Kontzertuak
Ukrainiako soinuak
Hasierako kontzertua.
Erik Nielsen, zuzendaria.
Marie-Pierre Langlamet, harpa.
ANDRÉS ISASI (1890 – 1940)
Bekatua, Poema sinfonikoa op. 19
REINHOLD GLIÈRE (1875 – 1956)
Kontzertua Arpa eta orkestrarako Mi bemol Maiorrean Op. 74*
I. Allegro moderato
II. Tema con variazioni Andante
III. Allegro giocoso
Marie-Pierre Langlamet, harpa.
REINHOLD GLIÈRE (1875 – 1956)
2. sinfonia do minorrean Op. 25**
I. Allegro pesante
II. Allegro giocoso
III. Andante con variazioni
IV. Allegro vivace
* Lehenengo aldiz BOSen eskutik.
** Estreinaldia Espainian.
DATAK
- 06 urria 2022 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 07 urria 2022 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Mende bat gora edo behera
Bigarren eskuko liburutegi batean kuxkuxean ibiltzearen poztasun handienetako bat da norbaitek biziki gomendatutako eleberri deskatalogatu bat aurkitzea. Era berean, lagunaren gomendioaz fidatu eta inondik inora ezagutzen ez zenuen idazle baten pare bat libururekin alde egitea ere pozgarria izaten da oso. Gaurko programak biak barne hartzen ditu. Ia garaikideak izan ziren bi konpositoreren obrak izango ditugu entzungai: askotan aipatu baina gutxitan entzun dugun gure Andrés Isasi bilbotarra (1890-1940) eta Kiev eta Moskuko kontserbatorioetako zuzendari —bere garaian— ospetsua izandako Reinhold Glière (1875-1956).
Andrés Isasiren figurak ilunpetan jarraitzen du oraindik, hainbat faktoreren ondorioz. Beharbada, faktore horietako lehenengoa da Isasik—edo Ysasik— ez zuela bilatu, Pirinioetatik haratago eskuratutako prestigioaren arabera, zegokion ospea. Beste arrazoietako bat haren heriotza goiztiar samarra izan daiteke; edo bere katalogoan amu gisa erabiltzeko moduko harrera errazeko obrarik ez izatea, edo goiz erretiratu izana Algortako harresien barrura, non Donostia, Madril edo Parisen erakargarritasunetatik ez ezik, musikalki zalapartatsua zen Bilboren erakargarritasunetik at bizi zen. Bestalde, duela gutxi piztu da bere bizitza eta konposizioak grabatzeko eta aztertzeko interesa. Besteak beste, Ramón Rodamiláns, Mario Lerena, María Nagore edo Karsten Dobers egileen ikerketei esker, sakonago hurbiltzen ari gara Isasiren lanetara.
Andrés Isasi Linares 1890ean jaio zen Estufa kalean, Juan Crisóstomo Arriaga lehen urteetan bizi izan zen tokitik oso gertu eta mende bateko distantziara. Bere biografiak oso hurbiletik jarraitzen dio aurrekoarenari. Ikasketa orokorrak Bizkaiko Institutuan amaitzen zituen bitartean, Miguel de Unzuetaren eskutik musika-prestakuntza jaso zuen Andrések. 1909an Berlinera joan zen pianoa eta konposizioa ikastera. Alemaniaren aldeko hautu hori ez zen oso ohikoa izan, kontuan hartuta artista ugarik hurbilago dagoen Paris aukeratzen zutela; hala ere, hautu horrek ez zuen erabateko berrikuntzarik ekarri ezta ere. Hain zuzen ere, urte horietan Resurrección María de Azkuek Alemanian osatu zuen bere prestakuntza, handik gutxira Pablo Sorozabalek eta Roberto Gerhardek egingo zuten bezala. Juan Manén edo Enrique Fernández-Arbós, biak ere nazioartean entzutetsuak izan ziren biolinistak, aurretik berlinen ikasitako beste adibide batzuk izan ziren.
Berlinen hamarkada erdia eman zuen Andrések eta bertan konposatu zuen bere orkestra-musika ia osoa.
