Kontzertuak

Slatkin eta Jussen anaiak


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Leonard Slatkinen esperientzia eta Jussen anaien gaztetasun ikaragarria uztartuko dira gure amaierako programan. Gure publikoak horiek guztiak ezagutzen ditu aurreko kontzertuetako arrakastari esker, errepertorio sutsuak baitituzte, esate baterako: erreferente bihurtu den bi pianoetarako kontzertua (neba-arreben kutsua duen lana da, Mozartek Nannerl arrebarekin jotzeko idatzi baitzuen), eta Brahmsen 1. sinfonía izugarria.

Leonard Slatkin, zuzendaria
Lucas y Arthur Jussen, piano duetoa


I

SAMUEL BARBER (1910 – 1981)

The School for Scandal, Obertura Op. 5

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1685 – 1759)

10 kontzertua bi piano eta orkestrarako Mi bemol Maiorrean Kv. 365

I. Allegro
II. Andante
III. Rondo: Allegro

Lucas y Arthur Jussen, piano duetoa

II

JOHANNES BRAHMS (1833 – 1897)

1. sinfonia do minorrean Op. 68

I. Un poco sostenuto
II. Andante sostenuto
III. Un poco Allegretto e grazioso
IV. Adagio – Piú Allegro

DATAK

  • 06 ekaina 2024       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 07 ekaina 2024       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

AZKENEKOAK LEHENENGO IZANGO DIRA

Ba, ia konturatu gabe, denboraldi honetako azken kontzertua iritsi zaigu, baina ez naiz hasiko denbora ziztu bizian pasatzeari buruz hitz egiten, edo errepaso bat egiten edo azkena izateak dakarrenari buruz bueltak ematen. Guztiz kontrakoa: gaur lehenengoei buruz hitz egingo dugu.

Pentsa dezagun, adibidez, lehenengo seme-alaban, anai-arreba handienean. Formalena eta arduratsuena izan ohi da, antolatuena. Baina, aldi berean, gurasoen gehiegizko babesaren eta beldurren aurka borrokatu behar izan duena da, anai-arreba txikiei bidea ireki diena, familiaren zilbor-hestea izateari uztean frustrazioa eta abandonua gehien sentitu duena… Argi dago lehena izateak markatzen zaituela. Baina ez bakarrik lehenjaioa zarenean; edozein eremutan lehena izatea aho betez aipagarria da: Elkano, Armstrong, Kolon —Leif Eriksonen baimenarekin—, Guttemberg, Wright anaiak, Barnard doktorea… baina baita Terexkova, Curie, Lovelace, Earhart eta Benz ere —Bertha deitzen zen, ez Mercedes—. Lehenengo ugari daude: batzuk jakintza baino gehiago, zortea izan zuten; beste batzuk intuizioa baino gehiago, irmotasuna; baina denek adorea eta egiten ari ziren horretan fedea zuten.

Badira gogoratzen ez ditugun lehengoak, eta baita, zorionez, eboluzionatu zuten lehenengoak ere —pentsatu, adibidez, Windowsen lehen bertsioan edo lehen birika artifizialean—. Hala ere, azken finean, lehenengoak izan ziren, eta beraz aintzatespena merezi dute.

Baina, zergatik ari natzaizue lehenengoei buruz hitz egiten? Bada, gaurko programan hiru lehenengo entzungo ditugulako, ezaugarri horrek ematen dien izaera bereziarekin.

The School for Scandal obertura izan zen Barberrek orkestra osorako konposatu zuen lehen obra. 23 urterekin idatzi zuen, Filadelfiako Curtis Institute of Music entzutetsuan ikasten zebilenean. 16 urterekin sartu zen bertan, pianoa, kantua, konposizioa eta orkestra-zuzendaritza ikasteko. Obrak Richard Brinsley Sheridanek XVIII. mendearen amaieran idatzitako izenburu bereko komedia kostunbrista du oinarri. Ingelesezko klasiko bat da, garratza eta ekibokoz, bihurrikeriez eta parodia shakespearianoez betea. Barberrek ez zuen obra antzerki-piezaren ekoizpen baterako idatzi, baizik eta lanaren espirituaren musika-erakusgarri gisa. Izan ere, Barberren konposizioetako askok zeharkako aipamen literarioak egiten dituzte, baina haren musika ez da programa-musika zentzu hertsian.

Barberrek 1931n bukatu zuen obertura, baina, zoritxarrez, Curtis Institutuko Fritz Reiner zuzendari handiari ez zion interpretatzeko behar adina interesik piztu —ai, zeinen zaila den lehenengo obra izatea!—, nahiz eta ikasle bikaina izan eta 1929an Columbiako Unibertsitateko Joseph H. Bearns musika-saria jaso Biolinerako sonata obragatik. Hala ere, bi urte geroago, erakunde horrek berak berriz ere saritu zuen, oraingo horretan oberturagatik. Jaso zuen ordainsariak 1933ko uda Europan ikasten igarotzeko aukera eman zion. Bidaia zoragarria izan zen, bai arlo akademikoari, bai arlo pertsonalari dagokienez, eta, bidaiatzen zegoenez, piezaren estreinaldia galdu zuen abuztuaren 30ean —bere orkestrarako lehen obraren lehenengo aldia—. Dena den, uda Giancarlo Menotti ikaskide eta bikote erromantikoarekin Italian igarotzeak atsekabea baretu zion, seguruenik.

Obraren estiloa bereizgarria eta modernoa da, baina ez esperimentala. Europako tradizio neoerromantikoaren barruan koka dezakegu ia, bere garaikideen nazionalismo estatubatuarraren kasuan ez bezala. Oinarrizko tonalitate segurua eta erritmo-lerro sendoak ditu, klasikoetatik urruntzeak beldurra emango balio bezala —lehenengo aldietan gertatu ohi da—, baina, hala ere, indartsua eta oparoa da. Obra fanfarre burlati batekin hasten da —ziurrenik antzezlanaren bilau nagusiaren omenez—, eta, ondoren, lehen gaia dator. Azkarra eta tonu anbiguokoa da, eta argumentuaren eskandaluak, konspirazioak eta azpijokoak irudikatzen ditu. Bigarren gaia, aldiz, sentimenduzko melodia bat da, hain ederra, ezen berriz ere entzun nahi izango baituzue, eta istorioko protagonista inozentea islatzen du. Hortik aurrera, obrak hainbat gai-ildo aurkezten dizkigu, elkarren artean bat egiten dutenak, pertsonaien argumentu-ildoek bezalaxe: garapena mugimendu handikoa eta koloretsua da, eta aldaketa ugari ditu dinamikari eta denborari begira, obraren tramari jarraituz; etenaldi labur baten ostean, komediaren berezko amaiera alai eta enfatikoa dator.

Barberren lehen orkestrarako obra horrek argi uzten digu ezin garela denak aitzindari ausartak izan; hala ere, konpositore estatubatuar berri eta garrantzitsua bihurtzeko aukera eman zion, eta gaur egun bere lekua ondo irabazita dauka denboraldi sinfonikoetan, Harietarako adagioa obra ezagunetik harago.

Hurrengo obra ere lehen aldi bat da, nahiz eta 10. kontzertu-zenbakia izan. Izan ere, Mozart jostalariak, geldirik egoten ez zekien horrek, bi piano eta orkestrarako kontzertu bat idatzi zuen lehen aldiz.

Salzburgokoaren talentu eztabaidaezinak musika-ekoizpen ugaria utzi digu, batez ere piano concerto generoari dagokionez. Mozarten pianorako kontzertuak 1etik 27ra zenbakituta daude. Lehenengo lauetan, mugimenduak beste egile garaikide batzuen pianorako sonaten moldaketak dira. Zenbakitu gabeko hiru kontzertu ere badaude, eta Johann Christian Bachen pianorako sonaten moldaketak dira. Ondoren, jatorrizko pianorako eta orkestrarako 21 kontzertu daude. Eta, bukatzeko, 10. eta 7. kontzertuak daude, bi eta hiru pianotarako idatziak, hurrenez hurren. Hiru pianotarako kontzertua 1776an konposatu zuen, Mozartek berak eta Antonia Lodron kondesaren bi alabek —Aloysia eta Giuseppa— interpretatzeko. Hala ere, geroago bi pianorekin jotzeko moldatu zuen, gaur egun interpretatzen den bezala. Mendelssohn, Poulenc, Stravinski eta Vaughan Williamsek ere bi pianotarako kontzertuak idatzi zituzten, baina lehenengoa gaur entzungo duguna izan zen.

Ez dakigu zehatz-mehatz noiz amaitu zuen Mozartek Bi piano eta orkestrarako kontzertua mi b maiorrean, baina aditu gehienek 1779koa dela jo dute, Europan zehar bi urtez biran egon ondoren Salzburgora itzuli eta gutxira. Behin etxean, Mozartek gorteko organista lanpostua hartu zuen, eta bidaietan entzundako estiloetan inspiratutako hainbat obra idazten hasi zen. Instrumentu bakarlari bateko baino gehiagoko kontzertuak konposatzeko irrika piztu zitzaion: flauta eta harparako obra bat eta biolinerako eta biolarako sinfonia kontzertante handi bat amaitu zituen, eta erdi amaituta utzi zituen pianorako eta biolinerako kontzertu bat eta biolinerako, biolarako eta biolontxelorako sinfonia kontzertante bat. Horrez gain, gaur entzungo dugun bi pianorako kontzertua idatzi zuen.

Berehala konturatu zen konposizio berri horiek ikuspegi berria eskatzen zutela —lehen aldiek arazoak dakartzate, bai noski—: kontzertu tradizionaletan bakarlariaren eta orkestraren arteko elkarrekintza zegoen, baina, bere obran bi bakarlari zeudenez, testura trinkoegia zen. Hala, orkestraren pisua murriztu zuen, ahots nagusia izan ordez laguntzaile-rola emanez, bi bakarlarien arteko elkarrizketari beharrezko tokia emateko. Bakarlariei zailtasun eta garrantzi berbera eman zien, eta pasarte birtuosoenak uniformeki banatu zituen bi pianoen artean.

Ez dakigu zehazki zergatik idatzi zuen Mozartek kontzertu hori, baina ziurrenik arreba Nannerlekin jotzeko konposatu zuen, Mozart bezain pianista bikaina. Zoritxarrez, ez dago interpretatu zutela ziurtatzen duen dokumenturik. Hala ere, jasota dago Vienan jo zuela bere ikasle Josepha Auernhammerrekin. Berarekin interpretatu zuen, halaber, lau eskuko sonata, eta biolinerako sonatetako batzuk eskaini zizkion. Dena den, badirudi Auernhammerrek, maisuaren iritziz, ez zuela kontzertua behar adina bikaintasunarekin jo, Mozarten gutun batzuen arabera. Gainera, Vienako emanaldi horietarako, Mozartek orkestra zabaldu zuen eta klarineteak, tronpetak eta tinbalak gehitu zituen, baina, egia esan, instrumentu horiek ez dira agertzen sinatutako partituran, ezta inprimatutako lehen edizioetan ere, eranskin horien egiletzaren benetakotasuna zalantzan jarriz.

Lehenengo mugimendua orkestraren sarrera alai batekin hasten da, eta, ondoren, bakarlariak datoz. Zati horretan, melodia gozoa bi pianoen artean iragaten da, hain eztiro ezen ezin baitugu antzeman noiz amaitzen duen batak eta noiz hasten den bestea. Bakarlariek pasarte birtuosoak jotzen dituzte, harik eta modu minorreko kadentzia indartsu batera eta orkestra-amaiera guratsu eta harrigarri batera iritsi arte, jatorrizko modura itzultzen gaituena.

Kontrastea funtsezko elementua da Mozarten musikan, eta bigarren mugimendua horren demostrazio argia da; izan ere, mugimenduak kutsu geldo eta dotorea du, eta lehen mugimendu diskurtsiboa baino askoz lirikoagoa da. Orkestra-sarrera batekin hasten da baita ere, eta ondoren pianoak datoz, jostalariak: instrumentuaren erregistroak aztertzen dituzte eta bien artean eta orkestraren artean jaurtitako pilota baten ibilbideak marratuko lukeen lerro gisa deskribatzen dute narratiba musikala.

Amaierako mugimenduan rondo bat entzungo dugu, aditu guztiek oparotzat kalifikatzen dutena eta, hitz hoberik ezean, termino horrekin deskribatuko dugu. Lehen mugimendua bezain indartsua da, baina biziagoa, luzeagoa eta irekiagoa. Orkestra-une adierazgarri batekin amaitzen da, eta lehen kontzertu horren ondoren etorriko ziren bi pianorako kontzertuetarako ateak parez pare ireki zituen.

Gaurko eta denboraldiko azken obra, berriz ere eta paradoxikoki, beste lehen aldi bat da: kasu honetan, Brahmsen lehenengo sinfonia.

Hogeita bat urte zituen Johannes gaztetxoak Beethovenen Bederatzigarren Sinfonia lehen aldiz entzun zuenean, eta tonu bereko —re minor— sinfonia bat idaztea erabaki zuen. Udan jo eta ke lan egin ondoren, lehen mugimendua orkestratua zuen eta bigarren eta hirugarren mugimenduen zirriborroak eginda zituen, baina bere buruarekin oso zorrotza zenez, sinfonia konposatzearen saiakera porrota izan zela pentsatu zuen. Pozik gelditu ez zenez, materiala bi pianorako sonata batean berrerabili zuen —gero bere pianorako lehen kontzertua bilakatuko zen—, eta hirugarren mugimendua Requiem alemaniarrean. Urte batzuk geroago, berriz ere, Serenata re maiorrean sinfonia bihurtzen saiatu zen, baina emaitza berbera izan zen: asegabetasun frustragarria.

Bere adiskide Schumannek errieta egiten zion maitekiro, eta hainbeste miresten zuen Beethovenen estiloko sinfonia bat idaztera animatzen zuen, baina, hain zuzen ere, Bonneko konpositoreari zion mirespenak ikaragarri larritu egiten zuen: «Ez dut inoiz sinfoniarik idatziko. […] Ez dakizu nola sentitzen garen gu bezalako pertsonak atzean hura bezalako erraldoi baten urratsak entzuten ditugunean». Hala ere, Brahmsek beti izan zuen sinfonia bat idazteko asmoa, eta bere konposizioetako batzuek sinfonismora bideratutako pentsamendu-, egituratze- eta orkestrazio-lan isila erakusten badute ere, hogei urte baino gehiago behar izan zituen zeregin arduratsu hori osatzeko.

Berrogeita hiru urte zituen, azkenean, bere Sinfonia do minorrean obra estreinatu zenean 1876an. Heldutasun handiko lana da —normala zuen adinagatik—, lehenengoa izan arren. Behin Beethoveni “huts egiteko” beldurra kenduta eta editore, zuzendari, musikologo eta adiskideen presioak hogei urtez saihestu ondoren, Brahmsek beste hiru sinfonia konposatu zituen denbora gutxian. Lehen sinfoniak izan zuen arrakastaren ondoren ere, ordea, obra moldatzen jarraitu zuen, nahiz eta maisulana izan… Zeinen zailak diren lehenengo aldiak!

Lehenengo mugimendua sarrera motel batekin hasten da, eta ondoren entzungo ditugun material guztiak aurkezten dizkigu, Allegrora iritsi arte, Brahmsek sortutako mugimendu sinfoniko handienaren benetako hasiera. Sonata-forman idatzita egon arren, bere estiloari leial, Brahmsen musika piezan zehar aldatu eta etengabe garatzen da. Hori dela eta, hasierako gaiak garapenean nahastu egiten dira, musika-ideia dramatiko berriak sortuz, eta berraurkezpenean hasierako gaien perspektiba berri batekin topatuko gara, entzuleak gailurreraino eramango dituena. Gero, poliki-poliki, bukaera harrigarri eta barea iritsiko da.

Erdiko bi mugimenduek lehenengoarekin kontrastatzen dute. Bigarrena melankoliaz beterik dago, eta korapilatutako melodia leun, garden eta adierazkorrek osatzen dute. Hirugarrena scherzo erromantiko moduko bat da, ez oso zaratatsua, eta amaiera leun eta delikatua du.

Finalea, lehenengo mugimendua bezala, sarrera labur batekin hasten da, eta datorren Allegroaren gaiak azaltzen dira. Tonu ilun, serios eta misteriotsua laster argitzen du Alaitasunaren odaren antzekoa den gai batek —noski, ezin zen Beethovenen omenez idatzitako gai bat falta Brahmsen obran—, baina, laster, motiboak zatitu eta konbinatu egiten dira, aukera mugagabe bihurtuz eta musika klimax sutsu batera bultzatuz. Ondoren, pixkanaka-pixkanaka, beethoveniar gai argitsua bueltatuko da, eta orkestra osoak lorioski joko du, harik eta modu maiorreko amaiera alaia iritsi arte.

Gaur, lehen obra sinfoniko gazte eta zertxobait beldurti bat entzungo dugu, baita kontzertu bikoitz ausart eta pixka bat esperimental bat eta lehen sinfonia bikain eta landu bat ere; hirurak ere lehen aldiak izan ziren eta, ezinbestean, denboraldia etorkizunari begira itxiko dute; izan ere, lehen aldien kontua zera da: lehen aldi horien ostean gehiago etorriko direla.

Nora Franco


Lucas y Arthur Jussen.

Piano duetoa

Lucas eta Arthur Jussen egungo piano-duorik liluragarrienen artean daude. Nazioartean izan duten ibilbide ospetsua ikusita, Jussen anaiak (30 eta 26 urtekoak) Herbehereetako musika klasikoaren enbaxadore nabarmenenak direla esan daiteke. Interpretazio indartsua, ia sinbiotikoa, soinu-fintasun handia eta interpretazio zoragarriak egiten dituzte, eta beraz biziki goraipatzen dituzte bai prentsak bai publikoak. “BMW pare bat gidatzea bezalakoa da”, esan zuen Michael Schønwandt zuzendariak bi pianistei buruz kontzertuan zuzendu ondoren.

Jussen anaiek nazioarteko orkestra bikainekin jo dute, hala nola: Boston Symphony Orchestra eta The Philadelphia Orchestra, Concertgebouworkest, Budapest Festival Orchestra, NDR Elbphilharmonie Orchester, Academy of St. Martin in the Fields, eta Montreal, Sydney, Singapur eta Shanghaiko sinfonikoak. Era berean, hainbat zuzendari entzutetsurekin lankidetzan aritzen dira, hala nola Andris Nelsons, Christoph Eschenbach, Iván Fischer, Sir Neville Marriner, Yannick Nézet-Séguin, Jukka-Pekka Saraste edo Jaap van Zwedenekin.

2023ko abuztuan, Lucas eta Arthur Jussenek Boston Symphony Orchestrarekin jo zuten, Kazuki Yamadaren zuzendaritzapean, Tanglewoodeko Jaialdian. Beste hainbat jaialditan ere parte hartuko dute, besteak beste Rheingau Musik Festival, Gstaad eta Amsterdam jaialdietan. Sinfonieorchester Basel orkestrarekin batera, 2023/24ko kontzertu-denboraldia ireki zuten Basilean. Nabarmentzekoa da denboraldi honetan hainbat debut egin dituztela, besteak beste: Gewandhausorchester Leipzig, Wiener Symphoniker, Philharmonia Orchestra London eta Taiwan Philharmonicen. Beste konpromiso batzuk aipatzearren, Münchner Philharmoniker, WDR Sinfonieorchester, Danish National Symphony Orchestra eta Tonhalle-Orchester Zürich orkestretara itzuliko dira, gonbidatu gisa. Anka kuşu (Phoenix) kontzertua interpretatuko dute, Fazıl Sayk haientzat idatzia, Mozarteumorchester Salzburg eta Oslo Philharmonic Orchestrarekin, eta Amsterdam Sinfoniettarekin biran. Halaber, biran joango dira Europan zehar, London Philharmonic Orchestrarekin eta City of Birmingham Symphony Orchestrarekin batera. Denboraldi honetan, gainera, Orchestra Sinfonica di Milano Giuseppe Verdiren “Egoitzako artistak” dira. Errezitaldian Hanburgon, Berlinen, Bratislavan, Pragan, Anberesen, Bruselan, Chicagon, Abu Dhabin, Hong Kongen eta Taiwanen entzun ahal izango zaie.

2010etik, Deutsche Grammophon zigiluarentzat bakarrik grabatzen dute. Beethovenen obrekin egin zuten lehen grabazioak platinozko diskoa eta Edison Klassiek publikoaren saria jaso zituen. Ondoren, Schuberten obren disko bat eta “Jeux” argitaratu zituzten, pianorako musika frantsesari eskainitako grabazioa. Mozarten pianorako KV 365 eta KV 242 kontzertuen grabazioak, Academy of St. Martin in the Fields eta Sir Neville Marrinerekin batera, urrezko diskoa lortu zuen. Jussen anaiek Poulencen bi pianorako kontzertua eta Saint-Saënsen “Animalien inauteriak” grabatu zituzten Concertgebouworkest eta Stéphane Denèverekin batera, bai eta Bachen kontzertu eta koralak ere Amsterdameko Sinfoniettarekin. “Errusiar albuma” lanean (2021eko martxoa), Rachmaninoff, Stravinski eta Arenskiren bi pianotarako obrak interpretatu zituzten. Beren diskografiaren azken lana “Dutch Masters” (2022ko apirila) da, Herbehereetako konpositoreen obrei eskainitakoa, Netherlands Radio Philharmonic Orchestrarekin eta Karina Canellakisekin lankidetzan. Grabazioak Edison Klassiek saria jaso zuen “Ganbera-musika” kategorian, bai eta ikusleen saria ere 2022ko irailean.

Lucasek eta Arthurrek haien jaioterrian (Hilversum) jaso zituzten pianoko lehen eskolak. Haurretan, Beatriz Herbehereetakoa erreginarentzat jotzera gonbidatu zituzten. Gero, goraipamenak eta sariak irabazi zituzten lehiaketetan. 2005ean, anaiek Maria João Pires pianista portugaldarra ezagutu zuten. Hurrengo urteetan, Piresen eta Holandako irakasle ospetsuen eskolak jaso zituzten. Lucasek Estatu Batuetan (Menahem Presslerrekin) eta Madrilen (Dmitri Bashkirovekin) bukatu zituen ikasketak. Arthur Amsterdamgo Kontserbatorioan graduatu zen, eta bertan Jan Wijnekin ikasi zuen.


Leonard Slatkin.

Zuzendaria

Leonard Slatkin orkestra-zuzendaria Detroiteko Orkestra Sinfonikoko (DSO) musika-zuzendari ohoratua da, Lyongo Orkestra Nazionaleko (ONL) ohorezko musika-zuzendaria, St. Louis Orkestra Sinfonikoko (SLSO) zuzendari ohoratua eta Kanaria Handiko Orkestra Filarmonikoko (OFGC) zuzendari gonbidatu nagusia. Zuzendari gonbidatu gisa programa zabala du mundu osoan, eta konpositore, egile eta hezitzaile aritzen da aktiboki.

Slatkinek sei Grammy sari jaso ditu, eta 35 izendapen. Bere azken grabazioak hauek dira: The Paper Lined Shack (Jeff Beal) Supertrain Recordsekin eta Slatkin Conducts Slatkin, bere familiako belaunaldiek idatzitako piezen bilduma bat, hark idatzitako hiru konposizio barne, Naxos Recordsekin. Naxosen duela gutxi egin dituen beste grabazio batzuen artean, Saint-Saëns, Ravel eta Berliozen obrak (ONLrekin) eta Copland, Rachmaninoff, Borzova, McTee eta John Williamsen musika (DSOrekin) daude. Gainera, Brahms, Beethoven eta Txaikovskiren sinfonia guztiak grabatu ditu DSOrekin (online entzun daitezke, deskarga digital gisa).

2022-23 denboraldian, konpromisoak izan zituen honako hauekin, besteak beste: Indianapolisko Biolinaren Nazioarteko Lehiaketa, NDR Radiophilharmonie (Hanover), OFGC, ONL, NHK Symphony Orchestra (Tokio), Spokane Symphony Orchestra, Yale Philharmonia, DSO, Manhattan School of Music Symphony Orchestra, National Symphony Orchestra (Dublin), Varsoviako Beethoven Jaialdia, SLSO, Sacramentoko Filarmonika, Nashvilleko Sinfonikoa eta Rhode Island Filarmonikoa.

Arteen Domina Nazional ospetsua irabazi zuen Slatkinek, eta Zaldun maila ere badu Frantziako Ohorezko Legioan. Frantziako Aliantzen Federazioaren Charbonnier Saria, Austriako Zilarrezko Ohorezko Dekorazioa, Estatu Batuetako Orkestra Ligako Urrezko Bastoia Saria eta 2013ko ASCAP Deems Taylor Aintzatespen Berezia (bere lehenengo liburuagatik, “Conducting business”) jaso ditu. Bere bigarren liburua, “Leading Tones: Reflections on Music, Musicians, and the Music Industry”, Amadeus Pressek argitaratu zuen 2017an. Bere azken liburua, “Classical Crossroads: The Path Forward for Music in the 21st Century” (2021), Rowman & Littlefield argitaletxean eskura daiteke. Beste bi liburu idazten dabil, baita hainbat konposizio ere.

Slatkinek munduko ia orkestra nagusi guztiak zuzendu ditu. Musika-zuzendari gisa, karguak bete ditu New Orleans, San Louis, Washington DC, Londres (BBCSOrekin), Detroit eta Lyonen. Pittsburgh, Los Ángeles, Minneapolis eta Clevelanden ere zuzendari gonbidatu nagusia izan da.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2024-2025
09
Abe
2024
>Ganbera 3

Ganbera 3

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea

J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea

A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
12 - 13
Abe
2024
>Horrela mintzatu zen Zaratustra

Horrela mintzatu zen Zaratustra

Lekua: Euskalduna Jauregia

Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa


I

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

Egmont, Obertura Op. 84

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

23. kontzertua piano eta orkestrarako La Maiorrean K. 488

I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai

Jonathan Mamora, pianoa

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Also sprach Zarathustra Op. 30

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
19 - 20
Abe
2024
>Intxaur-hauskailua Gabonetan

Intxaur-hauskailua Gabonetan

Lekua: Euskalduna Jauregia

O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71

Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
27 - 28 - 29
Abe
2024
>Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro


0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.


Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

Informazioa eta sarrerak