Kontzertuak

Rakhmaninoven hirugarrena


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Pablo Rus Broseta, zuzendaria
Martín García García, pianoa


I

WITOLD LUTOSLAWSKI (1913 – 1994)

Kontzertua orkestrarako

I. Intrada
II. Capriccio notturno e arioso
III. Passacaglia, toccata e corale

II

SERGEI RACHMANINOV (1873 – 1943)

3. kontzertua piano eta orkestrarako re minorrean Op. 30

I. Allegro ma non tanto
II. Intermezzo (attacca)
III. Finale

Martín García García, pianoa

DATAK

  • 01 otsaila 2024       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 02 otsaila 2024       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak


ERRUSIAR ORRIALDEAK

Aspaldi konturatu nintzen historia ikaragarri gaizki ikasita dugula. Hala ere, egitarauaren oharrak prestatzen ditudanean, are kontzienteagoa naiz. Eta ez naiz ari datak buruz ikasita ez edukitzeaz edo ez jakiteaz zein herrialdek parte hartu zuten, adibidez, 100 urteko gerran —Frantzia eta Ingalaterra izan ziren, 1337 eta 1453 artean, jakin-minarekin gera ez zaitezten—. Historia ondo ikasita ez dugula esaten dudanean, gehienetan aldi jakin batzuetan edo gertaera isolatuetan gertatu zena ikasi dugulako da; ez dugu ikuspegi orokorrik, ezta ikuskera kronologikorik ere, eta ez gara beti kontzeptuak lotzeko gai. Hau da, seguru nago artezale orok “Italiako Errenazimentua” bezalako gaiak sakon ezagutzen dituela; baina zaila da imajinatzea, aldi berean, Kolon, “Indietara” egindako hirugarren bidaian, konturatu zela ez zegoela “Indietan”, baizik eta beste kontinente batean, eta, ia berehala, Magallanes eta Elkano munduari bira ematen hasi zirela; horrek —txantxa onartzen badidazue— Leonardo da Vinci jenioa terraplanista bihurtzen du (hori bai, beste aukerarik ez izateagatik, ez uste osoagatik), baina aukera ematen digu konturatzeko orain arte buruan genituen datu horiek ez genituela inola ere elkarrekin lotzen.

Beraz, horren gertaera ezagunak konektatzea kostatzen bazaigu, imajinatu nire etsipena konturatu nintzenean errusiar/sobietar historiaren azken berrehun urteetako historiari buruz dudan ezagutza ideia eta izen solteetara mugatzen dela: tsarren Errusia, kanpaina napoleonikoak, Lehen Mundu Gerra, Errusiar Iraultza, Lenin, Stalin, SESB, Bigarren Mundu Gerra, Gerra Hotza, Gorbatxov, Perestroika… Ordena gutxi gorabehera kronologikoan aipatu dizkizuet nire ezagutzak, baina ba al dakizue, Napoleon Errusia inbaditzen saiatzen ari zen bitartean, Estatu Batuek Britainia Handiari egun Independentzia Gerra izenarekin ezagutzen duguna deklaratu ziotela? Edo, Nikolas II.a tsarrak Iraultzaren ondorioz abdikatu zuen urte berean, Marcel Duchampek “iraultza” propioa hasi zuela bere Iturria obra urratzailea New Yorken erakutsiz? Horren guztiaren artean Rakhmaninov imajinatzea agian ez zaigu zaila, baina oso frustragarria da hutsuneak behar bezala bete ezin izatea.

Gaurko egitarauaren ordena hautsiko dut kronologiaren alde egiteko; beraz, egileak, estiloak eta obrak gertaera historikoen anabasa horren barruan kokatuko ditut:

Tsarren Errusia inperio absolutista boteretsua zen, Europako beste batzuen antzera, baina Petri I. Handira baino ez dugu atzera egingo —mila zazpiehun eta pikoan gaude—. Petri I.a tsar ezagunenetakoa izan zen, eta Errusia modernoa sortu zuen —“modernoa” diodanean ez pentsatu “egungoan”, baizik eta hedapen-, mendebaldetze- eta kosmopolitismo-prozesu batean, Errusia Europako potentzia nagusietako bat bihurtu zuena—. Haren ondoren, arte eruditu guztia atzerritarren esku utzi zen. Arte-eskolek Europan nagusi ziren korronteei jarraitzen zieten, baina joera italiarreko urte batzuen ondoren, gerra napoleonikoek patriotismoa piztea eragin zuten, eta ordura arte arte xehetzat jotako kutsu folklorikoak inspirazio-iturri bihurtu ziren. Mikhail Glinka izan zen, bai denboran bai garrantzian, tradizio musikal herrikoietako elementuak erabiltzen lehenetakoa, eta haren ondotik beste batzuk gehitu ziren, hala nola Bostak taldea: Balakirev, Cui, Borodin, Musorgski eta Rimski-Korsakov.

XIX. mendearen erdialdeko musikari gazteek “jeinu errusiarra” nagusi zen bertako kulturaren eta begirada Europarantz zuzenduta zuten okzitadentalisten artean aukeratu behar izan zuten. Anton eta Nikolai Rubinsteinek Errusiako Musika Elkartea sortu zuten, bai eta Moskuko eta San Petersburgoko kontserbatorioak ere, eta ikuspegi kontserbadore eta europazalea defendatzen zuten; beste muturrean, berriz, Glinka eta Bostak zeuden, eta bertako nortasuna eta nazionalismoa defendatzen zituzten. Eta lehia horren erdian Txaikovksi dugu. Kontserbatorioko lehen produktuetako bat izan bazen ere, bere obra kanonikoak kutsu errusiarrekin tindatu zituen; hala, bi eskolen arteko lotura izan zen. Hala ere, Txaikovskiren Moskuko ikasleek gustu mendebaldarragoak zituzten, eta maisuen erromantizismo berantiarraren eragina jarraitzen zuten; San Petersburgoko ikasleek, berriz, Rimski-Korsakov irakasle zutenak, bihotz nazionalista zuten. Skriabin zuhurrak eta Glazunov berritzaileak ezin hobe islatzen dituzte bi korronte horiek.

Eta, Skriabinen ondoan —azkenean!—, Rakhmaninov koka dezakegu. Garai hartako piano-jotzailerik bikainenetakoa, 19 urterekin graduatu zen Moskuko Kontserbatorioan, urrezko dominarekin. Errusiar post-erromantizismoaren azken adierazlea da, eta haren lanak XIX. mende amaierako tradizio erromantikoko obretan oinarrituta daude. Xumea eta lotsatia zen, eta krisi emozionalak eta depresio akutuko aldiak jasan zituen bere musika-ibilbidean; horren ondorioz, ia ezin izan zituen bere konposizio onenetako batzuk garatu. 1895ean, kalitate handiko obra txiki askoren ondoren, bere lehen sinfonia idazten hasi zen. Bi urte geroago estreinatu zen San Petersburgon. Baina estreinaldi hori, gaizki entseatua eta Glazunovek zuzendua, erabat penagarria izan zen. Kritikariak hain errukigabeak izan ziren 20 urteko konpositore gaztearekin, ezen bere autoestimua erabat suntsitu baitzuten. Hala, hainbat urtetako konposizio-lehortea izan zuen. Hala ere, Nikolai Dahlen laguntza profesionalari esker —familiaren laguna, mediku psikiatra eta musikari amateurra—, bere buruarekin konfiantza berreskuratu zuen eta konposatzeari ekin zion berriro.

Gogo berrituta eta ezkonberri, hainbat obra arrakastatsu idatzi zituen, eta piano-birak egin zituen mundu osoan zehar. Eta 1909ko udan, Ameriketako Estatu Batuetan egindako bira handi batetik bueltan, etxeko lasaitasunean, gaur etenaldiaren ondoren entzungo dugun obra idatzi zuen: 3. kontzertua pianorako re minorrean Op. 30. Interprete gisa zituen dohainak erakusteko pieza da. Obra zailtasun handikoa eta oparotasun melodiko handikoa da. Testura trinkoak ditu, baita Errusiako musikaren zati handi bat ezaugarritzen duten kutsu melankoliko bereizgarriak ere. Konpositoreak berak estreinatu zuen New Yorkeko Sinfonikoarekin. Lanak hiru mugimendu ditu. Obra osoko gaiak lehenengoan aurkezten dira. Obra osoaren motorra den motibo erritmiko baten ondoren, orkestrak lehen gaiari heltzen dio, pianoa hari gainjarriz. Haizeek bigarren gaiaren zatiak jotzen dituzte, gero hariek osorik joko dutena. Hazten eta bizkortzen doan garapen luzean, bi gaiak gogor eboluzionatuz doaz, orkestraren eta pianoaren arteko etengabeko hartze eta ematean. Rakhmaninovek bi kadentzia idatzi zituen mugimendu horretarako: bata luzeagoa, handientsuagoa eta zailagoa (lehenengo idatzi zuen), eta bestea motzagoa eta eztiagoa, Rakhmaninovek berak interpretatu zuena. Bigarren mugimendua orkestrak aurkezten du, harik eta pianoa sartzen den arte. Orduan, orkestra disolbatzen da. Gaia melankolikoa eta lasaia da, errusiar izaera nabarmenekoa. Erdiko sekzioari ustekabeko bals jirabiratsu batekin hasiera ematen dio. Horren ostean, pianoaren tonu iluna itzultzen da, eta, azken keinu handi baten ondoren, hirugarren mugimendua pizten da, azkarra eta bizia. Hasierako bi gaiei buruzko bariazioak erabiliz, kontzertuari batasuna emanez, mugimendua scherzando batean zeharka aritzen da, harik eta laburbildu eta kontzertua bulkada gailen eta bortitz batekin ixten duen arte.

Gaur egun musika erromantikoaren gailurretako bat dela uste bada ere, interprete gutxi ausartu ziren konposizioarekin, Rakhmaninov bera izan ezik; izan ere, Rakhmaninovek, talentu askokoa, piano mutu batean ikasi zuen obra, Estatu Batuetarako bidean.

1909ak Rakhmaninovek aberrian emango zituen azken urteen hasiera markatu zuen. Bi Errusiaren artean, bai kronologikoki bai estetikoki, giro politiko eta sozial oso tirabiratsuan, Lehen Mundu Gerra Europan garatzen ari zela eta Errusian 12 urtez baino gehiagoz gatazkak egon ondoren, 1917ko urriko Iraultza lehertu ostean, Rakhmaninov, 44 urte zituela, familiarekin erbestera joan zen, Ameriketako Estatu Batuetara. Ez zen handik inoiz bueltatu, eta ez zuen apenas konposatu.

Errusiako herritarrak Nikolas II.a boteretik kentzeko batu ziren, eta haren ordez boltxebikeek hartu zuten boterea. Alderdi horren burua Lenin zen, eta 1922an Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko (SESB) lehen buru nagusi bihurtu zen, gerra zibil odoltsu eta zapaltzaile baten ondoren. Leninek ez zuen musika estimatzen, burgesen kontua zela pentsatzen baitzuen, baina Lunatxarski hezkuntza-idazkari, antzerkigile eta artistak arteak babestu zituen. Iraultzaren ondorengo urteetan, kultura-erakunde tsaristen amaiera etorri zen, eta, horien ordez, erregimenaren hurbilekoagoak ziren beste batzuk ezarri zituzten. Zentro horiek mugimendu modernistak hedatu zituzten, hala nola konstruktibismoa, arrazionalismoa eta suprematismoa, korronte europazaleekin bat zetorren arte moderno eta proletario berria. Hala ere, urte horietan musikari ugari erbesteratu ziren, nola konpositoreak hala interpreteak, eta Rakhmaninoven adibideari jarraiki, jaioterria utzi zuten.

Leninek osasun oso makala zuen. Hala, boterea hartu eta urte berean, garuneko lehen infartua izan zuen. Gehiago ere eduki zituen, eta bere jarduera politikoa apurka-apurka akabatzen joan ziren, harik eta 1924an hil zen arte. Agintaldi labur eta korapilatsu hori gorabehera, ideologia sozialistako politika marxista bloke komunista osora hedatu zen. Hil zenean, Stalinek, Alderdi Komunistako idazkariak, gobernua bere gain hartu zuen. Stalinen erregimen zapaltzailea aski ezaguna dugu: hedabideen kontrol zurrunean eta polizia sekretuaren armadan oinarritzen zen. Aipatzekoak dira, besteak beste, 1928an planifikatutako ekonomiari emandako bira eta 1936ko Purga Handia. Bi gertakari horiek Sobietar Batasunaren norabide-aldaketa handia ekarri zuten, eta horrek ere eragin erabakigarria izan zuen artean eta musikan. Hala, Errealismo Sozialista lege eta zentsura bihurtu zen, estatu unitario, justu eta oparo baten irudi sinesgarria sortzen zuen sobietar arte guztirako nahitaezko metodo sortzailea, non, sozialismoari eta lan gogorrari esker, herritar oro zoriontsua baita. Stravinski, Skriabin, Prokofiev eta Xostakovitx, konpositore bikainak eta ordura arte musika-estiloarekin eta -hizkuntzarekin esperimentatzea ezaugarri zutenak, Iraultzaren ondoren emigratzearen edo aberrian geratzearen artean aukeratu behar izan zuten, non abangoardiak, abstrakzioa, formalismoa eta zentzu praktikorik ez zuen oro —burgesa zela leporatuta— baztertzen zuen ezarritako korronte berrira egokitu beharko baitziren.

Eta, horren guztiaren erdian, kontzertu honen lehen obraren egilea dugu, Lutosławsky. Varsovian jaio zen 1913an, eta gertutik bizi izan zuen gertatutako guztia, ordura arte Poloniako hiriburua Errusia tsaristaren parte baitzen. Familia aristokratikokoa zen. Lehen Mundu Gerra, eta, ondoren, Errusiako Iraultza bizi izan zituen —aita eta osaba fusilatu zituzten 1917an—; dena den, kontserbatorioko ikasketak Bigarren Mundu Gerra hasi aurretik amaitzea lortu zuen. Irrati-operadore gisa aritu zen, sobietar soldaduek harrapatu zuten eta, ihes egitea lortuta, Varsoviara itzuli zen. Ozta-ozta bizi izan zen kabaret batean joz, harik eta 1944ko Varsoviako altxamenduaren aurretik presaka ihes egin behar izan zuen arte. Gerraostean, Lutosławsky berriz ere konposatzen hasi zen eta Poloniako Konpositoreen Batasuneko idazkari eta diruzain hautatu zuten. Hala ere, Gerra Hotza biziagotzearekin batera, sobietar buruzagiek konpositore gailenen aurka jo zuten berriro, umiliagarriak eta eredugarriak izateko asmoz. Lutosławsky, bloke komunista osoan nagusi zen Errealismo Sozialistaren oposiziogile errukigabea, batzordetik kanporatu zuten eta sobietar agintariek baztertu.

Irratirako, antzerkirako, zinemarako eta eskoletarako musika “funtzionala” idaztera errenditu zen, baina, 1953an, Stalin hil zen, eta horrek nabarmen lasaitu zituen jazarpen politiko eta artistikoak. Hurrengo urtean, Lutosławskyk bere orkestrarako kontzertua estreinatu zuen. Errealismo Sozialistarekin bat datorrela dirudien obra da, baina poloniar herri-melodia horiek lehengai hutsak baino ez dira, gero kontrapuntu, harmonia eta testura bihurtzen baitira; gai folkloriko horiek politikoki erasoezinak dira, baina estilo moderno, berritzaile eta pertsonala dute. Obra hiru mugimendutan banatuta dago. Intradan, hainbat melodia lotzen dira kontrapuntu korapilatsu baten bidez. Bigarren mugimendua, Capriccio notturno e arioso, scherzo arina eta misteriotsua da, eta tronpeta-gai adierazkor eta dramatiko batekin amaitzen da. Hirugarren mugimendua luzeena da, eta aurreko mugimenduetako materialak laburbildu, bateratu eta ebazten ditu. Hiru sekziotan banatuta dago. Passacagliak mugimenduari hasiera ematen dio, kontrabaxu-gai bati buruzko bariazioekin; Toccatak, berriz, motibo hori sonata-forma baten gai nagusi bihurtzen du. Bigarren gaia Intradan azaldutako bat da. Azken Coraleak solemnitatea eta handitasuna ematen dizkio obrari, erabat biribilduz.

Varsoviako Udazkeneko Musika Garaikidearen Jaialdia 1956an sortzearekin batera, Ekialdeko Europa mendebaldeko abangoardiekin harremanetan jarri zen pixkanaka, nahiz eta estatuak sobietar musikaren bizitzaren ia edozein alderdi kontrolatzen jarraitu zuen, SESB 1991n desegin zen arte. Hortik aurrera, gutako gehienen oroimenak eskema kronologiko hori marrazten amaitzeko aukera ematen digu; hala ere, zalantzarik gabe, Errusia oraindik gori dagoen gaia da, Historiako liburuen orrialde asko beteko dituena.

Nora Franco


Martín García García.

Pianoa

Martín García Garcíak (Gijón, 1996) 26 urte ditu, eta nazioartean etorkizun handiena duen piano-jotzaileetako bat da. 2023an, 80 kontzertu inguru eskaini zituen mundu osoan, eta Korean, Mexikon eta Brasilen debutatu zuen. Era berean, Japonia, Estatu Batuak, Kanada, Polonia, Italia, Espainia, Portugal, Belgika, Lituania, Portugal eta Luxenburgo bisitatu zituen, errezitaldi bikainak eskaintzeko eta orkestra ospetsuekin batera jotzeko, hala nola NHK Symphony Orchestra, Seoul Philarmonic Orchestra, Hamburg Symphoniker, Warsaw Philarmonic Orchestra, Lithuanian National Symphony Orchestra edo Brasiliako Orkestra. Halaber, ezin dugu ahaztu Espainiako artistak 70 emanaldi baino gehiago eman zituela Amerikan, Asian eta Europan 2022an, eta mugarri handiak izan dituela, hala nola New Yorkeko Carnegie Hall-ean debutatzea eta Japonian egindako bira arrakastatsua, 25.000 ikuslerekin 14 emanalditan. García Garcíak mundu mailako aintzatespen handiak lortu ditu, hala nola lehen saria “2021 Cleveland International Piano Competition” lehiaketan edo hirugarren postua “2021 International Chopin Piano Competition” lehiaketan. 2022an, berak ekoitzitako lehen albuma argitaratu zuen, “Chopin and His Master” izenekoa.

Martín García García Europako, Amerikako eta Asiako areto garrantzitsuetan egon da, eta kritika oso positiboak jaso ditu Vladimir Krainev, Dmitri Alexeev, Arcadi Volodos, Dimitri Bashkirov, Joaquín Achúcarro edo Tatiana Copelanden —Sergei Rakhmaninoven iloba— eskutik. Pianista espainiarrak nazioarteko eta nazioko hainbat lehiaketatan lehen saria irabazi du. Aipatzeko modukoak dira, duten garrantziagatik, “2021 Cleveland International Piano Competition” lehiaketa irabazi izana eta “2021 International Chopin Piano Competition” lehiaketan hirugarren postua lortu izana, mundu mailako piano-lehiaketa garrantzitsuena baita. Lehiaketa horretan, Varsoviako Orkestra Nazional Filarmonikoaren sari berezia ere jaso zuen, kontzertu baten interpretazio onenagatik.

Sofia Erregina Goi-mailako Musika Eskolan graduatu zen. Hamar urtez ikasi zuen bertan Galina Eguiazarova irakaslearekin, eta Sofia Erreginaren eskutik jaso zuen katedrako ikasle bikainenaren aipamena. Pianoko masterra egin zuen New Yorkeko Mannes School of Music-en. Bertan, Jerome Rose pianista ospetsuarekin ikasi zuen hiru urtez. Martín García Garcíak bost urterekin hasi zituen piano-ikasketak, Natalia Mazoun eta Ilyà Goldfarb irakasleekin. 12 urte bete aurretik, lehiaketa askotan saritu zuten: Piano Junior (Bartzelona) 2005ean; Antón García Abril (Teruel) 2006an; Santa Cecilia Saria (Segovia) 2006an; Donostiako Hiria saria 2008an; Rotary International (Mosku) 2008an eta Espainiako Musikari Gazteen Lehiaketa 2008an.

2022. urtea inflexio-puntu aparta izan zen bere ibilbidean, mundu osoan 70 kontzertu baino gehiago eman baitzituen eta musikaren munduan sinbolikoak diren lekuetan jo baitzuen, hala nola New Yorkeko Carnegie Hall, Tokyoko Suntory Hall edo Madrilgo Musika Auditorioan. Gainera, 2022an bere lehen diskoa argitaratu zuen, “Chopin and His Master” izenekoa, artistak berak ekoitzia eta Fazioli piano-fabrikak Sacilen (Italia) duen aretoan grabatua. Bach, Chopin, Liszt eta Scriabinen obrak barne hartzen ditu. Albuma plataforma digitaletan eskuragarri dago, eta fisikoki Japonian (Nippon Arts).

Martín García Garcíak erantzukizunaren eta gizateriari zerbitzua ematearen zentzua du, eta erronkak kontzertu bakoitzera mugatzen ditu. Aretoaren tamaina edo ikus-entzuleen kopurua edozein dela ere, entzutera joatea erabaki duen pertsona bakoitzari eskaini beharreko eduki sakona dagoela uste du.


Zuzendaria

Pablo Rus Broseta nazioarteko zirkuituan gehien balioetsitako Espainiako zuzendarietako bat da. 2015ean, Seattle Symphony-ko zuzendari laguntzaile izendatu zuten, eta, handik gutxira, zuzendari elkartuaren postua lortu zuen, 2019ra arte. Orkestra horrekin hainbat bakarlarirekin lankidetzan aritu da, hala nola Itzhak Perlman, Renée Fleming edo Joshua Bellekin. Programa ugariren ardura izan du, eta Prokofiev, Xostakovitx, Brahms eta abarren monografikoak zuzendu ditu.

Azken denboraldi hauetan beste hainbat bakarlarirekin aritu da lankidetzan, besteak beste: Beatrice Rana, Yo-Yo Ma, Edgar Moreau eta Ingrid Fliter. Pablo Rus Brosetak hainbat orkestra zuzendu ditu, hala nola: BBC Symphony Orchestra (François-Xavier Roth ordezkatu zuen Londresko Barbican Hall-en, Pierre Boulez konpositoreari eskainitako programa monografikoan), Orchestre Les Siècles, Detroit Symphony, Orlando Philharmonic, North Carolina Symphony, Houston Symphony Orchestra, Buenos Airesko Orkestra Sinfonikoa, Beethoven Orchester Bonn, Orchestre Philharmonique Royal de Liège, Bilkent Symphony Orchestra, Basel Sinfonietta, Espainiako Orkestra eta Koro Nazionala, RTVEko Orkestra, Kanaria Handiko Orkestra Filarmonikoa, Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Orquestra de la Comunitat Valenciana (Palau de les Arts), Orquestra Simfònica de Barcelona i Nacional de Catalunya eta Ensemble Intercontemporain. Harreman oso estua du Koloniako WDR Sinfonieorchester, Stuttgarteko SWR Symphonieorchester, Portoko Casa da Musicako Orkestra Sinfonikoarekin eta Frankfurteko Ensemble Modernerekin.

Era berean, hainbat jaialditan zuzendu du, hala nola Klangspuren Schwaz, Bolzanoko Transart Festival, Frankfurteko Cresc… Biennale, Strasbourg Festival Musica, Donaueschinger Musiktage, Wittener Tage für Neue Kammermusik edo Valentziako Ensems jaialdian.

Errepertorio zabala du. Besteak beste, Rameau eta John Adamsen obrak zuzendu ditu, eta errepertorio sinfoniko handian zentratzen da batez ere. Azken urteotan, Wolfgang Rihm, Hans Zender, Thomas Adès, Magnus Lindberg, Francisco Coll edo Pierre Boulez konpositoreekin lan egiteko aukera izan du. Azken horrek eskola magistralak eman zizkion 2011n, Luzernako Jaialdiaren esparruan.

2018an bere lehen CDa kaleratu zuen Seattle Symphonyrekin (Canteloupe Music), Michael Gordon konpositore estatubatuarraren musikarekin. 2022an bere bigarren diskoa argitaratu zuen, Marc García Vitoriaren musikarekin, Jove Orquestra de la Generalitat Valencianarekin eta Joaquín Riquelmerekin (biola) batera.

22/23 denboraldian, konpromisoak izan zituen Galiziako Sinfonikoarekin, Orquestra Simfònica de Barcelona i Nacional de Catalunyarekin, Basel Sinfoniettarekin eta abarrekin.

Konposizioa eta saxofoia ikasi ondoren, Pablo Rus Broseta orkestra-zuzendaritzan hezi zen Lyonen, Conservatorium van Amsterdamen eta Universität der Künste Berlinen. David Zinman, Kurt Masur, Steven Sloane, François-Xavier Roth edo Bernard Haitink maisuen aholkuak jaso ditu. Azken hori bere babesle nagusietako bat da. 2009/2010 denboraldian, Orchestre Philharmonique de Liègeko zuzendari laguntzaile izan zen, Dutch National Opera Academykoa 2010ean eta Jove Orquestra de la Generalitat Valencianakoa 2010etik 2013ra. Azken horren zuzendari artistikoa da 2017az geroztik. 2011n, Grup Mixtour artista-taldea sortu zuen.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

22
Aza
2024
>BOSeko Hari Laukotea

BOSeko Hari Laukotea

Lekua: Sestao Musika eskola

M. Ravel: Cuarteto para cuerda
L. van Beethoven: Cuarteto n. 4, op.18 en do menor

Azer Lyutfaliev, biolina
Iñigo Grimal, biolina
Juan Cuenca, biola
Ignacio Araque, biolontxeloa

 

Informazio eta sarrerak

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
09
Abe
2024
>Ganbera 3

Ganbera 3

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea

J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea

A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
12 - 13
Abe
2024
>Horrela mintzatu zen Zaratustra

Horrela mintzatu zen Zaratustra

Lekua: Euskalduna Jauregia

Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa


I

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

Egmont, Obertura Op. 84

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

23. kontzertua piano eta orkestrarako la minorrean K. 488

I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai

Jonathan Mamora, pianoa

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Also sprach Zarathustra Op. 30

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
19 - 20
Abe
2024
>Intxaur-hauskailua Gabonetan

Intxaur-hauskailua Gabonetan

Lekua: Euskalduna Jauregia

O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71

Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak