Kontzertuak
Mugarik ez duen opera
Erik Nielsen, zuzendaria.
Olesya Golovneva, sopranoa.
Charla preconcierto
2023/10/20 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza
I
ANTONIN DVORAK (1841 – 1904)
Eguerdiko sorgina, 108. Op*
Rusalka, Mèsicku na nebi hlubokém [Canción de la luna]
Olesya Golovneva, sopranoa
GIUSEPPE VERDI (1813 – 1901)
Don Carlos, Ballet della Reine [Erromesa]
Don Carlo, Tu che la vanità
Olesya Golovneva, sopranoa
II
PIOTR ILYICH TCHAIKOVSKY (1840 – 1893)
Eugene Onegin, hautaketa
Introduction
Valse
Polonaise
Ecossaise
Eugene Onegin, Gutunaren eszena
Olesya Golovneva, sopranoa
* Lehen aldiz BOSen eskutik.
DATAK
- 19 urria 2023 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 20 urria 2023 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
IZAN ALA EZ IZAN
Gizakia nork bere burua berresteko beharraren eta gaitzespenarekiko beldurraren artean borrokatzen da.
Pertsonok, izaki sozialak garenez, taldeak onartzea behar dugu, komunitate bateko kide izatea eta gainerakoei atsegin izatea oinarrizko premiak direlako. Integratuta egoteak, onartuta sentitzeak laguntasuna, segurtasuna eta babesa bermatzen dizkigu. Halaber, pertsonen arteko harremanek —afektiboek zein sozialek— gure nortasuna eraikitzen laguntzen digute. Nortasun horren bereizgarri eta ezaugarriek —gure ideiak eta iritziak, gure emozio eta sentimenduak— identifikatzen eta aparteko egiten gaituzte. Bakoitzak izaera berezia du, eta askatasunez eta irmoki sentitu eta adierazi nahi du. Eta hori egitean gainerakoek ez bagaituzte onartzen edo ez badituzte gure jokabideak onartzen, eta azkenean haien onarpena galtzen badugu?
Batzuetan, gainerakoei atsegin izateak hainbeste kezkatzen gaitu, ezen gezurrez, isiluneez edo sekretuez baliatzen baikara; beste batzuetan, burua altxatu eta gure nia defendatzen dugu, baina gure burua atsegin izatearen eta gainerakoei atsegin izatearen artean, garen bezalakoak izatearen eta taldearen parte izatearen artean aukeratu behar izatea ez da beti erraza izaten.
Presio soziala eta gaitzespenarekiko beldurra bizitzako alderdi guztietan daude presente; baina adierazpen artistikoak horietatik askatzen eta desinhibitzen gaitu, sortzailearen benetakotasuna aditzera emanez.
Horren adibide bikaina da Dvořák. XIX. mendearen bigarren erdialdeko erromantizismoak korronte nazionalista ekarri zuen Europara, Erdialdeko Europako estiloaren hegemoniari, batez ere Alemaniakoari, erantzuteko. Korronteak herriaren errora itzultzea ekarri zuen, klasizismoaren arau zorrotzen aurka borrokatzeko forma gisa, eta artea —musika ez ezik, arte guztiak eta, bereziki, literatura— baieztapen nazional gisa erabili zuen. Erromantiko horiek berriz ere arreta jarri zieten kondairei, ipuinei, abestiei eta herri-dantzei, eta tokiko arteak eta herrien idiosinkrasia indartu zituzten, gaur egun globalizazio deritzogunaren aurka borrokatzeko. Hala ere, Europako musika-nazionalismo guztiek ez zuten garapen bera izan. Bohemia bezalako eremuetan, zeinak Austria-Hungariako Inperioan sartuta egon arren mundu germaniarraren kultura eta geografiatik oso hurbil baitzeuden, nazionalismo hori errebeldia-aldarri bat zen zapalkuntzaren eta inposaketa autoritarioaren aurka. Smetana musikariak, adibidez, bere obrak gai herrikoietan eta jarrera hori aldarrikatzen zuten tokiko identitateen adierazpenean oinarritu zituen.
Antonín Dvořák, Smetanaren ondorengoa, konpositore nazionalistaren adibiderik onenetakoa da; izan ere, bere obretan elementu folkloriko ugari erabiltzeaz gain, beste musikari batzuk jatorrizko lekuetako melodia eta erritmoekin gauza bera egitera animatu zituen. Bi konpositoreen musika-obra instrumental eta operistikoa oso nazionalista zen, eta beren herrialdeari soinu-identitate berri bat emateko helburua zuten. Hala ere —eta hemen gainerakoei atsegin izatearen, taldearen parte izatearen eta nork bere burua berresteko beharraren arteko gatazka dugu ardatz–, Dvořáken nazionalismoa ez zen soilik ekintza politikoa, Smetana maisuak, beste musikari garaikide batzuek edo publikoak nahi zuten bezala, baizik eta musika-filosofia bat. Aberriaren herri-gaietan bilatu zuen inspirazioa, harengandik espero zen bezala, baina ez zien uko egin Mozart bezalako egileek Pragara ekarri zituzten tradizio vienarraren forma klasikoei, eta folklore bohemiarra oso eskema klasikoetan berrantolatu zuen.
Eguerdiko sorginak, programa honen lehen obrak, izaera folklorikoa du, baina poema sinfonikoaren formatuak eta Leitmotiv wagneriarraren erabilerak inspirazio germaniarra dute oinarri. Bertsotan idatzitako txekiar ipuin beldurgarrien bilduma batean —Kytice izenekoa— oinarrituta dago, Karel Jaromír Erben egilearena. Ipuin horiek, era berean, antzinako eslaviar kondairetan oinarrituta daude. Obrak ama baten istorioa kontatzen du, zeinak, semearen kasketaldiaz gogaituta, Eguerdiko Sorginarenera eramango duela esaten dion ondo portatzen ez bada. Baina, mehatxuak gorabehera, haurrak gaizki portatzen jarraitzen du, eta hamabiak ematear daudenean, sorgin itsusia herren egiten agertzen da, haurra eramateko. Amak, izututa, tinko-tinko heltzen du semea, eta gorputzarekin babesten du sorgina haiengana iristen denean. Aita etxera itzultzen denean, ama konorterik gabe aurkitzen du lurrean, eta haren besoetan, besarkada babesleak itota, haurraren gorpua.
Rusalka operaren Ilargiaren abestiarekin berriz ere topo egingo dugu Dvořáken nazionalismoaren eta eskola vienarraren eskemen arteko sinbiosi bereizgarriarekin. Opera horretan, garapen klasikoaz eta Leitmotivaz gain, egileak ariaren forma Liedarenarekin eta doinu folkloriko txikiekin nahasten ditu, batzuetan inpresionismo frantsesera hurbilduz. Sirenatxoan —Andersenen benetako istorio krudelean— eta La Motte-Fouquéren Undinen inspiratuta, Rusalka —txekieraz ninfa esan nahi du— printzearekin maitemintzen da, eta, beraz, sorgin batengana jotzen du emakume bihurtzen lagun diezaion. Sorginak lagunduko diola esaten dio, baina bere ahotsaren truke. Ikusten duzuenez, istorioa ezaguna da, eta dagoeneko badakigu ez dela ondo amaitzen. Dena den, gaur entzungo dugun arian —operaren piezarik ospetsuena eta preziatuena—, Rusalkak ilargiari hitz egiten dio, printzeari sentitzen duen maitasuna ikusarazteko eskatzeko. «Ilargi, zeruan zaudela» —Mĕsíčku na nebi hlubokém— dio txekierako letrak hasieran sopranoaren ahotsean. Letra melodiarekin bat dator, eta gogorarazten digu, operetan zein ipuinetan, inork ez diola bere ahotsari uko egin behar.
Pragatik urrun, Italiako Batasuna bezalako mugimenduak erromantizismo nazionalistan oinarritu ziren, baina folklorismora kanpo utzita. Italiarrak kalera ateratzen ziren eta “gora Verdi!” oihukatzen zuten, eta “Vittorio Emmanuele Re d’Italia” akronimoa deiadarka ezkutatzen zuten, zentsura inperialistari burla eginez. Bussetoko konpositoreari egiten zioten omenaldi horrek esanahia zuen; izan ere, Verdik, bere operetan, askatasun-abestiak sortu zituen nazio elkartuarentzat, hala nola Nabuccoko korua.
Don Carlo(s) opera —s letrarekin baldin eta Verdiren operaren bertsio frantsesaz ari bagara, eta s-rik gabe baldin eta bertsio italiarraz ari bagara— zapalketa politiko eta erlijiosoaren aurkako askatasun-borroka da. Friedrich Schillerren Dom Karlos, Infant von Spanien obran oinarrituta —Beethovenen bederatzigarren sinfoniaren Alaitasunaren oda idatzi zuen, eta askatasunaren poeta bezala ezagutzen zaio—, Verdi obra horrexetan inspiratu zen Parisko Operaren enkargua konposatzeko, 1867ko Nazioarteko Erakusketako ekitaldien parte gisa.
Operaren argumentua bi gatazkatan oinarritzen da: alde batetik, maitasun-gatazka, Felipe II.aren eta On Karlos infantearen arteko tentsioa ardatz duena; izan ere, erregea Valoisko Elisabetekin ezkontzen da, semearen emaztegaia; era berean, Eboliko printzesa dugu, erregearen maitale ohia, Karlosekin maiteminduta eta erreginarekiko jeloskor dagoena; bestetik, gatazka politikoa, Rodrigo —Flandriako independentziaren defendatzaile amorratua— eta Felipe II. erregearen artekoa —Herbehereak zorrotz gobernatzen dituena—.
Eta, kezka politiko antiinperialisten ondorioz Verdik bigarren gatazka horri arreta eta xehetasun handiagoa eskaini bazizkion ere, gaur entzungo ditugun zatiak lehenengo gatazkarekin lotuta daude, maitasun-gatazkarekin. Lehenik eta behin, Ballet de la Reinez gozatu ahal izango dugu. Dantza-emanaldi bikain hori ezin da grand ópera batean —s letra duen bertsioa— faltatu. Verdiri buruhauste ugari sortu zizkion; izan ere, ez zitzaion batere erraza egiten egokitzearen eta bere burua berrestearen arteko oreka. Gero, bertsio italiarrean —s-rik gabeko bertsioa—, Valoisko Elisabet erreginak Karlos V.aren hilobian duen bakarrizketa hunkigarria entzungo dugu, “Tu che le vanità”, opera horretako eta Verdiren ekoizpeneko aria apartenetako bat.
Txaikovski, ordea, garaikidea eta errusiarra izan arren, ezin dugu egile nazionalistatzat hartu. Musika-prestakuntza klasikoa eta europeista izan zuen, eta “bostak” taldearen adiskide izan arren, ez zioten asko eragin eta bere buruari eta konposizio-estiloari leial mantendu zen. Hala ere —edo agian horrexegatik izan zen—, Piotr Ilitx taldearen parte izatearekin, gainerakoei atsegin izatearekin eta egokitzearekin oso kezkatuta egon zen. Bizitza pertsonalari dagokionez, ezkondu egin zen, nahiz eta homosexuala izan, eta Justizia Ministerioko funtzionario izan zen, nahiz eta musikarekiko grina izan; musikari dagokionez, bertoko entzuleez gain, nazioarteko entzuleengana iristeko obsesioa zuen —azkenean lortu zuen—, eta ez zuen inoiz arazorik izan entzuleen gustuetara egokitzeko.
Eugenio Onegin bere opera ezagunenetako eta aintzatetsienetako bat da —ziurrenik, bere maisulan operistikoa—, eta Puxkinen obra homonimoan oinarrituta dago. Erromantizismo handikoa eta oso intimista da, eta aberatsa eta hutsala den gazte baten istorioa kontatzen du. Haren laguna, Eugenioren kontrako izaera duena, Olga izeneko gazte batekin maiteminduta dago. Tatiana, Olgaren ahizpa inozente eta ameslaria, Eugenio sofistikatuaren xarmarekin maitemintzen da, baina hark errefusatu egiten du eta bere maitasunaz irri egiten du. Hala ere, zalantzarik ez egoteko, Oneginek Olga seduzitzea erabakitzen du, eta bere lagun Lenskik, haserre eta jeloskor, elkarren aurka borrokatzeko erronka egiten dio. Borrokan, Lenski hiltzen da. Onegin, zoritxarreko gertaera horren ondoren, desagertu egiten da. Urte batzuk geroago, Tatianarekin topo egiten du festa batean. Bere xarmarekin maitemintzen da, baina orduan Tatianak errefusatu egiten du.
Gaurko kontzertuan opera horren hainbat zati entzungo ditugu. Opera eszena lirikoetan konposatuta dago, eta zatitan jotzeko egokia da.
Sarreraren bidez, Txaikovskiren soinu-unibertsoan sartuko gara. Unibertso hori mamitsua eta melenga da, eta bineta soziala osatzen duen orkestra-hizkuntza erabat dramatikoa du. Ondoren, lehen musika-pasartea opera horretako dantza ugariak kateatuz joango da. Balsa bat dator Tatianaren santu-egunaren ospakizunarekin; hots, Tatiana maitemintzen denean, Oneginek errefusatu eta Olga seduzitzen duenean eta egundokoa pizten denean. Baina, hondamendia baino lehen, dantza eta festa dira nagusi, eta erregimentuko banda bat ustekabean sartzen da bals alai eta jostalaria eskaintzeko. Polonesak, ordea, urte asko geroagora eramaten gaitu. Orduan Oneginek Tatianarekin topo egiten du berriro eta dantzan ikusten du, inoiz baino ederrago, alaiago eta seduktoreago. Dantza eskoziarrak ere dantza-eszena horretakoak dira —hemeretzigarren mende erromantikoko antzerki lirikoan bai ala bai egon behar ziren dantza- eta jai-eszena preziatuak—, baina Onegin Tatiana Gremin printzearekin ezkonduta dagoela ohartzen denean, kutsu iluna hartzen dute.
Bigarren musika-pasartea gutunaren eszenari dagokio, dantzak deskribatzen ari ziren gida kronologiko txikitik kanpo, eta arreta handiagoz entzutea eskatzen du. Dantza eta arintasuna alde batera utzita, hasierara itzultzen gara, Tatianak, erabat maiteminduta, Eugeniori gutun luze bat idazten dionean, sentitzen duen maitasun guztia adierazteko. Txaikovskik obra erabat hunkigarria eta sentimendu kuttun handikoa konposatu zuen; hala ere, asko kezkatzen zuen publikoak horrelako opera bat nola hartuko zuen. Ikusten duzuenez, oso zaila da norbera izatea —Txaikovski bezalako jenioa izanda ere— gaitzespenaren beldur garenean. Izan ere, garenaren eta gainerakoek gu izatea nahi dutenaren artean oreka aurkitzeak Hamleten betiereko dileman kokatzen gaitu: izan ala ez izan.
Nora Franco
Olesya Golovneva.
Sopranoa
Olesya Golovneva soprano errusiarra “Urteko abeslari onena” izendatu zuten Anna Bolena eta Luisa Miller paperetan egindako interpretazioengatik, eta Alemaniako FAUST antzerki-sarirako proposatu zuten Koloniako Operan Rusalka paperean egindako interpretazioagatik.
Vienako Volksoperrak gonbidatuta, 2023-24 denboraldiaren hasieran Mimiren papera interpretatuko du La Bohèmen, eta aurrerago Iolanthe berriro abestuko du antzerki horretan. Valentziako Palau de les Artsen irrikan daude Golovneva Rusalkaren paperean entzuteko. Paper hori interpretatzeagatik txalotu dute Madrilgo Errege Antzokian, Dresdenen, Kolonian eta Wiesbadenen. Wiesbadengo Staatstheaterren egongo da Turandoten ekoizpen berrian, Yoel Gamzouren zuzendaritzapean, eta Berlingo Deutsche Operrera itzuliko da Verdiren Messa di Requiem konposizioarekin, Christian Spuckek eszenaratutako bertsio bikainarekin.
Azken denboraldietan izan dituen konpromisorik garrantzitsuenak honako hauek dira, besteak beste: Katia Kabanova gisa izandako debuta Hanburgoko Staatsoperren; Valentine, Juan Diego Flórezekin batera Meyerbeerren Les Huguenots obran Berlingo Deutsche Operren; Rusalka gisa izandako debut arrakastatsua Madrilgo Errege Antzokian; Pucciniren Trittico operan soprano protagonista gisa egindako debutak Wiesbadengo Staatstheaterren, baita bertan Rusalkako eszena-zuzendari gisa egindako debuta ere; Desdemona, Roberto Saccàrekin batera Otello obran Frankfurt Operan, eta Gregory Kunderekin batera Wiesbadengo Estatuko Antzokian; Tatjana Eugene Onegin obran Hanburgoko Staatsoperreko ekoizpenetan, Helsinkiko Finlandiako Opera Nazionalean, Koloniako Operan eta Wiesbadengo Estatuko Antzokian, non Clemenza di Titoko Vitellia papera ere bete zuen. Artista bereziki lotuta dago Deutsche Oper am Rhein antzokiarekin, non arrakasta handiak izan dituen, hala nola Maria Stuarda, Gilda, Elisabetta, Luisa Miller, Donna Anna eta Traviata. Halaber, Koloniako operarekin lankidetza erregularra du. Bertan, Natasha interpretatu zuen Gerra eta Bakean, baita Anna Bolena, Lucia, Tatjana eta Vitellia ere. Zalantzarik gabe, La Traviata bere paper arrakastatsuenetako bat da, eta Dresdenen, Munichen, Pragan, Wiesbaden May Festival jaialdian, Düsseldorfen, Kolonian, Bonnen eta Antibesen abestu du. Verdiren obretan izan dituen beste paper garrantzitsu batzuk Luisa Miller (Malmöko operan), Simone-Amelia (Marseillako Operan) eta Gilda dira (Dresdengo Jaialdian, Munichen, Pragan, Wiesbaden May jaialdian, Düsseldorfen, Kolonian, Bonnen eta Antibesen abestu zuen).
Olesya Golovnevak berriki abestu du Beethovenen 9. sinfonia Lausanan, Rakhmaninoven Die Glocken Dortmundeko Konzerthausen, Dvořáken Te Deum Utrechten eta Amsterdamen, WDRn Andrés Orozco-Estradarekin eta Wiener Musikvereinen Franz Welser-Möst zuzendariarekin. Haren grabazioen artean daude Iolanta (Dmitri Kitajenkorekin, CD formatuan), Luisa Miller eta La Bohème (Malmöko Operan, DVDan).
Olesya Golovneva Pskoven (Errusia) jaio zen, eta San Petersburgon eta Vienako Musika Unibertsitatean amaitu zituen ikasketak, merituekin, Robert Holl irakaslearekin. N. Rimsky-Korsakov lehiaketa eta S’Hertogenbosch Nazioarteko Ahots Lehiaketa irabazi ditu.
Erik Nielsen.
Zuzendaria
Erik Nielsen zuzendariak trebetasunez lan egiten du operaren eta sinfoniaren alorretan.
Piano-ikasketak oso gaztetan hasi zituen, eta, aurrerago, New Yorkeko Julliard Schoolen graduatu zen oboean eta harpan, eta Curtis Institute of Music institutuan orkestra-zuzendaritza ikasi zuen.
Alemaniara joan zen 2001ean, eta Berlin Philharmonic Orchestra Academyn harpa-jotzaile gisa aritu zen.
2002an 10 urteko lankidetza hasi zuen Frankfurteko Operarekin, maisu errepikatzaile gisa lehenengo eta kapellmeister gisa ondoren. Urte horietan zehar, errepertorio zabala zuzendu zuen, hala nola Monteverdiren eta Lachenmannen obrak.
2009ko irailean, Ameriketako Estatu Batuetako Solti Fundazioak Solti beka eman zion, eta 2010eko martxoan, Estatu Batuetako Boston Lyric Operarekin debuta egin zuen, Ariadne auf Naxos obrarekin. Ondoren, Txirula Magikoa zuzendu zuen New Yorkeko Metropolitan Operan.
Nielsen maisuak Bilbao Orkestra Sinfonikoa zuzendu zuen lehen aldiz 2012an, Korngolden Die Tote Stad operaren ekoizpen batean, eta, izandako arrakasta handiaren eta kontzertu sinfonikoetarako gonbidapenen ondorioz, zuzendari titular izendatu zuten 2015ean, eta kargu horri eutsiko dio 2024ko irailera arte.
Basileako Opera antzokiko musika-zuzendaria ere izan zen (2016-2018), eta duela gutxi (2022) Tiroler Festspiele Erleko musika-zuzendari izendatu dute.
Proiektu berrienen eta etorkizuneko proiektuen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: Wagnerren tetralogiaren ekoizpena, Tiroler Festspiele Erlerentzat, Brigitte Fassbenderren eszenaratzearekin (datorren udan errepikatuko du); Aida Frankfurten; El amor de las tres naranjas Dresdenen; Oedipux Rex; Samy Moussaren Antigone estreinaldia Amsterdamgo Opera Nazionalean; Salome Zurichen; Rusalka eta Norma Dresdenen; Manfred Trojahnen Eurydice die Liebenden, blind estreinaldia Amsterdamen; eta Peter Grimes, Das Rheingold eta Kreneken Karl V Municheko Operan. Halaber, kontzertu sinfonikoetan egongo da: Chicagoko Orkestra Zibikoa; Kölner Kammerorchester; Suediako Opera Erreala; Basel Sinfonieorchester; Lisboako Portugalgo Orkestra Sinfonikoa; RTE National Symphony Orchestra; Estrasburgoko Orchestre Philharmonique; Philharmonie Südwestfalen; Ensemble Intercontemporain; Ensemble Modern; Junge Deustche Philharmonie; Interlochen Arts Campen World Youth Symphony Orchestra; Royal Northern Sinfonia eta Espainiako hainbat orkestra. Laster, Bilbao Orkestra Sinfonikoa zuzentzeaz gain, Madrilera itzuliko da RTVEren Orkestra zuzentzeko.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak
Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo
Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro
0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.
Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.
ONE eta Mahlerren “Titán”
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”
Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria
Ganbera 4
Lekua: Euskalduna Jauregia
B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin
M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea
Mundu Berriko sinfonia
Lekua: Euskalduna Jauregia
J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”
Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria