Kontzertuak

Nobu eta Sinfonia fantastikoa
Berliozen Sinfonia fantastikoak obsesiboki garatzen duen ideia artista erromantikoaren arketipoa da. Bernsteinek lan hau historiako musika psikodelikoaren lehen adibidetzat definitu zuen eta guk horrekin itxiko dugu Mitoen gure zikloa. Programaren beste erakargarritasun nagusia Nobu piano-jotzaile japoniarraren itzulera izango da, bere lehen bisita ahaztezinaren ondoren. Oraingoan Ravelen Kontzertua Solen obra dakarkigu, konpositorearen 150. urteurrenean.
Tatsuya Shimono, zuzendaria
Nobuyuki Tsujii, pianoa
I
MAURICE RAVEL (1875 – 1937)
Pavane pour une infante défunte
Kontzertua piano eta orkestrarako Sol Maiorrean
I. Allegramente
II. Adagio assai
III. Presto
Nobuyuki Tsujii, pianoa
II
HECTOR BERLIOZ (1803 – 1869)
Sinfonia fantastikoa Op. 14
I. Ametsak eta pasioak (Largo.Allegro agitato e appassionato assai)
II. Dantza (Allegro non troppo)
III. Landa giroko eszena (Adagio)
IV. Oinazerantz (Allegretto non troppo)
Iraup. 105’ (g.g.b.)
DATAK
- 10 apirila 2025 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 11 apirila 2025 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Bi frantses Parisen
XX. mendearen bigarren herena baino lehen, grabatutako soinua luxua zen ia. Norbait musika entzuten ari bazen, litekeena zen norbait jotzen egotea. Handik gutxira, baina, aurrerapen teknikoek bidea jarri zuten kalitatea hamarkadaz hamarkada hobetzen joateko, urtez urte ez esatearren. Soinu ez hain fantasmagorikoa zuten grabaketak, katalogo zabalagoak, musika-erreproduzitzaile merkeagoak… Zuzeneko musika hautazkoa izatera pasa zen.
Alabaina, aurreko aldira itzuliz, irudika dezagun orkestra bat entzutearen magia. Etxeko pianoarekin lortu ezin zen bolumena, dagoeneko ezagunak ziren mila koloreak eta obra sinfoniko berri bakoitzak ekartzen zituen kolore ezezagunen sortak. Eta oroimenean gorde behar zen hori guztia. Ahots bakoitza, solista bakoitza, konposizio bakoitza.
Gremiokoak musikan murgilduta bizitzeak, ordea, ezin digu ahaztarazi, dilettantea izanik, bizitzan kontzertu bakan batzuetara joateko aukera baino ez genuela izaten. Horregatik zen ohikoa opera baten hiriko emanaldi guztietara joatea. Hamabost aldiz programatzen zutela? Ba hamabost aldiz sartzen ginen entzutera. Ez zen nabarmenkeria, aukera baizik.
Egiazki, etxeko pianoak modua ematen zuen orkestrako musikaren oihartzuna ia nahierara berreskuratzeko, beti ere jotzeko trebatutako norbait baldin bazegoen, eta beti zegoen norbait. Teklaturako transkripzioetan, askotan, editorearen oharrak egoten ziren, melodia bat ala beste zer instrumenturi zegokion azaltzeko. Ez zen desberdin jotzeko gonbidapena, musika irudikatzeko gonbidapena baizik, eta gogoratzekoa.
Lurralde bakoitzak bere orkestra-eskolak sortu zituen. 1960ko hamarkadan, irratiko entzule asko eta asko orkestra zehatz bat ezagutzeko gai ziren, instant batez entzunda bakarrik. Cleveland, Berlin, Milango Scala, Concertgebouw… Eta konpositoreak, antena zorrozdun izakiak horiek, taldean elkartzen ziren, elkarri gauzak txibatzen zizkioten, elkarri kopiatzen zioten, eta elkar aipatzen zuten. Viena izan zen topaleku gogoangarri eta urtetsu haietako bat. Paris, beste bat.
Hector Berlioz-ek (1803-1869) ezohiko desgaitasun mota bat zeukan, eta laguntza behar izan zuen bizitza profesional osoan: ez zuen pianoa jotzen. Hortxe agertzen zen Pauline García-Viardot-en edo beste edozein adiskideren etxean, konposatu berri zutena entzunarazi ziezaioten. Eta ez barnean entzuten ez zuelako —irakurri besterik ez baitzuen egin behar—, atsegin hartzeko baizik. Ageriko tara horrek, bestalde, Hector gazteak orkestra-irudimen ikaragarria garatzeko balio izan zuen. Pianoak ez zion esaten ezinezkoa zenik, eta hark egin egiten zuen.
Berliozek, 1830ean, 27 urte zituela, orkestrarekin maitemintzeaz gainera, bihotzean tokia egin zien Beethoveni, Shakespeareri eta, sendoago, gero emazte izango zuen Harriet Smithson aktoreari.
Parisen, Shakespeareren lanak taularatzen hasi ziren, eta emanaldiak hain ziren berritzaileak, ezen egunkarietako orrialdeak betetzen baitzituzten. Ez hainbeste testuengatik, betitik ezagutzen baitzituzten: deklamazio molde berriak ziren erakargarriak. Isilune adierazgarriari eustea arte bihurtu zen. Pazientzia —eta sentikortasun— gutxiko ikus-entzuleek adar-jotzetzat jo zuten arte bat. Haietako batek kronografo bat eraman zuen emanaldi batera, eta 27 minutuko isilaldia jaso zuen aktan.
Berliozek, berriz, maitasunez eta emozio biziz beteta, Harrietenganako maitasuna jaso zuen aktan, artean hark maite ez bazuen ere. Hilabete gutxira, horrelaxe sortu zen Sinfonia fantastikoa Op.14. Edo, hark izendatu moduan: Artista baten bizitzako pasarte bat. Libretorik gabeko opera bat.
Libretorik gabeko operaren izena ez zen lizentzia deskribatzaile hutsa izan. Berliozek benetan idatzi zuen musika, argi eta garbi sortutako eszenekin. Hain zen horrela, ezen obra zuzendu zuen aldi guzti-guztietan agindu baitzuen programa inprimatu eta banatzea.
Programa horren bertsiorik ezagunena aurkeztuko dugu hemen, 1845 berantiarrean partituraren lehenengo edizioak ekarritako huraxe.
“Ohartarazpena”
Konpositoreak artista baten bizitzako askotariko egoerak garatu nahi izan ditu, egoerok musikatik duten alderdian. Alabaina, drama instrumentalaren plana, hitzen laguntzarik ez daukanez, aurretiaz azaldu behar da. Hortaz, opera baten ahozko testutzat jo behar dugu programa hau, izaera eta adierazpena taxutuko dituzten musika-piezak sortzeko. Sinfonia hau joko duten kontzertuetan, ezinbestekoa da ikusleei programa ematea, obraren alderdi dramatikoa ondo uler dezaten.
Ametsak eta pasioak (lehenengo zatia)
Idazle ospetsu batek pasioen olatu deituriko gaixotasun moralak jota, musikari gazte batek lehen aldiz ikusi du irudimenean amesten zuen izaki idealaren xarma guztiak biltzen dituen emakume bat, eta erabat maitemindu da. Bitxikeria batengatik, ordea, irudi maitea ez zaio artistaren espirituari inoiz agertzen, musika-motibo bati lotuta ez bada, eta, hor, nolabaiteko izaera sutsua aurkitzen du artistak, sutsua baina baita zintzoa eta lotsatia ere, pertsona maitearengan irudikatzen duena bezalakoxea.
Isla melodiko horrek, modeloarekin batera, etengabe jarraitzen dio musikariari, idée fixe bikoitz gisa. Horixe da sinfoniaren mugimendu guztietan eta lehenengo allegroari hasiera ematen dion melodian etengabea den agerpenaren arrazoia. Ametsezko egoera malenkoniatsu horretatik, zeina arrazoirik gabeko poz-krisiek eteten baitute, eldarniozko pasio-egoerarako igarotze horixe da, sumindura- eta jeloskortasun-uneekin, samurtasunerako itzulerekin, malkoekin eta abarrekin, lehenengo mugimenduaren subjektua.
Dantza bat (bigarren zatia)
Artista bizitzako askotariko inguruabarretan dago, festa bateko jendetzaren erdian, naturako edertasunen kontenplazio atseginean…, baina irudi maitatua nonahi agertzen zaio, hirian, zelaietan eta abarretan, ariman egonezina piztuz.
Landazabaleko eszena (hirugarren zatia)
Gau batean zelaian dagoela, artistak bi artzain entzun ditu urrunean hizketan, Ranz des vaches betean. Bada, duo pastoral horrek, eszenaren tokiak, haizeak leun astindutako zuhaitzen murmurio arinak, duela gutxi kontzebitu dituen itxaropenerako arrazoi batzuek… guztiak laguntzen dio, bai bihotzari baretasun ezohiko bat ematen, bai ideiak kolore alaiago batez margotzen. Bakardadeari buruz hausnartzen du, eta laster bakarrik ez egotea espero du… Baina bere maiteak engainatzen badu…! Itxaropen- eta beldur-nahasketa horrek osatzen du adagioaren gaia, bihozkada ilunez zeharkatutako poztasun-ideia horrek. Azkenengo konpasetan, artzainetako batek Ranz des vaches berrartu du, eta besteak ez du erantzuten… Ekaitzen… bakardadearen… isiltasunaren… oihartzun urrunak.
Oinazerantz (laugarren zatia)
Maite duen horrek bere maitasunari erantzuten ez diola sinetsita eta, are, maitasun hori ulertzeko gai ez dela eta, gainera, maitasun hori merezi ez duela pentsatuta, artista opioarekin pozoitu da. Narkotiko-dosiak, heriotza eragiteko txikiegia denez, begitazio beldurgarrienen amets sakon batean hondoratzen du artista. Maite duen hori hil duela egin du amets, eta, kondenatu ostean oinazerantz bideratu dutenez, bere exekuziora bertaratzen dela. Segizioa martxa batzuetan goibel eta anker eta beste batzuetan bizi eta irmoan zihoan aurrera, urrats astunen zarata gorra trantsiziorik gabe eztanda zaratatsu bihurtzen zen martxa batean. Amaieran, idée fixe-aren lehenengo lau konpasak berriro agertzen dira, azken maitasun-oroitzapen gisara, zorigaiztoko kolpeak mozten dituen arte. Orduan, beheranzko lau nota entzuten dira, biraka dabilen kondenatuaren burua irudikatuz.
Akelarre-gau bateko ametsa (bosgarren zatia)
Akelarrean dago, hiletarako elkartu diren itzal-, azti- eta sorgin-olde beldurgarri batez eta mota guztietako munstroz inguratuta. Soinu eta intziri arraroak, barre-algarak eta urrutiko oihuak, beste oihu batzuei erantzuten ariko balira bezala. Melodia maitatua berriro agertu da, baina zintzotasuna eta lotsa galdu ditu; dantza-melodia doilor bat besterik ez da, xumea eta groteskoa: bera da, eta akelarrera dator… Poztasun-orroak iritsi denean… Deabruaren orgiarekin bat egin du… Hileta-oihartzunak, dies irae-aren parodia burleskoa, akelarre-dantza. Akelarre-dantza eta dies irae-a, elkarrekin nahastuta”.
Geroko bertsioetan, baina, 1855etik aurrerakoetan, Berliozek hasierako uneetara aurreratu zuen artistak droga hartzen dueneko eszena. Eta horrek kolokoiaren fruitu bihurtu zuen Sinfonia fantastiko osoa, ez azken bi mugimenduak soilik. Horrela, lehenengo maitemintzea ez zen amestutako zerbait besterik.
Programak, itxuraz, “Artista baten bizitzako pasarte bat” kontatzen bazuen ere, agian zuzenagoa litzateke “Artista baten bizitzako pasarte baten oroitzapen eguneratua” deitzea. Harrietekin zuen harreman sentimentala urteak pilatzen joan ahala, istorioa ere egokitzen joan zen.
Korronte shakespeariar berriekin gertatu moduan, jende guztiak ez zituen Sinfonia fantastikoaren aurkikuntza instrumental nabarmenak estimatu. Kronikari batek idatziz jaso zuen bere iritzi freskagarria:
“Zaila da Berliozen tontakeriez neurrian hitz egitea. Berez dira txarrak, faltsuak, beldurgarriak. [….] Sinfonia fantastikoa amesgaizto musikatua da. Programan ‘ilunabarra, urrutiko trumoi-hotsa, bakardadea, isiltasuna’ deiturikoarekin bukatzen da hirugarren mugimendua. Trumoiaren imitazioa sinesgarria da, eta isiltasuna zoragarria”.
Kontrako iritziak egon arren, Sinfonia fantastikoa legenda bihurtu zen. Berliozek hamabost urte beranduago argitaratu zuen, 1845ean, eta Europak Franz Liszt-en pianorako transkripzioaren (1834) bidez bakarrik ezagutu zuen haren musika. Oso-oso gutxitan entzun ahal izan zen orkestrarako bertsioa. Eta, hain zuzen ere, obra —esango dugu— gorabeheratsua horrelaxe sartu zen mendebaldeko musikaren kanonera. Debussy iritsi aurretik, Frantziako obra sinfoniko ezagunena izan zen.
Berlioz hil eta gutxira, ordea, Frantziak orkestrako artearen beste iraultzaile handi baten jaiotza ikusi zuen: Maurice Ravel (1875-1937). Egile horren bi obra entzungo ditugu; bata gaztarokoa ia (hildako infanta batentzako pabana, 1899koa), eta bestea azken konposiziotzat jo dezakeguna (Pianorako kontzertua, sol maiorrean).
Pabana pianorako pieza txikia zen hasieran. Rondeau ñimiño bat, A-B-A-C-A egitura garden eta ageriko batekin. Gaur egun, hain gaude ohituta orkestrarako bertsiora (Ravelek egin zuen, 1910ean), ezen, teklatuan entzuten dugunetan, orkestrarako jatorrizko bertsioaren konponketa sinplifikatua dela pentsatzen baitugu, normala denez, baina oker.
Tolkien-ek handik gutxira egin bezala, Ravelek inoiz existitu ez zen iragan benetan sinesgaitz batekin sorgindu zuen mendebaldea. Pavane ez da pabana bat; harmoniak beste mende batzuetako oihartzun imajinatuak dira, eta melodia liluragarriak ez ziren aurretik inoiz ere idatzi. Nork behar ditu historiako liburuak, Ravel edukita?
Handik hogeita hamar urtera, bizirik zeuden konpositore bikainenetako bat zela balioetsi zuten. Antza, presio horrek ez zuen inoiz gogaitu. Lanak tantaka ateratzen zituenez (ez zen inoiz oso emankorra izan), sekulako espektatibak pizten zituen beti. Bere konposizio arraroak halakotzat hartzen ziren, arrarotzat, baina ez iraingarritzat. Entzuleek uste zuten denboraren poderioz lanok ulertzen joango ginela. Eta bere konposizio ederrak horixe ziren, ederrak.
Hala, bere buruarekin izandako zita horretan erabaki zuen Ravelek, 1930 inguruan, pianorako eta orkestrarako kontzertuaren genero ospetsuari bere aletxoa ematea. Egia esan, bi aletxo izan ziren, aldi berean idatzi zituelako bi, bikotean. Edo, agian, aletxo bat erdi izan ziren, kontzertuetako bat ezkerreko eskurako baino ez zelako. Bikoiztasun horrek gaizki-ulertu mordo bat ekarri zituen Europa osora (garai hartan, albisteek asko tardatzen zuten zirkulatzen, eta zirkulatzen zuten moduan zirkulatzen zuten). Norbaitek Concerto pour la main gauche bazela entzun zuen, baina bi eskuekin jotzen zuen solista bat ikusi zuen, eta ondorio logiko hau atera: zertarako egin eginahalak bost atzamarrekin, hamar edukita. Eta geroko solasaldian esan zioten Ravelen ‘beste’ kontzertu biki bat entzun zuela.
Gurea, gaurkoa, bestea, klasiko bihurtu zen sortu eta berehala. Marguerite Long solistak estreinatu zuen obra, eta, kontatu zuenez, Ravelek eta berak hurrengo urtean Europatik egindako biran asko-askotan jo behar izan zuten hirugarren mugimendu osoa, propina gisa. Halaber, egun batean, konpositoreak hogei minutuko txaloak jaso zituen kontzertua hasi baino lehen.
Obraren eraginak asko eta dibertigarriak dira. Une batzuetan, Stravinsky paristarraren Soldadu baten istorioa entzuten dugu, edo Prokofiev paristarra bera, edo oso paristarra ez zen Bach, edo Falla paristarra, edo bere miresle handia izandako Gershwin paristarra (bi urte lehenago, pianorako bere kontzertu propioa konposatu zuen, fa klabean). Are gehiago, oraindik idatzi ez diren etorkizuneko musikak entzuten ditugu. Eta, sol maiorreko kontzertuaren erdian, Adagio assai gailentzen da, Ravelek bakarrik irudika zezakeen mugimendu absurdoki ederra. Bals motel bat ezkerreko eskuan, beste bals are motelago bati gainjarrita, eskuineko eskuan. Eta, adagio horren erdian, tronpa-une aztoragarri txiki bat, Tim Burtonek konposatzen ikasi izan balu bezala; hori guztia, lehenengo melodiara itzuli aurretik.
Kontzertu hau jotzea lanbidearen opari handienetako bat da orkestra orotako musikarientzat. Justifikazio bat. Hasperen luze eta isil bat dario eszenatoki osoari.
Joseba Berrocal
Nobuyuki Tsujii.
Pianoa
Japoniako Nobuyuki Tsujii (Nobu) piano-jotzailea “birtuosismoaren definizioa” zela esan zuen The Observer egunkariak. Itsua jaiotzatik, urrezko domina irabazi zuen Van Cliburn Pianoko Nazioarteko Lehiaketan, 2009an, eta nazioarteko ospea lortu zuen zuzeneko emanaldietan isurtzen dituen pasio eta emozioarengatik.
Noburen urtea kontzertu-bira luze batekin hasi zen, Japonian, Santtu-Matias Rouvali eta Philharmonia Orchestrarekin, eta, gero, hainbat errezitaldi egin zituen Japonian eta Hego Korean. Udaberrian, Estatu Batuetara iritsi zen, Carnegie Hall, Des Moinesko Civic Music Association eta La Jolla Music Society aretoetan eta ANA Honolulu Music Week ekitaldian errezitaldiak egiteko, eta, Seattle Symphony Orchestran, solista aritu zen. Europan, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin, Bukaresteko George Enescu Philharmonic-ekin, Kanaria Handiko Orkestra Filarmonikoarekin eta Israel Philharmonic Orchestrarekin (Lahav Shani) izan zituen hurrengo hitzorduak. 2024ko udazkenean, Nobuk Malaysian Philharmonic Orchestrarekin jo zuen, eta bira bat egin zuen Australiatik, kontzertuko solista arituz, Sydney, Queensland eta Tasmaniako orkestra sinfonikoekin, eta errezitaldiak egin zituen Melbourne Recital Centre eta UKARIA Adelaidan.
Aurreko denboraldietan, mundu osoko orkestra nagusiekin jo du, hala nola hauekin: Los Angeles Philharmonic (Hollywood Bowl), Philharmonia Orchestra, NHK Symphony, Seattle eta Baltimoreko orkestra sinfonikoak, Münchner Philharmoniker, Filarmonica della Scala, Tonkünstler-Orchester Niederösterreich (Wiener Musikverein), Sinfonieorchester Basel, Orchestra Sinfonica di Milano Giuseppe Verdi eta Hong Kong Philharmonic. Domingo Hindoyan eta Royal Liverpool Philharmonic Orchestrarekin harreman estua daukanez, kontzertu bat eman zuen Royal Albert Hall aretoan, BBC Proms zikloaren barruan, 2023an; sarrerak agortu egin ziren. Aurreko kolaborazio nabarmenen artean, hauek dauzkagu: Philharmonisches Staatsorchester Hamburg (Kent Nagano zuzendari), Oslo Philharmonic Orchestra (Klaus Mäkelä zuzendari), Mariinsky Orchestra (Valery Gergiev zuzendari), NDR Radiophilharmonie Hannover (Andrew Manze zuzendari), Royal Philharmonic Orchestra (Vasily Petrenko zuzendari) eta BBC Philharmonic (Juanjo Mena zuzendari). Nobuk mundu osoko auditorium ospetsuetan jo du, errezitaldiak eginez; besteak beste, hauetan: Carnegie Hall-eko Stern Auditorium, Parisko Théâtre des Champs-Elysées, Queen Elizabeth Hall, Londoneko Wigmore Hall eta Royal Albert Hall, Berlingo Philharmonie, Amsterdamgo Concertgebouw, Liverpooleko Philharmonic Hall eta Singapurko Esplanade.
Nobuk Deutsche Grammophon ekoiztetxearekin atera zuen estreinako albuma (2024ko azaroaren 29an argitaratu zen digitalki), eta, bertan, Beethovenen programa bat dago, «Hammerklavier» Op. 106 sonata eta Liszt-en An die ferne Geliebte abesti-zikloko transkripzioa konbinatzen dituena. Avex Classics International-ekin aurretik egindako grabaketen artean, hauek dauzkagu: Chopinen pianorako 2. kontzertua, Vladimir Ashkenazy eta Berlingo Deutsches Symphonie-Orchester-ekin; Grieg-en pianorako kontzertua eta Rachmaninov-en Paganiniren gai bati buruzko bariazioak, Vasily Petrenko eta Royal Liverpool Philharmonic Orchestrarekin, eta Beethovenen pianorako 5. kontzertua, Orpheus Chamber Orchestrarekin. Nobuk, halaber, Chopin, Mozart, Debussy eta Liszt-en hainbat errezital-programa grabatu ditu.
Nobuk DVD batean grabatu zuen Carnegie Hall aretoan egindako errezitaldia, zuzenean, eta Gramophonek hileko DVDa izendatu zuen, DVDan ateratako azken lana bezala («Touching the Sound – The Improbable Journey of Nobuyuki Tsujii», Peter Rosen).
Nobuyuki Tsujiiren nazioarteko birek All Nippon Airways (ANA) airelinearen laguntza jasotzen dute, eta oso eskertuta dago.
Tatsuya Shimono.
Zuzendaria
NHK Symphony Orchestrako zuzendari iraunkorra da 2023tik. Hiroshimako Orkestra Sinfonikoko Musikako zuzendari nagusia da 2017tik. Sapporoko Orkestra Sinfonikoko zuzendari gonbidatu nagusia da 2024ko apiriletik.
Shimono Kagoshiman jaio zen, 1969an, eta, Tokioko Nazioarteko Lehiaketako lehenengo saria eta Hideo Saito saria irabazitakoan, 2000n, baita Besançon-eko Nazioarteko Lehiaketako lehenengo saria irabazitakoan ere, 2001ean, nazioarteko ospea lortu zuen orkestrako zuzendari gisa. Ordutik, orkestra garrantzitsu ugari zuzendu ditu, gonbidatu gisa; adibidez, Orchestra dell’Accademia Nazionale di Santa Cecilia, Txekiar Errepublikako Filarmonikoa, Bartzelonako Orkestra Sinfonikoa (OBC), Tokioko Orkestra Sinfonikoa, NHKren Orkestra Sinfonikoa, Südwestdeutsche
Philharmonie Konstanz eta Silicon Valley Symphony.
Shimono zuzendari egoiliarra eta, gero, zuzendari nagusi gonbidatua izan zen Yomiuri Nippon Orkestra Sinfonikoan (2006-2017), eta zuzendari gonbidatua eta, gero, zuzendari nagusi gonbidatua Kiotoko Orkestra Sinfonikoan (2014-2020). Era berean, Hiroshimako Haize Orkestrako Musikako zuzendaria da 2011tik. Orkestra-jardueraz gainera, opera zuzendu ohi du Tokioko Antzoki Nazional berrian, Nissay antzokian eta Nikikai operan, besteak beste. 24/25 denboraldian, debuta egingo du Bilbao Orkestra Sinfonikoan.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak

Mozart, Mendelssohn eta Suzuki
Lekua: Euskalduna Jauregia
Masaaki Suzuki bere neurriko programa batekin itzuliko da. 17 urte baino ez zituen Mozartek heldutasun ikaragarriarekin konposatu zuen sinfonia batekin hasiko da; bere ahots-musikarekin jarraitzen du, lehen bisitan Suzuki maitemindu zuen Jone Martínezen ahotsaren protagonismoarekin, eta Mendelssohnek erreforma luteranoa ospatzeko egin zuen sinfonia ederrarekin amaituko da, geroago Wagnerrek Parsifalen erabili zuen Dresdeko Amen solemnea duena.
Masaaki Suzuki, zuzendaria
Jone Martínez, sopranoa
I
WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)
25. sinfonia sol minorrean K. 183*
I. Allegro con brio
II. Andante
III. Menuetto-Trio
IV. Allegro
Fra cento affanni e cento, soprano eta orkestrarako K. 88*
Vorrei Spiegarvi, oh Dio, soprano eta orkestrarako K. 418
Jone Martínez, sopranoa
II
FELIX MENDELSSOHN (1809 – 1847)
5. sinfonia Re Maiorrean Op. 107 “Erreformarena”
I. Andante – Allegro con fuoco
II. Allegro vivace
III. Andante
IV. Chorale: Andante con moto – Allegro vivace
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

BOSLARIS XI – Programaren amaierako kontzertua
Lekua: JUAN CRISÓSTOMO DE ARRIAGA KONTS.
Musikari amateurrei zuzenduta dagoen eta ganbera-musikaren arloan hasi, praktikatu eta hobetzera bideratuta dagoen prestakuntza programa aitzindari honekin, BOSek musikaren praktika sustatu nahi du musika profesionaletik aparteko gizarteko esparruetan; era berean, loturak sortu nahi ditu BOSeko irakasleen eta zaleen artean, eszenatokiaren eta publikoaren arteko bereizketa apurtuz.

Penderecki eta Brahmsen Laugarrena
Lekua: Euskalduna Jauregia
Penderecki abangoardiako konpositorea izan zen, baina beti izan zuen iraganeko formekiko ardura. Horietan oinarrituta sortu zuen bere Concerto grosso hiru biolontxelorentzat, instrumentuaren errepertorioan arrakastaz sartu den obra. Beste alde batetik, Eduardo Strausser gazteak Brahmsen Laugarrena proposatzen digu, barrokoari (passacaglia itzela) ere begiratzen dion maisulana, abiarazteko motibo hasperentsuarekin, amaiera aurreratzen duen txirula-lan ederrarekin edo zuek aukeratutako beste hainbatekin arnasa etenarazten duena.
Eduardo Strausser, zuzendaria
Michal Dmochowski, biolontxeloa
Orfilia Saiz, biolontxeloa
Adam Klocek, biolontxeloa
I
WOJCIECH KILAR (1932 – 2013)
Orawa, hari-orkestrarako
KRZYSZTOF PENDERECKI (1933 – 2020)
Concerto grosso hiru biolontxelo eta orkestrarako*
Michal Dmochowski, biolontxeloa
Orfilia Saiz, biolontxeloa
Adam Klocek, biolontxeloa
II
JOHANNES BRAHMS (1833 – 1897)
4. sinfonia mi minorrean Op. 98
I. Allegro non troppo
II. Andante moderato
III. Allegro giocoso
IV. Allegro energico e passionato – Più Allegro
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 110’ (g.g.b.)

Kontzertuak familia giroan. Galop
Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo
Galop da uhalak hartu eta bideari ekitea, elkarrekin mugitzea, aurrera, berriro saiatzea. Beren bizitzaren norabidea aldatzera deliberatuta, hiru emakumek bidaia bat partekatuko dute: munduan bizitzeko modu berri baten bilaketa. Musikak bere ametsak, bere oroitzapenak ekartzen ditu gogora. Bere beldurrak. Irudimenak bere instrumentuak soka bihurtzen ditu, eta soka horiek harrapatu egiten dituzte, itotzen dituzten itsasoak, haurren izuak. Irudien musika, emozioak. Eta pentsamenduak. Nora joango dira?
Konpainia: La Jolie
Musika: Vivaldi, Bach, Shostakovich, Sinatra, Piazzola, Alberto Iglesias
Palacio Euskalduna Jauregia • Sala 0B Aretoa
6 urtetik aurrera
Testurik gabe
Iraupena: 60’
Sarreren prezioak:
– Orokorra 10,50 €
– BOSeko abonatuentzako 9,50 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.