Kontzertuak
Omenaldia Paco de Lucíaren gitarrari
Jaume Santonja, zuzendaria
Juan Manuel Cañizares, gitarra
I
JOSÉ LUIS TURINA (1952)
Alonso Mudarraren fantasia baten gaineko fantasia
JUAN MANUEL CAÑIZARES (1966) / Joan Albert Amargós-en Ork.
Al-Andalus kontzertua, gitarra eta orkestrarako flamenko kontzertua
Paco de Lucíaren oroimenez*
I. Tiempo de Bulerías
II. Liberamente rubato expresivo Cadencia
III. Allegro festivo por Tanguillos
Juan Manuel Cañizares, gitarra
II
NIKOLAI RIMSKY-KORSAKOV (1844 – 1908)
Scheherezade Op. 35
I. Itsasoa eta Sinbaden itsasontzia
II. Kalender printzearen ipuina
III. Printze gaztea eta printzesa
IV. Festa Bagdaden; Itsasoa; Itsasontzi baten hondoratzea haitzen kontra
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)
DATAK
- 07 azaroa 2024 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 08 azaroa 2024 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
EXOTISMOAREN ETA EBOKAZIOAREN ARTEAN
Gaur egun koinatuarekin bazkalostean edo afalostean egin genezakeen elkarrizketa batean falta ezin diren hitzetako bat –erresilientziaz eta metabertsoaz gain– “globalizazioa” da. Wikipediak dioenez, «mundu mailako prozesu politiko, ekonomiko, teknologiko, sozial eta kultural bat da, munduko herrialde ezberdinen arteko komunikazio eta interdependentzia gero eta handiagoan oinarritzen dena». Eta, elkarrizketa-proposamen gisa fenomeno horren balorazio positiboa edo negatiboa Gabonetako afarirako utziko dudan arren, ukaezina da globalizazioa existitzen dela, eta, koinatuari eta niri –berak gauza bera pentsatzen ez badu ere– atziezineko gertatzen zaizkigun gai politiko eta ekonomikoez gain, mendebaldeko gizarte gisa ezagutzen dugun honek iraultza eta demokratizazio informatikoaren bidez eta, zehatzago, Interneten bitartez, murgildurik gauden prozesu demokratiko honetara eroan gaitu.
Sareen sareari gutxi axola zaizkio mugak, eskualde eta kultura desberdinen arteko lotura gero eta handiagoa sortuz; horrek arau eta ezagutza partekatuak sortzea dakar, hots, pop kulturatik eta fusiotik abiatzen den “imajinario kolektibo” berri bat, bere tresna nagusi gisa.
Hala ere, gaur egungo globalizazio inguratzailea gorabehera, badira mundu batzuk, gure ustez, mundu horiek orain dela pare bat mende ziruditenak bezain urrunak direnak, eta “exotismo” kontzeptuak beti bezain indarrean eta iradokitzaile dirau. “Exotismo” hitza grekozko “exôtikos” berbatik dator, eta atzerrikoa, kanpokoa… esan nahi du; Hain zuzen ere, desberdinarekiko gustua adierazten du, Mendebaldeak hain hurbileko ez duen ezezagunarekiko jakin-mina, erromatar gizartetik hasi eta gaur egunera arte, aurkikuntzen edo kolonialismoaren aroa eharkatu ondorik. Egia da exotikoa estereotipo eta ikuspegi erromantizatuz betea egon daitekeela, baina urruneko lurren edo atmosferen bilaketa hori hagitz liluragarria da, eta kontzertu honetan bezala, gure irudimena erabat piztuko duten leku, denbora eta istorioekin amets egitera garamatza.
Gaueko lehen obrak, José Luis Turinaren “Alonso Mudarraren fantasia baten gaineko fantasia” izenekoak (ez nahastu haren aitona zen Joaquínekin), esploratzeke dagoen espazio ireki eta aurreiritzirik gabeko batera garamatza izenburu errepikari horrekin. Baldin eta fantasia bat forma askeko konposizio bat bada, beste fantasia bati buruzko fantasia batek nahitaez izan behar du zerbait lotsagabea eta ausarta.
Baina, has gaitezen izenburua argitzen: nor da Alonso Mudarra? Bada, XVI. mendeko musikagile eta bihuelista espainiar bat izan zen, eta 1546an liburu bat argitaratu zuen 77 pieza propiorekin eta beste konpositore errenazentista batzuen bihuelarako transkripzioekin; horien artean aipagarria da “Fantasía X que contrahaze la harpa en la manera de Ludovico” (“harpa Ludovicoren erara aizuntzen duena”). Obra horrek idazkera ausarta eta berritzailea du, eta izenburuak berak aipatzen duen fantasia du gai.
Konpositoreek beste musikagile batzuek lehenago ere baliatu zituzten materialak erabiltzea zeharo ohikoa izan da musikaren historian; hemen, Mudarrak Ludovico harpa jotzailearen musika imitatzen -kopiatzen, aizuntzen- du, bihuelarako pieza bat konposatuz. Baina, ondorik, José Luis Turina de Santosek pieza honen berrirakurketa egiten du, ariketa intelektual interesgarriaren bitartez metamusikari beste buelta bat emanez; horrela, Ludovico delako baten harparako konposizio batean inspiraturik dagoen bihuelarako fantasia bati buruzko orkestra-fantasia hau konposatzen du.
Obra 1988ko udaberrian idatzi zen eta Tenerifeko Orkestra Sinfonikoak eta Kanarietako Jaialdiak enkargatu zuten, 1989ko udazkenean Auditorio Nazionalean eta Víctor Pablo Pérezen zuzendaritzapean estreinatzeko. Egilearen beraren hitzetan, «orkestrako arduradunek orkestrarako oro har eta, batez ere, metalen sekziorako obra bikain eta nabarmena konposatzeko eskatu zidaten, kalitate apartekoa, bereziki. Horrezaz gainera, sortu beharreko obra horrek nolabait Espainiako Errenazimentuko musika birsortzea nahi zuten, garai hartan konposatu ziren obra batzuen ildotik -hurrenez hurren, Bernaolaren “Villanesca eta Abestiak” (Francisco Guerreroren eta Juan de Anchietaren gainean), Bertomeuren “Música para una inauguración” (Pablo Brunaren gainean), eta bereziki, Cristobal Halffterren “Tiento de primer Tono y Batalla Imperial” (Francisco Correa de Arauxoren eta Juan Bautista Cabanillesen gainean)-. Mudarraren obratik, zehazki, ziurrenik bere lanik ezagunena izango zena aukeratu nuen: 10. Fantasia, bihuelarako, “harpa Ludovicoren erara aizuntzen duena” azpititulu bitxia daramana; izan ere, garai hartan faltsutzat jo zuten, bere garaikideentzat oso arraroa izan behar baitzuen. Horregatik da hain iradokitzailea gaurko belarrientzat, hots, disonantzia ohikoa duten musikazaleentzat. Fantasia horri buruzko nire Fantasian, Mudarraren musikak nirearekin bat egiten du, atal bereizietan txandakatuz eta, aldi berean, bata bestearen zaporeaz bustiz. Horrela, Mudarraren Fantasiako aipuetan, orkestrazioak jatorrizko disonantzien gogortasuna are gehiago nabarmentzen du, eta haiek inguratzen dituzten atalen hizkuntza, berriz, leundu egiten da, kutsu modal nahastezina duten sonoritate errenazentista sendoki kontsonanteei sartzen uztean».
Turinak lengoaia errenazentista eta berea lotzen ditu, biak ala biak testuinguru estrukturalki berritzaile, distiratsu eta pertsonal batean erabiliz, orkestrarako tratamendu moderno eta sendo batekin, iraganeko garaiak, Erdi Aroko sonoritateak eta melodia gogorarazleak iradokitzen dituen musikaren exotismoa inguratuz eta ia ezkutatuz.
Hurrengo obraren exotismoa bere izenburutik sortzen da, “Concierto Al-Ándalus” izenburutik alegia. Obra honek, taifa, almorabide, almohade eta nazariarren konkista eta errekonkista historikoez, kalifatuez, emirerri eta erresumez gain, errege mairu finak, dekadenteak eta jauregi oparoak dakarzkigu burura, iturri fresko eta kantariez, lorategi usaintsu eta sentsualez eta tapiz bigun eta koloretsuez beteak.
Hala ere, bere izenburuak gogorarazten duen orientalismo horretatik urrun, Paco de Luciaren oroimenez konposatu den Gitarra eta orkestrarako kontzertuak exotismo hurbilagoa dakar, egungo emanaldietan geroz eta ohikoagoa bilakatzen ari dena, baina era berean berezia dena kontzertu aretoetan: flamenko musika. Musika klasikoa eta flamenkoa, itxuraz bi mundu oso desberdinetakoak, Juan Manuel Cañizaresek konposatuta eta Juan Alberto Amargósek orkestratuta, elkar besarkatzea erdiesten dute, iturri beretik edango balute bezala.
Obra Espainiako Orkestra Nazionalaren enkargu bat izan zen, eta egileak berak estreinatu zuen 2016an, Josep Ponsen zuzendaritzapean; hain zuzen ere, zuzendari horrek bultzatu zuen Cañizares flamenko kontzertu bat idaztera. Kontzertua buleria aire bizi batekin hasten da, palmak lagun dituela; baina Paco de Lucía, Algecirasko gitarrista handia, konpositorearen maisu, mentore eta laguna, Cañizares konposizio prozesuan murgilduta zegoelarik hil zen. Hain kolpe gogor eta mingarri baten aurrean, obra omenaldi bihurtzea erabaki zuen. Paco de Luciaren heriotzak eragindako atsekabea, hamar urteko lana eta adiskidetasun sakona partekatu izana islatzen duena, bigarren mugimenduan nabarmentzen da, bereziki sakona eta sentitua den hileta-martxa batean. Baina ez dago kontsolamendurik gabeko penarik: bigarren eta hirugarren mugimenduen arteko zubi gisa erabiltzen den kadentziaren taranta Paco de Luciaren lurraldea zen Cadizeko ‘tanguillo’en erritmoan eraldatzen da; horrela, maisua bere konposizio ezagunenetako batzuei (hala nola, “Río ancho” eta “Entre dos aguas” obrei) keinu eginez gogorarazten du. Horrela, hain exotikoa ez bada ere, andaluziar aire alai eta argitsu hori itzularazten dio entzuleari.
Zalantzarik gabe, arratsaldeko azken obra bat dator hemeretzigarren mendeko exotismo orientalistaren kontzeptu nabarienarekin. Bidaia sentsoriala da Ekialde Hurbileko lur hareatsuetara, gauetan espezia-usainez beteriko lurralde misteriotsu, handientsu horietara, ezkutuko labanen distira edo, agian, erdi lurperatutako lanpara miragarrien distirak dirdiratzen dituzten lurretara alegia.
“Kapritxo espainiarra” eta “Errusiar Pazko handia” obren artean kokatua, “Xerezade” musika-lana 1888ko otsailetik uztailera bitartean konposatu zen, eta urte bereko abenduan estreinatu zen San Petersburgon. Indiar, persiar eta arabiar ipuinen “Mila eta bat gau” bilduma ospetsuan oinarritzen da obra, eta horien artean daude “Aladino eta lanpara miresgarria”, “Ali Baba eta berrogei lapurrak”, “Bagdadeko lapurra” edo “Sinbad itsasgizonaren bidaiak” ipuin ezagunak. Kontakizun hauek guztiak Xahriar sultanaren istorioan oinarritzen dira, zeinak, bere emazte kuttunak traizioa egin ondorik eta emakume guztiak desleialak direla sinetsi ostean, haietaz mendekatzea erabaki zuen, halako moldez non gauero bere hareneko emazte berri bat hartzen baitzuen, hura hurrengo goizean exekutatze aldera; horrela, hiru mila emakume inguru “dibortziarazi” zituen. Ordea, bere Bisir Handiaren alabak, Xerezade izeneko dontzeila persiarrak, sarraskiari amaiera ematea erabaki zuen, eta sultanarekin ezkondu nahi zuela adierazi zuen, bere burua sultanari eskainiz; neska gazteak plan bat asmatu zuen bere bizitza salbatzeko, gauero sultanari istorio bat kontatuz, zeinaz ez baitzuen amaiera hurrengo gauera arte azaltzen; horrela, sultanak ipuinon amaieraren jakin-minari aurre egin ezinik, bere exekuzioa egunez egun atzeratzen zuen, mila gauez alegia; Xerezadek bere kontakizunekin bizitza salbatzen du, baina mila gau horietan sultanaren bihotza ere bereganatzen du, eta sultana gazteaz maitemintzen da, azken gauean bere plan basatia bazter utzi eta ofizialki bere erregina bihurtzen duen arte.
Xerezade lau zati dituen suite sinfoniko legez defini daiteke, nahiz eta Rimsky-Korsakovek, mendebaldeko forma eta egiturei jarraitzea saihesteko kontsigna errusiarraren jarraitzaileak, bere obran sinfonia bat, poema sinfoniko bat, ekialdeko gaiei buruzko fantasia bat, orkestrarako kontzertu bat, musika programatiko bat, etab. nahasten dituen. Anatol Liadov eta beste lagun batzuk izan ziren suitearen lau zatiei izenburua jartzeko konbentzitu zutenak. «Xerezade konposatzean gidatu ninduen programa nire suitearen lau mugimenduetan barreiaturik zeuden “Mila eta bat gau” obrako pasarte eta irudi bereizi eta loturarik gabeetan zetzan. […] Nire asmoa zen lorratz horiek entzulearen irudimena nire irudimena igaro zen bideetatik nolabait eroatea. Nahi nuen guztia zen entzuleak, baldin nire pieza musika sinfoniko gisa gustatzen bazitzaion, maitagarrien ipuinetako hainbat eta hainbat mirariren ekialdeko narrazioa delako inpresioa eramatea, eta ez, besterik gabe, bata bestearen atzetik interpretatutako lau piezaren inpresioa». Hala ere, konpositoreak titulu horiek kentzea erabaki zuen geroago, eta hain esplizituak ez ziren beste batzuekin ordezkatzea: Preludioa, Balada, Adagioa eta Amaiera –proposamen hori, noski, ez zen gauzatu–.
Musika-erreferentziak, hala nola sultana irudikatzen duen sarrerako gai bortitz eta dramatikoa, eta biolin-soloaren gai liluragarri bihurria, protagonistari bizia ematen diona, arras argiak dira; halaber, gardenak dira itsasoa irudikatzen duten hari-instrumentuen doinuak, azken mugimenduan itsasoa edo harkaitzen kontra bortizki talka egiten duten uhin handiak itxuratzen dutenak; baina, hain irudi biziak izan arren, konpositoreak ikuslea ideia horiek guztiak bere buruan marrazten joatea nahi zuen, orkestrazio ederraren magia aurkitzeko ariketa eginez: koloreak, ekialdeko zaporeko melodien zurrunbilo exotikoak, tinbreen erabilera perfektua, arabesko apaingarriak…
“Itsasoa eta Simbaden itsasontzia” konposizioan, hasierako akorde zakarrek sultan krudela irudikatzen dute. Xerezaderen gai ederra, berriz, biolinak adierazten du, obran zehar solista gisa agertzen den biolinak alegia. Harpak dontzeilaren narrazioaren hasiera iradokitzen du, antzinako bardoek bezala: askotan berragertzen den Leitmotiv moduko bat. Olatuak biolontxeloen akonpainamendu leun eta kulunkariak ekartzen ditu gogora, biolinek itsasoaren urdin sakon eta iluna irudikatzen duen melodia jotzen duten bitartean.
Biolin-soloak beste mugimendu bat ere sartzen du: Kalender printzearen ipuina, fagot-solo malenkoniatsu batek irudikatua. Erdi Aroko mundu islamiarrean, Kalender bat mistiko alderraia zen, bizimodu aszetikoa zeramana, eta bizirauteko karitatearen menpe zegoena; hainbestez, Kalender printze baten ideiak paradoxikoa irudi lezake. Behin kontaketa amaituta, badirudi sultanak kontalaria mehatxatzen duela, baina honek bere istorio liluragarriekin jarraitzen du.
Hirugarren mugimenduan, “Printze gaztea eta printzesa” izenekoan, printze gaztea biolinek deskribatzen dute, eta printzesa gaztea klarineteak irudikatzen du, pandereta lagun duela. Eztitasun eta xarma liluragarriz, mugimendu honek Rimsky-Korsakov bere alderdirik lirikoenean erakusten du. Atal honetan, Xerezaderen gaia ez da hasieran itzultzen, erdian baizik, istorioa komentatzeko etenaldia egin izan balu bezala. Bere biolin-soloa printzeen musikarekin nahasten da ondorik.
Laugarren mugimendua, “Jaia Bagdaden. Itsasoa. Itsasontzi baten hondoratzea harkaitzetan”, zabalena eta plastikotasun handienekoa da. Bigarren eta hirugarren mugimenduko doinuak bueltan dira jaialdiak iraun bitartean, nahiz eta Rimsky-Korsakovek entzuleei ohartarazi ez zezatela horiez interpretazio gehiegirik egin narrazioaren ikuspuntutik. Festa bere klimaxera iristen denean, lehen mugimenduko itsas musika itzultzen da. Horrela, hondoratzearen hondamendiaren lekuko gara. Olatuak baretu egiten dira, eta biolin-soloa Xahriarren doinuaren gainetik goratzen da, musika ezerezean desegiten den bitartean, narrazioa amaitu gabe utzita, Xerezaderen ipuin on baten antzera.
Obra horien exotismo iradokitzaileak aurrez aurre talka egiten du globalizazioaren ideiarekin, baina hagitz indartsuki mugiarazten gaitu, eta sorrarazten digun eta, aldi batez behintzat, sare globalaren erakarpen saihestezinetik urruntzen gaituen plazer horretan erroturik jarraitzen dugu.
Nora Franco
Juan Manuel Cañizares.
Gitarra
2023ko Musika Sari Nazionala (interprete arloa) irabazi berri duen Cañizares gitarrista eta konpositorea da, eta, zalantzarik gabe, mundu osoko artista flamenko garrantzitsu eta eragingarrienetako bat. Errepertorio klasikoarekin bezain eroso sentitzen da bere konposizioekin. Besteak beste, honako sari hauek jaso ditu: Gitarra Sari Nazionala (1982), Musikaren Saria (2008) eta Flamenco Hoy Saria (2000, 2011 eta 2013), baita disko flamenko onenaren MIN Saria ere (2019).
Cañizaresek Berlingo Filarmonikak, Sir Simon Rattleren zuzendaritzapean, Madrilgo Errege Antzokian Aranjuezko Kontzertua interpretatzeko gonbidatu duen gitarrista flamenko bakarra izateko ohorea du. Mundu mailako orkestra garrantzitsuekin kolaboratu du. Ondoko hauek dira, besteak beste: Staatskapelle Dresden, NHK-ko Orkestra Sinfonikoa, Birmingham Hiriko Orkestra Sinfonikoa, eta beste anitz. Duela gutxi, Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin album bat grabatu eta argitaratu du, Juanjo Mena maisuaren zuzendaritzapean.
Paco de Luciarekin harreman estua izan zuen hamar urtez. Azpimarratzekoa da Albenizen “Suite Iberia”ren transkripzioa eta interpretazioa Paco de Lucíaren Aranjuezko Kontzertuaren diskoan. Horrezaz gainera, artista askorekin kolaboratu du, besteak beste, Enrique Morente, Camarón de la Isla, Serrat, Alejandro Sanz, John Paul Jones, Peter Gabriel, Leo Brouwer eta beste askorekin.
Zinemaren arloan ere parte-hartze nabarmenak izan ditu, Carlos Sauraren “Flamenco” (1995) eta “Jota de Saura” (2016) filmetan, eta bai Arantxa Agirreren “El amor y la muerte. Historia de Enrique Granados” (2020) filmean ere.
Konpositore gisa, Cañizaresek Espainiako Ballet Nazionalerako obrak eta hainbat filmetarako soinu-bandak sortu ditu, Rocio Jurado eta Francisco Rabalen “Lola se va a los puertos” barne. Halaber, Igeriketa Artistikoko talde nazionalerako musika ere konposatu zuen, igerilariok Tokioko 2020ko JJOOetara eta 2023an Fukuokako Munduko Igeriketa Txapelketan Urrezko domina irabaztera eraman zituena. Bere ibilbide oparoan zehar, 100 album baino gehiagotan kolaboratu du eta 15 disko propio argitaratu ditu.
Bere garrantzi bereziagatik, enkarguzko 3 konposizio sinfonikoak azpimarratu behar dira: “Concierto Al-Andalus a la memoria de Paco de Lucía” (OCNE 2016); “Concierto Mediterráneo a la memoria de Joaquín Rodrigo” (OBC 2018), eta “Concierto Mozárabe” (Cordobako Gitarra Jaialdiaren 40. urteurrena).
Jaume Santonja.
Zuzendaria
Jaume Santonja Espainiako orkestra garrantzitsuenetako ohiko gonbidatua da; ondoko hauek aipa ditzakegu, besteak beste: Espainiako Orkestra eta Abesbatza Nazionalak (OCNE), Valentziako Erkidegoko Orkestra (OCV), Bartzelonako Orkestra Sinfonikoa (OBC), Tenerifeko Orkestra Sinfonikoa (OST), Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS) eta Galiziako Errege Filharmonia. Nazioartean, BBC National Orchestra of Wales, Antwerp Symphony Orchestra (ASO), Stavanger Symphony Orchestra, Belgradeko Filarmonikoa, Philharmonie Zuidnederland edo Malaysian Philharmonic Orchestrarekin lan egin du, batzuk aipatzearren.
Besteak beste, Gautier Capuçon, Ning Feng, Alena Baeva, Lucas eta Arthur Jussen, Alexandra Dariescu, Bruno Philippe, Alexandra Suonum, Tom Borrow, Andrei Korobeinikov, Alexandra Conunova, Alba Ventura eta Denis Kozhukhin artista ezagunekin izan da agertokian.
2020ko ekainean, Santonja etorkizun handieneko lau zuzendari gazteen artean hautatu zuten Amsterdameko masterclasseetan parte hartzeko Ivan Fischer eta Royal Concertgebouw Orchestrarekin.
Anberesko Errege Kontserbatorioko Orkestra Zuzendaritzako Masterra eta Amsterdamgo Kontserbatorioko Perkusioko Masterra ditu. Horiez gainera, Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolako (ESMuC) perkusioko goi-mailako titulua ere badu Bartzelonan.
Jaumeren karrerak AbbatiaViva musika taldearen sorrera ere barne hartzen du. Talde honek musika aurkezteko modu berritzaileak eta eskuragarriak aztertzen ditu. Perkusio jotzaile gisa, Antwerp Symphony Orchestrako perkusionista nagusia izan zen zazpi denboralditan, eta gazte orkestra ospetsuenekin aritu izan da, hala nola Gustav Mahler Jugendorchesterrekin eta Verbier Festival Orchestrarekin, Mariss Jansons, Pierre Boulez eta Zubin Mehta bezalako Orkestra Zuzendaritzako figura handien zuzendaritzapean.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Ganbera 3
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea
J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea
A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea
Horrela mintzatu zen Zaratustra
Lekua: Euskalduna Jauregia
Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa
I
LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)
Egmont, Obertura Op. 84
WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)
23. kontzertua piano eta orkestrarako La Maiorrean K. 488
I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai
Jonathan Mamora, pianoa
II
RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)
Also sprach Zarathustra Op. 30
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)
Intxaur-hauskailua Gabonetan
Lekua: Euskalduna Jauregia
O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71
Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria
Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak
Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo
Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro
0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.
Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.