Kontzertuak

Mozart, Mendelssohn eta Suzuki
Masaaki Suzuki bere neurriko programa batekin itzuliko da. 17 urte baino ez zituen Mozartek heldutasun ikaragarriarekin konposatu zuen sinfonia batekin hasiko da; bere ahots-musikarekin jarraitzen du, lehen bisitan Suzuki maitemindu zuen Jone Martínezen ahotsaren protagonismoarekin, eta Mendelssohnek erreforma luteranoa ospatzeko egin zuen sinfonia ederrarekin amaituko da, geroago Wagnerrek Parsifalen erabili zuen Dresdeko Amen solemnea duena.
Masaaki Suzuki, zuzendaria
Jone Martínez, sopranoa
I
WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)
25. sinfonia sol minorrean K. 183*
I. Allegro con brio
II. Andante
III. Menuetto-Trio
IV. Allegro
Fra cento affanni e cento, soprano eta orkestrarako K. 88*
Vorrei Spiegarvi, oh Dio, soprano eta orkestrarako K. 418
Jone Martínez, sopranoa
II
FELIX MENDELSSOHN (1809 – 1847)
5. sinfonia Re Maiorrean Op. 107 “Erreformarena”
I. Andante – Allegro con fuoco
II. Allegro vivace
III. Andante
IV. Chorale: Andante con moto – Allegro vivace
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)
DATAK
- 27 martxoa 2025 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 28 martxoa 2025 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Mugako musika
Gaur arratsaldean zenbait konpositoreren musikaz gozatuko dugu; bada, konpositore horiek hainbat ezaugarri komun dituzte. Batzuk ospatzeko modukoak dira, hala nola beren talentu ukaezina eta kalitate handiko musika idatzi izana —kalitatea homogeneoagoa da Mozarten katalogoan Mendelssohnenean baino— eta hainbat generotan. Tamalgarria da honako kointzidentzia hau: bizitza oso laburra izan zuten. Mozart hogeita hamasei urte betetzeko aste gutxi geratzen zitzaizkionean hil zen, eta Mendelssohn ez zen hogeita hemezortzira iritsi. Bitxia da Mozartek Mendelssohnen aitonaren, filosofoaren, esaldi bat sartu izana aitari idatzi zion azken gutunean (heriotzari buruz hausnartzen zuen bertan). Ia hitzez hitz, aipaturiko Moses Mendelssohnen “Fedón, o sobre la inmortalidad del alma” liburutik hartu zuen. Mozartek bere gutunean hau dio: “Heriotza gure bizitzaren benetako helburua denez, badira urte batzuk adiskide horrekin harreman estua dudala”.
Bi konpositore horien arteko beste lotura bat ere aurkituko dugu: hizkera klasikoa eta erromantikoa ez dira bietako inoren partituretatik kanpo geratzen. Mozartek klasizismoaren gailurra irudikatzen badu ere, kontuan izan behar da bere obra batzuk miretsi eta mirespenez aztertu zituztela konpositore erromantikoek (horiek bere baliabide espresibo batzuk berenganatu zituzten, beren emozio-kargak liluratuta). Mendelssohn, berriz, klasizismoari lotutako erromantikoa izan zen. Bi autoreengan, melodia oso inspiratuen lirismo argia eta grina espresionistaren berezko dramatismoa gurutzatzen dira.
Gaurko egitaraua mugako musika horren adibide ona da. Izan ere, Wolfgang Amadeus Mozarten (Salzburgo, 1756 – Viena, 1791) 25. sinfonia (K.183) sol minorrean idatzita dago (bere 40. sinfonia, mende erromantikoko konpositoreek asko miresten zuten hori, gainezkatzen duen tonalitate gorabeheratsu eta aztoratzaile berberean). Gaur arratsaldean entzungo duguna hainbat analistak “meteorito sutsu” edo “miraritzat” jo duten obra da. Agian hamazazpi urte baino ez zituen nerabe bat partitura bi egunetan baino ez sortzera eraman zuen beroaldiagatik. Mozart Vienara egindako bidaia batetik itzuli zen; bertara joan zen familiarekin María Teresaren gortean lanpostu baten bila. Oraingoan, beste askotan bezala, musika-panoramaren oinarri zirenek ez zuten fenomeno errepikaezin baten aurrean zeudela egiaztatzeko adinako argitasunik izan. Bere biografoek diotenez, orrialde sinfoniko hau itxaropenak zapuztuta dituen jenio baten frustrazioaren eta atsekabearen emaitza da. Gainera, bere pentagramei musika korronte berri bat josita dago, zeinarekin Mozartek harremana izan zuen Austriako hiriburuan igarotako hiru hilabeteetan. Han, Haydnen eta beste konpositore batzuen (gaur egun egitarauetatik kanpo daudenen) sinfonia batzuk entzun zituen, Sturm und Drang delakoari lotutako proto-erromantizismoaren eragina zutenak. Korronte literario hori “ekaitza eta bultzada” itzul daiteke, eta musikan ere izan zuen eragina (intentsitate emozional areagotua eta abiatze grinatsu eta bortitzak eragiten dizkio).
Hori da Allegro con brioren giro suhar eta ezkorrean aurkitzen duguna, zeinaren gai nagusia motibo erritmiko iraunkor eta basati batek sostengatzen baitu, non bere burua berezitzat zeukanaren harrotasun mindua islatzen dela baitirudi. Eszena bizia oboearen kantuarekin arintzen da neurri batean; baina baretasunak gutxi irauten du eta tentsioak, gupidagabe, mugimendua ixten du.
Andanteri hasiera emateko baliatzen dituen motibo labur eta beheranzkoetatik datorren sentiberatasunak, baita oihartzunetan eta erreplika txikietan oinarritutako instrumentuen arteko elkarrizketak ere, gogorarazten digu Mozarti bere garaiko musikaren berezko hunkiberatasuna dariola beti. Edonola ere, fraseatze labur horiek, bata bestearen gainean bermaturik eta halako xalotasun batez, sosegu pixka bat itzultzen digute mugimenduaren amaierak malenkoniaz tindaturiko sinfonia baten aurrean gaudela adierazi aurretik.
Izan ere, Menueta oso urrun dago garai klasikoak hain dotore landu zuen dantza adeitsuaren ideiatik (ideia horrekin sortu zen Luis XIV.aren gortean). Mugimendua irekitzean hiruko konpasa markatzeko irmotasuna zertxobait zapaltzailea da; baina grinak berriro amore ematen du Trion, zurezko haizezko instrumentuen kantuaren argitasunarekin, eta horrek baretasun une bat ematen digu da capoaren aurretik.
Bi mugimendu zentral horiek naturaltasunaren erakusgarri zoragarria dira (Mozarten musikak naturaltasun horrekin arnasten du), tentsioaren eta atsedenaren arteko alternantzia ezin hobean.
Basatasuna Allegro finalean itzultzen da, ideia obsesibo eta erabateko batekin, zeinak, bere grina eta adierazpen sutsuan, leku gutxi uzten baitio harekin txandaka erabiltzen den eta arinxeagoa den beste bati.
Klasizismoaren hastapenetan egonik ere, Mozartek aitorpen pertsonal tragiko bat oparitzen digu hemen, hain hunkigarria non erabat originala eta aitzindaria dela esan baitaiteke. Iristear zegoenaren erabateko aurrerapena.
Eta haur prodijioa izanik, are gazteagoa zen “Fra cento affanni e cento” kontzertu aria (Metastasioren testu bati buruzkoa) idatzi zuenean. Hamalau urte zituen; eta Milanen izan zen, aitarekin batera Italiako opera-mundu zoragarria bertatik bertara ezagutzeko eta, jakina, bere burua ezagutzera emateko elkarrekin egin zituzten bidaia ugarietako batean. Hain zuzen ere, Milanen eskuzabaltasunez tratatu zuten, bai arlo ekonomikoan, bai arlo profesionalean; izan ere, musika-zentro garrantzitsu hartako musikari garrantzitsu batzuek Mitrídates operaren konposizioaren ardura eman ziezaioten bermatu zioten nerabeari. Gaur entzungo dugun ariara itzuliz, esan beharra dago ez zuela huts egin, heldutasun, izaera heroiko eta birtuosismo dosi handiko obratzat har daitekeena idatzi baitzuen. Estilo bokala deklamatu sendo baten (jauzi melodiko zabaletan aberatsa) eta koloratura orokortuaren artean banatzen da. Sopranoa inbaditzen duten ziztada, bihozkada eta dardarizoen adierazpenaren zerbitzura jartzen dira biak.
Mozartek berrogeita hamar kontzertu aria baino gehiago idatzi zituen. Horietako batzuk —horien artean dago “Fra cento affanni e cento”— solistentzako kantataren adarkadura moduko bat izan ziren (era berean irudizko eszena batek inspiratua). Baina badira batzuk beste konpositore batzuen operetarako ekarpen gisa sortu zirenak. Adibidez, “Vorrei spiegarvi, oh Dio”, 1783an Vienan Pasquale Anfossiren El curioso indiscreto opera bufoan ordezko orrialde gisa argitaratu zena. Bere koinatak, Aloysia Weberrek, Constanzeren ahizpak, kantatu zuen orduko hartan. Mozartek interpreteak kontuan hartuta idazten zuen beti. Eta, Aloysiaren ahotsa gogoan, pieza bat diseinatu zuen, non lehen zatia melodia bikain batek biribiltzen duen, haize-instrumentuek —oboeak egiteko nabarmena duela— hariaren pizzicatoaren gainean aurreratzen dutena. Bertan, sopranoak bere pena eta bere patu zitala azaltzea amesten du, negar zotinka eta isilik egotera kondenatzen baitu; eta, horretarako, fiato zehatza eskatzen duten ahots baliabideak erabili behar ditu. Adagioak Allegro bati bide ematen dio, non fraseatze luzea kantu oldarkor eta akrobatikoagoa bihurtzen den, maitasun triangeluaren eragozpenen aurrean sopranoak duen ezinegona adierazten duena. Konpositore klasikoa berriz ere emozio erromantikotik hain hurbil.
Eta klasizismoaren eta erromantizismoaren arteko mugaren beste aldean Felix Mendelssohn (Hanburgo, 1809 – Leipzig, 1847) dugu zain. Erromantiko klasizista hori konposizioaren argitasunaren eta simetria formalaren maisua izan zen, distortsio harmonikoetatik eta arauen urraketatik ihes egiten zuena. Uste zuen ordena klasizistak espiritu erromantikoa onartzen zuela eta horrek ez zuela hartan eraginik. Familia aberats eta ilustratu batean jaioa, Mendelssohnek zibilizazioaren ikuspegi jasoa zuen. Eta, bere partiturez gain, Europako kultur panoramari egindako ekarpenak oso baliotsuak dira (esaterako, Juan Sebastian Bachen izena berreskuratzea; edo Leipzigeko Gewandhausen —Alemaniako Zortziehun musikalaren loria eta gaur egun oraindik ere ospetsua den erakundea— zuzendaritza bikaina). Bere familia-inguruneak irakatsi zion aberastasuna bera itzuli egin behar zaiola komunitateari kulturaren bidez; eta hortik sortzen da bere kontzientzia klasikoa (eta hortik sortzen da ezagutzak emandako oreka- eta neurritasun-ikasbide bat).
Mendelssohnek hari-instrumentuetarako hainbat sinfonia konposatu zituen haurtzaroan, eta, beraz, berezko talentuari ofizio bikaina gehitu zion generoari orkestra osoarekin ekin aurretik. Bere re maiorreko 5. sinfonia idatzi zuen 1830ean, Augsburgeko Aitormenaren hirugarren mendeurrena ospatzeko; eta hortik datorkio ezizena eta asmo zeremoniatsua. Hala ere, behin musika itzalita, gure oroimenean geratzen dena gaztetasunaren bultzada axolagabea eta mugimendu zentralen samurtasun lirikoa da.
Mugimenduen arteko nolabaiteko desoreka duen obra da hau. Lehenengoa sinfonia inspiratu zuen gertaerak eskatzen zuen solemnitateak barneratutako Andante batekin irekitzen da. Sarrera hori amaitu baino lehen, bi aldiz entzungo dugu ‘Amén de Dresde’ goi-erregistroan eta lerro tartekatuz marraztuta, jainkotasunaren baitan, protestanteen eta katolikoen arteko adiskidetasuna oroitarazten dutenak. Hain zuzen ere, hainbat sinesmen erlijiosotako konpositoreek (esaterako, Wagner, Bruckner edo Mahlerrek) erabili zuten musika-patroi hori beren lanetan. Allegroaren “con fuoco” izendapenak Mendelssohn grinatsua erakusten digu, modu minorrean eta basakeriaz bakearen eta gatazkaren arteko borroka planteatzen duena. Hemen haserre-pasarteak oreka-une batzuek leuntzen dituzte; harik eta ‘Amén de Dresde’ delakoa agertzen den arte, giroa baretzeko amaiera borobila baino lehen. Allegro vivace delakoak Mendelssohn egiazkora garamatza, zeinetik dantzaren eta cantabilearen erdibidean dauden ideiak erraz sortzen baitira, orkestra-tinbreek zipriztindutako motibo labur eta arinetan oinarrituriko jai-giroarekin. Scherzo zoriontsua da, zenbait partituraren (hala nola Italiarra edo Udako gau bateko ametsa) freskotasuna duena. Andante labur-laburrak, ondoren, arnasa luzeko melodia hunkigarri bat oparitzen digu, bere Hitzik gabeko erromantzak delakoaren estilokoa, amaierako korala, “Ein feste Burg ist unser Gott” (“Gotorleku indartsua da gure Jainkoa”) (Martin Luteroren ereserkia da hori, Bachek dagoeneko bere Cantata BWV 80n erabilia), prestatzeko balio duena. Zuren ahotsean aurkeztua, koraletik abiatuta garatutako kontrapuntuak agerian uzten du Mendelssohnek iraganeko konposizio-tekniken maneiu ezin hobea eta haiekiko zuen debozioa. Bukaera arranditsu batek zeremoniatsu errematatzen du erlijio-erreforma baten loria handiagorako sortutako obra profano hau.
Egitarau honetan musika mugakoa ere izan daitekeela egiaztatuko dugu. Lirikoaren eta suharraren artekoa, ordenatuaren eta sutsuaren artekoa, klasikoaren eta erromantikoaren artekoa. Gozatu mestizajeaz.
Mercedes Albaina
Jone Martínez.
Sopranoa
Jone Martínez euskal soprano gaztea egungo interpretatzaile indartsu eta moldakorrenetakoa da. Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan hasi zuen bere ahots-heziketa Olatz Saituarekin. Musika Hizkuntzaren Pedagogian eta Musika Hezkuntzan lizentziatua da, eta Kantu Interpretazioan graduatua Maite Arruabarrena eta Maciej Pikulskirekin Musikenen (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan). Bertan, Kutxaren Ikasketa Amaierako Saria jaso zuen, Musikeneko interpretazio klasikoko espediente onenari dagokiona. Era berean, Carlos Menarekin jarraitu du ahots eta musika heziketan.
Honako hauekin kolaboratu ohi du: La Cetra Barokorchestre Basel, Gli Angeli Geneve, European Union Baroque Orchestra, Forma Antiqva, Orquesta Barroca de Sevilla, Capilla Santamaría, Los Elementos Ensemble, Orquesta Barroca de Salamanca, Concerto 1700, La Ritirata, La Spagna, El Afecto Ilustrado, Conductus Ensemble eta beste talde barroko garrantzitsu batzuekin.
Bere izena, besteak beste, honako hauen egitarauetan ere agertzen da: Orquesta y Coro de la Sinfónica de Galicia, Orquesta y Coro RTVE, Real Filharmonia de Galicia, Euskadiko Orkestra, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Robert-Schumann-Philarmonie, Orquesta Ciudad de Granada, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, eta Franz Schubert Filharmonia.
2022/23 denboraldian, nabarmentzekoak izan ziren bere interpretazio hauek: Orffen Carmina Burana Euskadiko Orkestrarekin eta Beethovenen Bederatzigarren Sinfonia Orquesta y Coro RTVErekin, biak Pablo González maisuaren zuzendaritzapean; Bachen La Pasión según San Juan, hori ere Carlos Menak zuzendutako OCRTVErekin; Alfredo Bernardinik zuzendutako Cocciaren Ifigenia operaren garai modernoetako estreinaldia; Glucken Orfeo eta Euridice Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin, Carlos Menaren zuzendaritzapean; Pergolesiren Stabat Mater, La Cetra Barockorchesterrekin batera, Andrea Marcon maisuarekin; European Union Baroque Orchestrarekin batera Polonian barrena egindako bira, Enrico Onofrirekin batera, Vivaldiren lanekin; edo Guillermo García Calvok zuzendutako Robert Schumann Philarmonierekin Chemnitzen (Alemania) egin zuen debuta, Palomoren “Sinfonía a Granada” interpretatuz.
Egin berri dituen emanaldien artean, nabarmentzekoak dira honako hauek: Estatu Batuetan National Symphony Orchestrarekin batera eta Japonian Bach Collegium Japanekin batera egindako debuta, biak Masaaki Suzukik zuzenduta; Händelen Alcina Teatro de la Maestranzan, Héctor Parraren Orgía Bartzelonako Lizeoko Antzoki Handian eta Francesca Cacciniren La liberazione di Ruggiero dall’isola di Alcina Teatros del Canalen eta Teatro Realen; Dido, Königin von Carthago laneko Menalippe, Innsbruck Festival of Early Music-en; eta kontzertuak, besteak beste, Euskadiko Orkestrarekin, Orquesta de Barcelona y Nacional de Cataluñarekin eta Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin batera.
Hurrengo konpromisoetan, Jone La Cetra Barockorchesterrekin arituko da Amsterdamen (Concertgebow), Basilean, Madrilen eta Santanderren; The Philadelphia Orchestrarekin debuta egingo du; Poulencen Glorian arituko da, Orquesta y Coro de Radio Televisión Españolarekin; eta kontzertuak emango ditu Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin, La Ritiratarekin eta Valentziako Orkestrarekin, besteak beste.
Masaaki Suzuki.
Zuzendaria
Koben jaio zen; eta Tokioko Arte Ederren eta Musikaren Unibertsitatean graduatu zen, organoko konposizio eta interpretazio titulu batekin. Amsterdamgo Sweelinck Kontserbatorioan ikasi zuen Ton Koopman eta Piet Keerekin. Tokioko Arteen Unibertsitateko antzinako musika saileko sortzaile eta irakasle emeritua. Suzukik orkestra-zuzendari gisa duen ibilbidea organista eta klabezinista lanarekin uztartzen du; duela gutxi Bachen instrumentu hauetarako lanak grabatu ditu.
2001eko apirilean, Alemaniako “Das Verdienstkreuz am Bande des Verdienstordens der Bundesrepublik” delakoarekin kondekoratu zuten. Yaleko Musika Eskolako eta Yaleko Musika Sakratuaren Institutuko zuzendaritza koraleko irakasleen kidegoko kide izan zen 2009tik 2013ra arte, eta bertako kide izaten jarraitzen du Yale Schola Cantorumeko zuzendari gonbidatu nagusi gisa. 2012an Leipzigeko Bach Domina jaso zuen, eta 2013an Musikako Errege Akademiaren Bach Saria.
Masaaki Suzukik 1990ean Bach Collegium Japan sortu zuenetik, autoritate gisa finkatu da J. S. Bachen lanetan. Bach Collegium Japaneko zuzendaria izan da ordutik, eta Europako eta Estatu Batuetako agertoki eta jaialdi nagusietara eraman ditu maiz. Bachen kantata sakratuen ziklo osoa grabatuz eta ospe bikaina lortuz bere fintasun adierazkorragatik eta bere interpretazioen benetakotasunagatik.
Suzukik Record BISekin egindako diskografia ikusgarriak, Bachen lan koral garrantzitsuenak eta klabezinerako obra osoak biltzen dituenak, kritikaren laudorio ugari ekarri dizkio. The Timesek honako hau idatzi zuen: «burdinazko barra bat beharko litzateke bere freskotasun, garbitasun eta soiltasun espiritualaren aurrean hunkituta ez sentitzeko». 2018an, arrakasta handiz amaitu zuen Bach Collegium Japanekin 1995ean hasitako kantata sakratu eta profanoen grabazio epikoa, hirurogeita bost liburuki hartzen dituena. Duela gutxi, taldeak Bachen La Pasión según San Juan eta la Pasión según San Mateo grabatu ditu, Grammophonek sarituak.
Garaiko talde entzutetsuekin (hala nola Collegium Vocale Gent, Orchestra of the Age of Enlightenment eta Philharmonia Baroque Orchestrarekin) lan egiteaz gain, Suzuki errepertorio anitzak zuzentzera gonbidatu dute (esaterako, Brahms, Britten, Fauré, Mahler, Mendelssohn, Dvořák eta Stravinsky); honako orkestra hauekin, besteak beste: New Yorkeko Filarmonikoa, San Frantziskoko Orkestra Sinfonikoa, Los Angeleseko Filarmonikoa, Montrealgo Orkestra Sinfonikoa, hr-Sinfonieorchester, Philharmonia Orchestra, Deutsches Symphonie-Orchester Berlin, Mozarteum Orchester Salzburg, Gewandhausorchester Leipzig, Radio de Baviera, Radio Nacional de Dinamarca, Gotemburgoko Sinfonikoa, Orchestre Philharmonique de Radio France eta Yomiuri Nippon Symphony Orchestra.
Joan den denboraldian, Bach Collegium Japanekin BBC Proms jaialdira gonbidatu zuten. Eta 2023ko ekainean, Bachfest Leipzigeko kantata-zikloan parte hartu zuen hiru taldeetako bat izan zen (bertan, Mendelssohnen Elíasen interpretazio bat ere egin zuten, eta oso txalotua izan zen). Beren agenda estuak Estatu Batuetara ere eraman zituen; eta, bertan, New Yorkeko Alice Tully Hall eta San Frantziskoko Davies Symphony Hall bezalako lekuetan aritu ziren. Halaber, Europan zehar hainbat bira egin zituzten. Baita Orchestra of the Age of Enlightenment eta Philharmonia Orchestrarekin ere.
2024/25 denboraldian Orchestre de Chambre de Paris eta Kyoto Symphony Orchestra zuzendu ditu berriro; eta, besteak beste, National Symphony Orchestra Washington, Philadelphia Orchestra, New Zealand Symphony Orchestra eta Schola Cantorum Basiliensisekin egin du debuta. Suzukik Lahti Symphony Orchestra, Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Orquestra Sinfònica do Estado de São Paulo ere zuzendu ditu berriro.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak

Mozart, Mendelssohn eta Suzuki
Lekua: Euskalduna Jauregia
Masaaki Suzuki bere neurriko programa batekin itzuliko da. 17 urte baino ez zituen Mozartek heldutasun ikaragarriarekin konposatu zuen sinfonia batekin hasiko da; bere ahots-musikarekin jarraitzen du, lehen bisitan Suzuki maitemindu zuen Jone Martínezen ahotsaren protagonismoarekin, eta Mendelssohnek erreforma luteranoa ospatzeko egin zuen sinfonia ederrarekin amaituko da, geroago Wagnerrek Parsifalen erabili zuen Dresdeko Amen solemnea duena.
Masaaki Suzuki, zuzendaria
Jone Martínez, sopranoa
I
WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)
25. sinfonia sol minorrean K. 183*
I. Allegro con brio
II. Andante
III. Menuetto-Trio
IV. Allegro
Fra cento affanni e cento, soprano eta orkestrarako K. 88*
Vorrei Spiegarvi, oh Dio, soprano eta orkestrarako K. 418
Jone Martínez, sopranoa
II
FELIX MENDELSSOHN (1809 – 1847)
5. sinfonia Re Maiorrean Op. 107 “Erreformarena”
I. Andante – Allegro con fuoco
II. Allegro vivace
III. Andante
IV. Chorale: Andante con moto – Allegro vivace
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

BOSLARIS XI – Programaren amaierako kontzertua
Lekua: JUAN CRISÓSTOMO DE ARRIAGA KONTS.
Musikari amateurrei zuzenduta dagoen eta ganbera-musikaren arloan hasi, praktikatu eta hobetzera bideratuta dagoen prestakuntza programa aitzindari honekin, BOSek musikaren praktika sustatu nahi du musika profesionaletik aparteko gizarteko esparruetan; era berean, loturak sortu nahi ditu BOSeko irakasleen eta zaleen artean, eszenatokiaren eta publikoaren arteko bereizketa apurtuz.

Penderecki eta Brahmsen Laugarrena
Lekua: Euskalduna Jauregia
Penderecki abangoardiako konpositorea izan zen, baina beti izan zuen iraganeko formekiko ardura. Horietan oinarrituta sortu zuen bere Concerto grosso hiru biolontxelorentzat, instrumentuaren errepertorioan arrakastaz sartu den obra. Beste alde batetik, Eduardo Strausser gazteak Brahmsen Laugarrena proposatzen digu, barrokoari (passacaglia itzela) ere begiratzen dion maisulana, abiarazteko motibo hasperentsuarekin, amaiera aurreratzen duen txirula-lan ederrarekin edo zuek aukeratutako beste hainbatekin arnasa etenarazten duena.
Eduardo Strausser, zuzendaria
Michal Dmochowski, biolontxeloa
Orfilia Saiz, biolontxeloa
Adam Klocek, biolontxeloa
I
WOJCIECH KILAR (1932 – 2013)
Orawa, hari-orkestrarako
KRZYSZTOF PENDERECKI (1933 – 2020)
Concerto grosso hiru biolontxelo eta orkestrarako*
Michal Dmochowski, biolontxeloa
Orfilia Saiz, biolontxeloa
Adam Klocek, biolontxeloa
II
JOHANNES BRAHMS (1833 – 1897)
4. sinfonia mi minorrean Op. 98
I. Allegro non troppo
II. Andante moderato
III. Allegro giocoso
IV. Allegro energico e passionato – Più Allegro
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 110’ (g.g.b.)

Kontzertuak familia giroan. Galop
Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo
Galop da uhalak hartu eta bideari ekitea, elkarrekin mugitzea, aurrera, berriro saiatzea. Beren bizitzaren norabidea aldatzera deliberatuta, hiru emakumek bidaia bat partekatuko dute: munduan bizitzeko modu berri baten bilaketa. Musikak bere ametsak, bere oroitzapenak ekartzen ditu gogora. Bere beldurrak. Irudimenak bere instrumentuak soka bihurtzen ditu, eta soka horiek harrapatu egiten dituzte, itotzen dituzten itsasoak, haurren izuak. Irudien musika, emozioak. Eta pentsamenduak. Nora joango dira?
Konpainia: La Jolie
Musika: Vivaldi, Bach, Shostakovich, Sinatra, Piazzola, Alberto Iglesias
Palacio Euskalduna Jauregia • Sala 0B Aretoa
6 urtetik aurrera
Testurik gabe
Iraupena: 60’
Sarreren prezioak:
– Orokorra 10,50 €
– BOSeko abonatuentzako 9,50 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.