Kontzertuak

Penderecki eta Brahmsen Laugarrena


Euskalduna Bilbao.   19:30 h.

Penderecki abangoardiako konpositorea izan zen, baina beti izan zuen iraganeko formekiko ardura. Horietan oinarrituta sortu zuen bere Concerto grosso hiru biolontxelorentzat, instrumentuaren errepertorioan arrakastaz sartu den obra. Beste alde batetik, Eduardo Strausser gazteak Brahmsen Laugarrena proposatzen digu, barrokoari (passacaglia itzela) ere begiratzen dion maisulana, abiarazteko motibo hasperentsuarekin, amaiera aurreratzen duen txirula-lan ederrarekin edo zuek aukeratutako beste hainbatekin arnasa etenarazten duena.

Eduardo Strausser, zuzendaria
Michal Dmochowski, biolontxeloa
Orfilia Saiz, biolontxeloa
Adam Klocek, biolontxeloa


I

WOJCIECH KILAR (1932 – 2013)

Orawa, hari-orkestrarako

KRZYSZTOF PENDERECKI (1933 – 2020)

Concerto grosso hiru biolontxelo eta orkestrarako*

Michal Dmochowski, biolontxeloa
Orfilia Saiz, biolontxeloa
Adam Klocek, biolontxeloa

II

JOHANNES BRAHMS (1833 – 1897)

4. sinfonia mi minorrean Op. 98

I. Allegro non troppo
II. Andante moderato
III. Allegro giocoso
IV. Allegro energico e passionato – Più Allegro

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 110’ (g.g.b.)

DATAK

  • 03 apirila 2025       Euskalduna Bilbao      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 04 apirila 2025       Euskalduna Bilbao      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Deskargatu pdf

PANTAILETATIK HARAGO

Zinema eta musika hain daude hertsiki lotuta, ezen ia ezinezkoa baita bata bestea gabe ulertzea. Zinema mutuaren inguruan pentsatzen dugunean ere, piano-jotzaile saiatu bat datorkigu gogora, pantailan gertatzen ari denari zentzua emate aldera inprobisatzen ari dena. Filmetan, musika oso elementu garrantzitsua da; hain da horrela, ezen izugarri eragin baitezake azken emaitzan, onerako edo txarrerako. Eta ez filmetan bakarrik, baita telesailetan, dokumentaletan edo, are, bideo-jokoetan ere, ikus-entzunezkoen mundua hazi egin delako: kontua ez da zinema-aretoetako pantaila handian gertatzen dena bakarrik, hazbete gehiagoko edo gutxiagoko milioika pantaila baitauzkagu orain (telebistak, mugikorrak, ordenagailuak, tabletak eta bestelako gadget eta makinatxoak), nonahi.

Hala, musikak zinemarekin bat egiten duenean, testuinguru espazio-tenporala eransten dio, istorio bati erritmoa emanez, eszena baten eduki emozionala aldatuz, ikus-entzuleekin konektatuz… Zineman, musika akonpainamendua edo hondo-zarata baino askoz ere gehiago da: irudiak eta elkarrizketak osatzen dituen elementu bat da, narrazio- eta zentzumen-edukia gaineratzen duena. Film bakoitzaren funtsezko zati bat da, filmetik banaezina. 1927 inguruan “The jazz singer” lehenengo zinta soinudun eta musikala egin zutenetik, zazpigarren artearen historia soinu-banda ahaztezinez bete da, pantailen mugak gainditu dituzten arrakastaz gainezka. Bestela, gogoratu zeinen harrera ona daukan orkestra honek azken denboraldietan film batzuk zuzenean musikatzera zuzendutako programak. Ennio Morricone, John Williams, Henri Mancini, Hans Zimmer edo Howard Shore, besteak beste, Ravel, Beethoven edo Mendelssohn bezain ezagunak zaizkigu orain. Izan ere, haien tokia beldurrik gabe eman behar diegu pantailen atzean ezkutatuta beren artea garatzen duten musikari eta konpositore bikainei.

Gaur gauean entzungo dugun lehenengo obra Orawa izango da, eta, oraintxe bertan, pieza hori soinu-banda ezagun bati ote dagokion ariko zarete pentsatzen zuetako asko… Ba ez, baina konpositorea, Wojciech Kilar poloniarra, oso izen ezaguna eduki ez arren, Hollywoodeko leihatilako arrakasta handi askoren musikaren egilea da, hala nola Peter Weir-en “El show de Truman”, Francis Ford Coppolaren “Drácula de Bram Stoker” eta Roman Polańskiren “El pianista” filmena, baina baita beste askorena ere. Beraz, dudarik gabe, zinemako musikaren mintzaira berezi-bereziaren zerbait aurkituko duzue Orawan.

Alabaina, bat ez da ezerezetik hasten soinu-bandak idazten. Kilar Krakovian trebatu zen lehenik, eta Parisen gero, besteak beste Stockhausen, Pierre Boulez, Luigi Nono eta Nadia Boulanger-en tutoretzapean. Zinemarako lehenengo konposizioa idatzi zuenerako (1970eko hamarkadaren hasieran), izaera neoklasiko berezia ondu zuen, Stravinskyren estilokoa; musika folklorikoarekin jolaskeriatan ibilia zen, Bartók imitatuz; hainbat abangoardiarekin esperimentatua zen; teknika dodekafonikoa miatua zuen, eta zoraldi mistiko bete-betean zegoen, minimalismoarekin.

Orawa konposizioa, hala ere, 1986an amaitua, nahiz eta zelula erritmiko txikietan antolatuta egon eta garai minimalista hura gogorarazten digun kontenplazio-kutsua eduki, estilo oso nazionalistan eraikita dago, Poloniako tradizio erlijioso eta folklorikoan errotutako elementuak baititu, “Tatra mendien obrak” koroatuz (Eslovakiarekiko mugan dagoen Karpatoen eskualdeko eremu menditsu batean inspiratuta dago konposizio sorta hori).

Hari-orkestrarako idatzita, Kilarren lanik ospetsuenetako bat da —haren hitzetan, harrotasun gehien sentiarazten zion lana da—, eta testura, dinamika eta erritmo aldakorrak dauzkaten figura errepikatuak ditu ezaugarri nagusi. Figura horiek noraezean dabiltza orkestran, zeinak, batzuetan, taldean jotzen baitu, eta, beste batzuetan, hirukote batera edo, are, solo batera ere mugatzen baita, orkestraren koloreak eta musikaren dentsitatea aldatuz, efektu dramatikoa lortzeko. Bat-batekoa, bortitza eta ausarta izanik, naturaren indar ahaltsuak irudikatzen dituela ematen du zenbaitetan, baina baita uztaren aldeko jai alaia dela ere; agian, irudizko plano-aldaketa bati jarraitzen dio.

Gau-emanaldiko bigarren lana ere egile poloniar batena da (Polonian, musika on ugari dago, Chopinetik harago): Krzysztof Penderecki. Herrikideak eta adin berekoak ia-ia, Kilar eta Pendereckiren hastapenetako ibilbideak oso antzekoak dira: aurreko mendearen 30eko hamarkadaren hasieran jaio zirenez, lehendabizi nazismoa bizi izan zuten, gero komunismoa, eta, mendearen amaiera aldera, iraultza politikoa; katoliko sutsuak izaki, Juan Pablo II.a poloniarraren aitasantutza luzeak fedea indartu zien; garaiko musika-tutoretzarik onenak jaso zituzten, eta 60ko hamarkadako abangoardian buru izan ziren (are, Penderecki XX. mendearen bigarren erdiko konpositore ausart eta berritzaileenetako bat bezala oroituko da)… Alabaina, Pendereckiren estiloa da urteekin gehien aldatu dena, modernitatearen eta atonalismoaren gogortasun eta zorroztasunetik aldentzen joan baitzen pixkaka, eredu harmoniko klasikoago, kontsonanteago eta, azken batean, atseginagoak berreskuratuz.

Kilarrenenean bezala, Pendereckiren katalogoan ere zenbait soinu-banda daude, ingurune honetan gehiegi ezagutzen ez dugun Poloniako zinemara mugatuak, ordea; beharbada, Wojciech Jerzy Has zinema-zuzendariaren “El manuscrito encontrado en Zaragoza” lan paregabea ezagutuko dugu. Halere, zinema ez da jatorrizko konposizioez bakarrik elikatzen, pantaila handirako propio konposatu ez diren lanak ere hartzen baititu, eta soinu-bandetan txertatzen; hala, Pendereckik txelorako kontzertuaren zatiak aurki ditzakegu oso film gogoratuetan, hala nola Stanley Kubricken “El resplandor” eta William Friedkinen “El exorcista” filmetan, eta Pendereckiren kontzertuak zertxobait aztoragarria izan behar duela pentsarazten dit horrek. Nolanahi ere, pantaila handian agertzeko modu horrek konnotazio musikal oso esanguratsuak dauzka: konposizio-estilo harrigarri, sutsu eta benetan adierazkor baten aurrean gaude, mintzaira zinematografikoarekin bat egiten eta ikusleekin konektatzen duen baina zinemarako zuzenean konposatutako musikak berezkoa duen osagai bisual eta narratibo hori ez daukan molde baten aurrean.

Concerto grosso, hiru biolontxelo eta orkestrarako lana, hizpide dugun horixe, ez da film batean ere agertzen —nik dakidala—, baina pantailan ondo funtziona lezakeen lengoaia lotsagabe eta adierazgarria dauka. Charles Dutoit orkestra-zuzendariak 2001ean enkargatu zion, Tokioko NHK orkestrarako, garai hartan orkestra horretako musika-zuzendaria baitzen, eta sei mugimendudun concierto grosso luze bat da, Corelliren kontzertu barroko haien tankerakoa, non solista bi edo gehiago orkestra txiki batekin elkarrizketa etengabean baitaude. Kasu honetan, baina, hiru biolontxelo solistak eta dimentsio modernoak dituen orkestra handi batek osatutako taldea dugu. Idazkera zertxobait korapilatsua du une batzuetan, baina, oro har, harrigarria eta deigarria da, eta eremu estilistiko zabala estaltzen du; ukitu malenkoniatsua eta pixka bat lanbrotsua izan arren, efektu liluragarriekin eta berebiziko harmoniekin harritzen du, non hiru biolontxelo solistak argi eta garbi bereizitako hiru karaktere behar baitituzte, orkestrazio-lan xarmagarria osatzeko.

Gaurko azken lana Brahmsen Laugarren Sinfonia da, eta ez, Alemaniako konpositoreak ez zuen sekula ere pentsatu zinemak musika eduki zezakeenik, Lumière anaien asmakuntzaren berri izatera iritsi bazen. Dena dela, haren konposizioak zientoka filmetan daude, 1929an Alexander Kordaren “The squall” filmean “Hungariako dantzak” entzun genituenetik. Are, bosgarren dantza da, Sehaskako abestiarekin batera (op. 49, 4. zk.), Brahmsen errepertoriotik pantaila handian gehien agertu den pieza. Laugarren sinfonia hori oso lan gutxitan erabili dute, ordea; adibidez “Los 100” telesaileko kapitulu batean, “Relatos de lo inesperado” telesail britainiar antologikoko kapitulu batean, Xavier Dolanen “Laurence anyways” film kanadarrean eta beste tokiren batean. Oso harrigarria iruditzen zaigu, Brahmsen konposizio onenetako bat delako eta, seguruenik, sinfonia erromantikoaren muina delako, entzuleari berehala iristen zaion lan oso-oso sentimentala izateaz gainera. Edo, horrexegatik agian, zinemagileek, ikus-entzuleen arreta lapurtuko dien beldurrez eta konpositorearen gaitasun artistikoarekin jeloskor, nahiago dute beren zintetan neurri horretako lanik ez txertatu.

Edonola ere, Brahmsen laugarren eta azken sinfonia maisulana da. Orri digital hauetan, asko hitz egin dugu Hanburgokoaren sinfoniez; nik neuk hitz egin nizuen lehenengoari buruz aurreko denboraldiko azken kontzertuan, eta Yolanda Quincoces otsailean aritu zen hirugarrenaz. Hortaz, kontu orokorrekin aspergarri ez gertatzen saiatuko naiz.

Brahmsen lehenengo sinfoniak Beethovenen katalogoaren bilakaera naturala ematen du, eta laugarren honek bidea lautu zien geroago etorritako Mahler-en lanei, dagoeneko finkatuta zegoen mintzaira hura nabarmentzeak (kasu honetan, lengoaia erromantikoaz ari gara) ematen duen sendotasunarekin eta egilearen beraren heldutasun konpositibo eta pertsonalarekin, 51 urterekin idatzi baitzuen, bizitzaren gorabeheretan zailduta zegoela, musika-ibilbide ondo finkatuarekin. 1884tik 1885era bitartean idatzi zuen sinfonia hori, hirugarrenaren estreinaldi arrakastatsutik urtebetera, etapa lasai batean, Austriako Alpeetan urrunduta. Alabaina, lan argitsu, bukoliko eta atsegina sortzetik urrun, XX. mendeko sorkuntza musikal ilun, malenkoniatsu eta emozionalenetako bat konposatu zuen Brahmsek. Ez dakigu zerk bultzatu zuen alemaniarra horrelako zerbait idaztera, zer gertaerak edo hausnarketak ilundu zioten espiritua, baina lehenengo konpasetatik hautematen zaio pisua.

Lehenengo mugimendua material sinpleenetatik abiatzen da: beheranzko hirudun bitarte soil bat dago oinarrian, eta, horren gainean, neurrizko adierazkortasun-lerro luzeak garatzen dira, sentimentalismorik gabeak. Biolontxeloen bella melodiako bigarren konposizioa hirugarren batekin gurutzatzen da, argiagoa hori, egurrean eta tronpetan oinarrituta, eta, hortik abiatuta, interakzio konplexu batean txirikordatzen doaz guztiak, konexio tematiko korapilatsu batean, non lerro melodiko luzeak lirismo malenkoniatsuarekin nabarmentzen baitira, beste gai batzuen motiboek testura aberatseko ehundura kontrapuntistikoa sortzen dutela, amaiera sendo batean bukatzeko.

Bigarren mugimendua erakustaldi irmo batekin hasten da, ondotik hari-pasarte delikatu bat duela, pasarte animatuagoak eta tonu goibel zitalak txandakatuta, hasierako gaia berriro ekarriz zirkulua iragartzen eta ixten delarik. Bigarren mugimenduak hirugarrenarekin kontrastatzen du; azken hori kementsua eta bizia da, sonataren, scherzoaren eta rondoaren artean dabilena, ondo zehaztu gabeko egiturarekin: energia distiratsu, erritmiko, taupakari eta ia desafiatzaile batean sostengatzen da.

Mugimendua oso originala bada ere, haur-jolasa baino ez da, laugarrenarekin alderatzen badugu. Bachen passacaglia baten antzeko egitura izanik, zurek aurkeztutako zortzi konpasekin hasten da, eta, gero, irudimen izugarri handiko 32 bariazio datoz, guztiek tonua laiotz. Bariazioen materiala halako moldez antolatuta dago, ezen testurekin, dinamikekin eta adierazkortasunarekin jolasten baitu, sonata moduko bat balitz bezala ordenatzeko, eta, hainbesteko intentsitatea dauka, ezen Brahmsen lagun batzuek iradoki baitzioten hobe zuela sinfoniatik kendu eta obra independente gisa argitaratzea. Zorionez, ez zien jaramonik egin, eta sormenezko inspirazioz beteriko hamar minutu horiekin bukatu zuen sinfonia: hamar minutuok ez dute inolako irudirik edo zinemagilerik behar, pantailetatik harago eraman gaitzaten.

Nora Franco


Michal Dmochowski.

Biolontxeloa

Michał Dmochowski irakaslea (Madril) Varsovian jaio zen, eta Kazimierz Michalik irakaslearekin ikasi zuen biolontxeloa jotzen, Poloniako hiriburuko Chopin Akademian. Hainbat erakunderen bekei esker, hala nola Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECI), Garapen Artistikorako Japoniako Fundazioaren, Poloniako Haurren Garapenerako Fundazioaren eta Isaac Albéniz Fundazioaren bekei esker, Dmochowski 1998tik 2001era bitartean hobetu zen, Reina Sofia Goi-mailako Musika Eskolan, Frans Helmerson eta Natalia Shakhovskaya maisuekin.

Han, ikasle nabarmenenaren saria eman zion erreginak, eta musikari gailenen eskola magistralak jaso zituen; besteak beste, hauenak: Bernhard Greenhouse, Natalia Gutman, Tobias Kuhne, Boris Pergamenschikow, Imre Rohmann, Miloš Sádlo eta, bereziki, Philippe Müller.

Ikasketak amaitu eta gero, Michał Dmochowskik sariak irabazi zituen hainbat lehiaketatan; adibidez, hauetan: Poznań-eko (Polonia) Kazimierz Wilkomirski Biolontxelo Lehiaketan, Hradec nad Moravicíko (Txekiar Errepublika) Ludwig van Beethoven Nazioarteko Biolontxelo Lehiaketan, Elbląg-eko (Polonia) Biolontxelo-jotzaile Gazteentzako Lehiaketan, Liezengo (Austria) Nazioarteko Biolontxelo Lehiaketan eta Varsoviako Witold Lutosławski Lehiaketan. Azkar batean, nazioarteko ibilbideari ekin zion, eta kolaborazioak egin zituen Alexander Anissimov, Teresa Berganza, Fabio Bidini, Zakhar Bron, Gerard Caussé, José María Gallardo del Rey, Enrique García Asensio, Siegfried Mauser, Paul Meyer, Zsolt Nagy, Hansjörg Schellenberger, Tomasz Tomaszewski, Radovan Vlatković eta Jörg Widmannartistaren neurriko artista bikainekin. Arte-jardueran, kolaborazioak egin zituen Biolontxeloen Zortzikote Iberikoarekin eta Plural Ensemble talde instrumentalarekin, solista gisa.

Mundu osotik egindako errezitaldiek Alemania, Austria, Belgika, Bielorrusia, Txekiar Errepublika, Txina, Hego Korea, Dominikar Errepublika, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Grezia, Italia, Lituania, Maroko, Herbehereak, Polonia, Portugal eta Errusiara eraman dute. Izen handiko aretoetan aritu da, hala nola Madrilgo Musika Auditorium Nazionalean, Monumental Antzokian, Juan March Fundazioan, San Fernandoko Arte Ederren Akademian, Bartzelonako Lizeoan, Zaragozako Auditoriumean, Burgosko Filarmonikoan eta Santanderreko Jaialdien Jauregian, W. Lutosławski Estudioan eta Varsoviako Filarmoniko Nazionalean, Erromako Auditoriumean, Parisko Opera Komikoan, Lituaniako Filarmoniko Nazionalean, Pekingo Poly Theater antzokian, Chicagoko Pick-Staiger aretoan eta Santo Domingoko Filarmonikoan, baita musika-jaialdi nagusietan ere, adibidez Varsoviako udazkenekoan edo Santanderreko Musika eta Akademia Topaketan.

Grabaketa nabarmenen artean, Rachmaninov, A. Bauer, S. Stojowski, W. Szalonek eta A. Tansman-en sonatak daude, Graham Jacksonek lagunduta beti, eta Mi España diskoa (Deutsche Grammophon).

Grabaketa berriena Biolin eta biolontxelorako op. 102 kontzertua da, Brahmsena, Zakhar Bron biolin-jotzailearekin eta Poloniako Irrati eta Telebista Orkestrarekin. Halaber, RNE, TVE, Poloniako Irrati Nazionalarekin eta Lituaniako Telebistarekin grabatu du.

Michał Dmochowski Toledoko Jacinto Guerrero Musika Profesionaleko Kontserbatorioko irakaslea da 2000tik. Reina Sofia Goi-mailako Musika Eskolan, biolontxeloko irakasle elkartua izan zen Natalia Shakhovska Biolontxelo Katedran, 2001etik 2014ra bitartean, eta, geroago, Ivan Monighetti Biolontxelo Katedran. Era berean, biolontxeloko irakasle gonbidatua da Katarina Gurska Goi-mailako Zentroan.

Hezkuntzarekin oso konprometituta dagoenez, biolontxelo-jotzailea “Europa gertu” proiektu arrakastatsuko zuzendari artistikoa izan zen 2012tik 2016ra; musika-hezkuntzako programa hori Silesiako lehen eta bigarren mailetako musika-eskoletara zuzenduta zegoen, Europar Batasunak finantzatu eta aginduta, eta Kontinente Zaharreko musika-hezkuntzako programa onenetariko bat izan dela balioesten da.

Ikasle ugarien artean, etorkizun handiko artistak eta aintzatetsitako artistak daude, baina baita sari nazionalak eta nazioartekoak irabazi dituztenak, musikako goi-mailako kontserbatorioetako irakasleak eta orkestretako maisuak eta kideak ere, hala nola Lisboako Gulbenkian orkestrakoak, Espainiako Orkestra Nazionalekoak, RTVEkoak, Bilbao Orkestra Sinfonikokoak eta Madrilgo Errege Antzokiko Orkestrakoak. Luis Aracama, Fernando Arias, Pedro Bonet, Paula Brizuela, Marco Fernández Pereira, Pablo Ferrández, Alfredo Ferré, Víctor García, Héctor Hernández, Mikołaj Konopelski, Antonio Martín Acevedo, Mon-Puo Lee Hsu, Lucía Otero eta Teresa Valente artistek fede eman dezakete.

Michal Dmochowskik Ingalaterrako 1780ko instrumentu bat jotzen du, W. Forster-ek egina, Juan Vizuete Mendozaren opari.


Orfilia Saiz.

Biolontxeloa

Profil anizkoitzeko artista hau, irakaskuntzaren eremuan, Londoneko Guildhall School-eko Junior Sailean hasi zen irakasten, eta Sioneko kontserbatorioan bi urte igaro zituen. Gaur egun, biolontxeloko katedraduna da, Granadako RCSM kontserbatorioan, oposizio bidez. Bilbon eskuratu zituen biolontxeloko eta ganbera-musikako goi-mailako tituluak, sari berezia jasota bietan, eta, gero, graduondoko bat egin zuen Londoneko Guildahall School eskolan, eta interpretazio-master bat Lausannen, Demenga maisuarekin; han, solistaren diploma lortu zuen, zorion-agurrekin batera.

