Kontzertuak

Mundu Berriaren sinfonia
Dvoráken Bederatzigarrena kulturen arteko elkarreraginarekin lotzen dugu. Konpositore txekiar ospetsua, New Yorkera deitu zutena amerikar musikaren obra handia idazteko eta, bitxia izan arren, alderantzizko bidea egin zuen zuzendari amerikar batek, Erik Nielsenek, itzuliko duena. Musika honek Amerikako edo Bohemiako gehiago edukitzea gorabehera, onartu behar da Dvorákek melodiak egiteko erraztasun izugarria zuela. Gure piccolo-bakarlariak, Néstor Sutilek, Liebermannen kontzertu interesgarria eskainiko digu, eta euskal mitologia Guridiren Plenilunioaren eskutik azalduko da.
Erik Nielsen, zuzendaria
Nestor Sutil, piccolo
I
JESÚS GURIDI (1886 – 1961)
Amaya, Ilbetea [I. ekitaldia, IV. eszena]
Amaya, Ezpatadantza [II. ekitaldia, IV. eszena]
LOWELL LIEBERMANN (1961)
Kontzertua piccolo eta orkestrarako Op. 50*
I. Andante comodo – Allegro
II. Adagio
III. Presto
Nestor Sutil, piccolo
II
ANTONIN DVORAK (1860 – 1911)
9. sinfonia mi minorrean Op. 95 “Mundu Berriarena”
I. Adagio
II. Largo
III. Scherzo. Molto vivace
IV. Allegro con fuoco
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 110’ (g.g.b.)
DATAK
- 30 urtarrila 2025 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 31 urtarrila 2025 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
GAUR AITORTZEN DUT…
Ohar hauek idazten ari naizen bitartean, sekulako ikusmina piztu didan trend bat dago TikToken. Baina ikusmin hori nondik sortu den kontatzen hasi aurretik, azaldu nahi dizuet TikTok 2017an sortutako sare sozial bat dela: bideo laburrak partekatzen dira bertan eta gazteen artean zinez ezaguna da; bestalde, trend ingelesezko terminoa erabiltzen da “moda”, “joera” edo “mugimendua” esateko, hala ere, sare sozial honi buruz ari garenean, ondokoa izan daiteke: “uneko abestirik biralena”, “jende guztiak egiten duen dantza bat” edo “mundu guztiak jolasten duen joko moduko bat”. Nik diodan trenda azken mota horretakoa da. Jolas moduko bat da eta hauxe du izena: “entzun, baina epaitu gabe”. Joko horretan, bideoa egiten duenak zerbait aitortzen du, esandakoagatik inork ere epaituko ez duela pentsatuta. Eduki-sortzaile askok —horrela deitzen diote beren buruari bideoak sare sozial horretara aldizka, baita egunean behin baino gehiagotan ere, igotzen dituztenek— aitorpenak egiten dituzte beren ohiko grabazioen edukiaren inguruan; horiek horrela, psikologo batek aitor lezake berak ere egun txarrak izaten dituela eta laguntza beharko lukeela; makillajean aditua den influencer batek onar lezake ez dituela brotxak behar besteko maiztasunarekin garbitzen; skin care deritzonaren fanatikoek —azala zaintzea esan nahi du, baina, tira, ingelesez kutsu berezia dauka— jendaurrean onar lezakete behin jai batetatik etxera itzulitakoan makillajea kendu gabe oheratu zirela; janari osasungarriaren defendatzaileek konta lezakete joan den astean Nocillazko bokata bat jan zutela…
Hasieran esan dizuedan bezala, moda horrek ikusmina piztu dit. Batetik, ez dut ulertzen sekretu guztiak —batzuk besteak baino lotsagarriagoak eta ilunagoak— partekatzeko beharrizan hori; eta, bestetik, ez dut ulertzen ezta ere zergatik uste duten mantra hori errepikatzeak (“entzun, baina epaitu gabe”) barkamen osoa ekarriko diela eta, hain zuzen ere, inork ere ez dituela epaituko. Baina kuriositaterik morbosoena pizten didaten bideoak bikoteenak izaten dira: harreman batean dauden bikoteak izan daitezke, edo lagunak, eta batak besteari aitortzen dizkiotenak zur eta lur uzten naute erabat. Batak besteari etengabe errepikatzen dioten arren “entzun, baina epaitu gabe” , bikotekideek jartzen dituzten aurpegiek eta hartzen dituzten haserrealdiek argi eta garbi uzten dute ditxosozko esaldiak ez duela behar bezain ondo funtzionatzen.
Bada, kontua da joera honek jakin-mina piztu didala, eta, segur aski hau irakurtzen duzuenerako kontu hori dagoeneko modan egongo ez den arren —izan ere, sare sozialetan, trendak trenak bezain azkar igarotzen dira— zuekin jolastu nahi dut joko honetara… jakin badakidan arren epaitu egingo nauzuela.
Gaur gaueko programaren lehen piezak Jesús Guridiren Amaya operakoak dira. Beraz, “entzun, baina epaitu gabe” esaldia bota —nirekin gogorregiak izango ez zaretelakoan— eta itzulingururik gabe aitortuko dizuet opera hori kontrako eztarritik sartzen zaidala. Ez zaitzatela adierazpen horrek ikaratu: gaurkoan entzungo dituzuenak, bai Ilbetea bai Ezpatadantza bikainak dira, baina opera osoa astuna egiten zait, bai haren dentsitate ilunagatik, bai argumentuagatik, zeinak erlijio-gatazka oinarri baitu. Jakina, arinkeriaz adierazitako iritzi batek ez dio meritu izpirik kentzen Jesús Guridiren lan apartari, segur aski, bere heldutasun-lanik handiena denari.
Amaya 1920an estreinatu zen Bilboko Coliseo Albian, eta aberastasun eta dentsitate handiko orkestrazioa du, kutsu wagneriar argikoa eta folklore-erreminiszentzia argiko kantu ederrekin leundua. Hari buruz esan izan da orkestra-kolorearen zuzentasuna miresgarria dela eta bere musikak zintzo itzultzen dituela obrako eszena bakoitzaren zentzu poetikoa eta dramatikoa, eta horrek agerian uzten duela sonoritateen erabileran maisua denaren eskua, zeinarentzat orkestra-paletak sekreturik ez duen.
Drama lirikoa VIII. mendearen hasieran gertatzen da, bisigodoen garaiaren amaieran hain zuzen, euskal herritarrek Teodosio Goñikoa izeneko kristaua errege izendatzen dutenean, nahiz eta askok Aitor patriarka legendarioaren oinordekoen familia gurtzen jarraitzen duten. Familia horren azken ondorengoa Amaya da, Teodosioren maitalea, eta, beraz, herritarrek ziurtzat jotzen dute errege izango denarekin ezkonduko dela. Amayak ere Teodosio maite du, baina bere izeba Amagoyaren agintepean bizi da, zeina familiako tradizioak zaintzearen aldekoa baita eta sinesmen primitiboei leiala. Bi zibilizazioren, paganoaren eta kristauaren, arteko borrokak Amaya gaztean sinbolizatutako herri baten nagusitasuna izango du ardatz; Guridik borroka hori musikalki ebatzi zuen Parsifal wagnerianoari erreferentzia nabariak eginez —non leitmotivak euskal folklorean sakonki errotutako melodietatik eta norabide aldaketetatik sortzen diren—, baita erromantizismo berantiarreko beste konpositore batzuei erreferentzia eginez ere, Richard Straussi kasu.
Opera hori eszenatokietatik bidegabeki aldenduta dagoen arren—euskaraz idatzita egoteagatik, seguruenik—, inspirazio handiko uneak ditu, hala nola bigarren ekitaldiko Miguelen abestia edo Amaya eta Teodosioren duetoa; hala ere, opera horren bi atal ezagunenak gaur interpretatuko direnak dira. Lehen ekitaldiko laugarren eszenako Ilbeteak lirismo hunkigarria, oroigarria eta gozoa du, eta ilargi betea hodeien artetik ateratzen denean hedatzen den distira misteriotsu eta magikoa deskribatzen du, edertasun ikaragarriko hizkuntza erromantikoa baliatuz. Ezpatadantza laugarren eszenan agertzen da, bigarren ekitaldian oraingoan, eta eztei-segizioaren ondoren datorkigu: txistu eta danbolinaren ohiko soinuarekin hasten da eta tonu heroikoa du, ondoren orkestrara igaroko dena. Amayaren atalik bereizgarri, koloretsu eta distiratsuenetako bat da, Guridiren katalogo guztien bereizgarria, eta errepertorioko obra sinfoniko bilakatu da, ondo merezita gainera.
Amayaren ondoren, eta oraindik ere buruan txistuaren soinu zorrotz eta dardartia dugularik, gaueko hurrengo obra iritsiko da: Lowell Liebermannen piccolo eta orkestrarako kontzertua. Eta hemen, zuekin partekatuko dudan “entzun, baina epaitu gabe” jokoari helduta, onartu behar dut, ohar hauek idazteko kontzertuaren grabazio bat bilatu nuen arte, ez nuela inoiz entzun piccolorako kontzerturik entzun. Jakina, hamaika dira entzun ditudan piano, biolin edo bilontxelorako kontzertuak. Gogoan ditut, baita ere, ohikoak izaten ez diren oboe, klarinete, fagot zein biolarako kontzertuak, eta harpa, tronpeta, tronboi, tronpa, gitarra, mandolina edo perkusiorako kontzertu bat edo beste. Ez dut ahaztu txirula aipatzea, aitzitik, amaierarako utzi nahi izan dut, gaurkoan protagonista den instrumentuaren antzekoa baita. Oraindik ere kutxaren batean gordeta egon behar du Jean-Pierre Rampalen disko bat grabatuta duen kasete-zinta bat, txirularako kontzertu ederrak biltzen dituena eta nire nerabezaroaurrean behin eta berriro entzun nuena. Eta, hala ere, piccolorako kontzertu bakar bat ere ez dago bertan.
Aitorpen honek lotsa gutxiago ematen dit, ziur aski zuetako askok nire egoera partekatzen duzuelako. Piccoloa ez baita ohiko musika-tresna bakarlaria. Orkestretan ere ez da instrumentu “finkoa” izaten. Piccoloa gutxiesteko asmorik gabe, txirulen taldean instrumentu osagarria baino ez da. Hala ere, kontzertu honetan ikus daitekeenez, adierazkortasun handia izateko gai den instrumentu ederra da, hegazti-baliabide eternaletik eta beste konpositore batzuek ohituta gaituzten soinu sarkor horretatik urruntzen baita. Liebermannek, ostera, piccoloaren trebetasun lirikoak nabarmentzea erabaki zuen, bere erregistrorik grabeenean, samurrean eta sentikorrenean oinarrituta, eta obraren amaierarako gordetzen du haren distira.
Liebermannek, 1961ean jaiotako New Yorkeko musikagileak, genero guztietako eta instrumentu ugaritarako lanak idatzi ditu, baina txirularekin lotura berezia duela dirudi. Txirularako bakarrizketa bat idatzi du, txirula eta pianorako sonata bat eta txirularako kontzertu bat, guztiak ere arrakasta eta onarpen handikoak. Hain zuzen ere, txirularako kontzertu honen estreinaldia interpretatu ondoren, Jan Gippok, San Luiseko Orkestra Sinfonikoko piccoloak, piccolorako kontzertu bat eskatu zion Liebermanni, eta azken horrek erronka onartu zuen —gaur entzungo dugu emaitza—. Normala denez, Jan Gippo izan zen piccolorako kontzertua estreinatu zuena New Yorkeko Txirula Elkarte Nazionalaren konbentzioan, 1996ko abuztuaren 18an, Glen Cortese New Jerseyko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari zela.
Liebermannen musika, Xostakovitxen inspirazio argia duena, tradizioaren eta berrikuntzaren artean kulunkatzen da: zapore leun eta erromantikoa du, hala ere, harmonia aldakor harrigarriak eta ustekabekoak erabiltzen ditu. Lehenengo mugimenduak (andante comodo) ezinbestean gogorarazten du zinemako musika, soinu-banda handietakoa. Bigarren mugimenduak (adagio) ohiz kanpoko luzera du eta, zalantzarik gabe, obraren bihotz espresiboa da, zeinak lehen mugimenduko motiboak erabiltzen baititu hamabi tonuko serie baten bidez horien gainean bariazioak sortzeko. Azken mugimendua (presto), birtuosismo eta akrobazia soinudunen sekulako ikuskizuna da, Mozarten 40. sinfoniari eta Beethovenen Heroikoari buruzko erreferentziak biltzen dituena —Liebermannek berak dioen bezala, piccoloak ez baitira inoiz pieza horiek jotzera iristen, piccolorako zatirik ez dutelako—, baita Sousaren Stars and Stripes abestiaren piccoloaren kontrapuntu amorratu baina ezagunari buruzkoak ere.
Gaurko azken obra handia Dvořáken Mundu Berriaren Sinfonia da. Zer sekretu ilun izango ote dut gordeta “entzun, baina epaitu gabe” jolaserako? Bada, nire ustez, oso dibertigarria den sekretu bat: haurtzaro osoan zehar uste izan nuen Dvořákek sinfonia oso bat eskaini zion mundu berri hori espazioan egongo zela, Marten, Jupiterren edo beste galaxiaren batean, kanpoko espaziotik harantzago. Mundu berri hori Amerika ela jakin nuenean, nire haur-ikuspegitik ezer berririk ez zekarrena, desengainu handia izan nuen, benetan.
Sinfonia hau, Dvořáken ezagunena, Ameriketako Estatu Batuetan emandako lehen urtean idatzi zuen, konposizio estatubatuarreko estiloa sortzeko ahaleginean. Horretarako, Jeannette Thurber izeneko mezenas ameslari batek Kontserbatorio Nazionala sortu zuen New Yorken, eta Dvořák kontratatu zuen zuzendari gisa. Dvořák 1892ko irailean iritsi zen emaztearekin eta bi seme zaharrenekin, eta irakasteari, konposatzeari eta Amerika xurgatzeari ekin zion.
Hunkituta, bere ingurune berriaren inguruko zirrara indartsuek jota eta itxaropenak ez zapuzteko irrikaz, musika afroamerikarraren eta jatorrizko musika amerikarraren elementu bereizgarriak erabiltzea proposatu zen, hain zuzen ere existitzen ez zen konposizioko eskola nazional estatubatuar bat sortzeko oinarri gisa. Faktore horiek guztiek eta Dvořáken maisutasun profesionalak kalitate bikaineko obra bat sortzen lagundu zuten. Gure txekiarrik gogokoenaren sinfoniak amerikar musikaren kutsua izaterik lortu zuen ala ez esatea oso eztabaidagarria da; konposizioaren arrakastak, ordea, ez du eztabaidarako biderik ematen. Hain harrera ona izan zuen, ezen XX. mendearen erdialdean dagoeneko Amerikako kulturaren parte baitzen, eta pieza hori inoiz entzun ez zuen jendearentzat ere ezaguna zen.
Baina Dvořák ez zen aurretik egin gabeko ezer egiten ari: Europako adibideetatik ikasitako lezioetan oinarritu zen, non, XIX. mendean, folklore-musikak inspirazio-iturri ugari eman zituen, eta bere sustraietan eta bertako konpositoreen lanetan, batez ere Amerikako lurretan sortutako espiritual beltzetan, oinarritutako musika-eskola nazional amerikar bat ezartzeko aukera ikusi zuen. Abesti horien berezitasunetan inspiratu zen bereziki, batez ere eskala pentatonikoen eta erritmo sinkopatuen erabileran. Musika folklorikoan inspiratu zen arren, Dvořákek ez zituen benetako doinuak maileguan hartu, nahiz eta musikologo gehienak bat datozen lehenengo mugimenduaren azken motiboa Sweet Chariot Swing Low espiritualean inspiratuta dagoela diotenean.
Halaber, suposatzen da inspirazio indartsua duela Amerikako lehen herrietako musikan. Dvořákek irokes indiarren musika ikasitako lagun baten bidez ezagutu zuen musika hori, baita Buffalo Bill mitikoak interpretatutako «Wild West Show» bat ikustera joan zenean ere, baina askoz zailagoa da melodia horietako batzuk sinfonia osoan antzematea, Longfellowren Hiawatharen abestia lanaren pasarteetan inspiratu bazen ere. Nolanahi ere, sinfoniaren adierazpenak, oro har, islatu egiten du musikagileak inguruan zituen kultur bulkada berriekiko zuen miresmena, zeinak bere irudimen sortzailearen bidez, parekorik gabeko obra sinfoniko bihurtu baitzuen.
Hala ere, konposizio-teknikari dagokionez, ez dago funtsezko eragin berririk. 51 urte zituela, Dvořák Estatu Batuetara joan zen konpositore gisa, bere konposizio-estilo propio eta finkatuarekin. Tokiko eraginek, beraz, beren adierazpen-paleta handitu baino ezin zuten egin, obra uniformea, orekatua eta oso eraginkorra sortuz. Formaren eta edukiaren batasuna akatsik gabea da, eta lau mugimenduko egitura hutsik gabeko maisutasun arkitektoniko paregabearekin eraikita dago.
Lehen mugimendua sonata gisa idatzita dago eta tempo geldoko sarrera batekin hasten da, lehen mugimenduaren material tematikoa aurreratzen duena. Erakusketa hiru ideia tematikoren inguruan egituratzen da: motibo nagusia, iragarpenarena —fanfarria bat dirudi eta mugimendu ia guztietako funtsezko puntuetan agertuko da berriro— eta erantzunarena. Garapenaren sekzioa dramatikoa da, eta motibo nagusia du ardatz. Laburbilketaren ondoren, koda zirraragarria motibo nagusiarekin iristen da klimaxera, non metalezko instrumentuak orkestrako tuttiaren gainetik gailentzen diren.
Bigarren mugimendua akordeen segida harmoniko bikain batekin hasten da, Dvořáki benetako buruhaustea ekarri ziotenak: nola igaro mi minorretik, lehen mugimendua amaitzen den tonalitatetik, bigarren mugimenduko re bemol urrunera, entzulearen belarrirako kolpe bat izan gabe. Bere irtenbidea bigarren mugimendua hasten duten zazpi akordeen segida ahaztezina izan zen. Largoaren motibo nagusia melodia zabal eta sublimeki sinplea da, adar ingelesak interpretatua, atzean hariak direla. Mugimenduaren erdiko sekzioak pasarte bat du, zeinaren tonu nostalgikoak amerikar zelai handi eta bakartien irudi bat iradoki lezakeen. Mugimendua motibo nagusiaren itzulera leunarekin amaitzen da, sarrerako akordeen sekuentzia berreskuratzen duen amaierarekin.
Hirugarren mugimendua A-B-A forman idatzita dago. Dvořáken hitzetan, sinfoniaren zati hau “indiarrek dantzatzen duten jaiarekin” lotuta dago, Longfellowen Hiawathan deskribatzen dena. A zatiaren errepikapen baten ondoren koda solemnea dator, azken mugimendurantz nolabaiteko trantsizio kontzeptuala adierazten duena.
Amaiera sonata-mugimendu normal gisa hasten da, baina garapenaren uneren batean beste zerbait bihurtzen da. Garatzen duenaren zati handi bat lehen hiru mugimenduetako material tematikoa da. Laburbiltze hori murriztu egiten da azalpenarekin alderatuta, eta koda dotorea are gehiago nabarmentzen da sinfoniaren funtsezko ideia guztiak jasotzean, bigarren mugimenduaren hasierako akordeak barne.
Obraren berezitasuna eta erakargarritasuna bere melodia ugarien lirismoan, erritmo txundigarrietan, adierazkortasunean eta tenperamentuan datza, baina konposizioaren ezaugarri bereizgarria aurreko mugimenduetako motiboen oroipena da, sinfoniari bere homogeneotasuna ematen dion printzipioa. Beharbada, ez da nik imajinatzen nuen Mundu Berria izango, ezta Dvořákek nahi izan zuen mundu amerikarra ere, baina, zalantzarik gabe, edertasun paregabea du, eta espero dut zuek ere entzun ahal izango zenutela “baina epaitu gabe”.
Nora Franco
Nestor Sutil.
Piccolo
Nestor Sutil Vecino Galiziako Porriño herrian jaio zen, eta zazpi urterekin hasi zuen bere ibilbide musikala zeharkako txirularekin. Tuiko Musika Kontserbatorioan Gradu Profesionala osatu zuen Iaroslav Dolisnii irakaslearen tutoretzapean, eta Gradu Amaierako Saria lortu zuen. Hamasei urte zituela, goi-mailako ikasketak hasi zituen Portoko Musika eta Espetakuluko Arteen Goi Eskolan (ESMAE), Ana Raquel Lima eta Stephanie Wagner irakasleekin. Ondoren, Koloniako (Alemania) Hochschule für Musik und Tanz-en jarraitu zuen bere prestakuntza, eta Robert Winn eta Aldo Baerten irakasleak izan zituen txirula-ikasketetan, baita Thaddeus Watson piccolo-ikasketetan ere.
Musikarekiko duen pasioak bere trebetasun tekniko eta musikalak hobetzera bultzatu du, besteak beste, Marc Grauwels, Leone Buyse, Natalie Schwaabe edo Michael Cox txirula-jotzaile ospetsuekin. Espainiako, Errusiako, Alemaniako eta Japoniako hainbat orkestra eta jaialditan parte hartu du besteak beste, eta Leonard Slatkin, Eliahu Inbal, Frank Peter Zimmermann, Lorenza Borrani, Lars Vogt eta Javier Camarena artista ospetsuekin batera aritu da oholtza gainean.
2019az geroztik, Bilbao Orkestra Sinfonikoko txirula saileko kidea da Nestor, eta piccolo bakarlariaren postua betetzen du.
Orkestra-lanaz gain, aldizka Nerea Alberdi konpositore bilbotarrarekin eta hainbat ganbera-talderekin kolaboratzen du, hala nola Soinuaren Bidaia ensemblearekin, bai BOSen programazioan, bai beste testuinguru batzuetan.
Nestorrek piccoloaren ikusgarritasuna handitzeko interes berezia du, horregatik, zenbait konpositorerekin lanean dihardu hainbat testuingurutan errepertorio berri bat sortzeko eta instrumentua publiko zabalago batengana hurbiltzeko.
Musikaria izateaz gain, musikarientzako entzumen-babesaren garrantziaz sentsibilizatzeko lanetan aritzen da, batez ere piccoloaren kasuan. Ildo horretatik, ikerketa bat egiten ari da txirula-komunitatearen baitan erabilitako babesei buruz, horien onurak identifikatzeko asmoz. Era berean, nazioarteko txirula-jotzaileekin esperientziak trukatu ditu Finlandian eta Ameriketako Estatu Batuetan egindako ekitaldietan. 2023an, horri buruzko artikulu bat argitaratu zuen Finlandiako Tampere Flute Fest aldizkarian.
Erik Nielsen.
Zuzendaria
Erik Nielsen zuzendariak trebetasunez lan egiten du operaren eta sinfoniaren alorretan.
Piano-ikasketak oso gaztetan hasi zituen, eta, aurrerago, New Yorkeko Julliard Schoolen graduatu zen oboean eta harpan, eta Curtis Institute of Music institutuan orkestra-zuzendaritza ikasi zuen.
Alemaniara joan zen 2001ean, eta Berlin Philharmonic Orchestra Academyn harpa-jotzaile gisa aritu zen.
2002an hamar urteko lankidetza hasi zuen Frankfurteko Operarekin, maisu errepikatzaile gisa lehenengo eta kapellmeister gisa ondoren. Urte horietan zehar, errepertorio zabala zuzendu zuen, hala nola Monteverdiren eta Lachenmannen obrak.
2009ko irailean, Ameriketako Estatu Batuetako Solti Fundazioak Solti beka eman zion, eta 2010eko martxoan, Estatu Batuetako Boston Lyric Operarekin debuta egin zuen, Ariadne auf Naxos obrarekin. Ondoren, Txirula Magikoa zuzendu zuen New Yorkeko Metropolitan Operan.
Nielsen maisuak Bilbao Orkestra Sinfonikoa zuzendu zuen lehen aldiz 2012an, Korngolden Die Tote Stad operaren ekoizpen batean. Bertan izandako arrakasta handiaren eta kontzertu sinfonikoetarako gonbidapenen ondorioz, zuzendari titular izendatu zuten 2015ean, eta kargu horri eutsi zion 2024ko irailera arte.
Basileako Opera antzokiko musika-zuzendaria ere izan zen (2016-2018), eta duela gutxi (2022) Tiroler Festspiele Erleko musika-zuzendari izendatu dute.
Bere proiektu berrienen eta nabarmenenen artean, aipatzekoak dira Wagnerren Tetralogiaren ekoizpena, Tiroler Festipiele Erlentzat, Brigitte Fassbenderen eszenaratzearekin, datorren udan errepikatuko duena, baita Aida Frankfurten, Hiru laranjen maitasuna Dresdenen, Oedipus RexAmsterdamgo Opera Nazionalean Samy Moussaren Antigone premierrarekin, Salome Zürichen, Rusalka eta Norma Dresdenen, Manfred Trojahnen Eurydice die Liebenden blind en premierra Amsterdamen eta Kreneken Karl V Municheko Operan, besteak beste.
Kontzertu sinfonikoei dagokienez, Espainiako zenbait orkestraren gonbidapenak jasotzeaz gain (Galiziako Orkestra Sinfonikoa, ORTVE, Real Filharmonía de Galicia, Sevillako Errege Orkestra Sinfonikoa, OSCYL eta JONDE), duela gutxi Krakovia eta Bratislavako orkestrekin debutatu du, eta Stockholm, Oslo, Newcastle, Aspen Music Festival, Interlochen Arts Camp, Tanglewood, Ensemble Intercontemporain eta Ensemble Moderneko orkestretara itzuli da, horietako batzuk aipatzearren.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak

Musika-Música | 1. Kontzertua
Lekua: Arriaga Antzokia
SOCIEDAD CORAL DE BILBAO
ENRIQUE AZURZA zuzendaria
BILBAO ORKESTRA SINFONIKOA (BOS)
ERIK NIELSEN zuzendaria
R. Wagner: El holandés errante, obertura
P. I. Chaikovski: El lago de los cisnes, suite
A. Borodin: Danzas polovtsianas de «El príncipe Igor»

Musika-Música | 18. Kontzertua
Lekua: Euskalduna Jauregia · Auditorioa
ELLINOR D’MELON biolina
BILBAO ORKESTRA SINFONIKOA (BOS)
ERIK NIELSEN zuzendaria
P. I. Chaikovski: Romeo y Julieta, obertura–fantasía TH 42c
M. Bruch: Concierto para violín y orquesta nº1 en sol menor opus 26

Beethoven eta Atomic Doktorea
Lekua: Euskalduna Jauregia
John Adamsek opera biziberritu zuen, eta eszenara itzularazi zituen egunkarietako azaletan agertutako arestiko historiaren albisteak. Atomic Doktoreak bonba atomikoaren lehen saiakuntzak inguratu zituen tentsio-giroa birsortzen du, eta aurrea hartu zuen Oppenheimer heroi tragikoaren mailara igotzeko orduan. Bere musikak hain izan zuen indar handia, non Adamsek sinfonia bat sortu zuen bere gainean; programan, horren atzetik, Beethovenen biolin-kontzertu argitsua dator, Khachatryan bikainaren eskuetatik iritsiko zaigun musika sendagarria.
Joana Carneiro, directora
Sergey Khachatryan, violín
I
SAMUEL BARBER (1910 – 1981)
Adagio harirako
JOHN ADAMS (1947)
Doctor Atomic Symphony*
The Laboratory – Panic – Trinity
II
LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)
Kontzertua biolin eta orkestrarako Re Maiorrean Op. 61
I. Allegro ma non troppo
II. Larghetto. Attacca:
III. Rondo. Allegro
Sergey Khachatryan, biolina
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 110’ (g.g.b.)

Ganbera 7
Lekua: Euskalduna Jauregia
Bakarlari Handiak BOSekin batera
Komitas: Armeniar abesti herrikoiei buruzko 14 pieza
A. Schönberg: Gau itxuraldatua Op. 4, hari-seikoterako
Sergey Khachatryan, biolina
BOSen hari-seikotea