Kontzertuak

Mahlerren “Titan”


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Duela hilabete batzuk egin genien bisita itzuliko digu Espainiako Orkestra Nazionalak, zeinak orkestra gonbidatu gisa esku hartuko baitu Manuel de Fallaren musikarekin duen lotura historikoa definitzen duen programa batean. Kasu honetan, Manuel de Fallaren Gauak interpretatu dituzten piano-jotzaile handien artean Juan Floristán sartuko dute; gainera, Gustav Mahlerren sinfonismo titanikoa ere entzungai izango dugu, mendearen lehen hamarkadan gure zuzendari titularra izan zen Juanjo Menaren batutapean.

Juanjo Mena, zuzendaria
Juan Floristán, pianoa
Espainiako Orkestra Nazionala


I

MANUEL DE FALLA (1876 – 1946)

“La vida breve”, interludioa eta dantza

“Noches en los jardines de España” piano eta orkestrarako

I. Generalifen
II. Urruneko dantza
III. Kordobako mendilerroko lorategietan

Juan Floristán, pianoa

II

GUSTAV MAHLER (1860 – 1911)

1. sinfonia Re Maiorrean “Titan”

I. Langsam. Schleppend – Immer sehr gemächlich
II. Kräftig bewegt, doch nicht zu schnell
III. Feierlich und gemessen, ohne zu schleppen
IV. Stürmisch bewegt

Iraup. 115’ (g.g.b.)

logotipo inaem
logotipo orquesta y coro

DATAK

  • 16 urtarrila 2025       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 17 urtarrila 2025       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak


Gaztaroko talentua

La vida breve izeneko opera, Carlos Fernandez Shawren libretoa duena eta San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiak 1904. urtean deitu zuen konposizio-lehiaketan aurkezteko idatzi zena, arrakasta esanguratsua erdietsi zuen Manuel de Fallaren lehen obra izan zen. Opera hori Fernandez Shawk berak idatzitako La Chavalilla poeman oinarrituta dago eta obrak jeloskortasun, maitasun eta traiziozko kontakizun iluna dakarkigu, azkenean, protagonistaren heriotza azaltzen duena. Obra konposatu zuenean, Fallak laneko egutegi estu-estuari heldu behar izan zion lana 1905eko martxoaren 31n entregatu ahal izateko, hau da, lehiaketaren oinarrietan ezarritako epearen azken egunean. Epaimahaikideen erabakia ahobatezkotasunez hartu zen eta La vida breve lana atera zen garaile, baina opera taularatzeko ondoko saiakerek emaitza ustela izan zuten.

Izan ere, operaren estreinaldia 1913an egin zen Nizako Udal Kasinoan, frantsesez antzeztuta, Paul Millietek egindako itzulpenari esker. Hurrengo urtearen hastapenetan, lana Parisko Opera Comique delakoan antzeztu zen, musikaria bertan bizi baitzen 1907tik. Gaztelaniazko jatorrizko bertsioa Madrilgo Zarzuela antzokian estreinatu zen 1914ko azaroan, Falla Espainiako hiriburuan bizitzen hasi (Lehen Mundu Gerrari ihesi) eta gutxira eta, orobat, lehiaketa izan eta hamar urtera.

La vida breve lanaren kutsu nazionalista dugu kolorez beteriko partitura sutsua erakusten digun lehen zantzua. Musikari asko denbora luzez ahalegindu ziren espainiar opera jatorra sortzen eta, konpositoreek musikaren tradizio nazionalak musika akademikoan txertatzen saiatu ziren Europako testuinguruan, Falla gaztea jaioterriko Andaluziaren soinu-ezaugarriez baliatu zen edertasun paregabeko corpus musikala atontzeko. Interludio y danza izenekoan, cadiztarrak orkestra-musikaren sakoneko ezagutza erakutsi zuen, bai eta Frantziako eta Alemaniako opera-tradizioena ere. Nolanahi ere, tokiko moldeak, flamenkoan berezkoak diren eskalak maiz erabilita, sortzen du erakargarritasun zoragarria, kriskitinak lagun dituen dantzan ikaragarri areagotua.

1904an, Falla ez zen artean Granadan egon, baina hiri horrek hartu zuen maisu handia hemeretzi urtean, hau da, 1920 eta 1939 urteen artean. Hala eta guztiz ere, musikariak eta libretistak erabaki zuten La vida breve lanaren ekintza Alhambra dagoen hirian lekukotzea. Granadara itzuli zen zertxobait geroago, Fallaren lanik ospetsuenetakoa, gaur egun oraindik interpretatzen dena, Noches en los jardines de España lana kokatzera. Lan horren lehen zirriborroa 1909koa dugu.

«Gauen» hasierako ideia Santiago Rusiñolen margolanen bidez sortu zen; zehazki, artistaren Jardins d’Espanya (1903) liburuaren bidez. Bertan, margolari katalanaren berrogei margolan biltzen ziren, margolariak bizitza osoan lorategi ugariren edertasuna betikotu zuelarik. Hortik aurrera, Falla pianoz jotzeko hiru nokturno moldatzen hasi zen, eta, Isaac Albeniz konpositorearen eta Ricardo Viñes pianistaren aholkuz, orkestra-lan bilakatu zituen. Azpititulua, «Piano eta orkestrarako inprimaketa sinfonikoak», bereziki egokia da Frantziako inpresionismoari izugarri zor dion partitura horretan. Parisen, Falla sarritan ibili zen Paul Dukasekin, eta hura izan zen Cadizkoaren jagolerik nagusia, bai eta Fallak miresmen handia zien Debussy eta Ravelekin ere.

Lanaren konposizioa oso luzea eta etena izan zen, bai Parisen, bai Madrilen, musikariari eskaini zizkioten proiektu ugariengatik. Sitgesen amaitu zuen lana, 1915eko ekainean, Rusiñolen estudioa bisitatzera joan zela, eta bertan ikusi zituen soinuzko irudi haien hazia izan ziren mihisetako batzuk.

Azkenik, Noches en los Jardines de España lanaren estreinaldia Madrilgo errege Antzokian izan zen, 1916ko apirilaren 9an, Madrilgo Orkestra Sinfonikoak jo eta Enrique Fernandez Arbos zuzendaria zela. Bakarka jotzeko zatia Jose Cubiles piano-jotzaileak bete zuen, hasieran batean, obra Ricardo Viñesi eskaintzea pentsatu bazen ere, baina bigarrenak ezin izan zuen konpromisoa onartu denbora faltagatik. Urte horretako ekainean, Fallak berak interpretatu zuen obra pianoa joz Alhambrako Karlos V.aren Jauregian, berriz ere Madrilgo Sinfonikoarekin batera eta Arturo Saco del Vallek zuzenduta. Esan barik doa leku zoragarria izan zela lehen mugimendua, hain zuzen ere, Generalifeko lorategietan gertatzen den pieza bat jotzeko.

Fallari berari egotzi zaizkion hitzetan (estreinaldiko programari buruzko ohar «anonimoetan»), lanak «lekuak, sentsazioak eta sentimenduak» ekarri nahi ditu gogora, baina «ez du deskribatzailea izan nahi, adierazkorra baizik [… ]». Badirudi En el Generalife obraren melodia edo doinu nagusian, obra horretan jatorri herrikoia duen bakarra, biolin-jotzaile itsu batek Fallaren Madrilgo Serrano kaleko etxeko balkoiaren azpian jotako notetatik datorrela, eta Frantziara abiatu aurreko urteetan idatzi zuela. Musikaren gainerakoa «Andaluziako herri-kantuak ezaugarri dituen erritmo, molde, kadentzia eta apaingarriez» elikatzen da, baina oso gutxitan erabiltzen da molderik jatorrenean».

En el Generalife deritzon lana Alhambrako gau liluragarrien oroitzapena da. Iturrien murmurika eta hostoak astintzen dituen haize leuna igarri egiten dira musika atmosferikoaren bidez, eta musika horretan ere ez da falta Fallari inolako ezbairik gabe lotzen zaion andaluziar grina (beharbada, modu ez-osoan, heldutasunean, musikariak Espainiako Urrezko Mendeko musika historikoa landu baitzuen bereziki). Hala, elkarrizketa adeitsua sortzen da bakarlariaren eta orkestraren artean, hausnarraldiko uneak eta betetasun-uneak erdiz bana eskainiz.

Bestetik, Danza lejana obra laburrak aurrekoaren aurkako gaueko giroa deskribatzen du, jai-girokoa, hau da, kasu honetan, kanpotik ikusten den ospakizunaren ingurukoa. Fallak ez zion inoiz mugimendu horri toki zehatzik esleitu. Lekuaren dimentsioaren gabeziak ahalbidetuko digu musikak iradokitzen duen mezuan arreta jartzea; bien bitartean, orkestraren trebetasun erritmikoa bereziki nabarmenduko da obra horretan. Beste alde batetik, En los jardines de la Sierra de Córdoba izeneko piezan, pianoaren jarduna astinaldia izango da hasieran, eta, geroago, koplan oinarritutako doinu bati ekingo dio. Pianoak ahots-moldea dakarkigu gogora, apaingarriz jositako kantua gozatuz. Geroago, apurka-apurka baretasuna jabetuko da partituraz, grinaren ostean lasaitasuna etorriko da, eta doinu eder itxaropentsu eta bikainez amaituko da.

Herri-musika egiturazko inspirazioa izan zen Fallarentzat, baina beste konpositore batzuek era sotilagoan erabili zituzten erritmo eta doinu tradizionalak. Gustav Mahlerren kasua dugu hori, zenbaitetan, Austriako eta Europako folklorearen aireak erabili baitzituen abiapuntu gisa. Mahlerrek, ordea, ez zien aire horiei jarraitu; aitzitik, eraldatzen eta eraldatzen zituen bere burua «oinordekotzat» jotzen zuen tradizio sinfoniko batean (Beethovenen tradizioan).

1901ean, konposizio-ikasle gazte batek, Alma Schindlerrek, lagun batzuen gonbidapena jaso zuen ordurako Vienan bizi zen musikaria ezagutzeko. «Halako egun batean, Mahler etxera etorriko da; ez al zenuke zuk ere etorri nahi?», kontatu zuen gerora musikariaren emazte bilakatu zenak Gustav Mahlerren oroitzapenak liburuan. Honela jarraitzen du kontakizunak: «Ezetz erantzun nuen […]. Musikariaren ikastunekiko maitasun-harreman ugariei buruz esaten zena gogoratu nuen, eta duela gutxi izan zen kontzertua ere ezin nuen burutik kendu, non Mahlerrek ikaslearen Lehen Sinfonia, zuzendu zuen, eta nigan haserrea eta gaitzespena pizteraino nahigabetu ninduen». Ondoriozta daitekeenez, hitzordura joan zen azkenean.

Alma Mahlerrek «lehen» horretatik hartu zuen lehen inpresioa ez zen gehiegi aldendu beste garaikide batzuen iritzitik. 1900eko azaroaren 18an, Vienan, Eduard Hanslick kritikaria joan zen emanaldi horretara, eta hark, entzundakogatik harri eta zur geratu zela, hauxe idatzi zuen: «Bietako batek erotuta egon behar du, eta ni ez naiz eroa!». 1889an, Budapesten egin zen erabateko estreinaldiaren harrera ez zen hobea izan, eta konpositore gazteak desengainu handia hartu zuen, nahiz eta, 1893an, Hanburgon egin zen sinfoniaren bigarren interpretazioak harrera ona izan. Mahler bera jakitun izan zen bere obrak, oro har, ez zirela guztiz aukerakoak garaikideen artean: «Nire denbora iristeke dago oraindik», zioen.

Dirudienez, Re maiorreko 1. Sinfonia «Titan» idazteko lehen ideiak 1884an sortu zirela, baina konposizioaren gehiena Leipzigen landu zen, 1888. urtean. Mahler Lieder eines fahrenden Gesellen (Noraezeko kamarada baten kantak) abesti-ziklotik abiatu zen eta eta horietako bi erabili zituen lehen eta hirugarren mugimenduetan. Austriarraren obra osoan gertatzen den bezala, osagai pertsonala oso nabarmena da. Musikagilearen emozioek, bizi-ardurek eta kezka espiritualek, sufrimenduek eta pozek isla argia dute berak egindako musikan.

Sinfoniaren izenburua, «Titan», Jean Paul idazle alemanaren eleberriari lotuta dago, eta musikagileak bezala, seriotasun eta umore dosiak darabiltza erdiz bana. Jatorriz, Mahlerrek poema sinfoniko gisa aurkeztu zuen lana, bi ataletan eta bost mugimendutan, baina, azkenean, sinfonia bihurtu zen lau mugimendutara ekarrita, bigarrena ezabatu baitzuen berrikuspen sakona egin ondoren. Era berean, estreinaldia eta gero baztertu zituen atal bakoitzari emandako izenburu deskribatzaileak, beharbada, ikusleen ulermen handiagoa bilatzen zuela, emaitza onik atera gabe, baina.

Lehenengo mugimendua, sonataren moldekoa, atariko motel batez hasiko da. Sokan dagoen pordoi edo pedal-nota baten gainean, kukuaren kantua entzungo da. Horrekin batera, fanfarre baten soinua eta tronpez jotako doinua agertuko dira. Soinu horiek elkarrekin kiribilduko dira kantu nagusia agertu arte, Ging heute Morgen über’s Feld abestia, Lieder eines faherenden Gesellen abesti-sortatik aterata, txelo eta kontrabaxuetan. Mahlerren oharretan esaten denez, berrikuspenaren aurretik Amaierarik gabeko udaberria, izena zeukanak, «Naturaren esnatzea neguko amets luzearen ondoren» deskribatu behar zuen, hots, gizakien eta ingurunearen, protagonista den heroiaren (Mahlerrek askotan aipatzen duena obraren zentzu narratiboaren gaineko oharretan) eta bere munduaren arteko batasun alaia.

Scherzo laburra lau dantza-motaren segida bikaina da, eta horien artean, balsa eta Ländler deritzona, Austriako landa-eremuko dantza, nabarmentzekoak dira. Alabaina, segurutik, hirugarren mugimendua izango zaigu harrigarriena, hura definitzen duen hileta-martxaren eta martxaren oinarria den Frère Jacques haur-kantuaren arteko bat-egiteagatik. Mahlerrek era txikian moldatu zuen melodia ezaguna, eta hileta-aire horri jarraikiz groteskoa den kanona sortu zuen. Izenburuak, Hileta-martxa, Calloten moldean, Jacques Callot frantziar artistaren margolan bati buruzko aipamena da, non basoko animaliek ehiztari bat lurperatzera eramaten duten. Irudiaren alderdi ironikoa musikan islaturik, doinu goibelak doinu hutsal edo hunkigarri bilakatzen dira, jarraitutasunik gabe.

Gero, finale edo amaierara heltzean, Mahlerren hitzetan, «gure heroia zeharo abandonaturik dago, gudu lazgarrienera bilduta, mundu honetako tristura guztia aldean, […] heriotzan bakarrik, eta bere buruaren gainetik garaile ateratzen denean, garaipena lortuko du». Bilakaera hori Dall‘Inferno al Paradiso (berrikuspenaren aurreko izenburuaren arabera), Fa minorreko hasiera ekaiztsu batetik abiatzen da, orkestraren ahalmen guztia ustiatzen duena, une batzuetan, gorgarria. Liszten Dante sinfonia eta Wagnerren Parsifal obraren gaineko aipuek agerian jarriko dituzte, Jainkotiar Komedia eta Grial Santuaren bilaketa, hurrenez hurren. Lehen mugimenduaren zati bat laburbildu ondoren, gai «koral» gailena aurrera doa tonuen ziurgabetasunaren artean, sinfoniaren tonalitate nagusia den Re maiorrera itzuli arte. Sufrimendu ororen askapena Paradisuan gertatuko da.

Yolanda Quincoces


Juan Floristán.

Pianoa

2021eko «Arthur Rubinstein» Piano Lehiaketako Publikoaren Saria eta Lehen Saria, 2015eko Santanderreko «Paloma O’Shea» Piano Lehiaketako Publikoaren Saria, 2015eko Berlingo Steinway Lehiaketako Lehen Saria eta Sevilla Hiriko Domina irabazi dituen. Juan Floristan erreferentea da gaur egun musika klasikoaren munduan belaunaldi berrien artean.

Sevillan jaiotako pianista nekaezin eta gazte horrek oso denbora laburrean egin du debuta munduko areto nagusietako batzuetan, hala nola Royal Albert Hallen (BBC Philharmonic Orchestrarekin batera, Proms jaialdian), Carnegie Hallen, Wigmore Hallen, Hanburgoko Elbphilharmonien, Buenos Airesko Kolon Antzokian, Municheko Herkulessaalen, Züricheko Tonhallen, San Petersburgoko Filarmonian, Budapesteko Bela Bartok Hallen, Veneziako La Fenice Antzokian, Hanburgoko Laeiszhallen, Schloss Elmaun, Madrilgo Auditorium Nazionalean, Bartzelonako Auditorin, Tel Aviveko Charles Bronfman Auditoriumen, Bukaresteko Errumaniar Ateneoan… Besteak beste, Londresko BBCren Proms Festibalean, Alemaniako Ruhr Klavier Festibalean, Verbierreko Akademiaren Festibalean, Poloniako Chopin Festibalean, Santanderko Festibalean, Granadako Festibalean edo Varsoviako Beethoven Festibalean jo du.

Mozarten zein Crumben obrak biltzen dituen piano eta orkestrarako 30 kontzertutik gorako errepertorioa darabilela, BBC Philharmonic Orchestran, Israelgo Orkestra Filarmonikoan, San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoan, Espainiako Orkestra Nazionalean, Jerusalemgo Cameratan, Montereyko Orkestra Sinfonikoan (AEB), Malmoeko Orkestra Sinfonikoan, Sevillako Errege Orkestra Sinfonikoan edo Bartzelonako Orkestran… jotzeko gonbidatu dute.

Proiektu diskografikoetan, ondokoak nabarmendu ditzakegu: Londresko BBC Concert Orchestrarekin egindako CDa, Naxos etxearentzat grabaturiko bakarkako CDa, ganbera-musikako proiektuak, soinu-bandak… Dagoeneko Beethoven, Liszt, Schumann, Mussorgsky, Ligeti, Ravel, Debussy, Ginastera, Bartok, Falla, Schubert, Shostakovich, Brahms eta besteren lanak grabatu ditu. Gaur egun, lankidetza artistiko estua du Alberto Iglesias konpositorearekin, eta 3 lan diskografiko argitaratu ditu harekin, horietako bat Disney Plus telebistaren «Balenciaga» telesaileko soinu-banda. Nolanahi ere den, Juan Floristanen estreinako diskoa 2012koa da, bere lehen CDa urte horretan argitaratu zuela, Alemaniako Ruhr Klavier Festibal ospetsuan egindako estreinako kontzertuaren zuzeneko grabazioa.

Zuzendari, bakarlari eta ganbera-talde askorekin aritu da jotzen, hala nola Jesus Lopez Cobos, Lahav Shani, Vasily Petrenko, Juanjo Mena, Pablo Gonzalez, Cuarteto Casals, Ben Gernon, Marc Soustrot, Leopold Hager, Lorenzo Viotti, Josep Vicent, Max Bragado, Andrei Ionita, Pablo Ferrde, Fine Arts Quartet, Dietrich Henschel, Kian Soltani, Cristina Gomez Godoy, Pablo Barragan eta beste hainbatekin.

Batez ere, ondokoen eskutik jaso du prestakuntza: bere ama Maria Floristan, Galina Eguiazarova eta Eldar Nebolsin. Bestetik, nazioarteko beste artista batzuen aholkuak eta eskolak jaso ditu besteak beste, ondokoena: Eberhardt Feltz, Claudio Martinez Mehner, Daniel Barenboim, Horacio Gutierrez, Ana Guijarro, Ferenc Rados, Menahem Pressler, Nelson Goerner, Kirill Gerstein, Luca Chiantore, Stephen Kovacevich… Halaz ere, Elisabeth Leonskaja aipatu behar da bereziki Floristanen prestakuntzan; izan ere, ezagutu zuenetik, sekulako laguntza eman dio musika-ibilbidea garatzen, bai eta garapen pertsonalaren eta artistikoaren arloan ere.

Europan, Latinoamerikan, Estatu Batuetan, Australian… egin ditu birak, eta dagoeneko Espainian, Frantzian, Italian, Alemanian, Erresuma Batuan, Suitzan, Austrian, Polonian, Suedian, Errumanian, AEBn, Mexikon, Argentinan, Txilen, Kolonbian, Perun, Israelen, Arabiar Emirerri Batuetan, Australian… aritu da.

2020tik, piano irakaslea da Sevillako Barenboim Fundazioan, eta 2021etik Interpretazioari Aplikatutako Erritmoko irakaslea Sevillako «La Colmena» aktore-eskolan.

Bi denboralditan (2020tik 2022ra) Carles Francinoren La Ser irratiko «La Ventana» programaren lantaldeko kide izan zen, eta musika zabaltzeko atal propioa izan zuen.

Era berean, aktore, eszena, gorputz, clown eta beste diziplina batzuetako prestakuntza jaso du Vicente Fuentes, Ernesto Arias, Lidia Oton, Sarah Kane, Claire Heggen, Consuelo Barrera, «Sindrome Clown», Rocio Barriga, Iñaki Rikarte, Alejandro Saa, Pablo Bejar eta beste maisu-maistra batzuen eskutik.

RTVEren 2023ko «Ojo Crítico» sariduna da. 2021etik Yamaha Artista Ofiziala da.


Juanjo Mena.

Zuzendaria

Juanjo Menak 1999an hasi zuen lan-ibilbidea, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari artistiko gisa. Talentu aparta aitortu zioten laster nazioartean, eta Bergengo Orkestra Filarmonikako zuzendari nagusi, Genovako Carlo Felice Antzokiko Orkestrako Zuzendari nagusi gonbidatu eta Espainiako Orkestra Nazionaleko zuzendari elkartu izendatu zuten. 2011n, titulartasuna eskuratu zuen BBC Philharmonic-en eta zazpi denboraldiz zuzendu zuen, orkestrak birak egin zituela Europa eta Asiatik barrena eta, urtero-urtero, Royal Albert Hall-etik telebistaz emandako kontzertuak zuzendu zituela, BBC Proms Festibalaren atal gisa. BBCn egindako lanari doakionez, Brucknerren sinfonietako edo Schuberten sinfonia-ziklo bateko kontzertu bereziki «zirraragarriak» eskaini zituen (The Guardian) eta estandar berriak ezarri zituen Espainiako eta Hego Amerikako errepertorioa interpretatzeko, bai pieza interpretatuena, bai gutxien ezagutzen denarena 2023ra arte, Cincinnatiko May Festival jaialdiko zuzendari titularra izan zen, hau da, Ipar Amerikan ibilbide luzeena duen jaialdi koralekoa, eta erakunde entzutetsu horren ospea areagotu zuen enkargu berriak hartuta eta gizarte-inplikazio handia sustatuta.

Zuzendari gonbidatu gisa, Juanjo Mena oso artista kotizatua da. Europako orkestra ospetsuenak zuzendu ditu, besteak beste, Berlingo Orkestra Filarmonikoa, Bavariako Irratiko Orkestra, Leipzigeko Gewandhaus Orkestra, Londresko Orkestra Filarmonikoa, Osloko Filarmonikoa, Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoa, Danimarkako Orkestra Sinfoniko Nazionala, Suediako Irratiko Orkestra Sinfonikoa, Frantziako Orkestra Nazionala, Scalako Orkestra Filarmonikoa, Züricheko Tonhalle Orchestre, Bambergeko Orkestra Sinfonikoa eta Dresde eta Bergeneko orkestra filarmonikoak. Espainiako talde sinfoniko garrantzitsuenekin lan egin ohi du.

2004an, debuta egin zuen Ipar Amerikan Baltimoreko Orkestra Sinfonikoarekin, eta horrez geroztik, kontinente horretako orkestra nagusi gehienak zuzendu ditu, hala nola Chicagoko Orkestra, Bostongo Orkestra, Clevelandeko Orkestra, Filadelfiako Orkestra, New Yorkeko Orkestra Filarmonikoa, Los Angelesko Filarmonikoa, Pittsburgheko Orkestra Sinfonikoa, Minnesotako Orkestra, Orkestra Sinfoniko Nazionala (Washington), Cincinnatiko Orkestra Sinfonikoa, Detroiteko Orkestra Sinfonikoa, Torontoko Orkestra Sinfonikoa eta Montrealeko Orkestra Sinfonikoa. Asian, maiz zuzendu ohi du NHK Symphony Orchestra Tokion.

23/24 denboraldian, Juanjo Mena New Yorkera itzuli zen Lincoln Center-en Errege Antzokiko Orkestra zuzentzera, orkestrak 2022ko irailean Carnegie Hall-en estreinaldi historikoa egin ondoren. New Yorkeko Filarmonikoarekin, Hilary Hahn bakarlariarekin, Pittsburgh Symphonyrekin, Detroit Symphonyrekin eta Montreal Symphonyrekin izango ditu hurrengo konpromisoak Ipar Amerikan. Europan, Espainiako Orkestra Nazionala, Bartzelonako Orkestra Sinfonikoa eta Kataluniako Orkestra Nazionala, Koloniako Gürzenich Orchester eta BBC Philharmonic zuzenduko ditu, besteak beste.

Opera zuzendari gisa, errepertorio erromantikoko obra handiak landu ditu, hala nola Der fliegende Holländer, Salome, Elektra, Ariadne auf Naxos, Duke Bluebeard edo Erwartung eta Eugene Onegin ekoizpen-lana Genovan, La vida breve Madrilen, Le nozze di Figaro Lausanan, Billy Budd eta Fidelio Bilbon.

Juanjo Menaren azken lan diskografikoa Brucknerren 6. sinfonia grabatzea izan da, BBC Philharmonic-ekin batera, Chandos etxearentzat. The Classical Review argitalpenak «biziki musikaltzat» eta «zirraragarritzat» jo zuen lana eta haren «soinu zoragarria» goretsi zuen. Menak BBC Philharmonic Orkestrarekin Chandos etxearentzat egindako diskografia luzean, hauexek ere nabarmendu behar ditugu:Gramophone Editor’s Choice hautatu zen Gabriel Pierneren sustapen arrakastatsua, Weberren sinfoniak, Ginastera argentinar konpositore ospetsuaren orkestra-lanak, bere jaiotzaren mendeurrena ospatzeko, eta gutxi ezagutzen den espainiar errepertorioaren erreferentziazko grabazio berriak, besteak beste, Arriaga, Albeniz, Montsalvatge eta Turinaren orkestra-lanak, bai eta Manuel de Fallaren lanak biltzen dituen hiru disko ere, La Vida Breve opera barne dela. 2012an, Juanjo Menak Messiaenen Turangalîla sinfonia grabatu zuen Bergengo Orkestra Filarmonikoarekin Hyperion etxearentzat; disko horrek «iraganeko, oraingo eta etorkizuneko Turangalîlen gaineko iritzia emateko terminoak erabat birdefinitu ditu» (Gramophone).

Juanjo Menak Sergiu Celibidacheren eskutik ikasi zuen zuzendaritza, Madrilgo Goi Mailako Errege Kontserbatorioan musika ikasketak egin ondoren. Bertan, Carmelo Bernaola eta Enrique Garcia Asensio izan zituen mentore. 2016an, Espainiako Musika Sari Nazionala jaso zuen. Familiarekin bizi da jaioterrian.


Espainiako Orkestra Nazionala.

Espainiako Orkestra Nazionala 1937an sortu zen, Espainiako Gerra Zibilean, eta 1942an berrabiarazi zen behin betiko. Orduz geroztik, kontzertu ugari eskaini ditu etengabe eta lan bizia egiten du, Madrilen denboraldi luzea garatzen duela –1988tik Musika Auditorio Nazionalean du egoitza–, Espainiako jaialdi nagusietan parte hartzen du eta birak egiten ditu Espainian, bai eta Europako, Amerikako eta Asiako hainbat herrialdetan.

Orain, laurogei urtetik gorako historia duela, Espainiako Orkestra eta Abesbatza Nazionalak –elkarrekin daude biak 1971z geroztik–aro berriari ekin diote, 2019an, David Afkham maisua taldeko zuzendari titular eta artistiko eta Felix Palomero zuzendari tekniko izendatu zituztenetik; hala, bikaintasun artistikoaren etengabeko bilaketa, modernizazioa eta irekiera ditugu erakundearen jardueraren oinarrizko irizpideak.

Espainiako Orkestra eta Abesbatza Nazionalak bere programazioaren izaera berritzailea sendotzen jakin du –aurreko denboraldietan erabilitako formatu berriri esker– eta entzuleria berria sortzeko gaitasuna izan du; hortaz, inolako ezbairik gabe, gure herrialdeko erreferentziazko orkestra bilakatu da. Orkestraren helburuen artean, Europan erreferentziazko orkestra izatea dago epe ertainean.

Afkham maisuaren aurretik, Bartolome Perez Casas, Ataulfo Argenta, Rafael Frühbeck de Burgos –horixe da orkestra gehienetan zuzendu duena–, Antoni Ros-Marba, Aldo Ceccato, Jesus Lopez Cobos eta Josep Pons izan dira Espainiako Orkestra Nazionaleko podiumetik modu egonkorrean aritu direnak. Zuzendari gonbidatu gisa, Sergiu Celibidache, Igor Markevitch, Rafael Kubelik, Zubin Mehta, Yuri Temirkanov, Gustavo Dudamel, Semyon Bychkov, Christoph Eschenbach edo Juanjo Mena maisuak aritu dira Orkestra Nazionalean. Era berean, orkestrak XX. mendearen bigarren erdiko ahots-solista eta instrumentu-bakarlari nabarmenekin jardun du.

Era berean, bi erakundeek apustu garbia egiten dute berdintasuna bultzatzeko asmoz musikari eta kulturari heltzerakoan; horregatik, gizarte- eta hezkuntza-arloan ez ezik (En familia, Adoptar un músico eta eskola-kontzertuak), premia espezifikoak dituzten hainbat talderekin jarduten dute gizarte-lankidetzako jarduera ugari garatzen. Espainiako Orkestra eta Abesbatza Nazionalak Kultura Ministerioko Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalari (INAEM), atxikitako ekoizpen-unitatea da.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2024-2025
20
Urt
2025
>Ganbera 4

Ganbera 4

Lekua: Euskalduna Jauregia

B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin

M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea

Informazioa eta sarrerak
18 - 21 - 24 - 27
Urt
2025
>TRISTAN UND ISOLDE

TRISTAN UND ISOLDE

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Hiru ekitaldiko musika-drama honek, konpositoreak berak Gottfried von Strassburgen erromantzean oinarrituta sortutako libretoa duenak, erromantze hori aldi berean “Tristan”-en Erdi Aroko elezaharrean oinarrituta egonik, mundu honetatik haragoko maitasun-istorio bat kontatzen du, mendekurik ankerrena, sentsualitaterik liluragarriena, traiziorik garratzena eta bakardaderik mingarriena biltzen dituena.

Isolde: Oksana Dyka
Tristan: Gwyn Hughes Jones
König Marke: Marko Mimica
Kurwenal: Egils Silins
Brangäne: Daniela Barcellona
Melot: Carlos Daza
Ein Hirt / Stimme: Josu Cabrero
Ein Steuermann: Gillen Mungia

Orkestra: Bilbao Orkestra Sinfonikoa
Abesbatza: Coro de Ópera de Bilbao

Informazio gehiago

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
30 - 31
Urt
2025
>Mundu Berriko sinfonia

Mundu Berriko sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Dvoráken Bederatzigarrena kulturen arteko elkarreraginarekin lotzen dugu. Konpositore txekiar ospetsua, New Yorkera deitu zutena amerikar musikaren obra handia idazteko eta, bitxia izan arren, alderantzizko bidea egin zuen zuzendari amerikar batek, Erik Nielsenek, itzuliko duena. Musika honek Amerikako edo Bohemiako gehiago edukitzea gorabehera, onartu behar da Dvorákek melodiak egiteko erraztasun izugarria zuela. Gure piccolo-bakarlariak, Néstor Sutilek, Liebermannen kontzertu interesgarria eskainiko digu, eta euskal mitologia Guridiren Plenilunioaren eskutik azalduko da.

J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”

Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
03
Ots
2025
>Ganbera 5

Ganbera 5

Lekua: Euskalduna Jauregia

D. Shostakovich: 8. hari-kuartetoa do minorrean
BOSen hari-laukotea

C. Cangelosy: Theatric nº 10
S. Reich: Music for piece of Wood
P.I. Tchaikovsky/D. Steinquest: Intxaur-hauskailua
BOS-EO perkusio-ensemblea

Informazioa eta sarrerak