1999an, biolontxelorako Birdie Warshaw saria jaso zuen, Dorothy Adams hari-laukoteentzako lehiaketako lehenengo saria, Takacs laukoteak emanda, baita, era berean, Londoneko Piramid Award saria ere, Deutsche Bank-ek emanda.

25 urtez, etenik gabe garatu du interpretazioa: Solista gisa, kontzertuak eman ditu Granadako Ciudad Orkestrarekin, Lausanneko Ganberako Orkestrarekin, Orchestre du festival du Jura orkestrarekin, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin, Parisko Vivaldi Orkestrarekin eta Transilvaniako nahiz Bukaresteko Orkestra Nazionalekin, Haydn, Saint-Saëns, Tchaikovski, Penderecki eta Schumann-en piezak joz. Askotariko ganbera-taldeetan kide arituta, hauetan jo du: Londoneko Wigmore Hall, Manchesterreko Jaialdia, Lyongo Musikalak, Suitzako Schubertiades, Val Gardenako Jaialdia, Madrilgo CDMC, Santanderreko Botín Fundazioa, Genevako Kontserbatorioko Aretoa, Juan March Fundazioa, Granadako Auditoriuma, “Viva Cello Festival” jaialdia eta abar.

Hainbat grabaketa egin ditu: Martucciren hirukoteen integrala (Naxoserako), Mozarten hirukoteen integrala eta biolinerako eta biolontxelorako musika IBS (Clasical-erako), Piazzollaren omenezko hainbat CD (Classicorekin), Botín Fundazioaren argitalpen diskografiko bat (Kantabriako konpositoreen obrarekin), A. Habako laukoteak (BBC2rako), García Abril monografikoa (TVE2rako) eta zuzeneko errezitaldi bat (ESPACE2rako).

Biolontxeloaren teknikari buruzko zenbait argitalpen pedagogiko dauzka, eta hari-instrumentuen lehen begiratuko irakurketari buruzko ikerketa-artikuluak idatzi ditu. Web pertsonalean irakur dezakezu eduki osoa: www.orfiliasaizvega.com Granadako Arte Ederren Errege Akademiak bere jarduera nabarmendu du, eta bertako kide numerarioa izateko ohorea dauka 2016tik, baita zuzendaria izatekoa ere, 2019tik.

Marc Paquinek 2019an egindako biolontxelo bat jotzen du.


Adam Klocek.

Biolontxeloa

Biolontxelo-jotzaile eta orkestra-zuzendari honek Grammy saria irabazi zuen 2014an, eta «belaunaldi gazteko etorkizun handieneko zuzendarietako bat» dela esan zuen Krzysztof Pendereckik.

2004an, Jan Latham-Koenig maisuari laguntzeko zuzendari izendatu zuten, lehiaketa bidez (Jan Latham-Koenig maisua Wrocław-eko Filarmonikoko eta Vratislavia Cantans jaialdiko zuzendari artistikoa da).

2012an, Częstochowako B. Huberman Filarmonikoko zuzendari artistiko bilakatu zen. 2020tik, erakunde horren zuzendari nagusia da.

San Petersburgoko Ermitage Nazioarteko Musika Jaialdian, biolontxelorako bere kontzertua jo zuen Hermitageko Estatu Orkestrarekin, eta Errusiako Nezavisimaya Gazeta egunkari nagusiak «zerutik eroritako oparitzat» jo zuen.

Adam Klocek-ek Koloniako Musikhochschule eta Hochschule fur Musik Hanns Eissler eskoletan ikasi zuen, Maria Kliegel eta Boris Pergamenschikow-en klaseetan.

Nazio-mailako biolontxelo-lehiaketetan (lehenengo saria Poznańeko D. Danczowski lehiaketan, 1992an) eta nazioartekoetan (Kolonia, Munich eta New York) izandako arrakastari esker, bai eta bestelako sari eta beka batzuei esker ere (C.M. von Weber, Interlochen Center for Arts, European Broadcasting Union EBU), musika-zentro garrantzitsuetan jo du. Kontzertuetarako planen artean, honako hauetan parte hartzeko gonbidapenak sartzen dira: K. Pendereckiren Concerto Grossoaren munduko estreinaldia (konpositorearen batutaren pean), Europalia jaialdia (Polonia ordezkatzeko), Filarmoniko Nazionalaren Lutosławski Zortzigarren Foroaren inaugurazioa eta Estatu Batuak eta Ekialde Urruna zeharkatuko dituen kontzertu-bira. Orkestra Filarmoniko Nazionalarekin «Concerto Grosso» kontzertua estreinatzeko grabaketan, A. Witt-en batutaren pean jo zuen, eta «Fryderyk 2002» saria jaso. 2003ko urtarrilean, Filarmoniko Nazionalaren «Krzysztof Pendereckiren Urtea» inauguratzeko gala-kontzertuan jo zuen.

2004ko irailean, Varsoviako Sinfonikoaren ondoan, Krzesimir Debskiren biolontxelorako kontzertua estreinatu zuen, beretzat propio idatzitakoa. Leszek Możdżer-en ondoan, duoan jo zuen, eta BBCk «apartekoa» zela adierazi zuen. Albuma 2005eko salduena izan zen, eta bi artistak izan ziren musika klasikoaren munduko ordezkari bakarrak TVP Kulturako urtebetetze-galako kontzertuan. Universal Music diskoetxearekin kontratua sinatu zuen. Gaur egun, Giuseppe Rocca «ex Tortelier» instrumentu bat jotzen du, 1848koa.

1993tik 2003ra bitartean biolontxelo solista gisa ibilbide bizia egin ondoren, artista orkestra-zuzendaritzan hasi zen. Besteak beste, Jacek Kaspszyk maisuari lagundu zion G. Verdiren «Nabucco» lana taularatzeko prestaketetan, Opera Nazionalaren Antzoki Handian. Gero, Wrocław-eko Filarmonikoan Jan Latham-Koenig maisuaren zuzendari laguntzailea izateko lehiaketa irabazi zuen.

Biolontxelo-jotzaile eta zuzendari arituz, munduan oso ezagunak diren artistekin jo du; besteak beste, hauekin: Shlomo Mintz, Heinrich Schiff, Joshua Bell, Vadim Repin, Misha Maisky, Nelson Goerner, Yulianna Avdeeva, Valery Afanassiev, Krzysztof Penderecki, Dame Evelyn Glennie, Randy Brecker, Boris Pergamenschikow eta Jerzy Maksymiuk.


Eduardo Strausser.

Zuzendaria

2024/25 denboraldian, Brasilgo Eduardo Strausser orkestra-zuzendariak lehenengo urtea egingo du Norrlandsoperan konpainiako zuzendari nagusi eta musika-zuzendari gisa. Denboraldi honetan, bira nordiko luzea egin du (2024ko azaroa), eta Jenny Wilson-en opera primaren munduko estreinaldian parte hartu du, The lovers lanean, hain zuzen ere (2025eko martxoa).

Anberesko Orkestra Sinfonikoarekin dituen harreman sendoetan sakontzeko, 2024ko udan Strausser lehen aldiz agertu zen Royal Concertgebouw Hall-en, orkestrarekin eta Yeol Eum Son solistarekin batera.

Strausserrek harremanetan jarraitzen du Ulster Orchestra, Hallé, Royal Philharmonic Orchestra eta Orchestre de Montpellier orkestrekin, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin, San Diego Symphony orkestrarekin eta Pacific Symphony orkestrarekin debutatu du. Estatu Batuetan dituen beste konpromiso batzuek Kansas City, Utah, Ipar Carolina, Detroit eta IndIndianapolisko orkestra sinfonikoetara eraman dute.

Strausserrek askotan egiten du lan Australian, eta, denboraldi honetan, bi aldiz jokatuko du Sydney eta Queensland-eko orkestra sinfonikoekin, Malaysian Philharmonic Orchestra eta Adelaide Symphony Orchestra orkestrekin debutatzeaz gainera.

2014tik 2016ra bitartean, Sao Paolo Antzokiko zuzendari egoiliarra izan zen, eta operako zuzendari eskarmentuduna da orain; hala, Sao Pauloko ekoizpenek barruan hartu dituzte, besteren artean, Carlos Gomesen Elektra eta Fosca, Intxaur-hauskailua (Balé da Cidade de São Paulo ballet-konpainiarekin) eta Stefano Podak Mahlerren 1. Sinfoniarekin egindako ekoizpen bat. Gaur egun, Berlinen bizi da, eta Latinoamerikara bidaiatzen du maiz, gonbidatu gisa zuzentzeko.

Berriki, Leonard Ever-en Die Odyssee zuzendu du Zuricheko Operarako. Beste titulu nabarmen batzuen artean, Tosca daukagu; Northern Ireland Opera eta Theater Magdeburg antzokietan zuzendu zuen, baina baita Staastheater Hannover-en ere, beste ekoizpen batzuekin batera, hala nola Il Barbiere di Siviglia, Hansel eta Gretel eta Die Zauberflöte lanekin. Halaber, La bohème zuzendu du Rio de Janeiroko Udal Antzokirako eta Verdi di Padova Antzokirako.

Oso gaztea zenetik, Eduardo asko erakarri dute konpositore garaikideen obrek. Zuricheko Goi-mailako Arte Eskolan ikasi zuenean, Karlheinz Stockhausen buruargiarekin egin zuen lan. Ikaslea zela, era berean, Darmstadt-eko Ferienkurse für Neue Musik Orkestra Zuzendarientzako Nazioarteko Foroan parte hartu zuen, eta, han, György Kurtág eta Brian Ferneyhough konpositoreekin buruz buru lan egiteko aukera eduki zuen.

Eduardok lehen lerroko solistekin egiten du lan, hala nola hauekin: Javier Perianes, Nobuyuki Tsujii, Alexandra Lowe, Isata Kanneh-Mason, Marie-Ange Nguci, Paul Lewis, Augustin Hadelich, Richard Galliano, Cédric Tiberghien eta Steven Osborne. Eduardo poliglota da, eta zortzi hizkuntza hitz egiten ditu jariotasunez; besteak beste, alemana, italiera, frantsesa, gaztelania eta hebreera.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2024-2025
30 - 01
Mai
2025
>Mari-Eli

Mari-Eli

Lekua: Teatro Arriaga

Jesús Guridiren Mari-Eli zarzuela 1936ko apirilean estreinatu zen Madrilen, eta, Gerra Zibilaren ondoren, 1941ean, taularatu zen Bilbon, Bilboko Koral Elkartearen denboraldi lirikoaren barruan. Lanak Guridi desberdin bat erakusten digu, lanaren izaerari dagokionez, baina oso ezaguna haren idazkera musikalaren kalitateagatik. Jesús Mª Arozamenak honela deskribatzen du Mari-Eli: «Itsas kutsuko euskarazko zarzuela, melodia gogoraerrazak eta pasarte komikoak dituena, garaiko gustuen araberakoa».

Arriaga Antzokiak ekoitzitako eta BBK Fundazioaren laguntzaz sustatutako Mari-Eli ikuskizunean, lan garrantzitsua egin da zarzuela horren musika berreskuratzeko, eta generoaren erreferentzia ugari dituen zarzuela horri gaur egungo begirada emateko. Calixto Bieitoren eszena-zuzendaritzarekin dimentsio erabat ezberdina hartuko du lanak. Guridiri hain lotua dagoen Bilboko Koral Elkartearen parte-hartzeak garbi erakusten digu koru-kantuaren transmisioak gaur egun duen indar handia eta Arriaga Antzokiak hori aldarrikatzearen eta bultzatzearen alde egindako apustua. Guridiren jatorrizko partituraren berreskurapena Bilboko Koral Elkarteak bultzatu du, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetza izan du.

Informazio gehiago

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
05
Mai
2025
>Ganbera 9

Ganbera 9

Lekua: Euskalduna Bilbao

N. Rimsky-Kórsakov: Boskotea Si bemol Maiorrean
BOSen haize-boskotea pianoarekin

R. Mollá: Gudari
M. de Jorge Artells: Aintzinako Jakituria
BOSen ensemblea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
17
Mai
2025
>OTELLO

OTELLO

Lekua: Euskalduna Bilbao

Maiatzean, denboraldiari amaiera emateko, Verdiren Otello izango da oholtzan, musika- eta antzerki-tentsioaren eztanda hutsa. Ezinbesteko obra da, konpositorearen azken-aurreko opera, hasierako lehen konpasetik bertatik bukaeraraino musika-indar liluragarri eta etengabeak zeharkatuta dagoena.

Istorio tragiko eta betiereko honetan, maitasuna, jeloskortasuna, arrazakeria, handinahia, manipulazioa eta engainua errepertorio verdiarraren azken-aurreko obran uztartzen dira, William Shakespeareren izen bereko draman oinarrituan, idazle ingeles unibertsalenari omenaldi aparta eginda.

Musika Francesco Ivan Ciampa zuzendari italiarraren esku egongo da, zeinak, Bilbao Orkestra Sinfonikoa zuzenduz, ahalik eta etekin handiena aterako dion partiturari, Bussetoko jenioaren bilakaeraren gailurra den horri.

Informazio gehiago

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
19
Mai
2025
>Ganbera 10 – 24/25 denboraldia

Ganbera 10 – 24/25 denboraldia

Lekua: Euskalduna Bilbao

E. Korngold: 2. hari-kuartetoa Mi bemol Maiorrean
BOSen hari-laukotea

D. Milhaud: Hari-oktetoa (14 eta 15 kuartetoak) Op. 291
D. Shostakovich: Prelude eta Scherzoa, hari-zortzikoterako
BOSen hari-zortzikotea

Informazioa eta sarrerak