XX. mendearen hasiera etapa liluragarria izan zen mendebaldeko musikarentzat. Musika klasikoaren eta publikoaren artean etorkizunean gertatuko zen urruntzea ezagutu ez zuen garaia izan zen. Garai hartan, beraz, gauza jakintzat ematen zen estilo berriak sortuko zirela eta musikagileak jendearen txaloengatik lehiatuko zirela. Batzuek, kostata, baina lortu egingo zuten. Lanak entzungai jartzea eta irizpenari itxarotea baino ez zen kontua, beti izan zen bezala.
Debussy, Stravinsky, Ravel, Richard Strauss, Schoenberg —1910ean Berlinera irakasle iritsitakoa—, Weill, Krenek, Korngold, Rachmaninoff, Prokofiev edo Enescuk talentu amaigabea zuten. Eta, besteak beste, baita Andrés Isasik ere. Iristear zen mendearen soinu-banda osatuko zuten hizkuntzen bilaketa kolektibo hartan Isasik konposatu zituen sei poema sinfonikoetako bat dugu Bekatua (op. 19). Parte-hartze bat, sinfonismo tonal germaniar zabalarena, hamarkadek aurrera egin ahala soinudun zinemaren mundura transferituko zena ia esklusiboki.
Lehen Mundu Gerra hastearekin batera, Isasik amaitutzat eman zuen nazioarteko eszenako egonaldia. Bere jaioterrira itzuli zen, eta bertan zegoela are gehiago bildu zen bere buruaren baitan. Interes handia zuen artean, idazketan, argazkilaritzan, ornitologian, erlijioan eta beste hainbat gaietan, gainera, egoera ekonomiko oso lasaia bizi zuen; horregatik, kamera-konpositorearen profila aukeratu zuen Andrések, agertoki publiko handietatik urrun. Bitartean, musikaren historiak bere bideari jarraitu zion, hain zuzen ere, bere obraren zabalkundeari inolako mesederik egin ez zioten norabideetan. Mende bat geroago, iritsi da unea non, musika garaikidearekin zer gertatuko ote zen galdera atzean utzita, Isasiren musikaz gozatuko dugun, gertatutakoa ulertzeko erantzun gisa.
Mendearen hasieran Berlingo distirak erakarritako ikasleen artean, gure bigarren protagonista aurki dezakegu: Reinhold Moritzevich Glière, Alemaniako hiriburura Andrés baino zertxobait lehenago iritsitakoa, 1905ean.
Bidaiatzeko zeukan interesari eta jakin-min handiari buruz asko dio Glièrek ikasketa-etapa horri ekin izanak. Zergatik? Reinholdek 30 urte zituelako eta dagoeneko Moskuko Kontserbatorioak emandako urrezko domina jaso zuelako, konposizioaren azken kalifikazio gisa. Eta, orobat, pare bat uda igaro zituelako talentu apurtxo bat zeukala zirudien mutiko baten irakasle partikular gisa: Serguei Prokofiev.
Berlingo egonaldian, Reinholdek Bigarren Sinfonia Do minorrean (Op. 25) idatzi zuen. Lan hori ospetsu egin zen, meritu propioengatik ez ezik, XX. mendeko protagonista musikal handienetako bat izango zenak zuzendutako lehen lana izateagatik. Protagonista hori Serge Koussevitzky zen, Bostongo Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra izango zena eta egile ezagun eta ez hain ezagunen paladina izandakoa.
Prokofieven beraren hitzetan, Glière jendearekin ondo moldatzeko bertutea zuen eta pertsona atsegina zen. Bertute hori behar-beharrezkoa izango zuen, bizi beharko zituen hamarkadak eta inguruabarrak direla eta. Horiek horrela, Glièrek sariak eta lanpostuak jaso zituen Errusia inperialistaren pean, eta Glièrek sari eta lanpostu berberak jasoko zituen baita Sobietar Batasun stalinistaren pean ere. Mirari hutsa, ez dago beste hitzik. Purgak joan purgak etorri, Reinholdek erantzukizun handiko karguei eustea lortu izanak —dimititu gabe, Siberian amaitu gabe, Mendebaldera ihes egin gabe eta arima saldu gabe— konpositorearena aztertzeko moduko kasua dela erakusten du.
Ikasleek hartutako bide desberdinak gaitasun-markatzaile argitzat har badaitezke, Glière irakasle bikaina izan zen, zalantzarik gabe. Irakasle gisa errespetu handia zioten aipatu dugun Prokofievek, Myaskovskyk, Vladimir Dukelskyk —Vernon Duke ospetsuak—, Kachaturianek edo Mosolovek.
Baina Reinhold ez zen miraria bakarrik. Mirariak banatu ere egiten zituen. Azken ikasle horri, Alexander Mosolov konpositore futuristari, zazpi urteko zigorra ezarri zioten gulagean, ustezko istilu batzuen ondorioz eta, Glièreren bitartekaritza gutunari esker, aske utzi eta zortzi hilabeteko denbora errekorrean birgaitu zuten. Glière Orfeo sobietar bat bezala.
Keinu horren handitasuna areagotu egiten da kontuan hartzen badugu Mosoloven musika-kredoa eta Glière-ena erabat desberdinak zirela.
Zergatik? Zein zen bada Reinhold Glière-en esparru estetikoa? Richard Taruskin musikologoak azaltzen zuenez, lurralde horietan bazen konposizio-eskola bat Errusia tsaristatik Sobietar Batasunera konpromiso handiegirik gabe igaro zena. Nazioarteko bokaziodun eskola bat, Txaikovski eta Taneiev-en oinordekoa. Molde klasikoko eskola bat, abangoardiaren aurkikuntzak baloratu zitzakeena baina horiek lantzen ez zituena. Melodia erreferentzia-elementutzat zeukan eskola bat. Balet inperialaren antzokiek eta herriarentzako artearen dictumak onartutako ikuspegi bat. Glière-ek, mende erdi baino gehiagoz, estilo honetan idatzi zuen:
“Bila ezazue egia!, esaten zigunTaneiev-ek. Bila ezazue Bachen, Mozarten, Txaikovskiren musikan (Txaikovski miresten zuen). Asko idatzi eta asko aztertu ezazue. Konposatzea bezain garrantzitsua baita hori ikasle batentzat”.
Eta horrela, iraganean egiak bilatuz, 63 urteko Glière batek Errusian aurrekaririk ez zuen (eta Europan oso gutxi zituen) erronka bat onartu zuen: harparako kontzertu bat idaztea. Proiektu horren atzean Ksenia Erdelyren figura zegoen (1878-1971), instrumentu horren birtuoso ukraniar bat, hogei urte lehenago, Reinholdekin batera, Moskuko kontserbatorioko irakasle gisa sartu zena.
1927ean, Mitxoleta gorria izeneko baleta entseatzen ari zela, Kseniak egiaztatu zuen harparako lan bikainak idazten zituela konpositoreak. Aipagarria da hori, izan ere, instrumentu horrek ezaugarri oso bereziak ditu, nahitaez ezagutu beharrekoak direnak, ezin jo daitezkeen pasarteak idatzi nahi ez badira. Harpa eta orkestrarako (Op. 74) kontzertua idazteko proiektua hamarkada bat luzatu zen, eta Erdelyren inplikazioa hain izan zen sakona ezen Reinholdek egilekide gisa agertzeko proposamena egin baitzion; hala ere, Kseniak uko egin zion proposamenari. 1938ko azaroaren 23an estreinatu zen obra eta Erdelyk egin zituen solista lanak, Moskuko Kontserbatorioko Areto Handian, agertoki mitiko bat, XX. mendeko musikaren arloko pertsona ospetsuenetako batzuk hartua zena: Shostakovich, Weinberg, Rostropovich, Oistrach, Richter…
Mende bat igaro da, eta musika horiek lehen aldiz iritsi dira gure entzunetara. Bidaia luzea izan da ezagutzen ez ditugun baina ezagun egingo zaizkigun musika batzuentzat. Hurbilekoa dugun zerbaiten bidaia luze bat.
Joseba Berrocal
Marie-Pierre Langlamet.
Harpa
Marie-Pierre Langlamet Berlingo Orkestra Filarmonikoaren harpalari solista da 1993az geroztik, hain zuzen ere, Claudio Abbadoren zuzendaritzapean hala izendatu zuenetik.
Grenoblen jaioa, zortzi urte zituenean harpa-ikasketak hasi zituen Nizako Kontserbatorioan, Elisabeth Fontan Binoche-en eskutik, eta hamabost urte zituenean nazioarteko aintzatespena lortu zuen, Erresuma Batuko Maria Korchinska lehiaketako lehenengo saria eskuratu zuenean. Urtebete geroago, Parisko Cité des Arts lehiaketa irabazi zuen, eta hamazazpi urte baino ez zituenean Nizako Operaren Orkestrako harpalari nagusi izendatu zuten. kargu hori bete zuen harik eta Filadelfiako Curtis Institute of Music institutuan bere ikasketei jarraipena ematea erabaki zuen arte. Hurrengo urtean, Ginebrako “Concours International d’Exécution Musicale” lehiaketaren lehen saria jaso zuen.
Hogei urterekin, Metropolitan Opera Orchestrako harpa-jotzaile solistaren laguntzaile izendatu zuten, James Levine-ren zuzendaritzapean. New Yorken bizi izan zen bost urteetan sari garrantzitsuak lortu zituen, hala nola Concert Artists Guild Competition delakoa, eta 1992an Israelgo Nazioarteko Harpa Lehiaketako lehen saria eskuratu zuen.
Marie-Pierre Langlamet munduko zuzendari garrantzitsuenetako batzuekin aritua da solista lanetan, besteak beste, Claudio Abbado, Sir Simon Rattle, Christian Thielemann, Paavo Järvi, Marek Janowski, Trevor Pinnock eta Francois-Xavier Roth. Halaber, hainbat orkestrarekin egin izan du lan, hala nola Berlingo Filarmonika, Radio Francen Philharmonique, Israelgo Filarmonika, l’Orchestre de la Suisse Romande, BBC Manchester, Espainiako Orkestra Nazionala, Seoul Philharmonic…
Irakaslea da Berlingo Karajan Academy-n eta Hanns Eisler Musikhochschule-n.
Erik Nielsen.
Zuzendaria
Erik Nielsen zuzendariak trebetasunez lan egiten du operaren eta sinfoniaren alorretan. 2015az geroztik Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra da; halaber, 2016tik 2018ra bitartean Theater Baseleko musika zuzendaria izan zen, eta oraindik ere sarri gonbidatzen dute Sinfonieorchester Basel zuzentzeko. 2002an 10 urteko lankidetza hasi zuen Frankfurteko Operarekin, Korrepetitor (pianista) gisa lehenik eta Kapellmeister gisa gero, 2008tik 2012ra. Bertan, oso errepertorio zabaleko tituluak zuzendu ditu, Monteverdirekin hasi eta Lachenmanneraino. Frankfurten bizitzen hasi aurretik, Erik Nielsen harpa-jotzailea izan zen Berlineko Filarmonikoaren Orchester-Akademien.
20/21 denboraldirako dituen proiektuen artean honakoak nabarmentzen dira: debuta Dutch National Operan, Rotterdam Philharmonic Orchestra zuzenduz, Stravinskyren Oedipus Rexen produkzio berri batean; horrekin batera, Sammi Moussaren Antigonea operaren munduko estreinaldia egingo du, bai eta debutak ere Galiziako Sinfonikoarekin eta Orchestre der Tiroler Festspiele orkestrarekin, eta, era berean, Municheko Bayerische Staatsoperrera itzuliko da Richard Straussen Ariadne auf Naxosekin.
Azken konpromisoen artean, aipatzekoak dira: Kreneken Karl V, Municheko Bayerische Staatsoperrekin; Oedipus Rex, Il Prigioniero eta Pelléas et Mélisande Semper Oper Dresdenen; Trojahnen Peter Grimes eta Oreste Züricheko Opernhausen; Lachenmannen Billy Budd eta Das Mädchen mit den Schweflhörzern, Frankfurten; Usandizagaren Mendi Mendiyan, Pasioa San Joanen arabera eta Salome Bilbon, eta The Rake’s Progress, Budapesten. Horrez gainera, kontzertuak eman ditu Oslon, Manchesterren, Stockholmen, Madrilen, Estrasburgon, Lisboan, Basilean, Aspen Music Festivalen eta Interlochen Arts Campen.
Oso gazterik hasi zen pianoa jotzen. Erik Nielsenek orkestra zuzendaritza ikasi zuen Curtis Institute of Musicen, eta oboean eta harpan graduatu zen The Juilliard Schoolen. 2009an, Sir Georg Solti saria eman zion Solti U.S. Fundazioak.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak
Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo
Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro
0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.
Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.
ONE eta Mahlerren “Titán”
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”
Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria
Ganbera 4
Lekua: Euskalduna Jauregia
B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin
M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea
Mundu Berriko sinfonia
Lekua: Euskalduna Jauregia
J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”
Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria