua eskaintzen digu. […] Gaua ernatzen denean, irudipen magikoak eta soinuak agertzen dira: […] Venus mendiaren aztikeria seduktoreak dira. […] Ikuskizun tentagarriak erakarrita, giza forma bat hezurmamitzen da: Tannhäuser, Maitasunaren ministroa. […] Sirena-kantuak eztiki xuxurlatzen dituen ahots bat entzuten du, zeinak bere desira basatienei erantzungo diela hitzematen baitio. Agertzen zaion emakume hori Venus da […]; azkenean eguzkia dir-dir ateratzen denean eta erromesen kantua, estasiz betea, mundu osoak entzuten duenean […], salbazioak irabazi egin du […], eta bereizita zeuden elementu biak, arima eta zentzumenak, Jainkoa eta Natura, Maitasun sakratuaren pekamenezko musuan batzen dira ”.
Wagner hil eta hogeita hamar urtera, 1913ko apirilaren 26an, Sergei Prokofiev gazteak Max Schmidthof ikaskide eta adiskidearen ohar beldurgarria jaso zuen: " Seryozha maitea, azken albisteak kontatzeko idazten dizut: Nire buruari tiro egin diot. Ez asaldatu gehiegi eta axolagabekeriaz hartu; hori besterik ez baitu merezi. Agur. Max. Ez du inporta zergatik egin dudan ”.
Prokofievek adiskideari une horretan konposatzen ari zen lau obrak eskaintzea erabaki zuen, besteak beste amaitu berri zuen pianorako 2. kontzertua. Pianorako idatzi zituen bost kontzertuetatik, horietako bi oraindik San Petersburgoko kontserbatorioko ikaslea zela amaitu zituen. Kontserbatorioan, konposizioa eta pianoa ikasi zituen 1904 eta 1914 bitartean. 1913an, hogeita bi urte zituela, bere obra batzuk argitaratzen hasi ziren, eta laster Rubinstein lehiaketaren irabazle bilakatuko zen. Lehiaketa horretan, nahitaezko obra klasikoa jo ordez, pianorako lehen kontzertua interpretatu zuen; izan ere, “nire kontzertuak aztertzaileak txunditzeko aukera zegoen, teknika berriak erabiltzen nituelako; ez ziren gai izango ondo edo gaizki jotzen ari nintzen epaitzeko!”.
Generoan egin zuen lehen saiakera hori ona izan bazen ere, Prokofieven pianorako bigarren kontzertua asmo handiagoko obra da, eta ordu erdi inguru irauten du (lehenengo kontzertuaren bikoitza, gutxi gorabehera). Orkestrazioa handiosa da, eta zailtasun tekniko handiko zati solista bat dauka, lehen mugimenduaren kadentzia izugarriak eta scherzo geldiezinak argi uzten duten bezala.
Obra 1913ko abuztuaren 23an estreinatu zen Pavlovsken, San Petersburgotik gertu, eta konpositorea aritu zen bakarlari gisa. Urte batzuk geroago, 1927an, Prokofievek bere egunerokoan idatzi zuen obra prestatzeko ikaragarrizko ahalegina egin behar izan zuela, eta kontzertuaren zati oso zail batzuk “gaizki” jo zituela. Harrera heterogeneoa izan zen; izan ere, entzule askok ez zuten ulertu obraren modernitatea eta konpositoreak zergatik jo zuen pianoa hain modu kolpekatuan, teklatuaren muturrak gehiegi erabiliz, bereziki nota baxuak. Emaitza indar aparteko obra bat da, zenbaitetan hunkigarria ere izan daitekeena.
Egun interpretatzen den partitura, ordea, ez da udako gau hartan entzun zuten berbera; izan ere, eskuizkribua ez zen inoiz argitaratu eta betiko galdu zen sute batean, Prokofiev Parisen bizi zenean —Errusiako Iraultzaren ondorioz joan zen Parisera bizitzera 1918an—. 1923an, gorde zituen zirriborroetatik abiatuta, konpositoreak obra osoa berridatzi zuen. 1924ko maiatzaren 8an estreinatu zen Parisen, musika berri asko gehituta. Lehen mugimenduan, hasierako sol minor tonalitateko musika oroitarazlea eta atmosferikoa da; pixkanaka haziz joaten da, neurrigabea izan arte eta kadentzia izugarrira iritsi arte, orkestra-eztanda eraginez. Daniel Jafféren iritziz (Sergei Prokofiev, 1998), lehen mugimendu horren handitasuna hain da aparta, ezen beste hirurak “bigarren mailakoak” baitira. Hala ere, edertasun eta asmamen handiko zatiak daude, bai scherzo laburrean, bai intermezzo aztoragarrian (zenbaitetan mehatxagarria eta besteetan barregarria) eta finale luzean.
Baina iragarri ezin diren porrotez ari bagara, zalantzarik gabe, Beltxargen aintzira da entzutetsuena, Txaikovskik konposatu zuen lehen balleta. “Fantasia sortzailea falta zaio”, “gaiak eta melodia monotonoak dira”, “konpositoreak orain arte idatzitako musikaren ‘itzal’ bat da”… Prentsan kritika horiek irakur zitezkeen obra 1877ko martxoaren 4an Moskuko Bolxoi antzokian estreinatu ondoren, Anthony Holdenek jaso zuen bezala (Txaikovski, 1995). Pentsaezina dirudi, partitura edertasun melodikoz, aberastasunez, aniztasunez eta irudimenez beteta baitago. Gaur egun, partiturak balleterako musikaren iraultza ekarri zuela onartu dugu, ordura arte dantzarien nahiak betetzen zituzten “espezialisten” esku baitzegoen.
Txaikovski ez zen balletean aditua, opera askoz gehiago interesatzen zitzaion, baina 1875ean Antzoki Inperialen enkargua onartu zuen, batez ere diruagatik. Hala ere, bere gutunetatik ondorioztatzen da erabat berria zen genero batean lan egiteak jakin-mina eragiten ziola, eta badakigu dokumentatu zela. Azken emaitza konpositorearen talentuaz beteta dagoen obra bat da, garai hartan balletera maiz joaten ziren ikus-entzuleentzat “jasoegia” zena.
Baina, obraren porrota, batez ere, estreinaldiaren inguruabarrek eragin zuten. Riabov zuzendariak musika konplexuegia zela esan zion, eta Txaikovski zenbait zati kentzera behartu zuen, Cesare Pugniren beste batzuekin ordeztuz; orkestra ez zegoen teknikoki prest; prima ballerinak, Anna Sobeshchanskayak, ez zuen dantzatu laugarren funtziora arte, eta Paulina Karpakovak —askoz ere kaskarragoa— bete zuen Odetteren papera estreinaldian. Azkenik, Julius Reisingerren koreografia oso sinpletzat jo zen. Beltxargen aintzira ez zen aintzatetsi harik eta Marius Petipak eta Lev Ivanovek 1895ean koreografiatutako bertsio berria estreinatu zen arte (Txaikovski hil eta bi urtera).
Gaur egun entzun ditzakegun orkestra-suiteak ez zituen konpositoreak idatzi, eta balletaren zati ezagunenek osatzen dituzte. Balleta gai nagusitik hasten da, bigarren ekitaldiko eszenatik, non protagonistak, Sigfrido printzeak, Rothbart mago gaiztoak beltxarga bihurtutako dontzeilak bizi diren aintzira aurkitzen duen. Eszena horren ondoren, lehenengo ekitaldiko balsa dator: gortearekin batera, printzeak bere urtebetetzea ospatzen du, balsa entzuten dugun bitartean; gero, lau beltxargen dantza dator, fagotek jotako nota baxu bereizgarriekin; eta, azkenik, Pas d’action dator, urtebetetzearen eszEstimatzen dugun edozein balletetan bezalaxe, Beltxargen aintziran ekintzarekin zerikusirik ez duten hainbat mugimendu daude, zeinak dantzariek beren talentua erakusteko musika-agertokiak eskaintzen dituzten. Horren adibide dira hirugarren ekitaldiko Hungariar Dantza, Espainiar Dantza eta Napoliar Dantza, tokiko kutsuz beteta, bai eta Mazurka ere. Suitearen amaieran, bi maitaleak sakrifikatu egiten dira, ezin izan dutelako magoa garaitu eta aztikeria desegin. Gerora sortu ziren amaiera zoriontsuko bertsioak ez datoz bat Txaikovskik idatzi zuen musika tragiko eta ederrarekin. Maisulana da obra, arrakasta berantiarra izan bazuen ere.
Yolanda Quincoces
Jan Lisiecki.
Pianoa
Jan Lisieckiren interpretazioek eta teknikak bere adinetik haratago doan heldutasuna erakusten dute. Kanadarrak 27 urte ditu, eta urtean ehun kontzertu baino gehiago ematen ditu mundu osoan. Lankidetza estuan aritu da, hala nola, Antonio Pappano, Yannick Nézet-Séguin, Daniel Harding, Manfred Honeck eta Claudio Abbado zuzendariekin.
2021/2022 denboraldian, Lisieckik errezitaldi-programa berri bat aurkeztu zuen, eta Chopinen Nokturno eta Estudioak jo zituen mundu osoko 30 hiri baino gehiagotan. Duela gutxi gonbidatu dute, besteak beste, Boston Symphony Orchestrara, Cleveland Orchestrara, Philadelphia Orchestrara, Filarmonica della Scalara eta Orchestra dell’Accademia Nazionale di Santa Ceciliara, eta emanaldiak egin ditu Carnegie Hallen eta Hanburgoko Elbphilharmonien, Orpheus Chamber Orchestrarekin batera. Lisieckik duela gutxi Beethovenen Lieder batzuk interpretatu zituen Matthias Goerne baritonoarekin, besteak beste, Salzburgoko Jaialdian, eta New York Philharmonic, Chicago Symphony, Staatskapelle Dresden, Parisko Orchestre, Bavarian Radio Symphony eta London Symphony Orchestrarekin jo du.
Joan den udan, Beethovenen pianorako kontzertuen lau ziklo oso jo eta zuzendu zituen, baita Chopinen bi kontzertuak ere, Norvegiako Ganbera Orkestrarekin, eta Londresko Royal Albert Halleko BBC Promsen egon zen. Gainera, Rheingau Musik Festival jaialdiko sarrera guztiak agortu zituen.
22/23 denboraldian, Lisieckik Elbphilharmonie Hamburg eta Philharmonie Kölnen jo zuen, Seattle Symphonyren denboraldiko irekiera-galan jo zuen, eta bira egin zuen Vienako Orkestra Sinfonikoarekin, Royal Philharmonic Orchestrarekin eta Academy of St. Martin in the Fieldsekin. 2023ko udaberrian, Milango Alla Scala antzokira itzuli zen, bai errezitaldiak emateko, bai Della Scala filarmonikarekin.
Hamabost urte zituela, Lisieckik kontratu esklusiboa sinatu zuen Deutsche Grammophonekin. Zigiluak, 2020ko Beethoven Urtea ospatzeko, Beethovenen bost kontzertuen zuzeneko grabazio bat argitaratu zuen. Berlingo Konzerthausen grabatu zuten eta Lisieckik jo zuen pianoa, Academy of St Martin in the Fields zuzenduz. Matthias Goernerekin batera egindako Beethovenen Lieder zikloa, handik gutxira argitaratu zena, Diapason d’Or saria jaso zuen. Lisieckik zigilu ospetsuarentzat egin zuen zortzigarren grabazioa, Frédéric Chopinen Nokturno guztien album bikoitza —egungo errezitaldi-programan ere jotzen ditu—, 2021eko abuztuan kaleratu zen, eta 2022ko otsailean biniloan. Berehala jarri zen arrakasta klasikoen zerrenden lehenengo postuan, bai Ipar Amerikan, bai Europan. Berrikiago, bere bakarkako “Gau-musika” programa, zeinak Mozart, Ravel, Schumann eta Paderewskiren obrak barne hartzen dituen, album digital gisa argitaratu zen. Lisieckiren grabazioek JUNO eta ECHO Klassik sariak jaso dituzte.
Hemezortzi urterekin, Lisiecki Artista Gaztearen Gramophone Saria jaso zuen musikaririk gazteena izan zen, eta Leonard Bernstein Saria jaso zuen. 2012an, UNICEFeko enbaxadore izendatu zuten Kanadan.
Erik Nielsen.
Zuzendaria
Erik Nielsen zuzendariak trebetasunez lan egiten du operaren eta sinfoniaren alorretan.
Piano-ikasketak oso gaztetan hasi zituen, eta, aurrerago, New Yorkeko Julliard Schoolen graduatu zen oboean eta harpan, eta Curtis Institute of Music institutuan orkestra-zuzendaritza ikasi zuen.
Alemaniara joan zen 2001ean, eta Berlin Philharmonic Orchestra Academyn harpa-jotzaile gisa aritu zen.
2002an 10 urteko lankidetza hasi zuen Frankfurteko Operarekin, maisu errepikatzaile gisa lehenengo eta kapellmeister gisa ondoren. Urte horietan zehar, errepertorio zabala zuzendu zuen, hala nola Monteverdiren eta Lachenmannen obrak.
2009ko irailean, Ameriketako Estatu Batuetako Solti Fundazioak Solti beka eman zion, eta 2010eko martxoan, Estatu Batuetako Boston Lyric Operarekin debuta egin zuen, Ariadne auf Naxos obrarekin. Ondoren, Txirula Magikoa zuzendu zuen New Yorkeko Metropolitan Operan.
Nielsen maisuak Bilbao Orkestra Sinfonikoa zuzendu zuen lehen aldiz 2012an, Korngolden Die Tote Stad operaren ekoizpen batean, eta, izandako arrakasta handiaren eta kontzertu sinfonikoetarako gonbidapenen ondorioz, zuzendari titular izendatu zuten 2015ean, eta kargu horri eutsiko dio 2024ko irailera arte.
Basileako Opera antzokiko musika-zuzendaria ere izan zen (2016-2018), eta duela gutxi (2022) Tiroler Festspiele Erleko musika-zuzendari izendatu dute.
Proiektu berrienen eta etorkizuneko proiektuen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: Wagnerren tetralogiaren ekoizpena, Tiroler Festspiele Erlerentzat, Brigitte Fassbenderren eszenaratzearekin (datorren udan errepikatuko du); Aida Frankfurten; El amor de las tres naranjas Dresdenen; Oedipux Rex; Samy Moussaren Antigone estreinaldia Amsterdamgo Opera Nazionalean; Salome Zurichen; Rusalka eta Norma Dresdenen; Manfred Trojahnen Eurydice die Liebenden, blind estreinaldia Amsterdamen; eta Peter Grimes, Das Rheingold eta Kreneken Karl V Municheko Operan. Halaber, kontzertu sinfonikoetan egongo da: Chicagoko Orkestra Zibikoa; Kölner Kammerorchester; Suediako Opera Erreala; Basel Sinfonieorchester; Lisboako Portugalgo Orkestra Sinfonikoa; RTE National Symphony Orchestra; Estrasburgoko Orchestre Philharmonique; Philharmonie Südwestfalen; Ensemble Intercontemporain; Ensemble Modern; Junge Deustche Philharmonie; Interlochen Arts Campen World Youth Symphony Orchestra; Royal Northern Sinfonia eta Espainiako hainbat orkestra. Laster, Bilbao Orkestra Sinfonikoa zuzentzeaz gain, Madrilera itzuliko da RTVEren Orkestra zuzentzeko.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak
Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo
Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro
0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.
Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.
ONE eta Mahlerren “Titán”
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”
Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria
Ganbera 4
Lekua: Euskalduna Jauregia
B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin
M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea
Mundu Berriko sinfonia
Lekua: Euskalduna Jauregia
J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”
Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria